220. zk (2013ko apirila)

Page 1

ZUMAIAKO HILABETEKARIA

BALEIKE www.baleike.com

220. ZENBAKIA. EURO BAT 2013ko APIRILA

Mahai gainean jarri diren proposamenak aztertu ditugu eztabaidan parte hartzen ari diren eragileekin.

ZER EGIN HONDA足KINEKIN?

e l k a r r i z k e t a :

l u i s

m a r i

g o i k o e t x e a



AZALA A. Rubio Aprea

BALEIKE220 9

baleike +

Hondakinak mahai gainean

herri aldizkaria Foronda Kultur Etxea Odieta, 2 tel.: 943 86 15 45 e-maila: aldizkaria@baleike.com Argitaratzailea Baleike Kultur Elkartea e-maila: elkartea@baleike.com Administrazio batzordea: Agustin Zubimendi eta Xabier Azkue. Erredakzio taldea: Imanol Azkue, Ainara Lozano Lasa, Aitor Manterola, Juan Luis Romatet, Miriam Romatet, Peio Romatet, Arnaitz Rubio, Jon Urbieta, Izaskun Urbieta eta Gorka Zabaleta

4

16

Felix Larrañaga ‘Askixu’

LUIS MARI GOIKOETXEA

hitz-tantak

7

23

SANTELMOAK

PANDA BATEAN MAROKON ZEHAR

agenda

Diseinua eta maketazioa: Roberto Gutierrez

Publizitatea tel. 943 86 15 45

bertso xorta

azubimendi@baleike.com

MANEX ELOLA

Inprimategia Antza Inprimategia (Lasarte-Oria) Tirada

Lege gordailua: SS-405/94 ISSN: 1136-8594 Baleikek ez du bere gain hartzen aldizkarian adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik.

abentura

30

Hizkuntz zuzenketa: Imanol Azkue

800 ale

elkarrizketa

Argitalpen honen edizioko laguntzaile:


HITZ-TANTAK

Felix Larrañaga ‘Askixu’

Arrantzalea

“Etxera dirua ekartzeko hasi nintzen itsasoan” TESTUA: aitor Manterola

San Telmo eguneko aurreneko protagonista izango da. Berak igoko du Kofradiako bandera, arrantzale omendu bezala. 15 urte zituela hasi zen itsasoan eta 57rekin utzi zuen.

Zenbat urterekin hasi zinen itsasoan? Hamabost urterekin. Aita hil zitzaigun, eta dirua behar zen etxean. Apestegin nenbilen lanean orduan, eta hura utzita, itsasora joan nintzen.

“Gijon gainean, antxoatan egundokoa egin genuen, 25.000 kilo”

Diru gehiago irabazten al zen orduan itsasoan lehorrean baino? Bizimodua honela edo hala atera beharra zegoen. Niri berdin zitzaidan itsasora joatea, eta familiarengatik zerbait egin beharra zegoen. Ze itsasontzitan hasi zinen? ‘Patxiku Txikia’ izenekoan. Zortzi marinel bakarrik ibiltzen ginen. Hantxe aurkitu nuen lekua lanerako. Denboraldi bakarra egin nuen han, sanpedroak bitartean; atunetara joan nahi nuen galdetu zidaten, eta nik nahiago nuen hori zimarroitan ibili baino. Beste itsasontzi batean ibili nintzen orduan: ‘Stella Maris’. Bi urte egin nituen han. Eta soldaduska? Gero egin nuen, bi urte 4

BALEIKE 2013 APIRILA

ibiltzen ginen. Orain, San Agustin bakarra dago berriz.

haiek pasa eta gero. Soldaduska egin, eta osabak hartu ninduen San Agustin baporean; armadorea zen bera. Hantxe ibili nintzen erretiroa hartu arte. Etxeko ontzian, orduan? Bai. Hasieran bakarra zen, baina gero bi ontzi ere izan ziren: ‘Beti San Agustin’ eta ‘Gure San Agustin’. Beduako ontziolan egindakoak dira biak, hementxe bertan. Antxoatan eta atunetan

Lehen hemengo itsasontzi batzuk Azoreetara joaten ziren udazken aldera. Tokatu al zitzaizun zuri? Bai, bi bider joan nintzen. Batean, eguraldi txarra izan genuen, eta eta eskerrak gobernuak lagundu zigun; bestela... Arrastreroen lanetan ere ibilia omen zara... Bai. Azaroan binaka joaten ginen bi San Agustin ontziak, eta Bordele inguruan ibili

ginen. Zigalak eta harrapatzen genituen. Martxora arte ibili ginen horrela, eta eskifaia bitan banatzen genuen: zortzi egun lanean, zortzi lehorrean. Primeran ibili ginen. Arraina aukeran zegoen. Noiz hartu zenuen erretiroa? 57 urterekin. ‘Xaxtre’ patroia eta biok batera hartu genuen erretiroa. Kontu horietan aditua zen getariar batek esan zigun aukera genuela, eta horrelaxe. Hainbeste urte itsasoan egin eta gero, zer oroitzapen dituzu? Barruan daukadan zerbait da. Getariara joan eta ikusten ditudanean itsasontziak ateratzen itsasora, lotura antzeko zerbait sentitzen dut. Orain hamabost urte izango bazenitu, itsasora joango al zinateke berriz? Ikusi egin behar lehorrean zer dagoen. Orduan, itsasorako aukera egin nuen, eta aurrera.


HITZ-TANTAK Itsasoko lanetik zein duzu oroitzapen txarrena? Uretara erori nintzenekoa. Antxoatan ari ginen, eta ontzi txikia (txalupa) botatzen ari ginen. Beste lagunak sokari ez zion heldu, eta txalupa irauli egin zen, eta ni barruan. Uretara ni. Gero bota zidaten txalupa. Oinetakoetatik ura sartzen hasi zitzaidan, eta kendu egin nituen; euritakoa ere bota nuen. Olatua zegoen pixka bat. Ontzia ekarri zidaten, barrura sartu, eta itsasontzira berriz. Susto galanta, ezta? Bai. Hala ere, igerian ondo nekien sei-zazpi urte nituenetik, eta momentu hartan egin behar nuena ondo egin nuen: korronteari heldu. Itsasontzira igo berritan zer egin zenuen? Patroiak esan zidan kamainan (arrantzaleen ohean) sartzeko, baina nik ezetz: “Zuek lanean eta ni ohera? Ezta pentsatu ere!”, eta lanean segitu nuen. Itsasoak zer oroitzapen on utzi dizkizu?

Arrantza handi bat dut gogoan. Gijon gainean, antxoatan egundokoa egin genuen. Itsaso txarra zegoen, eta itsas bazterretik gertu ari ginen. Ontzi gaina antxoaz gainezka zegoen: 25 bat mila kilo edo izango ziren, 700dik gora kaxa. Salmenta ederra egin genuen. Hegaluzetan ere egin genuen handiren bat, eta orduan ere ontzi gaina beteta: 40.000 kilo. Zimarroitan ere harrapaketa onak egin izan genituen. Orain berriz ere jendea itsasora omen doa lanera, lehorrean ez dagoelako. Zer iruditzen? Hala ari da gertatzen, baina ez dute edonor nahi lanerako. Ez da erraza itsasontzietan esperientziarik ez dutenak hartzea. Ari da omenaldia gerturatzen. Urduri al zaude? Ondo nago, nahiz eta beti izaten den urduritasun puntua. Nahiko lasai nago, eta gustura. Gutxi geratzen gara omenaldia jasotzeko: Paxkual eta ni Getariako ontzietan ibili ginenetatik.

“Itsasontzian, irratia entzuten nuen kamainan, Realaren emaitzaren berri izateko”

Ikusi al duzu zeure burua Kofradian, behean egundoko jendetza duzula, eta denak zuri begira? Inpresio pixka bat ematen du bai horretan pentsatzeak. Zer esaten dizu jendeak? Adarra jotzen didate, Realeko kamixeta jantzita igo beharko nukeela bandera. Realzale amorratua zara

bai, eta nola uztartzen zenituen itsasoko lana eta Realeko bazkide izatea? Itsasontzian, irratia entzuten nuen kamainan asteburuetan, belarrian jarrita, Realaren emaitzaren berri izateko. Bazkide txartela eman egiten nion norbaiti ni itsasoan nengoenean. 25 bat urte izango dira Realeko bazkide naizela. Itsasoak eman al zizun Realarekin lotutako ezusterik? Bai. Vigon geundela, Realaren partida parean tokatu zitzaigun. Balaidos zelaira joan ginen. Celtan Salinas anaiek jokatzen zuten, eta Txetxu Rojo zen entrenatzailea. Beste behin, Vigon bertan, Maradona jokatzen ikusi nuen, Sevillarekin. Penintsularen hegoaldean ibiltzen ginen arrantzan, eta Vigora igotzen arraina saltzera. Parean tokatu zitzaidan Maradonaren partida hura ere. BALEIKE 2013 APIRILA

5


6

BALEIKE 2013 APIRILA


2013

OSTIRALA 5 22:30ean Aita Mari aretoan, bertso jaialdia. Bertsolariak: Odei Barroso, Andoni Egaña, Unai Iturriaga, Maialen Lujanbio, Anjel Mari Peñagarikano eta Jone Uria. Gai-jartzailea: Jon Maia. 23:00etan Txosna eremuan Deriva eta The Grace of Dionysus taldeen kontzertuak eta Dj-ak. LARUNBATA 6 10:00etatik 13:00etara Herri mailako arrantza lehiaketa, Talaipetik Paolmuturrera bitartean. (Heriotzarik gabeko proba). 11:00etan Udal Txistulari Bandaren kalejira. 12:00etan San Telmo ermita inguruan, Txupinazoa jaiei hasiera emateko. Jarraian Musika Eskolako trikitilariek lagunduta, Jaitsiera. Ondoren Itxas Gain elkarteak antolatuta, Hamaiketakoa. Tartea alaitzeko, Bertso Eskolako ikasleen eta trikitilarien saioak. 12:15ean Beti Jai fanfarrearen kalejira. 13:00etan Ondartxo plazan, Musika Eskolako haurren eskutik, euskal dantzen ikuskizuna. Euria eginez gero, Aita Mari aretoan. 14:30ean Txosna eremuan, Herri Bazkaria. Ondoren jolasak. 18:00etan Eusebio Gurrutxaga plazan, Kulkiren “Txalupen Jolasa”, haur jolasak. 18:30ean Erriberan hasita Beti Jai Fanfarrearen saioa. 19:00etan Dardarada kalejira herrian zehar. 22:00etan Txosna eremuan, kontzertua: Sexplotion, Nuevo Catecismo Católico eta Willis Drummond. 22:30ean Kofradian, dantzaldia Bide Batez taldearekin. IGANDEA 7 11:00etan Arbustain Motor elkarteak antolatuta, Udalak eta Kutxabankek babestuta, Hamaiketakoa herriko itsasgizon zaharrentzat.

11:00etatik 14:00etara Oxford aretoan, Alondegian, Santelmotako XV. Scalextric txapelketa. 12:00etan Haurren Danborrada Sagarbide ikastetxetik irtenda. (Eguraldi txarra eginez gero 13an arratsaldez izango da). Danborradaren aitzakian Jakintza elkarteak argazki rally bat antolatu du. Begiratu oinarriak. Ordu berean Trikitxas Bikotearen kalejira. 17:00etan Buruhandi eta Erraldoien kalejira, udaletxetik irtenda. 17:00etatik 19:00etara Scalextric saio gehiago. 18:00etan Trikitxas Bikotearen kalejira. 18:30ean Eusebio Gurrutxaga plazan Haurrentzat dantzaldia. Ordu berean Erriberan hasita JAINEKIN txarangaren saioa. 22:00etan Txosna eremuan, kontzertua: MP5. 22:30ean Danborrada Berezia. Ordu berean Kofradian, berbena AI ENE! taldearekin. Gauerdian Kofradian Bandera Igotzea Felix Larrañaga arrantzale ohiaren eskutik. Bertan Arbustain Motor elkarteak bere txapel oroigarria oparituko dio. Danborra amaitutakoan berbena Ai ene! taldearekin kofradiako plazan. ASTELEHENA 8, SAN TELMO EGUNA 10:15ean Ohiturazko prozesioa San Telmo ermitara. 10:30ean Meza Nagusia, Beheko Plaza Abesbatzak abestua, itsasoaren aurrean otoitza eta Parrokiara itzulera. San Telmoren erlikia gurtzea. Ondoren, gonbidatuei hamaiketakoa eskainiko zaie Kofradian. 12:00etan Oria txarangaren kalejira. 16:30ean Haur festa Eusebio Gurrutxaga plazan Gorritiren saioa. 17:00etan Odieta pilotalekuan, esku pilota partidak. 18:00etan Oria txarangaren eki-

taldia plazan, eta jarraian herriko kaleetan zehar. 19:00etan Dantzaldia Kofradiako plazan, Orots taldearekin. 22:30ean Orots taldearen bigarren emanaldia Kofradian. OSTIRALA 12 18:00etan Eusebio Gurrutxaga plazan Beheko Plaza elkarteak antolatuta, Rana eta Pote Txapelketak. 20:00etan Komentuan kontzertua: Beheko Plaza eta Cor Indica abesbatzak. Ordu berean Torreberrin, Bertsotan Jai herriko bertsolarien saioa. 22:30ean Txosna eremuan, Bertsio Gaua herriko musika taldeekin: Cicatriz, Barricada, Pantera, top 5 gaztea.... LARUNBATA 13 11:30ean Haur Jolasak Ondartxo plazan Itxas Gain elkartearen eskutik. Ordu berean Eusebio Gurrutxaga plazan, Olagarro-zopa XII. lehiaketa Ekitaldia alaitzeko Elustondo anaiarrebak trikitilarien saioa. 12:00etan herriko kaleetan Beheko plaza eta Gironako L’Escala herriko Cor Indica abesbatzaren saioa. 14:30ean Txosna eremuan, Bazkaria eta kantu saioa.

AGENDA

santelmoak

18:00etan Eusebio Gurrutxaga plazan, haurrentzat zirku ikuskizuna “Permin Mañifikue”. 18:30ean Kaleetan zehar Iraunkorrak txarangaren saioa. 19:00etan Kofradian, Tiktara taldearen doinu afro-kubatarra. 22:00etan Txosna eremuan, kontzertua: Noxbleed, On eta Matxura. 23:00etik 01:30era Kofradian Arima Coolen disko jaia. IGANDEA 14 12:00etan Itzurun hondartzan, zaldi lasterketa. Ordu berean Jagoba eta Maddalen trikitilarien saioa. Eta Eusebio Gurrutxaga plazan, Erkibe elkartearen eskutik, Olagarrozopa dastatzeko aukera. 17:00etan Aita Mari aretoan, Haurrentzat antzerkia: Hipo eta Tomax. 18:00etan Trainerillen estropada, XXX. San Telmo saria. Eta The Joselontxos’ txarangaren saioa. 19:00etan Kofradian, erromeria Obaneuke taldearekin. 22:30ean Obaneuke taldearen bigarren saioa. Gauerdian Bandera jaistea eta Santelmoei agurra. BALEIKE 2013 APIRILA

7


PUBLIERREPORTAJEA

Ardantzabideko etxebizitza sustapen berria

Izena emateko epea zabalik, apirilaren 19ra arte Erantzun ona ari da izaten Sukia S.A. enpresak Ardantzabiden egingo duen etxebizitza sustapen berriak. “Interesa agertu dutenei asko gustatu zaizkie etxeak, prezioa oso erakargarria iruditzen zaie eta lehen egunetik ari dira izena ematen zozketarako”. Izena emateko epea zabalik dago oraindik, apirilaren 19ra arte. Sukia S.A.-n pozik daude Ardantzabideko etxebizitza sustapen berriak piztu duen interesarekin. “Jende asko ari da web gunea kontsultatzen –www. ardantzabide.es–, eta dei zuzenak ere asko ari gara jasotzen. Harrera oso ona izan du, eta lehen egunetik eman du jendeak izena zozketan parte hartzeko. Batzuk dokumentazio guztia prestatuta etorri dira. Berri atsegina da, horrelako zozketak daudenean normalean jendeak azken egunetan ematen baitu izena”. Etxebizitza guztiek hiru logela, sukaldea, egongela eta bi bainugela dituzte. 85 eta 89 metro koadro erabilgarri artekoak dira, eta trasteleku eta garaje bana dagokie. “Jendeari asko gustatu zaizkio etxebizitzak. Espazioa nola antolatu den, terraza zabalak, eraikinaren itxura… Eta, gainera, prezioarekin harrituta gelditu da bat baino

8

BALEIKE 2013 APIRILA

gehiago”. Izan ere, Udalarekin hitzartutako prezioa dute: “Hiru logelako etxebizitza eros daiteke 234.278 (+BEZ) euroan, garaje eta trasteleku barne”. Etxebizitza bat erosteko interesa dutenek oraindik ere aukera dute zozketan parte hartzeko. “Apirilaren 19ra arte zabalik dago izena emateko epea. Web gunean informazio asko dago, eta bestela zuzenean telefonoz dei dezakete zalantzak argitzeko. Espero dugu azken txanpa honetan jende askok emango duela izena”. Zozketa Zozketan parte hartzeko udaletxean eman behar da izena, apirilaren 19a baino lehen. Aurkeztu beharreko dokumentazioa eta bete beharreko eskakizunak www.ardantzabide. es web gunean daude zehaztuta. Zozketa maiatz erdialdean egingo da.

Caja Ruralen babesa Ardantzabideko sustapenak, gainera, badu bereizgarri garrantzitsua: Caja Rural finantza entitatearen babesa. Sukia eta Caja Ruralen arteko lankidetzari esker, enpresak berak eta etxebizitza erosleek finantza entitatearen bermea izango dute. Finantzaketari buruzko edozein aholku edo informazio behar izanez gero, Caja Ruralek Zumaian duen bulegoan arretaz hartuko zaituzte. Informazioa Interneten Etxebizitza hauen inguruko informazio eta dokumentazio guztia Interneten eskura daiteke, www.ardantzabide.es webgunean: planoak, infografiak, prezioak, izena emateko orria, bete beharreko eskakizunak, ohiko galderen erantzunak…


BALEIKE +

Hondakinak mahai gainean

Eztabaida politikoaren erdigunean kokatu da hondakinen kudeaketa azken urtebetean, eta kalera ere iritsi dira bi ereduren arteko talkaren ondorioak. Eztabaida bideratu eta adostasuna errazteko, hondakinen mahaia osatu dute alderdi politikoek eta zenbait gizarte eragilek. Mahai gainean jarri diren proposamenak, adostasunerako aukerak eta zailtasunak lehen eskutik ezagutu nahi izan ditu Baleikek. TESTUA: gorka zabaleta ARGAZKIAK: ARNAITZ RUBIO APREA

BALEIKE 2013 APIRILA

9


BALEIKE +

Gai konplexua da hondakinen kudeaketaren inguruan Gipuzkoan sortu den eztabaida. Hari asko ditu, eta hari bakoitzak hamaika korapilo. Galdera guztiei erantzuna aurkitzea helburu handiegia litzateke lerro hauetan abiatzen den erreportajerako. Horregatik, irakurleei argi pixka bat eman nahian, Zumaian azken hilabeteotan martxan den hondakinen mahaian jarri dugu begi puntua, eztabaida betean dauden eragile politiko eta sozialak mahai horren bueltan eseri direlako, adostasuna helburu. Mahaian daude Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoak: Bildu, Aralar, EAJ eta PSE; eta, haiekin batera, hondakinen gaiarekiko kezka berezia agertu duten gizarteko hiru talde: Plataforma, Natur Taldea eta Zero Zabor. Baleikek eragile guztiak aurrez aurre elkarrizketatzeko aukera izan du, Plataformaren salbuespenarekin. Azken prentsaurrekoan esandakoa baino gehiago ez dutela esateko arrazoitu dute ordezkariek: “Ez dugu aukerarik izan berriro bildu eta mahai gainean dauden gaiak aztertzeko”. Prentsaurreko hartan plazaratutako proposamenak eta iritziak hartu ditugu aintzat erreportajea osatzeko, zenbait galderen aurrean erantzunak falta direla jakitun garen arren. Bestalde, kontuan hartu erreportajean zehar agertzen diren aipuak ez direla elkarren segidako erantzunak, banaka egindako elkarrizketetatik kazetariak aukeratutako zatiak baizik.

plataforma ‘Birziklapena bai, atez atekoari ez’ plataformaren agerraldia Oxforden.

pak garbi du irizpidea: “Birziklagarria den guztia birziklatu egin behar da”. Beraz, eskubidea edo betebeherra? Norberaren aukerakoa edo derrigorrezkoa? Bilduk, Aralarrek, Natur Taldeak eta Zero Zaborrek, atez ateko sistema defenditzen duten momentutik, ez dago zalantzarik galdera horren aurrean: derrigorrezkoa izan behar du eta kontrola ezinbestekoa da betearazteko. Baina, zer iritzi dute bosgarren edukiontziaren bultzatzaileek? Montse Arana (EAJ): “Betebeherra izan behar du. Jendea gaika sailkatzera behartu behar dugu, semaforo gorri baten aurrean gelditzera behartzen dugun bezala. Nola betearazten den, hor dago proposamenen arteko aldea”. Emiliano Cabañas (PSE): “Herritarrak hondakinak gaika sailkatzeko betebeherra du, kontua da hori nola gauzatzen den. Inposaketa hutsa ez da bidea. Hori lor daiteke kontzientziazioaren bidetik. Ez direla emaitza berberak lortzen? Agian hala izango da, denbora gehiago beharko da, baina azpiegiturak oraindik egiteko daude eta badago tartea bide hori egiteko. Kontzientzietan ere eragin daiteke, kontrolarekin lagunduta”. Beraz, EAJ eta PSEk adierazten dute hondakinak gaika sailkatzea herritarraren betebeherra dela, eta betearazteko nolabaiteko kontrol sistemak jarri behar direla. Plataformaren iritzi zuzenik ez daukagu. Publiko egin dituen agirietan, “borondatezkoa den bilketa” nahi dutela esaten dute; baina, aldi berean, “hondakinak sailkatuta biltzea beharrezkoa” dela diote sinadura agirian. Oinarrian, itxuraz, adostasun zabala dago: hondakinak gaika sailkatzea betebeharra da. Noski, ñabarduretan dator eztabaida.

