3 minute read
EROSKI Ukrainarekin
from EROSKI_ABRIL_2022_EUSKERA
by eroski
Gerra lehertzearekin bat, betiko aldatu da 42 milioi ukrainarren bizimodua. Goizetik gauera, familia osoak bereizi egin dira eta pertsona askok alde egin behar izan dute etxetik. Izugarrikeria horretatik ihesi doazen asko eta asko haurrak dira, eta gurasoekin eta aitonaamonekin alde egin dute. Atzean utzi dute beren bizimodua, oso ongi jakin gabe nora joango diren eta etxekoekin berriz noiz elkartuko diren.
500.000 €
baino gehiago jarri dituzte EROSKIk eta haren bezeroek
Ukrainako krisi larriak elkartasun olatu bat sorrarazi du Europan, eta EROSKIko bezero eta langileek ere geure aletxoa jarri nahi izan dugu. Hau bezalako egoera muturrekoek erantzun ezohikoak eskatzen dituzte, eta beste behin, argi erakutsi diguzue zuen elkartasuna hor dagoela beti.
Milaka langile eta bezeroren lankidetzari esker, berehala erreakzionatu ahal izan dugu eta laguntza helarazi diegu egun batetik bestera: udalen eta beste erakunde batzuen deiari erantzun eta elikagaiak eta oinarrizko materiala bildu dugu, gure dendetan lekua eskaini dugu ekimen horiek kudeatzeko, kutxak eman ditugu produktuak Ukrainara garraiatzeko, elkartasun ekintzak antolatu ditugu eta GKEen esku utzi dugu horietan bildu dena...
Horri gehitu behar zaizkio ordainlekutik pasatzean egiten ari zareten ekarpenak, zeinak UNICEFi helarazten dizkiogun Ukrainako haurrak lagundu ditzaten. Gisa honetako kanpainak oso garrantzitsuak dira ahalik eta azkarrena irits daitezen oinarrizko zerbitzuak eta produktuak Ukrainan arriskuan dauden 7,5 milioi haurrengana.
EROSKItik, beti bezala, osatu egiten dugu bezeroek egiten duten diru ekarpena, eta kopuru hori gehitu egin zaio urtero jartzen ditugun 7.500.000 euroei elkartasun kausak eta gizarte ekintzak laguntzeko.
GURE DENDETAN
Bezeroak eta langileak eskuz esku aritu gara zenbait kanpaina laguntzeko era askotako ekimenekin.
Elkartasun ogitartekoak prestatu eta saldu ditugu Bilbondo eta Max Center hipermerkatuetan (Bizkaia).
EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOA
Ordiziako Udalarekin lankidetzan (Gipuzkoa), hamabi palet arropa eta zortzi palet janari eta osasun material bildu ditugu.
GALIZIA
Elikagaiak bildu ditugu eta beste elkartasun ekintza batzuk egin ditugu Chantada eta Quirogan (Lugo), As Pontes eta Cedeiran (A Coruña) eta Ribadumian (Pontevedra).
BALEARRAK
Mallorcako zenbait supermerkatuk lagundu egin dute elikagaiak biltzen zenbait erakunderen ekimenez: Cáritas Mallorca, Somriure per Chernobil, Ukrainarrak Mallorcan eta Ukrainar Familiak. Horiekin bat egin dute udalerri hauetako dendek ere: Manacor, Portocolom, Pollença, Santa Ponsa, Arenal, Palma, Inca, Palmanova eta San Agustin.
ARAGOI
Elikagaiak bildu ditugu Barbastroko supermerkatuan, bertako bizilagunekin lankidetzan.
Autobusean bidali dugu laguntza
Babestu egin dugu Matia fundazioak abiarazi duen ekimena, Guztiok Ukrainarekin, eta elikagaiak eta higieneko produktuak eman ditugu gerrak sorrarazi dituen beharrizan humanitarioei erantzuteko.
Autobusa martxoaren 12an atera zen Poloniara, elikagaiak, sendagaiak, negurako arropa, osasun langileak eta materiala zeramatzala. Itzuliko bidaian, 60 iheslari inguru etorri ziren, eta Euskadin sortu zen sareak hartu zuen horiei harrera egiteko ardura, Eusko Jaurlaritzaren bitartez.
EROSKItik 1.550 kilo elikagai baino gehiago eman genituen bidaia horretarako, besteren artean lekaleak, zukuak eta arrain kontserbak, baita 5.400 pixoihal eta 1.152 pakete toallatxo higieniko ere.