Aldizkaria 15 1

Page 1

bildu gatika 15 zenbakia 2013ko uztaila

INFORMATZEN

GATIKAKO AURREKONTUAK, K.O. Gatikako aurrekontuen egoera xelebrea azaltzeko, boxeo borrokaldi batekin parekatuko dugu:

LEHENENGO ROUNDa: 2013ko martxoa BILDUK parte-hartze prozesu bat ireki zuen herrian 2012ko azaroan, aurrekontuen inguruko proposamenak biltzeko. Gobernu taldeak aurrekontuen zirriborroa aurkeztu baino lehenago, parte-hartze prozesu horretatik ateratako proposamenak bidali genizkien, zirriborroa egiteko orduan kontuan har zitzaten. Baina, EAJk 2013ko aurrekontuak egin zituen proposamen horiei jaramonik egin gabe. EAJren aurrekontuetan ez zegoen diru-laguntzarik krisiaren ondorioak gehien jasaten ari diren gatikarroi IBIa ordaintzen laguntzeko; ez zen agertzen larrialdietarako laguntzak emateko partida berririk, nahiz eta gobernu taldeak jakin bazekien indarrean zeuden laguntzak ez zirela nahiko; ez zen handitzen etxez etxeko laguntza zerbitzua, Gatikako behar guztiei erantzuna ematen ez zaiela jakinda ere; ez zen agertzen gaur egun ibilgailuen trafikoari erantzuteko proposamenik, gainera Maruri-Mungia errepideko lanak direla-eta trafikoa handitu egingo da; ez zen agertzen irisgarritasun plan bat aurrera eramateko asmorik, espaloiak eta arkitektura-barrerak moldatu beharko liratekeela jakin arren (udalean eta liburutegian esaterako); uholdeek Vegan eragiten dituzten arazoak konpontzeko dirupartidarik ez zegoen; lokal munizipalak, asko hutsik daude, egokitzeko asmorik ez zen agertzen; eta nazio eraikuntzarako partidarik ere ez zegoen.

Aurrekontuak gizartearen aldekoak izan daitezen eta herriko biztanleek adierazitako beharretan oinarritu daitezen saiatu da BILDU. Gainontzeko talde politikoekin hitz egiteko asmoa erakutsi dugu. Are gehiago, GTIri deitu genion gaiak elkarrekin adosteko.


BIGARREN ROUNDa: AURREKONTUAK MAIATZAREN 29KO PLENOAN

Aurrekontuak maiatzaren 29ko plenoan aurkeztu ziren lehenengo aldiz. Zuzenketak aurkeztu zituen talde bakarra BILDU izan zen: osoko zuzenketa bat, onartu ez zena, eta hiru zatikako zuzenketa (horietako bi gizarte-laguntzak ziren), ordezkari politiko gehienek onartu zituztenak. EAJk hirugarren zuzenketaren aurka bozkatu zuen. Udalbiltzarentzako diru-partida zen zuzenketa hori. ZUZENKETAK: 1 → IBIa ordaintzeko laguntzak: 8 ALDE. GTIko bat abstenitu egin da. 2 → Larrialdietarako laguntzak: 8 ALDE. GTIko bat abstenitu egin da. 3 → Udalbiltza: 5 ALDE (GTI eta BILDU). 4 KONTRA (EAJ). Aurrekontuak gai-ordenean bai, baina ez ziren bozkatu, gobernu taldeak erretiratu egin zituen ez zuelako Udalbiltzarentzako diru-partida onartu nahi izan, nahiz eta BILDUk eta GTIk gehiengoaren erabakia onartzeko beharra azpimarratu zuten (BILDU eta GTIren artean 5 zinegotzi gara, EAJren 4 zinegotzien aldera). Oraingoan ere EAJk argi utzi du, beste behin, gehiengoaren erabakiak gustuko ez dituenean ez dituela onartzen, beraiek gutxiengoa izan arren. Eta nahiago izan du aurrekontuak luzatu, jakinda behar gehien duten familiek ez dutela IBIa ordaintzeko diru-laguntzarik jasoko, eta larrialdietarako laguntzak behar dituzten familiak egon arren, inongo diru-laguntzarik jasoko ez dutenak edo behar dutena baino dirulaguntza txikiagoa jasoko dutenak egon daitezkeela, udalak Eusko Jaurlaritzatik jasotzen duen diru kopurua nahikoa ez izateagatik.


HIRUGARREN ROUNDa: EKAINAREN 26KO OHIKO PLENOA Ekainaren erdialdean informaziorako komisioak egon ziren. Hala ere, inork ez zien BILDUko zinegotziei esan aurrekontuak ekainaren 26ko plenoan berriro eztabaidatuko zirela. Data hori baino bi egun lehenago izan zuten horren berri, deialdi ofiziala atera zenean. EAJk eta GTIk elkarrekin adostu zituzten aurrekontuak: 6.000 €-ko diru-partida Vegarako, 1.000 € Euskal Fondoko partida handitzeko eta 1.000 € nazio eraikuntzarako, proiektua zehaztu gabe utzita. Hiru proposamen berri horiek bozkatu ziren, BILDUkook babestu genituen, era berean aurretik baztertuak izan ginela salatu genuen. BILDUk aldez aurretik aurkeztutako zuzenketa bat onartu zen, gizarte larrialdietarako 3.000 € eskatzen zituena (EAJk adierazi zuen GTIrekin izandako negoziazioetan ez zela aurreikusten BILDUk aurkeztutako zuzenketarik onartzea). Eta pleno honetan, aurrekoan ez bezala, Udalbiltzaren diru-partidari dagokionez, GTI abstenitu egin zen. Diru-partida hori orduan, ez zen onartu. AKATSAK FORMAN: plenorako deialdian ez zitzaigun jakinarazi hiru proposamen horiek bozkatuko zirenik. Plenoaren aurretik ohikoa den komisioa ere ez zen egin. Komisio horretan diru-kontuen zehaztapena, azterketa eta txostena egiten da. Hori dela eta, plenoaren legezkotasunaren inguruko zalantzak ditugu eta txosten juridiko bat eskatu genuen prozedura zuzena izan ote zen argitzeko. GASTU ETA SARREREN ARTEKO DESOREKA: onartutako lau proposamen horiek diru-partida berriak ekarri zituzten, baina ez zen argitu aurrekontuaren zein zatitik kenduko zen dirua; plenoa egin baino lehen ere ez ziguten argitu gobernu taldeak nondik kenduko zuen diru hori, eta horregatik, BILDUk adierazi zuen aurrekontua desorekatua zela. Orduan, EAJk azaldu zuen zeintzuk ziren murriztuko ziren diru-partidak. Udal idazkariak adierazi zuen, egokiena aurrekontuak hurrengo pleno baterako uztea zela eta, hori baino lehen, aurrekontuak lantzeko dagokion ogasun batzordea egitea. BILDUk lortu zuen proiektua legearen araberakoa izatea.


AZKEN ROUNDa: GATIKA HERRIA, K.O. Dagokion diru-kontuen komisioa egin ondoren, orduan bai egin zela!, ezohiko pleno bat egin zen uztailaren 10ean, non EAJ eta GTIren botuekin aurrekontu bat onartu zen. Zoritxarrez, gatikarron beharrekin bat ez datorren aurrekontua. BILDUk aurkeztutako zuzenketatik bat ere ez zen onartu azken pleno horretan. Baina ez hori bakarrik: GTIk adierazi zuen zuzenketen alde zegoela, hala ere ez zituen onartu. Abstentzioa arrazoitzeko garaian BILDUren aurkako kritikak bota baino ez zuen egin. Erantzukizunez jokatzea da hori! Badago egiazkorik GTIk esandako gauzen artean: BILDUk ez duela Gatikako herritarron % 25 ere ordezkatzen. Egia da, bi zinegotzi baino ez gara, baina GTIko hirurekin elkartzeko eta elkarrekin aurrekontuak aurkezteko adina. Behin baino gehiagotan deitu genien GTIkoei, elkarrekin eseri ere egin gara, gure proposamenak egin dizkiegu eta beraien proposamenekin ados gaudela esan diegu. Baina, GTIk nahiago izan du EAJrekin negoziatu aurrekontuak. Hori izan da bere erantzuna. Eta hala izan da. 2013ko uztailean lortu egin zuten. EAJ eta GTIk konbatea irabazi zuten eta gizarte gaietarako diru-partidak alde batera uzten dituzten aurrekontuak onartu zituzten, gatikar askok une latzak bizi dituzten garai hauetan. Horretarako dirurik ez, eta DEIA egunkariaren HEMENDIK gehigarriari, aldiz, ia 3.000 ₏ emango dizkio Gatika herriak. Bi talde politiko horiek pentsatuko dute eskumako krotxeta BILDUri ematen diotela, baina Gatikako herritar askok ondorio zuzenak jasango dituzte. Gure borroka ez da horrelako konbateetan lehiatzea. Gure borroka kalean dago, baserrian, eskolan, auzoetan‌ Eta ez dugu amore emango, ez da gure estiloa.


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.