EAJ: “Betebeharra izan behar du; nola betearazten den, hor dago aldea”

Mahaiaren ibilbidea 2012ko azaroan bildu zen lehen aldiz hondakinen mahaia. Orduz geroztik bost bilera egin dituzte, martxoaren 19an azkena. Mahaian parte hartu duten kide guztiek adierazi dute itxaropentsu ekin ziotela, adostasunerako aukera egon zitekeela sinetsita; baina, bileraz bilera itxaropen hori apaldu egin omen zaie, “besteek” ez dutelako erdibidea bilatzeko borondaterik. Bitxia da baina, ezkortasun horren aurrean, mahaiko parte-hartzaileak banan-banan elkarrizketatu ondoren, mahaiak eman duena ikuspegi ezberdinetatik ezagutzeko aukera izan eta gero, oraindik adostasunerako heldulekurik badagoela ondoriozta daiteke. Gaika sailkatzea eskubidea da edo betebeherra? Arazo honen sakoneko galderetako bat da ahalik eta gehien birziklatzea eskubidea edo betebeherra ote den. Ulertzen da, eta hor ados daude denak, ahalik eta gehien birziklatzeko ezinbestekoa dela hondakinak gaika sailkatzea. Euro10

BALEIKE 2013 APIRILA


garbi dute bosgarren edukiontziak ez duela askoz gehiagorako ematen, ez dela errauskailua saihesteko nahikoa, eta %80ko tasak eman ditzakeen atez ateko sistemaren alde daude. Baina beste proposamen batzuk ere jarri dira mahai gainean.

Sistema mistoa Mahaira adostasunerako proposamen bat idatziz eramaten lehena Udal Gobernua izan zen. Atez atekoaren eta edukiontzien arteko sistema mistoa: edukiontzi batzuk mantendu (beira, papera, arropa, olioa…) eta gainontzekoa (organikoa, errefusa eta ontzi arinak) atez ateko sistemaren bidez. Iñaki Agirrezabalaga (Bildu): “Usurbilgo atez ateko sistema bere horretan proposatu beharrean, beste aldera hurbiltzeko borondatearekin zerbait mistoa landu genuen. Gainera, arazo estetikoak ere konpontzeko modua aurkitu dugula uste dugu (poltsak zintzilikatu beharrean, ontziak erabiliz). Erakutsi nahi genuen guretzat garrantzitsuena helburua lortzea dela, alegia, hondakinen %80 inguru gaika sailkatzea; ez gaude sistema jakin batekin tematuta. Baina erantzuna berehala jaso genuen: ezezko borobila”. EAJk, PSEk eta Plataformak ez zuten proposamena onartu, erdizka bada ere, “atez ateko sistema delako. Sistema zikina eta deserosoa da, garestia, eta datuak ez dira egiazkoak: zaborra aldameneko herrietara eramaten dute herritar askok”. Horra hor negoziazio saio hauetako lehen marra gorria: zintzilikarioren bat duen edozein sistema ez da onartuko hiru eragile horien partetik.

BALEIKE +

Nola betearazi? Aurreko erantzunetan eztabaidaren muina aurreratu dute Montse Aranak eta Emiliano Cabañasek: “Kontua da hori nola gauzatzen den”. Kontzientziazioaren bidea azpimarratzen dute biek, baita Plataformak ere. Baina bada nobedaderik EAJren partetik: ordenantza baten beharra. Bosgarren edukiontziaren aldeko apustuan, EAJk bost ekimen proposatzen ditu. Laburbilduta: edukiontzien kokapena aztertzea, hutsuneak eta akatsak detektatzeko; edukiontzietan irudi bidez adieraztea bakoitzean zer bota daitekeen; elkarte gastronomiko, ostalari, denda, eta bestelako sektoreren premiak ondo aztertzea irtenbidea emateko; ikastetxeekin eta beste zenbait kolektiborekin jarrera egokiak sustatzeko kanpainak egitea; eta azkenik, ordenantza osatzeko konpromisoa. Eta horrela dio: “Beste eremutan ezartzen den bezala, honetan ere neurri zuzentzaileak edo beharrezkoa balitz zigortzaileak jendeak benetan hondakinak gaika biltzeko”. EAJk helburu batzuk ere planteatzen ditu: 2016an %60ko tasa lortzea eta 2020an %75ekoa. Iñaki Agirrezabalaga (Bildu): “EAJk kontrolerako moduren bat behar zela aipatu zuenean aurrerapauso handitzat hartu genuen, adostasunerako aukera ikusi genuelako. Galdetu genien kontrol lan hori nola egitea proposatzen duten, ea udaltzainen bidez egoki ikusten ote duten Aukera modura, ez zuten baztertzen. Hor dator gure harridura. Atez atekoaren kontrako argudio nagusietako bat izan da intimitatea urratzen duen sistema dela. Hori saldu zaio jendeari. Eta gero prest daude udaltzainak poltsak kontrolatzen hasteko? Atez atekoa baino gogorragoa iruditzen zaigu”. Aitor Leiza (Aralar): “Ordenantza aipatzen dute bosgarren edukiontziaren alde daudenek, baina gero ez da garatzen. Nola egin behar da polizia lan hori? EAJk ez du zehazten nola egin behar den. Are gehiago, ordenantzarena eta isunak jartzearen aukerarena ez du inoiz publiko egin. Herritarrek jakingo balute EAJ ere kontrol neurrien alde dagoela, zer pentsatuko lukete?”. EAJk eta PSEk ez dute zehaztu kontrol lan hori nola egin beharko litzatekeen, “udaltzainena aztertu beharreko aukera bat da, bide posible bat”, eta betiere azken neurritzat jotzen dute. “Aurretik kontzientziazio lan handia dago egiteko”.

Aralar: “Herritarrek jakingo balute EAJ ere kontrol neurrien alde dagoela, zer pentsatuko lukete?”

Proposamenak Mahaia abiatu zen, hain zuzen ere, bi eredu zeudelako aurrez aurre. Alde batetik, EAJk, PSEk eta Plataformak aldarrikatzen dute bosgarren edukiontziaren garapenak emaitza hobeak eman ditzakeela etekin guztia ateratzen bazaio. Beste aldetik, Udal Gobernuak, Natur Taldeak eta Zero Zaborrek

Bosgarren edukiontzia, epe mugarekin Bosgarren edukiontzia izan da EAJk, PSEk eta Plataformak defenditu duten aukera. EAJk, beste neurri batzuen artean lehen aipatutako ordenantzaren premia jarri zuen mahai gainean ekarpen modura. Plataformak ere egin zuen bere proposamena: “Bosgarren edukiontziaren bitartez egindako bilketa, herritarrentzat borondatezkoa, txartel edo giltza bidez egindakoa, eta esekitokirik gabekoa”. Eta zenbait neurri proposatzen dituzte: besteak beste, jarraipen sistema bat ezartzea, helburuak zehaztu eta ekintzak planifikatu eta aurrera eramango dituena (komunikazio plana, kontzientziazio plana…); hainbat eragilerekin neurriak proposatuko dituen lan taldea osatzea; edukiontzietara erabateko irisgarritasuna lortu (kokapen egokiena aztertu, kopurua handitu beharrezko bada…); hondakin ekoizle berezientzat berariazko ekintzak proposatu: ikastetxeetako jangelak, elkarte gastronomikoak, ostalaritza, saltokiak, industria… Baina Plataformaren proposamenak badu berrikuntza aipagarririk: probarako bi urteko epe muga eskatzen dute %55eko tasa lortzeko. Helburua lortzen bada, edukiontzien BALEIKE 2013 APIRILA

11


PUBLIZITATEA IRITZIA 12

BALEIKE 2013 APIRILA


BALEIKE +

Zabor poltsak balkoietan Agerikoa da hondakinen kudeaketari buruzko eztabaida kalera ere iritsi dela. Hainbat herritarrek zabor poltsak zintzilikatu dituzte balkoietan, Plataformak hala eskatuta, “Udal Gobernuari presio egiteko”. Udal Gobernua atez ateko sistema martxan jartzeko lanak aurrera eramaten ari den susmoa du Plataformak. Udal Gobernuak azaldu du kalean zintzilikario batekin egindako neurketak beraien proposamena lantzeko beharrezkoak direla, eta hondakinen mahaian eman zela horren berri. “Gure proposamena ondo zehazteko ezinbestekoa da kaleko neurketak egitea. Horren berri bazuen Plataformak”. Zabor poltsen inguruan, horrela erantzun du Iñaki Agirrezabalaga alkateak: “Herritarrek adierazpena askatasun osoa dute, dudarik ez. Orain, ez zaigu bidezkoa Plataformak eskaera hori egitea mahai batean negoziatzen ari garen bitartean. Lehen bileran adostu genuen eztabaida kanpoko presioekin ez kutsatzeko diskrezioz jokatuko genuela. Ez dute bete”.

sistema behin betirako ezartzea eskatzen dute. Ez dute argitzen, ordea, zer konpromiso hartzen duten helburua betetzen ez bada. “Hitz egingo genuke” izan da orain arte emandako erantzun bakarra. EAJ eta PSE epe mugaren proposamenarekin ados daude. Zero Zaborri ez zaio bide egokia iruditzen, baina adostasuna balego ez luke oztopatuko. Udal Gobernua eta Natur Taldeak zalantzak dituzte, baina ez dituzte ateak erabat itxi: Josu Uranga (Natur Taldea): “Guk hausnarketa bat egin genuen gure bilera batean: zer litzateke hobea, gaur egun dagoen kontrako jarrerarekin atez atekoa jartzea; edo denon artean akordio bat egin eta denbora batean proba egin bosgarren edukiontziarekin? Baina bide horrek konpromiso bat behar zuen, mahaian gauden alde guztiona. Ez baita horren erraza. Plataformak uste du sortu duten zalapartarekin ontzi mordoa banatu direlako gai direla edozer gauza lortzeko. Helburua eta epeak jartzeko proposatu genien, eta oso ondo baloratu zuten hori. Orain denboraren eztabaida dago mahai gainean: Plataformak bi urte proposatu ditu, EAJk 2016az eta 2020az hitz egiten du… Denbora gehiegi da. Alkateak sei hilabeteko epea proposatu die. Baina horrekin batera, konpromisoa falta da. Epe hori amaitzen denean helburua ez bada bete, orduan zer? Hor ez dira bustitzen”. Emiliano Cabañas (PSE): “%55a lortzen bada, logikoa da sistema mantentzea. Aldundiak proposatu du 2016rako %60ra iristea; hemen epe laburragoan %55era iristen bagara, sistema mantendu egin beharko litzateke. Horrek erakutsiko luke edukiontzien sistemak balio duela emaitza hobeak

lortzeko eta ez duela zentzurik inbertsio handia eskatzen duen sistema berri bat ezartzeak. Ez bada helburua lortzen, Udala libre izango litzateke beste sistema bat ezartzeko. Baina hor akordio bat lortzea ez da erraza. Plataformak 4.000 sinadura ditu eta aukera izango luke Udalaren aurrean hartu beharreko erabakiak hartzeko”. Montse Arana (EAJ): “Gu epemugaren planteamenduarekin ados gaude. Alkateak orain sei hilabeteko epea jarri du mahai gainean. Proposamena aztertu egin behar dugu, baina aurrez lanketarik ez bada egiten ez dugu uste sei hilabetean kopuru horiek lor daitezkeenik. Azken hamar urteotako bilakaera ikusi behar da eta egun batetik bestera ez gara iritsiko %80ra”. –Eta adostutako epean ez bada helburua betetzen? Montse Arana (EAJ): “Orduan beste sistema bat jarri beharko da”. Iñaki Agirrezabalaga: “Nik egin dezakedan azken ahalegina da beraien planteamenduan sartu, eta esaten diet: sei hilabetean %55era iristea. Hau da, beraien ehunekoak eta denborak negoziatzen hasi. Hori bai, gure helburuari uko egin gabe: %80ko tasak lortu behar dira ez oso epe luzera. Baina hor ere zailtasunak jartzen dituzte”. Agertu da bigarren marra gorria, kasu honetan, Udal Gobernuaren partetik: hondakinen %80 inguru bildu behar da sailkatuta. Zergatik %80? Iñaki Agirrezabalaga: “Gipuzkoarako %60ko tasa lortu behar bada errauskailua saihesteko, herri batzuk %80 inguruko tasak lortu beharko ditugu, beste batzuk atzerago BALEIKE 2013 APIRILA

13


geldituko direlako. Baina, batez ere, egingarria delako, eta ahalik eta gehien birziklatzea ahalbidetzen duen sistemaren alde gaudelako”.

Edukiontziak txartel elektronikoarekin Hondakinen mahaian norbaitek egin badu ahalegin berritzailea adostasuna bilatze aldera, hori Zero Zabor taldea izan da. Mahaiko gainontzeko kideek ere aitortuko dute. Atez ateko sistema defenditzen duten arren, bi aldeek jarritako marra gorriak aintzat hartuta, denak eroso sentiarazi ditzakeen sistema bat proposatu du: edukiontzi adimendunak. Mendigaña Gorostiaga (Zero Zabor): “Ikusten genituen marra gorriak eta adostasun batzuk. Marra gorriak, alde batetik, zintzilikarioak eta ordutegiak dira; besteonak ziren, batez ere, bilketaren tasa: %80 edo gehiago. Gure iritziz, hondakinen arazoari konponbidea emateko gaikako bilketa egin behar da, eta denok egin behar dugu. Zentzu horretan, adostasuna bazegoen kontrolaren beharraren gainean; EAJk ere onartzen du hondakinen bilketa kontrolatua izan behar duela. Hori guztia hartuta, saiatu ginen bilketa sistema bat proposatzen, guztion onarpena ekarriko lukeena: zintzilikariorik gabea, ordutegirik gabea; baina, era berean, derrigortasuna eta kontrola emango dizkiguna. Ibili ginen hamaika kontu ikusten eta edukiontzi elektronikoetara iritsi ginen. Hau proposatu genuenean ezustekoa izan zen mahaian zeudenentzat, baina Udal Gobernuarentzat, bai Plataformarentzat, EAJrentzat, PSErentzat Bilera hartatik ilusio puntu batekin atera ginen”. Sistemaren oinarria hau da: Alde batetik, irekitze sistema pertsonalizatua daukaten edukiontziak. Erabiltzaile bakoitzak txartel elektroniko pertsonalizatua dauka, eta edukiontzia zabaltzen duenean erregistratuta gelditzen da nork zabaldu duen eta zer ordutan. Gainera, sistemak aukera ematen du irekitzeko baimena kontrolatzeko: nork ireki dezakeen, zein egunetan, zein ordutan… Beraz, joko handia ematen du kontrol neurriak ezartzeko. Bestetik, erabiltzaile bakoitzak kode-barra pertsonalizatua daukaten poltsak erabiliko ditu, arazoren bat egonez gero, hondakinak gaizki sailkatuz gero, erabiltzailea identifikatu ahal izateko. Poltsa horiek eskuratzeko makinak jarriko lirateke (txartelaren bitartez eskuratzeko moduan). Oinarrian, kontrolerako aukera ematen duten edukiontziak dira. Erabaki beharko litzateke edukiontzi guztiek behar ote duten horrelako sistema, eta sistemaren kostua ere aztertzeko dago. Gaur egun, inon ez dago sistema hau bere osotasunean jarrita, baina Lazkaon eta Itsasondon erabili da teknologia hau edukiontzi jakin batzuetarako. Zero Zaborrek planteatzen duena da sistema osoa oinarritzea teknologia horretan. Beste taldeen partetik jasotako lehen erreakzio positiboaren ondoren, erantzuna bestelakoa izan zen hurrengo bileran. Mendigaña Gorostiaga (Zero Zabor): “Gure ustez denen espektatibak betetzen ditu. Gero findu egin behar da, aztertu, ekarpenak egin daitezke Baina hurrengo bileraren hasieran EAJk ezezkoa eman zuen, eta hor jada ez nuen 14

BALEIKE 2013 APIRILA

Zero Zabor: “Gure proposamenak denen espektatibak betetzen ditu: zintzilikariorik gabea eta derrigortasuna emango diguna” ezer ulertzen. Zaharrentzat txartelen bidezko sistema konplikatua dela esan zuten. Nik horri ez diot ez hankarik ez bururik ikusten. Organikora giltzarekin joatea bezain konplikatua da. Hori da mahai horretan aurkitu dugun eztabaida maila. Txartelaren erabilera oztopo gaindiezina al da adostasun batera iristeko?”. Montse Arana (EAJ): “Edukiontzi txartelduna edadeko pertsonentzat zaila izan daiteke erabiltzeko. Baina gure arrazoi nagusia da gaur egun eginda dagoen inbertsioa aprobetxatu egin behar dela, etekina atera behar zaiola”. Mendigaña Gorostiaga (Zero Zabor): “Egia da honek inbertsioa eskatuko lukeela, baina amortizatzen den neurrian onurak dauzka, zenbat eta gehiago bildu gaika diru sarrerak handitzen direlako eta errefusaren gastuak jaitsi. Eta martxan jartzerakoan aukerak ematen dizkizu, adibidez, sortutako hondakin kopuruaren arabera ordaintzeko modua jar daiteke. Gauza onak dauzka”. Proposamenekin amaitzeko, Udalak beste sistema bat ere jarri zuen mahai gainean: bilketa neumatikoa. Enpresa bati Zumaiarentzat propio eskatutako proposamena zen, baina mahaiko alde guztiek baztertu zuten, sei milioi euroko kos-


tua zuelako. “Herri guztia zulatu behar zen. Sistemak zaborra xurgatu egiten du eta gune zentral bateraino garraiatu, gero han hondakinak sailkatzeko. Baina garestiegia zen, eta gainera zalantzak sortu zizkigun eraginkortasunaren inguruan”.

Hurrengo bilerari begira Santelmoen ondoren seigarren bilera egitekotan gelditu dira alde guztiak. Akordiorako itxaropen handirik ez dute, baina oraindik badaude erantzun beharreko galdera batzuk. Edukiontzi txarteldunen proposamenaren aurrean Plataformak zer jarrera hartzen duen ikusteke dago; bestalde, epemuga eta helburu jakin batzuk adostu eta konpromisoak hartzeko aukera oraindik mahai gainean dago. Emiliano Cabañas: “Egoera nola dagoen ikusita, irtenbidea izan daiteke Udalak eta Plataformak onartzea probarako epe bat, helburu jakin batzuk ezarrita, eta ahalegin betea egitea sistema horren alde, sentsibilizazio kanpainekin, sistema hobetuz Ez legoke ez irabazle ez galtzailerik. Plataformak epe bat dauka erakusteko gogoarekin eta borondatearekin edukiontziekin lor daitekeela emaitza ona; eta Udalak, bestalde, behin epe hori amaituta eta emaitzak baloratuta, eskuak libre izango lituzke bere erabakiak hartzeko”. Aitor Leiza: “Erdibidea norbaitek jarri badu mahai gainean Zero Zabor izan da. Beraiek atez atekoaren alde daude, eta neuk ere uste dut gaur egun dagoen sistemarik onena dela, baina ikusten dute irtenbide bat aurkitzeko erdira joan behar dugula denok. Gutxienez azterketa bat merezi du. Eta benetako inmobilismoa PNV, PSE eta Plataformaren partetik ikusten dut. Bosgarren edukiontzia eta kitto. Ez dute ezer eskaintzen. Moratoria eskatzen dute, baina ez dute esaten epe hori pasata ez badu funtzionatzen denok egingo dugula atez atekoaren alde, edo Zero Zaborren proposamenaren alde. Inork ez du esaten hori”. Josu Uranga: “Atez atekoa jartzea horrelako kontrako jarrerarekin agian ez da onena. Egon daitezke 500 pertsona boikoteatzeko prest. Hori baino hobeto litzateke beste sistema

bat adostutakoa. Zero Zaborrena onartuko balute, seguru hobeto joango litzatekeela atez atekoarekin baino gaur egun dagoen zalapartarekin. Baina baita gaur egungo sistemarekin ere. Baina konpromiso eta epe garbiekin, denok erabat konprometituta sistemari zuku guztia ateratzen. Denon artean, ez diezaiola gero inork inori leporatu ez duela ezer egiten. Konpromiso batekin. Plataformak bere indarra badauka, baina alkateak ere bai. 4.000 mila sinadurak jartzen dira mahai gainean behin eta berriro, eta gutxietsi egiten da udal gobernuaren legitimitatea”. Iñaki Agirrezabalaga: “Hemen sakonean bi ikuspuntu daude. Batetik, pentsatzen dutenak hau borondatezko kontu bat dela, norberak erabaki dezakeena. Eta bestetik, arazoa modu kolektiboan ikusten dugunok; horrek eskatzen dituen neurriak ezin dira gelditu norberaren borondatearen menpe. Giltza hor dago: norberak erabaki dezake zer egin; edo, denon hobebeharrez, denok hartu behar dugu parte soluzioan. Hori da dagoen guztia. Bilera hauetan, orain arte, frontoi baten kontra aritu gara, seigarren bilera falta da, eta ea zer ematen duen. Akordio bat lortzen bada, oso ondo. Baina guk oso garbi daukagu denon hobe beharra zaindu behar dugula. Ez gara bilerak alferrik luzatzen ibiliko. Horretan denok ados gaude. Azkenean guri dagokigu erabakiak hartzea eta garbi esango dut, beldurrik ez daukagu, bere ondorio guztiekin”.

Errauskailuaz, galdeketaz Erreportaje honetan mahai gainean jarri diren proposamenetan zentratu gara batez ere, baina hondakinen gaia zabalagoa da. Mahaiko kideei egindako elkarrizketetan beste hari batzuk ere jorratu ditugu. Errauskailua beharrezkoa al da? Herri galdeketa bai edo ez? Eta inposaketa? Datuak fidagarriak al dira?… Baleike.com web gunean emango ditugu gau hauen inguruan elkarrizketatuek emandako iritziak, eztabaida aberasteko interesgarriak direlakoan.

BALEIKE 2013 APIRILA

15


ELKARRIZKETA 16

Luis Mari Goikoetxea

Zumaiako Arraun Elkarteko presidente ohia

“Egin dudan guztia klubarentzat izan da, batzuek hori pentsatuko ez badute ere” TESTUA: JUAN LUIS ROMATET ARGAZKIAK: ARNAITZ RUBIO APREA

BALEIKE 2013 APIRILA

31 urtez izan da Zumaiako arraunaren patroia: Aita Mari Arraun Elkarteko leman urte askotan izana, azken laurak Zumaiako Arraun Elkartean. Otsailean egindako hauteskunde prozesuaren ondoren, arraun elkarteak presidente berria du –Luis Osa– eta Goiko estropadetan Zumaiaren ordezkaria izatera pasako da. Aurrez ere makina bat estropadatan bete du lan hori.


Nire bizitza guztian musika eta arrauna izan dira gehien gustatu zaizkidan gauzak. Arrauna beti gustatu izan zait, eta urtetik urtera gehiago. Oso pozgarria iruditzen zait, adibidez, azken egun hauetan hemen ikusi duguna,[elkarrizketa Zumaian izandako batel jardunaldien ondoren egin zen] hainbeste ontzi, 90etik gora, errekan ikustea. Hori zoragarria da eta horrek berak ematen du indarra aurrera segi eta gauza berriak egiten jarraitzeko. Nahiz eta amorrazioak pasa baita ere. Zerk bultza zintuen arraun elkarteko presidente izatera? Lehenbizi ordezkari bezala ibiltzen nintzen. Joxe Antoniok lehendakaritza utzi zuenean beste pare bat presidente izan ziren baina han, beste leku askotan gertatu bezala, inork ez zuen kargua hartu nahi. Behin presidente kargua hartu nuenean, akabo! Elkartean bozketak egiten zirenean beti lehengoak jarraitzeko erabakia hartzen zen. Elkarteko bazkide nintzen, sortzaileetakoa, eta gustura ibiltzen nintzen. Baina gehienbat arraunagatik egiten nuen lana. Nola gogoratzen dituzu lehen urte haiek? 1978an atera genuen trainerua lehenbizi, kluba fundatu zenetik hiru urtera. Ordutik txalupa ez dugu inoiz zintzilikatu. Hau ere errekorra da. Hemen inguruko klub askok zintzilikatu dituzte beren traineruak; guk sekula ere ez, eta erronka hori ere hor dugu. 1978an Santurtzik nahi ez zuen traineru bat ekarri genuen eta harekin hasi ginen. 1981ean, Luxia [Luis Mari Olasagasti] etorri zenean entrenatzera, lortu genuen lehen bandera trainerutan: Villa de Bilbao izan zen eta Kaiku hutsagatik irabazi genuen. Orduan hasi ginen pixkanaka gorantz. 1982an hobeto, 1983an ere bai, eta 1984an errekorra jarri genuen maila guztietan. 24 orduan hiru estropada korritu genituen eta bi bandera irabazi, Zarautzen eta Portugaleten. Beste errekorra da bi bandera irabazi genituela egun berean: Teresa Herrera A Coruñan eguerdian eta Castropolen (Asturias) arratsaldean. Gauza horiek garrantzi handikoak dira. Gaur egunean ez daude halako gauzak egiterik, baina orduan bai. Trainerua urte hauetan ez dela inoiz zintzilikatu diozu. Ez uretaratzeko arriskurik izan al da inoiz? Arriskuan egon da, bai; baita oso gaizki ere. Jendeak esan izan du hain gaizki ibiltzeko hobe zela trainerua zintzilikatzea. Esaten nien hori zela errazena, zintzilikatzea. Eta gero zer? Zeinek aterako zuen? Orduan erantzunik ez. Errazena hori da, jardutea. Egoskor segi dugu eta honaino heldu gara. Barrualdeko arraunlari asko izaten zenituzten lehen urte haietan. Matxinbentakoak, Urrestillakoak, etab. Nola juntatu zenuten koadrila hura? Zumaiakoak ere baziren mordoxka bat, eta haien bitartez lortu genuen. Zumaiara etorri eta arraunean ikustean galdetu egiten zuten ea zenbat ordaindu behar zen hor aritzeko.

ELKARRIZKETA

Arraun munduko “erreferentea” dela diote batzuek; “instituzioa” beste batzuk. Eskola zaharreko gizona da Goiko, azeri zaharra. Hau sinatzen duenak sarritan elkarrizketatu du eta zerbait garbi atera badu da Goikok nahi duena bakarrik esaten duela. Zaila ez, ia ezinezkoa da Goikori berak nahi ez dituen hitzak ateratzea. Grabagailua martxan dagoenean ondo kalkulatutako esaldiak esaten ditu, betiere oso modu diplomatikoan. Grabagailuaren stop botoia ematen denean hasten dira komeriak: orduan hasten da Goiko benetan pentsatzen duena esaten. Hemen ere hala izango ote da? Hiru hamarkada luzetan izan da Goiko Zumaiako arraun elkarteetako presidentea. Hala izan da pasa den otsailera arte. Zumaiako Arraun Elkarteak hauteskunde prozesua izan zuen eta Luis Osa buru zuen zerrenda izan zen hautagai bakarra. Beraz, Osa izango da presidente berria datozen urteetan. Goikok, baina, arraun munduan lanean jarraituko du; bera izango da Zumaiaren ordezkaria estropadetan. Albistea zabaldu zenetik telefono dei ugari jaso ditu 63 urteko zumaiar honek. Pertsonaia aski ezaguna da arraun munduan. “Ni oso lasai nago. Karga bat bizkar gainetik kendu dut eta orain prest izango naiz ahal dudan guztian laguntzeko”. Goiko, presidente bezala ezagutu zaitugu beti, baina badakit arraunlaria ere izan zarela. Bi urtetan egin nuen arraunean, soldadu joan aurretik. 1969an eta 70ean izan zen. Orduan ez zegoen gauza handirik eta moldatzen ginen zerbait egiten Joseba [Sasiain] Artiarekin. Ahalegin guztiak egiten zituen hark eta guk ere ahal genuena egiten genuen. Garai hartan ez zegoen gaur bezalako klubik. Justa azpian dutxatzen ginen eta tokatzen zitzaionak butano bonbona ekartzen zuen, dutxa beroa hartu nahi bazuen behintzat. Batela eta trainerilekin ibiltzen ginen. Traineruan aritzera ez nintzen heldu. 1970ean hasi ziren traineruarekin Apestegi difuntua, Iñaki Yeregi, Urtain eta konpainia. Jende indartsua eta handia zen. Haiek ere bere lana egin zuten eta handik pixkanaka aurrera egin zuen arraunak Zumaian. Aita Mari Arraun Elkarteaz ari al gara? Orduan ez zegoen ezer ere. Iñaki Yeregi eta hauek zioten bere garaian Aita Mari kluba sortu zutela; derrigorrez paperetan egon behar zuela, baina ez genuen inon horren arrastorik aurkitu. Soldaduskaren ondoren, 1975ean, koadrila elkartu zen eta elkartea sortu genuen arraun taldea sortu eta arraunari indarra emateko. Joxe Antonio Etxaberekin batera hasi nintzen ni zuzendaritzan. Donostiara joan behar izaten genuen bileretara. Hasieran pixka bat kuzkurtuta egoten nintzen, baina Joxe Antonio ohituta zegoen eta harekin ondo moldatzen nintzenez, harekin joan nintzen ikasten. Ikusten da betitik izan duzula arraunaren zaletasuna. Zer da arraunean aurkitzen duzuna?

“Musika eta arrauna izan dira gehien gustau zaizkidan gauza, eta arrauna urtetik urtera gehiago”

BALEIKE 2013 APIRILA

17


ELKARRIZKETA

Gogoan dut garai hartan Kaikurekin eta Santurtzirekin zenutela pike handienak. 1981ean, lehen bandera irabazi genuen urtean, Kontxa ez genuen irabazi hutsagatik, zorte txarragatik edo uretan gertatzen diren gauzengatik. 82an ere hor ibili ginen; 83an boikota izan zela eta laga egin genuen, eta 1984an, bandera guztiak ekarrita, estropada guztiak irabazita, Kontxako lehena irabazi genuen. 1985ean larri-larri Santurtzik irabazi zigun. 86an hortxe ibili ginen eta 1987an bigarren Kontxa ekarri genuen, egurra emanda, eta Urkik utzitako Fontanen traineruarekin. 1984an Kontxa irabazteak zer ekarri zuen? Harrera ikusteak bakarrik dena esaten du. Kristorena izan zen. Kristoren jende piloa inguratu zen. Azpeititik eta beste herrietatik etorri zen jendea eta hura ikusteak bakarrik hotzikarak sortzen zituen. Hunkigarria izan zen. Luxia entrenatzaile zela irabazi zen lehen bandera. 30 urtez izan da Zumaiako entrenatzailea. Zer izan da Luxia zuretzako? Lanean beti egoten dira gorabeherak, baina Luxia-rekin beti ondo eraman naiz. Anaia bezala ez, baina ia-ia antzerakoa dela esango nuke. Lan ederrak egin ditu. Askotan larri-larri, ailegatu ezinik lanagatik, baina gaur egunean halakorik ez dago. Batzuek uste ez badute ere, oso entrenatzailea ona da. Bere garaian, hark zituen erremintekin, lan handia egin zuen. Gaur egun dauden erremintak izan balitu, oraindik hobeto moldatuko zen. 1987an lortu zen bigarren Kontxako bandera. Agian ez du lehenak bezalako ospea. Kontxa beti da Kontxa eta 1987an ere harrera oso ona izan zen. 1984an estropada guztiak irabazi zirelako edo, urte hartakoak beste fama bat du, baina bandera irabaztea lan gogorra izaten da, mutilek lan handia egin behar izaten dute eta meritua bera da batean eta bestean. Ordutik ezer gutxi egin du traineruak. Gorabehera asko izan dira eta bigarren mailan ere egon da Zumaia… Jende batek ere alde egin zuen klubetik. Normala ere bada urte batzuk egin eta gero. Saiatu ginen ahalik eta hobekien ibiltzen, baina… 1992an lortu genuen berriro Kontxan sartzea, baina haren ondoren etorri zen beherakada eta beheko mailan ere ibili ginen. 2003an sortu zen TKE liga eta hura ikusita salto bat ematea erabaki genuen. Kanpotik arraunlari batzuk ekarri genituen,gaur egungo entrenatzaile Santi Zabaleta tartean zela aurrerapauso hori emateko. 2005ean lortu genuen TKE mailan sartzea. Ordutik hor ibili gara, larri-larri, baina behintzat ez gara jaitsi. Gurea bezalako klub txiki batentzat, etxeko jendearekin lana egiten duen klub batentzat, emaitza ona da. Mutil hauei eskerrak eman behar zaizkie, ezer kobratu gabe lan egiten dute-eta. Irabazten duten diru bakarra sarietatik datorrena da.

Baina orain urte batzuk agindu zitzaien arraunlariei diru kopuru bat soldata bezala. Horrek ere eragin izan zuen klubaren egoera ekonomikoan. Diru bat agindu zitzaien, eta baita eman ere. Gure errua izan zen. Esponsor baten zain egon ginen; zumaiar bat zegoen tartean eta pentsatu genuen baiezkoa emango zigula. Azkeneko momentuan ezezkoa eman zigun eta ekonomikoki egoera txarrean utzi gintuen. Modu batera edo bestera moldatu behar izan genuen. Nahiz eta oraindik gauzatxo batzuk badauden konpontzeko, orain hobeto gaude eta ez dut uste arazorik dagoenik. Kluba zuzentzeko eragatik kritika dezente jaso dituzu. Kritikatzea libre da. Denagatik izaten dira kritikak. Kritika gehien egiten dutenak dira sekula ezer egiten ez dutenak. Hori da ederrena. Aita Mari elkartean ere hori gertatu zen. Sekula ezer egiten ez zutenak kritikak egiten, beti eskandaluan, arrazoirik gabe. Garai hartan erosten zen materiala arraunak irabazten zuen dirutik ordaintzen zen, ez elkarteak lortzen zuenarekin. Orduan asanbladak erabaki zuen apartatzea: arrauna alde batera eta elkarte gastronomikoa bestera. Horrelaxe egin genuen. Geure parteak egin genituen eta kito. Presidente nintzela bi kontuak apartatu nituen, elkartekoa elkartearentzat, eta arraunarena arraunarentzat. Horrela nahiko ondo funtzionatu genuen. Esan izan da kluba modu pertsonal batean kudeatu duzula. ‘Jefe’ deitzen zizuten batzuek, brometan bazen ere. Ni jefea ez naiz inoiz kontsideratu eta hemen atea beti egon da zabalik denontzat. Gauzak ez dira esan behar; hona etorri eta lan egin behar da. Hor esaten den guztia kontua da. Erribera kalean bi ardo edanez gero… Esaten dituzten gauza horiei kasurik ere ez zaie egin behar. Baina barrura heltzen dira. Eta segun zeinek esaten dituzten, are eta gehiago. Ezer egiten ez duenak ez du inoiz hutsik egiten, baina jardun ikaragarri egiten du. TKE ligan egotea asko kostatzen dela esaten da. Merezi al du han jarraitzea? Merezi du, bai. Babesleen dirua jaso nahi bada, hor segi behar da. Bestela jai dago. Telebistarik ez badago, jai dago. Eta gaur egun egoeran oraindik gehiago. Lehen mailan egotea gurea bezalako klub batentzat gauza handia da. Gastua ere bai, handia da, baina han egoteak berak ekartzen du dirua. Asko aldatuko zen arrauna denbora honetan. Asko. Beldurgarri. Garai hartatik hona dena aldatu da: materiala, arraunak, traineruak, arraunlarien prestatzea… Dena joan da hobetzen. Sustantzia arraroak ere azaldu dira arraun munduan. Armairuak ireki eta ikusiko duzu zer dagoen. Ez dugu sekula izan [halako sustantziarik] eta ni hemen nagoen bi-

“Gurea bezalako klub batek diru gutxi mugitzen du eta komeni zaigu harrobia lantzea”

18

BALEIKE 2013 APIRILA


errekorren urteak Bateletan, trainerilatan eta traineruan Zumaiak ez zuen aurkaririk izan 1980eko hamarkada hasieran. Urte hauetan guztietan lortutako banderak eta 1984ko denboraldian jarritako errekorrak dira horren lekuko.

tartean ez da izango. Ez dut uste hemen halako pentsamendurik sekula egon denik, sekula ere ez! Jende arraroa beti egoten da tartean. Gero etortzen dira etortzen diren gauzak eta pentsatzen da denok berdinak garela. Eta hori ez da horrela; denak ez gara igualak. Oso diferenteak gara. Irabazi behar da, bai, baina ‘naturalezarekin’. Garenak baino gehiago egiten ez gara aritu behar, horrekin pertsona izorratu besterik ez da eta egiten. Orain ederki arituko dira, baina hemendik hamar edo hamabost urtera ikusiko dugu nola dauden. Azken urteetan arrauna gertakarien orrietan ere ikusi izan dugu. Ez zen ba polita izango. Hori oso txarra izan zen. Eta hori ez gertatzeko onena da garbi ibiltzea. Bere bitaminak edo eman behar diren gauza naturalak eman, eta kito. Arrauna asko aldatu bada ere, harrobia lantzen jarraitzen duzue.

Gure lana hori da eta komeni zaigu, gainera. Gurea bezalako klub batek diru gutxi mugitzen du eta komeni zaigu harrobia lantzea. Orain bertan hogei arraunlari ditugu eta hiru patroi, eta denak harrobikoak, bat izan ezik, kanpokoa bera, baina propio kontsideratu daitekeena hemen bospasei urte doalako. Hori izugarria da eta mantendu behar da. Arraunlari onak baditugu eta beste une batean litekeena zen beste klubak haien bila etortzea. Baina, diru gutxi dago aurten arraun munduan eta hori guretzat abantaila izan daiteke, ez direlako etorriko. Harrobia lantzeak lan asko ematen du, baina derrigorrez egin beharreko lana da. Azken urte hauetan arraun munduan izan den iraultzarik handiena, eta Zumaiari pozik handienak eman dizkiona, emakumezkoen parte-hartzea izan da. Gu urte asko goaz emakumeekin arraunean. Gogoan dut Asturiasen Espainiako txapelketa batean ere izanak garela orain urte dezente. Trainerua Getariarekin atera genuen BALEIKE 2013 APIRILA

19


PUBLIZITATEA BALEIKE +


Goiko arraun munduaren begietan TESTUA: Aitor Manterola

Iñaki Mikeo / TKE Ligako kudeatzailea “Arraunaren historian ohorezko postu bat merezi duen pertsona. Konpromiso hitzari esanahia ematen dion horietakoa, erreferentzia bat traineru munduan. Gazte guztien ispilu izan behar lukeen figura, erromantikoa eta ezagutu ditudan pertsona guztien artetik positiboenetakoa, bere lanean eta bere taldean itsu-itsuan sinesten duten horietakoa”.

Paco Prieto / S an Juango presidente eta entrenatzaile ohia “Lan ikusgarria egin du, pasio eta gogo handiarekin estropada guztietan. Ohikoa izan da bere oihuak entzutea animatzen. Klubean eta Gipuzkoako Federazioan lan handia egin du, dena eman du bietan. Debaldeko lana egin du, gainera, eta urte askoan. Horrelako jende gutxi dago. Taldeko gizona izan da. 10eko nota jartzen diot”. Joxemi Elduaien / Hondarribiko presidentea “Instituzio bat da. Pentsa, ni arraunean hasi nintzenean Goiko bazebilen ordurako. Denborarekin lasaitu bezala egin da, hasiera haietan, azkar berotzen baitzen”.

Mikel Olazabal Alkorta / ETBko kirol kazetaria Hiru argazki azkar Luis Mari Goikoetxeari

1. Goiko, Luxia eta Gorria. 1983an ezagutu nuen Luis Mari Goikoetxea. Ni Euskal Telebistan hasi berria, bera modako traineruaren ordezkaria. Lehen egunetik jarrera bikaina izan zuen gurekin eta erraztasun guztiak eman zizkigun gure lana burutu ahal izateko. Goiko, Luis Mari Olasagasti “Luxia”, eta Klaudio Etxeberria “Gorria”, hiru maixu Telmo Deun traineruko baserritar gogor eta maitagarri haiek podiumeko gailurrera gidatzeko. Zutik jarri eta txapela kenduko dut guztien omenez. 2. Alkandora gorria, bizar zuria... eta kronoa. Teknologiaren laguntza apalagoa zen garaietan ospetsua zen Goikoren kronometroa. Alkandora gorria, bizar zuria... eta gaur egungo GPSa bezain fidagarria zen kronoa, horixe da

Ibon Gaztañazpi / Orioko arraunlari ohia “Sei urte nituen nik 1983n, Orioren eta Zumaiaren artean egundoko istilua egon zenean Kontxako Banderan. Ordutik ezagutzen dut, eta gogoan daukat oriotarrentzat infernuko etsaia zela, bera zelako Zumaiaren buru. Garai hartan eta nire umetasunean, gizon gaiztoa iruditzen zitzaidan [barrezka]. Arraunean ibili nintzen garaian, ez nuen traturik izan berarekin, baina gero bai, kazetari lanari esker, eta hitz onak baino ez dauzkat: beti egon izan da prest, sekula ez du aurpegi txarrik jarri... Arrauna aldatzen ari da arlo askotan, zuzendaritzak kudeatzeko moduak ere aldatuz doaz, baina Goiko beste eskola batekoa da, eskola zaharrekoa. Eta niri gustatu egiten zaizkit halakoak, molde horretakoak; ez dira inoiz izan politikoki zuzenak esaten zaien horietakoak, baina nik nahiago Goiko bezalakoak, jatortasuna dutenak; orain, faltsukeria handia dago. Hizketan ere ona da, abila, eta gaur egun ez dira horrelako asko geratzen”.

Luis Mari Goikoetxeari buruz egin dezakedan erretratua. Zenbat aldiz galdetu ote zioten epaimahaitik Goikori kanpoko balizetan hartutako erreferentzia sorta bertara bidalitako uretako epailearen walki-talkiak huts egin eta gero! 3. Kontxako ordezkarien harmailan lehena. Nik badakit Zumaiako emakumeen traineruak joan zen urteko EuskoTren Liga irabazi eta gero nolako ilusio handiarekin joan zen Goiko Kontxako estropadetara. Zintzo, bizkor, estatistiken pantaila aurrean tokirik onena hartu eta lehorreko lehiarako beti prest. Galiziarren nagusitasuna hautsi eta herriko neskak Donostiako Bandera astintzen ikustea. Hori da Goikok nahi zuen eta nahi duen oparia! Mila Esker Luis Mari... eta gora Telmo Deun!

BALEIKE 2013 APIRILA

21


PUBLIZITATEA ERRETRATUA 22

BALEIKE 2013 APIRILA


Zer pentsatu zenuen zuzendaritza berria osatzen duten kideek esan zizutenean ez zutela zurekin kontatzen talde berrirako? Lasai nengoen. Esan nien beraiei: “nirekin ez duzue inongo arazorik izango”. Ordezkaritza lanak eman dizkidate. Estropadetan tentsioan egoten naiz kronometroarekin edo talkie-arekin entrenatzaileari gauzak esaten, eta telebistakoak etortzen direnean kasu egin behar izaten zaie, eta dena bertan behera laga behar izaten da. Bakarrik joaten nintzenean nik atera behar izaten nuen, baina azkenekoetan jende gehiago joaten zenez, (bi lagunek dute ordezkarien tokian egoteko aukera) besteek hitz egin zezaketen telebistako kamera aurrean. Nahiago gainera. Esaten didatena egingo dut. Hau dagoela konpontzeko, hau ekarri behar dela, hura egin behar dela, gasolina ekarri behar dela. Beraiek nahi duten guztia egingo dut. Gero, esaten badidate hau ezin dudala egin eta beste hau egin behar dudala? Ados, batere arazorik gabe. Zer eman dio Goikok klubari? Borondate guztia eta ahal dudan guztia. Kluba aurrera atera nahi izan dut beti eta egin dudan lan guztia klubarentzat izan da. Batzuek ez dute hori pentsatuko, baina… Nik etxerako ez dut ezer ekarri, dena klubarentzat izan da. Gauza bat ekarri, bestea eskatu, horrela ibili gara urte askotan. Baina ez ni bakarrik. Hor izan dira Anjel Mari, Bixente, lehen Tino ere bai, Patxi txofer, Manuel… Horiekin ondo konpontzen naiz eta lanak ahal dugun hobetoen egin ditugu. Ondo ez dut esango, hori ez dago eta esaterik. Ahal den ondoen. Egindako lana batzuek eskertu egiten dute eta horrek poza ematen dizu. Eta klubak Goikori? Disgustu asko. Pozak bai, asko, baina disgustuak ere bai. Baina hori kluba zer denaren barruan sartzen da. Horiek ere pasa behar izaten dira hemen, eta isilik gainera. Eta hala egin behar da, zer hitz egiten hasten bagara hemen… jai dago! Lanetik klubera, estropadak, bilerak Federazioan… Etxean ikusten al zintuzten? Gutxi. Andreari ere eskerrak eman beharra dago, zeren hainbeste urtetan izan duen aguantea ez da txikia izan. Tailerretik irten eta ia etxetik pasa gabe askotan joan behar izan dut bileretara. Halako asko izan dira. Batera eta bestera kotxea hartuta. Orain gutxiago izango dira, baina hala ere ez dut etxean denbora asko pasako. Ez dut etxean denbora asko pasatzen normalean. Jaietan bai, jaietan partiduak ikusi eta lasai egoten naiz etxean. Baina bestela, estropadak badira, estropadak du lehentasuna. Horretan andreak asko aguantatu du, asko. Amaitzeko, noiz moztuko duzu berriro bizarra? Mutilak Kontxan sartzen direnean. Kontxan sartzen badira bizarra moztuko dut.

ELKARRIZKETA

lehen urtean. Gero pixkanaka jendea inguratzen hasi zen eta horrela lortu genuen trainerua ateratzea. Iaz asko sufritu zuten beraiek ere, denboraldia hastear zegoela oraindik taldea osatzeko zegoelako. Harrigarria izan zen gero ikustea zer lortu zuten. Pentsatzen zuten agian ez zirela sailkatuko Euskotren ligara. Pentsatzen al zenuten emakumezkoen arrauna sendotuko zenik? [Irribarreka] Bueno, emakumea oso gauza berezia da, oso diferentea. Barkatuko didate emakumeek, baina hori hala da, beraiek ere onartzen dute. Iaz asko sufritu zuten, baina denboraldi honetarako azarotik ari dira prestatzen. Seriotasunarekin ari dira eta poza ematen du horrek. Gauzak ondo egiten badira, pozak emango dizkigute aurten. Espero mutilekin ere hala gertatuko dela, mailan mantenduko direlakoan nago. Bien kasuan helburuak desberdinak izango dira. Emakumeena errazago ikusten dut, estropadak eta klubak gutxiago direlako. Mutilak asko ari dira saiatzen eta lan oso ona egiten ari dira. Poz pixka bat emango digutelakoan nago. Eta ez mantentzeagatik bakarrik; sailkapenean gorago ere ibiliko direla espero dut. Bigarren txandan agian? Igual, igual. Ikusiko dugu besteak nola aritzen diren. Hauek ilusio handia dute, traineru berria ere bai, eta hor buruak lan handia egiten du. Ontzia hamahiru bat kilo arinagoa da, segundo batzuk ere irabaziko ditugu ziabogetan platanituarekin… hori dena gehitzen bada ilusioarekin egoteko moduan gaude. Emakumeei esker lortu dugu berriro Kontxarekin ilusionatzea. Bai, ilusio hori badago. Zumaiako jendea beti joan da Kontxara, baina herriko ontzia egonez gero, oraindik gehiago. Ea mutilek zerbait egiten duten aurtengoan. Nik esperantza pixka bat badut. Esaten didate zeharo positiboa naizela eta zoratuta nagoela. Zoratuta egongo naiz, baina hala ikusten dut. Klubeko zuzendaritza aldatu berri da. Talde berria osatzen duten lagunak orain bi urte sartu ziren. Nola ikusi zenuen aldaketa hori? Orain lau urte esan nuen ez nuela inongo arazorik eta nigatik ez kezkatzeko. Esan nien ni prest nengoela goian (bulegoan) edo behean lan egiteko. Hainbat telefono dei jaso ditut azken egunetan eta esan diet bazela aldatzeko ordua. Eta egia da. Nik ez nuena nahi zen edozein pertsona etortzea hona, nahiz eta askatasun guztiarekin etortzea duen, zuzendaritzan jartzea eta hainbeste urtetan egindako lana kaka eginda uztea. Hori ez nuen nahi. Orain dagoen jendeak, presidente berri honek, badaki zer den arrauna eta horrekin gustura nago.

“Nahi ez nuena zen edozein pertsona zuzendaritzan jartzea eta hainbeste urtetan egindako lana kaka eginda uztea”

BALEIKE 2013 APIRILA

23


PUBLIZITATEA 24

BALEIKE 2013 APIRILA


Panda batean Marokon zehar

ABENTURA

TESTUA: IZASKUN URBIETA

Martxoaren lehenengo egunean abiatu ziren Zumaiatik Oscar Bernal eta Xabier Korta “Talo”, beren Fiat Panda harturik hegoalderantz. Aurrean, zortzi eguneko bidaia zuten Marokoko lurretatik barna. Panda Raid izeneko lasterketan parte hartzera zihoazen. Oscarrek koinatuaren laguntzarekin beteko zuen bere aspaldiko ilusioa.

V. aldia izan du aurten lasterketa berezi honek eta protagonistek bertako paisaia, kultura, jendea eta naturaren indarraz gozatzeko aukera paregabea izan dute. Horrez gain, lankidetzarako tartea ere hartu dute. Parte-hartzaile guztiek eskolako materiala utzi dute Moulay Youssef izeneko eskolan, Errachidian. Hau izan da bidaia ahaztezin horren kronika. Guztira 5.400 kilometro inguru egin zituzten Oscar Bernal eta Xabier Kortak osatutako bikoteak. Zumaiatik abiatu eta Essaouira zuten jomuga, Marokoko hego mendebaldean kokatuta dagoen hiria. Hango hondartzan amaitzen zen lasterketa, Atlantikoa lagun, indarrak berriro hartu eta etxerako buelta egiteko; Kantauri itsaso aldera. Bidaiaren elkartze puntua Madrilen egin zuten, Santiago Bernabeu estadioaren aurrean, eta antolakuntzaren ohiko kontrol eremuak pasa ondoren, Algeciras hirirantz abiatu ziren lasterketan parte hartu zuten 92 Pandak. Gaua bertan pasa ondoren, goizeko 8etan ferrya hartu eta beste kontinente batek eman zien ongietorria, Afrikak. Orduantxe hasten zen benetako erronka, abentura eta ilusioa; hots, Panda Raid 2013 lasterketa. Herrialde arrotz batean, ehunka oztopo igaroz eta GPSrik gabe, helmugara iristea eta abenturaz gozatzea zen zumaiarren ametsa, “sailkapenari begiratu gabe”. Bidaia sei etapatan antolatua zegoen.

1. etapa: Tanger-El hajeb Tanger hiritik abiatu ziren abenturaren lehenengo etapa burutzera. Hasieran, kostaldeko autopista zeharkatu zuten Asilah, Larache eta Kenitra bezalako herri eta hiriak atzean utzita. Hala, Rabatera iritsitakoan, mendi aldera hartu zuten. Hemen hasten zen benetako erronka, kotxeaz eta adrenalinaz gozatzeko bidea. Raid batek dituen ezaugarri propioak protagonistek beren azaletan sentitzeko unea. “Momentu oro roadbook-a begiratuz orientatzen ginen. Antolakuntzakoek egunero etapa horretako mapa edo bideak zeintzuk ziren ematen zizkiguten. Horixe zen roadbook-a”. Baina lehenengo etapa honetan akats bat egin zuten. Bidean zehar kontrol eremu batzuk zeharkatu behar zituzten eta horietako bat konturatu gabe pasa egin zuten. Horrek penalizazio bat eragin zien. “Talde askok ez zuten igaro kontrol hori, ezkutuan zegoen eta ez ginen konturatu”. Arratsalde gau parterako, kanpamentua jarri zuten El hajeb inguruan. Horrez gain, haimetan antolakuntzakoek afaria ematen zieten denei; afaria eta gosaria, baina lo egiteko bakoitzak eman behar izan zuen kanpin denda. Lehenengo gau hartako oroitzapena hotza dute biek. “Hotz handia egiten zuen, zero gradu; eta momentu batean -1º eta -2º-ra ere jaitsi zen”. Goizeko 5ak aldera berriz, euria BALEIKE 2013 APIRILA

25


ABENTURA

hasi zuen. Erruz egiten omen zuen euria. Jaiki eta lokatzez beteta zeuden. Marokoko lurreko kolore gorrixka hori, erreka modukoa bihurtu zen tarte askotan. 2.etapa: El hajeb-Errachidia Euritan esnatu ondoren, bigarren etapaz gozatzera abiatu ziren. Guztira 420 kilometro inguruko ibilbidea zuten aurretik Errachidia izeneko hiriraino. Egunero egiten zituzten kilometro horiek gutxi gorabehera. Gosaldu eta afaldu haimetan egiten zuten, eta bazkaldu berriz bidean. “Guk janaria eman genuen hemendik. Egia esan hango kulturarekin ez genuen askorik bat egin alderdi horretan. Urdaiazpikoa eta urdaitegiko produktu dezente eraman genituen”. Horretaz gain, Jesus haurtxoa deitzen zioten zahatoa ere eraman zuten. “Ardoa geneukan bertan, eta bidean ederki lagundu zigun”, adierazi dute irribarrez. Etapa honetan mendiko bide asko egin zuten. Elurrez beteriko mendiak ere ikusi zituzten eta handik jaitsita, basamortua zapaltzeko aukera ere izan zuten. Egin zuen euriagatik zati askotan putzuak igaro behar izan zituzten. “Trantsizio etapa bat izan zen, leku horietan ibiltzen ikastea izan zen helburua eta baita roadbook-a maneiatzea ere”.

ezin zen kotxearekin pasa. Antolakuntzakoek kamioi bat jarri zuten erdiz erdi uraren korrontea jaisteko, eta azkenean horrela pasa genuen”. Etapa hau ere konplikatu samarra izan zen. “Kotxearekin zati hori pasatzean, ura kotxearen ateraino iristen zen gutxi gorabehera”. Esan dute beldurrik ez zutela izan, eta ongi pasatu zirela, baina tartean kotxe batzuek geratu omen ziren ez aurrera eta ez atzera. Horiek kamioiari lotu eta erremolkatuta atera ziren ur korronte horretatik. Basamortuan igeri egiteko aukera izan zuten, alajaina! Etapa honen bigarren zatia ere bertan behera geratu zen abenturazaleen zoritxarrerako. “Inork ez zuen nahi etapa suspenditzerik, baina egia da baldintza horietan ezin zela aurrera egin basamortuko bide horretatik”. Aipatzekoa da, raid-ak izan dituen bost edizio horietatik, hori izan zela metereologikoki baldintza okerrenak izan zituena. Hainbeste eurite ez zen aspaldian lurralde hartan ikusi. Hala, buelta eman beharra izan zuten eta errepide nagusia hartu. Iluntzean Alnif-era iritsi ziren. “Afaldu ondoren pantaila handi batean Championseko Real Madril-Manchester partida jarri zuten. Guk ez genion kasurik ere egin”.

