1 minute read
AGURRA
by editorialmic
Joan den maiatzeko udal hauteskundeetan jasotako konfiantza eskertzeko baliatu nahi ditut hasierako hitzok. Eskerrik asko zintzo eta bihotzez udal ordezkarion izenean. Udalbatza osatzen dugun udal talde guztiok Hondarribia hobetzeko lan egingo dugula hitz eman dugu eta era askotako beharrei erantzuten hasiak garela ere jakinarazi nahi dizuet.
Eskerrak eman nahi dizkizuet, halaber, bosgarren aldiz jaietako egitaraua zuei aurkezteko aukera emateagatik. Eta udal ordezkari nahiz langileon izenean jai-egun onak pasatzea opa dizuet, bai familian, bai lagunartean eta baita gure kale-plazetan ere. Hondarribiarrok horretan ere badakigunez, irago ditzagun egunok konten, ospakizuna eta atsedenaldia uztartuz, errespetuz eta sexu-erasorik gabe.
Advertisement
Ilusioz jarri dugu denen eskura hiriko hainbat taldek eta Udalak elkarrekin listatutako ekitaldien eskaintza ugaria: ekitaldi ezagunak batzuk, berriak beste batzuk, arretaz eta gogotsu antolatuak denak. Izan ere, ezinbestekoa baita bakoitzak bere eremutik proposamenak egin eta lankidetzan garatu eta gauzatzea. Eta horretan ere badakigula frogatua dugu hondarribiarrok aspaldi. Mila esker, herritarrok herritarrokin, eta etortzen diren bisitariekin, gure kale eta plazetan jai-giroa eta sentimendua partekatuz aritzeko aukera eskaintzeagatik.
Egunotan, urtero bezala, gure aurrekoek Guadalupeko Amabirjinari egindako hitz ematea beteko dugu. Uste osoan nago erantzukizunez, gizalegez eta errespetuz beteko dugula orduan egindako hitz ematea, eta herri-lotura sendotzea denon gogo-bihotzetan izango dugula.
Jai atsegin eta zoriontsuak izan ditzagula denok, egunerokotasunetik itzuri joateko balia ditzagun, gure elkartasuna jaso dezatela jaiok bestela bizitzea egokitu zaien hondarribiar guztiek eta har ditzagun gogoan gurekin ez daudenak.
GORA AMA GUADALUPEKOA! GORA HONDARRIBIA!
Txomin Sagarzazu Ancisar
Alkatea/Alcalde