8 minute read
GORKA ESPIAU
BEHARREZKOA AL DA EUSKARA?
GORKA ESPIAU IDOIAGA
Advertisement
AGIRRE LEHENDAKARIA CENTERREKO ZUZENDARIA
IRAGAN HURBILEAN, EUSKAL GIZARTEAK ULERTU ZUEN EUSKARAREN BERRESKURATZEA ERALDAKETA- PROZESUAREN FUNTSEZKO ELEMENTUA IZAN BEHAR ZELA. BEHARREZKOA AL DA ETORKIZUNERAKO?
Bizi garen garaiak guztiz apartekoak dira. Adierazle guztien arabera, krisi sistemiko batean murgilduta gaude, osasun, gizarte, ekonomia, ingurumen eta demokrazia arloetako larrialdiak barnebiltzen dituena. Krisiaren izaera konplexu hori dela eta, irtenbidea lineala edo erantzun tekniko bakarrekoa izatea ezinezkoa da. Txertoa aurkitzen dugunean ere, denbora beharko dugu birusaren ondorioz sortu diren gainerako krisiei modu positiboan erantzuteko. Arrazoi horiengatik, askoz ere erabilgarriagoa da euskal gizarteak diktadura frankistaren amaieratik bizi izan duen eraldaketa sozio-ekonomiko osoari erreparatzea, langabezia handia, gizarte-desberdintasuna, industriaren desegitea eta indarkeriak baldintzaturiko nazioarteko irudi bat, gaur egun ditugun erronkei modu positiboan erantzuten ikasi ahal izateko esperientzia gisa. Urte haietan, euskal gizarteak bizi izan zuen krisia ere sistemikoa izan zen, eta ohiz kanpoko erantzuna ematea lortu genuen. Munduan, oso gizarte gutxi daude euskal gizarteak une historiko horretan bizi izan zuen krisiaren aurrean giza garapen iraunkorraren arloan hain aurreratuta dauden adierazleak aurkez ditzaketenak (per capita errenta, bizi-itxaropena eta hezkuntza-mailak). 2013az geroztik, ALCk sistema konplexuaren ikuspegitik eraldaketa hori ahalbidetu zuten elementuak ikertzen ditu, haien arteko loturak hobeto ulertzeko eta etorkizunerako ikaskuntzak sortzeko. Esperientzia hori aztertzen ari dira eraldaketa sistemikoak bultzatu nahi dituzten erakundeak, hala nola Europako Batzordea, EIT-Climate KIC, Lanaren Nazioarteko Erakundea-LANE (kasu honetan Latinoamerikan) eta Nazio Batuen Garapen Programa (NBGP).
ALC-k garatutako ikerketak (euskararen biziberritze prozesua barne) frogatzen dute erakundeen, enpresen eta gizartearen esparruan hartutako erabaki estrategikoek balio-sistema partekatu bati erantzun ziotela. Gatazka eta indarkeria handiko une batean desberdintasun politikoak zein eredu sozioekonomikokoak egon arren, narrazio komunak aurkitu dituzte ikerketa horiek, bai gertatzen ari zenari buruz, baita euskal gizarteak zer norabidetan egin behar zuen aurrera adierazteko. Askotariko eragileen artean identifikatutako balioak hauek dira: autoerantzukizuna, elkartasuna, ekintza kolektiboa (auzolan gisa adierazia) eta erresilientzia.
