"Egoak ebaki banizkio, hobea izango zen" | Gotzon Barandiaran Garai batean, “gezurrik esan al duzu inoiz?� galderarekin hasten ziren elkarrizketa asko. Gaur egun esanguratsuagoa da beste hau: egiarik esan duzu inoiz? Ahalegindu naiz. Ni saiatzen naiz zintzoa izaten. Zintzoa, ez erlijioak inposatutako zentzuan; gezurrik ez esateaz ari naiz. Politikaren arloan, arlo publikoan nahita esaten da gezurra, gezurarren kontzientzia osoarekin. Eta batzuei igarri egiten zaie, oso nabarmena da gezurretan ari direla. Penalizatu egin behar litzateke politikari bat nahita gezurretan aritzea. Beste gauza bat da koiuntura politikoagatik edo komenigarritasun politikoagatik egia osoa ez esatea; sukaldeko lanak egitea. Baina gertatzen dena da ez dugula gezurra gaitzesten, eta alor publikoko jende askok edozer gauza egin eta esan dezakeela inork kontuak eskatzeko beldurrik gabe. Gezurraren katamaloa... Zergatik mozorrotzen gara? Esaterako, harremanei beldur handia diegulako. Umetan, Haur Eskolan eta Lehen Hezkuntzan asko lantzen dira harremanak, baina gerora ahaztu egiten ditugu. Gero dena profesionalizatzen dugu, baita harremanak ere. Dena ekoizpenera bideratzen dugu, eta pertsona errentagarriak izan behar dugu, etekina ematen dutenak. Eta harremanek ez dute etekinik ematen, antza. Orduan, katamaloa ezinbesteko bilakatzen zaigu, izua ematen digulako jendearen aurrean garen bezala agertzeak. Lehen aipatu dugun arlo politiko eta publikoan asko gertatzen da hori eta, gainera, ondo ikusia dago politiko batek publikoaren aurrean gauza bat esan arren, kameratik kanpo etsaia denarekin beste era batera jokatzea. Geure buruarekiko konfiantza gutxi dugulako ere janzten dugu katamaloa. Aurrean dugunarekin zintzo jokatu behar genuke, aurpegia agerian dugula. Eta askotan komenientziaz ere janzten eta eranzten dugu katamaloa. Interes emozionalak, interes ekonomikoak... interes mota asko daude, eta horien arabera jartzen edo kentzen dugu mozorroa. Oraindik ere, zoritxarrez, erlijioek, gure kasuan kristautasunak, balore batzuk ezartzen ditu eta balore horien artean faltsua izatea dago. Pulpitotik beste gauza bat esaten den arren, saritzen dena faltsua izatea da. Egin duzu gogoetarik zure mozorroari buruz? Jakina, bestela ez nukeen horri buruz idatziko. Horrelako gauzak idazterako, lehengo eta behin norbere buruari begiratu behar zaio, bestela manikeismoan eta paternalismoan erortzeko arriskua dago. Katamalo kontzeptu gisa egituratzen hasi aurretik neure buruaren azterketa sakona egin nuen, eta ikusi nuen nik ere askotan jantzi izan dudala, eta betiko kendu arte denbora asko igaroko dela, ez dakit egunen batean lortuko dudan. Publikoari begirako zerbait egiten denean norbere buruari begiratu behar zaio lehenengo, barrura begiratu behar da
1