Kalleby
U
rrunean, muino berde eta leunetako zelaien artean galduta, Kalleby hiria dago. Kalleby ez da oso handia; egia esan, ez da benetako hiri bat ere. Etxe txiki eta oker batzuek osatutako taldea eta ahateen urmaelaren inguruan batutako baserrien gehikuntza besterik ez da. Kallebyk kale bat besterik ez du, eta kale hori ez da benetako kale bat ere, zuloz betetako lurrezko bide bat baizik. Euria ari duenean, zuloak urez betetzen dira, eta zalgurdiak eta autoak zarataka gainetik igarotzen direnean, ur zipriztinak norabide guztietarantz irteten dira. Kallebyn denda bakarra dago. Baina bertan ia edozer eros daiteke: emakumezkoentzako galtzerdiak, lapikoentzako estalkiak, gozokiak eta baita tabakoa ere. Bai, are gari zaku bat edo urdaiazpiko keztatu mamitsua eros daitezke denda txiki eta atsegin honetan, kafe, xaboi eta sagar ustel usaina duen amona baten sukaldea bezain erosoa dena. Baina Kalleby oso handia izan ez arren, eta kalea zuloz betetako lurrezko bide bat besterik ez izan arren, gauza on asko daude.
7