Bakaiku independentziaren aldeko udalerria mozioa

Page 1

BAKAIKUKO UDALARI Bakaikuk mendeetan zehar eta belaunaldiz belaunaldi euskal nortasuna bizirik gordetzea erabaki izan du. Horregatik dagoz XXI. mendean euskara eta euskal kultura bizi bizi gure herrian. Hizkuntza eta kulturagaz batera, Euskal Herriaren historiaren zein ibilbide politiko eta sozialaren memoria ere, inoiz baino presenteago daude gure artean, herritarrok halantxe erabaki izan dugulako. Bakaikuko herritarrok komunitate euskaldun, euskaltzale eta abertzalea osatzen dugu. Partekatzen dugun imaginario kolektiboa euskal unibertso sendo batean kokatzen dugu eta geure burua munduan kokatzeko orduan, Euskal Herria dugu abiapuntua. Bakaikuarrak garen heinean gara euskal herritarrak, eta euskal herritar bezala sentitzen gara munduaren parte. Izaera eta sentimendu hori etengabe agertzen da gure eguneroko elkarbizitzan, herriko eragileen jardueretan, jai eta ospakizunetan edo urtero burutzen ditugun hamaika ekimen kultural eta sozialetan. Arlo politikoan, diktadura frankistaren ostean izan diren hauteskunde guztietan, oso garbi erakutsi du bere izaera Bakaikuko herriak: udal hauteskundeetan hautetsi abertzaleak aukeratu izan dira eta gainetiko hauteskundeetan ere, bozken gehiengo oso zabala abertzalea izan da behin eta berriro. Abertzaletasun horretatik, bestelako pentsakera, sentimendu edota jatorria duten pertsonak ezinbesteko herrikidetzat ditugu, oso argi baitugu Bakaiku zein Euskal Herria guztion artean eraikiko ditugula. 2016ko azaroaren 27an, Gure Esku Dago ekimenak bultzatuta, herri-galdeketa burutu genuen. Ariketa demokratiko eredugarri horretako emaitzek berretsi egin zuten orain arte azpimarratu duguna. Galdera oso zehatza izan zen: “Euskal Herri independiente bateko herritarra izan nahi duzu?�. Parte-hartzea %65,3koa izan zen eta %80,4ak baiezko bozka eman zuen. Bakaikuarrok oso arduratuta gaude gure herriaren etorkizunagaz. Demokrazian eta justizia sozialean oinarritutako gizartea eraiki nahi dugu, herritar guztiok herri libre batean zoriontsu izateko aukera izan dezagun. Euskal Herriak bere etorkizun politiko, ekonomiko, sozial eta kulturala erabaki dezan, burujabetza osoa izan behar duela uste dugu, eta burujabetza osoa gauzatzeko modu eraginkorrena estatu independentea eratzea dela. Bakaikuarrok behin eta berriro erakutsi dugu gure borondatea eta, orain, Udalari, herritarron hitza kontuan hartu eta adierazitako norabidean pausoak egitea dagokio. Halandaze, Bakaikuko Udalari, eskatzen diogu.

Bakaiku udalerri independentista deklaratzea

Bakaikuko Independentistak Sareko kideak


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.