BEHARREZKOA AL DA EUSKARA? GORKA ESPIAU IDOIAGA
IRAGAN HURBILEAN, EUSKAL GIZARTEAK ULERTU ZUEN EUSKARAREN BERRESKURATZEA ERALDAKETAPROZESUAREN FUNTSEZKO ELEMENTUA IZAN BEHAR ZELA. BEHARREZKOA AL DA ETORKIZUNERAKO? Bizi garen garaiak guztiz apartekoak dira. Adierazle guztien arabera, krisi sistemiko batean murgilduta gaude, osasun, gizarte, ekonomia, ingurumen eta demokrazia arloetako larrialdiak barnebiltzen dituena. Krisiaren izaera konplexu hori dela eta, irtenbidea lineala edo erantzun tekniko bakarrekoa izatea ezinezkoa da. Txertoa aurkitzen dugunean ere, denbora beharko dugu birusaren ondorioz sortu diren gainerako krisiei modu positiboan erantzuteko. Arrazoi horiengatik, askoz ere erabilgarriagoa da euskal gizarteak diktadura frankistaren amaieratik bizi izan duen eraldaketa sozio-ekonomiko osoari erreparatzea, langabezia handia, gizarte-desberdintasuna, industriaren desegitea eta indarkeriak baldintzaturiko nazioarteko irudi bat, gaur egun ditugun erronkei modu positiboan erantzuten ikasi ahal izateko esperientzia gisa. Urte haietan, euskal gizarteak bizi izan zuen krisia ere sistemikoa izan zen, eta ohiz kanpoko erantzuna ematea lortu genuen. Munduan, oso gizarte gutxi daude euskal gizarteak une historiko horretan bizi izan
18
1~5. BEHARREZKOA AL DA EUSKARA? GORKA ESPIAU IDOIAGA
AGIRRE LEHENDAKARIA CENTERREKO ZUZENDARIA
zuen krisiaren aurrean giza garapen iraunkorraren arloan hain aurreratuta dauden adierazleak aurkez ditzaketenak (per capita errenta, bizi-itxaropena eta hezkuntza-mailak). 2013az geroztik, ALCk sistema konplexuaren ikuspegitik eraldaketa hori ahalbidetu zuten elementuak ikertzen ditu, haien arteko loturak hobeto ulertzeko eta etorkizunerako ikaskuntzak sortzeko. Esperientzia hori aztertzen ari dira eraldaketa sistemikoak bultzatu nahi dituzten erakundeak, hala nola Europako Batzordea, EIT-Climate KIC, Lanaren Nazioarteko Erakundea-LANE (kasu honetan Latinoamerikan) eta Nazio Batuen Garapen Programa (NBGP). ALC-k garatutako ikerketak (euskararen biziberritze prozesua barne) frogatzen dute erakundeen, enpresen eta gizartearen esparruan hartutako erabaki estrategikoek balio-sistema partekatu bati erantzun ziotela. Gatazka eta indarkeria handiko une batean desberdintasun politikoak zein eredu sozioekonomikokoak egon arren, narrazio komunak aurkitu dituzte ikerketa horiek, bai gertatzen ari zenari buruz, baita euskal gizarteak zer norabidetan egin behar zuen aurrera adierazteko. Askotariko eragileen artean identifikatutako balioak hauek dira: autoerantzukizuna, elkartasuna, ekintza kolektiboa (auzolan gisa adierazia) eta erresilientzia.