2012 IV. EEE – NORBEREGANATZEA Erabarritu Gaztetu
GAZTE PASTORALGINTZA SUSPERTZEAREN INGURUKO ESPERIENTZIAK
1 zenb. 2012ko Urtarrilla
Batasuna
BIKA EGUNA 10 – 14 urteko gaztetxoen topaketa. III eta VII Bikaritzak Blanca Villanueva Gaztetxo eta gazte pastoraltzarako Artxandape Pbko Arduraduna
Delegación Diocesana de Apostolado Seglar Barria Diócesis de Bibao Plaza Nueva, 4 2º 48006 BILBAO 944795613 946790080 das1@barria.net / admin1@barria.net
IV. EEE – NORBEREGANATZEA Erabarritu Gaztetu
Batasuna BATASUN ESPERIENTZIA
BIKA EGUNA 10 – 14 urteko gaztetxoen topaketa III eta VII bikaritzak
1
IV. EEE – NORBEREGANATZEA Erabarritu Gaztetu
Batasuna
“Bedeinkatzen dogun bedeinkapen ontzia, ez ete da Kristoren odolaren alkartasuna [jatorrizkoak “koinônia” berbea darabil]? Eta zatitzen dogun ogia, ez ete da Kristoren gorputzaren alkartasuna? Ogi bat dan ezkero, guztiok gorputz bakarra egiten dogu, ogi bakar horretatik hartzen dogu eta guztiok” (1 Kor 10, 16 hur.).
Zer da BIKA EGUNA dalako hori? Hiru neska-mutilez osatutako taldeko laguntzailea naz; lagungarri barritzaileen bila dihardut; nire hizkera, eurekin komunikatzeko erea, eguneratu egiten dot. Batzarrak ondo dagoz, dinamikak egiten doguz Jesus ezagutzeko; bere bizitzaz, bere bizimoduaz, bere apustuez, bere mezuak gaur dauan eraginaz... hitz egiten deutset... baina zeozer falta jaku... Zelan ulertarazo Jesus ez egoala bakarrik, bere egitasmoa ez zala bakardadea, adiskideen bila atera zala alkartean bizitzeko, bere mezua alkartasunez beteta egoala, bere mezuak ez eukala mugarik? Beti dinoe: batzarrak ondo dagoz, baina hain gitxi gara!
2
IV. EEE – NORBEREGANATZEA Erabarritu Gaztetu
Batasuna Beharbada hau irakurri eta zeure burua ikusi dozu egoera horretan, gauza bera gertatzen dalako zure taldean edo holako talderen bat ezagutzen dozulako... Hauxe da gure elizbarrutiko talde gehienen egoerea; parrokiakoak izan, mobimentukoak izan... gitxi gara eta sakabanatuta gagoz. Zer egin daikegu? Zer esan gura deusku gaur Jaungoikoaren Espirituak? Zer eskatzen jaku Eliza honen misinoaren arduradun lez?
“Egiteko hau betetzeko, Elizari dagokio aldien ezaugarriak une guztietan sakonki aztertu eta Ebanjelioaren argitan interpretatzea... gizakiek dituzten betiko galderei erantzun diezaien...” (GS 4).
Aldien ezaugarriak Jaungoikoa gure bizitzen eta gure alkarteen historiatik igaro izana islatzen daben gertaera txiki edo handiak dira. Gutako bakotxaren eta gure alkarteen bizitzako gertaeretan ez gara ikus-entzule hutsak, SALBAMENAREN HISTORIAKO EKINTZAILEAK baino. Edegite eta batasun sen honek gidatuta, egun batean Pastoral Barruti desbardinetako, hain zuzen be III. eta VII. bikaritzetako gazte pastoralgintzako arduradunok batzartzea erabagi genduan. Une haretan bikarioa zan Jose Luis Achoteguiren babes eta laguntzagaz eta IV. eta V. bikaritzetako esperientzia aitzindariek suspertuta, BIKA EGUNA sortu zan: bikaritzaren eguna, topaketaren eguna, gure parrokietako hormak, gure egiteko moduen hormak apurtu eta batera jarduteko eguna. Beste sasoi batean etxe izan ziran eta orain harresi diran hormak apurtzeko eguna. Lanari ekiteaz batera azaldu ziran lehenengo zailtasunak, lehenengo bildurrak... “Norentzat da?”. Hamar eta hamalau urte bitarteko neska-mutikoei
3
IV. EEE – NORBEREGANATZEA Erabarritu Gaztetu
Batasuna zuzentzea erabagi genduan. “Zelan egin? Honetan sinisten dauan monitorerik ez dogunez, gurasoei eskatuko deutsegu laguntzeko”. “Zelan antolatu, zenbat lagun batuko dan be jakin barik? Hamar izan daitekez edo berrogeta hamar...”. “Bueno, ba, ekitaldi irekia, malgua, egingo dogu, hamarrentzat zein berrogeta hamarrentzat balio dauana”. “Zergaitik Artxandako funikularra ez erabili?”, bururatu jakun. Bageunkan garraioa eta lekua, Artxanda eta, zehazki, funikularraren ondoan dagoan patinaje-pista. Baldintza guztiak egokiak ziran 10etzat zein 50entzat. Gero, aitaren batean, eguneko egitaraua eratu genduan, egitarau bakuna: jokoak, margoen tailerra, ospakizuna San Roke ermitan, bazkaria, gynkana eta etxera buelta. Guk geuk sinisten genduan egitasmoan baina beste batzuek be horretan sinistea zan kontua eta, horregaitik, banan-banan aurkeztu geuntsen gure taldeetako monitoreei eta III. eta VII. bikaritzetako talde eta parrokia guztiei. Alkartasun senak suspertu ginduzan; beste batzuekin egon gura genduan; gure fedea beste batzuekin batera bizi gura genduan; Jesusengan, bere egitasmoan, bere bizitzan, gaur egungo gazteentzat daukan mezuan sinisten eben beste batzuk ezagutu gura genduzan. Heldu zan eguna, apirileko domeka euritsua. Funikularraren plazan batu ginan, zehazki ez dakit zenbat lagun; gogoratzen dodana zera da: gitxienez elizbarrutiko 10 lekutatik etozan 10 eta 14 urte bitarteko 50 neska-mutil inguru zirala. Lortu genduan lehenengo helburua! Gitxi ginan baina alkarregaz gengozan! Gitxi izanda, danok batu eta asko bihurtu ginan! Nire, zure... taldeko hirurek euren antzeko beste batzuekin egoteko aukerea izan eben, euren baitatik urten eta beste batzuengana zabaltzeko aukerea, euren guzurrezko segurtasunak itzi, bildurrei aurre egin eta, fedean sendotuta, mundura urteteak eragiten dauan zirrara sentitzeko aukerea. Hiru urte igaro dira egun horretatik. Dagoeneko aurtengo ‘Bika Eguna’ prestazen dihardugu. III. eta VII. bikaritzetako hainbat lekutako monitore eta arduradunez osatutako batzordeak ‘Bika Egun’ barria antolatzen dihardu. Oraingoan, jarduera batzuk txikientzat izango dira eta beste batzuk nagusientzat, beharrezko baimenak eskatuko doguz... baina gogo eta apaltasun beraz jardungo dogu, helburu berak batzen gaituala eta Espiritu berak bultzatzen gaituala sinistuta.
4
IV. EEE – NORBEREGANATZEA Erabarritu Gaztetu
Batasuna Jakin badakigu hau, bera bakarrik, ez dala euren fedearen oinarria; halanda be, aparteko jarduerea da monitoreentzat: erronka, batera jarduteko aukerea, bidelagun izateko abagunea; ibilbidean aurkituko dogun eserlekua, atseden hartu eta ilusinoa eta indarra berreskuratzeko, holan, alkarregaz, gogotsu berrekiteko ibaiaren sorlekuranzko bideari. Neska-mutikoentzat, aitatu dogunez, esperientzia barria: bakarrik ez egotea, beste bardin batzuekaz bat egitea, alkartzeak eta alkar ezagutzeak, urteteak, zabaltzeak... dakarren alaitasuna. Zelan edo halan, bizikidetasun eta alkartasunezko esperientziak dira. Xabier Larrañaga irakasleak dinoanez:
“Giza bihotzak harmonia eta giza hartu-emonetan alkar ulertzea irrikatzen dau. Gizakiak itxuraz mugarik ez daukan gaitasuna erakutsi dau zientzia eta teknikaren arloan baina ez daki bere antzekoekin bizikidetasunean bizitzen eta hartu-emonak izaten. Harreman baztertzaileak, aurkakotasunak eta, desbardinaren aurrean, bildurrezko jokaerak ahalbideratzen ditu. Elizeak be zailtasun bardinak ditu. Batzuentzat, oztoporik handiena, “bakarra” eta “anitza” buztartzea dira. Kristinautasunak, giza arlo guztien anbiguotasunekin, aniztasunean bakarra eta batasunean anitza edo hirukotxa dan Jaungoikoa oinarritzat dituan hartu-emonak eskaintzen ditu. Bizikidetasunaren erronka, sakonean, benetakoa dan eta badagoan (benetakoa izango ez balitz ez geunke irrikatuko) eta beti egiteke dagoan batasunaren erronka da”.
5
IV. EEE – NORBEREGANATZEA Erabarritu Gaztetu
Batasuna Hurrengo abentura ‘zine gazte solidarioa’ deritxana izango da, III. eta VII. bikaritzetako 14 urtetik gorako gaztetxo eta gazteentzat. Beti lez, jarduera apala izango da, bariku arratsaldez, ikastetxeren bateko aretoan. Geure buruari begiratzen lagunduko deuskun eta ekintzara bultzatuko gaituan pelikula ikusiko dogu. Eta euro bat ordainduko dogu sarrerarengaitik, dirua egitasmo solidarioren baten erabilteko... beti lez, 10entzat zein 50entzat dan ekitaldia! Gogoeta laburra: Sarritan entzuten deutsegu gure nagusiei (laikoak, abadeak...) mobimentuak, taldeak... gaztetxo eta gazteez lepo egozanetako sasoien inguruan jarduten, egoera haretara bueltatu gura balebe lez, egoera hori benetako ebanjelizazinoaren, Jaungoikoagaz banan-banako topaketa izatearen zeinu izango balitz lez. Halanda be, kontrakoa adierazoten deuskun datu asko dago: gazte hareek, beharbada larregi ziralako, edo taldeko kide izatea eurek aukeratu ez ebelako, ez eben ezagutzen dozunean maitemintzen eta aldatzen zaituan Jaungoikoagaz bat egitearen esperientziarik bizi; ez eben Barri Ona sentitu euren bizitzan. Orain, beste aukera bat dogu geure hutsegiteetatik ikasteko, jatorrietara bueltatzeko, banantzen gaituenaren gainetik, batzen gaituenari lehentasuna emoteko. Itxaropena, irudimena, hutsegiteak, entseguak, saiakerak... izango dira aldi barri honetan; sormenak nagusitu behar dau. Izan gaitezan ausartak, Jaungoikoak, zalantza barik, hitz egiten deusku gaur be eta aldi barrian ekintzaile izateko dei egiten deusku. Aurrera eta zorte on fede apur bat baino behar ez daben egitasmo horreekin! Gure eta beste batzuen esperientziak batasuna jadetsiko badau, Espiritu berak bultzatuta desbardintasunak gainditu eta adostasuna lortu beharko dogu.
Blanca Villanueva Gaztetxo eta gazte pastoraltzarako Artxandape Pb-ko Arduraduna
6