Ikerketa horiek berdintasunaren balioa ere nabarmentzen dute balio-sistema horren elementu nagusi gisa. Eraldaketa horren eragile nagusiek nabarmentzen dute zailtasun handieneko une batean ezin dela ekintza itundurik egin, tartean diren eragile guztiek eta, oro har, herritarrek ez badute sentitzen berdintasunean oinarritutako erantzuna ematen ari dela. Berdinak bagara, elkarrekin lan egin eta emaitzak ekitatiboki banatu behar ditugu. Beraz, koherentzia dago garai hartan euskal gizarteak partekatutako balio-sistemaren, sineste horiek adierazteko erabilitako narrazioen eta hainbat arlotan hartutako erabaki estrategikoen artean, hala nola manufaktura aurreratuaren aldeko apustua, gizarte-ekonomia, diru-sarrerak bermatzeko legea (DBE) abian jartzea, euskara berreskuratzea edo euskal gastronomiaren berrasmatzearen aldeko apustua. Hitz horiekin adierazi gabe, ikertutako esperientziek lidergo partekatuak bultzatutako benetako eraldatze-mugimendua gertatu zela adierazten digute. Oraindik ere euskal eraldaketa osoa gaikako ikuspegi batetik edota erakunde edo gizarte-eragile bakar bati lidergoa emanez azaltzen saiatzen diren azterketak egon arren, ebidentziek lidergo lausoa eta partekatua izan zela adierazten dute. Defizitei dagokienez, ALCk bideratutako ikerketek adierazten dute badirela zenbait eremu, hala nola gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna eta ingurumenaren babesa, non bizi izan den eraldaketa ez baita gai izan gure ingurukoen erantzun desberdinak emateko. Garatzen ari garen ikerketek koherentzia erakusten dute euskal gizartearen egungo balio eta sinesteen sistemaren, horiek adierazteko erabiltzen ditugun narrazioen eta hartzen ari garen erabaki estrategikoen artean. Oraindik goiz da gizarte gisa nola erantzungo dugun zehazteko, baina litekeena da COVID-19aren krisiak narrazio indibidualistagoak sustatzea (niri eta nire familiari nola eragiten didan/digun), eta, batez ere, aurreko egoerara itzultzeko nahia areagotzea.
Etorkizunera begira, bi egoera dira posible, eta hurrengo urteetan egiten dugunak baterako edo besterako joera markatuko du. Alde batetik, kontaketa indibidualistek pisu handiagoa hartuko duten agertokia dugu, non bakoitzak gure aurreko egoerara itzultzea bilatuko duen. Egoera horrek herritarren ahalduntzea ahultzen duten gobernuen jokabide autoritarioak bultzatzen ditu. Agertoki horretan, euskara ez da beharrezkoa. Badago agertoki alternatiboa, ordea, non narrazio kolektiboek garrantzi handiagoa hartzen duten, eskatzen dizkiguten erronka handiei aurre egiteko ahalegin kolektiboa baloratzen dugun, eta komunitateak rol nagusia berreskuratzen duen egiten dugun guztian. Hau da, euskal gizarteari modu arrakastatsuan eraldatzeko aukera eman zion pentsamoldea errepikatuko duen agertokia, elkartasuna eta berdintasuna bezalako balioak barnebiltzen dituena. Agertoki horretan, euskara ezinbestekoa da. Gaur egun, segurtasunaren eta konfiantzaren arteko eztabaida globalean ere parte hartzen dihardugu. Beste behin ere, babesturik egon edo gizarteak mendeetan zehar lortutako eskubide demokratikoei uko egitearen artean aukeratzera behartzen gaitu. Dilema horren aurrean, eta aldaketa sistemikoan berriki izan dugun esperientzia erreferentziatzat hartuta, funtsezko kontua da ea euskal gizarteak erantzukizunez, elkartasunez eta sormenez erantzuteko duen gaitasunaz fidatzen garen. Berriz ere modu hain berezian erantzun dezakegula uste dugu. Gaur egun aurrean ditugun gabezia garrantzitsuenek portaera indibidualistagoetara, ez hain solidarioetara eta azken hamarkadetan lortutako bizi-kalitateari eustera bideratuta dauden balio-sistemaren bilakaerarekin dute zerikusia, eraldaketa etengabeko bilakaera eta jarduera-eremu berriak eskatzen dituen prozesutzat hartu beharrean. Gure iragan hurbilenari eta gaur egun gertatzen ari diren aldaketei buruzko azterketa osatuak egin beharreko bideari buruzko informazio interesgarria eman diezaguke. Lehenik eta behin, etorkizuna eraiki dezakegu euskal gizartea komunitate heldua eta erresilientea denaren ustearen gainean. Historian zehar zerbait frogatu badugu, hori izan da: oso egoera konplexuetara egokitzeko gai izan garela, erantzun desberdina eskainiz eta hori egin ahal izateko euskara tresna izugarria izan da. Besteek bezala erantzun beharrean, beti jakin izan dugu ezagutza unibertsaleko elementuak gure errealitatera eta balio-sistemara egokitzeko modu propio batekin elkartzen. Erresilientzia- eta berrikuntza-gaitasun hori gure ingurunetik isolatutako erantzun kontserbadore baten aurkakoa da.
