20110225-berbakafea-txostena

Page 1

Argazkia: ukberri.net

Sarea jostenen berbakafea Algortako Villamonte kultur etxea | 2011-II-25


1. Zer da Sarea josten? Getxoko hainbat eragilek ekimen hau jarri genuen martxan 2010eko otsailean, euskararen alde gabiltzanok, euskaraz lan egiten dugunok eta euskaldunok elkar ezagutzeko eta elkarrekin lan egiteko. Sarea josten ekimen irekia, herritarra eta horizontala da. Irekia denez, bertan parte hartu dezakegu euskararen alde lan egiteko prest gauden euskaldun eta euskaltzale guztiok. Herritarra denez, herriko taldeak, elkarteak, eragileak eta norbanakoak gara protagonistak. Eta horizontala denez, denon artean erabakitzen dugu sarea nola josi. Zeuk ere gurekin batera sarea josi nahi baduzu, ondo etorri, ateak zabal-zabalik dituzu!

2. Jostunak Oso esparru ezberdinetako partaideak gabiltza sarea josten: dantzariak, komunikabideetako langileak, feministak, kirolariak, ikastetxeetako guraso, ume zein irakasleak... Ezberdinak gara baina helburuak batzen gaitu: euskararen alde lan egin. Agurra kultur elkartea, Aixerrota Boleibol KT, Aixerrota institutua, Algortako bertsolari eskola “ALBE�, Algortako emakume gazteon asanblada, Algortako San Inazioetako jai-batzordea, Algortako Ungari mendi-taldea, Andra Mari ikastetxea eta guraso elkartea, Berbalagunak, Bizarra Lepoan euskara elkartea, Egizu Getxo Euskaldun elkartea, Eztabaida gune antiautoritarioa, Geroa Mendi Taldea, Getxo herri-kirol taldea, Getxo Kayaka, Getxo rugby taldea, Getxoko Bilgune Feminista, Getxoko Udalaren euskara-zerbitzua, Getxoko Udal Euskaltegia, Gorrondatxe Kultur Elkartea, Ikasle abertzaleak, Itxartu, Itxas-argia elkartea, Itzubaltzeta gaztetxea, Jose Antonio Agirre Euskaltegia, Koska irratia 108 FM, Lauaxeta aek euskaltegia, Romo Ikastetxea, San Nikolas ikastola, Txorimalo gaztetxea, UK aldizkaria, Ukberri.net agerkari digitala, Uktest txalaparta elkartea.

Sarea josten euskararen aldeko auzolana Getxon | sareajosten.net

2


Argazkia: ukberri.net

3. Berbakafea Berbakafea edo word coffe dinamika bat da, metodologia bat, pertsona batzuek gai batzuei buruz hitz egiteko, eztabaidatzeko eta hausnartzeko, denon artean. Helburua oso xumea izan da: elkartu, elkar ezagutu, esperientziak trukatu eta, ahal den neurrian, denon ekarpenak testu batean adostu. Talde-terapia modukoa ere bada, ikuspegi desberdinak ezagutzeko eta norberarena aberasteko. Hiru orduz 36 lagun elkartu gara, Getxoko hainbat talde, elkarte eta eragiletakoak, baita norbanakoak ere, eta honako bi puntu hauen inguruan hausnartu, eztabaidatu eta hitz egin dugu: euskararen egoera Getxon eta Sarea josten ekimena. 6 taldetan banatuta, seinaka jarrita, galdera hauei erantzun diegu: 1. atala: Euskararen egoera Getxon - Euskaraz bizi zara? Zergatik? Zein egoera duzu etxean, koadrilan, lanean, eta abarretan? - Zure ustez, nolako egoera dugu euskaldunok Getxon? Zergatik? - Zer egin dezakegu Getxon euskaraz bizitzeko? 2. atala: Sarea josten - Zertan lagun dezake Sarea jostenek Getxo euskalduna lortzeko prozesuan?

Sarea josten euskararen aldeko auzolana Getxon | sareajosten.net

3


4. Berbakafean jasotakoak (Ekarpenak, iritziak eta kritikak) Hemen behean agertzen diren adierazpenak taldeetan, orrietan eta talde handian jasotako batzuk dira. Ez daude esandako guzti-guztiak, eta daudenak ez daude idatzita esan ziren bezala. Ideia nagusien laburpena egin dugu: “Hemen gauden guztiok euskaldunak eta euskaltzaleak gara eta bakoitzak bere egoera du: familian, etxean, koadrilan, lanean... Baina argi dago gaur egun Getxon euskalduna izatea eta euskaraz bizitzen saiatzea izokinarena egitea dela, sistemaren kontra edo korrontearen kontra egitea da, alegia. Sistema eta giroa erdaldunak dira eta sistemak hortik eramaten zaitu, horretara eramaten zaitu, indar handiarekin, gainera. Eta euskaraz bizi nahi baduzu, hautatu egin behar duzu izokina izango zarela, erabaki behar duzu korrontearen kontra egingo duzula. Euskalduna izatea erabaki kontzientea da beraz, eta erabaki hori gogoan dago oinarrituta, grinan, borondatean. Eta behin erabaki duzunean euskaraz biziko zarela, badakizu ahalegina egin beharko duzula, ez dela erraza izango, esfortzua egin beharko duzula; arraroa izango zarelako, desberdina izango zarelako, bilatu egin behar duzulako etengabe hori egin ahal izateko modua: euskaraz bizitzeko lanean, aisialdian, administrazioan, kirolean, etab.”. “Euskara sustatu behar dugu geure hizkuntza delako. Gaztelania ere, gaur egun, gurea da, baina kanpotik etorri zaigu. Gurea, betikoa eta berezkoa, euskara da, eta hori da gure izaeraren ardatza. Horregatik sustatu behar dugu, eta ideia horretan oinarritu behar gara. Bestela, esaten badugu euskara komunikatzeko tresna baino ez dela, euskaldun gehienak hobeto moldatzen direnez gaztelaniaz edo frantsesez, horiek erabiliko dituzte komunikatzeko”. “Nik duda dut ea derrigor bizi behar ote garen beti euskaraz. Neuk erabakitzen dut norekin egin euskaraz eta norekin gaztelaniaz. Gehiago kezkatzen nau euskaldunon artean ez dugula beti euskaraz egiten. Nik uste dut etxerako lanak etxean egiten hasi behar garela, kanpoko inori ezer eskatzen hasi aurretik. Euskaldunok gure artean beti euskaraz egin, eta gero gerokoak”. “Niri behintzat euskararen inguruko diskurtso hauek apur bat urrun geratzen zaizkit. Ni euskaldunzaharra naiz, euskaraz bizi naiz gehienbat eta euskalduntasuna modu naturalean bizi dut, eta saiatzen naiz modu naturalean bizitzen”. “Nik aspaldi erabaki nuen euskaraz bizi nahi nuela eta, ahal zen neurrian, euskaraz biziko nintzela. Eta ez da erraza izan, eta askotan zeure burua justifikatu behar izaten duzu, zergatik bizi nahi duzun euskaraz edo zergatik zaren euskalduna. Baina esfortzuak merezi izan du. Nire inguruan –lanean, koadrilan, familian– status hori lortu dut eta inguruko euskaldun gehienek nirekin beti egiten dute euskaraz”.

Sarea josten euskararen aldeko auzolana Getxon | sareajosten.net

4


“Nik uste dut euskaldunok, orokorrean, gai honi buruz, oso ezkorrak izaten garela. Eta begira: 36 euskaldun eta euskaltzale batu gara gaur, ostiral arratsalde batean, hiru orduz, honi buruz hitz egiteko. Hori dagoeneko asko da”. “Nik oso inpresio ona daramat etxera: hemen batu garen gehienak gazteak zarete. Herri honetan inoiz ez dira hainbeste gauza egin euskaraz. Eta gainera, hemen gauden guztiok oso desberdinak gara, bakoitza bere etxetik dator, baina euskarak batu gaitu hemen eta gaur. Herri honetan euskara izan da faktorerik aglutinatzaileena”. “Zenbat aldiz ez ote ditut ikusi gazteak euskararen aldeko kartelak ipintzen eta haien artean erdaraz”. “Egia da gazte gehienok euskaldunak garela, eta askotan gure artean erdaraz egiten dugula, nahiz eta euskararen aldeko diskurtsoa izan. Baina ez bota erru guztia gazteei. Gu nonbaitetik gatoz, ez?”. “Nire ustez euskararen egoera Getxon tamalgarria da. Areetatik honaino oinez etorri naiz eta entzun ditudan ehunka elkarrizketetatik bakarra izan da euskaraz”. “Egoera oso artifiziala da eta datuak puztuta daude. Euskaldun asko euskaldunak dira perfilengatik baina ez dira batere euskaltzaleak. Beste alde batetik, egia da ematen duela azken urteotan eskubideen gaia asko zabaldu dela eta euskaldun asko lehen baino kontzientziatuago daudela”. “Aurrerapauso handiak egon dira azken urteotan, batez ere irakaskuntzan: D eredua gorantz doa eta ume gehienak euskaldunak dira. Baina atzerapausoak ere egon dira: orain ume askok irakasleei erdaraz egiten diete, eta hori orain dela urte batzuk pentsaezina zen”. “Ume gehienek euskara eskolarekin lotzen dute, eta eskolarekin baino ez. Eskolako atea pasa eta erdaraz beti: lagunekin, etxean, aisialdian... Euskara zabaldu egin behar da eskolatik kanpo ere eta umeen bizitza euskaldundu”. “Gurasoek badute zer egin, eta asko, gainera. Guraso erdaldunek jakin beharko lukete ez dela nahikoa umea D ereduan matrikulatzearekin. Nolabaiteko konpromisoa hartu beharko lukete ikastolarekin, umea matrikulatzeaz batera, haiek ere euskaltegian matrikulatzeko”. “Nire ustez larriena da guraso euskaldun batzuek egiten dutena: ama eta aita euskaldunak, umeekin euskaraz eta euren artean erdaraz. Hori oso larria da eta agian haiek ez dira horretaz konturatzen. Baina horrela lortzen dutena da euskara umeei hitz egiteko hizkuntza izatea, irakasleek eta gurasoek umeekin erabili beharrekoa. Umeak berehala egingo du lotura: handia naizenean, erdaraz”.

