2 minute read

Etnografia

Gabon-gaueko afaria

Gabon afaria, urte osoan egiten diran familia-otordurik garrantzitsuenetarikoa izan da. Mahailagunak, oro har, etxekoak dira, familiakoak. Orain hamarkada batzuk, inoren etxeetan zerbitzari egozan seme-alabek nagusiaren baimena eukiten eben Gabon-gaua jaiotetxean ospatu ahal izateko; eta, gainera, makailaoa oparitzen eutsien etxera eroateko. Batzuetan, makailaoa ez eze, bisigua be ekarten eben familia-afarira.

Antzina, afaltzen hasi orduko, ogia bedeinkatzeko erritua egiten zan. Aitak, mahai-buruan jarrita, mahaia bedeinkatu eta gainean egoan ogi osoari kurutzea egiten eutsan aiztoagaz. Ondoren, musua emon, ogi-koskor zatia kendu eta mahai-zapiaren azpian ipinten eban. Ogi horrek, ogi salutadoreak, gatxak sendatzeko aparteko bertuteak ei eukazan. Ondo gorde ezkero, hurrengo urteko Gabonetara arte urdindu barik eusten ei eutsan, eta personak eta animaliak amorru edo errabiatik babesten ei ebazan. Lekeition, kasurako, itsasora jaurtigiten eben, baretzeko; Zeanurin eta Elorrion, errekara, gainezka egiten ebanean, lurrak eta herria bera urez beteteko arriskua egoanean. Iurretan, barriz, airera botaten eben, ekatxak kazkabarra iragarten ebanean.

XX. mendearen erdialdera arte, Eleizaren aginduz, Natibitate egunaren bezpera, bijilia-eguna zan eta ez zan haragirik jaten. Oraintsura arte, etxe batzuetan nabaria izan da bijiliaafariaren kutsua. Herri-kantuak ondo jasota dauka menu horren osagaiak:

Gabon gabean ohituten dogu guztiok afari ona; bixigu, lebatz makallau saltsa bakotxak berak ahal dauna.

Gero txurrunplinplan ardau ta pattarra katuak hartuta zabu-zabuka.

Ohitura aldaketak

Gaur egun, ostera, ohiturak guztiz aldatuta dagoz. Orain zizka-mizkek eta mariskoak, arrainak era guztietakoak, ostean, kapoia, artxoa, ahumea eta solomilloa jaten dira. Edatekoetan beste horrenbeste.

Postreak garrantzi handia dauka afari horretan. Bizkaiko leku askotan, ohitura zen intxaur-saltsea jatea. Enkarterrietan, barriz, esnetan bustitako eta albardatutako tostadak jaten ziran. Sagarrez edo madariz egindako konpota be berezko postrea zan egunotan. Honetara egiten eben intxaursaltsea Zeanurin: lehenengo, botila bat erabilita, intxaurrak xehatzen ziran mahai baten gainean, harik eta intxaurrek olioa botaten hasi arte. Birrindutako intxaurrei etxeko ogiaren mamina gehitu eta lurrezko ontzi baten ipinten zan, makailao siku egosiaren saldeagaz batera. Gero azukrea bota, dana ondo nahastau eta ordu erdiz egosten ixten zan. Kolorea emoteko, arrautza-gorringoa edo artoagaz egindako ogiaren mamina gehitzen jakon. Denpora batez altzetan itxi eta epel zerbitzatzen zan.

Turroia joan dan mendeko 40ko hamarkadan zabaldu zan landaeremuan. Bi eratakoa baino ez egoan orduan: «biguna» eta «gogorra»; orain ostera, era guztietakoak erosi leitekez. Fruitu lehorrak be orduan hasi ziran gure etxeetan sartzen; bai eta polboroiak, mazapanak eta beste mota bateko gozokiak be. Gaur egun, Gabonetarako era askotako gozokiak dagoz; are gehiago, nahitaezko bihurtu dira bai afarian zein afalondoan •

En algunas zonas, antes de comenzar la cena de Nochebuena el padre de familia bendecía el pan. Trazaba con el cuchillo sobre él una cruz y después de besarlo cortaba un trozo de la corteza. Al año siguiente, en la cena de Navidad, se volvía a sacar a la mesa y después de hacer la ceremonia habitual se repartía el trozo del año pasado entre todas las personas y los animales de la casa.

This article is from: