Auzotarren txanda Osoko Bilkurako aktan jaso dadin onartzea, UAOa berrikusi bitartean Ustez, udal honetako arlo ezberdinetatik, herritarren parte-hartzea bultzatzen ari gara. Osoko Bilkurak aldiz, etxe honek duen erabaki foro publiko bakarra dira eta horretan auzokideek ez dute inolako parte hartzeko aukerarik, ez behintzat beraien parte hartzea jasota gelditzea nahi badute. Gauera arte luzatu ohi diren Bilkura luzeak eta gero, hilero-hilero ikusten ari gara auzokideek hitza hartzeko txanda heldu orduko Idazkariak alde egin duela eta, beraz, beraien adierazpenak ez direla inon jasota gelditzen, horrek dakarren guztiarekin. Jasan beharreko itxaronaldi luzeak eta publiko aurrean hitz egin behar izateak sortzen duen presioari, esandakoa inon jasota ez gelditzea den mespretxua gehitu behar diogu. EH Bildutik behin baino gehiagotan salatu dugu udal jardunean, baina batez ere, Osoko Bilkuretan auzokideek parte hartzeko duten aukera huskeria dela, sistema bera auzokideen parte hartzea blokeatzeko diseinatuta baitago. Gaur egun, hori aldatzeko ustez oztopo nagusia den Udal Araudi Organikoaren berrikuspenean gaude, baina argi ikusten da, eztabaida horrek luzera joko duela. Azken hiru urteotan, zenbait auzokidek euren eskaerak, proposamenak zein salaketak Bilkura aurrean aurkezteko erakutsitako adorea ikusita, eta Osoko Bilkuretako parte hartzea handitzeko aukerak zabaldu behar ditugula argi izanda, UAOaren berrikuspenarekin amaitu aurretik, premiazko diren zenbait neurri hartu behar direla uste dugu. Horregatik ondoko eskaera luzatzen diogu Osoko Bilkurari onartua izan dadin: 1. Osoko Bilkura honek onartzen du beharrezkoa dela auzokideek Osoko Bilkuretan egindako adierazpenak aktan jasota gelditu daitezela, behintzat, Osoko Bilkurako kideen adierazpenak jasota gelditzen diren bezala. 2. Hori dela eta, Osoko Bilkurako kide guztioi, Gobernu Taldeari eta udal idazkariari eskatzen diogu, behar diren araudietan aldaketak egin eta onartu ditzagun, auzokideek Osoko Bilkuretan egindako adierazpenak aktan jaso ahal izateko. 3. Neurri hauek hartutakoan, baloratzen den modu egokienean (udal bandoa, Getxoberri etab.) informatuko zaie auzokideei egoera berriaz, Osoko Bilkuretan parte hartzera animatzearekin batera.
Getxon, 2014ko Iraila Maitane Nerekan Umaran