Sarea josten euskararen aldeko auzolana Getxon | sareajosten.net

5


“Denok ados gaude euskararen egoera Getxon inoizko onena dela. Inoiz ez dira hainbeste euskaldun egon eta inoiz ez da euskara hainbeste esparrutan egon. Hori datu objektiboa da, ezin da eztabaidatu”. “Argi dago euskara Getxon inoiz baino hobeto dagoela, baina hobeto egon zitekeen? Bai, jakina. Nola? A eredurik egongo ez balitz, adibidez. EAEn A eredua %5 da eta hemen %25. Beste modu batera esanda: D eredua EAEn %75 da eta hemen %50. Orduan milioiak eta urteak eta denon energiak inbertitu ahal ditugu tiritak ipintzen, baina zauririk handiena sendatzen ez den bitartean...” “Nik uste dut arazoa ez dela A eredua. Herri honetan euskaldun asko gaude, 25.000 inguru, eta masa kritiko nahikoa dago. Egin behar duguna da denok euskaraz egin eta euskaraz bizi modu naturalean. Euskaldunak aktibatu eta mobilizatu, jarrera aktiboa izateko. Horrela erdaldunengan jakin mina sortuko dugu eta haiek ere erakarriko ditugu eta egoera, pixkanaka-pixkanaka, berez aldatuko da.” “Nik uste dut bi jarrerak bateragarrik direla: euskaldunok trinkotu eta gero eta gehiago erabili; eta aldi berean, eta hori egin ahala, besteei ere eskatu ikasteko, egiteko eta gure eskubideak errespetatzeko”. “Nik ez dut aipatu gabe utzi nahi Getxoko euskara zerbitzuak egiten duen lana. Izugarria da zer nolako inbertsioa, gogoa eta ahalegina egin den eta egiten den herri honetan euskararen alde. Eredugarria ondoko herrientzat”. “Euskaldunoi kontzientziazioa eta ardura falta zaigu. Geure esku dago euskara bultzatzea, besteei ezer eskatu aurretik. Lan handia dugu etxe barruan egiteko”. “Sarea josten ekimenak bete-betean asmatzen du norabidean eta planteamenduan: herri honetan egin behar duguna da euskaldunak elkartu, elkar ezagutu eta elkarrekin gauzak egin. Jende guztiari erakutsi asko garela, komunitate handia eta zabala osatzen dugula, batuta gaudela eta euskaraz bizi nahi dugula”. “Euskaldunok lobby modukoa egin beharko genuke: presio-taldea izan, gure eskubideak errespetatuak izateko eta erabakietan eragina izateko”. “Euskara despolitizatu egin behar da eta alderdikerietatik atera, baina, aldi berean, euskarak zentralitatea izan behar du politikan, politikaren erdian egon behar da, orain arte lortu duguna ez galtzeko eta aurrerapauso gehiago egiteko. Ezin gara beti ibili kezkatuta ea nor egongo ote den lau urtetik lau urtera udaletxean edo Jaurlaritzan. Euskara blindatu egin behar dugu”.

Sarea josten euskararen aldeko auzolana Getxon | sareajosten.net

6


Argazkia: ukberri.net

“Topikoa ematen du baina oraindik ere gertatzen da: hamar euskaldun euskaraz, erdaldun bat agertu eta denok erdaraz. Eta errespetuaren kontua eta hori dena baina noiz arte erdaldunen beto-eskubidea? Eta ez da bakarrik erdaldunaren errua, errurik handiena gurea da”. “Euskaldunok morala igo behar dugu, autoestima nahiko baxu dugulako. Askotan gertatzen zaigu, adibidez, barkamena eskatzen dugula euskaraz hitz egiteagatik. TELP moduko ikastaroak oso interesgarriak dira eta gehiagotan egin beharko genituzke, euskaraz harro bizitzeko eta taberna eta denda guztietan eroso eta natural eskatzeko, beldurrik eta lotsarik gabe”. “Euskaldunok ere armairutik irten behar gara”. “Betiko eztabaida izaten da euskara derrigortu behar ote den edo borondatean oinarritu. Onena litzateke inor ezertara ez derrigortzea, baina mendeak pasako lirateke eta Getxo ez litzateke euskalduna izango horrela. Nik uste dut derrigortzeari edo arautzeari ez diogula beldurrik izan behar. Benetan euskara normalizatu nahi badugu, askoz politika ausartagoak egin beharko ditugu”.

Sarea josten euskararen aldeko auzolana Getxon | sareajosten.net

7


“Euskararen txokoan bizi gara eta txoko hori izan daiteke txikiagoa edo handiagoa. Handitu ahal dugu txoko hori eta gutako asko hor eroso eta epel biziko dira, baina beti izango da txoko. Eta nik ez dut txoko batean bizi nahi, nik txokotik unibertsora pasa nahi dut, eta Getxo euskaldun batean bizi nahi dut”. “Baldin badakigu herri honetako ume eta gazte gehienek euskaraz ulertzen dutela, zergatik ez diegu beti euskaraz egiten? Eta erdaldunekin ere lehen hitza beti euskaraz egin beharko genuke; bestela betikoa entzuten jarraitu beharko dugu: si aquí nadie habla euskera”. “Administrazioak lan handia egin behar du. Lehenik eta behin, bere burua euskaldundu behar du eta euskaraz lan egin eta euskaraz sortu”. “Komertzioak oso garrantzitsuak dira. Komertzioak euskalduntzen baditugu, auzoak ere euskaldunduko ditugu. Horregatik tabernetan, dendetan, jatetxeetan eta abarretan beti egin behar dugu lehen hitza euskaraz, eta ahal badugu, euskarazko zerbitzua eskatu. Horrela beharra sortuko dugu”. “Hiru modu okurritzen zaizkit egoera aldatzeko: euskara planak egitea leku guztietan, ume asko izatea eta D ereduan matrikulatzea eta erdaldunak euskalduntzea”. “Herri honetan euskaraz ikasten ez duenak, berak jakingo du zergatik den baina ez dauka aitzakiarik: udalak dena ordaintzen dizu eta kristoren erraztasunak daude”. “Ekintza gehiago eskaini behar dira euskaraz. Eta guk exigitu egin behar ditugu. Musika eskola erdaraz da, adibidez”. “Faduran kirol asko erdaraz egiten dira umeekin eta hori lotsagarria da. Beti ibili behar gara gainean, komisario linguistikoarena egiten, beti kexaka, eta hori oso nekagarria da. Guk normal bizi nahi dugu, lasai, euskaraz, beti protestatzen ibili barik”. “Afektibitatea euskaraz landu behar dugu. Jendeak ondo pasa dezala euskarazko jardueretan, ahaztu dezala euskaraz egiten ari denik ere, hori litzateke naturaltasunaren seinalerik onena”. “Nire ustez, Sarea jostenen egin nahi den agenda bateratua oso garrantzitsua da. Nik euskaraz bizi nahi dut eta jakin nahi dut zer egin dezakedan herri honetan euskaraz. Lana erraztu egin behar didate, bilatzen eta bilatzen ez ibiltzeko”. “Sarea jostenen indarrik handiena da euskaldunari, dagoen lekuan dagoela, esaten diola: ez zaude bakarrik. Ez zaude bakarrik zu, ez zaude bakarrik zure elkartean; herrian milaka euskaldun daude, elkarte asko daude, eta denok gaude itsasontzi berean”.

Sarea josten euskararen aldeko auzolana Getxon | sareajosten.net

8


Argazkia: ukberri.net

“Berbakafe honen moduko ekintza txiki gehiago egin behar ditugu, jendea sentsibilizatzeko. Euri modukoa sortu behar dugu, etengabe, herria blaitu arte”. “Kanpaina bat egin beharko genuke lehen hitza euskaraz izateko”. “Hobe da oinez eta seguru eta ez zaldiz eta zulora. Goazen astiro-astiro baina sendo, sarea ondo josi, epe luzera begirako prozesua da hau, maratoia, ez dugu kerik saldu behar”. “Pertsona erreferenteak daude, ekintza erreferentzialak eta elkarte erreferentzialak, imana dutenak. Horiek handitu, babestu eta bultzatu behar ditugu, besteak erakartzen dituztelako”. “Espazio hegemonikoak sortu behar ditugu euskaraz. Euskara hutsean gero eta gauza gehiago eskaini, beldur barik. Eta lortzen badugu espazio horiek arrakastatsuak izatea, erdaldunak ere erakarriko ditugu, ikusiko dutelako euskara barik hori galtzen dutela, euskara behar dutela horiek gozatzeko. Beitu Pirritx eta Porrotx edo bertsolaritza, adibidez”.

Sarea josten euskararen aldeko auzolana Getxon | sareajosten.net

9


“Sarea jostenen barruan gauden elkarteetan ere, barrura begira, konpromisoak hartu behar ditugu euskara bultzatzeko eta euskara gehiago erabiltzeko”. “Sarea jostenek eta Getxoko euskalgintzak Kafe Antzoki moduko bat behar du, leku fisiko bat, handia, erosoa, dotorea eta modernoa, denok batzeko eta edozein aktibitate egiteko”. “Bai berbakafearena, eta bai Sarea jostenena zabaldu egin behar da herrian. Jende askok ez du ezagutzen eta oso interesgarria da”. “Nik uste dut Sarea jostenek bi plano dituela: kanpora begirakoa eta barrura begirakoa. Kanpora begirakoa garrantzitsua da, jendeak ezagutzeko, jendea motibatzeko, indar-erakustaldia egiteko. Plano horretan kokatzen dira iaz Gobelako frontoian egindako herri-bazkaria, hainbat lekutan egin genuen erakusketa ibiltaria edo aurten egin nahi dugun esaera zaharren txapelketa. Baina hori egin ahal izateko, sukalde-lana egin behar da: gure arteko sarea josi eta horrelako hausnarketak egin. Behin hori eginda, goazen kalera”. “Izugarria da Egizun egiten duten lana. Gauza pila bat antolatzen dute, jende guztiarentzat. Ni oso pozik nago berbalaguna naizelako eta aurkitu dut nire espazioan euskaraz bizitzeko apur bat, familia handi horren barruan. Jende asko ezagutu dut eta lehen ezagutzen ez nituen leiho asko zabaldu zaizkit”. “Gutako bakoitzak konpromisoa hartu behar du hemendik atera eta bere ingurua euskalduntzen hasteko eta eragiteko”. “Oso zaila izaten da batzuetan hizkuntza-ohiturak aldatzea. Nahiz eta kanpainak egin eta kanpaina horien seinaleak egon, adibidez, okindegietan, kartela ikusi, euskaraz egin nion eta zakar erantzun zidan erdaraz”. “Euskalgintzan egunero dugu euskara berbagai, baina ze leku du euskarak beste esparrutan? Euskaldunek zer kezka dute dabiltzan elkarteetan? Gure beharra dute? Zelan lagundu ahal diegu? Euskaldunak portzentajeetan gutxi baina kopuruetan asko gara, zelan batu ahal gara? Zelan sentitu ahal dugu asko garela eta antolatuta gaudela modu batean edo bestean?”. “Adosten ditugun Mezuak, kanpainak, informazioa denon artean zabaldu behar ditugu, uholdea egiteko”. “Etorri berriengana (etorkinak) ez gara euskaraz hurbiltzen eta horrela baztertu egiten ditugu. Kontrakoa egin behar dugu, euskaraz egin haiei ere eta nolabait esan: ongi etorri euskaraz bizi garenon familiara (Korrikaren leloa)”

Sarea josten euskararen aldeko auzolana Getxon | sareajosten.net

10


Argazkia: ukberri.net

“Sarea josten ekimenak balio du; alde batetik, jende euskalduna ezagutzeko eta sarea handitzeko; bestetik, euskal munduan ez zeuden euskaldunak erakartzeko; eta, azkenik, erdaldunek zerbait galtzen ari diren sentsazioa izateko”. “Hamabost urte inguruko gazteek galtzen omen dute euskararen grina. Euskara ez omen da guai eurentzat eta hor zerbait egin behar dugu”. “Elkarren baliabideak ezagutu behar ditugu. Sortu beharko genuke tresnaren bat lanean ere euskaldunak elkartzeko eta harremanetan jartzeko, euskarazko zerbitzua bilatzen ari dena euskarazko zerbitzua eskaintzen duenarekin: txistuirakasleak, eskola partikularrak, etab.”.

Sarea josten euskararen aldeko auzolana Getxon | sareajosten.net

11


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.