1 minute read

ILUNE

Next Article
DISCALCULIA

DISCALCULIA

Askok diote iluntasunean ez dela ezer ikusten, baina nik ez dut uste hori. Ez dute behar bezainbeste sakontzen beharbada. Gauez, eguneko koloreak desagertzen dira, bai, eta iluntasunak itsutu egiten gaitu, ez baikagude ohituak. Eta hiritik ateratzen bagara, zeruko argiak besterik ez ditugu, baldin badira ikusten. Gure ikuskera mugatua da oso. Baina ez ikusteak ez du esan nahi hor ez daudenik, pentsa ilargiaren fase ezberdinetan argia eta iluntasun jokuetan, edo sentitu ez daitezkenik, pentsa haizean. Honekin lotuta, XX.mendean sortutako eta oraindik bizirik den funtsezko artista baten lan bat datorkit burura. Jose Antonio Sistiagarena. Hementxe duzue ikusi eta aztertzeko:

Museoetan lan egin dudanez, anekdota asko ditut, eta koadro honekin batez ere asko ikasi nuen. Bisitetan, zer ikusten zuten galdetzean, ohikoa zen holako komentarioak entzutea: “hau nire ilobak/ Umeak... egin lezake”, edo “hau, nik gastatutako errotulagailu batzuekin begiak itxita egin nezake”... Ni ez naiz sartuko koadroen balio ekonomikoan, artearen merkatuan...baina guzti honek amorrua ematen zidan, eta ohitura bihurtu zirenez, ikusleei ariketa bat proposatzen hasi nintzen. Hasteko, titulua ikusi gabe, ea zertaz ari den pentsaraztea. Hura ikusten zer sentitzen zuten. Ideiak jasotzea. Zuk, irakurle, ere egin dezakezu.

Advertisement

Behin ideiak jasota, eta denak baliogarritzat hartuak, koadroaren titulua ematen nien, “Ráfaga”. Eta ondoren, ariketa praktiko bat proposatzen nien: “orri bat eta margo batzuk emango dizkizuet. Haizearekin edo haizearen mugimenduarekin lotutako margolan bat osatu behar duzue, forma konkreturik duen ezer marraztu gabe, figuratiboa duen ezer gabe: haizeorratza, zuhaitza, hegan doan hostoa..., Koloreekin bakarrik, era abstraktuan”. Eta egia esan, berehala konturatzen ziren ez zela uste zutena bezain erreza, ta harridura aurpegiak ikusten ziren...”Ezjakintasuna ausarta da” esaten ohi da. Orduan hasten nintzaien arte abstraktuaren nondik norakoak azaltzen, eta normalean pentsarazi egiten niela uste dut. Arte garaikidearekin, eta batez ere, arte abstraktuarekin asko gertatzen da hau, ahazten zaigu ez dela dena erraz “ulertu” behar, sentimenak ere jarri behar ditugula martxan, eta ez hori bakarrik, urrutiago, sakonago begiratu, inguruko “haizeak” jo eta hauspotzen gaituen bitartean.

Bukatzeko, gauerdian sortutako poematxo bat: “Haizea leun, Haizea zakar Buhardillatxoan gauez Etxeak dar-dar. Haize-kirri hotzak Soinua dakar. Gaur ez da lurrikarik, Gaur zeru hutsak marmar. Leiho ilun ta argi Trumoien hotsak hamar. Bihotza dago geldi, Denboraren beste apar”.

Josune Ilundain Iribarren

This article is from: