2 minute read

Etnografia

‘Samartintxiki’

Greziar mitologian Prometeok jainkoei sua lapurtzen deutsien moduan gizakiei emoteko, euskal mitologian Samartintxiki da jentilei gari-hazia lapurtu eta lehenengo landu ebana. San Martin de Tourseko gotzainak (316-397) protagonismo berezia hartzen dau euskal mitologian Samartintxikiren bitartez, txikigarri eta guzti izendatuta; jentilei, Basajaunari eta deabruari berari be garia, artoa edo arbia lapurtu eta ostean, ereiteko garai zehatza zein dan jakin izan ebalako.

Samartintxiki heroia da euskal mitologian. Bere argitasun eta ausardiaren bidez gai da jentilengana edo Basajaunagana joateko. Eta gainera, zerealen hazia hartu eta zehatz noiz erein behar dan, eurek bakarrik ekiena, argitzeko. Holako narrazino mitologikoetan ez eze, Samartinen kanta edo Samartinen hamabi egiak izeneko abesti baten be agertzen da Samartin, aldaeraren baten aurretik narrazino bat daukala.

ARTOA LABAN LEHORTUTA. AKAITZE KAMIRUAGA. LABAYRU FUNDAZIOKO ARGAZKI ARTXIBOA Samartintxikiren narrazino mitologikoen adibide modura, Barandiaranek Diccionario ilustrado de mitología vasca lanean jasotakoa ekarriko dogu hona:

Ataunen esaten dabe Samartintxiki Muskia mendira joan zala Basajaunei bisita egiten, hau da, han goian garia lantzen eben jenioei. Eurakaz burrukan ebilela, gureta jausi zan han egoan garipilo baten barruan, eta halan abarkak bete egin ebazan gari-garauez. Horreri esker eroan eban herrira ale horren hazia. Handik gitxira gure heroiak Basajaunak kantuan entzun ebazan: “Or irtete, arto ereite; or erorte, gari ereite; Sanlorentzotan, arbi ereite”. Hau da, orria urtekeran artoa eta orria jausikeran garia ereiteko sasoiak dirala. Holan jakin eban Samartintxikik noiz erein behar dan garia, baita herritarrei erakutsi be.

Ez dok hamahiru esapidearen jatorria

Ataungo esaunda horren antzekoak beste herri askotan batu dira: Kortezubi, Mutriku, Zegama, Oiartzun etab. Izan be, XX. mendean, Barandiaranek, Azkuek edo Satrustegik jasotako materialetan, hainbat kontakizun dagoz pertsonaia horreri buruz.

Beste hau be ezaguna da Samartintxikiren ganean. Esaten da deabruak ikazkin bateri lagundu eutsala eguneko beharra egiten. Saritzat arimea eskatu eutsan, ezpabere San Martinen kantua esatea opatu eutsan eta hori aukeratu eban ikazkinak. Halanda be, deabruak beti tentau egiten dau eta, hamahirugarrena? itauntzen deutso Martini. Eta harek Ez dok hamahiru esaldi ospetsua erantzun. Bitoria Artetxe zeanuriztarrari jasotako bersinoa da hau.

AMATZAKO SAN MARTIN ERMITA, IURRETA. LABAYRU FUNDAZIOKO ARGAZKI ARTXIBOA

San Martin esaik bat Gure jauna bera dok bat Berak salbauko gaiozak. San Martin esaik bi Erromako altara santuek bi Gure jauna bera dok bat Berak salbauko gaiozak. San Martin esaik hiru Hirurek hiru eternidadeak Erromako altara santuek bi Gure jauna bera dok bat Berak salbauko gaiozak. (…)

San Martin esaik hamabi Hamabi apostoluak Hamaika mila aingeruak Hamar mandamentuak Bederatzi ordenaduak Zortzi, zortzi zeruak Zazpi sakramentuak Seirak, seirak izarrak Bostak kristoren llagak Laurak ebangelistak Hirurak, hiru eternidadeak Erromako altara santuak bi Gure jauna bera dok bat Berak salbauko gaiozak. Deabruak orduan: San Martin, esaik hamahiru! - Ez, ez dok hamahiru!

This article is from: