1 minute read
EUSKARALDIA
EUSKARALDIAREN AURKEZPENA LARRABETZUN
Euskaraldiaren bigarren edizioa abenduaren 1ean aurkeztu genuen Larrabetzun. Hurrengo Euskaraldia 2020ko azaroaren 20an hasiko da. Urtebete falta da, beraz, kasik, baina jada aurkeztu dugu herrian. Zergatik edo zertarako? Bada, Euskaraldiaren mezua eta lema zabaltzen joan dadin, honezkero norbanakoak eta elkarteak ekitaldira batzen has daitezen eta euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egitea ez delako bihar-etziko kontua, ezpada egunero egin behar dugun zeozer.
Advertisement
Datorren urteko Euskaraldiak egun gehiago izango ditu (15), eta, gainera, banakako harremanez gain,
taldekako ariketak ere jasoko ditu. Euskaraldiak Ariguneak sortuko ditu eta, horrela, parte hartzeko aukera zabalduko da Larrabetzuko hogeitik gora elkarteetan ez eze, anbulatorioan, herriko 7 denda eta 9 tabernetan, inguruko jatetxeetan, enpresetan eta kuadrilletan. Izan gaitezen denok Belarriprest, Ahobizi edota Arigune!
Hori guztia irudikatzeko, hain zuzen ere, Darabilguk antolatuta eta Bizkargi Dantza Elkartearen eskutik, (H)aridantza egin zuten gure herriko 22 entitatek abenduaren 1eko aurkezpenean: AEK, Larrabetzuko Berbalagunak, Bizkargi dantza taldea, EAJ, EH Bildu, Garmitxa elkartea, Gaztelumendi abesbatza, Gure Etxea hirugarren adinekoen elkartea, Gurpide, Hori Bai, ImpulsaT elkartea, Intxurreta jai-batzordea, Itallen bertso-eskola, Izar Argia abesbatza, Kukubel aisialdi elkartea, Olarreta pilota elkartea, Txinpasmendi guraso elkartea, Txokoan Larrabetzuko emakume pilotarien elkartea, Larrabetzuko udala, Uritarra kirol-taldea, Xaker kirol-zerbitzua eta Zutunik Talde Feminista. (H)aridantzaren ostean, aurkezpena biribiltzeko, Harkaitz Canok Anguleriko balkoian hasi zuen “Azken aurreko manifestua”, denon gozamenerako.