4 minute read

ONTZIA BARRITZEA: Lamera Gane txokoa - Iñaki Garro

Arrantza arraunez, itsas salbamentuak eta ‘Ortube’ arrantza ontzia barritzea

Lamera Gane Txokoa - Iñaki Garro

Advertisement

Arrantzale eguna jatorku egunotan, eta orain dala hamar urte hasitako bideari jarraituz, Lamera Gane txokoko lagun taldea batu gara urteroko omenaldiak antolatzeko. Dakizuenez, itsasoko gaiekaz lotutako norbanako edo erakundeei zuzenduta dagoz sari honeek eta aurton honako honeei emotea erabaki dogu.

ARRANTZA ARRAUNEZ: TEODORO ALLIKA, “BIZAR”

Itsasoari begira dogu Bermeo, olatuek dakarskuezan soinuak entzuten dira, eta musika bailitz, konposizinoa eta erritmoa aldatuz doaz, haizea eta olatuen indar eta norabideak zuzenduta. Itsasgizonek bizitako esperientziak ugariak dira, eta baita amaitu ezinak, zeruertza dan moduan. Zeruertzaren bila goaz egunen baten helduko garelakoan, baina lotuta gagozanaren sensazinoa nagusitzen da, beti distantzi bardinean ikusten dogu-eta. Aurtengo lehen omendua herriko arrantzalerik apalenetarikoa izango da, Teodoro Allika, “Bizar” ezizenez ezagutuagoa gurean. Bizar gogor ia ebagi ezineko gizona, isila itsaso barea dan modukoa, gogorra erresakea legez, itsasoari begiradarik kentzen ez eutsona, zazpi seme-alaben aita, laurogei urtera arte geugaz izan genduana. Umetarik itsasoan,txalupetan hasieran, baxura itsasontzietan geroago eta bakarka bere batel handian azkenengo urteetan, arraunen indar hutsa erabiltzen ebana. Hondoko tertzak botatzen ebazan kostaldetik hurre eta bere batela zan bere “loidxie”, lantokia eta ia bizitokia be. Gizon indartsua bazan itsasoan, ez zan gitxiago lehorrean.”Pasadizo” kurioso

bat baino gehiago eukan bere ibilbide luzean, baina luzatu gura ez dogunez, bat bakarra kontatuko dogu. San Pedro egun baten, ekainaren 29an, hainbat ospakizunen artean, boxeo jardun berezia antolatu zan gure herrian. Norgehiagorako Bermeoko lagun xelebre bi aurkeztu ziran, “Jeron Pipas” eta “Bizar”. Artza frontoian izan zan borrokea eta, pena da baina, ez dakigu nork irabazi eban.

Teodoro Allika “Bizar”. Udal artxiboko argazkia.

ITSAS SALBAMENDUAK, ERRESKATEAK: JON GARCIA ANDONEGI

Azken bolada honeetan “paterak” eta inguruan diran drama eta tragediak albiste dira gurean. Mafi en negozioak, bizi barri baten bila dabilzan herrialde txiro eta gatazkatsuetatik datozen etorkinetaz aprobetxatuz,nagusitu dira “Mare nostrum”ean. Afrikako gizakion egoeraz nahikoa dakigu: gerren ondoriozko deportazioak, gosea, etorkizun eza eta egoera larri hau leundu gurean, konpontzea ez dago bere esku eta, Jon Garcia Andonegi dogu, boluntario modura ONG-SOS erakundeetan jo ta ke lanean dabilen bermeotarra. “Diario Vasco” egunkarian agertutako kooperazio eskari bateri erantzunez hasi eban bere boluntario ibilbidea. Ordutik hona hamaikatxo alkarlaguntza ekintzetako kide izan dogu herritar hau.

Lanbide ezbardinetako taldeetan aritu eta aritzen da Jon. Sukaldari, mediku, erizain zein arrantzaleekaz batera hainbat misiotako partaidea izan da. Misio baten parte hartu aurretik hamabosta edo hiru asteko ikastaro bat egiten dau, laguntza motaren araberakoa. Sarritan bere poltsikotik ordaindu behar izan dauz toki horreetara heltzeko eta bueltatzeko joan-etorriak. Orain dala urte bi, 2016an, Greziako Chios ugartean (Lesbosen ondoan), 1.600 etorkin egozan errefuxiatu

kanpamentu baten egon zan lanean. Iaz “Proactiva Open Arms” erakundeagaz ibili zan Libiako itsasertzean galdutako jendea bilatzen eta baita be Malta inguruan beste giza misio baten. Baina aurtongo be badaukaz helburuak jarrita. “Stela Maris” arrantza ontzia Pasaiako ontziolan dago barritze edo errehabilitazio lanetan, eta artikulu hau argitaratzen danerako bere lehen misioa izango dau eta bertan be Jon Garcia partaide izango da.

Jon Garcia Andonegik utzitako argazkia.

“ORTUBE” ITSASONTZIAREN BARRITZE EDO ERREHABILITAZIOA: “ORTUBEREN LAGUNAK”

Badaroa denboratxoa “Ortubek” karroan. Bermeotarrok egunero ikusten dogu egurrezko itsasontzi hau, eta gutxi-gitxika badoaz aurrera bera barritzeko lanak. Arrantza ontzi honen eraikuntza oso osorik geure herrian egin zan 1979an. Egurrezko kaskoa Julio Muruaga ontziolan eta motorra, muntaketa eta instalazinoak, Etxebarria tailerretan. Luzera 29,55 metrokoa da behealdean, “gile”an hobeto ulertzeko. Zabalera 7,60 metrokoa eta puntala 3,79 metrokoa eta gehiegizkoa zinga edo kalatua (uretan dagoan partea) 2,91koa. Beste ezaugarri batzuei jagokenez, 143,28ko erregistro brutoa (TRB) dauka eta motorraren indarra 700 zaldikoa da (C.V. edo H.P). Ez da Bermeoko arrantza ontzirik handiena, baina bai handienetarikoa. “Ortube”ren ibilbidea arrantzan hogei urtekoa izan da, 1979tik 1999ra artean. Lau urte beranduago Bermeoko Udalaren eskuetara pasa zan eta 8. zerrendara pasatu zan 2/2004 folioagaz. Gaur egun Artzako karroan daukagu eta “Ortuberen lagunak” taldeari esker, ondare historikoa dan itsasontzi hau, itxura hartzen doa. Errehabilitazio lanetan jatorrizko elementuak eta materialak erabiltzen dagoz posible dan neurrian eta artisau eran landuta. Aurrekoa esanda, eta lan hau boluntario modura eginda, euren ordu libreetan egiten dala argituz, ulertzekoa da denbora luzeko lana izango dala. Baina errehabilitazio lana konplexua bada be, ez da gitxiagorako hau amaitzean datorren erronka, hau da, ibilbide didaktikoa diseinatzea, ikusleek sentitu eta ikusi dagien arrantza ontzi honen funtzioa eta daukazan elementu guztien erabilera zelakoa izan zan aktiboan egoanean. Izugarrizko lan honeri esker, hurrengo belaunaldietakoak hobeto ulertuko dabe gure herriko arrantzaleen lana eta bizimodua. Eskertzeko da beraz, “Ortuberen lagunak” taldeko kideak egiten dabilzan ahalegina eta hemen doa gure omenaldi xumea, irailaren 9an, “Arrantzale egunean”, gauzatuko dana.

This article is from: