3 minute read
«Edozein gai landu daiteke clownaren bitartez»
Itziar Saenz de Ojer > Ipuin kontalari eta clowna
Agurtzane Núñez
Advertisement
Ipuin kontaketan hasi bazen ere, clowna ezagutu zuenean beste mundu batera salto egin zuen. Ordutik, antzerkia, ipuin kontaketa eta clown-a bateratzen ditu.
-Nolatan hasi zinen antzerkian?
-Nik pedagogia ikasi nuen eta aisialdian hasi nintzen lanean, gazteleku batean. Egiako kultur etxeko haurrentzako liburutegiko dinamizazioa ere eramaten genuen. Norbait behar zenez liburutegian ipuinak kontatzeko, eta niri beti gustatu izan zaidanez, ikastaro pare bat egin nituen eta astean behin ipuinak kontatzen hasi nintzen. Iratxoz mozorrotzen nintzen, Katxin iratxoa, eta oso esperientzia polita izan zen, haurrak zain egoten ziren astero, eta oraindik ere guraso batzuk gogoratzen dira. Hor konturatu nintzen bazeudela umeak oso mugituak zirenak baina ipuinak entzuten adi egoten zirenak, ipuin-kontaketak bazuela magia bat. Pixkanaka gertukoek beraiek lan egiten zuten eskoletara joateko deitzen hasi ziren.
-Katxin iratxoarekin jarraitzen duzu?
-Ez, mozorrotzeari utzi nion. Educacion Creadora izeneko mugimendua ezagutu nuen, hezkuntzaren ingurukoa, gauzak irakurtzen, eta ordutik Itziar bezala kontatzen ditut.
-Nolatan heldu zinen clown izatera?
-Duela hamalau bat urte edo izango zen, Lugaritzenclown ikastaro bat zegoela ikusi nuen Peio Arnaezekin. Niretzako clown-a ezagutzea izugarria izan zen. Oso jende jatorra elkartu ginen eta ikastaroa bukatu zenean, jarraitu nahi genuenez, Bazen Behin Clown sortu genuen. Nahi genuena zen gai sozialen inguruan hausnarketa bultzatzea clown-aren bitartez. Orduan, egoera bat hartu eta gure lehen lana sortu genuen, ‘Eta zergatik ez’, desgaitasunen inguruan. Taldean badago neska bat, Mentxu Arrieta, gurpildun aulkian doana, baina liburu bat, dokumental bat… gauza asko egin dituena.
-Gai asko landu dituzue ordutik.
-Konturatzen ginen clown-a jendearengana iristeko oso tresna potentea dena. Edozein gai, nahiz eta oso gordina izan, umoretik, baina goxotasunetik; seriotasunetik edo erruduntasunetik baino errazago iristen zara. Hori eta gero suizidioaren edota bullyingaren inguruko lanak egin genituen. Duela bi urte ‘Sexigentziak askatuz’ sortu genuen Sexune elkartearekin batera. Donostiako poltsiko lehiaketara aurkeztu ginen eta bigarren saria lortu genuen, eta ordutik berrogeita hamarretik gora emanaldi eskaini ditugu.
-Nori zuzenduta daude zuen lanak?
-‘Sexigentziak askatuz’ adibidez ikusle askorentzako egin dugu, gaztetxeetan, eskoletan sexu heziketa tailerrarekin, herri txikietan ere oso ondo funtzionatzen du. Formatu txikikoa da eta toki askotan egin daiteke, tabernan, liburutegian edo eskoletan. Bukaeran gainera ikusleek parte hartzen dute eta jendeari gustatzen zaio parte hartze hori, besteek zer jartzen duten kuriositatea…
-Pituxa da protagonista, eta zure clown pertsonaia. Nondik dator izena?
-Bai, nire pailazoa da. Oso urduria da. Hasi nintzenean ez zitzaidan izenik bururatzen, eta beste bat aukeratu nuen. Baina egun batean Gaseosa La Pitusaz gogoratu nintzen, eta Pituxa, x-ekin, pertsonaia guztiz islatzen zuela pentsatu nuen.
-Ipuin kontaketan jarraitzen duzu?
-Bai, Itziar bezala batzuetan, baina baita Pituxa bezala. Galtzagorri elkartekoek urtero egiten duten ipuin maratoian parte hartzeko eskatu zidaten. Clown ikuskizuna da, baina ipuinak kontatzen ditut. Hiruzpalau ipuin aukeratu nituen eta elkarrekin lotu nituen. Eboluzionatzen joan da, oraindik egiten dut eta oso ondo funtzionatzen du. Hasieran liburutegietan eta egiten nuen, barruan, baina behin Lizartzako plazan egiteko eskatu zidaten, abesti batzuk sartu nituen, eta horrekin ere jarraitu dut.
-Testuak nola idazten dituzue?
-Bazen Behin Clown-en ideia bat hartu eta inprobisazioak eginez sortzen dugu testua. ‘Sexigentziak’, adibidez, Peio Arnaez eta bion artean idatzi genuen. Gero, bestelako ekintzetarako deitzen didatenean, bidaltzen didaten informazioa hartu eta eskema bat egiten dut, eta horren gainean gero inprobisatzen dut. Adibidez, Bilbon eskola kontzertatuetako langileen grebako manifestazioaren ondoren Pituxa egon zen, baita Galtzaundi elkarteak Ibarran ireki duen tabernaren inaugurazioan.
-Nolako umorea lantzen duzu?
-Orain asko hitz egiten da baloreez, eta umoreaz ari garenean, niretzat denak ez du balio. Norbaitez barre egiten duen umore bat beste norbaitek barre egiteko, niri ez zait gustatzen. Oholtza gainean egoteak boterea ematen dizu norbait gaizki sentiarazteko momentu batean, baina nik ez dut hori nahi. Ez dakit nork esaten duen clown-ak bera bezala edo gorago daudenez barre egiten duela, ez beherago daudenez.