2 minute read
PROTAGONISTAK Ainhoa Etxabe
from Ikasten 118
by web urola
AINHOA ETXABE
Urola Ikastola BHI
Advertisement
Ainhoa Etxabek harreman estua dauka herri-kirolekin. DBH4ko ikasleek harriak jasotzen zituzten bitartean, Ainhoari buruz gehiago jakiteko aprobetxatu genuen.
Ainhoa Etxabe. Fisika-Kimikako irakasle gisa ezagutzen zaituzte askok, baina nor da Ainhoa Etxabe?
Fi-Kiko irakaslea naiz, bai; baina, horrez gain, Gipuzkoako Herri Kirol Federazioko presidentea eta Joseba Ostolaza Harri Eskolako kidea ere banaiz.
Bizitza pertsonalean ere harreman estua duzu zuk herri kirolekin.
Betidanik. Azken 30 urteotan behintzat oso gertu bizi izan dut herri kirola: lehengusua idi-dematan ibiltzen da gaur egun, eta harri-jasotzen ere ibili zen bere garaian; senarra eta alaba ere harri-jasotzen ibiltzen dira. Beraz, beti harri artean. Lehenengo emakumea zara Gipuzkoako Herri Kirol Federazioko presidentetzan. Garai berriak datoz? Nik uste baietz. Ez dakit emakume bat sartu delako izan den, baina herri-kirolak bai buelta bat eman nahi duela. Eta herri-kirolarien profila ere aldatzen ari da pixkanaka-pixkanaka: emakumeak ere sartzen ari dira poliki-poliki eta gazteak ere asko datoz. Orain baino garai txarragoak bizi izan ditu herri-kirolak.
Aldatzen ari da beraz harri-jasotzaileen profila ere?
Bai. Etxetik ere banuen erronka pertsonal hori, alaba tarteko. Orain gutxi arte harri-jasotzen ikusten ziren neskak beti ziren baserri girokoak, eta nire alaba Udanerekin saiatu naiz harri-jasotzaileei lotutako estereotipo horiek apurtzen, bera ere profil horretatik urrun dagoelako, batik bat. Esaterako, moda asko gustatzen zaio, eta berak diseinatzen ditu harri-jasotzeko erabiltzen dituen txalekoak. Beraz, esan bezala, aldatzen ari da herri-kirolarien profila, eta argi dago ez direla kontrajarriak herri-kirolak eta neska izatea.
Aurreiritzi asko dago herri kirolen inguruan?
Oraindik ere bai. Orain arte herri-kirolen munduan gizon asko ibili delako batik bat, eta oraindik beraien ikusteko modua eta gurea ez direlako berdinak. Kostatzen ari zaigu hori aldatzea.
Beharrezkoak dira gaurkoa bezalako saioak ikasleek herri-kirolak sakonago ezagutzeko? Piztu ote duzue gaur ikasleengan txinpartarik?
Lanean ibili naizen eskola ia guztietan saiatu naiz halako saioak egiten, eta beti ateratzen da norbait. Izan ere, kirol bat ez baduzu inoiz probatu, ezin zaizu gustatu. Beste edozein kirol probatzea erraza da, baina harri-jasotzea ez. Horregatik gustatzen zait ikasleei aukera bat ematea herri-kirolak sakonago ezagutzeko eta harria bizkar gainera igotzea zer den beraien azalean probatzeko.
Zer gomendatuko zenioke harri jasotzen hasi nahi duen gaztetxo bati?
Animatzeko. Etortzeko. Ateak irekita ditugu Joseba Ostolaza Harri Eskolan. Orio eta Aia artean gaude kokatuta, eta harri-jasotzen ikastea merkea da oso: ez diegu gure ikasleei ezer kobratzen. Beraz, etor daitezela, probatu dezatela eta, gustatzen bazaie, aurrera. Askok ez dute beren lekua bilatzen gainerako kiroletan, bai ordea herri-kiroletan.
Amaitzeko, zer moduz joan da goiza Urola Ikastolako Ikasleekin?
Oso ondo. Oso gustura gelditu gara gu, eta beraiek ere gustura aritu dira parte hartzen.
Ea ba saio honetatik herri-kirolari berriren bat ateratzen den. Mila esker Ainhoari eta Jose Ostolaza Harri eskolatik etorri zineten kide guztioi!