![](https://static.isu.pub/fe/default-story-images/news.jpg?width=720&quality=85%2C50)
2 minute read
2020 Azkuna Zentroa – Alhóndiga Bilbaon. Dena berdin izango da, ezer ez da berdin izango
Covid-19aren krisiak markatu zuen Azkuna Zentroaren 2020ko jarduera. 2019-2023 Programa Proiektuaren bigarren urtea hazteko itxaropenarekin bideratu zen, 2019an lortutako emaitza onetan oinarrituta. Hala ere, plan guztiak aldatu egin ziren inoiz ezagutu gabeko egoeraren ondorioz, hari erantzun beharra zegoen-eta.
Advertisement
Mugarri nagusia zentroa martxoaren 13tik ekainaren 1era itxi beharra izan zen, osasun-larrialdi globala zela-eta; horren ondorioz, urteko bigarren seihilekoan suspertu egin ziren jarduera eta programazioa. Bi egoeretan, ondorengo hauek konektatzen jarraitzeko xedeari eustea izan zen lehentasuna:
PUBLIKOEN KOMUNITATEEKIN
Sare sozialen bidez #AzEtxean programa abiarazi zen, publikoen komunitateekiko loturari eusten saiatzeko eta zentroko programazioko proposamenak berriro aurkitzea proposatzeko. Aste horietan arte garaikidearekin, arte eszenikoekin, soinuarekin, zinemarekin, ikus-entzunezkoekin, literaturarekin edo kultura digitalekin lotutako edukiak partekatu ziren. Aipagarria da Gutun Zuria jaialdiaren programazio berezia, martxoaren 31tik apirilaren 5era egin zena, urte horretako edizioa egin behar zen garai berean.
ARTE KOMUNITATEAREKIN
Artistekin etengabe hitz egin genuen, haien egoera lehen egunetik ezagutzeko eta artisten kolektiboan emanaldi-galtzeak nahiz geldialdiak saihesteko beharrezko estrategiak finkatzeko. Ildo horretan, 20202021 aldian programazioa birdimentsionatzea eta birkokatzea erabaki zen, aurreikusitako kontratu eta proiektu guztiei eusten ahaleginduz.
Aldi berean, ekintza-plan bat jarri zen abian arte-sorkuntzari laguntzeko programak sendotzeko eta indartzeko, arte-egonaldiak zabaltzeko eta Lantegia-Ideia laborategiaren esparruan ezohiko deialdi bat egiteko.
BESTE ERAKUNDE BATZUEKIN
2020an, erakundeen jarduera biziagotu da, lankidetza-sareak mantentzeko eta berriak ehuntzeko. Hala, bost urterako berritu da Golem zentroko zinema-operadorearekiko kontratua, eta lankidetza-hitzarmen bat sinatu da Euskal Herriko Unibertsitatearekin, euskal gizarteak kulturan, artean, unibertsitatean eta ikerketan duen gaitasuna bultzatzeko, elkarrekin dibulgazio-, prestakuntza- eta ikerketa-jarduerak eginez.
ZENTROA BIRFORMULATZEA
Martxoaren 13an bertan hasita, zentroa birformulatzeko lanari ekin zitzaion, irekiera segurua bermatzeko, Azkuna Zentroak eskaintzen dituen espazioak eta aukerak birpentsatuz, jarduerara itzultzeko moduari buruz hausnartuz eta espazio bakoitzean beharrezkoak diren segurtasun-protokoloak aztertuz.
Ekainaren 1etik aurrera ireki genuen berriz, era mailakatuan, jarduera berreskura zedin eta edukiera modu seguruan kudeatu eta egokitu zedin. Lehenik, Dendazen, Az Infon eta Erakusketa Aretoan, eta, pixkanaka, gainerako espazio eta zerbitzuetan.
2020ko ekainetik abendura bitartean, 70 bat kultura-jarduera egin ziren, besteak beste, Steve Paxtonen inguruko Nazioarteko Mintegia, erakusketa irekiak zabaltzea edo BIdeOtik. Ikus-entzunezko bestelako narratibei begira topaketak, Zinematekako zikloa edo Musika Loturak programa Atarian.
Azkuna Zentroak egunerokotasunera itzuli nahi izan du, bestelakoa zen egoera batean. Horregatik, irekiera-kanpainaren leloa hau izan da: “Dena berdin izango da. Ezer ez da berdin izango. Ongi etorri!” Duela 10 urte bezala, zabaldu dira Azkuna Zentroko ateak, oraingoan pentsatzeko, sortzeko eta izateko era berri baterako.