Kontuan izanik inork ez duela ezagutza guztia eta ezin zaiola egoera horri bakarka erantzun, euskal gizarteak adimen kolektiboaren estrategia bat eraikitzeko behar diren espazioak sortu beharko ditu. Oso garrantzitsua da kontutan hartzea ea esparru horiek gazteleraz, euskaraz, ingelesez edo frantsesez antolatuko diren. Hizkuntzak ere eragina izango du aterako ditugun ondorioetan. Erakundeen eginkizuna aldatu egin da. Dagoeneko inork ez du espero arazo guztiak konpontzea. Hemendik aurrera, beharrezko topaguneak sortzeko eskatuko diegu erakundeei, eragile sozialekin eta herritarrekin lankidetza estuan adimen kolektibo hori garatu ahal izateko.
Gurea bezalako manufaktura-gizarte baten berezko estrategia tradizionalak esperimentazio masiboko gaitasun eta estrategia berriekin konbinatu behar dira. COVIDek etorkizunerako lehentasun gisa adierazi dituen arlo estrategikoetan, euskal gizarteak ezagutza aurreratua du (osasun-sistemak, gizarte-babeserako sistema unibertsal berriak, hala nola DSBE, manufaktura aurreratua berreskuratzea Europan, elikadura- eta gastronomia-sistemen birdiseinua, digitalizazioa eta abar). Erronka ez da gauza bera egiten jarraitzea edo aurreko egoerara itzultzen saiatzea, baizik eta lidergo- posizio hori erabiltzea Euskal Herria esperimentazio-eremu aurreratu bihurtzeko, ezagutza horiek elkarri lotzeko. Gure aurreko esperientziak krisi sistemikoko egoerei modu berritzailean erantzuten dakien gizarte gisa bermatzen gaitu.
Duela gutxiko gure historiak ere pentsarazten digu krisi honen arrakasta edo porrota gure erantzunaren balioen eta, bereziki, berdintasunaren kontzeptuari ematen diogun garrantziaren mende dagoela. Berdintasun-oinarri sendoen gainean eraikita ez dagoen edozein estrategia porrotera kondenatuta dago. Batzuei besteen gainetik onura ekartzen dieten irtenbideen alde egiten duten gizarteek erantzun kolektiboa galaraziko dute. Testuinguru horretan, bakoitzak bere interesak defendatuko ditu, baina gizarte gisa ez da gai izango erronkari eraginkortasunez erantzuteko. Kontua ez da justizia soziala soilik, baizik eta eraginkortasuna, lehiakortasuna eta eragina. Berdintasuna da, gure esperientzia eredutzat hartuta, krisia giza garapen iraunkorrari dagokionez gainditzeko giltzarria. Mundua ikusteko gure moduak inguruko egitura sozial, politiko eta ekonomikoak baldintzatzen ditu. Manuel Castells-ek, Espainiako Gobernuko Unibertsitate Ministroak, “ekonomia kultura dela” defendatzen du. COVID-19 bezalako gai ukigarriei eta haien ondorio ekonomikoei buruz hartzen ditugun erabaki estrategikoak mundua eta giza garapena ulertzeko modu jakin batean eraikiko dira. Aurreko egoerara itzuli behar dugula eta giza garapen iraunkorragoaren eredu bat ezinezkoa dela pentsatzen badugu, errealitatea ulertzeko modu horrekin bat datozen erabakiak hartuko ditugu. Duela 40 urte baino ez, industria astunaren kolapso-egoeran, diktaduraren amaieran eta instituzio-sare berri bat eraikitzen hastean, indarkeriaren ondorioak gehituta, euskal gizarteak ulertu zuen posible zela egiturazko aldaketa bat egitea. Hori ez ezik, beste industria-gizarte askok zituzten erronkekin alderatuta, erantzun guztiz desberdinak eta bidezkoagoak eraiki ziren. Manufaktura aurreratuaren (Espainiako eta Europako erakunde nagusiek baztertu egiten zutena), ekonomia sozialaren, oinarrizko diru-sarrerak bermatzeko lege baten ezarpenaren (oinarrizko errentaren oso antzekoa) eta euskara berreskuratzearen aldeko apustuaren unea izan zen, besteak beste, “Basque Case/Euskal Kasua” deitutakoaren beste adierazpideak. Oraindik sakon-sakonean ulertu ez genuen arrazoiren batengatik, aldaketa posible zela sinetsi genuen eta hori egiteko euskara beharrezkoa zela ere barneratu genuen. Gertaera historiko berezi horrek, guk garrantzi berezirik ematen ez diogunak, Thomas Piketty, Mariana Mazzucato, Europako Batzordea, OECD edo NBGP bezalako erakunde eta pentsalarien euskal kasuaren gaineko interesa piztu du. Funtsezko galdera da ea pentsatzen jarraitzen dugun azken hamarkadetan bizi izandako aldaketa bezain garrantzitsua izan daitekeela gaur egungoa eta hori egiteko euskara beharrezkoa den ala ez. Euskara etorkizuna eraikitzeko beharrezkoa ez bada, zelan lortuko dugu benetako biziberritzea? COVID-19ari erantzutea ahalbidetuko duen eraldaketa posible izango al da: gure industria-oinarria ekonomia zirkular eta karbono gutxiko batean egokituko duena, politika publikoak berrasmatuko dituena, biztanleria zahartuaren beharrei erantzungo diena, eta gizarte- desberdintasunei aurre egingo diena pertsona guztiei bizitza duina bermatuz. Azken finean, iraganean egin genuen bezala, globalak diren erronkei berezko erantzuna emateko talde-anbizioaren ahalmena handitu dezakegun euskara eta Euskal Herriko hizkuntza guztiak erabiltzen. Ez dago etorkizuneko aditurik, baina jarrera batzuek etorkizunera hurbiltzen gaituzte eta beste batzuek aldiz, urrundu. Ezagutzaren alde apustu egitea, edo, kontrara, ezjakintasunaren alde apustu egitea, hori da gure garaiko dilema. Hau da: tentsioa edo lasaitasun intelektuala; gure komunitateko pertsonengan beldurra/zaintza edo konfiantza; eraldaketa sozio-ekonomiko/politiko inklusiboa edo esklusiboa; hazkunde ekonomikoa edo Giza Garapen Jasangarria; etorkizun anitza euskaraz edo euskara barik. Agirre Lehendakaria Center-ek ezagutzaren eta esperimentazioaren alde egiten du. Bide horren alde egiteak aukera emango liguke modu sistemikoan erantzuteko COVID19 delakoaren ondorioen aurrean –asko ezezagunak zaizkigu oraindik–, etorkizunean
izango ditugun “pandemia” ekonomiko, sozial, politiko eta ingurumenekoen aurrean prestatzeko, eta, azken finean, Euskal Herria Giza Garapen Iraunkorrerako esperimentazio masiboko laborategi gisa kokatzeko, erronka global horiei aurre egiteko ezagutzarik aurreratuena erakartzeko, eta geure erantzun propioak eraiki ahal izateko. Debagoiena eskualdean, adibidez, esperimentaziorako sortu den esparru kolaboratiboak (D2030) euskaraz lan egiteko apustua egin du. Berri ona zera da, oraindik garaiz gabiltzala euskal eredua birsortzeko eta eztabaida horren barnean euskararen lekua berrasmatzeko. Orain dela 40 urte, ekonomia, politika eta gizartea hobetzeko euskara biziberritzea lehentasuna zela erabaki bagenuen, zergatik ez diogu gaur euskarari garrantzi hori ematen? Birsorkuntza hau ez da etorriko proiektu izarren eskutik, ezta beste gizarte batzuek egiten dutena errepikatzetik ere. Euskal Herriak historian zehar ezaugarri izan dituen balio-sistemekin eta jokabideekin konektatu behar gaitu berriro. Euskal kulturaren K da “euskal eredu berria” bideratu behar duena, herri gisa ditugun indarretan oinarritua: lehiakortasuna solidaritatean. Geure identitatetik errealitateari begiratzea etorkizun desberdina ikusteko. Besteek duten begirada bera aplikatzen badugu, ezingo dugu geurea eta ezberdina den ezer ikusi.
Orain, gauzak duela berrogei urte baino modu hobean daudenean, garai hartan egindako modu berean erantzun beharko genuke. Iraganean, biziraupen-izpiritua erabili genuen eraldaketarako palanka indartsu gisa; orain beste bat erabil dezakegu, ez botere txikiagokoa, berdintasun ezaren aurkako borroka, alegia. Era horretan, beste aukera bat irekitzen zaigu geure onena erakusteko; horrela ikus eta aprobetxa dezakegu, edota beste batzuek jartzen diguten korronteari jarraitu, herri gisa dugun identitatea galdu arte.