7h95

Page 1

hutsa

BALI EZEZAGUNA Jainkoen uhartea arakatzen • MENDI HARRITSUAK Naturaren anfiteatroa Kanadan • CONCORD Thoreauren oinatzei segika • ORDIZIA Nekazaritzaren bihotzean • SAÔ JORGE Amildegiaren ertzean

haizetara 7 BIDAIA ALDIZKARIA

Mozambike

ESKLABOEN UHARTEAN


Azaleko argazkia: Ura Iturralde

Argitaratzailea: Astero. Herritar Berri SLU . Editorea: Amaia EreĂąaga Diseinua: Eneko Napal Argazkigintza: Conny Beyreuther Egoitza: Portuetxe, 23 -2.A e-posta: zazpihaizetara@astero.net tfnoa: 946 61 20 55 www.zazpihaizetara.com

LEGE GORDAILUA: SS-238-2008 INPRIMATZEN DU: Printek Inprimategia. Zamudio


aurkibidea 04

Munduari begirada Akropolia eta ahantz ditzagun une batez arazoak.

06

ErreportaJEak 6

Bali Mundu osoko helburu turistiko ohituenetako bat bada ere, turistek ezagutzen ez dituzten leku ezkutu eta interesgarri asko ditu jainkoen uharteak.

16

Mendi Harritsuak Sarritan, Kanadako Banff eta Jasper parke naturaletan gordetako altxorrak imajinatzea ez da erraza. Guk lortu dugu.

22

Ilha do Ibo Ibo uharte txikia Mozambikeko kostaldean dago. Beste mota bateko turismoa maite dutenen helmuga bihurtzen ari da.

32

Concord Henry David Thoreau, ÂŤekologismoaren aitarenÂť arrastoari segika iritsi gara AEBetako hiri honetara jaio zeneko 200. urteurrenean.

40

Ordizia Goierriko erdigune gastronomikoa, baita gaztaren hiriburua ere.

44

SaĂ´ Jorge Azoreetan, Atlantiko erdian azaleratzen den uhartea, goitik behera ebakitako haitz puska etzan bat dirudi.

44 22

32

16

Bidelaguna 52

Proposamen tematikoa Zinemako bederatzi unibertsitate-campusak.

56

Hitzorduak

58

Liburuen txokoa

60

Gogoan hartu Portugaleko Casa do Penedo eta Shinlixia begiratoki txinatarra.

62

Laburrak

40 3


AKROPOLIA Ahantz ditzagun une batez arazoak ne batez, Greziako arazo soziopolitikoak eta krisi ekonomikoa bazter batera utz ditzagun –errefuxiatuen kanpalekuek sortzen dituzten arazoak, gazteen langabezia %50era iristen ari dela...– eta errepara diezaiogun herrialde honen edertasunari. Grezia herrialde ederra baita, historiaz blaitua eta ur urdinek bustia. Gainera, greziarrak atseginak dira oso, nazioarteko gastronomiarik ospetsuenetakoa dute... zer gehiago eska dezakegu orduan? Argazkia uztailaren hasieran ateratakoa da, ilunabarrean, Filopapos mendixkatik. Tokia oso aproposa da Atenaseko ikuspegiaz gozatzeko, Akropolia parez pare dagoela. Uda partean Atenasen egiten duen beroa kontuan izanik, gainera, turismoa egiteko ordurik egokiena dela esan daiteke, goizeko lehen orduak bezalaxe. Datu bitxi bat: Grezia klasikoko altxor hau Periclesi –Atenaseko buru izan zen K. a. 461 eta 429 bitartean– zor diogu... altxor publikotik dirua desbideratu baitzuen Akropolia berreraikitzeko, persiarrek K.a. 480an suntsitu ondoren. Ustelkeria kontu zaharra da, bada.

U

Argazkia: Louisa Gouliamaki

4


Munduari begirada

5



Bali

Testua eta argazkiak: Aleix Oriol

JAINKOEN UHARTEA ARAKATZEN


BALI EZEZAGUNA

Denok daukagu haren entzutea. Izena aditzearekin batera, paraje idilikoak datozkigu burura, harea zurizko hondartzen irudiak, tenplu exotikoak eta arroz soro tatxagabeak palmondo ikusgarriz inguraturik. Mundu osoko helburu turistiko ohituenetako bat bada ere, masa turismoak ezagutzen ez dituen interes puntu ugari ere badaude oraindik Balin. Bidaia honetan horixe izan da nire asmoa, lekurik apartatuenak arakatzea, jainkoen uharteko alderik ezkutuenak azaleratzeko.

uela bost urte Indonesiara bidaiatu eta Balin lur hartu nuenean, ez nuen izan oso bihozkada ona. Aireportutik atera ahala, itolarria eragin zidan asfaltozko oihan hark, autoz eta motoz gainezka, hotelak nonahi. Bat-batean gainean nuen herritar saldoa, ostatua, taxiak eta orotariko zerbitzuak eskainiz. Hura ez zen nik irudikatua nuen paradisu tropikala. Itxurak, ordea, ez dira inoiz izaten fidatzekoak. Hego-ekialdeko garapen urbanistiko neurrigabeaz harago, Balik eskaintza amaiezina du bere baitan presarik gabe arakatzeko prest dagoen bidaiariarentzat. Indonesia artxipelago zabalaren erdialdean kokaturik, Java eta Lombok artean doi-doi jarria, Bali uharte txiki samarra da beste batzuekin alderatuta (5.636 km2). Halere, ekosistema ikaragarri anitzak ditu, erdialdeko eta iparraldeko euri-oihan hezeetan hasi eta hegoaldeko muturreko sabana idorreraino. Iparraldea sumendi kate batek zeharkatzen du. Agung mendia da irlako tontor gorena (3.031 m), eta bera da mendirik sakratuena balitarrentzat. Uharte osoa inguratzen

D

Batur lakuaren inguruko baserritarrak. Erreportajea zabaltzen duen irudia ere inguru horietakoa da. Ondoko orrialdean, Taman Ujung eta Bali Mendebaldeko Parke Nazionaleko baso itxia.

8



BALI EZEZAGUNA Agung mendiaren ikuspegi hau Batur menko gailurretik aterata dago.


duen mistizismo aurak ere erakarmen saihetsezina ematen dio bisitari askorentzat. Hinduismoa nagusitzen da balitarren artean. Erlijio hori K.a III. mende inguruan iritsi zen hara, eta lehengo animismoaren eta arbasoenganako kultuaren osagaiak bere biran bildu zituen, eta horrela osatuz joan zen gaur egun Baliko gizartea antolatzen duen sinesmen sistema konplexu eta berezia. Bertakoen ustez, uhartea organismo bizi bat da, eta hein horretan, babestu eta gurtu beharrekoa: haren baliabideak modu jasangarrian ustiatuz, eta haren eskuzabaltasunari esker ona agertuz erritu eta ekitaldi ezin ikusgarriagoak eskainita. Taman Nasional Bali Barat Nire bidaiaren abiapuntua uhartearen mutur batean dago, Bali mendebaldeko parke nazionalean (Taman Nasional Bali Barat). Uharte osoan babestutako natur erreserba bakarra da, 190 km2-ko azalera du, eta ugariak dira bertako habitatak, bereziki nabarmentzekoak sabana, mangladia, euri-oihan lehorra nahiz hezea eta koral uharriak. Bisitari gutxi izaten ditu parke honek, eta horregatik leku aproposa da trekking egun bat egiteko ia-ia erabateko bakardadean. Erreserban hiru harrera puntu daude: Cekik, mendebaldean; Sumber Klampok, erdialdean; eta Labuang Lalang, ekialdean. Erdialdeko horretara jotzea erabaki dut, bisitariei harrera egiteko bulego txiki bat du-eta. Bertako gidek hainbat zirkuitu eskaintzen dituzte, 2 edo 3 orduko ibilaldietatik 7 orduko trek bateraino, parkearen iparraldeko zatirik handiena zeharkatuz. Nire aukera hauxe izan da: Prapat Agung penintsulako mendialdean barrena lau orduko txangoa egin, Baliko itsasarteko hondartza ederretan amaitzeko. Berez, atzerriko bisitariek 12 euro inguruko (200.000 IDR) sarrera ordaindu behar dute, hautatutako zirkuituaren salneurriaz gain, baina tratulari iaioak bezala tematuz gero lor dezakegu azkenean hainbeste ez puztea prezioa. Behin ordaindu beharrekoa adostutakoan, bideari ekin diogu. Landaretza oparoaz gain, mehatxaturiko zenbait espezietako animaliak ere badaude parkean, direla primateak (Macaca nigra), direla hegaztiak (Leucopsar rothschildi), eta horiez gain, oreinak, basurdeak eta

abar ikusteko aukera ere izaten da, eta horien artean muntiak ere bai, hau da, zerbidoen tarteko hausnarkari txiki eta bitxi bat (Muntiacus muntjak). Zorionekoa ni, zenbait makako beltz ikusteko aukera izan baitut, Baliko baso gehienetan bizi diren isats luzeko makakoak baino handiagoak eta ikusgarriagoak. Prapat Agungeko hondartzetan hegazti bilduma bat bisitatzeko aukera dago, eta Leucopsar rothschildi espezieko zenbait ale daude bertan ikusgai. Txori txuri pertxentak burualdean marra urdin polit bat du eta oso ale gutxi bizi dira erabateko askatasunean, baina zortea beste behin ere lagun izanda, baliteke horietakoren batekin ere topo egitea. Ibilaldia amaitu baino lehentxeago, Gilimanuk badiako hondartzetara iritsi gara eta bertako turkesa koloreko uretan murgildu naiz, ur lasterrek Javatik ekarritako zaborrak parajearen edertasuna pixka bat zapuzten badu ere. Nekatuta baina pozik, nire bideari lotu natzaio berriro, uharte erdialdeko mendietarantz. Geldialdi txiki bat egin dut Pemuteranen. Parke nazionaletik gertu dago herrixka hau, eta bertan urpekaritza zirkuituak kontratatu daitezke ondoko Menjangan uhartean aritzeko, edo bestela, snorkelarekin une atsegin bat pasatu Biorock izeneko egitura berezietan. Hain zuzen, kontserbazio proiektu bat da Biorock, hainbat sari jaso dituena, itsas hondoan ainguratutako egitura metaliko batzuetan koralak ÂŤlandatzenÂť baitituzte, besteak beste, zianuroa eta lehergailuak erabiltzen dituzten arrantza teknikek inguru horretako itsas faunan eragindako txikizioari buelta eman eta uharri berriak sortzeko. Uharri berri horiek itsas espezie asko erakartzen dituzte, eta merezi du, beraz, bidean geldialdi bat egin eta itsas eremu bare honetan urperatzea. Pemuteran, gainera, gaua emateko oso leku gomendagarria da, poltsiko guztietara moldatzen den ostatu eskaintza duelako. Errepidera itzulita, mendialdean barneratzea erabaki dut, Baliko tenplu ezezagunenetako eta interesgarrienetako batera joateko. Batukaru mendi ikusgarriaren magalean dago, uharteko bigarren gailur handiena den horretan, eta beraz, Baliko oihan itxi eta sarrienetako batean dago, kokaleku ezin hobean. Hasierako eraikuntza XI. mendekoa bada ere, zenbait aldiz berreraiki dute. 11


BALI EZEZAGUNA Mahadeva jainko hinduari eskainia, balitar sinestunentzat erromesaldi lekua da, eta urtean behin mendi sakratu horretara igotzen dira airearen, uraren eta landareen jainkoaren bedeinkapena jasotzeko. Oskarbi denean, eta eguratsa garden, Batukaru mendi ohoragarriaren gailurra miresteko aukera ematen du. Benetako balitar arimaren bila Batukarutik ekialderantz kilometro gutxi batzuetara daude Jatiluwih-ko arroz soro entzutetsuak, Unescok munduko ondare izendatuak. Balin duela milaka urtetako teknikak erabiltzen dituzte landatzeko eta ureztatzeko, baliabideak modu jasangarrian erabiltze aldera eta uharteko nekazari guztien artean ura modu parekidean banatu ahal izateko bere garaian ezarri zuten gisara. Subak izeneko antzinako ureztatze sistema hori ingeniaritzaren mugarri bat da eta gaur egun ere horretaz baliatzen dira. Gaurkoan, ordea, beste eremu batera joatea erabaki dut, Jatiluwihko arroz soroetan baino

12

bisitari gutxiago izango delakoan. Penebal eskualdean baratze maila ugari daude, goxotasunez zaindutako arroz soroen segida ia amaiezina eratuz. Parajea, Batukaru mendia atzean dela, zoragarria da. Bidea oinez edo motozikletan egin behar da, ez dago hara iristeko beste modurik, baina merezi du errepide nagusitik aldentzea eta bakardade ederrean bertokotasun peto-petoa darien paraje hauetaz gozatzea. Pixka bat iparralderago, Munduk izeneko herria uharteko ekoturismoaren erreferentzia nagusia da. Aire zabaleko era guztietako jarduerak antolatzen dituzte hor, trekkingak ur-jauzietara, raftinga ur lasterretan eta halako makina bat. Inguru hau oso aproposa da, halaber, benetako balitar sukaldaritza dastatzeko. Aniztasun handiko gastronomia daukate, bertako produktu freskoak eta espezia ugari erabiltzen dituena, esaterako, jengibrea, kurkuma edo galangala. Baliko sukaldaritzaren izarra babi guling delakoa da: espeziaz eta belarrez beteriko txerria txingarretan erretzen uzten dute hainbat orduz, haragi sa-


mur baina azal kurruskari gustagarria lortzeraino. Plater hau hainbat barazkirekin ateratzen dute, eta nonahiko sambal delakoarekin lagunduta, hau da, saltsa min bizia, pipermin, tipulatxa, baratxuri eta tomatez egina. Beste plater tipiko bat ayam betutu izenekoa da, espeziez eta belarrez beteriko oilaskoa, haragia samur eta zaporetsu izan arte gisatua. Oilaskoa ez da babi gulinga bezain astuna, eta barazkiz eta sambalarekin lagunduta mahairatzen dute hau ere. Balira egindako bisita biribiltzeko, nahitaez sumendi batera igo behar. Horretarako, aukerarik errazena Batur mendira jotzea da. Izen bereko aintziraren ondoan dago, uharte osoko paisaia bolkaniko txundigarrienetakoa osatuz. Kintamanin edo Ubuden zirkuitu bat kontratatzea da modurik onena, nork bere kasa egitea da beste aukera bat, ibilgailurik izanez gero. Nolanahi ere, kontuan hartzekoa da bertako giden elkarteak marketin taktika oso oldarkorra jarri duela abian, eta hortaz, komeni da prezioa negoziatzen

behar adinako patxada hartzea. Igoera goizaldeko 3.30 aldera hasten da, eta ordu eta erdi ingurukoa da. Bidea malkartsua da, eta legartsua ere bai, eta hala, noizbehinka irrist egin edo oreka galtzea ez da harritzekoa. Garrantzitsua da abrigatzeko jantziak eta buruko argia eramatea, eta mendirako oinetako egokiak, halako irristadak saihesteko. Behin tontorrera iritsita, Baturrek ikuspegi zirraragarriak eskainiko dizkigu aintziraren eta inguruko gailurrak erakutsiz, bai Agung mendia, bai Rinjani bera, ondoko Lombok uharteko gailur ederra. Sumendiaren goialdean isats luzeko tximino bihurrien kolonia txiki bat dago, ibiltari arretagabeen janaria ziztu batean desagerrarazten trebeak. Sumendikoak eginda, errepidera itzuli eta Kintamanin geldialdi txiki bat egin dut. Menditar herrixka berezi bat da, paraje zoragarri horretan, sumendiari eta aintzirari begira, eta bertan dago, halaber, Pura Ulun Danu Batur, Baliko bigarren tenplurik esanguratsuena, eta merezi du horra ere bisitatxoa egitea.

Penebal eskualdeko arroz soroak. Toki paregabea da, turismotik aldenduta. Ondoan, Taman Ujung. Virgin Beach-etik zortzi kilometrora, Baliko jauregi berezi eta bitxiena dela esan daiteke.


BALI EZEZAGUNA Balira egin dudan abentura hau ez nuke fundamentuz osatuko mundu zabalean halako entzutea eman dioten hondartza horietakoren batera joan ezean. Turistarik gehienak Bukit penintsulan pilatzen dira, uhartearen hegoaldeko muturrean, baina, nire iritziz, Baliko hondartzarik ederrena Pantai Pasir Putih da, hondar zuriko eta ur ezin gardenagoko harribitxia. Bertakoak eta iturri onetik edandako turistak joaten dira hara, eta hain sarbide zaila izateak eta uharteko gune turistikoetatik aldenduta egoteak ia-ia hondartza birjina izatea ahalbidetu dute, txiringito bakan batzuk baino ez daude hamaka alokatu eta bertako sukaldaritzako jakiak probatu nahi dituenarentzat. Ondo merezitako

14

bainua hartu aurretik, Bukit Asah Bugbug muinora igotzea ez da ideia txarra, handik hondartzaren eta inguruko itsaslabarren gaineko ikuspegi ederra zabaltzen baita. Osteratxo erraz eta atsegina da, eta benetan aproposa izerdi pixka bat bota ondoren amaierako saria hobeto estimatzeko: itsasoko ur freskagarria. Hondartzan tarte on bat eman ondoren, bideari lotu natzaio berriro, oraingoz azken geldialdia izango den horretara zuzenduz pausoak. Virgin Beachetik zortzi kilometro ipar-ekialdera Baliko jauregi berezi eta bitxiena dago: Taman Ujung. Tirta Gangga edo uretako jauregiaren aldean, askoz ere ezezagunagoa da, baina Taman Ujung Karangasem errege familiaren egoitze-


tako bat izan zen bere garaian. 1919an eraikia eta garaiko gortesauen gozamenerako zenbait igerilekuz inguratua, jauregian balitar eta europar estiloetako zenbait eraikin biltzen dira. Gaur egun ikusgai dugun eraikin multzo hori jatorrizkoaren berreraikuntza da, izan ere, Agung sumendiaren erupzioak erabat suntsitu zuen. Gaur egun bertako gazteen leku kuttunetako bat da footinga egiteko edo bertako belardi tatxagabeetan etzan eta denborapasan egoteko. Hemen, atzerriko turisten presentzia hutsaren hurrengoa da ia-ia. Bali arakatuz egin ditudan ibilera hauen guztien ondoren, berritu egin zait uharte liluragarri eta kontrae-

sanez bete honenganako pasioa. Etorkizunera begira agertzen zaizkion erronka garrantzitsuei buruz gogoeta egin dut: uraren eskasia, hondakinen kudeaketa edo kontrolik gabeko hirigintza garapenaren ondorioak. Arazo larriak dira, eta agintariek eta herritarrek erantzunak aurkitu beharko dituzte uhartea bere edertasunean zaindu nahi badute. Modernitatearen presioaz harago, halere, Balik ondo gorde du bere eite tradizional, mistiko eta espirituala. Horregatik besterik ez bada ere, merezi du bertan barneratzea eta bertako paisaien edertasunaz eta herritarren adeitasunaz blaitzea. Beti izango da bat eta bakarra, eta horregatik harro esan dezaket Balin etxean nagoela. •

Javako sumendien ikuspegia Mendebaldeko Parke Nazionaletik. Ondoan, erritu balitar bateko partaidea eta Taman Ujung-en aurki daitekeen irudi bat.



Testua eta argazkiak: Juan Luis Mugertza

Mendi Harritsuak

NATURAREN ANFITEATROA KANADAN


MENDI HARRITSUAK

Irudien edertasunak gune galdu hauen handitasunaren tamaina aurreikusten laguntzen badu ere, sarritan, Kanadako Banff eta Jasper parke naturaletan gordetako altxorrak imajinatzea ez da erraza. algary izan ohi da Banff herrira joateko abiapuntua. Aukerarik onena bertako aireportuan autoa alokatzea da, eta ondoren 130 kilometro patxada ederrean egitea. Banff 1.400 metrora dago, Bow ibaiaren haranean. Kanadako hiri eta herri gehienak bezala, gaztea da; izan ere, XIX. mendearen bukaera aldera eraiki zuten hiri hau, nahiz eta bertako aborigenak orain 11.000 urte bertan bizi ziren. Inguruko ur termalek, Mendi Harritsuetako parkerik zaharrenak (1885), glaziarrak, eta 3.000 metrotik gorako 25 mendi baino gehiago izateak egin dute 7.000 biztanleko herrixka hau Kanadako lekurik bisitatuenetakoa.

C

Lake Louise eta inguruak Bow Valley Parkway, honela esan ohi diote Banffetik Louise lakuraino doan errepideari. Parke barruan abiadura muga oso txikia da, eta isunak oso handiak. Halarik ere, poliki joateak ez dizu inolako trabarik eragingo, bidean ikusitako koloreek –lakuetako ur turkesaren urdinak, Victoria glaziarraren zuriak, inguruko zedroen berdeak…– are biziago egingo baitute astiroago jarraitzeko eta gelditzeko gogoa.

18

Egiatan, ondo irabazitako ospea du 1.750 metrora kokatutako aintzirarik ikustatuenak. Izena Louise Carolina Alberta erreginaren omenez jarri omen zioten, 1878 eta 1883. urte bitartean. Gainerako aintziren antzera, honek ere bere soineko urdina janzten du argiaren dirdirak azala ferekatzean, eta irudi horrek, Victoria glaziarra ondoan duela, txundituta uzten du bisitaria. Txorizalea bazara, lakuaren inguruek aukera paregabea ematen dute beleen familia berekoa den clark intxaurjalea ikusteko. Bertan zaudela lotsagabe hurbilduko zaizu basoan nekez atzemango duzun espezie preziatu hau. Louise aintziratik nahiko gertu, Yoho Parke Nazionala dago. Mendizale askoren ustez, nahiz eta Banff eta Jasperren itzalpean egon, mendian ibiltzeko leku ederragoak ditu. Bertan 250 metroko Takakkaw izeneko ur-jauzia dago, Mendi Harritsuetako altuena. Icefields Parkway (Louise lakutik iparralderantz) Louise lakutik Jasperreraino 230 kilometro daude, Icefields Parkway (glaziarren ibilbidea) izeneko errepideak zeharkatzen duena. Tarte hori, askoren ustez, munduko biderik politena da. Ehun bat glaziar daude, horien artean ezagunenak Columbia eta Athabasca izenekoak. Azken hau oso ondo ikusten da errepidetik; 6 km luze, kilometro bat zabal, eta 100 metroko lodiera ditu. Izotz-eremuek garrantzi handia dute, munduko ur edangarri erreserbarik handienak baitira. Baina klimaaldaketa dela eta, Athabascak urtero 2-3 metro egiten du atzera. Azken 125 urteetan kilometro eta erdi galdu du. Bidean mota guztietako animaliak (aker basatiak, altzeak, karibuak…) ikus daitezke, baita grizzly hartza


ere, zortea izanez gero. Jasper herrira heldu aurretik, mendi buelta bat egiteko aukera ere badago, eta Sunwapta (stoney indiarren hizkuntzan ibai uherrak) eta Athabasca ur-jauziak ikus ditzakezu. Jasper, handietan handiena Jasper herria Banff baino lasaiagoa da eta, egia esan, ez du ikusteko gauza handirik: museoa, informazio bulegoa (www.icefieldsparkway.ca), Vancouver hiritik irteten den Rocky Mountaineer trena, Whistler mendira joateko funikularra (oinez ere joan daiteke), eta beste ezer ez. Whistler mendiak 2.005 metroko altuera du, eta bertatik glaziarren ibilbidea eta Robson mendigaina ikus daitezke. Halarik ere, herrian ez bada ingurukoek bestelako aukera handiak ematen dituzte. Mendi Harritsuetan dagoen parkerik handiena Jasper izenekoa da. 10.800 metro karratuko hedadurakoa, bertan mila bat kilometro baino gehiagoko ibilbideak atondu dituzte. Halere, ez da Banffekoa bezain ezaguna, ezta bisitatua ere, baina bertan aurki dezakegu Mendi Harritsuetako gailurrik altuena –Robson (3.954 metro)– eta lakurik handiena, Maligne (22 kilometro) izenekoa, Spirit deritzon irla ezaguna erdian duena. Basoko bizilagunak Leku askotan jakinaren gainean jarriko zaituzte, hitzez ez bada irudiz, baina seguruenik horrek ez zaitu lasaituko. Badaezpada, behin baino gehiagotan ostatuko jabeari, edota garagardo baten bueltan berriketan aritu denari, galdetuko diozu, berarekin topo eginez gero, ea zer egin behar duzun, eta, orduan, zarata egiteko txilina gerrian kateatuta eramateko esango dizute, edota es-

praia eskuan, eta ziztu bizian zugana baldin badator pote barruko pipermina begietan zabaltzeko; baina zuk eszena hori erdi lotan zaudela irudikatuko duzu, eta aholkuek ez zaituzte baretuko. Dena den, hurrengo egunean berriro ere, beldurraren jakia bizkar zorroan sartuko duzu, eta nahiz jakin horren bueltan ez bada hurrengoan zure zain egon daitekeela, aldapan gora eta behera pausoak emango dituzu ikusteko-edo. Horrelakoxea da horren ikusgarri, eta, aldi berean, horren beldurgarri negu gorria lozorroan ematen duen grizzly hartzak sortzen duen sentsazioa. Halarik ere, beste motako animaliak ere izango dituzu lagun zure ondoan, eta ibilbidearen ederrari musika jarriko diote. Batzuek zedrotik gora egiten dute, eta danborra jotzen dute musikagile onak direla jakinarazteko. Beste batzuek zeruaren arbelean birak egingo dituzte zuri begira daudela, euren nagusitasuna erakusteko. Lotsagabekorik ere ikusiko duzu zugandik oso hurbil, buztana eta burua gora dituela, edozein gauza jateko prest, baina aukeran kakahueteak edota hurrak. Eta adardunak distantziara, keinurik txikiena eginez gero alde egiteko prest.

Ezkerretiik eskuinera, grizzly bat, Amerikako hostazuri txoria eta bisontea. Hurrengo orrialdean, Banff eta Jasper natur parkeetan barna zeharkatutako izotz eremuak.

Grizzly hartza (Ursus arctos horribilis). Bertako grizzlyak marroiak dira, eta 130-360 kilo dituzte. Alaskan handiagoak ere ba omen daude. Tente daudela, bi metro eta hogei zentimetro hartzen dituzte. Atzeko hankek gihar oso indartsuak dituzte, eta 55 km/h-ko abiadura har dezakete. Gainontzeko hartzek baino atzapar handiagoak dituzte, eta bizkar gaineko ileen puntak zilar kolorekoak dira; hortik dator grizzly izena. Bizkarrean konkor itxurako giharra du; honek ehizatutako animaliak arrastaka eramaten laguntzen dio.

19


MENDI HARRITSUAK Oso oldarkorra, lurraldekoia eta lehiakorra da. Handia bada ere, zuhaitzetatik gora oso erraz egiten du, eta bestelako hartzekin borroka egiten du. Emeak are oldarkorragoak dira, bereziki, harzkumeak dituztenean. Horrelakoetan oso arriskutsuak dira; gizakien kontrako eraso gehienak orduantxe izaten dira. Horien dietaren %90 fruituek, arbola azalek, baiek, tuberkuluek, eta, bereziki, barazkiek osatzen dute, baina animalia handiak ere ehizatzen dituzte: elur-oreinak, bisonteak‌, eta, inoiz, hartz beltzak ere bai. Izokina eta amuarrainak gogoko dituzte. Hots, omniboroak dira. Hibernazio aurretik asko jaten dute, eta 180 kilo gehiago hartzen dituzte. Harrapariek non ezkutatzen diren ez jakiteko, zain egoten dira elur ekaitzek gordelekuen sarrerak zeharo estali arte. Emeek negualdiko atsedenetan izan ohi dituzte kumeak; askotan bikiak izaten dira. Bisontea (Bison bison), bobido handi mota bat da. Garai batean Mexiko iparraldean, Ameriketako Estatu Batuetan zein Kanadako ordoki handietan bizi omen zen. Bisonteak samalda handietan biltzen ziren, baina, egun, Amerikako bisontearen bi azpiespezie daude: ordokietako bisontea (Bison bison bison) eta basoko bisontea deitutakoa (Bison bison athabascae). Azken hau bereziki Kanadako oihanetan bizi da. Dena den, garai bateko bisonteen talde handiak Ipar Amerikako belaze

20


zabaletan egoten ziren, eta ez basoetan. Bisontea oso garrantzitsua zen Ipar Amerikako tribu amerindiar askoren kulturan eta bizimoduan. «Ordoki handietako» amerindiarren ekonomia animalia horien ehizan oinarritzen zen. Indiarrak etengabe mugitzen ziren bisonteen samalda handiei jarraituz, baina horiek aspaldiko ipuinak dira, orain Kanadako eremu txiki eta mugatuetan baino ez baitaude. Kanadako branta (Branta canadensis), antzaren familiako txori hau bertako monetaren ikurra da. Ipar Amerikako brantarik ugariena izan arren, XX. mendearen erdira arte desagertzear egon zen, ehiza zela eta. Egun, hura babesteko legeei esker Kanadako padura, zelai zein aintziretan ikus daitezke horren nabarmen egiten duten lepo beltz eta masail zuria. Espezie honen barruan tamaina eta itxura desberdinak dituzten zazpi azpiespezie daude. Inoiz, neguan gehienbat, gure kostaldeetara migrazioan galdutako aleren bat heltzen da. Amerikako hostazuri txoria (Bombycilla cedrorum) 15-18 zentimetro luze da, eta 30 gramoko pisua du. Europako hostazuri txoriaren aldean txikiagoa eta apur bat arreagoa da. Txori hau neguan ez da batere izutia, eta saldo handitan mugitzen da leku batetik bestera. Migrazio sasoian AEBetako hegoaldera, Mexikora, Er-

dialdeko Amerikara, eta inoiz Hego Amerikako iparraldera ere joaten dira. Baiak, frutak eta intsektuak jaten dituzte. Ahuntz zuria (Oreamnos americanus) Mendi Harritsuetako ahuntza ere deitua goi mendietan bizi da puma eta grizzly hartzengandik urrun. Bai harrak bai emeak bizarra, buztan laburra, eta 15-28 zentimetroko adar luzeak eta beltzak dituzte. Azken hauek adinaren gaineko informazioa ematen dute. Izan ere, udaberrietan uztai bat gehiago izaten dute. Bere ilajea zuria da, baina neguan kolore horixka hartzen du. Muturreko neguetan 150 km/h-ko haizeteari, eta zero azpiko 45 graduko tenperaturari aurre egiteko egokitutako larrua dute. Metro bat altu dira eta ehun bat kilo pisatzen dute. Goietan bizi direnez, neguan behera egiten dute bailaretan topatzen duten belarra jateko. Banaka batzuk aipatu baditugu ere, Rocky Mountains-eko bizilagunen zerrenda askoz luzeagoa da. Hartz arrea, puma, iparkatamotza, otsoa, azeriak, koioteak, kanadar oreina (wapitia), besteak beste, babestuta daude Kanadako mendietan. Hegaztien artean, bestetik, ornitologo askok gustura ikusiko lituzketen hainbat espezie daude: ahate arlekina, Kanadako basoilarra, lagopodo buztanzuria, murgilari islandiarra, itsas arrano buruzuria, hontz marraduna, okil bulargorria, Steller eskinozoa… Ahaztu gabe, mendialdeko landaretzari dagokiona: Douglas izeiak, orreak, lertxunak eta pinuak. •

Bitxikeria batzuk AUTOEN ALDAGAILUAK

automatikoak dira. NATUR PARKEETAN SARTZEKO 136 euroko

bonua erosi behar da; urte osorako balio du. MENDI BUELTA egin aurretik, eguraldiari kontu egin. BANFF ETA JASPER

Alberta eta Columbia Britanica estatuetan daude. JATETXE askotan

%10eko eskupekoa utzi behar da.

21


Ilha do Ibo Testua eta argazkiak: Ura Iturralde

ESKLABOEN LURRALDEAN



ILHA DO IBO

Ibo uhartea, Ilha do Ibo portugesez, Mozambike iparraldeko Cabo Delgado probintziako kostaldean dagoen uharte txikia da. Hamar kilometroko luzera eta bost kilometroko zabalera du eta Quirimbas artxipelagoan dago, bera izanik uharte nagusia. Oso jende gutxi joaten den toki esklusiboen bila dabiltzan turista aberatsen eta bidaiari bakartien helmuga gogokoenetako bat bihurtzen ari da pixkanaka-pixkanaka.

24

harte hau iragan liluragarria izan zuen probintziako hiriburu gisa. Portugesak iritsi baino lehen, merkataritza-portu arabiar garrantzitsua zen, eta, urte askoan zehar, Afrika kontinenteko esklabo-portu garrantzitsuena ere izan zen. Hemendik abiatu ziren askatasuna lapurtu zieten milaka eta milaka lagun. 1505ean, portugesek Mozambike kolonizatu zuten eta, 1761ean, Ibo hiri izendatu zuten eta Cabo Delgado probintziako lehen hiriburu bihurtu zen. Urte askoren buruan, 1929an, administrazioa Pemba hirira aldatzea erabaki zuten portugesek eta orduantxe hasi zen uhartearen gainbehera. Baliabiderik gabe gelditu eta zuen oparotasun ekonomikoa desagertu zen. 1964an, Mozambike Askatzeko Fronteak gerrilla-gerra hasi zuen Portugalgo erregimenaren aurka eta, 1975ean, independentzia lortu zuen. Bi urte geroago, gerra zibila piztu zen. Mozambike Askatzeko Frontearen (Kubaren eta Sobietar Batasunaren babesarekin) eta Erresistentzia Nazionalaren (Hegoafrikaren babesarekin) artekoa izan zen gerra zibila. Oso garai latzak izan ziren uhartearentzat eta, gaur egun, Iboko gotorleku ezaguna dena, preso politikoen kartzela bihurtu zen. Azkenean, 1992an sinatu

U


Goian, emakumeak lanean, olagarroak arrantzatzen eta ura etxeratzen.

25


ILHA DO IBO

Garai kolonialetako eraikinak nonahi. Beste irudi batean, emakume bat musiroa jartzen. Eta behean, eguzkitako betaurrekoak eta kapela jantzita, Joao Baptista historialaria.

JOAO BAPTISTA (Ilha do Ibo-ko historialaria) Ibon jaio zen 1927an, Mozambike kolonia portugesa zen garaian. Laugarren mailara arte ikasi zuen, bertako administrazioak ez baitzuen gehiago ikasteko aukerarik ematen. 14 urterekin administrazioan lan egiten hasi zen eta herrian bertan geratu zen zenbait urtez. Ondoren, Mozambikeko zenbait hiritan bizi izan zen bere lanak lekualdatuta. Erretiratu zenean, ordea, berriro ere jaioterrira bueltatu zen. Oso ospetsua eta miretsia da herrian. Joao gaur egun Iboko historialaria da eta berak dakizki inork baino hobeto uharteak bizi izan dituen gertaera historiko guztiak. Hitz egiteko prest izaten da beti eta etxeko atarian egoten da norbait bisitan agertuko ote zaion zain, berarekin hartueman bat izateko irrikaz.

26

zen bake-akordioa. Gerraren ondorioz, Mozambike minak erasanda geratu zen eta, lan eskergaren ostean, 2015ean, herrialdea ÂŤminik gabeko lurraldeÂť izendatzea lortu zen. Ez ziren garai errazak izan, baina hala eta guztiz ere, Ibo aurrera egiten ari da pixkanaka-pixkanaka. Gero eta turista gehiago iristen da bere historia ezagutu nahian, kalez kale ibiltzera eta gaur egun suntsituta dauden eraikinen bidez garai batean izan zen hiriburu hura nolakoa zen imajinatzera. Hotel berriak eraiki dira, Quirimbas artxipelagoa osatzen duten gainerako uharteak ezagutzeko asmoz Ibo oinarrizko kanpamentu gisa hartzen duten turisten gozamenerako. Eguneroko bizitza Ibon goizeko lauretan argitzen du. Uhartea bizitzaz betetzen da. Emakumeak ur bila joaten dira uhartean dauden ur edangarriko putzuetara. Gizon gehienak, berriz, arrantzara joaten dira. Olagarroak, ordea, ez dituzte gizonek arrantzatzen, hori emakumeen zeregina da. Ur eta janari bila joatea da eguneroko zeregin nagusia uhartean. Arrantza da bizirauteko jarduera nagusia. Arran-

tzale gutxik saltzen dute harrapatutakoa eta, saltzen dutenek, nahiago dute Pemba hirira esportatu, ia bikoitza ordaintzen baitiete. Beraz, janaria lortzea lan zaila eta gogorra da. Iboko merkatu txikia ia hutsik dago, arroza eta mangoa soilik dute, tokian bertan ekoitzitakoa. Gainerakoa kontinentetik inportatzen dute. Bazkalordua etxeko atarian eseri eta bizilagunekin hitz egiteko ordua da, haurrekin partxisean jolastekoa, ohiko ekintza uharteko biztanleen artean. Tenperatura batzuetan 43 graduraino irits daiteke eta horrek ezinezko bihurtzen du Iboko kaleetan eguerdian ezer egitea. Haurrek amaitu dute ordurako eskola. Goizean ordu gutxi batzuez besterik ez dira joaten Iboko eskola musulmanera eta Korana bakarrik ikasten dute. Arratsaldeko 17.00etan, eguzkiak berotzeari uzten dionean, Iboko biztanleek bizitza itzultzen diete kaleei eta eguneroko zereginetara bueltatzen dira. Batez ere, emakumeak agertzen dira, bidoiak urez betetzera. Itxura hauskorra badute ere, Iboko emakumeak oso indartsuak dira. Beren ardura da egunero janaria presta-



Eguneroko bizitzako irudiak. Garraioa, Iboko plaza nagusiko denda bat, partxisera jolasten eta limoi saltzailea.

28

tzea, ur bila joatea, egurra moztea, etxea garbitzea, seme-alabak haztea eta, batzuetan, baita olagarroak arrantzatzea ere. Familiaburuak dira. Beren burua apaintzeko denbora ere ateratzen dute. Janzten duten jantziari kapulana deitzen zaio. XIX. mendean hasi ziren hori erabiltzen eta, denboraren poderioz, kultur sinbolo bihurtu da. Erabilera asko ditu: gona bezala, burua eguzkitik babesteko eta, askotan, seme-alabak bizkarrean lotuta garraiatzeko. Gainera, eguzkitik babesteko, Mozambike iparraldeko emakumeek aurpegian ematen den musiro izeneko orea erabiltzen dute. Musiroa zuhaitzen sustraiekin egiten dute eta oso ohikoa da Mozambike iparraldeko uharteetan. Edertasun-maskara gisa ere erabiltzen da, azala elikatzen baitu. Orea egiteko, harrizko oinarri bat erabiltzen da sustraia igurzteko eta, aldi berean, ura botatzen zaio. Prozesua amaitu ostean, aurpegian eman eta gogortu arte uzten da. Badira egun batean baino gehiagoan uzten duten emakumeak ere.Â

17.30ean, malekoira hurbiltzeko garaia da. Bertakoak nahiz turistak joaten dira, ilunabar zoragarriak ikustera. Mangladien eta arrantzaleen ontzi txikien artean, ilunabarrak postaletan agertzeko modukoak dira eta, beraz, ordu horretan malekoira hurbiltzea erritu moduko zerbait bihurtu da. 18.00etan iluntzen du eta kaleak atzera huts-hutsik geratzen dira. Bertakoak etxera itzultzen dira afaltzera, bizilagunekin hitz egin eta goiz lotaratzen dira. Turistei zaila egiten zaie ordutegi horretara moldatzea. Izan ere, herriko bizitza goizeko 04.30ean hasten da eta 18.00etan amaitu. Oso goiz esnatu ezean, kaleak hutsik aurkituko ditu kanpotarrak. Zer bisitatu eta zer egin uhartean Uhartea ezagutzeko modu onena kaleetan barrena ibiltzea da. Ibo oso segurua da, bertakoek dioten moduan, ÂŤez dago gaizkilerik irla honetanÂť; beraz, turistak eguneko edozein ordutan ibil daitezke eta, nahi izanez


ILHA DO IBO gero, argazki-kamera eskuetan eraman dezakete inolako kezkarik gabe. Derrigorrean bisitatu behar dira 1791n eraiki zen Sao Joao gotorlekua eta eliza kristaua. Gotorlekua 07.00etatik 16.00etara dago irekita eta sarrerak 50 metical balio du pertsonako. Hainbat tokiko artisauk egiten dute lan bertan eta Makonde tribuko artisau-gaiak eta zilarra eros ditzakete bisitariek. Eliza kristaua bisitatzeko, ostera, herriko norbaiti eskatu behar zaio giltza. Izan ere, publikoarentzat itxita egoten da eta egun berezietan irekitzen dute. Uhartea hain toki historikoa izanik, gidatutako tour historiko bat kontratatzea gomendatzen da, herriaren alderdi koloniala ezagutzeko. Horretarako, Raul izeneko batengana jo beharra dago, bera baita esperientzia handiena duen gida eta ingelesez dakien pertsona gutxietako bat. Tourra bi orduko ibilaldia da –gutxi gorabehera 1.000 metical pertsonako– uharteko zati kolonialean barrena. Bidaiaria berehala murgiltzen da garai bateko Ibon eta gaur egun suntsituta dauden fatxadak ikustean ohartzen da nolako hiriburu handia izan zen. Mozambikeko historiari eta uharteari buruz gehiago jakiteko Joao Baptista jaunarengana joan daiteke, urte askoan uharteko historiagile-lanetan aritua baita. Ez da zaila bera aurkitzea, bidaiariak nahikoa du Iboko edozein biztanleri galdetzea eta, ziur asko, gaur egun bizi den etxeraino lagunduko dio. Orduak eta orduak igaro ditzake Joao Baptista jaunaren milaka istorio entzuten eskupeko baten truke. Etxeko atarian eserita egoten da 87 urteko gizona eta inork baino hobeto azaltzen ditu uharteak izan zituen oparotasun urteetako kontuak. Kaleetan zehar ibili ostean, ezinbestekoa da hiritarrekin gozatzea, tokiko beste altxorra. Nahiz eta gabezia asko izan, oso alaiak dira eta oso erraza da beraiekin hizketaldia hastea. Ez daude ohituta turistak ikusten eta jakin-mina pizten zaie. Eragozpen bakarra hizkuntza da. Nahiz eta Mozambiken portugesez hitz egin, Iboko hizkuntza ofiziala kimwani hizkuntza da, swahiliaren lexikoarekin %60ko antzekotasuna duen hizkuntza. Eta beraz, uharteko biztanle askok ez dakite portugesez. Ingelesa, berriz, hoteletan eta turistentzako ostatuetan soilik hitz egiten da. Ibo, gainera, Quirimbas artxipelagoa osatzen duten gainerako uharteak ezagutzeko abiapuntua ere bada. Egun bakarreko edo egun ugaritako txangoak abiatzen dira bertatik gainerako uharteetara. Urpekaritza eta snorkelinga dira bidaiariek gehien egiten dituzten ekintzak. Edozein hoteletan kontrata daitezke horrelako jarduerak eta merezi du. Zereginik ez duten arrantzaleekin harremanetan jartzea eta diru kopuru txiki baten truke beraiekin irten eta inguruko uharteez gozatzea da beste aukeretako bat. • 29


Gida praktikoa NON JAN

Ibon, plaza nagusiaren atzealdean kokatzen den merkatu txiki bat besterik ez dago, hiru bat janari dendaz osatua. Horiek ezer gutxi dute eskaintzeko, gehienetan hutsik daude, baina bada metro gutxira Tanzaniano izeneko janari azkarraren gisakoak eskaintzen dituen jatetxe txiki bat. Bertara hurbilduz gero, patata tortilla ezin hobea eskainiko digute 27 meticalen truke; dudarik gabe, herriko jatetxerik merkeena da. Beste aukera merke eta bikain bat Benjaminen etxean bazkaltzea da. Herrian oso ezaguna, mutil gazte adeitsu eta langilea da bera. Bere emazteak prestatzen ditu bai bazkari bai afariak bertako produktuekin. Etxean bezala sentitu eta uharteko biztanleak nola bizi diren ezagutu nahi duen bidaiariarentzat aukera paregabea da. Berarekin harremanetan jartzeko herriko edozein biztanleri galdetzea aski da. 165 metical ordaintzen dira otordu bakoitzeko. James & Flor place: James eta Flor dira jabeak, gazteak eta atseginak. Atzerritarrak izan arren, herrian oso ezagunak dira. Jatetxea portu ondoan dute, eguzki sarrera ikusi ahal izateko aukera zoragarria. Garestiagoa izanik ere (550 metical) benetan merezi du. Hotel Miti Miwiri: Kale nagusiaren amaieran kokatua, jatetxea lorategi eder eta igerileku handi batez inguratua dago. Aldez aurretik deitzea komeni da. 550 metical inguru. Hotel Cinco Portas: Kale nagusiaren erdialdean kokatua, janariari buruz hitz egitean, dudarik gabe, herriko famatuena da. Jatetxea lorategi baten erdian dago eta oso giro atsegina du. 700 metical. Hotel Ibo Lodge: Malekoian kokaturiko etxe kolonial bat da. Benetan aproposa da eguzki sarrera ikusteko, herriko lekurik politena, dudarik gabe. Oso garestia da. NON LO EGIN

Ez dago eskaintza zabalik eta gehienak garestiak dira. Diru asko ez daramaten bidaiariek ez dute lan erraza izango. James & Flor place: Aukera bikaina diru kopuru murritza duten bidaiarientzat. Nagusiek bungalow handi bat dute erdi bukaturik portu ondoan. Komuna eta dutxa dute. Iturriko urik ez, ordea. 500 metical gaueko. Karibuni: aukera merke bakarretakoa. Gela txikiak (400 metical), bungalow handiak (800 metical) eta kanpin-denda jartzeko tokia ( 120 metical). Malekoi ondoan dago, Ibo Lodge famatutik metro gutxira. Badu iturriko ura. Casa de Lucy: Aurrekoen antzera, malekoian kokatua dago eta bungalow ugari ditu, handiak eta oso politak. 800 metical. Ez du iturriko urik.

30

Miti Miwiri: Hotel polit hau kale nagusiaren amaieran dago. Gela ugari ditu tamaina desberdinekoak: banakakoak, bikoitzak, familiarrak ( 3.500 metical-4.000 metical-4.300 metical). Iturriko ura badu eta wifi-a bertako bezeroentzat. www.mitimiwiri.com. Cinco Portas: Banakako gelak, bikoitzak eta lau pertsonentzakoak ( 4.300 metical-5.300 metical-13.300 metical). Kale nagusiaren erdialdean dago eta badu iturriko ura. Ibo Lodge: Luxuzko hotela, bederatzi gela ditu, banakakoak eta bikoitzak ( 24.500 metical-38.300 metical gutxi gorabehera). Bidaiarientzat jarduera ugari eskaintzen ditu. Doako wifia eskaintzen du bezeroentzat. NOLA IRITSI ETA ITZULI

Ez da batere erraza Ibora iristea, eta beharbada horregatik herriak ez du bidaiariak erakartzea lortzen. Uhartera iristeko bide errazena Pemba hiritik irtetea da. Goizeko 4.30ean abiatzen dira Iborantz autobus txiki edo chapas direlakoak bertako Fish Market-etik. Lehenengo pausoa Tandanhangue izeneko herrixkara iristea da. Horretarako chapas-ak 6 ordu behar ditu gutxi gorabehera (200 metical). Hara iristean Iborantz doan txaluparen zain geratu beharko du bidaiariak, ez baitauka ordutegi zehatzik. Txalupa iritsitakoan 45 minutuko bidaia gogorra geratzen da uhartera iristeko. Prezioari dagokionez, hobe da bertakoei zenbat ordaitzen duten galdetzea. Ibotik bueltatzeko, egunero izaten dira txalupak Tandanhanguera. Ez dute ordutegi zehatzik, herrian galdetzea da egokiena. Herrixkara iritsi orduko bertan izaten dira zain chapas-ak Pemba hirira itzultzeko. ZENBAIT DATU

*Mozambikera bidaiatzeko garairik aproposena maiatzetik azarora artekoa da, sasoi lehorra. Abendutik martxora euri asko egiten du eta errepidez bidaiatzea benetan oso zaila da. Ibo uhartean hizkuntza ofiziala kimwania da. Hala ere, bertako biztanle askok portugesez ere badakite eta gutxi batzuek ingelesez ere bai. *Mozambikeko dirua metical-a da. Euro bat 53 metical dira. Ibo uhartean musulmana da herritarren gehiengoa, nahiz eta kristau gutxi batzuk badauden. *Malaria arazo handia da herrian, batez ere euriteen sasoian; beraz, hori ekiditeko botika hartzea gomendagarria litzateke. Bakarrik bidaiatzen duten emakumeek ez dute arazorik izango, Ibo oso lasaia baita.


ILHA DO IBO

31



Concord HENRY DAVID THOREAUREN OINATZEI SEGIKA

Trenaren triki-traka entzuten da oraindik Walden urmaeletik eta arrantzaleek oraindik ere amuarrainak harrapatzen dituzte. Urtean 3.000, egun eguzkitsu honetan bi arrantzalek diotenez. Henry David Thoreauk han jarraitzen duela dirudi; urmael honen ertzean bi urteko erretiroa hartu zuen, hortik sortu zen izen bereko “Walden” lanean deskribatu zuenez, «lainoak eta lurruntzea beste ibaiadarrik gabe, pinu eta haritz basoen erdian betiereko iturri» honetan. Jaio zeneko 200. urteurrenean merezi du haren arrastoari jarraitzea. Testua eta argazkiak: Diego Cobo


CONCORD enry David Thoreau (Concord, Masachusets, 1817ko uztailaren 12a-1862ko maiatzaren 6a) Ameriketako Estatu Batuetako idazle eta filosofo ezagunenetakoa da, desobedientzia zibilaren, ekologismoaren eta ironiaren aita, hori guztia bere bizitza markatu zuen bizipen baten inguruan bueltaka. Baina halaber –eta batez ere– bere herriaren izena hedatzen gehien lagundu duen pertsona da. «Concorden asko bidaiatu dut», idatzi zuen ironiaz “Walden”-en. Hortaz, bere hitzak dira leku historiko hau ezagutzeko gida onena. 1845ean etxola bat eraiki zuen idazleak urmaelaren gibelean, 126 errepidea jarraituz eta Concord herriko gunetik bi kilometrora. Egun apenas ikusten diren zutabe batzuk, baina leku honek bere idatzien eraginpean segitzen du eta plaka batek gogorarazten du zergatik hautatu zuen leku hori: «Basoetara joan nintzen berariaz bizi nahi nuelako, sakon bizi nahi nuen, bizitzaren muina atera eta bizitza ez zen guztia alde batera utzi, hiltzeko unean ez nuela bizitza aprobetxatu ez sentitzeko». Ertz hondartsu batetik oinez iritsiko gara Thoreauren etxe txikira, bakardadea eta natura esperimentatzeko erabili zuena. Hosto parrastadak, haizeak eta isiltasunak lagunduta, idazlearen pausoei jarraituz bertaratzen di-

H

34

renek aurretik ere bertan egonak direla sentituko dute. Hondar horietatik ehunka metrora dago idazlearen jarraitzaileek urteko edozein garaitan boligrafoak eta elurrak desegin ez ditzan harrian zizelkatutako mezuak uzten dituzten inguruaren sarrera. «Bizitza gure artean dago, ibaian ura bezala», dio horietako batek. Errepide ondoan dagoen etxolaren erreplikak eta oroigarri dendak, ondoan tamaina errealeko Thoreauren estatua bat dutela, munduko inguru honetan «Traszendentalismo» deitu zen mugimendu filosofikoa oinordetu eta elikatu zuen idazle honengana hurbiltzen gaituzte. Eraikinak Thoreauren etxea xehe-xehe irudikatu nahi du, bere lan unibertsalenean behin eta berriro deskribatu zuenari jarraituz. Inkonformista eta ekologisten inspirazioa Thoreauren arrastoa mundu osoko inkorformista eta ekologisten inspirazio iturri den urmaeletik harago hedatzen da gaur egun. Badira bere izena hartu duten kaleak, eskolak, liburutegiak, elkarteak, bere jaiotetxea, bai eta Walden Wood Project ere, hurbil dagoen baso batean kokatua eta idazlearen ondarea zaindu eta ikertzen duena. «Lehen ikasle asko etortzen ziren beren doktorego-tesia egitera, baina orain interneta dagoenez askoz jende gutxiago etortzen da», azaldu du Jeffrey S.


Concordeko aintzira eta, ezkerreko irudietan, Thoreauren hilarria eta bizi izan zen etxaldea gogorarazten duen plaka. Erreportajea zabaltzen duen argazkian, Battle Road Trail. Bederatzi kilometroko luzera duen ibilbide honek Concord eta Lexington lotzen ditu.

35


CONCORD Cramer-ek, idazlearen eta bere zirkulu literarioaren 8.000 liburukiko bildumaren administratzailea denak. Erretratu, lehen edizio eta objektuek Thoreauren legatua bizirik mantentzen dute. Poemak, saiakerak eta 7.000 orrialdeko eguneroko amaigabea ere idatzi zituen; azken hori horrela hasten da: «Zertan ari zara orain?–, galdetu zuen. –Eguneroko bat daramazu? Hala bada, gaur nire lehen sarrera idazten ari naiz». Galdera, 1837ko urrikoa, Ralph Waldo Emerson-ek egin zion. Emersonen etxea Concord-eko erdialdera bidean dago eta badirudi denbora gelditu egin zela etxandi zurbil honetan, idazleak berak ere sustatu zuen filosofia baten jakinduriaren ordezkari den etxea. Cambridge Turnpike kale ertzean, bertako lorategi zabalak eta egur zurizko hesi batek zaintzen dute etxea; barruan Thoreauren maisu izan zen eta "Natura" saiakera apurtzailea idatzi zuen Emersonen garaian bezala mantendu dute guztia. Emersonek 1835ean 3.500 dolarren truke erosi zituen lau pareta hauen artean dago Ingalaterra Berriak izan zuen liburutegi handienetako bat, eta gaur egun haren liburuez hornituta daude geletako asko. Ez da harritzekoa 1847an Emerson Europan biran ari zen bitartean,

Thoreau haren familia eta lorategia zaintzeaz arduratzea: hala, esku-eskura zuen jakintza itsaso hura, ederki xurgatu zuena. Etxeko bazter bakoitzak literaturara garraiatzen gaitu. Pauso eskasetara, Lexington Road-etik jarraituz, Orchard House ilun eta misteriotsura iritsiko gara: kolore ilunak eta inguratzen duten zuhaitzek irudi iluna erakusten digute, fantasmagorikoa, baina laster gaindituko dugu sentipen hori, 1868an Louisa May Alcott-ek bertan "Neskatxak" idatzi zuela jakindakoan. Itxura Alcott familia bertan bizi zen garaikoaren ia berdina da eta barruko gauza gehienak bere horretan mantendu dituzte; beraz, bertan gabiltzala hiri eta etxe honetan oinarrituriko nobela bat irakurtzen ari garela irudituko zaigu. Nathaniel Hawthorne, “The Scarlet Letter” klasikoaren egilea ere egon zen hemen. The Wayside etxea erosi zuen bere familiak, orain negua iristen denerako konpontzen ari direna. Concord-en paseatzeko artea Minute Man National Historical Park izenekoa okre koloreetako zelai zabala da. Zuhaitzek astindu dituzte


jada hostoak, eta hala, Daniel Chester French amerikar soldaduaren estatua bakartiak gogorarazten du Concord-en historian leku honek duen garrantzia: 1775eko apirilaren 19a baino egun batzuk lehenago, tropa ingelesak, Bostonen zirenak, Concord-era abiatu ziren, minute man deiturikoek (soldaduak) material militarra ezkutatu baitzuten britainiar tropak iristekoak zirela jakin zutenean. North Bridge delakoan, zisneak dabiltzan erreka txiki baten gainean, jaurti zen Independentzia Gerrako lehen tiroa. Inork ez daki nork, baina Concorden esaten denez, tiro hura «mundu osoan entzun zen». Bide bihurgunetsu batetik interpretazio zentro batera iritsiko gara, eta bertan dokumental eta mapa baten bitartez ingelesek bataila gertatu zen tokiraino egin zuten ibilbidea nabarmentzen da: egun ibilbide horrek bederatzi kilometro ditu eta txirrindulari, historialari, atleta, bizilagun eta bidaiariekin topo egingo dugu bertan. Thoreauk, ibiltari sutsua izaki, “Walking” saiakeran hau idatzi zuen bere eskualdeari buruz: «Paseo bikain ugari eskaintzen ditu; eta urte askoan ia egunero oinez ibili naizen arren, eta batzuetan bi egunez ere bai, orain-

dik ez ditut ahitu». Gidalerro hori buruan eta Independentzia Gerra oinazpian, heldu diogu Battle Road Trail bideari hemendik bertatik, abiapuntutik, Lexingtongo bisitari zentroraino. Ibilbidea gudu-zelai zahar honetan hasi eta Concordeko erdigunea zeharkatzen du, baina laster sartzen da basoetan barrena, bidea ixten duten astigar gorri eta haritzen, etxalde, urmael eta eraikin historikoen artera. Horiek guztiek Ameriketako Estatu Batuen independentzia ekarri zuen gertakizun hura gogora dakarkigute. Lehen geldialdia The Old Manse etxeko parketik ateratakoan egin dut, zeina Emersonen aitonak eraiki zuen bataila gertatu baino bost urte lehenago eta gerora transzendentalistek biltzeko leku gisa erabili zuten; gizon hark 1774an The Wright Tavern-en, 300 pertsona kolonia britainiarraren aurka matxinatu ziren biltzarrean, ere parte hartu zuen. 1747an eraikia, Concordeko erdiguneko etxe gorrixka hau da hiriko eraikin historiko garrantzitsuena. Matxinadaren tenplu honetan gertakizun gogoangarri haien berri ematen duen plaka irakurtzeko geldialditxoa egin eta aurrera jarraitu dut. Kilometro bat

Ezkerretik eskuinera, Wright’s Tavern (1774an britainiarren aurka altxatuko ziren 300 lagun hemen), Main Street-eko kafetegi bat, hiriko kale nagusia, Ralph Waldo Emersonen etxea (Thoreau 1847an han bizi izan zen) eta William Smith kapitainaren etxea.


Henry David Thoreau (Concord, Massachusetts, 1817ko uztailaren 12a - 1862ko maiatzaren 6a) Estatubatuar filosofo, idazle eta naturalista hau ezaguna da “Walden” (inguru naturalean soilki bizitzeko hausnarketa) eta “Resistance to civil Government” saiakerak argitaratu zituelako. Herman Melville eta Mark Twainen garaikidea izanda, horiekin batera iparramerikar literaturaren sortzaileetarikoa dugu. Saioa eta olerkigintza landu zituen bereziki. Gaur egun nabaritzen ditugun gizarte industrialaren gabeziak aurreikusi zituen XIX. mendearen erdialdean. Nahiz eta industriaren bilakaera eta garapenaren garaian hazi, Thoreauk izadiarekin bat egiten duen bizimodu apal eta xumea aldarrikatzen zituen, eta ideia horiei jarraitu ez ezik, praktikara eraman zituen.

eginda, bidexka bat hasten da, pixkana-pixkana, soldadu ingelesen martxako une garrantzitsuak zeharkatzen dituena, eta hor agertuko zaigu, ilun, Hartwell Tavern, garai hartako arkitekturaren harribitxia. Battle Road Trail-eko beste eraikin interesgarrietako bat William Smith kapitainaren etxea izan zena da, mendixka batean eguzkipean ageri dena. Bidea Lexingtoneraino doa eta toki horietan gertatu zena oroitarazten duten harri grabatuez beterik dago: matxinadaren bat, bahitzeren bat –Paul Revere kapitainarena esaterako, zeina ingelesak iristear zirela jakitean «ingelesak datoz, ingelesak datoz!» oihuka hasi zen–. Iragan loriatsua Concorden eta inguruetan, bere historia eta literaturan barrena, egun pare bat eman ostean, Barrow Bookstore liburu-dendara iritsi naiz, bidaia hau laburbiltzeko toki atseginera: bigarren eskuko liburu-denda txiki honetan harribitxiak daude lurrean, apaletan eta mostradorean hautsak estalita. Eta liburu-saltzaileak gogotsu eskaintzen dizkio bidaiariari jada deskatalogatuta dauden obrak. Ingalaterra Berrian XIX. mendeak utzitako obra kla-


CONCORD sikoez gain –“Moby Dick”, “The Scarlet Letter”, “Neskatxak”, “Belar hostoak”– Walden Wood Project zentroko liburutegiak transzendentalismoko liburu onenak ditu, Thoreau eta Emersonen egunerokoetatik hasi eta William Ellery Channing eta George Ripley-ren liburuetaraino. Baina historia askoz atzerago hasten da: Europak amerikar kontinentearen berririk batere ez zuenean, lurrotan jada baziren indiarrak. Concord Museoa harro ageri da, bisitariei bidaltzen dien mezu honekin: «Hau landa bizitzaren mantentzearen sinboloa da». Ez da harritzekoa lelo hori izatea, izan ere, antzinakoak dira toki honetako lehen asentamenduak: lehen puritanoek aurreneko koloniak ezarri baino milaka urte lehenago, bertan bizi ziren algonkian indiarrak. Ez da arraroa Thoreau iragan horretaz mintzatu izana. Behin, anaiarekin indiarren erlikia bila irten eta gezi baten punta aurkitu zuenean, natiboen azalean sartu zen. 1837ko urriaren 29an hau idatzi zuen bere egunerokoan: «Zenbat bider egon dira toki honetan bertan, ordu honetan bertan, eguzkiak, basoen gainetik ezkutatzen zen bitartean, bere azken izpiekin Musketaquid-eko urak epeltzen zituenean, eta beraiek egunak emandakoez eta hurrengo eguneko aukerez

jarduten zirenean, edota duela asko itzalen lurraldera erbesteratutako beren gurasoen espirituekin elkartzen zirenean». Emersonen etxe ondoko eraikin honetako gelen artean, Thoreauri eta Emersoni eskainitako gela bana daude, haien objektu pertsonalekin –zeintzuen oinatzak zapaldu nahi dituen bidaia honek–, baina horrez gain, Concordek izandako garai desberdinen errepaso zehatza ere egiten du, lehen gizakiak bertaratu zirenetik gaurdaino. Elkar miresten zuen bikote bitxi honi buruzkoak dira Ingalaterra Berriko anekdotarik barregarrienetakoak. Literaturaren bitartez iritsi nintzen Concordera, baina Sleepy Hollow hilerrian bukatu nahi izan nuen bisita, historiako protagonista handienek atseden hartutako tokian. Emerson Thoreaurengandik metro eskasera dago. Hilobiak ez du deus berezirik, baina bigarrenarenak bere sinpletasunagatik atentzioa ematen du, bere bizitzarekin bat datorren sinpletasuna. Harri xume batek –miresleen arkatz eta paperez hornitua– bere bizitzaren xumetasuna ohoratzen du: «Henry» diote zizelkatuta letrek. Jakin gabe, haren pausoak izan ziren aurrez pentsatutako bidaia honen gidaririk onena. •

Thoreauren erretratu bat eta, handian, Old Bridge zubia. Minute Man National Historical Park-en kokatuta, zubi honetan jo zen gudako lehenengo tiroa, hain justu 1775eko apirilaren 19an. Esan ohi denez, tiro hura «mundu osoan entzun zen».

39


Ordizia NEKAZARITZA MUNDUAREN BIHOTZEAN

Goierriko erdigune gastronomikoa da, baita gaztaren hiriburua ere, irailean izaten den hitzorduari esker: Euskal Jaietako azoka. Aurten irailaren 7an egingo da. Urteko hitzordu nagusia hori den arren, merezi du, era berean, Ordizian asteazkenero egiten den azokara hurbiltzea. Testua: Marian Azkarate Argazkiak: Andoni Canellada, Gorka Rubio eta Gotzon Aranburu

40


an Bartolome ermitaren inguruan XI-XII. mendeetan egiten hasi zenetik, makina bat istorio eta gertaera bizi izan ditu Ordiziako azokak, Gipuzkoan ez ezik Euskal Herri osoan ere baserritar giroko hitzordu nagusienetakoa denak; ziur asko, garrantzitsuenetarikoa, 1512an herri guztia suntsitu zuen sutearen ondorioz Gaztelako Joana Eroa erreginak herriari «urtean zehar, asteazkenero, merkatu librea, zergarik gabea, egiteko errege baimena» eman izana. Hori da, hain zuzen ere, gaur egun oraindik, alde zaharraren bihotzean, Plaza Nagusian eta in-

S

guruetan, asteazkenero egiten den azokaren erreferentzia historiko nagusia. Horrela arautu zenetik, gorabeherak gorabehera, mendeetan aurrera egin zuen, XVIII. mendean erabat asentatu arte. Trenaren etorrerak, 1860ko hamarkadan, bultzada handia eman zion azokari eta herriari. Geroagoko erreferentziak ere badira; esate baterako, 1904an “Fiestas Euskaras” egin zirela aipatzen da, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Udalak antolatuta, eta hainbat lehiaketa egin zirela: txahalak, bertako eta kanpoko zezenak, zaldi eta astoak, txerriak, untxiak,

Irudiotan, iazko udaberriko Artzain Eguneko irudiak eta iraileko Euskal Jaietako azoka eta gazta txapelketa.

41


ORDIZIAKO AZOKAK bertako nekazaritza produktuak –gurina, eztia, argizaria, sagarrak, txermenak, artoa, gazta– nekazaritza makinak, eta abar. 2004an bete ziren ehun urte jai horiek egiten hasi zirenetik eta horregatik ikertu zen jai horien jatorria. Itxuraz, hainbat motako ospakizunei esker sortu ziren: literatura, kirol, nekazaritza, abeltzaintza eta musika arlokoak, eta abar. Eta horietan denetan euskara eta euskal ohiturak ziren protagonista. Anton Abadiak (Antoine d’Abaddie d’Arrast, frantsesez, 1810-1897) antolatutako jaiak dira horien iturburua. Zuberotar jatorriko zientzialari eta bidaiari nekaezinak ekimen horiek eta euskararen ikerketa eta euskal kanten ikerketa izan zituen langai. Abadiak 1853an Euskal Jaiak bultzatu zituen Urruñan, eta jai horietan euskal seneko hainbat alderdik izan zuten tokia. Gaztaren hiriburua Ordiziako azokak aldaketa ugari izan ditu, noski. 1925. urtean, adibidez, hainbat behar eta eskakizuni eran-

tzunez, egun ikus dezakegun estalkia eraiki zitzaion Plaza Nagusiari. Gaur egun egiten den gazta lehiaketak 1960ko hamarkadaren hasieran du jatorria, eta gaurdaino etenik gabe egin izan da. 70-90 artzainek parte hartu ohi dute. 1991n errekorra hautsi zen, 109 artzainek parte hartuta. Ordukoan Mari Jose Eizmendi Iza izan zen irabazlea. Irabazle ateratzen diren gazten enkanteak ere bilakaera garrantzitsua izan du. 1980an Juan Mari Arzakek ordaindu zituen 12.000 pezetetatik hasi eta Larzabal jatetxeak 2000. urtean ordaindu zituen 550.000 pezetetaraino, tartean 1986an Sebastian Azpirik ordaindutako 115.000 pezetak eta 1991n Egosari jatetxeak ordaindutako 360.000ak daude; 2002an Zarauzko Uranga margolariak ordaindu zituen 4.100 euroak (682.000 pzta); 2003an Ordiziako Pottoka tabernaren eta Martinez jatetxearen jabeek, Aitor Urreta eta Xabier Martinezek, eraman zuten gazta erdia, 5.100 euro ordainduta (850.000 pzta). Iaz, Bizkaiko Zeanuriko Ipuñaburu gaztandegiak egindako gaztak irabazi zuen txapelketaren 42. edizioa.


