2012 xxv oiartzungo prosa eta poesia lehiaketa

Page 1



OIARTZUNGO XXV. PROSA ETA POESIA LEHIAKETA 2012



Sarrera Oiartzuar agurgarriak! Oiartzungo Udalak antolatutako Prosa eta Poesia Lehiaketaren XXV. aldian saritutako lanen bilduma duzue esku artean. Badira urte batzuk ikastola atzean utzi nuela, baina oraindik ere gogoan dut zein gogotsu jasotzen genuen liburuxka hau. Eskuetan hartu bezain pronto,lehen begiratua ematen genion sarituak zein izan ziren jakiteko. Gelakideren bat ia beti izaten zen tartean, eta hala ez bazen, mailakideren bat behintzat, bai, edo bestela bizilaguna edo lehengusua‌Hori aztertu ondoren,bigarren pausoa izaten zen saritu bakoitzaren lana irakurtzea. Irakurle amorratua ez zenak ere gustura irakurtzen zituen herriko idazle gazteen sormen lanak. Horrexek egiten du berezi liburuxka hau. Herriko haur eta gazteek idatzitako literatur lanek osatua egoteak. Opari polita izaten zen! Esan bezala, XXV. Prosa eta poesia lehiaketako liburuxka da hau. Zenbaki borobila aurtengoa! Duela XXV urte euskarazko literaturaz gozatzeko, euskaraz irakurtzeko ohitura hartzeko eta idazteko zaletasuna sustatzeko helburuarekin jarri zen martxan lehiaketa hau. Eta dudarik gabe urtero-urtero eman ditu bere fruituak. Urteak joan, urteak etorri, ikastetxetan hazia ereiten jarraitzen dutenak eskertu nahi ditut, eta noski, baita hazi horretatik fruitua ateratzea lortzen duten ikasleak ere. Azkenik, epaimahaikideak aipatu nahiko nituzke, ez baitzen lan erreza izango aukeraketa egitea. Besterik gabe, zuentzat ere niretzat izaten zen bezain opari berezia izango delakoan, hemen jasotako lanak gozatuz, on dizutela!

Irati Etxebeste Madariaga Euskara Zinegotzia


Š Oiartzungo Udala Lege gordailua: SS-462-2013 Fotokonposaketa eta inprimaketa: antza komunikazio grafikoa


Oiartzungo Prosa eta Poesia Lehiaketaren 2012ko saridunak. 2012ko epaimahaikideak Pello A単orga, ipuin kontalaria Goiatz Labandibar, kazetaria eta idazlea Antton Kazabon, idazlea eta irakaslea I単aki Arbelaitz, Oiartzun irratiko kolaboratzailea Sohalge Arbelaitz, filologoa Imanol Irigoien, poeta Intxixu AEK euskaltegia Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilgunea Udal Bertso Eskola Lehendakaria: Irati Etxebeste Madariaga (Euskara Zinegotzia) Idazkaria: Aitziber Arnaiz Garmendia (Euskara Teknikaria) Zuzenketak: Arkaitz Goikoetxea Arriola


2012ko saridunak SAILA / MAILA 1. SAILA LH 3

PROSA

POESIA

Ekiñe Arjona Rodriguez Beñat Albisu Belarra Oihane Irastorza Urruzola

2. SAILA LH 4

Ekain Sein Lasa Irati Barron Guerra Iker Irigoien Garaño

3. SAILA LH 5-6

4. SAILA DBH 1-2

5. SAILA DBH 3-4

6. SAILA 16-18

Alaitz Lizaso Landa

Juan San Sebastian Sein

Araitz Sagarna Larrañaga

Katerin Artola Telleria

Beñat Landa de Marcos

June Sarasola - Lide Galdos Maider Maya

Amaia Cortes Carrizo

Amaia Cortes Carrizo

Maddi Puy Sorondo

Imanol Ugalde

Naroa del Rio Muguerza

Naroa del Rio Muguerza

Karen Muñoz Etxebeste

Jon Otegi Odriozola

Maialen Elorza Otaegi

Maialen Elorza Otaegi

Maider Olaizola Guerrero

Izaro Idarreta Cardona

Unai Odriozola Zugarramurdi

Haizea Saez de Eguilaz Perez

Aintzane Toledo Lardi

Maria Lizarraga Garmendia

Ane Dehes Urkia

Irati Uitzi Lizaso


Aurkibidea PROSA Natura zaintzen 33 Planetak Untxi abenturazaleak

11 12 13

Gaztainondoa eta mutikoa Liburutegiko misterioa Solmo eta uharte misteriotsua

14 16 18

Amonaren kontakizuna Arrainik gabeko itsasoan galduta Urkizuren abenturak

20 24 27

Ortzadarraren sekretua 1942 Ipuinetatik kanpo bizi den printzesa

30 34 37

Itsasoari begira 6 Ordu Goizeko txori kantuak

41 45 51

Orratzek Hipnotizatuta Itsu Itsuan entzun? Baina zer entzun? 19 Lerro zoragarri

55 58 61

POESIA Non zaude? Maite zaitudalako Zuhaitz bat, herri bat

67 68 69

Nik nahi dudana Aldameneko laguntxoa Tximeleta izatera helduko ez den denboraren metamorfosi bultzatua

70 72 74

Naturaren ispilu Baztertutako zapata gehiago egon ez dadin Gure hizkuntza, Gure gotorlekua

76 78 80

Hodeien paradisua Ez iezadazu galde egin Inguruak oroitzen zaitu

82 84 86



Prosa OIARTZUNGO PROSA ETA POESIA LEHIAKETA



Natura zaintzen 1. saila | Prosa Ekiñe Arjona Rodriguez

Baziren behin Nerea eta Maddi izeneko bi neska. Bikiak ziren, begi urdinekoak. Ile luzea eta kolore horikoa zeukaten. Natura asko maite zuten biek, beren sekretua naturan ez zakarrik egotea zen eta horrela pozik bizi ziren. Egun batean, biak esnatu ziren eta zakarra jasotzera joan ziren. Alkatea oso pozik zegoen. Halako batean esan zuen Nereak: –Goazen alkateari gauza bat esatera! Eta esan zuen Maddik: –Bale, ados nago zurekin, goazen azkar! Biak joan ziren alkatearengana eta esan zioten: –Alkate jauna, zein dabil zakarra lurrera botatzen? Alkateak esan zion Maddiri: –Ideia bat daukat! Zergatik ez ditugu kartelak jartzen herrian zehar? –Ados nago zurekin, inork ez du zakarrik botako eta denak alai biziko gara! Eta alkatea, Nerea eta Maddi oso pozik joan ziren etxera. Zakardun

11

W


33 planetak 1. saila | Prosa BeĂąat Albisu Belarra

Behin batean, 22. mendean, familia bat bazkaltzen ari zen. Hango mutikoak Mikel zuen izena, 8 urte zituen eta kamiseta eta galtza gorriak zituen. Supermakarroiak bazkaltzen ari zen eta oso-oso abenturazalea zen. Bera bizi zen etxea kristalezkoa zen. Lasai-lasai zeuden, eta bazkaldu ondoren festa ederra egin zuten. Bat-batean, argi izpi indartsu batek etxea leku arraro-arraro batera eraman zuen‌ burbuila baten barruan! Mikel kanpora atera zen ikustera. Atera zenean, espazioa ikusi zuen Mikelek. Berak atera egin nahi zuen, baina ezin zen burbuilatik atera eta orduan ideia bat otu zitzaion Mikeli. Bere familia esnatu zenean, bere aitak ideia pila bat zituen, baita tresna arraroak ere. Bere asmakizun berriarekin, sua botatzen zuen makilatxo magikoarekin, azkar-azkar joango ziren etxera. Etxera itzuli zirenean, burbuilara joateko atea kanika bihurtu zen eta Mikelen eskuetara joan zen hegan. Horrela, burbuilara joango ziren nahi zutenean. Hala bazan edo ez bazan, sar dadila kalabazan eta atera dadila zure etxeko ganbaran!

Haritza

12

W


Untxi abenturazaleak 1. saila | Prosa Oihane Irastorza Urruzola

Udaberriko egun batean, Oiartzungo baserri batean bazen untxitegi bat. Han untxi pila zeuden baina haietako hiru oso-oso bereziak ziren. Ez zuten inoiz beren sekretua esaten. Oso sekretu garrantzitsua zen. Beste untxiei ere ez zieten esaten beren sekretua. Abenturak gustatzen zitzaizkien, horregatik ez zuten esaten. Egun batean plaierak hondatu zitzaizkien. Autoarekin probatu zuten baina gasolina gutxi zeukan. Motoarekin probatu zuten baina segituan aspertu ziren. Ondoren bizikletarekin probatu zuten baina ezin ziren arroketan gora ibili. Gero patinetearekin probatu zuten baina ezin ziren mendietan gora ibili. Gero pentsatzen gelditu ziren eta lehenengoak esan zuen: –Zergatik ez gara oinutsik ibiltzen? Beste biek esan zuten: –Ez, hori ideia txarra da. Eta iltze bat sartzen bazaigu hankan? Orduan bigarrenak proposatu zuen: –Zergatik ez gara korrika ibiltzen? –Ez, hori ideia txarra da. Azkenean hirugarrenak proposatu zien: –Eta zergatik ez ditugu liburuak irakurriz abenturak bizitzen? –Hori ideia ona da! –esan zuten beste biek. Handik aurrera oso-oso zoriontsu bizi izan ziren beste untxiekin, eta liburuak irakurriz abentura mordoa bizi izan zituzten. Zuhaitz

13

W


Gaztainondoa eta mutikoa 2. saila | Prosa Ekain Sein Lasa

Udako arratsalde batean, Mattin izeneko mutiko bat basotik ibiltzen ari zela, errepide baten erdian zegoen gaztainondo eder bat hartu zuen. Gaztainondoa txiki -txikia zenez, Mattinek hartu eta bere etxeko loreontzi batean jarri zuen handitu arte. Azkenean zelaian utzi eta hamar urte igaro zirenean gaztainak erortzen hasi ziren. Oso handia egin zen, eta udazkena iritsi zenean kilo pare on bat bota zituen; marroiak, ederrak gaztainondo handiak. Mutikoa etxera iritsi zenean gaztainondoei buruzko ipuin bat irakurtzen hasi zen eta honela jartzen zuen: “Gaztainondoak lehen urtea zuenez gutxi eta nahiko gaztaina txikiak erortzen zitzaizkion. Baina bigarren urtean euritakoa soinean eramatea aholkatzen zuen, hainbeste gaztaina erortzean gaztaina kazkabarra baten itxura hartzen zuelako�. Lehenengo urteko azken egunean gaztaina eder eta osasuntsuagoak botatzen hasi zen. Mattin hurrengo egunean euritakoarekin joan zen gaztainak biltzera eta afaltzerakoan erruz jan zituzten. Jateko garaian gaztaina guztiek beldurra zuten, batek izan ezik, oso abenturazalea baitzen. Hain azkar sartu zen ahora, mutikoak ez zuen hozka egiteko denborarik izan, eta gaztaina ahora oso-osorik sartu zen. Gaztaina alaia zen, dena ikusi nahi zuen, oso abenturaza-

14


lea zen, ausarta, eta ez zion ezeri beldurrik. Berak esaten zuenez, beldurrik gabe askatasuna sentitzen duzu. Lehenengo ahora sartu zen, mingain zabalak bultzatu eta heste gorrian aurkitu zuen bere burua. Mattinek ura edan zuen eta haren indarrez urdailera iritsi zen. Bueltaxka pare bat eman ondoren, heste meharrean aurkitu zuen bere burua. Zizare bat baino estuagoa zen, larri-larri baina azkenean heste lodira iritsi zen. Bazen garaia! Mattini kaka egiteko gogoa sartu zitzaion. Txoko batera joan zen eta kaka mokordo ederra egin zuen, zelai eder batera fuerte erori zen. Kakaren bultzadaz, zapla!, eta gaztaina lur azpira sartu zen. Handik aurrera mutikoak postretarako gaztainak jaten zituen, eta kaka egiten zuen bakoitzean gaztainondoak jaiotzen zirelako, ingurua gaztainondoz bete zen.

Pantxo

15

W


Liburutegiko misterioa 2. saila | Prosa Irati Barron Guerra

Bazen behin 2001.urtean Oiartzunen bizi ziren lagun kuadrilla handi bat, oso alaiak eta bizkorrak ziren. Egun batean, liburutegira joan ziren etxeko lanak egitera. Lagun guztiek hartu zituzten liburuak batek izan ezik, ez zuen behar zuen liburua aurkitzen. Bila eta bila liburu bat ateratzen ari zela, bide ilun-ilun bat aurkitu zuen, eta bi aldiz pentsatu gabe, barrura sartu zen. Denbora luzea zeraman ibiltzen irteera aurkitzeko, baina ez zuen aurkitzen. Bere lagunak izutu egin ziren, denbora luzean ez zelako itzultzen. Denak bilaka hasi ziren eta haietako batek proposamen bat egin zuen: – Zergatik ez ditugu armairuak bultzatzen, ea armairuen atzean dagoen?– Baina aurkitu ez zutenez, minutu batzuk geroago beste lagun batek esan zuen: – Eta liburuak kentzen baditugu armairuen atzean ezkutatua dagoen ikusteko? Hasi ziren liburuak kentzen baina ez zuten ikustea lortu. Orduan haietako handienak esan zuen: – Denek oihu egin ea entzuten duen!

16


Hasi ziren oihuka baina ez zuen inork erantzun. Hurrengo egunean, berriro joan ziren liburutegira ea laguna aurkitzen zuten. Taldeko txikienak, hainbeste bilatzeaz asperturik, liburu handi eta zahar bat atera eta bide ilun bat aurkitu zuen. Eskerrak taldekide batek linternatxo txiki bat zuen iluntasuna argitzeko! Sartu ziren barrura eta bide luze bat pasatu eta gero, haien laguna aurkitu zuten. Galdutako neskatila gela ilun batean zegoen. Baina zaharrenak argi interruptore bat aurkitu zuen eta gela argitu zutenean, ipuinez betetako armairu pila ikusi zituzten. Egun horretatik aurrera, arratsaldero joaten dira lanak egin ondoren ipuin liluragarriak irakurtzera.

Laino

17

W


Solmo eta uharte misteriotsua 2. saila | Prosa Iker Irigoien GaraĂąo

Orain dela urte batzuk herri batean Solmo izeneko haur bat bizi zen. Haurrak 6 urte zituen baina bihurrikeriA pila bat egiten zituen. Egun batean, boloetako bola bat hartu eta ikastolako leihora bota zuen eta korrika atera zen. Egun batean, barkuak ikustera joan zirenean, barku bat bertan hartu zuen Solmok eta urrutira joan zen. Handik egun batzuetara uharte bat aurkitu zuen. Baina uharteko gauzak ez zuten eduki behar zuten kolorea. Solmok bertako harriak erabili zituen eskultura bat egiteko. Eskultura kolore askotakoa zen: burua berdea zeukan, garuna morea, belarriak marroiak, sabelaldea grisa eta esku eta oinak urdinak. Bat-batean, eskultura munstro beldurgarri eta oso gaiztoa bihurtu zen. Solmok beldurtuta uretara salto egin zuen eta orduan aingira bat inguratu zitzaion eta bere laguna jaso zuen. Aingirak esan zion: – Lagunduko al dizut munstroa hiltzen? Solmok erantzun zion: – Bale, lagundu iezadazu!

18


Orduan aingira munstroarengana joan eta astindu ederra eman zion eta elektrizitatearekin munstroa hil egin zen. Solmok berriz laguntza eskatu zion aingirari: – Aingiratxo, lagunduko al didazu etxera joaten, barkua hautsita dago eta? Aingirak erantzun zion: – Bale, nire lagun bati deituko diot. Solmo balearen bizkar gainean jarri zen eta etxeraino eraman zuen. Solmok pentsatu zuen lagunak edukitzea oso ongi dagoela, laguntzen digutelako. Hurrengo egunean, tutoretza garaian, Solmok bere abentura kontatu zuen gela aurrean, baina inork ez zion sinetsi. Ordutik, ingurukoei lagunduz zoriontsu izan zen.

Lipi

19

W


Amonaren kontakizuna 3. saila | Prosa Alaitz Lizaso Landa

Bazen behin, amona zahar-zahar bat, laurogeita hamabi urte ingurukoa. Amona horrek amona Joxefina zuen izena. Ile motz motza zuen eta den-dena zuri-zuria zuen. Amona oso baxua zen, hain baxua batzuetan amona Baxufina deitzen zioten. Oso adimentsua zen, bere bizitza osoan pasatu zitzaion guztia primeran gogoratzen zuen eta istorio, kondaira eta ipuin asko zekizkien. Txintxo-txintxoa zen eta katu bat zuen, Patxin izena zuena, eta txakur bat ere bazuen, Urki. Bordatxo batean bizi zen mendi baten puntan, baina eta, ze mendi? Ba hori ez zekien inork, misterio bat zen. Batzuek esaten dute Everesten zela, beste batzuek Jaizkibelen eta beste batzuek, berriz, Aiako Harrian zela, intxixuekin bizi omen zela. Asko gustatzen zitzaion istorioak kontatzea eta idaztea. Liburutegietan, plazan eta leku askotan istorioak kontatzea gustatzen zitzaion. Oiartzunen zehar oso ospetsua zen. Batzuetan, lanik gabe gelditzean, liburu kontalari gisa aritzen zen herriz herri. Egun batean, ez zekien zer egin eta hauxe pentsatu zuen: “Gaur istorio bat kontatuko dut umeentzat� eta hantxe joan zen Oiartzungo herritik paseatuz plazara iritsi arte. Plazan, bankuan eseri zen lasai- lasai eta esan zuen altuan:

20


–Umeak, etorri hona, kontakizun ederrak ditut! –eta umeak korrika joan ziren amona Joxefinarengana. Eta amona halaxe hasi zen: bere bastoitzarrarekin kolpe bat eman eta esan zuen: –Ordena, umeak, ordena nahi dut nire istorioa kontatzeko! –eta ume guztiak isilik geratu ziren amonari entzuteko prest. Eta amona kontakizuna kontatzen hasi zen. “Ba, bazen behin mendi bat, oso altua zena eta berde-berdea. Egun batean, mendi hura egarriz zegoen eta handik pasatzen zen hodei gris-gris eta handi-handi bati deitu zion: –Eeee! Hodei gris eta handia! Etor zaitez hona egarria, daukat eta! –eta hodeia berarengana hurbildu zen. Orduan hodeiak esan zion: –Kaixo, menditzar, zer moduz zaude? Eta mendiak erantzun zion: –Ez hain ondo egarri honekin. Hodeia, orduan, euria bota eta bota hasi zen. Eta mendiari egarria kendu zitzaionean, esan zion hodeiari: –Joan zaitezke! Baina hodeiak erantzun zion –Ezin dut. Eta mendia oso kezkaturik geratu zen eta zergatik zen horrela galdetu zionean, honela erantzun zion hodeiak: –Ur guztia askatu arte ezin naiz inora joan eta nola hain handia naizen, ba gutxi gora behera, bost hilabete iraungo dut hementxe bertan. Orduan mendiak esan zion hori ez zitekeela, ea zer egin behar zuen berak hainbeste urekin. Eta hodeiak esan zion irtenbidea oso erraza zela, bere euriaren ura xurgatzea besterik ez zuela egin behar. –Baina nik lurra beharrean, harria dut nire barruan! –esan zion mendiak.

21


–Ba orain aguanta ezazu urarekin. Momentu horretan ume batek eskua altxatu zuen eta galdetu zion Joxefinari: –Non gertatu zen kontakizun hori, amona? Eta amonak esan zion: –Ba kontakizun hau Aiako Harrian gertatu zen –eta kontakizunarekin jarraitu zuen– ...eta mendia han gelditu zen ur guztiarekin zer egin ez zekiela. Mendiak, hainbeste pisu aguantatu ezinik, han ondoan zeukan basamortura bota zuen. Basamortua handia zen eta hori-horia eta lehorlehorra. Ez zuen inoiz hitz egiten. Baina euri ur pila hura gorde zuen. Denborarekin, basamortuko uraren ondoan herri bat eraiki zuten eta egun batean han zebilen neskato bati gatza erori zitzaion nahi gabe uretara. Eta konturatu zen gatza eroritako lekuan arrainak agertu zirela. Bere lagunei, familiakoei eta ezagutzen zituen guztiei, eta ezagutzen ez zituen guztiei ere, gertatutakoa esan zien. Orduan jendeak gatza botatzen zuen uretara, eta neskatoari gertatu zitzaion moduan, arrainak agertzen ziren eta ur horri itsasoa izena jartzea erabaki zuten. Momentu horretan mutiko batek eskua altxatu eta galdetu zuen: –Nola sortu ziren orduan lakuak eta errekak? Eta amona Joxefinak esan zion: –Mendiak ura bota zuenean, hainbeste indarrarekin egin zuen, lurrean zulo bat egin baitzuen, eta hortik bide bat egiten hasi zen ura, soberan zegoen ura handik joateko. –A! Zuloa lakua eta bidea erreka! –esan zuen neskatxo batek. –Halaxe da, neskatxo! –esan zuen amonak –Eta nola da oraindik errekak mugitzen direla? –galdetu zion mutiko batek. –Mendiak hainbeste ur tragatu zuen, oraindik pixkanaka-pixkanaka botatzen ari baita -erantzun zion amonak.

22


Eta horrela, amona bankutik altxatu zen eta bere etxaldera joaten hasi zen. Bitartean, umeak amonaren atzetik joan ziren txaloka eta oihu eginez, eta amonari galdetzen zioten noiz kontatuko zuen beste kontakizun bat. –Laster umeak, laster! Eta umeak beren amengana joan ziren hurrengo kontakizuna noiz izango zen zain. Eta amona, bitartean, bazihoan poliki-poliki isilpean esanez: “Ume horiek ez dakite gatza uretara bota zuen neskatoa...�.

Amona

23

W


Arrainik gabeko itsasoan galduta 3. saila | Prosa Araitz Sagarna Larrañaga

Udazkeneko egun haizetsu batean bi arrantzale eta bi gazte elkartu ziren. Arrantzaleak Joxe eta Patxi ziren. Joxe oso alaia zen, begi urdinak zituen eta egunero abarkak janzten zituen. Patxi, berriz, oso jatorra zen eta begi marroi distiratsuak zituen. Bi gazteak Manex eta Mikel ziren. Hogeina urte zituzten, baina batek, Manexek, ile beltza zuen eta besteak marroia. Arrantzaleek gazteei itsasontzi bidaiatxo bat egitea proposatu zieten. Gazteek oso gustura eman zuten baiezkoa. Abiatu ziren laurak portutik eta itsaso zabalean luze ibili ondoren ez zuten ezer arrantzatu. Arrantzarik ez zegoenez, ur azpiko bizitza ikustea proposatu zien Patxik gazteei. Haiek baietz esan zuten baina urduri jarri ziren. Joxe konturatu zen, baina ezer esan aurretik, ur azpira joateko prestaketak martxan jarri zituen. Salto egitekotan zeudenean, ingurua marmokaz beteta zegoela konturatu ziren. Denei beldurra eman zien, baina Joxek esan zuen: – Nik salto egingo dut, baina gazteren batekin. – Nik ere salto egingo dut, bada! –animatu zen Mikel. Lagunak agurtu eta salto egin zuten. Mikel, kezkaturik, Joxeri galdezka egiten hasi zitzaion:

24


– Eta orain zer? Nora joango gara? Zer da hau? – Lasai, Mikel –erantzun zion Joxek–. Ez gara oso urruti joango. Eta hori itsaso-izarra besterik ez da. – Eta non daude arrainak? – Lasaitu pixka bat, bale? -Joxek azkenekoz-. Egon lasai. Ikusi zuten itsaso-izarra negar batean zegoen. Mikel ikaratuta zegoen eta ez zen hurbildu ere egin. Joxe izan zen zer gertatzen zitzaion galdetzera joan zena: – Kaixo, izar! Zer gertatzen zaizu? – Orain dela gutxi gizon beldurgarri bat pasatu da hemendik. Arrain guztiak hil eta jan ditu. Denak! –erantzun zion triste–. Gainera, marmoka nazkagarri guztiak utzi ditu eta ni bakarrik geratu naiz. – Gizon horren atzetik joango gara, bada. – Eskerrik asko -lasaitu zen izarra. Joxe eta Mikel aipatutako gizonaren bila abiatu ziren. Marmokak gehiegi hurbildu eta zauritu egiten zituzten besoetan ez bazen hanketan. Erredurak mingarriak ziren eta Mikel konortea galtzeko zorian egon zen, baina pasatu zitzaion. Halako batean, gizona ikusi zuten. Benetan beldurgarria zen: bi metro luzeko ilea zuen erraldoia zen. Mikel arroka baten atzean ezkutatu zen. Joxe ez zen ohartu eta aurrera jarraitu zuen. Erraldoiak Joxe ikusi eta, tximista baino azkarrago, jan egin zuen. Mikelek ez zuen ezer ikusi eta, nahiz ikaratuta egon, Joxeren bila abiatu zen. Ez zuen askorik iraun: erraldoiak ikusi orduko jan zuen. Mikelek eta Joxek erraldoiaren hanketako behatz batean topo egin zuten elkarrekin eta gertatutakoa elkarri kontatzen hasi ziren. Bitartean, itsasontzian, Patxi eta Manex kezkatzen hasiak ziren, baina ez afaldu gabe geratzeko adina. Afaldu ostean, Joxe eta Mikel agertzen ez zirela ikustean, haiek ere urperatzea erabaki zuten. Salto egin bezain pronto Manex urduri jarri eta galdezka hasi zen: – Zer egingo dugu? Nora joango gara?

25


– Ez dakit, baina lasai egon -erantzun zion Patxik-. Egingo dugu zerbait! Haiek ere, urperatu bezain pronto lehenengo gauza ikusi zutena itsaso-izarra izan zen. Baina hilik zegoen ordurako. Ez zuten arrasto bakar bat ere, ez arrainik eta ez ezer. Marmokak besterik ez zegoen. Poliki-poliki urrutiratzen joan ziren eta, konturatu zirenerako, galduta zeuden: erraldoiaren sabelean, hain zuzen. Mikel eta Joxe hanketako behatzean topatu zituzten. Baina erraldoia, gehiegi jatearen ondorioz, tripetako minez zegoen eta, gustura geratzeko, egundoko korroka bota zuen. Haizearekin bere barrenak hustu zituen eta hantxe atera ziren jandako guztiak: arrain eta landareak, olagarro eta karramarroak... eta horiek guztiekin, baita gure lagunak ere. Joxe, Patxi, Mikel eta Manex itsasontzia hartu eta etxera bueltatu ziren. Itsas bidaia hartan abentura asko gainditu zituzten. Istorio hau itsasoari beldurra zion ume baten amets gaiztoa zen.

�Untxitxo�

26

W


Urkizuren abenturak 3. saila | Prosa Beñat Landa Marcos

Nik ipuin hau zuen anaiei kontatzea nahi dut, zuen anaiek beren lagunei, beren lagunek beren arreba txikiei, beren arreba txikiek horien lehengusuei eta horrela jende askok jakitea nahiko nuke. Orioko portuan ateratzear zegoen San Martin ontzia ipar polora bidean azerien larrua lortzera. Ontzian Urkizu mutil gaztea zegoen. Urkizuk ile marroixka zeukan eta begi berde-berdeak, gorputz sendoa zuen eta gainera oso ausarta zen. Urkizuz gain, Joanes patroia, Joxetxo zaharra eta beste marinel batzuk ere bazeuden. Bidaian lehenengo geldialdia La Rochelen egin zuten garbantzuak erosteko: –Non eros ditzakegu garbantzuak? –galdetu zuen Urkizuk. –Kale luze horretan sartu eta gero, eskuinera joan. Hor daude La Rochelleko garbantzu onenak -erantzun zuen portuan lan egiten zuen gizon batek. Garbantzuak erosi eta gero, berriro San Martin ontzian sartu ziren. Hurrengo geldialdia Londresen egin zuten patatak erosteko. –Ba al dago patatak erosteko dendarik? –galdetu zuen berriro Urkizuk.

27


–Bai, ikusten al duzu eliza? Horren ondoan egunero azoka egiten da eta seguru patatak badaudela -erantzun zuen portuan paseatzen zebilen gizon batek. Patatak hartu ostean, sartu ontzian eta ipar polorantz abiatu ziren azeri larru zuriak lortzera. Iritsi ziren ba, inuiten kanpamendura, ontzia portu txikian utzi eta han bizi ziren pertsonengana abiatu ziren trukea egin nahian. Azeri larru zuriak kafea eta tabakoarengatik. Sartu ziren ba, txabola haietan eta keinuka eta zeinuka ulertzen hasi ziren. Hango nagusiak, Nanukek, esan zien (zeinuka noski ) ehiztariak iritsi gabeak zirela eta aste batzuk itxaron beharko zirela. Orduan, Josetxo zaharrak esan zuen: –Nik ez ditiat leku honetan asteak pasako! –Ados nago zurekin –sartu zen Joanes patroia. –Ba ni ez, ni hemen geratuko naiz. Ez al genuen trukea egin behar? –esan zuen Urkizu gazteak– eta gainera inuiten hizkuntza ikasi nahi dut! –Ez, arriskutsua izan daiteke! Eta gainera ba al dakizu nolakoak diren hemengo neguak? Gosetea iritsiko da eta gosez hilko zara. –Ez, ni hemen geratuko naiz azeri larruak lortu arte. –Ongi da, baina kontuz ibili. Eta horrela joan ziren Euskal Herrira Joxetxo, Joanes eta marinelak, Urkizu berriz ikusteko esperantzarik gabe. Negua iritsi zen eta gosetea agertu zen, iritsi ziren ehiztariak baina ez zuten azeri larruak besterik harrapatu. Gosetea iritsi zen kanpamendura, egunean hiru otordutik otordu batera pasatu zuten. Igluetatik ateratzea debekatu zuten eta ez zuten zer jan. Gau batean, kanpamenduan Tupik Handia deitzen zioten bilera egitea erabaki zuten, Urkizuri ezer esan gabe. Zorionez, Urkizu gau horretan ezin lo eginik zebilen eta dena entzun zuen. Esan zuten Urkizu jan behar zutela, hurrengo egunean harrapatuko zutela eta harrapatzen zuenari kanpamenduko kafe guztia emango ziotela. Orduan Urkizu jaiki egin zen,

28


azeri larru zuriak hartu eta portu txikirantz abiatu zen. Bi aste luze arraunean igaro eta gero, Euskal Herrira iritsi zen. Portuan zeuden Joxetxo eta Joanes patroia paseatzen, orduan Urkizu haiengana joan zen agurtzera. Joxetxok bi muxu eman zizkion bostekoa eman beharrean eta Joanes negarrez hasi zen. –Zein baino zen umeagoa –esan zuen Urkizuk. –Eta hirurak barrez hasi ziren.

Zulotiar

29

W


Ortzadarraren sekretua 4. saila | Prosa Amaia Cortes Carrizo

Ni txikia nintzenean, 4 urterekin, ama galdu nuen. Gaixotasun larri bat zuen, eta joan egin zen. Baina esan didatenez, gutun bat utzi zidan, handia izatean irakurtzeko eta gaur arte ez naiz gai izan Juanjori gutuna eskatzeko. Badaezpada ere eskatu egingo diot, berandu izan baino lehen. Begira, 4 urte nituenean joan zen, eta jada 13 urte ditut, 9 urte luze pasatu dira... Eta garrantzitsua bada gutuna? Eta lehenago irakurri behar banuen? Eta... gauza asko daude argitu beharko nituzkeenak, baina, orain, nire ama ez dago eta zaila egingo zait berari galdetzea. Ainna naiz, eta, lehen esan dudan bezala, 13 urte ditut, nire aita Juanjo eta bi anaiekin bizi naiz: Hugo eta Adrian. Haiek 9 urte dituzte, baina ez zuten ama behar bezainbeste ezagutu. Aitarengana joan naiz eta gutuna eskatu diot. –Kaixo, Juanjo –beti bere izenez deitzen diot– gogoratzen zara amak niretzat idatzi zuen gutun batez? Irakurri egin nahiko nuke. –Zure ama... beti gustatu ohi zitzaion gutunak idaztea –esan du begiak malkoz beterik dituela– baina hori lehen zen...

30


–Juanjo, badakit gogorra izan zela amagandik urruntzea, baina benetan beharrezkoa dut gutun hori, jakin egin behar dut zer jartzen duen. Eta garrantzitsua bada? Eta zerbait esaten badu zutaz? Hori esan eta bere gelara abiatu da, isiltasunean, kutxa baten bila. Ohe azpitik atera du kutxa hori; hautsez beteta dago eta putz egin du hura kendu nahian, baina alferrikakoa da, eta eskuarekin kendu du. Kutxa ireki eta nire amaren gauza pertsonalak ikusi ditut. Juanjo negarrez hasi da. –Tori, Ainna, hartu kutxa eta begiratu interesatzen zaizuna, agian zerbait gehiago nahi duzu. Gelatik atera da, eta bakarrik utzi gaitu, kutxa eta ni, bata besteari aurrez aurre begira. Ez dakit zer egin behar dudan. Ezin dut kutxa guztia kuxkuxeatu, ez legoke ondo... baina, beste alde batetik begiratuta, zerbait garrantzitsua aurkitzen badut Juanjo, Hugo eta Adrian daude beraiek ere parte hartzeko. Eskua kutxan sartu eta argazki batzuk atera ditut. Guztietan ama eta Juanjo agertzen dira, haien gazte garaietan. –Maiteminduak zeudeneko argazkiak dira. Ui! Zer da hau? Argazkien atzealdean zerbait zegoen idatzia: “1997ko uztailaren 28a. Duela hilabete batzuk ezagutu zintudan, eta ikusi zintudan momentutik nabaritu nuen gure maitasuna betirako izango zela”. “1997ko abuztuaren 9a. Harrigarria zara! Beti zerbait berria egiten dugu, ez nuen uste inoiz mutil batekin pelikula erromantikorik ikusiko nuenik”. Gainerako argazkietan datak daude idatziak, baina ezer gehiago ez. Denbora pasatzen ari da eta ez dago gutunaren arrastorik. Bai! Hemen dago! Amaren lepokoaren eta lore sortaren artean. Gutuna hartu dut, eta, ireki aurretik, haren itxurak harritu nau. Urdin kolorekoa da eta lore usain fin bat du. Zerbait txarra ez delakoan, irekitzea erabaki dut:

31


“Kaixo, Ainna: Badakit noizbait nire garaia iritsiko dela eta joan egin beharko dudala aitatxo, Adrian, Hugo eta zu bakarrik utzita. Baina zure aitak ni gabe jarraitu beharko du bidea egiten. Gauza asko ditut zuri kontatzeko, baina ez dizkizut kontatuko, zuk asmatzea nahi dut. Badakit hau irakurtzen duzunean ez duzula ezer ulertuko, baina gogoratu: argiak ezin dira harrapatu, baina ortzadarrak bai. Orain ez dauka zentzurik zuretzat, ezta? Badakit argia zarela, asmatuko duzu esanahia”. –Zer esan nahi du horrek? Amak esan duen bezala, ez dut ezer ulertu. Beraz, ikertzaile bihurtuko naiz. Hasteko, Juanjori galdetuko diot ea zerbait badakien. –Kaixo, Ainna! Aurkitu al duzu gauza interesgarriren bat? –Ba, bai, Juanjo. Zuk ba al dakizu esaldi honen esanahia? Erakutsi egin diot eta berak ere ez du ulertu. –Sentitzen dut, Ainna. Agian, lagunduko dizu jakiteak amari asko gustatzen zitzaiola metaforekin hitz egitea. –Eskerrik asko, Juanjo. Nire aitaren gelara joan naiz, kutxako gauzak berriro ikustera. Argazkiei begiratu diet, eta denen arteko bi ezaugarri aurkitu ditut: argia eta irribarreak. Amak gutunean argia naizela esan du... Eta, hitz–joko bat bada? Bai! Izan daiteke. Argia naizela dio, eta argazkietan argi asko dago... zoriontsu agertzen dira... bai! Beraz, argia zoriontasuna da. Juanjorengana noa, ea honek baduen berarentzat esanahirik. –Juanjo, Juanjo! –oihukatu dut egongelara korrika noan bitartean. –Zer nahi duzu, Ainna? –Barkatu, Juanjo, ez nekien telebista ikusten ari zinenik.

32


Bideo bat zen, Juanjo eta ama agertzen ziren harrapaketan jolasten. Amak denbora osoan gauza bera errepikatzen zuen: “Zu gabe ez nintzateke alaia izango. Gogor estutu eta ez zaitut utziko nigandik urruntzen”. Juanjok malkoak ditu begietan, baina ez du uzten horrek bere bihotza mila puskatan haustea. Berarengana hurbildu eta besarkada bat eman diot. Oraingoan bai, malkoek bere aurpegi zurbila busti dute eta bere gelara joan da. Hobe izango da bakarrik uztea... Badakit zer esan nahi duen esaldiak! Badakit! Argia zoriontasuna da eta hau ezin da harrapatu, baina Juanjok amari alaitasuna eragiten zion egunero, eta amak Juanjo harrapatu du... Beraz, Juanjo da amaren alaitasunaren arrazoia. “Zoriontasuna ezin da harrapatu, baina alai egoteko arrazoiak bai”

Ortzadarra

33

W


1942 4. saila | Prosa Maddi Puy Sorondo

Sirena bat. Naziek alderik alde zeharkatzen dute hiria beren sirena zaratatsuekin. Urrutian bonbardaketa bat entzuten da. Kalean naziak oihuka dabiltza aginduak ematen eta ume baten garrasia entzuten da. Hemen, ganbara ilun honetan, gure familiaz gain beste familia bat ere badago. Hiru dira. Denak juduak dira, gu bezala. Haur bat eta gurasoak. Kalkulatzen dut haurrak zazpi urte izango dituela, eta gurasoek, berriz, gutxi gorabehera berrogei-berrogeita hamar urte. Gure familian bost gara: Nire ama Argen, nire aita Mes端t, nire neba bikiak Sami eta Toni eta ni neu, Kaouria. Denok gara baxuak, denok dugu ile beltza eta begi marroiak. Nire amak berrogei urte ditu eta nire aitak berrogeita hiru. Sami eta Toni bikiak direnez, biek dituzte hamar urte eta nik hamabost urte ditut. Ganbara honetan sartu ginenetik bi hilabete pasatu dira eta ia ez dugu ez janari eta ez edaririk. Gainera, orain dela hiru egun beste familia etorri zen eta haiekin partekatu behar dugu geratzen zaiguna. Nire aitak esan du laster joan beharko garela janari eta edari bila eta ni laguntzeko prest agertu naiz. Iritsi da eguna. Aita eta ni kalera jaitsiko gara jateko zerbait aurkitzeko esperantzarekin. Ama eta nebak agurtu ondoren, beherako bidea hartu dugu. Jada kalean, hiriaren kanpoaldera joan gara, baratzeak

34


dauden alderantz. Iritsi eta hesi baxuena zuen baratzearen bila hasi gara. Aurkitu dugunean, barrura sartu eta barazkiak biltzen hasi gara. Eta bat-batean pauso batzuk entzun ditugu, eta bi gizon hizketan: – Gaur sei judu gehiago aurkitu ditugu, zentroko ganbara batean ezkutaturik. Bi familia ziren: batean emakume bat, gutxi gorabehera berrogei urtekoa eta bi mutiko biki. Eta beste familia ume bat zazpi bat urtekoa eta bere gurasoak berrogei-berrogeita hamar bat urtekoak. Bertan akabatu ditugu, baina ama batek zerbait esan du aita eta alaba baratzeetan ondo egon zitezen. Negarrez hasi nahi dut, baina ez zaizkit malkoak ateratzen. Beste gizonak hitz egiten jarraitu du: – Ea aurkitzen ditugun, eta hala bi gehiago joango dira zulora. Aitak handik urruntzeko seinaleak egin dizkit eta biok korrika abiatu gara. Bat-batean, adar bat zapaldu eta lurrera erori naiz. Naziek adar hotsa entzun, gure alderantz burua biratu eta ikusi egin gaituzte. Aitak altxatzen lagundu eta esan dit: – Hau agur bat da, baina ez negar egin, joan korrika eta nik bitartean distraitu egingo ditut zuk alde egiteko. Saiatu beste familia bat aurkitzen eta zaindu zaitez. Agur. Atzean tiro hotsa entzun dut, baina korrika jarraitu dut buelta eman gabe gertatzen ari zena ez ikusteko. Familia gabe, hirian zehar nabil, aitak esan bezala, beste familia baten bila. Halako batean, nazien auto bat ikusi dut hurbiltzen. Ezkutatzen saiatu naiz, baina beranduegi da... jada ikusi naute. Korrika hasi naiz, inoiz baino azkarrago. Hala ere, haiek autoan doazenez, berehala harrapatu naute. Autoaren atzeko aldean sartu naute beste bi judurekin batera. Kartzelara iritsi gara. Han beste bi juduak eta ni autotik atera eta gela banatan sartu gaituzte. Gela horretan ilea moztu digute eta generaman arropa kendu eta marrak dituen eta pijama ematen duen buzo bat jantzarazi digute. Gero, beste juduekin batera eraman gaituzte.

35


Bost egun pasatu dira kartzelan sartu nindutenetik eta ganbara hartan baino hobeto bizi naiz hemen. Egunean hiru otordu egiten ditut eta egunean behin dutxatzen naiz. Orain dutxara joan behar gara. Arropak erantzi eta dutxetara sartu gara. Baina, bat-batean, argiak itzali egin dira eta goian zulo batetik argia sartu da. Naziak entzun ditugu hitz egiten. Halako batean, gas usaina sumatu dut, eta ulertu dut ez dudala eguzkiaren argia berriz ikusiko.

Oiartzun

36

W


Ipuinetatik kanpo bizi den printzesa 4. saila | Prosa Naroa del Rio Muguerza

Guztiz liluratuta gelditzen naiz amonak bere garaiko maitasun istorioak kontatzen dizkidanean. Betidanik pentsatu izan dut, nonbait, urruti bada ere, nire laranja erdia topatuko nuela. Baina‌ ez laranja, ez limoi eta ezta marrubi erdia ere ez dut topatu. Hamabost urte dauzkat eta maitasunari dagokionez sokasaltoan aritu izan naizelako sentsazioa dut, igel bat beste baten atzetik nola ekidin aztertzen, horien gainetik nola salto egin asmatzen. Ez nuke esango Romeoren bila nabilenik, baina egungo gau bakarreko listu trukeak baino zerbait sakonagoa nahi dut. Gaur abenduak 24 da, Eguberri eguna, eta, ohitura dugun moduan, amonaren etxera joan gara afaltzera. Denak daude su inguruan, tripak bisiguz eta ardoz beteta dituzte guztiek eta urteroko istorio xelebreak kontatzen dituzten bitartean, nik platerak garbitzen laguntzen diot amonari. Leihoa irekita dugu labeak sortutako berotasuna uxatzeko. Halako batean, hodeiek gogor egin dute putz eta haize hotz samarrak besarkatu gaitu biok, amonak eztul egin du eta ni korrika batean joan naiz bere gelako armairura, jertse baten bila, hoztu ez dadin. Bere begien koloreekin bat doan jertse urdina bilatzen nuen bitartean, eskutitz batzuk aurkitu ditut. Oso usain ona dute, lavanda edo

37


delako horrena nik uste, baina oso zaharrak dira, idazkera nahiko kaxkarrez idatziak daude egia esan‌ hala ere, nola edo zergatik jakin gabe, praketako poltsiko bietan sartu ditut; jertse urdina hartu eta amonarengana bueltatu naiz. Urtarrilak 3 da eta gelako armairu aurrean nago, zer jantzi ez dakidala. Astebete inguru daramat galtza beixak jantzi gabe eta horiek hartzea erabaki dut. Halako batean, poltsikoetan zerbait dudala konturatu eta amonaren eskutitzez oroitu naiz. Ezin ahaztuta neukan jakin-mina alde batera utzi eta irakurtzeari ekin diot. 1923ko otsailaren 3a, ostirala Kaixo pospolin ori. Gaur oso gona ederra tzenun, beria altzan? Attak bior bat oparituit ta biar akaso buelta bat ematea etorri naiko zenuke? 2012ko urtarrilaren 8a, astelehena Ikastolara bueltatu gara eta Aitorrekin egon naiz hizketan. Olentzerok patinete berria ekarri diola esan dit, eta arratsalderen batean berarekin buelta bat ematera joan nahi dudan galdetu dit, patinatzen irakatsiko didala. Hitz eta pitz aritu gara matematikako klasean, eta etxera joan baino lehen, gaur daramadan soinekoa oso ongi gelditzen zaidala esan dit. 1923ko otsailaren 15a, asteazkena Esandako orduan bila etorri zitzaion mutila, eta plazarantz abiatu ziren. Erromeria hasi orduko, dantzan hasi ziren. Fandango eta arinarin, zazpi jauzi, axuri beltza ‌ guztiak dantzatu zituzten. Noizbehinka begiradak trukatzen zituzten. Eta polketan, indarrez heltzen zion mutilak amonari. 2012ko urtarrilaren 23a, asteartea Jolasgaraian Aitorrekin joan naiz ikastolan egin duten parke berrira. Datorren asteburuan, Donostiako Jazzaldira elkarrekin joateko pro-

38


posamena egin dit. Oso dibertigarria dela eta primeran pasatuko dugula esan ostean, niri ideia ona iruditu zait berarekin egoteko, dantzan, bata besteari helduta; beraz, baiezkoa eman diot. Zazpiak aldera nire etxetik pasatuko dela esan dit autobus geltokira elkarrekin joateko. Erabakia hartu ondoren, biok gizarteko klasera abiatu gara. 2012ko otsailaren 27a, larunbata Jazzaldirako bidean goaz, autobusak gainezka egingo du. Zurriolako geltokian jaitsi gara denok, eta Aitorrek eskutik heldu dit, galdu ez nadin. Korrika hurbildu gara, ahalik eta leku onena hartzeko, baina ezin izan dugu oso aurrean jarri, jende asko baitzegoen. Beraz, nahiko atzean jarri gara. Kontzertua hasi orduko, Aitor eta ni dantzan hasi gara, musikaren erritmoan mantso-mantso kulunkatuz. Ez da denbora asko igaro elkarri heldu diogun arte. Bihotz taupadak azkartzen zaizkit ukitzen nauen bakoitzean. Saxofonista bat tronpeta baten ondoren, besarkatuta jarraitzen dugu. Jazzaldia motza iruditu zait. Afaltzera gonbidatu nau, baina jatetxe baten bila hasi orduko, euri zaparrada batek busti gaitu, eta autobusera bidean goaz. Bere txaketa erantzi eta nire sorbalden gainetik ipini du, hotzez dardarka bainago. 1923ko martxoaren 13a, asteartea Osabaren bordara iritsi ziren. Oso ederra zen hura. Leihoak hortentsia politekin zeuden apainduta. Zelaian eseri ziren. Zerua gorrigorri zegoen. Eguzkia nola sartzen zen ikusten zuten bitartean, txantxangorrien kantuak liluratzen zituen biak, errekaren urak harrien aurka egiten zuen soinuarekin batera. 2012ko martxoaren 6a, astelehena Aitor eta ni Miramar jauregira goaz egun-pasa. Topoan gaude, biok elkarri begira. Nire ezpainen kurbatura lotsatia bere ikatzezko beginini bero baina hotzetan islatzen den aldi berean, ipuinetan utzi ezin izan ditudan tximeletak nire sabelean egoteaz aspertu eta burura igo zaizkit.

39


Arrosaz inguraturik gaude zelai eder honetan, itsasoaren brisak goxotasuna lapurtzen digu pixkanaka. Bere berokia utzi dit berriro, ez dizkit begiak txinpartez bete filmetan hain ohikoa den ekintzak. Baina bere besoen biluztasunak, berokia jarri didanean, bere esku beroek nire sorbalda hotzetan eragindako erreakzio kimiko fisiko astronomikoak eta azaldu ezin dudan barne sentsazio intentsu batek, inoiz ikusi ditudan txinpart itsugarrienak ikusarazi dizkidate. Itsutasun horretan murgildu naiz igeri, edo hegan, ez dakit. Jada ez dakit ezer. Nire ezpainak bereekin daude orain. Nire hortzek klaxtx egiten dute bereen aurka, gogor baina leun, pasiozko muxu bat da. Pasiozko muxu bat, bi, hiru... Errauskine, Edurnezuri, Loti ederra... atzean gelditu dira nire amaren kolonia tantez bustitzen nituen ipuntxoak, istorioak, ametsak. Maitasun perfektuaren idealetan galduta nenbilen, gurasoen iruzkin hezitzaileak filosofiako apunteak balira bezala buruz ikasi eta aplikatu nahi nituen, kuadrillakoek, bizilagunek, herrikoek egindako akatsak saihestu eta helduen esperientzia, umeen ilusio eta inozentzia arautzat hartuz, nire bizitza amodiotsua gidatuko nuen. Testosterona. Telesail, aldizkari, prentsa arrosa. Talde presioa, nerabezaroa, XXI. mendea. Aitor. Ez dakit nori edo zeri, noiz edo nola, zergatik, baina zerbaitek behar du ipuinetatik kanpo bizi zen printzesa honen metamorfosiaren kausa izan. Zizare bat izango banintz bezalako sentsazioa, tximeleta ohia banintz bezala. Eta horrela, listu truke bizioso hartako peoi bat besterik ez izatera pasatu naiz. Nik bakarra nahi nuen izan, ez “beste bat� soilik. Lelokeria hutsa noski.

A.k.

40

W


Itsasoari begira 5. saila | Prosa Karen Muñoz Etxebeste

“Egun on denoi. Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkizuet hurbildu zareten guztioi, gaurkoa egun latza baita… Tira! Ez nuke nahi hitzaldia gehiegi luzatu. Beraz, ez dut idatzitakoa irakurriko -eskuan zeukan papertxoa lurrera bota zuen-. Jesus Marik beti esan ohi zidan gure ezkontza egunean urteko arrain uztarik handiena ekarriko zuela bazkarirako… Txitxarroa, bakailaoa, berdela, txipiroia, txangurroa… Baina nork pentsatuko zuen bera izango zela itsasoaren bazkari, gure ezkontza egunean, bere marinelekin batera, German, Josetxo eta Agirre… Snif! -negarrari eutsi ezinik- Jesus Marik inoiz izan ez dituen anaiak bezala tratatzen zituen, beti batak besteari laguntzen zioten, familietan egiten den moduan…”. Maddalen korrika atera zen elizatik, senide eta lagunek txalo zaparrada batez agurtzen zutelarik. Eliza atariko zelaian zegoen zabu zaharrean eseri zen itsasoari begira, bere soineko beltza alde batera eta bestera mugitzen zelarik. Klara, ahizparik zaharrena, haren bila zebilen, soinean zeraman soineko beltzarekin bat zetorren txapel beltza eskuan zuela, haizeak eraman ez zezan. Ahizpa negarrez ikustean, besarkada bat ematera joan zen ziztu bizian. –Ez zaitez tuntuna izan! Munduan bada-eta nahiko gizon denontzat! –belarrira xuxurlatu zion Maddaleni. 41


–Hori badakit! Badakit ez zela munduko gizon bakarra , baina nire bizitzako gizon bakarra da eta izango zen, gaur ezkondu izan bagina…–negarrari eutsi ezinik. –Begira ni, gizon bat eta haurdun, nire bizitzako gizon bakarra izan da. Behartu izan ez banindute ez nintzatekeen ezkonduko, baina orain ezin dut atzera egin, bestela gure jaunaren botoa hautsiko nuke eta ni ez naiz horietakoa… –Baina ez da hori gauza bakarra. Zera… –Zer duzu? –galdetu zion Klarak larrituta. –Goazen beste leku lasaiago batera. Baina aurretik, gogoratzen duzu elizan botatako papertxoa? Bi ahizpak eliza barnera itzuli zirenerako, alde eginak ziren han egon ziren guztiak, lurrera botatako papertxoa lehen zegoen toki berberean utzirik. Papertxoa hartu eta herrian zegoen kala ezkutuaren ondoko amildegi ertzera abiatu ziren. Iritsitakoan, biak eserita jarri ziren itsasoari begira. –Papertxoan zer jartzen duen jakin nahiko duzu, ezta? –Irrikaz nago! –Gogoratzen duzu atzo egun guztia etxetik kanpo egon nintzela, ezta? Egiaren bila atera nintzen. –Papertxoan ezkutuko trapu zikinak daude idatziak, ezta? – galdetu zion Klarak. –Halaxe da… –arnasa hartu zuen Maddalenek–. Honela dio: «Gaueko hamabietan esnatu zen txipiroi bila joateko bere marinelekin batera. Masailean muxu bat eman eta “maite zaitut” esan bezala atea gurutzatu zuen. Dakidanez, Inaxio bere lehengusua gaixorik zegoela ikusi orduko etxera bidali zuten. Inaxiok esan zidan kala ondoko itsaslabarrera zihoazela, baina portura ekarri zituen gizonak gutxi gorabehera itsaslabarretik 20 miliatara aurkitu zituela esan zuen…» –Orduan hasi zinen egiaren bila?

42


–Itxaron ezazu bukatu arte! «…Goizeko laurak aldera jo zituzten kanpaiak, galerna zetorrela abisatuz. Orduan arrantzaleen familiak portura jaitsi ginen senideen zain egotera. Ordubeteren ondoren agertu ziren lehenengo txalupak, ‘San Agustin’, ‘San Bizente’, ‘Santa Katalina’… Baina ‘Nuestra señora de Madalena’ ordea porturatu gabea zen. Senideak etxera joan ziren ni portuan bakarrik utzita, baina artean ez zegoen beren arrastorik. 11:30k aldera, hantxe urrutian, ikusten zen txalupa txiki bat, atzean beste bat lotuta zuela, eta segituan hasi nintzen etxekoei deika: “Badatozela!, Hemen direla!”. Txalupa porturatu zenean, konturatu nintzen atzealdean zeraman txalupan bi gizon besterik ez zeudela, Agirre eta Josetxo; Jesus Mariren eta Germanen arrastorik ez. Bi gorpuek ez zuten odol arrastorik, ez kolperik, ez ezer, baina biak hilik zeuden. Hura ikusitakoan, etxera igo, Jesus Mariren mesanotxeko bigarren kaxoitik bere aitak urtebetetzeetan oparitutako katalejo berriak hartu eta ezkutuko kala ondoko amildegira abiatu nintzen. Iritsitakoan, alde batera eta bestera begiratu nuen, baina ez zen Germanen eta Jesus Mariren arrastorik. Une batez harkaitzetara begiratu eta txalupa portura ekarri zuen gizon iletsua ikusi nuen, harkaitz tartean zegoen gizon bat erreskatatu nahian. Orduantxe bertan jaitsi nintzen harkaitzetara eta gizonari lagundu nion gorpua berreskuratzen. Aurpegia odolez zuen estalia, eta garbitu ondorne, konturatu nintzen Jesus Mariren lehengusuetako bat zela, German. Beraz, txalupako gizonari gorpua portura eramateko eskatu nion, eta ni bertan geratu nintzen, gizon haren bizar zuri luzea alde batera eta bestera nola mugitzen zen erreparatuz txalupa nola urruntzen zen ikusten nuen bitartean. Eskuarekin masaileko malkoa lehortu eta eskua harri baten gainean jartzera nindoanean, konturatu nintzen nire esku ondoan kaxatxo bat zegoela odolez betea; garbitu eta ireki egin nuen…». –Zer zegoen bertan? Txanponak, urrezko bitxiak… –galdetu zion Klarak jakin-minaren minez. –Horrelako gauzarik, behintzat, ez. Kontratu moduko bat zegoen bertan. 43


–Kontratu bat? Hori bai altxorra! –esan zuen Klarak harriturik sarkasmo puntu batekin. –Bai! Frantziako batzuekin zuen tratua egina, arropa, autoetako piezak, likoreak, azukrea… lortzeko, eta hark noizbehinka arraina ematen zien trukean. Hori jartzen zuen, behintzat, kontratuan. Inori ez esateko juramendu baten moduan zegoen idatzia, eta bukaeran denen sinadurak agertzen ziren. –Beraz, kontrabandistak ziren? –Hala ematen du, baina oraindik zalantzak ditut. Zergatik Agirrek eta Josetxok ez zuten odol zauririk? Nolatan zegoen German harkaitz artean, kutxatxo horrekin? Eta garrantzitsuena, non da Jesus Mari? –Jesus, neska, hori da, hori, komeria! Barkatuko didazu, baina etxera itzuli behar dut, senarra zain edukiko dut eta. Bazatoz? –Ez, lasai, zoaz bakarrik, beste pixka bat geratu nahi dut. –Ondo da. Bihar arte, panpoxa! Eta ez buelta gehiegi eman buruari, aditu? –Zoaz behingoz! Bakarrik egon nahi dut eta. Klara bistatik galdu zuenean, soineko beltzeko eskuineko sakelatik beste paper bat atera zuen pospoloen kutxatxoarekin batera. Paper hura eskuetan hartu eta kaxatik pospolo bat atera bezain laster, paperari su eman zion. “Beste inork ez du jakingo zuen sekretua” esan zuenerako, papera hauts bihurtu zen. Pospoloak eskuineko sakelan gorde eta idatzitako papertxoa eskuetan hartu zuen berriro ere. Lau zatitan apurtu zuen, eta ondoren itsasora bota. Begiradarekin jarraitu zien zatitxoei, kalan pausatu ziren arte. Orduan, lokatzez betetako bidexka estu batetik jaitsi zen bertara. Papertxoen ondoan oihal zati bat zegoela konturatu zen eta kuriositatez oihal zatia hartu zuen. Bustita zegoen kolore iluneko blusoi bat zen, bihotz aldean urre kolorez bordatuta zegoen izen bat zeraman “Jesus Mari”, eta honen azpian bala baten ondorioz eginiko odolezko zuloa. Kresala

44

W


6 ordu 5. saila | Prosa Maialen Elorza Otaegi

6 ordu: –Ama, nora goaz? –Izebaren etxera, maitea. –Eta zergatik ari zara maletak egiten? Hemen ondoan bizi da eta! –Bai baina egun batzuetan haren etxean egongo gara. Horrela hasi zen 2012ko abuztuaren 20a. Jaiki nintzenean ama maletak prestatzen ari zen eta nik ez nuen zergatia ulertzen. Izebaren etxera joateko? Zertara? Baina ez nion garrantzirik eman, gurasoek noizean behin eginarazten dizkiguten gauza arraro horietako bat izango zela pentsatu nuen. Badakizu, familiarekin egon, beren aspaldiko lagunen seme–alabekin jolastu, eta horrelako txorakeria pila bat. Beraz, gosaldu eta telebista piztu nuen. 5 ordu: –Ama, non dago aita? –galdetu nion, igerilekura eramango ninduela agindu zidan eta. –Udaletxera joan da paper batzuk sinatzera. –Zer paper? 45


–Ba, udaletxeko batzuk! Tira, egin ezazu zuk ere zure maleta, eta sar itzazu bertan gehien maite dituzun gauzak. –Baina, ama, egun batzuk izebaren etxean pasatzeko zertarako eraman behar ditugu hartu dituzun argazki album, mediku paper eta txikiak gineneko marrazki itsusi horiek? Hemen ondoan dago eta! –Egia da, baina... Momentu hartan, etxeko tinbreak jo zuen. Goiko pisuko Ramonita zen. Amona txiki bat. Ipurdi handia zuen eta bastoi batekin ibiltzen zen, erabat okerra zegoelako. Betaurreko gorri elektrikoak zeramatzan eta kasko itxurako ile marroixka. Sudur luze–luzea eta aho mikatza. Txikia nintzela beldurtu egiten ninduen sorgin itxura zuelako. Eta nahiko sorgina da. Ramonitari beti gustatu izan zaio besteren gauzetan sartzea. Bere seme–alabak jada handitu eta etxetik joanak dira. Beraz, egun osoa du bera bezalako beste atso pare batekin herri guztiaren bizitzetan disimulu zipitzik gabe sartzeko. Astero joaten da ile–apaindegira, beren base nagusia baita. Hola aldizkaria irakurtzen ari den itxura egiten duen bitartean, ondoan erruloak jartzen ari zaizkion andre gaixoaren azterketa sakona egiten du. Halako zerbait izango litzateke: Izena: Adina: Senarraren soldata: Seme–alaben sexualitatea: Familian drogarik? Inguruan azkenaldian gertatutako gorabeherak: Zertarako? Azkenean nahi duena asmatu eta hori zabaltzen du atsoz atsoko Internet baino azkarragoa den konexio horretan. Goiz hartan Ramonita etxeko atean agertu zen, portzelanazko irudi txiki itsusi eta plastikozko lore sorta batekin! –Ai, Izaskun! Hau pena! Nonbait entzun dut etxea kentzekotan dabiltzala eta... 46


Bla bla bla! Nik ez nion kasik gehiago entzun, “Mutiko gajoa!” eta “A zer injustizia!” bezalako esaldiez gainera. Etxea kenduko zigutela? Zergatik? Nik ez nuen ezertxo ere ulertzen. Nork kenduko zigun etxea? Zertarako? Baina banekien egia zela. Amaren maletak, aitaren paperak... Aspaldian hasi zen komeria hau guztia, aita lanik gabe geratu zenean, hain zuzen ere. Harrezkero, nire gurasoak nahiko larri bizi izan dira, ahal den lekutik dirua ateratzen eta ahal den gutxien xahutzen, nire amaren soldata apurrak ez baitu askorako ematen. Ezer esan ez zidatelako haserre eta txikitatik bizi izan nintzen etxea galduko nuelako triste, gelan sartu eta ohean etzan nintzen. Bitartean, sarreran Ramonitaren ahots nekagarria entzuten nuen, berak gerra garaian bizi izan zituen komeriak kontatzen. 4 ordu: Ramonita, familia bazkarirako paella prestatu behar zuela eta, “nahi duzuenerako hemen aurkituko nauzue” eta “agur, guapa!” batekin agurtu zen. Gelatik atera eta sarreran dugun bankuan ama aurkitu nuen ateari begira. –Ama. Gure ama. Inoiz ez du jakin emozioak ezkutatzen. Bere begi beltz horiek ezin dute gezurrik esan eta bizkarrean behera doakion ile marroia etengabe eskuez orrazten duenean urduri dagoela esan nahi du. Aukeran motz samarrak diren hankak disimulatzeko eraman ohi dituen zapata takoidunez jantzitako oinak ere ezin ditu geldirik eduki, alde baterantz eta besterantz etengabe mugitzen ditu. Pertsona alaia dela esan daiteke, baina inor ez da beti alaia edo beti tristea. Eta egun hartan gure ama triste zegoen. Ikusi ninduenean, besarkatu egin ninduen. –Ama, zer egingo dugu orain?

47


–Ez dakit, laztana. Denboraldi batean izebaren etxean biziko gara eta gero ikusiko dugu. Ea aitak lanen bat aurkitzen duen eta pisuren bat alokatzeko adina diru lortzen dugun. “Ikastola utzi beharko al dut?” batekin irribarre bat atera nion, baina ezetz esan zidan, Oliber Twistena bezalako bizitza edukitzeko nire ametsa pikutara bidaliz. Halako batean, aita itzuli zen eta han ikusi gintuenean ulertu zuen banekiela jada zer gertatzen ari zen. Aitak, ordea, ez zigun utzi gure aurpegi goibel haiekin jarraitzen. “Abentura bat izango da!” esan, eta denok martxan jarri gintuen, bakoitzari lan bat jarriz: arropak eta sukaldeko tresnak kaxetan gorde eta bizitza oso batean bildutako objektuak kontu handiz jasotzea. Bai, hura abentura bat izango zen! 3 ordu: Maletak egiten aritu ginen. Zenbat denboran? Ezin ziren bizitza oso bateko oroigarriak ordubetean maleta batean sartu eta etxea, besterik gabe, utzi. Ezer adierazi ez balu bezala. Etxe hura izan zen nik ezagutu nuen bizileku bakarra. Bertan elkartzen ginen familia osoa Gabonak, urtebetetzeak eta beste hainbat jai ospatzeko. Han bizi izan nituen nik nire lehen urteak, bertan ikasi nuen oinez. Han eduki nuen nik nire arrain laranja hura, eta han hil zen, pareta haien artean. Eta orain, ume bati jostailu bat kentzen zaion bezala kentzen zigun bankuak etxea. Gure etxea. 2 ordu: Bezperako lenteja apurrak eta hanburgesak prestatzen hasi ginen bakoitza bere pentsamenduetan murgilduta, halako batean etxeko tinbreak jo zuen arte. Berriz ere Ramonita izango zen seguruenik, gerra garaiko komeria gehiago kontatzera. Ama joan zen atea zabaltzera eta bai, bera zen berriro ere. Baina ez zegoen bakarrik. Han zeuden gure bizilagun guztiak, gure lagunak, etxe ondoko harategiko gizon bere-

48


zia, eta janari dendako amona eroa. Denak han zeuden. Etxe hartan bizitako urte haietan guregandik gertuen egon ziren pertsona guztiak. –Pena ematen zidan pulamentuzko agur bat esan gabe joateak eta ahal izan ditudan guztiak elkartu ditut, zuen azken orduak hain tristeak ez izateko –esan zuen Ramonitak. Pastel batzuk zeramatzan eskuan eta atzean Joxepik, Ramonitaren lagunetako batek, ontzi erraldoi bat zekarren Tomax harakinaren laguntzaz. –Pentsatu dugu, arazorik ez badago behintzat, denok elkarrekin bazkaldu dezakegula eta gero azken gauzak jasotzen lagunduko dizuegula. Hainbeste urteren ondoren, lehenengo aldia zen Ramonitak besteren bizitzan sartzeko baimena eskatzen zuena eta nola esango genion, bada, ezetz? Hala, bada, bazkaria tristea izatetik hain tristea ez izatera pasatu zen. Xanpain botila bat ere ireki zuten eta gazteenontzat, Coca–Cola. Denok elkarrekin jan genituen paella eta pastelak. Ordu 1: Ordubete gelditzen zitzaigun gure etxean, eta goiz guztian lehenengo aldiz ez nuen sentitzen eztarriko itolarri hura. Denok elkarrekin geunden bazkaria bukatzen. Lasai nengoen artean behintzat, ikasi nuelako gauzak oso gaizki doazela ematen duenean ere lagunekin fida gaitezkeela. Halako batean, Joxepik, ohikoa duen printzesa estilo horrekin, bere edalontzia, xanpain kopa bat balitz bezala hartuta, pastelez zikindutako goilaratxo batekin joaz, denon arreta bereganatu zuen: –Hitz batzuk esatea gustatuko litzaidake. Egunero ikusten ditugu, bankuekin duten zorraren eraginez, familiak beren etxeetatik botatzen. Gero eta manifestazio gehiago dago eta jendea jada supermerkatuetan lapurtzen hasia da –“Que horror chica” batekin jarraitu zuen–. Nik ez nuen pentsatzen hau dena gurea bezalako herri txiki eta lasai batera iritsiko zenik, baina gaur ikusi dugu nola gure gertueneko

49


pertsonak ere sufritzen ari diren, eta niri laguntza bat ematea gustatuko litzaidake. Horregatik denon artean diru pixka bat elkartu dugu eta zuei eman nahi dizuegu! Eta hori esanda, gutun–azal bat eman zigun. Nire familia, ordea, bizitza guztian, Joxepik esandako moduan, “herri txiki eta lasai” batean bizia da eta beren duintasunak ez zien utzi dirua onartzen. Joxepi, ordea, ez zen erraz amore ematen duten horietakoa eta “badakit zuek ere niregatik gauza bera egingo zenuketela” batekin, dirua eman zigun. Orduan nire amaren begietan negar malkoak ikusi nituen. Ez zen arraroa nire amak negar egitea, beti izan baita nahiko xenxiblea, baina hala ere banekien momentu hura benetan tristea zela. 0 ordu: Ordua iritsi zen. Dena jasoa genuen. Bizilagunak joanak ziren eta sarrerako bankuan geunden hirurok. Ordu haietan zehar bizitako emozio guztien ondoren, lehenengo aldiz erabat lasai nengoen. Ez dakit nola baina banekien ez zuela merezi aldatu ezin nuen zerbaitengatik urduri egotea. Nire gelari ere agur esana nion. Inoiz baino hutsagoa zirudien. Ohea hor zegoen, erabat biluzik, eta armairua ere bai, barruan ezer ez zuela. Nire jostailuak ez zeuden, ezta nire liburu eta argazkiak ere. Han zegoen oraindik, ordea, txikia nintzela horman egin nuen marrazkia. Gela hura bezain huts sentitu nintzen, banekielako ordutik aurrera nire bizitza erabat aldatuko zela. Ondorengo orduak nahiko azkar pasatu ziren. Bankutik gizon bat etorri zen, nahiko jatorra, gainera, etxea kenduko dizun norbait jatorra izan baliteke behintzat. Etxetik atera ginen, giltzak kendu zizkiguten eta nire izebaren autoan haren etxera joan ginen. Hor hasi zen gure abentura; hura abentura bat izango baitzen. Orduak

50

W


Goizeko txori kantuak 5 saila | Prosa Maider Olaizola Guerrero

Sugarrek zerurantz eskalatzen dute, argi gorrixka beldurgarri bat emanez ortziari, izarren argitasun delikatu eta gozoa, arraitasun arriskutsu batez eklipsaturik. Lehen erreinu handi eta ederra zena, jende elegante eta harroz betea, orain kaosean murgildurik dago. Harria eta egurra beltzago bilakatzen da segundotik segundora, dena janez, gauean forma bitxiak eginez mugitzen da egurrezko aterantz. –EGURREZKOA! –egin dut oihu bortizki, eztarria urratuz. Korrika hasi naiz, beno, korrika, korrika… ez. Zaharregia bainaiz. Baina ahal dudan moduan, nire minekin eta daramadan zaku handi eta pisutsuarekin aurrera egiten dut aterantz, hau ere desegin baino lehen. –Zer gertatu (...)? –Zein(...) du hau? –Heldu esk(...)! Ez (…)katu! Suak hartuko (…) preso! Elkarrizketa zatiak besterik ez ditut entzuten nire ihesaldian, denen atentzioa gauza bakar batean zentratua, sua. Inork ez daki nork, nola eta zergatik hasi den, inork. Hasi duenak izan ezik. Nik.

51


Korrika noala, neure buruari galdetzen diot zerk bultzatu ninduen horrelako ekintza bat gauzatzera. (‌) Eserita pasatzen nituen bai egunak eta baita gauak ere, harresiaren kanpo aldean, aske baina preso, egurrezko ate erraldoia ezin gurutzaturik baina horren gertutasuna ezin utzirik, seguruago sentiarazten ninduen. Ez neukan ia ezer, ez objektu, ez desira, ez maitasunik. Kraka kapa bat besterik ez arropa zikinduz, eta melankolia putzu sakon bat aurpegia ilunduz. Egunean zehar txoriei begiratzen nien, haien kantuek bihotza berotzen zidaten momentu baterako. Gauean, txoriak lo zeudenean, izarrek lagun egiten zidaten iluntasunean lo ezinean igarotzen nituen ordu luzeetan. Inoiz ez nion asko eskatu bizitzari, gaizki ez tratatzea, besterik ez. Batzuetan galdetu egiten nion neure buruari gizakia ote nintzen, denek zeukatena, zirena baino gehiago izatera aspiratzen zuten. Denek zituzten desirak, neskatxek printze galant eta ederrekin ezkontzekoa, mutilek armada indartsu baten buru izatearen ametsa zeukaten. Nik begiak ixten nituenean, ez nuen beltza baino ikusten. Ez duzue penarik sentitu behar nigatik. Errealista nintzen, amets zentzugaberik ez zen hausten, eta ez nuen denborarik galdu behar hauek konpontzen. Ez nintzen beti horrelakoa izan, gaztea nintzenean hegan egitea izan zen nire desiorik biziena, baina zaharra zarenean daukazunarekin bizitzen ikasi behar duzu. Horrelakoak ziren nire egunak, asteak, hilabeteak, monotoniaren erosotasunean murgilduak. AlagÍsiako kanpo erreinuaren paisaiaren parte bilakatu nintzen. Baina orain dela bi-hiru aste, goizeko kantu gozoek nire zentzumen zaharkituak alaitzen zituztela, guardia desegin bat iritsi zen arima etsiz AlagÍsiako erreinura zeraman ateen aurrera.

52


–O, guardia. Zer gertatu zaizue? Utzidazue laguntzen. –Zuk?! Zure arropa zarpailek hitz egiten dute. Nola lagunduko gaitu ez etxe, ez diru ezta ohorea ez daukan zahar higuingarri batek?! –esan zuen harrotasun gehiegiz zeraman itxura penagarriarentzako. –Ez daukazu guztiz arrazoia horretan. Nik dena daukat, behar dudan guztia. Zoriontasuna –zuzendu nion sinpleki–. Erakuts diezazuket. Gogo handiz hasi ziren denak barrez. Haien algara bortitzek txorien kantu inozoak itzali zituzten. –Ikusiko dugu zer pentsatzen duzun orain –gerturatu egin zitzaidan eta ostiko eman zidan tripan. Lurrean etzan nintzen besoak tripa besarkatuz estu–. Orain ez dituzu horrelako txorakeriak esaten, ezta?! Denak jarri ziren nire inguruan, 15 gizon handi. –Erraza da zahar ahul bat jotzea. Zuk ohorea ezagutzen duzula diozu? –esan nion nire azken ahatsarekin; gero, amets egingo banu bezala, mundua beltzez tindatu zen. Ez dut ezer gehiago gogoratzen. Dakidan bakarra da, neure buruari zin egin niola bi aste hauetako egunen batean errepresaliak hartuko nituela bizitzan min eman didatenen kontra. Eta hala, gaur gauean harresia erre dut. Denak ematen du oso gogorra, fatxada guztiak erori ezinak. Gizonezkoak, emakumezkoak ezin dute etsi, ezin ahuldu, desegin. Etxetik atera baino lehen maskara bat jartzen dute, ez dituzte beren ahuleziak agerian eraman nahi. Gogorrak dira haiek ere. Ni ere gizakia naiz, eta desegin naiz jada, maskara erori zait. Harresia gogorra da. Ez garaiezina. Erre egiten da. Erre egin da. Nire plana erraza zen. Harresia erre, barruan sartu eta Alagësia azken aldiz ikusi, guztiz aske egoteko, nire paretarik gabeko kartzelatik libre gelditzeko. Eta hangoei gauzak zein erraz apurtzen diren lezioa emateko. Baina ez dut maskara jarria ekarri. Egun hartan kendu zidaten, eta ezin izan dut konpondu. Alagësiako altxorrek deitzen zidaten, eta ko-

53


diziak menperatu ninduen. Nire bizitza guztian eraiki dudan zoriontasuna eramanez, erraz, udazken arratsalde bateko haizeek lurrean dauden hosto lehorrak eramaten dituzten erraztasunez. Egurrezko atea nire aurrean erori da , erre da. Bukatu da dena. Eta nintzen mutiko txikia sentitu naiz berriz, basoan galdua, bakarrik. Beldurrak mugitua, elikatua. Agur dotore bat eman nahi diot nire bizitzari, nire desira bakar eta zentzugabea betearazi. Dorre altuenera igo naiz. Haizeak kearen usaina dauka eta beroa da. Zeruan izarrak ikusten saiatu naiz, baina suaren arraitasun arriskutsuak eklipsatu egiten ditu. Ilargia da ikusten den bakarra, betea, ederra. Edozein gizonen maitale perfektua. Irribarre bat eskaini diot eta dorretik salto eginez, hegan egin dut. Gaztetan beti egin nahi izan dudan bezala, hegan egin dut eskapo egiteko, urrun.

Sorrera

54

W


Orratzek hipnotizatuta 6 saila | Prosa Unai Odriozola Zugarramurdi

Ihes egin ezinik geratu nintzaion. Aurrez aurre geunden kale labur eta itxi batean, amesgaiztoetan gertatu ohi den bezala. Hasierako momentuak “ederrakâ€? izan ziren, pertzepzioek hala esaten zidaten behintzat. Baina denboraren poderioz konturatu naiz amildegi baten ondoan korrika eta ziztu bizian ibiltzeak ez duela inolako botererik ematen munduan; ezta amildegitik salto egin eta ortziz haratagoko infiniturantz hegan egitekoa ere. Nik, ordea, uste osoa jarri nuen horretan‌ nahiz eta askok esaten duten bezala, usteak erdi ustel izan. Ez zegoen etorkizunik, ezta iraganik ere. Orainaldian bizitzen soilik uzten zidan, nire ingurua urratuz eta desagerraraziz; munduaren erdigunea nintzela sinetsaraziz hipnotizatu izan banindu bezala. Horrek, ordea, ez zidan inporta; heroinak inposatzen zizkidan arau guztiei men egiteak (uste nuenagatik behintzat) ez baitzidan zorigaitzik ekarriko; nahiz eta babo ezjakin gehienek usteak erdi ustel direla dioten. Garai hartan ni nintzen babo ezjakin bakarra, eta heroinak zulo ilunean murgildu ninduen; euli ahula armiarmaren sareetan katramilatu eta ezinegonez, armiarmak noiz erailko esperoan egongo banintz bezala.

55


Baina garai horietan, ez zen nire denboraldi txarraren zergati bakarra izan. Denboraldi txarra izan zedin nahi nuen, bizitzan zehar agertzen zaizkigun beste oztopotxo horietako bat bakarrik; eta adoretsu sentitzen nintzen… Hasieran behintzat bai. Oraintsu esan dudan bezala, negar egin dudan guztia ez dut nire dependentziagatik soilik egin. Aita ezagutzera ez nintzen iritsi, basamortu gorriko gamelu transportatzaileek bere infinituranzko bidaia haien zorpean erail baitzuten. Amaren kasuan, berriz, urte dezente igaro ziren ama-semeen arteko maitasun begirada horiek gurutzatu gabe. Tipo alkoholiko horrekin ezkondu zenetik, ahaztuta ninduela ere iruditzen zitzaidan, alfonbraren azpian pilatzen den hautsari baino kasu gutxiago egiten baitzidan niri; heroinak ni hipnotizatzen ninduen bezala, zerri alkoholiko horrek ama hipnotizatzen baitzuen. Mespretxuz eta handikeriaz begiratzen zidan nire amaren senarrak, tipo prepotenteek sorbalda gainetik begiratzen duten bezala. Betiko esaldiak errepikatzen zizkidan: “Handitzen ari dituk besoetako ubeldura horiek, motel! Bizi-lagunak gaizki pentsatzen hasiko dituk gutaz hire erruagatik! Lotsa ematen didak!”. Niri, ordea, berak ematen zidan lotsa; lotsa eta amorrua. Amak hilabeteak igarotzen baitzituen inorekin hitz egin gabe, etxetik atera gabe, leihoak ere batzuetan ireki gabe… aurpegiko ubeldurak estali nahian bezala. Gaueko ordu txikietan azaltzen zen alkohol usaina zerion kirats higuingarri batekin, amaren ondora. Baina higuingarria zen gauza bakarra ez zen kiratsa. Oraindik eta higuingarriagoa izaten baitzen tipo horrek ama nola jipoitzen zuen ikustea. Ez zen bidezkoa, ama gaixoak ez zuen hori merezi… eta nik, berriz, ezin nuen ezer egin. Heroinak gaztetasunak eskaintzen dituen indar guztiak kendu baitzizkidan; baita adorea ere. Baina amari, azkeneko jipoi horietako batek ikusarazi zion tipo horrek bere bizitzatik desagertu beharra zuela. Amari oraindik geratzen zitzaion adorea, niri ez bezala. Ordurako, ospitale bateko maindire zuri artean nengoenez, ez dakit non bukatu zuen tipo horrek; amak ez baitzidan inoiz kontatu ger56


tatutakoa. Halere, ama gaixoak jaso zituen tratu txar guztien ondoren, tipoak merezi zuena jaso zuela uste dut, desira hori sentitzen dut behintzat. Harro sentitzen naiz; amak tinko eutsi zion urte lazgarri horietan guztietan sufritu zuenari. Amaren adore horrek niri ere begiak zabalarazi zizkidan. Zaila izanen bazen ere, heroinak inposatu zizkidan arau guztiei men ez egitea erabaki nuen. Denboraldi hura izan zen niretzat zailena eta sufrituena; dependentziaren zulo ilunean murgiltzea baita errazena. Bideo-jolasetan gertatu ohi den bezala; mailaz maila, erraztasuna dena zailtasun bihurtzen doa. Ni azkeneko mailara iritsia nintzen, eta horraino iritsi ondoren, ez nion garaitzen utziko; uste hura nuen behintzat. Baina, usteak erdi ustelak badira ere, tinko eutsi nion nire erabakiari. Azkenean, garaile suertatu nintzen. Dependentziari aurre egitea lortu nuen... Tira, lortu genuen. Orain nire emaztea den Oihanak ikaragarri lagundu baitzidan, nire amak bezalaxe. Nire bizitza bide zuzenetik bideratu, eta handik urte batzuetara, bi alaben jaiotzak, amak eta nik familian behar genituen ezaugarri garrantzitsuenak ekarri zizkigun: maitasuna eta zoriontasuna.

Rumans!!

57

W


Itsu-itsuan entzun? baina zer entzun? 6 saila | Prosa Aintzaine Toledo Lardi

Negar malkoak isuri eta masailetan behera elkar talka egiten duten aldi oroz sortzen den elektrizitatea da sentimendua. Imajinaezina da munduarentzat jaiotzatik entzumenik gabe bizi den batengan malko 単imi単o, umel batek sorraraz diezazkigukeen sentimenduen aniztasuna. Malkoen moduan, zure irribarrearen distirak eta baita inuiten muxu soil batek ere pizten dituzten bihotz taupada azkartuak. Hauek odolaren abiadura handitzean sortzen diren makina bat burbuila gorrixkek gorputzeko atal guztietan zehar eragiten dituzten hotzikarek gure barne oihua pizten dute eta zer edo zer entzuten dugula senti dezakegu. Nire eskuko hatz lodi eta zarpailek laztantzerakoan zure belarripetik lepoaldera bularretan barrena gerrialderako bidea egiten dutenean, gure artean bakarrik entzungo den melodia sortu nahi dut, nik zu eta zuk ni bakarrik entzungo duguna, mundutik at. Elkar besarkatu eta bi musika tresna bagina bezala inoiz entzun den kanturik ederrena konposatuko dugula sinestarazi nahi dizut munduarentzat hutsalak diren gu bion gorputzekin. Zuk entzun dezakezun notarik grabeenetik zorrotzenerainoko doinua izango duena. Kantu horretan bizi nahi dugu, beste inork entzun ezin gaituen hartan, kantua gure mundua den melodian, inoiz elkar galduko ez dugun munduan.

58


Hain eztiki, maitasuna nik senti dezakedan modura irudikatzen ari garela, jasangaitza da ezkutatzea musukatzeko beharra, gogoa, irrika eta desira. Hain gertu sentitu eta ez dut beste irtenbiderik izan nire ezpainak musukatzeko prestatu eta zure azal izerditua musuztatzea baino, zure ezpain gorri deigarriak hurbildu eta nireekin talka egitean aurkitu dut ordea salbamendua. Keinuen hizkuntzarik perfektuenean hizketan ari gara, maitasunean, elkar ulertzeko gai gara, hitzik gabe baina dozenaka imintzio erabiliz. Nire belarrietara hurbildu duzu ahoa artega, lehenik batera eta gero bestera, berpiztu nahiko bazenitu bezala. Eta zerbait diostazu goxo, hitzak sortzeko darabilzun haize ahula besterik ezin dut sumatu belarrietan, eta horrek nire odolaren abiadura handitu, taupadak bizkortu eta pilpira bakoitzaren barne oihua ozendu besterik ez du egiten. Hala eta guztiz ere, zuk ahoskatutako hitzak ezin ditut entzun, eta badakizu! Dena dela, zuk baduzu esperantza noiz edo noiz entzungo zaitudala. Baina itxaropen faltsu horren menpe bizitzeak azkenean amorratu egin zaitu. Eta etsipenak kantu honen melodia bukatzera derrigortu zaitu. Zure aurpegiaren keinuak eta zure besoen mugimendu zarpailak ikusita konturatu naiz ez zarela batere maitekor heldu. Geldi geratu naiz zer egin jakin gabe, garrasika ari zinela imajinatu dut zure gorputzaren mugimendu bortitzak ikusirik. Orduan objektu gogor eta mingarriak jaurtikitzen hasi zara, zuzen-zuzenean nigana, zure panpinarik gorrotatuena banintz bezala. Guztiz ubeldua nagoela ziurtatu duzunean, lurretik ikusi dut lasterka ihes egin duzula zure betiko zapata takoidun gorriak jantzirik; ezin dut ulertu‌ Nola izan zara gai bizi izandakoa ahaztu eta honaino iristeko? Lurrean botata geratu naiz mindurik, halere hori ez da oinazetsuena: zu ez izateak eta horrela joan izanak atsekabe handiagoa sortzen dit. Ordu ezkero egunero galdetzen diot neure buruari mundua zer den bidaiderik gabe. Zentzurik gabeko lur eta ur eremu handiak, jendearen joan-etorriak gordetzen dituzten milioika kale, zerua kilikatzen duten etxe-orratz mordoa, itsasoa zauritzen duten beste horrenbeste ontzi‌ Baina egunero laztantzen ninduten zure esku leunen mugi-

59


menduek dagoeneko azal ezin ditzaketen makina bat soinutako mundua, hau da zu gabe esanahirik gabea, ezereza. Minutuak, orduak, egunak, hilabeteak aurrera joan ahala konturatu naiz hipokrisiaren harri erraldoiarekin egin dudala tupust. Eta gaurkoa da ezgaituen aurkako erasoak munduari aldarrikatu nahi dizkiodan eguna. Jendarteak ez baitu kontzientzia askorik honi buruz, ez baita oso sonatua. Honekin adierazi nahi dut horrelako erasoak jasaten dituzten pertsona franko dela munduan, eta gehienetan gertuko pertsona batek eragina, sinesgaitza badirudi ere. Eta beti ez dira eraso fisikoak; horiek min gutxien sorrarazten dutenak direla ere esatera ausartzen naiz. Psikologikoak oraindik ere gehiago dira, eta kaltegarriagoak gainera. Asko eta asko dira perfektuak diren handiustekoek gutxietsiak bakardadea gertutik ezagutaraziz, irainduz, ezgai hutsak sentiaraziz, adarra joz... Berriketa honen guztiaren ondoren derrigorrezkoa zait adieraztea, gu ulertzea zaila zaien pertsona horiek denek ez dutela gertutik ezagutzen gure errealitatea, gure sufrimendua. Guretzat eraiki ez den mundu batera egokitzeak dakartzan hainbat eta hainbat zailtasunen eta ulertezintasunen ondoren haien ankerkeria jasan beharra. Musikak bere pentagrametan daraman mundua ezin entzutea. Mundu honen zoragarria, krudelkeria eta edertasuna eskuekin eta irudimenarekin irudikatu beharra, errealitateaz gaindiko irudia irudikatzea eta koloreztatzea zail zaiguna. Keinuekin aspergarri bihurtzen diren hitzak ezpainekin ahoskatu eta ahots goxoz dibertigarri bihurtzea ezinezkoa dela konturatzea eta munduari amorrua, maitasuna, zoriona eta zoritxarra ezin oihukatuak sortzen digun gauzaez izatearen sentimendua. Arazo horien guztien ondoren, gure nahirik handiena gure ezgaitasun bakarra gure hamaika gaitasunek ezkuta dezatela da. Dagoeneko ni eta nire antzera aurkitzen diren beste horrenbesteri gertatutakoa edo egindakoa munduari begietaratuta, jendea kontzientziatu izana espero dut. Eta inolako erasorik ez errepikatzea eta hau gertatuz gero gizadiak sala dezala lortzea. Gehiago luzatu gabe, mila esker atzean utziriko sufrimendu hura errazten eta ulertarazten saiatu zineten guztiei. Herrena

60

W


19 lerro zoragarri 6 saila | Prosa Ane Dehesa Urkia

1. lerroa Ez dakit nola hasi gutuna. Ez dakit nola esan sentitzen dudana. Baina hasi beharra dut, horregatik, nire eskua idazten hasi da agindurik jaso gabe. Ziztu bizian idazten du orri zuriaren gainean, bere kabuz pentsatuko balu bezala. Hala ere, ez du gauza askorik idatzi: 1998-05-09 Kaixo, Xabier: Aspalditik pentsamendu bat darabilkit buru barnean. Horregatik hasi naiz eskutitz hau idazten. 4. lerroa Zer idatziko dut orain? Maite dudala? Ez, azkarregi iruditzen zait. Agian elkar ezagutu genuenean nola sentitu nintzen azaltzen badiot hobe izango da. Ziurrenik gogoan izango duzu ezagutu ginen eguna. Iazko Kilometroetan ezagutu genuen elkar, nire lagun Aintzaneri esker. Bere lagun bat aurkeztuko zidala esan zidanean, ez nuen inola ere lagun hori mutil bat izango zela pentsatu. Dakizun moduan, oso lotsatia naiz, eta are gehiago mutilekin. 61


8. lerroa Eta orain zer? Idazten ari naizen hori guztia berak badaki. Nola sentitu nintzen esan nahi diot, baina beldur naiz bere erantzunaz. Zer gertatuko litzateke berdina sentitu ez balu? Ez banau maite nik maite dudan moduan? Ai, ama! Ezetz esaten badit, ez naiz berari aurpegira begiratzeko gai izango. Hala ere, idazten jarraitu behar dut. Zure izena esan zidan unetik ez dut sekula nire burutik kentzea lortu. Bi musu eman zenizkidan, zure irribarreak liluratzen ninduen bitartean. Argi daukat, oso argi gainera, momentu hartan inozoa edo geldia nintzela pentsatu zenuela. Baina zertxobait hitz egin eta dantzatu ondoren, nirekiko iritzia aldatu zenuela sumatu nuen. 13. lerroa Ezin dut idazten jarraitu. Eskuak dardarka ditut, eta bihotza mila zatitan lehertuko zaidala dirudi. Etxean bakarrik nago, eta nire taupadek hausten dute isiltasuna, abesti baten erritmoa markatuko balute bezala. Gainera, beste modu batez begiratzen zenidan, begirada goxo eta leun batez. Badakit ez naizela oso ederra, neska arrunta naiz. Zuk, ordea, oso ederra naizela esan zenidan, nire begiek distira berezia dutela, eta irribarre kutsagarria dudala. Oso ahots atsegina nuela esan zenidanean munduko neskarik zoriontsuena bihurtu ninduzun, inork ez baitzidan horrelakorik esan. Ordura arte, noski. 18. lerroa “Luzeegia geratuko da, luzeegia geratuko da, luzeegia geratuko da�. Behin eta berriro ari naiz hori pentsatzen. Azkenean, Xabier aspertzea lortuko dut, eta ez da hori nik nahi dudana. Horregatik, hurrengo lerroetan maite dudala esango diot, lotsarik gabe. Hasieran esan dizudan moduan, pentsamendu bat darabilkit buruan. Nire barrutik ateratzen ez badut, lehertu egingo naiz!

62


Zuk badakizu maite zaitudala. Baina ez zaitut zuk uste duzun bezala maite, lagun moduan. Ez, nire sentimendua indartsuagoa, sakonagoa da. Xabier, nik lagun bat baino gehiago maite zaitut. Zutaz maitemindu naiz. 24. lerroa Azkenean idatzi dut! Baina ezin dut horrela bukatu gutuna, amaiera eta agur egokia merezi baititu. Nolako agurra, ordea? Ez diot berriro “Maite zaitut� idatziko, gehiegizkoa izan daiteke. Ziurrenik modu egokiena egia esatea da, pentsamendu ezkorren gainetik. Nire bihotza zabaldu dizut, eta lan asko egin dut horretarako. Oso garrantzitsua zara niretzat. Gertatzen dena gertatzen dela, ez diot zure laguna izateari uko egin nahi. Beno, zure erantzuna jasotzeko irrikaz nago. Besarkada goxo bat, Irati

19 lerro zoragarri Xabierren gutuna jaso dut gaur goizean. Jada arratsaldeko 4:30 dira, eta oraindik ez naiz irakurtzera ausartu. Denbora luzea daramat eskuetan hartu, utzi, ezetz esan eta berriz ere mahai gainean uzten. Hamazazpi aldiz irakurri dut gutun-azala. Orain arte ez dut inoiz ikusi bere idazkera. Ez dakit zergatik, baina uste nuen oso traketsa izango zela. Oso elegantea eta biribila du ordea. Ezin dut gehiago jasan, bere erantzuna jakin behar dut. Dagoeneko nazkatu naiz gutun-azalean nire izena irakurtzeaz.

63


1998-05-14 Kaixo, Irati! Asko gustatu zait zure eskutitza. Arrazoia eman behar dizut, asko sumatzen da egia esaten ari zarela, eta zoriondu egin nahi zaitut, ez baita batere erraza zuk eduki duzun adorea izatea. Baina orain nire txanda da. Oroitzen naiz Kilometroetako egun hartaz, oso ondo gainera. Ez dizut inoiz esan, baina hasieratik zaitut gustuko, elkarri begiratu genion unetik, hain zuzen ere. Egia da hasieran nahiko isila zinela pentsatu nuela, baina inoiz ez dut pentsatu inozoa edo geldia zarenin, inolaz ere ez! Izugarri gustatzen zait zure ahotsa, batez ere abesti bat ahapetik abesten duzunean. Liluratu egiten nauzu, Irati. Ez dakit nola ez zaren lehenago ohartu, ez dakit nola ez naizen lehenago ohartu maite ninduzula. Nik ere zerbait sentitzen dut, sentimendu indartsu eta bizi bat. Ez dakit maitasuna izango ote den, baina bai antzeko zerbait, ez baitut inoiz honen antzekorik sentitu. Bai, Irati, maite zaitut. Uste dut soberan dagoela zurekin egon nahi dudala esatea. Erantzun laster, mesedez. Muxu handi bat, laztana. Xabier

Bai, oraingoan bai! Orain, une honetan, 1998ko maiatzaren 17an, arratsaldeko 4:33an, munduko, ez, unibertsoko neskarik zoriontsuena naiz!

19 lerro zoragarri

64

W


Poesia OIARTZUNGO PROSA ETA POESIA LEHIAKETA



Non zaude? 1. saila | Poesia June San SebastiĂĄn Sein

Etxerako bidean zure presentzia sumatu dut. Leihotik begiratu dudanean, zuhaitzen artean ezkutatu zara. Goizean, ikastolarako bidean, zure falta sumatu dut. Non zaude?

Izarrekin jolasean, hodeien artean ezkutatzen. Iluntasuna hautsi nahian, zure distirarekin gau bakartia argitzen. Beti nire ondoan.

Eguzkia ezkutatu denean, bat-batean agertu zara. Ikusi nauzunean, etxeraino jarraitu nauzu. Bakarrik nengoela uste nuenean, nire begien aurrean jarri zara. Hor al zaude?

Urruti zaude, baina gertu ikusten zaitut. Bakarrik sentitzen naizenean, zure besoetan lo hartzen dut. Mesedez, ez nazazu inoiz bakarrik utzi. Egon nirekin.

Zerura begiratu eta‌ hor zinen zu. Beti bezain alai. Beti bezain distiratsu. Beti bezain polit. Beti hor zaude.

Ni Neu

67

W


Maite zaitudalako 3. saila | Poesia Katerin Artola Telleria

Eskerrik asko, ama, ni bizitzara ekartzeagatik. Eskerrik asko, ama, ni txikitatik zaintzeagatik. Eskerrik asko, ama, zeure maitasuna neuregan adierazteagatik. Eskerrik asko, ama, nire poztasuna lortzeko egiten duzunarengatik. Eskerrik asko, ama, neuregan konfiantza edukitzeagatik. Eskerrik asko, ama, ni gustura egoteko egiten duzunarengatik. Eskerrik asko, ama, niri onena eskaintzeagatik. Eskerrik asko, ama, zeure laguntza eskaintzeagatik. Eskerrik asko, ama, egun zailak pozteagatik. Eskerrik asko, ama, eskuzabala izateagatik. Eskerrik asko, ama, zeure bihotzaren zati bat bilakatzeagatik. Eskerrik asko, ama, mugarik gabe maitatzen erakusteagatik. Iafriki

68

W


3. saila | Poesia June Sarasola, Lide Galdos, Maider Maya

Zuhaitz bat, herri bat Neska txiki bat gure zuhaitz maiteari begira dago. Hostoak erortzen ari zaizkio zuhaitzari eta neskatxa triste dago, lur jota. Malkoak isurtzen zaizkion bitartean hostoak itsasten saiatzen da baina‌ ez du lortzen, ezin du. Denborarekin, ordea, hostoak hazten zaizkio zuhaitz maiteari. Jumali

69

W


Nik nahi dudana 4. saila | Poesia Amaia Cortes Carrizo

Idatzi egin nahi dut, baina ez dakit zergatik. Garrasi egin nahi dut, baina ez dago arrazoirik. Hegan egin nahi dut, baina ezinezkoa egiten zait. Esnatu egin nahi dut, baina, tamalez, ez nago lotan. Berrikotik hasi nahi dut, baina ezin dut. Lo egin nahi dut, baina arazo gehiegi daude. Erantzunak nahi ditut, baina ez da hain erraza. Libre izan nahi dut, baina zerbaitek gelditu egiten nau.

70


Bizi nahi dut, baina bizitza lapurtzen didate. Hori guztia bukatu nahi dut, eta egingo dut. Nire bihotza oihukatzen ari zait, eta hori idatziko dut. Ez naiz esnatzeko beldur, eta beldur gabe egingo dut hegan. Berrikotik hasiko naiz, lo egitean amestuz. Libre izateko, erantzunak bilatuko ditut. Bizitza guztia aurretik dudalarik biziko dut, hori guztia bukatu nahi ez izateko. Nire bizitza baita, nik nahi dudana.

Ortzadar

71

W


Aldameneko laguntxoa 4. saila | Poesia Imanol Ugalde

Ezin dugu atzean utzi, ezin dugu gainditu, beti gure ondoan dago. Azterketetan, aurkezpenetan‌ Etxean utzi nahi, baina uste dugunean gainditu dugula, gonbidatu gabe etortzen da laguntxoa. Kale ilunetan, etxean bakarrik gaudenean aurkitu dezakegu gure ondoan, nahi izan ez arren. Adiskide honek urduritasuna besterik ez digu sortzen. Lagun bati sekretua kontatu nahi diogunean, bertan azaltzen da.

72


Hankasartze bat egitean zuzenean agertzen da, gure buruaren barnean kezka bat sortuz. Iman bat balu bezala etortzen da gure ondora. Baina dagoeneko asper-asper eginda gaudenean beti ondoan eramateaz, bere aurka egiteko garaia heldu da. Lagunei sekretuak kontatu, hankasartzeak egin eta ez kezkatu, kale ilunetan ibili eta etxean lasai egon bakarrik. Beldurra gailendu dugu. Tipula

Tipula

73

W


4. saila | Poesia Naroa del Rio Mugerza

Tximeleta izatera helduko ez den denboraren metamorfosi bultzatua Hasiera batek amaiera bat eskatzen du, determinatzen. Sortzetik destrukziora, Ez dago ezer. Edo dena dago. Ezerez honen totalitatea neurtzeko beharrak denboraren inextistentzia naturala dakar. Inexistentzia naturala edo existentzia artifiziala. Denbora. Hori gara, denbora; guk geuk asmatutako kontzeptua. Hasiera dugu, amaiera dugu, eta tartean, denbora. Zentzurik ez duen denborak zentzu inposatuaren zama darama maramada. Ez du. Ez dagoenetik atera ez baitaiteke. Ezerezetik ezin ezer sortu. Beti zirkulu bizioso bera. Jaio, ikusi eta ikasi. Nahi izan, amestu, egin. Gauzatu.

74


Akatsak, erroreak. Damu zara. Askatasuna, errebeldia, irrazionaltasun arrazoitua. Akatsak, erroreak. Maitasun eroa. Akatsak, erroreak. Heldutasuna, hoztasun mentala, arrazoi irrazionala. Akatsak, erroreak. Damu zara. Maitasun kateatua. Akatsak, erroreak. Esperientzia. Damu zara. Nostalgia. Datozenei esperientzia isuri nahia, damu ez daitezen. Datozenak, ordea, jaio, ikusi eta ikasi. Zirkulu biziosoa esperientziaren beharrik gabe, ustez. Denbora. Heriotza. Maitasuna, askatasuna, nostalgia, akatsak, erroreak, kateatu eroak, heldutasun mental errebeldea, hoztasun irrazionala. Zero. Zero ez. Zero baino gutxiago, askoz: hauts. Energiarik gabeko hautsa, izarretara hegaka haizearen bultzadaz tximeletaren moduan.

Tximeleta

75

W


Naturaren ispilu 5. saila | Poesia Jon Otegi Odriozola

Haizearen ufada bortitzek zure koloreetako ileak astintzen dituzte, fiu-fiu, lasaitasun iturri. Garaien ondorioz, modak urratuz, arropa probatuz, jantziak aldatuz, batzuetan gorri, anitzetan berde, gutxitan zuri, ortzadarra dirudi. Zure babesean hainbat bizidun jasoz, animalien etxe eta landareen kabi. Gorri, berde, zuri ortzadarra dirudi.

76


Izaki maitagarria, urez bustia, harriz josia, guztiontzat bizi iturria. Kondairen biltegi zaleen liluragarri maitaleen atsegin langileen lantegi biziaren aurpegi. Gorri, berde, zuri ortzadarra dirudi. Jarrai ezazu izaten eguzkiaren sehaska, eta ilargiaren ate. Baina, nork daki noiz arte? Mendia, mendia benetan zara handia!

Rufino

77

W


5. saila | Poesia Maialen Elorza Otaegi

Baztertutako zapata gehiago egon ez dadin Igandeetako aldizkari horietako batean ikusi zaituztet, Danubioren ertzean, Budapesten bihotzean, juduen oroimenez egindako oroitarri bitxia. Pentsatu dut, pixkanaka-pixkanaka, zauriak sendatuz joan direla, orbanak ezabatuz, oroitzapenak ahaztuz, eta ibaiertzean, zain dauden zapata triste batzuk soilik geratu zaretela. Zapatak jendearen eguneroko paisaia bilakatu zarete. Beren zereginek lanpetuta, ez dizuete erreparatzen, ez dizuete garrantzirik ematen; beste oroigarri bat, beste monumentu bat besterik ez zarete. Baina zergatik zaudete hor? Zergatik hainbeste burdinazko zapata? Zergatik hainbeste oinetako, Straussen Danubio urdinaren ertzean, gizakiak gorriz tindatu zuen Danubioren ertzean?

78


Zeren zain? Zeren zain zaudete? Zeren zain, duela hainbeste urte bazterrean utzitako zapatak? Jantzi ohi zintuzten mutiko haren barrea entzuteko zain. Zapata hautsi batzuk, lore sorta lehor baten ondoan. Kalean jolasean aritzeaz hautsitako zapatak. Berriz ere bere barrea entzuteko zain. Emakume gazte haren oin finak berriz ere sentitzeko zain. Zapata takoidun dotoreak, senarrak oparitutako zapata preziatu haiek, bide bazterrean gelditu zirenak oin leun haiek berriz ere sentitzeko zain. Jabearen azken urteak berekin bukatzeko zain. Agure zahar haren zapatak. Hainbeste bide ibiliak, bizitzako momentu gozoak eta garratzak, amaieraraino berekin ibiltzeko zain. Baina zuek hor zaudete, egungo zapatei gogorarazteko oraindik zapata asko salba daitezkeela. Egungo zapatei gogorarazteko gizakia zeinen hauskorra den. Egungo zapatei gogorarazteko iragana berriz errepika litekeela. Baztertutako zapata gehiago egon ez dadin, Straussen Danubio urdinaren ertzean.

Ibiltari

79

W


Gure hizkuntza, gure gotorlekua 5. saila | Poesia Izaro Idarreta Cardona

Gotorleku hura ikusterakoan, kilika bat sortzen zait ene barrenean. Urteak joan-etorrian, eta gotorleku hura nire begi aurrean, beti, nire aurrean gogor, sendo. Sentiarazten nau preso. Gotorlekuko harriak erortzen ari dira, lurrera, inork jaramonik egingo ez dielakoan. Harriak hilen dira ,aurrekoak hil ziren leku berean. Herrikoek arima utzi zuten leku berean, arrazoi beragatik. Min egiten didate ene harrizko bihotzean, lurrera doazen harriek, min egiten didate harrian baina bihotzak inork ez ditu jasotzen. Nire herriko gotorlekuak ez du aterik. Diotenez ez du historiarik. Inork ez du ezagutzen haren existentzia. Inork ez du ezagutzen haren sorrera.

80


Geroz eta zaharragoa da, eta geroz eta garrantzi gutxiago du, gotorlekuko harriak erotzen dira, zahartu dira, ez ditu inork zaindu, ez ditu inork maitatu, bere magalean egon gara, ez dio inork eskertu. Gotorlekuko ia harri guztiak jausi dira, bat geratzen da. Gotorleku sendoago batek gure gotorleku koloreztatua suntsitu du. Gotorleku sendoa, denetan maiteena. Gotorleku zaharra iragana da. Baina gotorleku zahar hura gure hizkuntza da. Gure sorleku da. Gure herria. Gure arima. Entzudazue zatoztenak: ez da garestia, baina balio handia du. Zaindu ezazue, maitatu eta mundura zabal ezazue, Euskara eta Euskal Herria. Herrikoak maite ez duguna, arbasoek maite izan zutena.

Baina azken harri zaharra, ez da jausi. Ez da harribitxi, ez da diamante, baina horien ahalmena du. Zaharkitua dago, baina bizirik dirau, bera maite izan zutenen itxaropena du. Gotorlekuak historia du, ez du inork ezagutzen, baina itxaropenez dirau. Kroki

81

W


Hodeien paradisua 6. saila | Poesia Haizea Saez de Eguilaz Perez

Beste egun bat. Beste egun bat zu barik, itsaso bazterrean. Zure irria oroimenean. Gogoratzen naiz elkarrekin pasatako egunez, batera egondako momentuez, bizitzari eskainitako irribarreez. Gogoratzen naiz zure aholkuez, gaueroko deiez, eta goizeroko muxuez. Zoriontsu ginen garai haietan, dena arrosa kolorekoa margotzen genuenean. Arazorik ez zegoenean, nire bizitza osoa zuregana mugatzen zenean. Itsututa ninduzun, guztiz liluratuta. Begi eder horien esanahiak mutu uzten ninduen. Beso zabal horiekin estutzean, babestuta sentitzen nintzen. Berotasuna eskaintzen zenidan; goxotasuna, laguntasuna, maitasuna. Paradisuan bizi nintzen. Paradisu argi bat, bikaina. Bi pertsonaren indarrekin, bi pertsonaren maitasunarekin sortutako paradisuan.

82


Hegan egiten erakutsi zenidan. Hodeietan korrika, saltoka. Biok elkarrekin. Izarrei begira egoten ginen, bata bestearen magalean jarriz. Eta ez nintzen konturatu izar handiena nire aurrean nuela, zu zeu zinela. Baina ihes egin zenuen, izar uxoek bezala. Eta ni, eta ni bertan geratu nintzen, izar uxoa berriz pasatuko zelakoan, berriz ikusiko zintudalakoan. Eta ikasi nuen zu gabe bizitzen. Zure arima sentitu dut azkenaldian, nirekin egongo bazina bezala. Baina ez zaude inon, ez zaitut aurkitzen. Nekatu naiz zure izena oihukatzeaz. Indarrak xahutu ditut zu aurkitzeko, baina alferrik, ez zaude. Aurrera jarraitu beharko dut. Bizitzarena legea, erori eta altxatu, erori eta altxatu. Baina zure eskuekin errazagoa da altxatzea. Burua tente mantentzea, irribarrea ahoan edukitzea. Horregatik itzuli zara. Nire aldamenean zaude berriro. Agian nire garrasi mutuak entzun dituzulako, sentipenek atzera ekarri zaituztelako. Has gaitezen berriro bidea eraikitzen, pixkanaka geure mundu berria sortzen. Barkamenei ere lekua eskaini behar zaielako berriz hemen zaudelako, NIREKIN! Paradisu

83

W


Ez iezadazu galde egin 6. saila | Poesia Maria Lizarraga Garmendia

Beldur naiz, ama izatearen beldur, zure galderen beldur, zer erantzun ez jakitearen beldur. Amonaren etxean, poesia ulertezinetan, haurtzarorik gabeko umeen begietan, hitz ezkutuen artean, musikaren errailetan, zaharren eskuetan, paradisuaren helmugan, bilatzen saiatu naiz. Baina ez ditut aurkitu, ez dut erantzunik topatu. Eta jada ezinezkotzat eman ditut, gorroto ditut. Itsaso ilunera botako nituzke, eta baita unibertsora ere.

84


Eskuekin, txiki-txiki eginda apurtuko nituzke, eta ondoren sutan erre, keak ikusezin bihurtzeko. Belatzari emango nizkioke, zeruan ezkuta ditzan, hodeien artean. Bertsolariari eskainiko nizkioke, bertsotan akaba ditzan, eta, ostean, aireak eraman ditzan. Oihukatu egingo nituzke, isiltasunak hil ditzan. Heriotzari erakutsiko nizkioke, haren eskuetan utzi. Goseari oparituko nizkioke, jan ditzan, irents ditzan. Eta egarriari utziko nizkioke, edan ditzan, ito. Maitasunari bidaliko nizkioke, barren-barrenetik puska ditzan, mindu ditzan. Beraz, ez iezadazu galde egin, haurtxo maite, nik neuk oraindik ez baitut erantzunik aurkitu. Eta, beldur naiz.

Galde

85

W


Inguruak oroitzen zaitu 6. saila | Poesia Irati Uitzi Lizaso

Gaur begira iezaiok inguratzen hauen horri, inguratzen hinduen hari, inguratzen zaituzten horiei. Zerk kilikatzen dik barrua? Logelako oheak gordetzen duen zoramenetik hasi eta etxeko tximiniako su bizirainoko bitartean oroitzapen ugari dituk bizi: Goxoenetatik hasi eta malkoek marrazturiko memento haietara, nostalgiaz itotakoetatik erokeria mugagabez bizitako ametsetara. Eta nork ukatzen dik halako bizipen kontrajarrien arteko distantzia joan-etorri azkar eta ziztrin bat ez dela? Batetik bestera handia izatea nahi genukeen pauso 単imi単o bat besterik ez dagoela?

86


Hik bai, hik ederki ezagutzen duk joan-etorria, pauso 単imi単oz egindako joan-etorria. Nahiz txoko ilun desiragarrietan bizitako momentu haiek bizitu, beti izan duk atzetik, bizkar gainean, iraganeko marrazkietan, beren presentzia. Maite hinduten. Benetan maitatzen hinduten. Gaur, berriz, bakardadeak maite hau. Eta hik uste ez arren, oroitzapenek ere izugarri maitatzen haute. Egunero izaten baitituk lagun, egunero laguntzen baititek etxeko suaren altzoan izan hituen haiek ondora ekartzen, esnatu eta egunsentietan muxu eman zian hura hire baitan izaten. Tarteka, gustuko duk argazki haietan murgiltzea, begiak lokartu eta isiltasunari so egotea, eguneroko istorioa kontatuko dialakoan, zein zoriontsu hintzen esanik berriz ere amets hura bizituko dualakoan. Oroimenean

87

W





Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.