“Paisaia ederrak ikusi genituen eta naturak bertan duen indarra edo eragina izugarrizkoa da”

3. etapa: Errachidia-Merzouga Hirugarren egun honetan, raid honen helburuetako bat gauzatu zuten. Errachidian dagoen Moulay Youssef eskolan izan ziren hango haurrak bisitatzen. Talde bakoitzak, gutxienez, eskolako materialez osatutako 20 kiloko poltsa eman behar izan zuten. Oso ekintza ona eta positiboa izan zen, bai beraientzat eta baita bertako umeentzat ere. “Leku nahiko apartean dagoen eskola bat da. Hango biztanleek komentatu ziguten Marokon bizitza Atlas mendikatetik kostaldera egiten dela. Alta, beste aldera eremu nahiko ezengokorra eta gatazkatsua da”. Ingurune hau Aljeriatik gertu zegoen eta aldaketa argi ikusi zuten. Festa moduko bat ospatu zuten eskolan. Haurrek eskertze moduko bat egin zieten parte-hartzaileei material guzti hori emateagatik. Jolasten eta dantzan ere ibili ziren eta eguerdi aldera Merzougarantz abiatzekotan ziren. Baina aurreko egunean egin zuen euri jasaren ondoren, abenturaren ibilbide hau bertan behera uztea erabaki zuten. Hala, bide orokorretik egin zuten Merzougara arteko zatia. “Hala eta guztiz ere, nahiko lan izan genuen helmugaraino iristen”, aipatu dute. Gau horretan lo ere aterpetxean egin zuten, kanpamentua jartzeko aukerarik ez zegoen eta. 4. etapa: Merzouga-Alnif “Bideko zati batean ur asko zegoen, bideak ibaia zirudien eta 26

BALEIKE 2013 APIRILA

5. etapa: Alnif-Marrakech Bi egunetako etapa izan zen azken aurreko hau. Maratoi etapa bezala ere ezaguna, guztira 700 kilometro osatu behar izan zituzten Marrakexera iristeko. Zati honen helburu nagusiak denboraren gestio ona eta mekanika izan ziren. “Etapa honen lehenengo egunean esaterako kontrol eremu batetik arratsaldeko 17:00ak baino lehen pasa behar zinen, eta hurrengo kontrola aldiz, 19:30erako. Horregatik, denboraren gestio ona behar beharrezkoa zen”. Denbora horren barnean sartzen ziren noski, bazkaltzeko tartea, kotxearen konponketak, gasolina sartzea, eta abar. “Guk zorionez, ez genuen inongo arazorik izan kotxearekin, baina batzuei laguntzen geratu izan ginen abentura osoan zehar”. Kontrol batetik bestera anekdota bat ere pasa zitzaien. Hasierakoa 16:30ean igaro zuten, eta hurrengora 17:30erako iritsi behar zutela pentsatzen zuten. Hala, denbora horren barruan amaitu zuten, baina helmugan esan zien kontrol hori 19:30ak arte irekita zegoela. “Bi orduko ibilbide tartea ordubetean egin genuen. Airean joan ginen”. Behin han zeudela, kanpamentua jarri behar izan zuten, izan ere gauez kotxean ibiltzea debekatuta zuten. Kanpamentu nagusi hori, sumendi baten kraterraren inguruan zegoen. Hara iristeko ibilbide guztia berriz mendiz egin zuten, harriz


hamaika zailtasun Basamortuak ezartzen dituen zailasunez gain, euri jasak ere pairatu dituzte abentura honetan.

josita, gora eta behera… “Kraterra hondarrez estalia zegoen eta inguruan suge pila bat zeuden. Gau horretan ez ziguten afaririk eman antolakuntzakoek. Gure artean afaldu genuen, lotara joan eta hurrengo goizean 06:00ak alderako abiatu ginen”. Aipatu behar da gau horretan izan zituzten bistak zoragarriak izan zirela. “Hango ilunabarrak eta egunsentiak ikusgarriak dira, gauez zerua ere izarrez josita dago, garbigarbi”. 5. etapa honetako bigarren eguneko irteera ordua 06:30ean izan zuten. 2.290 metrora lo egin ondoren, mendia jaitsi zuten, “bihurgunez beteriko bidea” eta errepide nagusia hartuta Marrakexeraino joan ziren. Aurretik hala ere orientazio proba bat egin behar izan zuten. Erabat galdurik egon omen ziren… “Eta Marrakex zer? Kaosa!” , horrela definitu zuten bai Oscarrek eta baita Xabierrek ere. Hiriko bideetan ez lehentasun araurik, ez ezer. Bozina hotsak etengabe, lotsa gutxien zuenak egiten zuen aurrera. Oso etapa polita izan zela aipatu zuten biek. Batez ere lehenengo eguna. Mendiaz gozatu, bihurguneez, oztopoak pasa… Bigarren eguna ez zuten hainbeste gozatu, “azken finean Marrakexeraino falta ziren 300 kilometroak errepide nagusitik egin genituen eta ez da sentsazio eta abentura bera”. 6. etapa: Marrakech-Essaouira Hotelean lo egin ondoren, dutxatuta eta usain gozoarekin, azken etapa, eta horrekin abentura hau amaitzera, abiatu ziren. Bi ordu baino gutxiagoan Essaouirara iritsi ziren. “Hemen ere dena errepide nagusitik egin genuen”. Hara iritsitakoan, hondartzan egin genituen azken 10 bat kilometro. “Talde bakoitzak derrigorrez eraman behar zituen bengalak piztu, denok gauden argazki ofizialak atera, afaldu (festa moduko bat egin zen) eta hotelera joan ginen”. Oso nekatuta amaitu zuten eta turismo pixka bat egiteko denborarik ere ez zuten hartu. “Euskaldunok osatu genuen koadrilan geratu ginen abenturako azken ordu hauetan, indarberritu eta etxerantz joateko”. Etxerako bidea eta ikasitako lezioa Ostiralean, martxoaren 8an, gauez amaitu zuten abentura. Etxera bueltatzeko bide luze eta gogorra zuten aurretik. Ho-

rregatik, hurrengo egunean oso goiz handik abiatu ziren. Milaka kilometro eginda zeuden, eta ostera, beste horrenbeste egin behar izan zuten etxera iristeko. Nekaturik zeuden, esperientzia ahaztezin bat gozatuta, memorian betirako gordeta izango dutena. Lau begi horiek ikusitakoa eta sentitutakoa beraiek bakarrik dakite. “Paisaiaz gozatu genuen, kotxean ibiltzeaz, lagunarte sano batean igaro genituen bederatzi egunak, injustizia sozialaz eta batez ere haur eta emakumeen egoeraz ohartu ginen”. Hamaika aldiz komunikabideetan islatutako egoera larria bertatik bertara ikusi zuten. “Biziraupena da hango lege bakarra. Bidean oztopoak aurkitzen genituen, haurrek jarritako oztopoak, kotxeak geratzeko eta guri eta beste parte-hartzaileei zerbait eskatzeko. Arkatz batekin ere konforme ziren”. Latza, gogorra, tristea. Baina gogortasun horren baitan, basamortuko koloreekin eta handitasunarekin geratzen dira bi protagonistak. “Paisaia ederrak ikusi genituen eta naturak bertan duen indarra edo eragina izugarrizkoa da”. Hondarrezko ekaitza, ura nola datorren basamortutik ibai bat sortzeraino, euria, hotza… Posible ziren ia egoera klimatologiko guztiak jasan zituzten. Dena ongi amaitu zen, baina istorio guztiek badute korapiloren bat tartean. Hauei penintsulan gertatu zitzaien. Marokon azken aldiz gasolina bota zuten eta penintsulara pasa ondoren, kotxea gelditu egin zitzaien. Konturatu ziren iragazkia zikina zegoela, gasolinaren kalitate ezak, tapoi moduko bat egiten zien. Hala, 15 kilometroz behin gutxi gorabehera geratu egiten ziren garbitzera. “Gasteizera iritsi ginean jada ongi ibiltzen hasi zen eta beno, handik Zumaiara ongi etorri ginen”. Martxoaren 10ean goizeko 08:30ean iritsi ziren hona 27 ordu jarraian eginda. “Marokogatik zera esan ziguten: eguzki asko jotzen duen herrialde hotza da”. Hainbeste hotz eta eurite pasa ondoren, etxeko goxotasunera itzuli ziren irribarre batekin ahoan. Ziur aski berriro joatekotan… BALEIKE 2013 APIRILA

27


PUBLIZITATEA 28

Johan Perez de Çumaya piratak ekintza ugari egin zituen XV. mende amaieran

BALEIKE 2013 APIRILA


Kalitatezko produktuak Gipuzkoako Okelaren Ziurtagiria: GI-OKELA

Juanjo Larra単aga harategia

ZUMAIA Basadi auzategia, 4. Tel./Faxa: 943 860 621 ZARAUTZ Salegi kalea, 14. Tel./Faxa: 943 890 215

BALEIKE 2013 APIRILA

29


BERTSO XORTA

Manex Elola Txapartegi

Korrika Zumaian Doinua: “Iparragirre abila dela�

1. Nahiz ibili zen gure kaleetan

2. Festa giroan aldarrikatuz

pixka bat atzeratuta Kale bazterrak jendez beteta eta asko hunkituta Korrikako esprinak belaunetako minak genbiltzan arnasestuka Segi dezagun pauso bakoitzak arnasa ematen du ta

ginen denok izerditu Korrika egin, emozionatu, jolastu, bizi, sentitu Andoaindik Baiona lotzea ez da broma Euskaldunok ze meritu Herri bat inon baldin badago euskerak behar du erditu

3. Nahiz ahaztu zaion erabiltzea

ander hormazuri

hainbat euskaldun zaharri Euskaldun berri ongi etorri nahiz kostatzen zaigun sarri Egunero erabili kale lan ta famili gara guztien egarri Besteengandik jasotakoa Eman euskera elkarri

30

BALEIKE 2013 APIRILA


BALAY 3TS865E GARBIGAILUA • 6 kg • 1.200 bira/min

INDUKZIOA

299€

NODOR

319€

NIB 360 • 3 indukzio gune

INOX

599€

PANASONIC TXP42X60 PLASMA • 42”¡ • 600 Hz

399€

BALAY 3KFE7665 • No frost • 185 x 60 • 0ºko kajoia

ENDAÑETA ZUMAIA ELEKTROGAILUAK Erribera, 8 Tel. 943 861 694 www.endanetazumaia.com BALEIKE 2013 APIRILA

31



Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.