2 minute read
Labayru Fundazioa
Urtarrilaren 17ari begira
Neguaren bihotzean, urtarrilaren 17an ospatzen da san Anton edo san Antonio Abad (ekainaren 13koa, san Antonio Paduakoa da). Gabonak igarota, aratusteak bidean dirala, tarteko sasoi horretan estimazino handiko jaiak ospatzen dira: San Antonegaz batera, Kandelario otsailaren 2an, San Blas 3an eta Santa Ageda 5ean. Jaiok guztiok, neurri baten behintzat, aratusteen zikloan sartzen dira. Danak dira tostadak jateko egunak, kasurako.
San Anton egunera etorrita, animalien babesle moduan, baserritarrek estima handian euki dabe. Abeltzaintzak indarra euki dauen lekuetan, etxeko ekonomian eragin handia euki dauen herrietan, santu nagusia izan da eta gora handiz ospatu izan da.
Egun horretarako era askotako ohikuneak egiten izan dira: bezperan sua, jatekoak eta animaliak bedeinkatu, animaliak Gabon-subilaz ketu…
Horrez gainera, ohiturea zan egun horretan ganaduari beharrik ez eragitea. Idiak ez ziran ateraten solora, errotetan ez zan urunik eihoten astoei beharrik ez eginazoteko, eta traturen bat lotzen bazan, San Antonek gorde daiala formulaesaldia esaten zan.
Ganadu-ermandadeek San Anton ermandadea izena eukien askotan, eta ohitura izan da egun horretan jaia ospatzea edo bazkaria egitea.
San Anton egunez, Urkiolara
Gure artean San Anton egunez baserritarrek Urkiolara joateko ohiturea euki dabe, feria egun handia izaten zan. Egun horretan bedeinkatzen ziran etxeko abereak eta ganaduak be. Gaur egun be mezatan ogia bedeinkatzen da, janaria eta ortuak gogoan hartuta. Lehenago ura eta orioa be bedeinkatzen ziran, eta baita be ganaduari ipini beharreko arranak. Horrezaz ganera, etxeko abereak jagoteko kandelak eta mezak eskaintzen izan dira.
Feria egun handia da Mungian be hurrengo egunean batez be, San Antontxu ospatzeko. Ganadu-feria ez eze, ortuariak, makinak eta inguru horregaz zerikusia daukien produktu mota guztiak be egoten dira erakusgai eta salgai. Ospakizun itzela egiten da herrian, egunean berean eta asteburuan.
SAN ANTON JAIA, GARAIN
Garain, enkantea
Beste ohitura berezi bat gorde dabe Garain, Durangaldean. Enkantea egiten dabe, eta San Anton egunez hatan be, asteburura pasau barik, eta hutsik egin barik. Herriko jenteak etxetik eroaten dau jeneroa: txarrikia, tostadak, indabea, oiloak, sagardaoa… Mezan bedeinkatu eta mezaostean enkantea egiten dabe eleizpean. Deigarriena da bakotxak berak eroandako jeneroagaitik jokatzen dauala gehien. Era horretara, sarritan, norberak eroandako jeneroa etxera etorten da barriro. Batutako dirua eleizan konponketak egiteko erabili izan da; edo laguntzarako banatu: eleizearen bitartez, alkarte edo talde jakin baten bitartez; hondamendiren bat egon danean…
Amaitzeko, san Antonegaz lotuta, herrian zabal dagozan esaera batzuk aitatuko doguz: “San Anton besugos al montón”; “San Antonio, San Antonio txarria gaixo danean; San Antonio ez dau inok esaten odolostea jaten danean” •