Gaztaren erdia Catalana Occidentek bereganatu zuen 7.600 euroren truke. 2014an Ampo kooperatibak 13.050 euro ordaindu zituen, orain arteko marka handiena. Horrela, bere historia eta tradizioan oinarrituta, Ordiziako azoka erreferente bihurtu da nekazaritzako produktuentzat; besteak beste, baserriko fruta eta barazkientzat, Idiazabal gaztarentzat edota arkumearentzat. Patxi Iraola bertsolari zaldibiarra azokaren inguruan kontu ugari bizi eta entzundakoa da. “Oilo kalean”(Goitia kalean) egoten zen saltzaile batek kontatutakoa ekarri izan du gogora, adibidez: «Jakina da baserritar asko etortzen zela, besteak beste, arrautzak saltzera. Eta Ordiziara inguratzen ziren ‘rekardera’ asko ere, Gipuzkoa osotik, Bizkaitik eta leku askotatik, produktuak erostera. Haietako baserritar batek kontatutakoa etorri zait burura egunotan. Hauxe elkarrizketa laburra erosleak arrautzen prezioa galdetzean: ‘Arrautzak zer egiten du?’, rekarderak. ‘Eskutik eroriz gero, hautsi’, baserritarrak». •

Gida praktikoa 2016ko AZOKA BEREZIAK

Irailak 7: Euskal Jaietako azoka. Urriak 29-30: Arabako Errioxako ardoen azoka. Abenduak 28: Gabonetako azoka. PAKETE TURISTIKOA

Turista kopurua denboraldi osoan hazten bada ere, Ordizian asteazkenetan nabaritzen da batez ere, asteroko azokak daukan eragakargarritasunagatik. Arrazoi horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Sailak egun erdiko pakete turistikoa atera du, non garraio publikoa erabiliz eta Donostiatik trenez goizeko lehen orduan abiatuz, D’elikatuz eta Ordiziako azoka, lehenik, eta ondoren autobusez Idiazabalgo Gaztaren Interpretazio Zentroa eta gaztandegi bat ikusteko aukera ematen den, arratsaldez trenez berriro Donostiara bueltatuz. ARGIBIDEAK

D’elikatuz Zentroa (www.delikatuz.com). Udako ordutegia: astelehenetik ostiralera 10.00-13.00 eta 16.00-19.00 eta asteburu eta jaiegunetan 11.0014.00 eta 16.00-19.00. Bestela, turismo@ordizia.eus helbidean.

43



Saô Jorge

Testua eta argazkiak: Xabier Bañuelos

AMILDEGIAREN ERTZEAN


SAÔ JORGE

Atlantiko erdian azaleratzen da Saõ Jorge (Azoreak) uhartea goitik behera ebakitako haitz puska etzan bat balitz bezala. Olatu artean agertuz, saiheska ikusitako balea gatibu baten bizkarralde erraldoia dirudi. Lerro zorrotzeko orografia hori dela-eta, ekialdetik mendebaldera labarrez labar amilduz doala bat-batean eten arte, nekez sinetsiko dugu gizakiak bizilekutzat har lezakeen paraje bat denik. Baina ia asmagaitza dirudien paisaia horretan bizitzak aurrera egiten du uztarik uzta, gutxienez XV. mendean aurreneko portuges kolonizatzaileak bertan lehorreratu zirenetik.

Lerroon gainean, harrien egitura gorrixka Ponta dos Rosais-eko amildegian. Ondoko orrialdean, iparraldeko kostaldea eta Faja do Ouvidor, eta erreportajea zabaltzen duen argazkian, Pico sumendiaren ikuspegia Sâo Jorgeren barnealdetik ikusita.

46

aõ Jorge uhartearen forma berezi horrek, hain da luzexka eta meharra, metaforak egiteko parada ematen du. Zetazeo handi batekin alderatu dugu jada, eta arazorik gabe alderatu genezake beste batekin ere, kaxalotearekin. Luzetara 50 kilometrotik gora eta zabaletara punturik nasaienean 8 kilometro eskas dituelarik, ontzi miragarri batekin amets egitera ere eraman gaitzake, harriz eraikitako itsasontzi bat Atlantiko erdi-erdian sekula guztirako ainguratua. Olatuetatik begiratuta, zizel kolpez landutako itsaslabar horiek sastakai etzan bat ekarri digute gogora, aho zorrotza zerua arrailtzeko prest; baina ipar-mendebaldeko mutur erpinak, Ponta dos Rosais delakoak, lantza punta baten eitea du, zuzenean Amerikaren bihotzean iltzatzera doan ertz ziztakaria. Enbor bat bezalakoa da jitoan doana mugitu ere egin gabe zurrunbilo estatiko baten lanbroak harrapatuta, edo mamu itzal bat, edo erraldoi lotaratu bat antizikloiaren eguzkipeko itsas haize idor eta beroen magalean atseden hartzen. Berez, uhartearen deskribapena hauspotuz edo apainduz egin ditzakegun joko estilistiko guztiak gorabehera, leku berean lur hartu beharko dugu: luzetarako faila bat, uhartearen erdialdeko ardatz osoa egituratzen duena. Makaronesiaren ipar eta mendebaldeko muturretan dago, hiru plaka teknikok bat egiten duten lekuan, hau da, iparramerikarrak, eurasiarrak eta afrikarrak. Ikuspegi geologikotik jarduera handiko lekua da, eta Azoreetako artxipelago osoa bezala, sumendien ekintzan dauka sorburua. Hala, bere irudiak, mapa batean ikusita, bitxia badirudi ere, berez ez dago lekuz kanpo, zeren eta xehe-xehe jarraitzen baitio duela 550 bat mila urtetik denbora tarte zehaztugabe batean ozeanoaren barrunbeetatik Pico da Esperançaren 1.053 metroetara iristeraino lurra lorarazi zuten sumendien erreskadari.

S

Itsaslabarretan hegoak zabalik Uhartera itsasotik gerturatzen denarentzat harrigarriena da uretatik gora jasotzen diren amildegien harresi garaiezina. Batzuetan goitik behera aiztoz moztuak dirudite. Iparraldeko itsasertzak, haren inguruan nabigatzean, fiordo baten murrutzarra dakarkigu gogora, hain da hain bertikala, 300 metro eta 425 metro arteko altuera hartuta. Lubaki itzel horren oinetan ipotxak dirudigula, ezinezkoa deritzogu tamainako altuera gainditzeko biderik trazatu ahal izateari halako malda batean: espaziorik ez dago, besterik gabe. Baina oker gabiltza, izan ere, ur hegalean, haitz puska izugarriaren azpian geldirik, kanpandorre txikiak bistaratzen ditugu, baserriz inguraturik. Hein batean artegagarria ere bada, hor baitaude, ezpataren eta paretaren artean harrapatuta, hau da, zeruertzean



SAÔ JORGE

Irudiotan, Faja dos Tijolos, uhartean dagoen «fajã» ikusgarrienetariko bat. Iparraldeko kostaldean dago, itsasoaren eta magal bertikalaren artean. Zidor ezkutuak herrixka batera bideratzen gaitu urmael baten alboan.

48

galtzen den itsaso horrek ordezkatzen duen ezpataren eta beren bizkar gainera erortzearekin mehatxatzen dituen malkar horren hormaren –eta kasu honetan, adiera literalean– artean. Halako edertasun bitxi eta naroak lamien kantuak bezala erakarri gaitu, ordea. Batzuetan, malda piko horietako zorua, naturaren elementuen eta lurrikaren astinduen eraginez, zirimolaka amiltzen da hondorantz. Besteetan, sumendiek jaurtitako magma basaltikoaren jarioa mendi hegalean beherantz irristatzen da, eta, itsasoan barneratzean uraren gainean flotatzen geratzen diren plataforma beltz eta leunak eratuz doaz amildegien oinetan, hego bat zabaltzen denean bezala, leku itxura batean iristezinak, ia-ia bururagaitzak sortuz. Fajã delakoak dira, eta horien gainean axolagabe eta patxadatsu kokatzen dira herrixka zuri batzuk, errealitatetik at, denborarik ez balego bezala. Saõ Jorgeko itsasertzean han-hemenka, 70 fajã baino gehiago daude guztira. Norte Grandeko gainaldetik, Fajã da Ribeira da Areiako elizari eta Fajã do Ouvidorreko etxe eta belardi nanoei begira gaude, Gabonetako jaiotza txiki baten berreraikuntza bati begira bezala. Hegoalderago, Norte Pequenon, amildegi ertz-ertzetik so egin eta badirudi ikusmenak ziria sartu nahi digula, ezin baitugu distantzien zentzu argi bat hartu. Baina deika ari zaigu, ziztu biziko jaitsiera bat egitera xaxatuz, mendi hega-

letan sigi-saga kosk egiteko prest dauden suge kiribilduen antzera doazen ia 90 graduko bideetan behera. Bertakoak ikusten ditugu quad temosoetan igotzen, eta geure buruari galdezka geratu gara ea gure autoak tamainako desnibela gaindituko lukeen. Behera iritsi gara grabitateari tenk eginez. Hainbeste itsasok eta hainbeste mendik zorabiatu... eta irentsi egin gaituzte. Fajã dos Cubreseko albufera txikiaren zipriztinak iritsi zaizkigu, diotenez, mirariak egiten ditu ur horrek. Oinez ekin diogu berriro Nossa Senhora das Lurdeseko eliza txikitik, lur nabarreko xendra bati segika. Maldan behera mendi hegala miazkatuz bezala doa bide zoragarria, eta lehenik Fajã dos Tijolosera eraman gaitu, urmael eta guzti, eta gero, Fajã da Caldeira do Santo Cristoraino, eta hor laba hodi bat ikusi dugu, Furno do Polo delakoa, eta barrualdean, ezusteko bitxi bat, harea fineko hondartza bat ur gezako aintzira txikiaren inguruan. Berdearen sinfonia Kostalde honen erliebea ikusgarria da bene-benetan, baina uhartearen edertasuna ez da hor amaitzen. Behin maldak gaindituta, barnealde estu eta luzea parez pare agertzen zaigu, urdinetan igerian dabilen goilautada orlegi luzexko bat bezala. Ipar-mendebaldeko Ponta dos Rosaisetik, hego-ekialdeko Ponta do Topa-


49


SAÔ JORGE raino, uhin leun baina nabarmenen bidez zabalduz doa, tolestura leunez eta konkorgunez estalitako orografia itxuratuz. Lurzorua hemen ez da lehengo fajãs horietan bezain emankorra, eta abeltzaintzak hartu dio lekukoa nekazaritzari. Hesitura ñimiñoz inguratutako mosaikoetan banatuta, belardietan bazkatzen dira behiak, eta ganadu horrexek emandako esnearekin egiten dute gero queijo Saõ Jorge ezaguna, Edam gaztaren antzekoa, ondua eta zaporetsua, XV. mendetik egiten dutena. Hortentsien lilak eta etxeetako horma zurixka eta teilatu gorriak kendu, eta Saõ Jorge berde burrunbatsu bat da. Gainerako koloreek bezala, ñabardura ugari ditu berdeak, eta ia horiek denak azaltzen dira uhartean. Horretaz arduratzen dira argia, landaredi oparoa, eta batzuetan, itsasoa bera ere bai. Ilunak eta argiak, marroixkak edo olibakarak, esmeraldak eta turkesak

gurutzatzen dira eta elkarrekin nahastu ez. Aldagaien sinfonia bat da, landareen klorofilaren eta kresalaren urdinaren zaporeak haizatzen dituena, eta aniztasun bete hori ureztatzen dute konposizio orokorraren bikromia horren ausazko osagarri bihurtzen diren ezusteko puntillismo trazuek. Herriak txiki baino txikiagoak dira, xarmaz beteak baina. Velas hiriburuak 2.000 biztanle inguru ditu. Hego kostaldeko mendebaldean dago eta fajã batean dago hau ere, baina ez da iparraldeko kostakoak bezain paraje dramatikoa. Hor datza patxadatsu, Morro Grande bizkartzain duela, hau da, Morro Queimado sumendia dagoen lekua, eta hori ikuste hutsak zirrara eragiten du, 1580, 1757 eta 1808 urteetan uhartean izandako erupzioez gogoratzean. Bertako ainguralekuaren izena Porto das Caravelas da, eta hortxe egin digute harrera Portão do Mar (itsasoko ateak) eta Nossa Sen-


hora da Conceição gotorlekuaren hondarrek. Horren aurrean gogoak ihes egin digu aspaldiko balentria eta deskubrimenduen arora, kontinenteak lotzen zituen itsaso bidezko merkataritzaren garaietara, itsaslapur eta korsoen denboretara. Mendebalderantz joan gara, eta Urzelina, Castelete, Terreiros eta Manadasen geldialdia egin dugu. Aurreneko herrixkak XVI. mendera eraman gaitu, urzela likena biltzen zuten garaira; bigarrenak, oidium eta filoxerak XIX. mendeak mahasti denak triskatu aurreko ardo zaharren usaina dakarkigu; eta azken biek Santa Barbara eliza aurkeztu digute, Azoresko arkitektura erlijiosoaren harribitxia, eta haren barrualdeak usteuste gabe amerikar lurretara garamatza. Fajãk bata bestearen atzetik: das Almas, dos Vimes, dos Bodes, Saõ João, do Cardoso, do Lobacal... baina Calhetan ere geldialdia egin dugu, badirudi olatuetara jauzi egiteko

prest dagoela. XVIII. eta XIX. mendeetako etxeetan gabiltza, eta Saõ Jorgeko kanalari begiratzen diogu lilurak erabat harrapatuta. Baina sartaldeko muturrera itzuli gara, Rosaiseko itsasargira. Gaur egun hutsik dago, 1980. urtean lurrikara batek amildegia eraistearekin mehatxatu zuenetik. Untxiak bidean gurutzatzen zaizkigu beldur izpirik gabe. Lurraren gorriak ilunabar okre, laranja eta gorrimina iragartzen digu. Egun argi horietako bat da. Ekialdetik Terceirak muturra agertzen du, eta iparraldean Graciosa ikusten dugu. Mendebaldeko zeruertz ia amaigabean Flores eta Corvo bistaratzea iruditu zaigu, baina agian gure nahia besterik ez da, errealitateaz harago. Eta hegoaldean, presentzia ia noranahikoarekin, Faial eta Picoren silueta ahaltsua, bere sumendia marrazoa handi baten hegatsa balitz bezala azaleratuz. •

Argazki handian, hegoaldeko kostaldea eta Isla do Topo, itsasargiaren azpian. Urrunean Terceira uhartea ikusten da. Eskuinean, eliza eta bertatik ikusten diren ekialdeko lurraldeak.


proposamen tematikoa

ZINEMAKO BEDERATZI UNIBERTSITATE-CAMPUSAK Udako etenaldiaren ondoren, munduko unibertsitate ederrenetan barrena bidaiatzeko proposamena egin nahi dizuegu. Unibertsitate-campusak pixkanaka betetzen diren heinean, historia eta istorioez blaitutako gune hauetan murgilduko gara. Zinemazaleak izanez gero, are eta hobeto, pelikula ugari filmatu baitira gune horietan.

Oxford (Oxford, Britainia Handia) Airetiko ikuspegian, «Rad Cam» ikonikoa agertzen da, Radcliffe liburutegiaren egoitza. Ingeles hizkuntzako unibertsitaterik zaharrenean “Harry Potter” (2001) filmatu zuten. Cambridge (Cambridge, Britainia Handia)

Unibertsitate ospetsu honetan “The Theory of Everything” (10014) filmatu zen, Stephen Hawking zientzialariaren gaztaroari buruzkoa. 60ko hamarkadan, hemen ikasten ari zela, gaur egun jasaten duen gaixotasun motoneuronala diagnostikatu zioten. Cam ibaiaren bazterrean kokatutako eskola honetan ezagutu zuen Hawkingek emaztea.

52


University of Southern California (Los Angeles, Kalifornia, AEB)

Unibertsitate-campus hau Hollywoodeko film askotan agertu izan da, “The Graduate” (1967), “Ghostbusters” (1984) eta “Forrest Gump” (1994) kasu. Tom Hanks eseri zen jarlekua mantendu dute, eta urre koloreko plaka batek pelikula hor filmatu zela gogorarazten du.

Harvard (Cambridge, Massachusetts, AEB)

Munduko onena omen da AEBetako unibertsitaterik zaharrena... eta bertan filmatzeko baimena lortzea zaila da oso, kontuan izanik, guk dakigunez behintzat, orain arte “Love Story”-k (1970) bakarrik lortu duela.

Paris-Sorbonne (Paris, Estatu frantsesa)

Parisko erdialdeko Latin izeneko auzo bohemioan dagoen unibertsitate honetatik Europako intelektual mordoa pasatu da. Historiaz blaitutako horma hauetan kokatu zuen Christopher Nolan-ek “Inception” (2010) filma. Leonardo DiCaprio Dom Cobb da, lo daudenei subkontzientean gordetzen dituzten sekretuak lapurtzen dizkien zientzialaria.

53


University of British Columbia (Vancouver, Kanada) Mundu mailan ospe handiena duten unibertsitateen artean dago UBC. “The Butterfly Effect” (2004) hor kokatu zuten: Ashton Kutcher (Evan Treborn fikzioan) psikologia ikasle bat da. Egun batean, nerabea zenean idatzi zuen egunkaria berrirakurtzen hasten denean, iraganera itzultzeko gai dela konturatzen da. Orduan iraganeko gauzak aldatzen hasten da. Filmak bi jarraipen izan zituen. Columbia britainiarreko unibertsitate-campus nagusia Vancouverreko mendebaldean dago, baina hirian bertan beste hiru txikiago ditu eta laugarren bat Kelowna herrian.

Bologna (Bologna, Italia)

2002ean “Paz!” estreinatu zen, Andrea Pazienzaren komikietan oinarritutako film bat, zeinak Bolognan ikasten ari den gazte talde baten istorioak biltzen dituen. 1088an zabaldu zituen ateak; beraz, munduko unibertsitate zaharrena izan daiteke berau. Iraganean autopsiak egiteko erabiltzen zen mahaiak hor dirau. University of Oregon (Eugene, Oregon, AEB)

John Landis-ek bere lehen protagonista nagusia oparitu zion John Belushiri “National Lampoon’s Animal House” (gaztelaniaz, “Desmadre a la americana”, 1978) filmarekin. Komedia zoro eta mitiko hau fikziozko Faber College-ean gertatzen zen... hau da, Oregoneko Unibertsitate publiko honetan.

Roma-Sapienza (Roma, Italia)

54

“Il grande sogno” Michel Placidoren film bat da, 2009an estreinatutakoa eta zuzendariaren bizitzan oinarritutakoa. Erromako unibertsitatean filmatu zen, hots, Europako unibertsitaterik handienean, eta Italiako hegoaldeko polizia baten istorioa kontatzen du. Nicolak betidanik aktore izatea amesten zuen. 60ko hamarkadaren amaieran, unibertsitatean sartuko da infiltratu gisa, garai nahasi haietako ikasleen borroka taldeetan.


proposamen tematikoa


HITZORDUAK hutsa

TOTALLY THAMES • LONDRES (BRITAINIA HANDIA) • IRAILAREN 1ETIK 30ERA ARTE

SYDNEY (AUSTRALIA)

Tamesis ibaiak izugarrizko eragina izan du Londres hiriaren garapenean eta bilakaeran, ur hauei begira hedatu baitira hiria eta iraganeko inperioa. Irailean bere bazterrak jaialdi erraldoi baten joko-zelai bihurtuko dira, 67,5 kilometrotan zehar 150 ekitaldi izango baitira: arte instalazioak, argazki erakusketak, antzezlanak, kontzertuak... Antolatzaileek gomendatzen digutenez, patxadaz hartu, eta Tamesiseko bazterretik ibilalditxo atsegin bat egiten dugun bitartean, jaialdiak proposatzen dizkigun guneetan geralditxo bat egin beharko genuke. Hortik aurrera, gozatu. Aurrerapen txiki bat: Millenium zubiaren ondoan, eta ibaiaren erdian, Ik-Joong Kang korearraren eskultura ikusgarri bat jarriko dute.

Kaldor Public Art Project Irailaren 17tik urriaren 3ra XIX. mendeko Garden Palace lorategian 1879. eta 1882. urteen bitartean Sydney’s Royal Botanic Garden zegoen, non kolonizatzaileek jasotako –edo lapurtutako– aborigenen artelan ugari gordetzen zituzten... sute handi batek dena suntsitu zuen arte. Kaldor Public Art Projects jaialdiaren 32. edizioan desagerpen hori ekarri nahi dute gogora, Jonathan Jones artistaren lanetik abiatuta diziplina desberdinetako artista aborigenak protagonista bihurtuko direlarik. kaldorartprojects.org.au

56

totallythames.org

MUNICH (ALEMANIA)

NEW YORK (AEB)

Oktoberfest Irailaren 17tik urriaren 3ra Agian Oktoberfest deitu beharrean, Septemberfest esan beharko genioke, garagardo eta janari alemaniarraren inguruko jaialdi erraldoi eta ospetsuena gero eta lehenago hasten baita. Goizeko 10.00etatik gaueko 22.30era arte etenik gabe eskaintzen dute jan-edana jaialdirako espresuki eraikitako karpetan. Schottelhamen izeneko karpa da zaharrena –1867an zabaldu zuten– eta bertan 10.000 lagun sartzeko lekua dago. www.oktoberfest.de

Labor Day Parade Irailak 5 Reggae eta kalipso doinuz alaitutako festa giroan, jantzi koloretsu eta ñimiñoz apaindutako dantzariek Karibeko hondartzen berotasuna Brooklyneko kaleetara ekartzen dute urtero. Labor Day Parade-a da, AEBetako Lanaren Egunean ospatzen dituzte inauteri tropikalak Sagar Handian. Karibeko gastronomia jaun eta jabe, giro ezin alaiagoa... eta dena doan. Zer gehiago eskatu daiteke? Merezi du bertaratzea. wiadcacarnival.org


ERAKUSKETAK ARTEA ETA GAZTE GIROA BORDELEKO VIRGIN MEGASTORE ZAHARREAN SALBAMENDU-JAKEN URMAELA

“Transfert” definitzeko erakusketa bat baino arte jaialdi multimedia bat dela esan genezake. Bordeleko erdialdeko Virgin Megastore zaharra –Gambetta kalean zegoena– bere egin dute 30 artista gaztek ekainean hasi zen seigarren edizio honetan, eta irailaren 25era arte izango dituzte ateak zabalik. Erakusketak doakoak dira eta ordaindu beharreko ekitaldi bakarrak –eta halere, prezioak ez dira batere garestiak– kontzertuak, ostegun eta ostiraleko after work delakoak eta antolatutako gainerako jaiak dira. Argibide gehiago nahi izanez gero, webgune honetara jo:

Beheko errebolber herdoildu honekin bere buruaz beste egin omen zuen Vincent Van Goghek 1890ean. Margolari handi honi buruko gaitzek sorrarazi zizkioten arazoei buruzko erakusketa prestatu du Amsterdameko Van Gogh Museum-ak.

www.expotransfert.fr

www.vangoghmuseum.nl

ARGAZKILARITZAREN HIRIBURUA Estatu frantseseko udako hitzordu kultural nagusia Okzitaniako hiri honetan burutzen da. Les Rencontres d’Arles argazkigintzako jaialdi interesgarria aurten irailaren 25era arte luzatuko da. www.rencontres-arles.com

Vienako Belvedereko lorategiko urmaelean «agertu» da Ai Weiwei apurtzailearen “F. Lotus” instalazioa. Aurretik Berlinen egon zen ikusgai, eta bigarren hau txikiagoa den arren –Berlinen errefuxiatuen 14.000 salbamendu-jaka jarri zituen; Vienan, 1.000–, ikusgarria da oso. www.belvedere.at

VAN GOGH-REN ARAZOAK

LURPEKO SAGARRA Irailaren 25era arte dago ikusgai Erromako via Antoninan Michelangelo Pistolettoren instalazioa. Carrarako marmolean egindako sagar honekin, Bibliatik hasita elektronikaren munduko ikurra izan arte, fruitu honek izan dituen irakurketei buruzko hausnarketa proposatzen digu. 57


hutsa

liburuen TXokoA

hutsa

NAFAR BAT BERBEREEN LURRETAN hutsa

Cien pasos por tierras bereberes Jokin Pallares Autoekoizpena, 2016 240 orrialde. 14,95 euro

okin Pallares (IruĂąea, 1978) musikaria da lanbidez eta 25 urte darama mendiaren munduari atxikita. Abenturazalea oso, planetan zehar bidaiatu du eta 2013an, beste kide batekin batera, Pirinioei buruzko lehenengo app-aren egilea izan zen. Liburu honetan Marokora egindako bidaia bat islatu du oso modu arin eta didaktikoan, bederatzi egunetan zehar eta oinez Atlas mendikateko gune ikusgarrienetan egindako zeharkaldia, alegia. Inguru haietara egindako zortzi bidaien ondoren, bertako gidari batekin gauzatu zuen beraien aburuz Atlas Garaian egin daitekeen ibilbiderik onena. Inguru hauetan kokatzen da Afrika iparraldeko mendi garaiena, Tubkal izenekoa. Koloretako 40 argazkiz hornituta, mendiari buruzko liburu bat dela esan daiteke, baina era berean bidaia- eta abentura- istorio bat, oso erraz irakurtzen baita. Mendizaleentzat, bestalde, interes aparta du, gida tekniko zehatza erantsi baitiote. Hitzaurrea Jokin Azketak egin dio, nafarra hau ere, 2012eko Desnivel sarien irabazlea. Elkar liburu-dendetan eros daiteke, baita Interneten ere (Circulo Rojo, Elkar eta Fnac-eko orrialdeetan).

J


Dublindarra Alfonso Zazpico Astiberri, 2015 232 orrialde. 18 euro

hutsa

hutsa

lfonso Zapico komikigile asturiarrak 2012ko Komikiaren Sari Nazionala irabazi zuen, ospea eman zion lan honekin. Hiru urtez aritu zen nobela grafiko hau sortzeko, zeinak James Joyceren bizitza duen ardatz eta hark bizi izandako hainbat pasarte, elkarrizketa eta abenturaren berri ematen duen, XX. mendeko pertsonaia zinez handi hura taxutuz. Bilboko Astiberri argitaletxeak euskarara ekarri du. Lan honen osagarri Zapicoren beraren “La ruta Joyce” bidaia-kaiera izan daiteke.

A

hutsa

hutsa

JAMES JOYCEREN URRATSEI JARRAITUZ

LEKUTARA JOAN ETA ZER AURKITU?

NATURAREKIN BAT EGIN DEZAGUN

ristan Savinentzat herrialde bakoitzak lekutan dagoen toki bat du (un trou du cul du monde, frantsesez) eta hiru hamarkadatan zehar egindako bidaia luzeetan egiaztatu ahal izan omen du: beti dago toki bat jainkoaren eskutik galduta, herri fantasma bat, megalopoli kaotiko bat... Toki hauetan aurkitu beharko luke bidaiak bere benetako sena. Frantsesez soilik kaleratu den liburu honetan zonbi haitiarrak, Myanmarreko espioi bat, Amazoniako petroliokonpainiak eta jite guztietako pertsonaiak aurki daitezke.

abier Herreros Lamasek (Gasteiz, 1966) bi hamarkada daramatza nekazaritza ekologikoarekin lanean. Hainbat libururen egilea da eta, era berean, Granadako Azaroa izeneko lursailean baratze-terapiak eta basoetako bainu eskaintzen ditu. Liburu honetan, urteotan landutako terapia horien berri ematen digu, berak menderatzen dituen tekniken bidez naturarekin lotura estuago bat lor dezagun.

T

Les trous du cul du monde Tristan Savin Arthaud, 2016 235 orrialde. 15 euro

J

Conéctate con la naturaleza. Terapia hortícola y baños de bosque Jabier Herreros eta Hodei Herreros Txertoa, 2016 184 orrialde. 15,50 euro

LEHERTU DA FESTA KULTUR HIRIBURUAN onostia Europako Kultur Hiriburutzaren atarian da. Mikel Egileor kazetari ohi eta outsider totala ikertzaile dabil orain. Hiriko gazte baten desagerpena ikertzeko mandatua eman diote. Egileorrez gainera, ordea, Ertzaintza ere atzetik dabilkio gazteari, Europako kultura gertakari handia hondatu eta galarazi nahi duelakoan. Atentatuen psikosia hiriko bazter guztietan hedatu da eta agintariek segurtasun neurriak indartu dituzte.

D

Lehertu da festa Eneko Aizpurua Elkar, 2016 216 orrialde. 17 euro

59


Gogoan hartu hutsa

CASA DO PENEDO HAITZEN ARTEKO ETXEA

Gutxi batzuek baino ez zeukaten etxe bitxi honen berri Internetek ospetsu bihurtu zuen arte... eta agian etxeko jabeek lehen bezala jarraitzea nahiago izango lukete, iraganeko lasaitasunari agur esan behar izan baitiote, Casa do Penedo (harkaitzeko etxea) etxea Portugaleko iparraldeko Fafe mendikateko tokirik turistikoena bihurtu denetik. Baina has gaitezen hasieratik. Gaur egungo jabeak, Vitor Dominguesek, Portugaleko telebista kate bati adierazitakoaren arabera, bere aitari

60

mendi itzuli bat egitean lau haitz ikaragarri hauekin topo egin eta bururatu omen zitzaion oporretarako aterpea egin zitekeela harkaitz horien egitura aprobetxatuz. Lekutan dagoenez parajea, ia mendian galduta, bere familiaren oporretako egoitza izateko kokaleku zoragarria iruditu zitzaion. Lurrak erosi zituen eta, baimenak lortu ondoren, 1972an ekin zion lanari. Bi urteren buruan, “The Flitstones” edo “Harriketarrak” marrazki bizidunetako etxeen antza duen eraikina sortu zuen, lau haitzen artean estuestu sartuta bezala. Eraikinaren kanpoaldea egiteko harria erabili zuten batez ere, eta egurra barrualderako. Hamar leihotxo ditu han-hemenka modu apetatsuan banaturik. Tximinia du, baina ez du ez urik ez argindarrik, parke eoliko baten barnean egon arren. Eta harrezkero, dominguestarrek hantxe eman dituzte beren oporrak... Internet iritsi den arte. Aipatu bezala, orain arteko bakartasunari agur esan behar izan diote eta, bandalismo arazo batzuk jasan ondoren, Vitor Dominguesek ate blindatu bat jarri eta leihoetako kristalak sendotu behar izan ditu. Hesi batek inguratzen ditu Casa do Penedoko lurrak: gehienetan itxita egoten da, baina barnera sartzeko aukera izan dutenek diote etxearen historiaren inguruko museo txiki bat daukala barruan.


hutsa

SHILINXIA-KO BEGIRATOKIA Shilinxia gune turistikoa Pekinen dago, Pinggu barrutian. Bertan zabaldu berri dute munduko beirazko begiratokirik handiena: 32,8 metroko luzera du, Arizonako (AEB) Arroila Handian dagoen pasarela baino 11,4 metro luzeagoa. Txinan bertan dagoen Yunyang Longgang parke geologikoko behatokia, “Hodeietako zubi� ikusgarria, zen orain arte luzeena, baina Shilinxiak aurre hartu dio. Titanio, altzairu, kable eta beira blindatua. Horiexek dira bertigoa dutenentzat debekatuta egon beharko litzatekeen guneko osagaiak. He Yunchang plataforma honen diseinatzailea da eta, haren esanetan, titaniozko egiturak altzairuz egindakoaren erdia pisatzen du eta, halere, askoz indartsuagoa da, ia bikoitza. Behatokia 800 metrora dago itsas mailaren gainetik, haraneko puntu baxuenetik 400 metrora. 713 metro karratuko azalera du, 151,9 tona pisatzen ditu eta 1.900 pertsona egon daitezke paratuta une berean. Beldurrezko ikuskizun turistikoen norgehiagoka puri-purian dago gaur egun, oraingo joeren arabera ez omen baita nahikoa toki

berri bat ezagutzea, turistek emozio berriak behar dituzte. Bisitari gazteei bideratuta daude, batez ere, mota honetako eraikin erraldoiak. Hori dela eta, kristalezko lurzorua duten begiratokiak eraiki dituzte zeinbat herrialdek, lasterketa zoro batean. Eta lasterketaren buruan nor dago? Txina.


LABURRaK hutsa

MUGIKORRIK GABEKO OPORRAK urismo arloan gero eta indar handiagoa hartzen ari dira mugikorrekiko dugun mendekotasuna gainditzen lagunduko omen diguten eskaintzak. Detox izeneko hotelak gero eta oihartzun handiagoa dute, esaterako. Vincci Hoteletan edo Barcelo Sancti Petrin, adibidez, “Digitel detox pack” delakoa eskaintzen zaie bezeroei: aparailu elektroniko guztiak –sakelako telefonoak, tabletak...– utz ditzatela esan eta, trukean, liburu bat edo mahai-joko bat ematen zaie «desintoxikatu» daitezen. Beste adibide bat: www.jetcost.es bilatzaileak mugikorrak onartzen ez dituzten hotelak edo, are, wifirik ez daukaten hotelak bilatzen dizkigu.

T

62

«ESKAPISMOA» DAGO ORAIN MODAN

tea zure gibelean itxi da eta atzerako kontaketa hasi da. Zure taldeak 60 minutu ditu dena arakatzeko eta, arrasto batzuei jarraituta, atea zabaltzen duen giltza aurkitu ahal izateko. Film bateko argumentua dirudien arren, aisialdi kontuetan orain modan dagoen «eskapismoa» da. AEBetan sortu zen, noski, eta Europara 2012an iritsi zen, Hungarian lehenengo aretoa zabaldu zenean. Hiriburu handietan aurkituko duzuen eskaintza da, Bartzelonan eta Sevillan kasu. Areto bakoitzak giro propioa du, ardatz hartzen duten istorioaren arabera; hau da, Sherlock Holmesen misterioak, armen bidez egindako erasoa...

A

hutsa

aravan Forlag eskandinaviar argitaletxeak “Mitt Baskien” (Nire Euskal Herria) argitaratu berri du. Eskandinavian kaleratu den Euskal Herriari buruzko lehenengo gida turistikoaren egilea Steven Ekholm da, Suediako izen handiko “Dagens Nyheter” egunkariko kritikaria. Urtero 30.000 eskandinaviarrek bisitatzen gaituzte; ez da, ez, ahuntzaren gauerdiko eztula.

K

hutsa

hutsa

hutsa

«MITT BASKIEN» GIDA TURISTIKOA SALGAI

SERBIAKO IPARRALDEA, ZIKOINEN PARADISU

undu zoro honetan babesa aurkitu dute zikoinek, hegazti migratzaile hauek urtero martxoan itzultzen baitira Serbiako iparraldean kokatutako Taras herrixkara. «Hemen zikoinak maite ditugu eta haurrei ere haiek maitatzen erakusten diegu», dio Alksandra Marovac, Taraske Rode (Taraseko zikoinak) elkarteko presidenteak. Elkarte horrek berak 35 behatoki artifizial eraiki ditu, bertan habiak egin ditzaten argindar zutoinak erabili beharrean, azken hauek arriskutsuak baitira hegaztientzat. Aurten 36 bikote izan dituzte «gonbidatu», eta 57 kume izan dituzte. Abuztuaren bukaeran alde egin zuten, Afrikaraino gelditzen zaizkien 12.000 kilometroak osatzeko.

M

DJENNE-KO HIRI ZAHARRAK, ARRISKUAN neskok larrialdi deia egin die nazioarteko herrialdeei Maliri lagundu diezaioten eskatuz, Afrikako estatu honek Djenne-ko Hiri Zaharrak gunea babes ahal dezan. Hiri horiek Arriskuan dauden Ondareen Zerrendan sartu berri ditu Unescok, eskualde honetan dauden segurtasun arazoak direla-eta. K.a. 250. urtetik bizi izan da jendea hiri horietan eta Djenne-ko lekua merkataritzagune garrantzitsua izatera iritsi zen XV eta XVI. mendeetako urrearen transaharar ibilbidean.

U

#NIBIZINAIZNI UDAKO LEHIAKETA MARTXAN aiz.eus web orrialdeak uda giroari eta bizipozari irekitzeko proposamena egin die bere irakurleei eta, hori dela eta, #NiBiziNaizNi lelopean lehiaketa antolatu du. Argazki, postal edo bideo-selfiak bidaltzeko eskatu die irakurleei bi lagunentzako bidaia baten zozketan parte har dezaten. Lehiaketa oraindik zabalik dago eta naizplus@naiz.eus helbidera edo Portuetxe 23-2a 20018 Donostia helbidera bidali daitezke irailaren 19a baino lehen. Eta bidaiak nora? Erroma, Munich edo Lisboara. Anima zaitezte!

N


EGIN ZAITEZ OSPETSU! Sare sozialen oihartzuna ikaragarria da. Australiako hutsa

hutsa

ekialdean hartutako argazki bitxi hau zintzilikatu zuen Tim Samuel gazteak bere Instagram kontuan eta ziztu bizian bi milioi bisitari izan ditu. hutsa

ERROMAKO «URAREN ETXEAK», TURISTEN BABESLEKU Hasieran, Eliza katolikoa ospatzen ari den Jubileuak erakarrita iritsiko zitzaizkien milaka erromesen beharrak asetzeko jarri zituzten, baina orain Erroman dauden turistek ere etekina ateratzen diete. “Uraren etxeak” dira, kiosko itxura daukaten guneak, non mugikorren bateriak –USB sarrerak dituzte– eta ur hotz botilak –9 gradutan, gasarekin edo gasik gabe, aukeran– berriz bete daitezkeen. Musu-truk.

MALLORCARA SARTZEKO TURISMO-TASA ORDAINDU BEHAR

hutsa

Mallorcako Parlamentuak hartu berri duen erabakia dagoeneko martxan jarri da: Balearretara iristen diren bisitariek tasa bat ordainduko dute urteko sasoiaren arabera, baita hartu duten ostatuaren arabera –0,25 eta 2 euro artean, pertsona bakoitzeko egunero; 16 urtetik beherakoek ez dute ordainduko–. Egonaldi turistikoen tasa deitzen zaio.

hutsa

hutsa

ALSAZIA MODU BIRTUALEAN EZAGUTZEKO AUKERA Aulki batean lasai-lasai eserita gaudela Alsaziako paisaia ikusgarriak airetik begiztatzeko aukera ematen digu Drone Alsace enpresak. Hor atzean azaltzen dena Tristant Frevillek maneiatzen duen dronea da; traste hauei turismorako erabilera aurkitu die. Parez pare daukagun neskatoa, betaurreko handi horiei esker, aparailuak gaztelutik –Kintzeheim gazteluan dago– zuzenean bidaltzen dizkion irudiak jasotzen ari da. Dronea hor goian dabil, eta jarraian almenen artean hegan joango da. Drone hauen bidez Alsaziako gaztelu ederrak beste modu batera ezagutzeko parada izan dezakegu... baina ez litzateke askoz osasuntsuagoa izango neskatoarentzat hankak pixka bat astintzea? 63



Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.