![](https://assets.isu.pub/document-structure/220606072101-ec685875cf58c9aba8503ce4c28ef6da/v1/1624bef02b049bf4f9508437b09a63b6.jpeg?width=720&quality=85%2C50)
1 minute read
Zuzendariaren gutuna
2020. urtea zaila izan da, oso zaila, baita Azkuna Zentroarentzat ere. 2019-2023 Programa Proiektuaren lehen urtea bikaina izan zen, zentroaren historian urterik onena, eta, horren ondoren, gure hamargarren urteurreneko 2020. urtea prestatu genuen, proiektu berriekin, era esponentzialean hazten jarraitzeko, nazioartean pisu handiagoa izateko eta publikoen komunitate berriak lotzen aurrera jotzeko asmoz. Baina plan horiek guztiak, neurri batean, aste batzuk geroago zapuztu egin ziren, pandemiak inoiz aurreikusi gabeko jokalekura eraman gintuenean.
Zentroa 80 egunez itxita genuela, espazio birtualeko leihoak ireki genituen, eutsi ahal izateko bai gizartea sorkuntza garaikidearekin konektatzeko dugun eginkizunari, bai eta kultura beste modu batean, beste garai batzuetan, esperimentatzeko aukerari ere.
Advertisement
Gainera, ekintza-plan bat jarri genuen abian, arte-sorkuntzari ematen diogun laguntza indartzeko eta jarduera guztia denbora-tarte luzean zabal birprogramatzeko. Gure helburua sektore artistikoan emanaldi-galtzeak eta geldialdiak saihestea zen.
Eta, jakina, zentroa birplanteatzeari ekin genion buru-belarri, Alhóndigak eskaintzen dituen espazioak eta aukerak birpentsatuz, bisitari guztien segurtasuna bermatzeko. Hala eta guztiz ere, aurrera egiten jarraitu dugu, eta bost urte hauetarako Proiektu Programaren helburuak betetzen.
2020an, BBK mediateka etorkizuneko teka bihurtu dugu, sorkuntza, ikaskuntza eta esperimentaziorako toki bat, ez bakarrik kultura kontsumitzeko, baita kultura egiteko ere.
Gure ideia-laborategia den Lantegia ere zabaldu dugu, espazio berriekin, zentroan bizi diren hogeita hamar proiektu artistikoek zati bat garatzeko. Eta beste ildo batzuetan ere aurrera egin genuen, hala nola artxiboAZrekin, webgune berriaren diseinuarekin edo, irailean, Zentroaren hamargarren urteurreneko ospakizunarekin.
Maila instituzionalean, kulturaren sarea ehuntzen jarraitu dugu, lankidetza-hitzarmenen bidez, Elías Querejeta Zinema Eskolarekin, Azkuna Zentroan curriculumez kanpoko prestakuntza-praktikak egin ahal izateko; eta UPV/EHUrekin, praktika artistiko eta sozialen master bat abian jartzeko.
Ez dira jarduerarik gabeko hilabeteak izan, eta, memoria honetan agertzen den moduan, gure ibilbide-orriarekin jarraitu dugu proiektu pizgarriekin. Baina 2020a, batez ere, etorkizunari begiratzeko urtea izan da, sor daitezen esperientzia berriak, egiteko modu berriak eta aukera berriak.
Fernando Pérez Azkuna Zentroa – Alhóndiga Bilbaoko zuzendaria
Azkuna Zentroa – Alhóndiga Bilbao kultura praktika, prozesu eta esperientzietarako espazio gisa bizitzeko lekua da
Jury Konjar. Steve Paxton-en erakusketa