MINTZAMENERAKO ARTIKULUAK

Page 1

MINTZAMENERAKO ARTIKULUAK Zenbat buru, hainbat aburu Artikulu hauetako bat aukeratu behar duzue, eta mintzamena prestatu, nola baloratuko dudan kontutan izanda. 2012/03/27


Umeak autoan joateko aulkitxo, altxagarri eta segurtasun-gerrikoak Autoaren atzeko eserlekuan daramazu haurra, lotu gabe. Eta orduko 50 kilometrotako abiadan zoaz. Ez da asko. Baina bat-batean balazta zapaltzen baduzu, hor joango zaizu umea aurreko kristalaren kontra.

Haurrak 20 kilo pisatzen baditu, 500 kilogramotako indarraz joko du aurreko kristala. Ez bazaitu zu, txoferra, parean harrapatzen. Beraz, hobe haurra ondo lotzea, segurtasun-neurriak errespetatuz. Kalkuluak egin dituzte: arauok kontuan hartuta % 40 gutxituko lirateke hildako umeen kopurua, eta % 70 zauri larriak izateko aukerak.

Umeak ez baditu 12 urte bete, aurrean joan daiteke baldin eta gutxienez 150 cm. neurtzen badu, eta beti ere segurtasun-gerrikoa jarrita. Hori da legea, baina ez da aukera gomendagarria. Eta 12 urte bete gabeko ume kozkor horrek ez baditu 150 cm. atzean joan beharko du bere tamaina eta pisura egokitutako eustesistema homologatuarekin. Eta sistema hori ez badute, autoetako atzeko eserlekuek helduentzako duten segurtasun-gerriko edo beste euste-sistema homologaturen bat erabili beharko dute. Beraz, Hego Euskal Herrian 12 urte betatako umeak aurrean joan daitezke, Ipar Euskal Herrian 10 urte betetakoak ere bai, baina diagonalean doan segurtasun-gerrikoa lepoa baino beherago geratzen bazaie. Legearekin bat datozen umeari eusteko lau sistema daude salgai merkatuan: autoaren kontrako norabidera begira joateko aulkitxoak, autoaren norabidean joatekoak, umea gorago joateko altxagarriak, eta segurtasun-gerrikoa. Atzera begira joateko aulkitxoak Umea jaio eta gutxi gorabehera 18 hilabete eta 10-13 kilotako haurrentzakoak. Burua babesten dute, lepoa eta bizkar-hezurra, eta hori aurrera begirako aulkitxoek baino hobeto egiten dute. Atzera begirako aulkiotan umea arnes bidez lotzen da, uhalek beso eta gerriari eutsiz eta hanka-tartetik pasaz. Adin-bitarte eta pisu-tarte horretako umeen lepoa ahula da oraindik, eta umea aurrera begira doala, txoferrak bat-batean balaztari sakatzen badio, lepotxo horrek ezingo dio buruari behar bezala eutsi aurrera egiten duenean. Hil egin daiteke, edo paralitiko geratu. Beraz, autoaren kontrako norabideari begira eramatea da onena. Baina badira hainbat guraso haurra aurrean eramaten dutenak beraientzako aulkitxoan, eta aldi berean airbarg-a dutenak jarrita. Balazta sakatuz gero, airbarg hori ateratzen den ziztuarekin, haurra akaba dezake, nahiz eta hau atzera begira joan! Ez egin horrelakorik. Aurrera begirako aulkitxoak Aulki hauek gutxi gorabehera 9-48 hilabete eta 9-18 kilo bitarteko umeentzako dira. Autoak talka egiten badu, umearen aurrerako mugimenduari eusten dio arnesak, eta autoaren gerrikoak ez dio aulkiari mugitzen uzten. Aulkiok umeari eusteko bost puntutako arnesa izatea komeni da, eta uhalak ondo lotuak eramatea gorputzari. Ezker-eskuin doan uhala, triparen parean geratzen bazaio, hobe aulkitxoaz gain altxagarria jartzea. Horrela uhal hori hanketan izango du,eta ez sabelean. Umea gorago joateko altxagarriak Umea 3-12 urte eta 15-36 kilo bitartean dagoenean erabil daiteke. Ume hauek handiegiak dira lehen aipatutako aulkitxoetan joateko, eta altxagarri bat behar dute autoan eserita joateko. Oraindik, ordea, txikiegiak dira helduen segurtasun-gerrikoa eramateko. Horrela, altxagarri horren gainean jarrita, posible dute autoaren beraren segurtasun-gerrikoa jartzea. Altxagarri horiek ez dute bere segurtasun-uhalik.


Autoaren uhalak umearen alde bateko lepauztaitik joan behar du bestaldeko aldakaren gainera. Lepoa eta tripa libre utzi, uhalik gabe, alegia. Altxagarri hauetako batzuek bizkarraldea dute, eta erosoagoak dira ez dutenak baino, eta babes hobea eskaintzen dute. Helduentzako segurtasun-gerrikoa Umeak 12 urte edo dituenean, normalean nahiko garai bada autoaren beraren segurtasun-gerrikoa erabiltzeko. Baina umea eserlekuaren bizkarraren kontra eserita jarri, eta diagonalean doan uhalak lepoa ukitzen badio, edo kokotxa, altxagarriarekin segitzea hobe du. Nola jakin sistema homologatua erosten ari zaren Aulkiak etiketa bat izango du erdian, besteak beste, E handi bat izango du. Azpi-indize moduan zenbaki bat eramango du E horrek. 9 sistema Espainian homologatua izan bada, 2 Frantzian izan bada, hori dena borobil baten barruan. Borobilaren gainean, besteak beste, zenbat kilo-bitarteko haurrarentzako gomendatua dagoen esango du etiketak, eta borobilaren azpian homologazio-zenbakia.

Beraz, hemen dituzu aholkuak eta lege-kontuak. Baina zer gertatzen da? Ez direla hain aintzat hartzen, batez ere bidaia motzak egiten direnean edo hiri-barruan. Frantzian 140 ume inguru hiltzen dira urtean 0-14 urte bitartekoak, autoan doazela, eta gehienak etxetik gertu. Beraz, autoa gidatzean eta aulkitxoa edo aukeratzean, tentuz hartu erabakiak.

Antonio Lopezen artelanak Bilboko Arte Eder Museoan Antonio Lopezek azken bost hamarkadetan egindako lanak erakusten ditu atzera begirako honetan. "Pintura eta marrazkietan zure izatearen barne-barneko funtsa uzten duzu"

Antonio Lopez

Antonio Lopezek (Tomelloso, 1936) azken bost hamarkadetan egindako lanak erakusten ditu atzera begirako honetan. Margoak, eskulturak, marrazkiak eta bozetoak, 130 guztira. Batzuk 17 urterekin egindakoak. Erakusketaren ardatza azken urteetako lanek osatzen dute: Tomellosoko paisaiak, giza irudiak, hirien ikuspegiak, natura hilak, etxeko gauzak eta abar. Bere bizitzako azalpenik nagusiena da. "Bizitza osoko amodioak" dio berak. Antonio Lopez tradizioaren jarraitzailea da. Bere begien aurrean duen errealitatea eta gizakiaren izatea deskribatzea du helburu. Antonio Lopezek folosofia propioa du eta mundu sinbolikoari garrantzi handia ematen dio. Bere sorkuntza-prozesuan errealitatea da beti abiapuntu. Ez ordea errealitatearen azalera, baizik eta muina edo esentzia. Bere lanek ikutu metafisikoa dute. Pertsona eta gauzen itxura baino gehiago interesatzen zaio beraien izatea. Pertsonen esentzia ohialean gauzatzen saiatzen da bere gaitasun teknikoa baliatuz. Horrek ez du esan nahi erretratu bat edo ikusmira bat aukeratzerakoan alderdi afektiboak eta pertsonalak kontutan hartzen ez dituenik. Errealitateak berea du argitasuna eta paisaia bat pintatzen duenean, urtaroak, giroa, eguneko orduak eta hozberoa zehaztasun handiz behatzen ditu.

Bere artelanak ez ditu inoiz amaitutzat jotzen. Beti ikusten du koadroan


zerbait hobetzeko. Behin baino gehiagotan eskatu izan die bere pinturen jabeei lehenago egindako lanak, ikutu batzuk emateko. Antonio Lopezek, Ciudad Realen, nekazaritza-giroan igaro zituen bere lehen urteak. Osaba pintorea zuen, eta berak bideratu zuen artegintzara. 1950ean Madrileko San Fernando Arte Ederren Eskolan matrikulatu zen. Bost urte geroago Italiara joan zen Errenazimenduko artegintza ikusi eta aztertzera. Velazquez da bere maisuetako bat. Asturiasko Printzea eta Madrileko Arte Plastikoen Velazquez sariak jaso ditu. Bere emaztea ere pintorea da. Bilboko Arte Eder Museoan ikus ditzakegun artelan batzuk Parisko Centre Georges Pompidou-tik, Madrileko Sofia Erregina Museotik eta Bostoneko Museum of Fine Arts-etik ekarri dituzte, eta besteak bildumagile pribatuenak dira. Bere estudioan gordeta zituen lanak ere ekarri ditu Bilbora. Berak dio erakusketa honek bere estudioaren antza duela. Bertara ekarri dituelako azken hilabeteetan egiten ari den lanak, batzuk bukatu gabe betiko utzitakoak, ez zaizkiolako atseginak gertatzen, eta besteak esanahi pertsonala dutelako, beretzat etxean gorde dituenak. Erakusketa hau 2012ko urtarrilaren 22ra arte egongo da ikusgai Bilboko Arte Eder Museoan.

Deskontu.com atarian eguneroko pagotxaren bila Merkatuaren beharrak ikusi eta premia horiei deskontuen bitartez erantzutea da deskontu.com atariak egiten duena. Egunero, beherapen berri bat bistaratzen dute web gunean eta 17.000 erabiltzaile sartzen dira horiek ikustera, pagotxaren bila.

Egunero, eskaintza berri bat Beraz, eskaintza ezberdin bat dago egunero deskontu.com atarian, gutxieneko %40ko deskontuarekin eta 24 ordu ditu bisitariak berau erosteko. Eskaintza balioztatzeko, ordea, erosle kopuru minimo bat behar da (bostekoa izan ohi da, baina aldagarria da, eskaintzaren arabera) eta berau betetzen ez denean, ez da eskaintza aurrera ateratzen eta ondorioz, deskontua ez da baliozkoa. Behin eskaintza balioztatuta, posta elektronikoan mezu bat jasotzen du erosleak aukeratutako dendan aurkeztu beharreko kodearekin eta bertara 24 ordu bete eta gero joan daiteke aukeratutako eskaintzaz gozatzera. Estatu Batuetatik etorria Ekimen hau Estatu Batuetan duela bi urte eta erdi hasi zela azaldu digu atariko arduraduna den Txomin Jauregik, Grupon izeneko web gune batekin. Joan den udan Madril eta Bartzelonara hedatu zen eta Donostiara iristeko asko falta zela ikustean, Txominek berak eman zuen pausoa egitasmoa Gipuzkoaraino ekartzeko. Beste lan bat eduki arren, denbora omen dauka Txominek Internet bidezko negozio bat kudeatzeko; Kapital gutxirekin egin daitekeen salerosketa da, bere ustez: "Negozioa jartzea erraza eta merkea izan arren, erabiltzaileak zure negoziora erakartzea oso zaila izaten da" "Ez nekien masa kritiko nahikoa egongo zen Donostian web gunea aurrera ateratzeko" esan digu deskontu.com-eko sortzaileak. "Nahiz eta hasieran beldurra izan, bezeroak egon badaudela ohartu naiz" gaineratu du. Gipuzkoa txikia izanda, proiektua segituan hedatu zela azaldu digu eta ahoz ahoko komunikazioarekin eremu zabalago batera ailegatzea lortu duela, gainera. Jendeak besoak zabalik hartzen du egunero gauza ezberdinak aukeran izatea deskontuarekin.


Donostialdeko 17.000 pertsona sartzen dira egunero web gunera. Ordenagailua piztu eta bihozkada natural bat bezala egunkarietan sartu, facebook eta twitter-a ireki, posta zabaldu eta deskontu.com-en sartzen dira. "Erabiltzaileen target-a mugagabea da, zozketaren arabera profil batek ala besteak hartzen baitu parte" esan digu. Facebooken egiten den zozketa bat izanik, esponentziala dela ere badio, epe motza duela. Zozketa egin, zure lagunak apuntatu, horien lagunak... horrela, gorantz doan kurba bat osatuz. Deskontuak ipini nahi dituzten negozioak ere asko dira. "Hasiera oso gogorra izan zen. Lan komertzial handia egin genuen, ezezkoa hamaika aldiz entzun behar izan genuen" kontatu digu. Proiektuak funtzionatzen duela ikustean, erantzuten hasi da jendea eta "une honetan, gu negozioetara joan ordez, negozioak gugana etortzen dira. Egoerak buelta eman du, egun ez daukagu tokirik negozioek egiten dizkiguten eskaintza guztiei erantzuteko." gaineratu du. Euskal Herrian egiten diren Internet bidezko proiektuak ezagutzera emateko aurkezpenetan parte hartu zuen Jauregik. "Elkarrizketa moduko bat sortu zen eta ikuslearen kezka nagusia lehiakideekiko desberdintasuna zein den zen" azaldu digu. Berezia egiten duen zerbait dauka deskontu.com-ek: hurbiltasuna. "Gertutasunarekin konfiantza eman nahi izan dugu. Jendeak negozioaren atzean zein dagoen jakiten ez duenean beldurra sentitzen du eta guk muga hori gainditu egin nahi izan dugu". Jendearen konfiantza eskuratu dute. Horrek, hasierako helburuarekin jarraitu ahal izatea dakar: "Epe luzerako negozioa izatea eta bizibide izatea lortu nahi dugu." Internet bidezko negozioetan, konpetentzia berehala ateratzen da. Horrek ezustean harrapatu zuen Jauregi eta beste bide batzuk hartu behar izan ditu, lehia horrekiko duen abantaila mantentzeko. "Azkartasuna eskatzen duen negozioan, epe laburreko helburuak aldatu egiten dira, eskariari erantzun behar baitiozu" gaineratu du. "Jende gehien jatetxeetan mugitzen da. Deskontu.com-ek astean jatetxe bat edo bi aukeran eskaintzen ditu eta hurrengo egunetik aurrera kontsumitu dezakezu deskontua" azaldu digu. Etorkizunean lortu nahi dutena da uneoro jatetxeek ze beherapen eskaintzen dituzten ikustea eta deskontua momentuan kontsumitzeko aukera izatea, kontsumo azkarra bultzatuz.

Informazio gehiago deskontu.com atarian.

Mark Twain, Tom Sawyer-en abenturekin gozarazi digun idazlea, gogoan Gaur, azaroak 30, 176 urte bete dira Mark Twain (Samuel L. Clemens zen bere benetako izena) idazle estatubatuarra jaio zela. 1876an Tom Sawyer-en abenturak lana argitaratu zuen, literaturak eman duen klasikoetako bat.

Tom mutiko bihurria bere izebarekin bizi da, eta egun batean 30 metro luze den egurrezko hesi bat zuriz margotzen jarriko du. Tomek, ordea, laguntza lortuko du hesia margotzeko. Irudi hori bera azaltzen da gaur "Google"ren hasieran bilatzaile horretan zerbait aurkitu nahi izanez gero. Beraz, ez zen edozein Mark Twain, eta ezta Tom Sawyer ere. Tom Sawyerren abenturak ÂŤSt. PetersburgÂť herrixkan gertatzen dira, eta herrixka horren oinarrian Hannibal dago, Samuelen txikitako eskola zegoen herria. Samuelek maiz egiten zuen txikar, errekastora bainatzera joateko Tom bere lagun min kaskagorriarekin. Samuel gaztetxo zela, ibaiak lagun bat irentsi zion betiko, eta 11 urte zituenean ama alargun geratu zen. Etxera heltzen zen diru-apurra Orion anaiak ekartzen zuen, inprenta batean egiten zuen lanagatik. Anaiak, batetik, eta bestetik, Pamela arrebak ere ekartzen zuen dirua etxera, piano-irakaslea zen eta. Beraz, 12 urte zituela inprimatzaile-laguntzaile hasiko da Missouri Courier inprentan, eta kandelen argitan berak egiten zuen inprenta-lana egitea oso nekagarria zenez, handik urte batzuetara lan hori automatikoki egingo zuen tresna bat asmatzeko dirua jartzen hasi zen Samuel, eta sosik gabe geratu ia.


Orion anaiak dirua erraz lor zitekeela uste zuen, eta inprenta bat abian jartzean laguntza eskatu zion Samueli, baina porrot egin zuten. 16 urte beteak zituen ordurako Samuelek, eta porrotaren ondoren, Mississipi ibaian zebiltzan itsasontziak gidatzen ikasten hasi zen Samuel, buru-belarri. Ofizioa irakasteagatik 500 dolar eskaini zizkion gazteak bere irakasleari. Lainoagatik-eta, erraza zen itsasontziak hondoa jotzea, eta hori ez gertatzeko zunda batek neurtzen zuen sakonera, eta zunda irakurtzen zutenek oihu egiten zuten zundak zenbat braza edo besaldi markatzen zituen, eta esaten zuten "bi markatzen ditu!", eta hortik hartu zuen Mark Twain idazle-izena Samuel gazteak. Ondo ikasi zuen ofizioa mutilak, 20 urte betetzerako. Ondoren, Sezesioko gerran parte hartzen zebilela, konfederatuek militarra ez zen norbait hil zuten nahi gabe, eta Samuelek gerra laga egin zuen. Eta urrea bilatzen hasiko da Kalifornian. Lanbide horretan aspertzeko denbora asko zuenez, urre-bilatzaile batean oinarritutako istorio barregarri batzuk igorri zituen egunkari batera, Mark Twain ezizenarekin. Idazlearen ateraldiek eta umoreak algara batean jarri zuten egunkariko zuzendaria, eta honek lana eskaini zion, astero 25 dolar istorio gehiago sortzeagatik. Eta Twainek onartu. Eta egunkariko irakurle askok ere gogo biziz onartu zituzten Twain-en istorioak. Hitzaldiak ematen hasi zen. Denek nahi zioten Mark Twaini entzun. Besteak beste, Twainek berak Hawaira egindako bidaia kontatzen du hitzaldietan, nola ia jende guztia zorabiatu egin zen uharteetarako bidaian. Dirua erruz irabazten hasi zen, eta horrekin Europara bidaiatu zuen, eta 35 urte zituenean, 20 urteko Olivia L. Langdonekin ezkonduko da. Seme zaharrena 19 hilabeterekin hil zitzaien. Beste hiru alaba ere izan zituzten: Sussy, Clara eta Jean. Dena primeran zihoakion eta bere zenbait lanek izugarrizko arrakasta izan zuten, demasa, baina idazle aparta bazen ere, negozio-gizon ezin kaskarragoa zen, eta pentsatzen zuenez, adibidez, gizaki zuri guztiek zorretan daudela beltzekin, mutil beltz bati legelariikasketak ordaindu zizkion Yale Unibertsitatean. Eta oso eskuzabala zen diru-eskasian zebilen artista jendearekin ere. Bere hainbat lan argitaratu zizkion Webster enpresak porrot egin zuen 1894an, eta legalki ez zegokion arren, enpresaren zorra (94.000 dolar) ordaindu egin zuen. Berak sortu zuen enpresa 1885ean. Eta goian aipatutako inprentarako tresna sortzeko, Paige izeneko tipografoa, 200.000-300.000 dolare inbertitu zituen tresna hobetu nahian eman zituzten 14 urtetan, eta azkenean ezerezean gelditu zen dena, linotipia asmatu zelako. Beraz, bizimodua ateratzeko munduan barrena, Tasmanian, Zeelanda Berrian, Indian, Ingalaterran...hitzaldiak ematen hasiko da 1895-96 urteetan, eta dirua etxera bidaltzen zorrak ordaintzeko. Ingalaterran etxe bat alokatu zuen, baina emazteak eta Jean alabak AEBetara itzuli egin nahi zuten Sussy gaixotu egin zitzaielako, kantu-ikasketak gogotsuegi hartzegatik. Gogotsuegi... hil egin zen Twainen alabarik kutunena. Akabo idazlearen umorea, eta bizi-poza. Londoneko etxetik atera gabe egon zen urtebete familiarekin, eta ez zioten helbidea inori ematen. Sussyk kantari izan nahi zuen eta Clarak piano jole. Beraz, alabari laguntzeko Vienara joango dira. 1900. urtean, bere jaioterritik kanpo 9 urte eman ondoren, eta zituen zor guzti-guztiak ordainduta AEBetara itzuli zen. Ez zuen bake handirik gizajoak: Jean alaba epilepsiak erasotzen zuen behin eta berriz eta denbora gehiago ematen zuen erietxean etxean baino. Emazteari bihotzekoak eman zion, eta Florentziako eguraldiak eta giroak lagunduko ziolakoan, hara joan ziren, eta hasieran hobera egin bazuen ere 1904an hil zen. Bere jaioterrira bueltatzean, emazte ohiaren omenez (Livy deitzen zion maitekiro) Evaren egunerokoa idazten hasiko da. Garai hartan Beethoven fonografoan entzutea zuen atsegin. Bere alaba Jean hil baino 2 urte lehenago Doctor Honoris Causa izendatu zuen Oxford-eko Unibertsitateak. Alaba 1909ko Gabonetan hil zen eta bera, hainbeste poz eta barre eragindako idazlea, hurrengo urtearen apirilean. 74 urte zituen. Literatura klasikoa Euskaraz euskarri elektronikoan daude literatura unibertsaleko hainbat lan, tartean Aintzane Ibarzabalek itzulitako Twainen Huckleberry Finn-en abenturak,: http://www.armiarma.com/liburu-e helbidean. Josu Zabaletak ere itzuli du Mark Twain, Printzea eta Eskalea hain zuzen. Beste hainbat itzultzaile ere izan ditu gurean Floridako idazleak, hala nola, Ana Arakistain, Koro Navarro eta Javi Cillero. Eta Kriselu S.A. argitaletxeak ere baditu bi komiki euskaraz, bata Tom Sawyer eta bestea Huckleberry Finn, biak Chiqui de la Fuenteren marrazkiekin. Mark Twain, politikoki zuzena Mark Twaini buruzko irratsaio interesgarria aurkituko duzu hemen entzungai.


Golfa aberatsen kirola ote da oraindik? Golf jokalari askok ezaugarri jakin batzuek dituzte: gizonak, 40-50 urte ingurukoak eta dirudunak. Golfa aberatsen kirola delako uste osoa geneukan aspalditik askok. Usteak erdia ustel esaerak balio digu oraingoan, ordea, dirudun asko ibili arren edonork praktika dezakeen kirola dela frogatu baitugu. O単atiko Irelore golf eskolako zuzendariarekin eta bi golf jokalarirekin hitz egin dugu ondorio horretara iristeko.

Ihintzaz estalita dago Ireloreko zelaia. Pilota lurrean ipini, hankak zabaldu eta sorbaldak hauen paralelo ipintzen ditu. Makila altxa du gerritik gora soilik mugituz. Harri bat jaurtiko balu bezala, makila altxa du eta inertziaz, hanka. Pilota airera bota du, urrutira, Conor Mathew Irlandako golf jokalariak. "Aski da pilota behin ongi jotzea, golfarekiko lotura sentitzeko" aitortu digu Javier Balzategik, Irelore golf eskolako zuzendariak. Zelaien inguru berdeak ere laguntzen duela esan digu, atmosfera baketsuak lasai sentiarazten baitzaitu. "Lur hauen mantenua da kirol honetan garestiena dena" esan digu Balzategik. Zelaia egoera onean edukitzea garrantzitsua eta garestia izan arren, aberatsen kirola izatetik denok parte hartu dezakegun kirola izatera pasatu da golfa. "Eskaintza txikiagoko baina prezio baxuagoko golf eskola ugari sortu dira perretxikoen moduan, kirol honetaz gozatzeko aukera eskainiz" azaldu digu Ireloren dabilen irlandarrak. Irlandatik Euskal Herrira etorri zen duela bederatzi urte eta hemen hartu zuen bizilekua. Maletan ez zitzaion bere zaletasuna ahaztu: golfa. Ikasten ari zen oraindik Irlandan bizi zela eta horretan dihardu gaur egun ere. Bidezko prezioa duten eskolak horretarako egokiak direla dio; hori bai, gaineratu du maila bat lortu ostean golf elkarteetara joatea dela aproposena. "Bata eta bestearen helburuak ezberdinak dira", esan digu Mathewsek. Hain zuzen ere, elkarrizketatu ditugun jokalariek esan digute golf eskola batean izena emanez gero, 325 euro nahikoak izan daitezkeela urteko bazkide egin eta materiala eskuratzeko. Golf klubak, aldiz, garestiagoak dira: halakoetan, bazkidetza egin, hileko kuota ordaindu eta gastu guztiak 6.087 euroko aurrekontura iritsiko gara. Hirugarren aukera bat da, hain ezaguna ez dena, zelai publikoetan jokatzea; 500 euro ordainduta, urte osoan jokatu daiteke halakoetan. Golf eskolek parte-hartzea bultzatzen dute Klubetan, maila altuagoa da eta golfean ondo ez badakizu traba egingo diezu besteei; eta zuk, berriz, dirua galdu. "Donostiako Basozabal klubean dauden jokalari onenen artean, adibidez taxilari eta tabernari bana ezagutzen ditut" esan digu Beatriz Odriozola golf jokalariak, diru sarrera handiak izan gabe ere golf klubetan lasai asko joka daitekeela azpimarratuz. Eskolek praktika sustatu nahi dute. Horretarako, "prezio baxuagoak eta bonoak" eskaintzen dituztela esan digu Balzategik. Bonoen prezioan materiala eta jokatzeko aukera daude aurreikusita. Ireloren, bazkide izateko 175 euro ordainduta eta materiala erabiltzeagatik beste 150 euro emanda, urte osoan ibil zaitezke golfean. Odriozola tolosarrak ere herri xeheak praktikatu dezakeen kirola dela azpimarratu du. Berak material guztia "bigarren eskukoa" erabiltzen duela esan digu. Golferako zelai publikoak ere badirela kontatu digu eta horietan materiala soilik ordaindu behar dela. Golfean jokatzea merkea dela dio "aukerak aprobetxatzen badituzu". Eskaintza aldatu denetik, bezeroen profila ere aldatu egin da. "Orain, gazte gehiago animatzen da golfean jokatzera" esan digu Ireloreko zuzendariak. "Torneoak egiten ditugu, gazteek atsegin dituztelako eta modu honetan golfa erakargarriagoa bilakatzen delako" Lehiatzen ez den kirolean gazte gutxi ibiltzen da, nor baino nor aritzeak asko motibatzen ditu-eta. "Golfa adaptazio prozesua egiten ari da alor horretan, elitean


edota ekonomi maila altua izan gabe lehiatzeko aukera baitaukazu". Beraien asmoa golfa hedatzea eta denek eskuragarri izatea dela dio. Gazte gehiagok probatzea eta neskak ere animatzea da beraien desioa. Kirol honekiko dagoen pertzepzioa aldatu nahi dute, begi onez ikusia izatea lortu. Hori dute helburu eta bide horretan ari dira lanean.

Zaldiko Maldiko Elkartea, euskararen aldeko trosta bizian Iruñeko Alde Zaharrean, udaletxetik oso hurbil, Ansoleaga karrikako 9. zenbakian dago Zaldiko Maldiko kultura elkartea. Hogeita hamar urte bete dira izen horren pean euskaraz hitz egiteko eta batzeko txoko bat sortu zutenetik eta hiriburu zaharrean euskarari presentzia handiagoa emateko lanean jarri zirenetik. Emaitzak begi bistan daude. Iruñera kanpotik bazoaz eta Ansoleaga kalera jotzen baduzu, Zaldiko Maldikok gastronomia elkarte euskaldun bat dirudi, besterik ez, baina hogeita hamar urte luzeetan egin duten lanari erreparatzen badiogu aho bete hortz geldi gaitezke. Izugarria da 1981ean elkartea eratu zutenetik orain arte egin duten ekintza mordoa eta, ondorioz, Iruñean euskarari ofizialtasunetik at zabaldu dioten bide zabala. Lehenbiziko batzarrak 1980ko udazkenean egin zituzten. Euskal Herrian Euskaraz elkartea sortu berria izanik, euskaltegietako irakasleen kezka nagusia zen Iruñeko euskaldun berriak eta euskaldun zaharrak biltzeko txoko bat izatea. "Batzar irekiak izan ziren eta berrehun lagun inguru hurbiltzen ginen, hizkuntz eskolakoak, AEK-koak, Euskal Herrian Euskaraz elkartekoak, Gau Eskoletakoak... Kontzientzia handia zegoen, eta euskara trinkotzea nahi genuen", azaldu digu Juanja Iturraldek, Zaldiko Maldikoko sortzaileetako batek. Zaldiko Maldikoren sortzaileek oso gogoan dute elkartearen sorreran euskarak ez zuela inongo onarpen ofizialik; eta are gehiago, sasoi hartan herrietatik Iruñera joandako jendeak euskaraz hitz egiteko lotsa zuela. "Orduan euskararen presentzia oso urria zen eta horrekin apurtu beharra zegoen; hortaz, kultura ekitaldiak modu intentsoan antolatzen hasi ginen; ez zituen beste inork antolatzen", azaldu digute. Ez hori bakarrik, Iruñearekin, San Ferminekin eta bertako presentzia euskaldunarekin lotura zuzena zuen izena aukeratu zuten, Erraldoi eta Kilikien pertsonaietako bat. Iruñeko euskaldunen eta euskaltzaletasunaren erreferente bihurtu zen berehala Zaldiko Maldiko, eta ehunka dira bertan antolatutako ekitaldiak: liburu-aurkezpenak, mahainguruak, hitzaldiak, literatur lehiaketak, mus eta xake txapelketak, kontzertuak, Ageda Deunaren koplak abestea, San Tomasak... Are gehiago, ekimen askori bidea zabaldu zioten: esaterako, 1986an, bertso eskola martxan jarri zuten, gerora Bertsozale elkarteak bere gain hartuko zuena; luzaroan Nafarroako Euskal Kantu Txapelketako antolatzaileak izan ziren... Zaldiko Sariak Zaldiko Maldikoren beste marka bat urtero ematen dituzten sariek osatzen dute. Hala, 1987tik gaur egunera arte Nafarroan euskararen aldeko edo kontrako lanean nabarmendutako elkarte eta gizabanakoak saritzen dituzte: lehen Lamien Urrezko Orrazia Iruñean ETB ikusi ahal izateko antena jarri zuen guraso elkarteari eman zioten; eta Asto-Masto saria, berriz, Urralburu presidenteari. Ordutik asko izan dira Astoa jaso duten Gobernuko eta UPNko ordezkariak. Azken Lamien Urrezko Orrazia, ostera, elebitasunaren aldeko apustua egin duten merkatariek eskuratu dute. Baita, aurretik, Euskal Herria Irratiak, Euskaldunon Egunkariak eta beste askok ere. Sorreratik gaur egunera arte, 140 bazkide inguru izan dituen elkartean irudimena borborrean ibili da beti. Horra hor, esaterako, 80ko hamarkadan, Nafarroan ETB ikustea ezinezkoa zenean, bi urtez, ostiralero, Zaldiko Maldikon euskarara itzulitako filmen programazioa bermatu izana. Lokal horretan bizipen asko daude batuta, gehienak hunkigarriak eta politak eta asko jai eta ospakizunekin lotutakoak, baina izan da bestelakorik ere: "San Migel jaiaren bezperan, txiste-afaria izan genuen Kike Amonarrizekin, eta goizaldera, etxean nengoela, bazkide batek deitu zidan esanez norbaitek


elkarte barrura gasolina lata bat bota zuela. Erreforma egin aurretik lokal guztia egurrezkoa zen, baina sua ez zen erabat piztu. Gero jakin genuen militar bat zela", diosku Iturraldek. Azken urteotan beste elkarte eta erakunde asko dabiltza euskarazko ekitaldiak antolatzen. Horregatik, bestelako formulak bilatu dituzte hainbat talderekin elkarkidetzan aritzeko. Karrikirri elkartearekin, adibidez, Karrika Gurea da izeneko festa egiten dute, eta Nafarroako Dantzari elkartearekin Karrika Dantzan. Elkarteko batzarrera kimu berriak ere gehitu dira. Iru単eko euskararen egoerari dagokionez, Zaldiko Maldikoko kideak baikorrak dira. "Nahiz eta erakundeek ingelesa eta gaztelania bultzatuz kontrako politika eraman eta beste errealitate bat erakutsi nahi, Iru単eko lehenengo ikastolek 40 urte bete dituzte, D ereduan matrikulatzen direnak gero eta gehiago dira, euskarak onarpen soziala lortu du, eta gero eta euskara gehiago entzuten da kalean".

Xabi Paya Xabi Paya, Getxoko bertsolari eta itzultzaile ezaguna, Euskara eta Euskal Kultura irakaslea da joan den urtetik Birminghameko Unibertsitatean, Etxepare Institutuak eta Birminghameko Unibertsitateak hitzartutako akordio bati esker. Birminghamekoa da hitzarmena sinatu duen Ingalaterrako lehen unibertsitatea oraingoz, baina laster izango dira gehiago. Payak euskararen eta euskal kulturaren gainean Ingalaterran duten pertzepzioaz eta irakasle-esperientzia honetaz hitz egin digu.

Itzulpengintzak zuri asko eman dizu, baita bizitza ikusteko beste modu bat ere... Bizitza ikusteko beste modu horrek eraman ninduen itzulpengintzara. Gure amak jakin zuenean bertsolari izan nahi genuela anai-arrebok, lehenik eta behin, hori zer zen azaldu behar izan genion. Amak ikastolara eraman gintuen eta beti izan dugu alboan bertsoetan. Seme-alabak beti izan gara etxean bi kultura desberdinen artean zubi-lana egin dugunak. Eta nik beti izan dut gustuko lan hori.

Oso kultura exotikotzat dute euskara Ingalaterran? Bi irudi mota aurkitu ditut: soziala eta akademikoa. Soziala da Arzak, ETA eta Xabi Alonso. Akademikoari dagokionez, badu puntu etnozentrista bat, indio edo etnien gainean pentsatzera eramaten duena. Adibidez, Cambridgen euskara irakasten ez badute ere, euskal ikasketei buruz jakin badakite, hizkuntzalaritzan oso garrantzitsua delako: euskara, hizkuntza isolatua. Balea-ehizaren gaineko ingelesezko terminologiaren zati handi bat euskaldun jatorrikoa da. Baina erreferentzia horien guztien testuingurua da indioak garela, informazioa beti antzinakoa delako: balea-ehiza, Hadrianoren harresiaren garaian euskaldunak bazirela, Bretainiako biztanle zaharrenak euskal jatorrikoak zirela... Gu askotan harrotzen gara esanez Europako indioak, mohikanoak garela, baina hori polita da esaten dugun arte. Nike zapatila pare bat bezalakoa izan behar du euskarak: funtzionala, jendeak nahi duena, polita eta janztekoa.

Zer suposatzen du Ingalaterrako unibertsitate batean euskara eta euskal kultura irakasteak? Orain bakarra naiz, baina datorren urtean Liverpoolen ere izango da beste irakasle bat. Ohore bat da, eta niretzat plazer handia da eskolak eman ahal izatea arbela zuri-zuri, batere aurreiritzirik gabe duten ikasleei. Espainiar ikasketak egiten ibili eta euskararekin saiatzen direnak ausartak dira eta benetan interesa dute. Horrelako pertsonei eskolak ematea ikaragarria da.

Etxepare Institutua sortu aurretik Jaurlaritzako Kultura Sailak gidatu zuen atzerriko lana. Zer deritzozu orain arte egindakoari? Asko falta da egiteko? Atzerrian euskal kulturaren aldeko sustapena egitea ezinbestekoa da. Eta bada ordua Euskal Herria Europan kokatzeko. Euskal Herria eta euskal kultura ezagutu eta bereizi egin behar dute. Aurrean dagoen lan bolumena hain da handia, edozeini iruditu dakiokeela gutxi dela orain arte egindakoa, baina ez da horrela. Orain artekoa oso ondo eginda dago, egon den tokietan oso lur ona gelditu delako. Eta Etxepare Institutua ere ezinbestekoa da. Bada garaia estrategia bat izateko: non sustatu euskara, non sustatu kultura, noraino heldu, zer irudi eman behar dugun... Orain arte arraunlari bakoitzak bere bidea egin du, eta orain patroi batek gidatu behar du.


Izan duzu aukera orain arte Birminghameko Unibertsitateko Euskarako ikasketen arduradun izan den Monica Czerny bera eta haren lana ezagutzeko? Bai. Berak gaztelania eta euskara irakasten zituen eta Birminghamen egin duen lana izugarria izan da. Poloniar bat Espainiar eta Euskal filologietan lizentziatua dena eta euskaltegiko eta barnetegiko irakaslea izan dena; euskalduntasunaren mirakulu bat da, eredu bizia.

Eskolak emateaz gain, euskal kulturarekin lotutako ekitaldiak antolatzen dituzu... Nik banituen proiektu batzuk, baina jakin nuenean Professor Robert Lawrence Trasken funtsa Birminghameko Unibertsitatean dagoela, euskal ekintzen ardatz egin nahi izan nuen. Ingalaterran eta mundu anglofonoan oso hizkuntzalari ezaguna da bera, hala ingelesaren nola euskararen alorretan. Hori horrela, bere funtsa katalogatzen ari gara. Eta urtero, martxoko azkeneko astean, haren heriotzaren urteurrenean, euskal gai bati helduko diogu. Aurten Mari Jose Olaziregi eta Amaia Gabantxo etorri dira, euskal literaturaren gainean aritzeko. Horretaz gain, Imanol Galfarsoro Basque identity politics tesia egiten ari da eta ikerketa-mintegi bat antolatu nuen horri buruz. Bi ekitaldiak oso jendetsuak izan ziren. Eta ikasturtea amaitzeko, hil honetan GalBasCat antolatu dugu (Galician Basque and Catalan), hiru herrialdetako zinemari buruzko zikloa. Unibertsitatetik kanpo astero film bat emango dugu: guk "80 egunean" filmaren proiekzioa eta Jon Gara単o zuzendariarekin hizketaldia antolatu dugu.

Zer miresten duzu Bernat Etxeparerengandik? Erratu egin zela. Etxeparek eskatzen zuen euskara mundura jalgitzeko, eta ordurako euskarak munduari bira egin zion Elkanorekin, ordurako euskara jalgi eginda zegoen mundura. Askotan oharkabean ez dakigu noraino heldu garen: orain Birminghamen, laster Liverpoolen ere euskara eskolak emango dituzte, City University Of New Yorken Bernardo Atxagaren katedra... Bestalde, Etxeparek lehenengo liburua idatzi zuen eta bazen ahozko-testigantzak jasotzeko modua. Askok galdetzen dute ea zergatik hasi ginen hain berandu euskaraz idazten? Nik beti esan dut gure hizkuntza eta gure errealitatea zerbait bada, ahozkoa dela. Etxeparek 1545ean idatzi arte, ez ginen isilik egon. Orain idaztea oso garrantzitsua da, baina lehen ez.

Zer ikasi duzu zure ikasleengandik? Nire ikasleek ez dute aurreiritzirik. Eta eurak dira hemengo errealitatea ikusita harrituta gelditzen direnak: ez dute ulertzen Euskal Herriko pertsona batzuek euskara ikasi nahi ez izatea. Beraiek diote denok ikasi beharko ditugula inguruko hizkuntzak. Gaztelania eta euskara edo frantsesa eta euskara guztiok dakizkigunean, bakoitzak erabakiko dugula zein erabili. Behin baino gehiagotan esan didate euskaldunok zenbat eta hizkuntza gehiago jakin, badirudiela erabili nahi dugun hizkuntza aukeratzeko gaitasun edo eskubide txikiagoa dugula, beti moldatzen garelako besteak esan nahi duen horretara. Eta denek azpimarratzen dute euskara ikasten hasten direnean, gustatzen zaiela euskaldun onartzen ditugula berehala. Eta hori ez da beste hizkuntza batzuetan gertatzen. Euskalduntasuna norbere identitateari jartzeko guk ez daukagula inongo erreparorik; eta hori oso sintoma ona da kanpora begira. Horretan jarraitu behar dugu, hori izan dadila gure ildoa.

DUALIA enpresa: komunikazioaren mesedetan Gure amak esaten duen moduan, mundua aldatu egin da; kalean kontinente guztietatik etorritakoekin egin daiteke topo: fruta-dendan, harategian, kafetegian... nonahi. Ospitale eta osasun-zentroetan ondo baino hobeto dakite hori; aniztasunaz, koloreez, jatorri ezberdinez... ederki asko ezagutzen dituzte gizarte berriaren hamaika koloreak. Aldatu egin da Euskal Herria, eta aldatze horrek ohitura berriak ekarri ditu. Hainbat sorterritatik gugana gerturatu direnak artatzen dituzten profesionalek badakite zein konplikatua den pertsona horiekin ondo eta bermez komunikatzea, elkarri ulertzea. Badakite hizkuntzaren mugak gainditzea ez dela erraza. Eta horientzat guztientzat aurkitu du irtenbidea Osakidetzak. Batetik, osasunLingua izeneko sistema dago erabilgarri, eta, aldi berean, Dualia enpresak sortutako teknologiaaplikazio berria dute eskuragarri osasun-zerbitzuko profesionalek.


Gure amak dio, arrazoi osoz, aniztasuna ez dela aldaketa bakarra izan, beste asko ere eman direla; gizarte berria dela oraingoa, eta teknologia berriek sekulako iraultza ekarri dutela, eta, horren ondorioz, pertsonen arteko komunikazioa ere izugarri aldatu dela. Arrazoi du, bai, gure amak! Aldaketa horiez guztiez jabetuta, Osakidetzak Dualia enpresa arrasatearraren teknologiaz baliatzea erabaki du, eta pertsonak hobeto artatzeko sistema ezarri du, bat-batekoa, berehalako itzulpenak egiteko gai den zerbitzua. Sanitarioaren eta pazientearen arteko komunikazioa hobetu egin du itzulpen-zerbitzu berriak, erraztu egin du sanitarioaren lana eta diagnostiko zehatzagoak egiteko aukera eskaintzen die profesionalei.

Aplikazio erabilerraza Dualiaren aplikazioa erabiltzea oso erraza da; 51 hizkuntza menderatzen dituen itzultzaile-sarea eskaintzen du, eta hizkuntzak ezarri ditzakeen mugak gainditzeko aukera ematen die erabiltzaileei. "Sanitario batek pazientea ulertzeko arazoak dituenean, sakelako telefono baten bidez harremanetan jar daiteke Dualiaren plataformarekin, eta mikrofono zein entzungailu banarekin -pazienteak eta sanitarioak bakoitzak berea- itzultzaileak bitartekaritza eskaini eta berehala elkar ulertzeko aukera ematen die", adierazi digute Txus Perezek eta Igor Juaristik, Dualia enpresakoek. Ia bi mila erabiltzaile ditu plataformak, eta horien artean dira Osakidetzako erabiltzaileak. Ospitale zein Euskal Autonomia Erkidegoko osasunzentro garrantzitsuenetan ari dira dagoeneko erabiltzen, eta orain arteko emaitzekin oso gustura daude. "Aukera asko eskaintzen ditu; gainera, sanitarioa jar daiteke harremanetan pazientearen jatorrizko herriko konfiantzazko mediku batekin, edo beste edonorekin, betiere, bat-batean, zerbitzu onena eskaintzeko".

Urtebeteko esperientzia 2010eko otsailean jarri zuen abian Osakidetzak Dualiaren zerbitzu hau. Guztira ehundik gora aparatu banatu zituzten ospitale eta osasun-zentro nagusietan. Ospitale handietan hiruna tresna jarri zituzten, eta txikiagoetan bina edo bana. "Asmoa zen osasungune guztietara iristea, eta Osakidetzak hori betetzea lortu du. Izan ere, iristeko zailtasuna egon daitekeen tokietara ere eraman daiteke aparatua, leku horretatik gertuen dagoen anbulatoriotik edo ospitaletik". Horrelako kasuetan, sanitarioak eramaten du aparatua, baserri edo landa-auzoetara. Guztira 150 telefono edo aplikaziorako aparatu daude Osakidetzako sarean, eta orain arteko esperientzia oso ona izaten ari da, "hizkuntza-mugak gainditzeko aukera eskaini baitie gehienetan sanitarioei; hortaz, Osakidetzako profesionalek eskainitako zerbitzua hobea izan da, ezbairik gabe".

Itzultzaile espezialistak Arlo zientifikoan eta teknologikoan adituak diren, edo gutxienez arlo horietan ondo jantzita dauden itzultzaileak eskaintzen ditu Dualia enpresaren zerbitzuak. "Bost urteko esperientzia dugu osasun-arloan Madrilen, Andaluzian, Katalunian, etab.- eta guretzat oso garrantzitsua da itzultzaileek erabiltzen duten terminologia. Medikuntza-arloko hizkuntza ulertzea ezinbestekoa da itzultzailearentzat, izan ere, pazienteari berak azaldu behar dio zein arazo duen", adierazi digute Txusek eta Igorrek. Kalitatezko eskaintza egitea ezinbestekoa dela ondo baino hobeto dakite, eta argitu digute orain arteko esperientzia oso ona izaten ari dela Euskadiko osasun-zentroetan. Arrasateko mugimendu kooperatibistaren sortzailea izan zen Jose Maria Arizmendiarrietak zioen mundua ez zaigula begira egoteko eman, eraldatzeko baizik. Gure amak, eraldaketa hori, batzuetan behintzat, zalantzan jartzen badu ere, txalotu egiten du bizitza errazteko balio duenean; izan ere, aldaketa eta eraldaketa guztiak ez dira onak izaten. Osakidetzak Dualia enpresarekin batera abian jarritako eraldaketa txalotzekoa da. Oraingoan asmatu egin dute, komunikazioaren mesedetan.

Argazki bat argudio hartuta, euskalkien aldeko ikus-entzunezko ikerketa-kontakizuna Burp! eta ChiloĂŠ programetan askotan ikusi izan dugun Jokin Etcheverria lanean ari da berriro, eta erregistroz dezente aldatuta gainera. Donibane Lohitzuneko aurkezle eta dokumental-egileak Myjok enpresa desegin eta J.O.K. Films konpainia sortu du. Une honetan, Benito Duinat gidoilaria alboan duela, "Nire argazkia" izeneko egitasmoan buru-belarri dabil.


Myjokekin telebistarako Burp! saioa egin eta aldi berean ChiloĂŠ programak grabatu ostean, bere kasa dokumental- eta bideo-proiektuak egin nahi zituela erabaki zuen Jokin Etcheverriak: "Bestelako erritmoan lan egin nahi nuen eta kulturarekin lotutako istorioak gehiago garatu. Helburua errealitateak grabatzea da, eta horri fikzio-ukitua gehitzea". Hain zuzen ere, hori da Etcheverriak ezarritako marka edo ildo nagusia. Une honetan esku artean daukan proiektua "Nire argazkia" da, bere lagun Benito Duinatek asmatutakoa. "Unibertsitatean kultura-proiektu bat landu nuen nire familiakook gure euskalkia galduko ote genuen ardura nuelako, nahiz eta orduan azkenean ez nuen gauzatu. Ordutik buruan izan dut ideia hori eta ikaskide izan zen Jokinekin Bilbon berriro topo egin nuenean, biok batera lantzea erabaki genuen". Lan honetarako beraien euskalki propioetan mintzatzen diren hainbat euskal herritar aukeratu eta horiei eskatzen diete narrazio-lan bat egitea, argazki batean oinarrituta; bakoitzak nahi duen argazkian. "Protagonistek beraien irudi horrek ekartzen dizkien oroitzapenak azaldu egiten dizkigute, eta horiek erabilita guk kontaketa egituratzen dugu", azaldu digu Benito Duinatek. Bide batez, "Nire argazkia" lanarekin Euskal Herrian dauden hainbat euskalki plazaratuko dituzte, testuinguru modernoetan ere erabiltzen direla erakutsi eta baita dialekto horiek nola aldatzen doazen ere, batuaren eta globalizazioaren eraginez. "Izatez, dokumentalaren sustraia euskara da, baina aldi berean gaia unibertsala da; eta kutsu artistikoa lantzen badugu ere, badu ikerketa zientifikotik ere", argitu dute bi egileek. Dauden euskalkiak jasotzeko lanari "kutsu nostalgikoa" kendu nahi ziotela azpimarratu dute. "Lehengo usadioak eta hitz egiteko erak ondo baino hobeto jasotzen dituzte Ahotsak-ek Hegoaldean eta Eleketak Iparraldean egindako lanek. Guk ikuspegi dinamikoagoa eman nahi izan diogu: ez horrenbeste zer ondo bizi ginen eta zer ederra zen orduko Ikastola... Nahiago dugu jakitea nolakoa den euskararen erabilera eta norantz doan gaur egun euskara", azaldu digu Benito Duinatek. Bestalde, dokumentalean argazkiak hartzen duen garrantzia ere bitxia da: "Gaur egun argazkiz inguratuta bizi gara. Non-nahi daude eta badirudi indarra galdu dutela, baina ez da horrela, eta horren alde egin nahi izan dugu. Badu jarrera artistikotik". Are gehiago azpimarratu nahi izan du Etcheverriak, "Ondo eramandako argazki batek toki garrantzitsua har dezake gure gizartean". Dokumentalean parte hartzeko berdin dio protagonistak gazteak, helduak edo adinekoak diren; baita euskara-maila erdibidekoa badute ere. "Euskara ikasteko prozesuak berebiziko garrantzia du eta bidean daudenak ere jaso behar ditugu". Eskualde eta giza ingurune desberdinetakoak ere hartu nahi dituzte, eta oraindik jende bila dabiltza. Hortaz, interesa izanez gero, jarri harremanetan beraiekin misterjok@live.com helbidearen bitartez. Apiril hasieran Etcheverria eta Duinat Cannesen izan ziren, Basque Audiovisual ekimenaren bitartez. Han hainbat telebistatako arduradunekin izan ziren, eta dagoeneko hitzartuta daukate oraingoz dokumentala den eta etorkizunean jarraipena izan dezakeen produktua Frantziako eta Quebec-eko telebistetan emango dutela. "Gure asmoa da Zinebin, Bilboko Dokumental eta Laburmetraien Nazioarteko Jaialdian, aurkeztea eta bitartean beste telebista, enpresa eta erakundeekin harremanetan jarraituko dugu". Badituzte, baina, proiektu gehiago esku artean; eta horien artean 2012an egin nahi duten beste dokumental bat, Mugak, gaur egungo Europaz eta kontrabandoaz hitz egingo duena. "Gidoia aurreratuta dugu eta poliki-poliki hasi gara lanbide horren inguruko testigantzen bila. Bihotzez eskertuko genituzke halako kontakizunak; eta jakin dezala jendeak, askatasunez hitz egin dezakeela, delitu horiek dagoeneko baliogabe gertatu dira-eta".

Amelia Barquin: "Erabileran antzematen hiztunaren mundua ikusteko modua"

da

Amelia Barquin Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko Kultura arteko Hezkuntza irakaslea da. Baina, horrez gain, aspalditik ari da generoen berdintasunaren gaia lantzen. Euskararen Erabilera Ez Sexista monografikoaren egilea da, eta emakume eta gizonekin lotutako estereotipoak, eta beroriek hizkuntzaren erabileran duten eragina azaleratu ditu.


Noiz hasi zinen hizkuntzaren erabilera sexista aztertzen? Feminista naizen aldetik, beti interesatu izan zait gaia, beti aztertu dut nire inguruko errealitatea, beti izan naizzorrotza ikusi eta entzun ditudan gauzekin. Gaztetan, ikusten nuen haurrekin hitz egiteko garaian oso modu ezberdinean jokatzen genuela haur hauek neskak edo mutilak zirenean. Gaztelaniaz askotan agertzen zen generiko maskulinoaren gaia. Euskaraz desberdina zen; esaten zen euskaraz ez zegoela erabilera sexistarik, baina apur bat sakonduz gero, ikusten da ez dela horrela. Batez ere horrek erakarri ninduen. Duela 15 urte gaia sakonago jorratzen hasi nintzen. Geroago, aukera izan nuen EHUko Berdintasunerako Masterrean parte hartzeko, eta han hizkuntzaren erabilerari buruzko modulu bat eman nuen.

Esan al dezakegu hizkuntza bat ez dela berez sexista? Bai, kontu honen inguruko ikuspegia aldatu egin da. Lehen esaten zen hizkuntza batzuk besteak baino sexistagoak zirela, eta ranking moduko bat egin zen: gaztelania oso sexista zen eta euskara, berriz, apenas. Gerora ikusi da ez dela egokia hizkuntzei buruz honela hitz egitea. Erabilera da gakoa: erabiltzaileak aukeratzen du, hizkuntzak berak ez du ezertara behartzen.

Euskaldunok elebidunak izateak eragina al du erabilera sexistan? Bai. Burmuin bakarra dugu eta dakizkigun hizkuntzak interakzioan daude. Hizkuntza batean honela jokatzen duenak beste hizkuntzan ere berdin egingo du. Erabileran antzeman daiteke hiztunaren pentsatzeko eta mundua, emakumeak barne, ikusteko modua. Arazo nagusia eduki semantikoan dago. Emakunderentzat idatzi nuen monografian hainbat adibide jarri nituen: adibidez, boleibol partidu batean jokalariak neskak badira, "Gorputz ederrak hondartzan" argazki-oina ikusi izan dut artikuluetan. Horrek ez dauka hizkuntzarekin zerikusirik, hori idatzi duen pertsonaren ikuspegiarekin baizik. Eta hori etengabe gertatzen da. Joera zehatz batzuk indartzen ari gara. Hori gure errealitatearen alderdi bat da eta ez gara horretaz ohartzen.

Zein izan zen lehena, arrautza ala oiloa?; hau da, hizkuntzaren erabilera aldatuta mugituko dugu gizartea aldaketa baterantz, ala gizartea aldatu arte ez da hizkuntzaren erabilera egokituko? Nik uste dut elkarrekin doazela biak. Nola hitz egiten dugun aztertu eta horrek zer ikuspegi duen atzean ikusita, saia gaitezke geurea birdiseinatzen. Baina erabilera aldatzea zaila da, bestea aldatzen ez bada. Garrantzitsuena da konturatzea zein mezu ematen dugun uneoro, haurrei zer esaten diegun, gure artean... Horrek gure erabilera fintzen lagun dezake. Uste dut, poliki-poliki, ari garela ikasten.

"Euskararen erabilera ez sexista" gida eskuragarri al dago oraindik? Bai, Emakunderen webgunean doan deskargatzeko aukera dago. Nire asmoa ez zen oso arauemailea izatea. Hausnartzeko parada eskaini nahi nuen, batez ere.

Behin komunikabide batean irakurri nizun gaur egungo hiztegietan mujer hitzaren esanahi gisa prostituta agertzen dela askotan. Gehiegizkoa iruditu zitzaidan, baina egiaztatu ahal izan dut. Ni ere harrituta gelditu nintzen. Hiztegilariek beren burua defendatzen dute esanez gizarteak hala ulertzen duela, baina ez da bidezkoa. Baina, ez al dituzte hiztegiak berrikusten? Era berean, hiztegietan alu hitzak oso esanahi negatiboak dauzka, zakil hitzak ez dauzkanak. Gauza horiek oso larriak dira, haurrek eskolan tresna horiek erabiltzen dituztelako.

Euskararen erabilera asimetrikoa aldatzen hasi al da? Kontzientzia pizten hasi dela uste dut. Adibidez, nire 9 urteko alaba Araban bagare kantua ikasten ari da eta bera konturatu da une batean denok anaiak gara esaten duela, neba-arrebak esan beharrean. Adibide asko daude, adibidez, Mikel Laboaren Izarren hautsa: gizonen lana, gizonak badu... gizakia esan nahi du.


Hasi gara horretaz ohartzen.

Hortaz, adibidez, kantu sexista al da Agur Jaunak? Desegokia da. Bilduta dauden pertsonak agurtu eta adeitasuna erakusteko modua bada, ez da egokia. Garai batean halako ekitaldietan gizonak bakarrik biltzen ziren, baina, zorionez, bada denbora emakume asko ere egon badaudela halako ekitaldietan.

Sexuen estereotipoan al dago arazoa? Bai. Irudi horiek oso hedatuta daude: gizona da indartsua, publikoan agertzen dena, ekimenarekin lotua; eta emakumea, berriz, pasiboa da, itxurarekin lotuta dago, goxoa, liluragarria... Adjektiboak eta ezaugarriak hala banatuta dauzkagu.

Kazetari batzuek emakumeen abizen eta karguei ez diete gizonenei besteko garrantzirik ematen... Bai. Donostiako Miramar Jauregian ospe handiko jardunaldi baten irekiera-ekitaldian izan nintzen. Aurkezleak, emakume batek, alkatea izen eta abizenarekin eta jauna aipatuta aurkeztu zuen; horren ostean, mahaian zeuden hiru emakume aurkeztu zituen, izena aipatuta bakarrik, ez abizenik eta ezta kargurik ere. Gainera, kargu garrantzitsuak dituzten emakumeak ziren. Seguruenik, lagunak ziren, baina, edonola ere, oso jarrera desegokia da. Emakumeak maitasunez har daitezke, baina ez esparru publikoan.

Gaur egungo eskoletan ez al dago andere単orik? Andere単o hitzak bi adiera dauzka: bata da emakume ezkongabea, eta gaur egun informazio hori lekuz kanpo dago. Garai batean, emakumeak horren arabera sailkatzen ziren, baina gaur egun ez. Hortaz, andere単o hitzaren adiera hori desagerrarazi egin beharko genuke. Maistra hitzaren sinonimo moduan, berriz, erabil daiteke. Nahiz eta molde hori maistrak emakume ezkongabeak ziren garaitik datorrela jakin.

Euskarazko komunikabideetan ematen al da hizkuntzaren erabilera sexista? Ez. Gehiago ikusten da eguneroko bizitzan eta telebistan. Adibidez, Shin Chan marrazki bizidunak, zentzu horretan, penagarriak dira, edo beste marrazki bizidun askotan nola egiten duten hika; beti maskulinoa da, agertzen diren pertsonaia gehienak hala direlako eta hori da txikiek ikasten dutena.

Mutil zein neskek izen bera edukitzeko aukera aldarrikatu duzu. Bai. Askok ezinbestekoa ikusten dute argi izatea nor den nor, neska ala mutila den. Zergatik? Nik uste dut aurrerapauso bat eman behar dela, sexu-aukeraketan ere aldaketa handiak ematen ari gara. Etengabe eskatzen zaigu sailkatzeko, emakumea ala gizona den esateko. Baina, zertarako? Hori pertsona batzuen ikuspegia da. Nik ez dut behar hori sentitzen. Sua, Itsaso, Iraultza, Ibai... Zergatik emakume- ala gizonizenak? Nork esaten du hori, tradizioak? Tradizioa ere aldakorra izan daiteke.

Dentisten beldur omen gara孫 Gai honen harira, aurkitu dugu hortzetako dentista mekaniko bat berari ere beldurra ematen diona. Pello Beristain da bera, eta halaxe aitortu digu berak. Hogeita bost urte daramatza hortz artean eta beldurra ematen dio, eta dagoeneko tesia ere egina dauka gaiari buruz, eta zergatia ere argi-argi ikusten du. Ondoko elkarrizketan, Euskadi Irratiko kazetari bi eta dentista mekaniko bat arituko dira gai horri buruz dituzten datuak eta esperientziak azaltzen. Kazetaria 2: Dentistarengana joatea zenbat maite dugun dugu gaur hizpide. Dentistari diogun maitasuna neurtzen hasita, beldurra azaltzen da lehendabizi. Hamarretik hiru ez dira joaten sekulako beldurra ematen dielako. Galdera egin du Sanitas etxeak eta 20 eta 65 urte bitartekoei galdetu diete, eta beldurra ematen diela erantzun dutenen artean, % 38k esan du tratamendua bera dela beldurra ematen diona; alegia, akaso mina emango diolako-edo nahiago duela ez joan. Eta beste % 32k, berriz, ez daukala inolako arrazoirik, ez dakiela esaten zer den atzerakoa eragiten diona, baina ez direla joaten. Eta beste % 20 baino gehiagori erreminten zarata deseroso horrek ematen dio atzerakoa.


Kazetaria 1: Bai, ez da batere atsegina izaten kontsultetako soinu hori, ezta? Kazetaria 2: Ez, eta zipriztinak ere ez; ezta lerdezapia bera jartzea ere. Kazetaria 1: Eta hor jartzen dizuten aspiradora hori ere, uuufff! Kazetaria 2: Beste aldetik, esan beharra dago % 7ri usainak ematen diola atzerakoa, eta beste % 2k diote postura bera, jartzeko modua, ahoa zabaldu beharra, eta bonbilla hortzetara begira edukitzea, hori oso deseroso egiten zaiola. Gai honen harira, aurkitu dugu hortzetako dentista mekaniko bat berari ere beldurra ematen diona. Pello Beristain da bera, eta halaxe aitortu digu berak. Hogeita bost urte daramatza hortz artean eta beldurra ematen dio, eta dagoeneko tesia ere egina dauka gaiari buruz, eta zergatia ere argi-argi ikusten du. Mekaniko dentista: Denok joan behar izan dugu txikitan dentistarengana eta horietako bisita batean-edo hain gaizki-gaizki pasatu genuen nonbait, ezen trauma txiki bat, edo ez dakit zer esan, geratu zaigun. Niri ere beste horrenbeste gertatu zitzaidan; oso ondo gogoratzen naiz hamar-hamabi urterekin nola pare bat aldiz izan nintzen, aurrena dentista batengana eta hurrengoan beste batengana, eta nolako gaizki pasatu nuen. Beste kontu bat da orain dela berrogei urte dentista gehienek zeukaten zakar eta zoro fama. Zergatik? Akaso zakarrak eta zoroak apuntatzen al ziren dentista izateko? Ez dut uste. Lanak berak, nolabait, bihurtzen zituen holakoak.

Kazetaria 2: Garbi dago ez dela tentsioa hartzera joatea bezala. Dentistarengana joatea eta haren eskuetan, eta gainera aho zabalik jartzea, ba, oso, ez dakit nola esan, intimoa da. Mekaniko dentista: Ahoa denok daukagu oso minbera eta delikatua; ahoan edozer gauza egitea, ahoa zabaltzea eta beste batek begiratzea bakarrik pertsona baten barruko kontuetan sartzea da. Kazetaria 2: Bueno, ginekologoa bururatu zait baina. Mekaniko dentista: Hori da nik ez dakidana. Ez, baina hori emakume askok aipatu izan dute, "nik ginekologoa eta dentista nahiago emakumea izatea". Eta beste batzuek diote nahiago dutela ginekoloagana joan dentistagana baino". Kazetaria 2: Aurreiritziak. Duela pare bat aste Donostian Odontologia kongresua egin dute eta bertan Christian Rauch medikua izan da Alemaniatik etorria, eta berak kasu hauetan -beldurra muga-mugakoa denean, antsietatea eta fobia kasuetan- hipnosia erabiltzen du. Ez omen da, inolaz ere, showa bakarrik, eta kasu zailenekin balekoa dela. Anestesiak efektua egiteko behar duen denboraren ordez, nahiko duela berak bost minutu, aurrean daukanak lo hartzeko. Mekaniko dentista: Hipnosia ikastea eta menderatzea ez dut pentsatzen batere erraza izango denik. Telebistan ikusita oso sinplea ematen du, baina... Hipnosiarekin hainbeste gauza egiten hasi dira, ba, zergatik ez arlo honetan ere. Anestesia sartu aurretik, dentista batzuek erabiltzen dute esprai moduko bat. Kazetaria 2: Bestelako neurriak ere hartzen omen dituzte dentistek, nahiz eta gu kontsultara joandakoan ez garen jabetzen. Mekaniko dentista: Bueno, askotan saiatzen gara musika ahal den goxoena jartzen, eta geuk ere goxo jokatzen, noski. Musika jartzeko beste arrazoi bat ere badago, alegia, erabiltzen ditugun tresnen zarata, nolabait, disimulatzea. Eta zer esanik ez, koadroak eta holako apaingarriak, batik bat, bezeroak lasaitzeko


daude. Baita ere, zenbat eta traste gutxiago ikusi zure inguruan, orduan eta hobeto; horregatik, bezeroak ez ikusteko moduan jartzen ditugu, apropos. Azken batean dentistaren lana ere bada sarritan ikaratuta datorren bezeroa psikologikoki prestatzea. Nire ustez, uniformeak eta gauza horiek kenduz gero, hobe. Erraza da txaketa eta praka zuriak jantzi eta edozer gauza esatea jendea gehiago inpresionatzeko. Eta hormetan titulu pila bat jartzea ere ez zait bidezkoa iruditzen; ni ona banaiz, neuk dakit, eta gero jendeak ikusiko du. Kazetaria 1: Horrela, beraz, jende askori beldurra ematen dio dentistarengana joateak. Nik etzidamu joan behar dut. Kazetaria 2: Akordatuko zara! Kazetaria 1: Ez dit beldurrik ematen; beldurra beste gauza batek ematen dit: fakturak.

Eslovenia, Alpeen itzalean Jugoslavia osatzen zuten errepublikak sei ziren, eta jugoslaviar izaeratik gutxien zuena Eslovenia zen. Belgrad hiriburuaren aldean gertuago zeuzkan bai Viena, bai Venezia. Esloveniak Europaren erdialdekotzat zeukan bere burua, eta Austriarekin eta Italiarekin beti izan du harreman joria kulturari eta salerosketei dagokienez. Beraz, Jugoslaviatik banandu zen lehen errepublika izan zen. 1991n izan zen, eta era baketsu antzean, Jugoslaviaren aurkako gerrak apenas 10 egun iraun baitzuen. Askozaz ere independentziarako gerra luze eta odoltsuagoak jasan zituzten Kroazian, Bosnian eta Kosovon. Europaren erdialdeko sentitze hori Ljubljanan nabaritzen da gehienbat, Esloveniaren hiriburuan alegia. 300.000 biztanleko hiri honetan, bostetik bat ikasle da, eta horrek giro berezia ematen dio hiriari. Era askotako kultura-ekitaldiak izaten dira, jendea txirrinduan dabil batetik bestera, kaleko ikuskizun ugari dago une oro, eta jendaurreko musika gauez hainbat tabernatan. Udan, alde zaharreko eta Ljubljanika erreka-bazterreko tabernetan terraza ugari aurkituko ditugu, eta aukera ona da zerbait hartzeko kandelen argira. Arkitekturan Vienakoaren eragina du Ljubljanak. Gutxixeago Pragakorena, nahiz eta baduen antzik: Eslovenia 600 urtez Austria-Hungariako inperioaren menpe egon izanaren seinale. Lurrikara batek hiriburuaren puska bat suntsitu zuen 1895ean, eta garai hartako arkitekto ospetsuenetako bat, Joze Plecnik, arduratu zen berreraiketaz. Beste hiri batzuetan eraikin garrantzitsuak politikarien eta militarren omenez jasotzen dira, Ljubljanan ez bezala. Bertako poeta nazionala da France Preseren, eta hiriaren erdian estatua bat du omenaldi gisara. Poeta Julija emakumeaz zegoen maitemindua, eta berari eskaini zizkion bere poemak. Julijaren estatua ere hantxe dago, poetarenetik gertu, leiho batetik begira. Alde zaharra oinezkoentzako dago jarria, harriztatuta, bisitarientzat atsegingarri. 1901ean eraikitako Dragoien Zubitik hasita muino batean dagoen XVI. gizaldiko gazteluraino joan gaitezke. Esloveniak tamainaz 20.000 km2 ditu, eta 2 milioi biztanle, beraz, Euskal Herriaren antzeko da. Paraje asko ere hemengoak bezalakoxeak dira, baina hura Alpeen itzalean dago, eta mendiak kozkorragoak dira. Beraz, mendiari lotutako kirolak egiteko, espeleologia eta eskia adibidez, toki aproposa da. Maribor hiritik hurbil dago Pohorje, eski-estaziorik onena: eski zaleen gozamenerako gauez ere uzten dute eskiatzen. Eskiatzaileek argi-marra bat osatzen dute beherakoan lastargiekin. Eskia atsegin dutela ondo asko nabaritzen da nazioarteko lehiaketetan. Bertako kirolariak hortxe dabiltza beti, lehen postua zeinek lortuko. Eski-tranpolinean ere aritu zaleak dira, eta Planicakoan mundu-errekor bat baino gehiago lortu izan da. Gainerakoan, eskalatzen, mendi-zintzurrak jaisten, piraguan ur lasterretan ibiltzen, ibaietan arrantzan, horiek guztiak ere ikus daitezke Esloveniako Alpeetan. Kobazuloak ere apartak ditu Esloveniak, eta mordoxka. Postojnakoa oso ezaguna da, estalaktita eta estalagmita erraldoiak ditu, baina aukeran jende gehiegi biltzen da batzuetan ikustera. Ikusgarriagoa da ordea Skocjangoa, lurrazpiko amildegiaren gaineko zubitxoari esker, besteak beste.


Alpe inguru hori txundigarria da, eta bazter asko du zein baino zein ederrago. Argazkietan gehien ateratzen dena, merezi duelako, Bled da, Alpeak atzean eta aintzira alboan duen herrixka. Herri honetan dena dago bere lekuan: Erdi Aroko gaztelua muinoan, uhartean eliza barrokoa, aintzirari itzulingurua emateko bidexka, eta mendikiroletan aritzeko aukera ugari. Horixe da Bled. Hurbil bada beste aintzira zoragarri bat, hala ere: Bohinj. Zein baino zein ikusgarriagoa da eta Esloveniarrak ederragoa zein den erabaki ezinik dabiltza. Esloveniak gutxi zera du, itsasbazterra. Hondartzak nahi dituenak hobe du hegora jo, Kroaziara. Baina, kostako herrixken xarma guztia duten bi badira Eslovenian: Koper eta Piran. Veneziarrek horrelako kaidun herri asko eraiki zituzten Adriatikoko kostaldean barrena. Europar Batasunekoa da Eslovenia 2004az geroztik, eta 2007az geroztik euroa darabilte. Antzinako Europa sozialista horretan bera izan zen lehena euroa onartzen. Jugoslavia desegin ondorengo beste sei herrialdeek (Kroazia, Bosnia, Serbia, Mazedonia, Montenegro eta Kosovo) luzerako dute Europar Batasunean sartu aurretik (horretarako negoziaketan ari den Kroazia ez beste) eta euroa erabiltzeko baimena izan dezaten.


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.