1 minute read

Euskal hiztunak non Otoi.eus, han

Fedea egunero elikatzeko euskarazko tresna da Otoi.eus. Webgunearen helburua euskaraz sorturiko edukiak eskaini eta fedea eta espiritualtasuna euskaraz bizi nahi dabenentzako topagune bihurtzea da. Proiektu bizia izanik, egileak, atalak eta formatuak egokitu egiten dira, betiere helburua eta izaereari eutsiz.

2022ko urtarrilean jaio zan Otoi.eus Jesusen Lagundiaren ekimenez eta Arrupe Etxea Fundazioaren ardurapean. Xabier Riezu eta Idoia Braceras kontseilukideen esanetan, “proiektuaren balio nagusia inguruan alkarturiko egile sare zabala da”. Sentsibilidade ezbardineko lagunak dagoz eta tartean Bilboko Eleizbarrutiko kideak be.

Zein da proiektu honen berezitasuna?

Proiektu bat egin gura genduan euskararen inguruan. Fedeari eta euskarari tarte bat emon nahi geuntsan sarean. Egoera sozio erlijioso honetan dispertsino handia dago eta sekularizazinoaren testuinguruan interneten aldeko apostua egitea zan gure erronka. Era horretara, seguraski isolatuta sentidu daitekezan sinisdunak batu gura izan doguz. Eguneroko Ebanjelioaren gogoeta da proiektuaren oinarria. Badakigu ez dogula gurpila asmatu baina barrikuntza nagusia da euskaraz jatorrian sortutako tresna dala.

Euskalkiak zein toki daukie?

Nagusiki batueraz da baina badagoz salbuespeneko atal batzuk, adibidez, otoitzak. Jatorriz bakotxak gurtza egiteko daukan modua errespetatzen da idazkietan.

Proiektu irekia?

Bai, Jesusen Lagundia hasi zan bultzatzen. Jatorria horixe da, ezin da ukatu, baina hori ez da azpimarragarria, bestela proiektuak kale egin leikelako. Sentsibilidade ezberdineko laiko eta erlijiosoek idazten dabe hasieratik. Aniztasuna dago. Edo lortzen dogu hau euskaldun irakurle eta hiztun guztiona egiten edo bestela, ezin da aurrera egin proiektu honegaz. Oraintxe gabilz proiektuaren gobernantzan be persona eta erakunde ezbardinak sartzeko.

Zeintzuk dira baldintzak webgunean idazteko?

Batzordean kolaboratzaileen proposamenak jasoten doguz eta aztertu egiten dira. Atalen arabera sailkatzen dira kolaborazinoak be. Otoitzak, olerkiak, bertsoak... esparru zabala jasoten dogu. Hau ez da edonork idazteko sare soziala. Konpromisoa eskatzen dau. Berrogei kolaboratzaile inguru daukaguz eta aldizkotasun adostu bategaz bialtzen dabez euren gogoetak.

Sare sozialena zelan daroazue?

Instagram da arrakasta gehien dauena. Badakigu hor egon behar dana eta nahi dogu dinamika are gehiago gehitu.

Oraingoz sare sozialek lagundu dabe jarraitzaile barri gehiagorengana iristen. Proiektua ez da propio gazteentzat baina eurengana heltzeko euren hizkuntzan bota behar doguz edukiak.

`Rezando voy´ da eredua?

Erreferentzia bat da. Gure helburua xumeagoa da. Apurka apurka goaz. Fedea euskaraz bizi dabenen testigantzek balio erantsi izugarria daukie eta horixe da gure erronka oraingoz. Euskaldunok badakigu gazteleraz irakurten be, gure hizkuntzea badalako. Baina honegaz gura doguna zera da: jatorriz euskaraz sortutako otoitzak eta gogoetak irakurtea •

This article is from: