20130316-uk-koordinakundea-dekalogoa

Page 1

2012ko abendu amaieran 11.384 langabe zegoen Uribe Kostan (5.778 emakumezko eta 5.606 gizonezko). 2008ko datuekin alderatuz, gure eskualdeko langabe kopurua %38,5 hazi da. Iaz 145 enplegu-erregulazio espediente gauzatu ziren eskualdeko lantokietan. Ondorioz, 209 lagunek enplegua galdu eta 1.481ek lan-jarduna eten edo gutxitu behar izan dute. Horiei guztiei zenbatezinak diren banakako kaleratzeak gehitu behar dizkiegu, gainera, bereziki emakumeei eragiten dietenak. Hamaika dira ateak itxi behar izan dituzten herrietako dendak: azken bi urteotan Leioako denden %8-10 itxi da eta Getxon 2006an baino %6 komertzio gutxiago dago. Duela 15 urte Uribe Kostako sare industriala sendoa zen: lanpostu asko sortzen zituzten enpresa handi eta garrantzitsuen kokalekua zen. Horietako asko itxi egin dituzte eta industria ehuna desagertuz joan da. Besteak beste, Mecánica la Peña, ARN, Westinghouse, Metalquímica, Earcana, Borden, Micromotor, Aceriber, Somme eta Ercosa. Egun, eskualdeko sektore indartsuena zerbitzuena da. Industria jardun ekonomikoaren %19 den bitartean, zerbitzuen sektorea %80koa da eta bertatik eratorritako lanpostu gehienak guztiz prekarioak dira. Prekarietatea pobrezia, bazterketa, egonkortasun-eza eta abar da, eta pertsonen bizi-baldintzetan nabarmen eragiten du, bereziki emakumeengan. Horren adibide da kontratazio partzialaren gehikuntza nabarmena. Hori gutxi balitz, gure udalerri batzuetako bigarren eskuko etxebizitzak Euskal Herriko garestienak dira: Getxo (4.338€/m2), Leioa (3.919€/m2) eta Sopela (3.884E/m2) eta estatu mailan erosketa saskirik garestiena duen hiria Getxo da, urteko bataz-besteko 7.115 euroko gastuarekin. Zerbitzu sozialak inoiz baino beharrezkoagoak diren une honetan, erakundeek murrizketen aldeko hautua egin dute. Horren adibide, ondokoa: haurreskola publikoen eskaintza murritzaren aurrean sektore pribatua indartzeko aukera (eskualdeko haurreskola publikoetan 513 leku besterik ez dago 0-3 urte arteko umeentzat). Eta horri gehitu behar zaio gizarte-segurantzaren prestazioa jasotzeko eskubidea murriztu eta mugatu izana; baita epaitegietako azken erreforma ere, gure eskubideen defentsa exijitzeko tasak ordaintzera behartzen gaituena. Babes sozialeko murrizketek eta zerbitzu publikoen pribatizazioak, era berean, emakume asko behartu dituzte lan merkatua uztera edo beren jarduna murriztera, zaintza lanak beregain hartzeko. Eskualdeko argazki larri honen aurrean salatzen dugu, horrenbestez, egungo pobrezia- eta prekarietate-egoera sortu eta mantentzen dutenak ondokoak direla: Euskal Herrian inposatzen ari zaizkigun politikak. Izan ere, politika horien ardatza da zerbitzu publikoak ahultzea eta eskubide sozialak murriztea, eta gainera, langileen lan-baldintzak okertzea helburu duten lan-politikak bultzatzen dituzte. Politika horiek eramaten ari dira euskal jendartearen zati bat bazterketa sozialera eta pobrezian bizitzera. Eta bitartean gutxi batzuk izugarrizko irabaziak metatzen ari dira. Horietako bat da Jose Ignacio Goirigolzarri Bankiako presidentea: Plentzian du etxebizitza eta, besteak beste, urteko 3,02 milloi euro gordineko bizi osorako pentsioa du. Baina Goirigolzarri ez da bakarra eta horietako askok besteak beste Neguriko familia dirudun eta aberastutakoak: Ybarra, Delclaux, Aresti, Lezama Leguizamon, Castellanos, Lipperhide, Ampuero, MacMahon, Sendagorta… beren ondasunak esplotazioa eta plusbalioa bidez metatu dutenak, du bizileku Uribe Kosta. Finantza-botere eta ekonomiei men egiten dieten gobernuen politikek pribilegiodun gutxi batzuei mesede egiten diete. Espekulazioa ere izugarria da gure ingurunean. Eten barik eraikitzen segitzen duten arren, gazteriari ezinezko zaio gurasoen etxetik irten eta burujabe izatea, eta etxeen desjabetzeak gero eta maizago gauzatzen dira. Leioan, adibidez, 11.000 etxebizitza dago eta horietatik 1.376 (%12,75) hutsik dago. Jendarte eredu honek alternatiba behar du, izan ere, gutxi batzuek gehiengoaren miseriaren kontura aberastean eta herriaren esplotazioan oinarritzen da. Tresna eraginkorrak behar ditugu aberastasunaren eta lanaren banaketa justua ardatz izango duen jendartea eratzeko, pobrezia sustatzen duten elementuak deusezteko, babes sistema soziala indartzeko, arrisku egoerei erantzuteko eta egungo eredua eraldatuz parekidetasun eta justizian oinarritutako jendartera jauzi egiteko. Uribe Kostako koordinakundetik ondokoa eskatzen dugu: 1. Enplegu duina: Kalitatezko lanpostuen sorrera erreala eragingo duten politikak sustatzea, aurrekontu propiodunak, eta ondoko puntuak aintzat hartuko dituztenak: 1.1 – Lan -ardunaren murrizketa eta banaketa ardatz izanik, lanpostuen sorrera sustatzea, bereziki lan merkaturatzeko zailtasun gehien dituzten kolektiboei zuzenduta (emakumeak, gazteak, etorkinak, urritasunak dauzkaten pertsonak eta 55 urtetik gorakoak), betiere bizitza pertsonal, laboral eta familiarra bateratzea ahalbideratzeko neurriak kontuan izanda: +lan jarduna astean 35 ordutara murriztea +aldi baterako kontratazioan dagoen iruzurraren aurkako borroka indartzea +erretiro adina 60 urtetakoa izatea +bizitza laboral, pertsonal eta familiarra bateratzeko neurriak ezartzea +zerbitzu publikoak ez pribatizatzea +gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna ahalbidetzea kontratazioan nahiz laneko balditzetan eragitea 1.2- Udaletako aldi baterako lanpostuen kudeaketa publiko eta gardena, lan-poltsa irekien bidez kudeatutakoa eta interesa duen orori irekitakoa: +Aldi baterako lan-enpresen bidez kontrataziorik ez egitea +Aparteko ordurik ez onartzea +Lan eta negoziazio kolektiboko erreforma aplikatzen duten enpresarik ez azpikontratatzea 1.3- Lan poltsa bat sortzea Uribe Kostako enpresetako behargin eskaerari erantzuteko 1.4- Bizi-balditzetan zuzenean eragiten duen zerbitzua hobetzeko politikak indarrean jartzea: mendeko pertsonen arretarako zerbitzua, eremu sozio-sanitarioa, mugikortasuna errazteko ingurunearen berritze eta egokitzapena, azpiegitura soziala eta ingurugiroa kontuan izanik.


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.