Gernika 1937 2017

Page 1

GERNIKA 1937-2017

BONBARDAKETAREN 80. URTEURRENA “Gernika Euskal Herrian, Euskal Herria Gernikan” 2017ko apirilaren 26an, 80 urte beteko dira Gernikako bonbardaketa burutu zutenetik. Geroztik, Gernika da, nazioartean eta mundu mailan Euskal Herria ezagun bihurtu duen sinbolo nagusia. Gernika da, egun, euskal lurralde guztietako euskal herritarrok maila beretsuan gureganatzen dugun sinbolo partekatu bakanetarikoa. Egun, Gernikaren esanahi sinbolikoa oso egokia da bizi dugun une historikoa azaltzeko eta Euskal Herri osoari begien aurrean ispilua jartzeko. Euskal Herriaren historiari aspaldiko garaietatik lotua, askatasunaren eta nortasunaren marka, txikizioaren eta suntsipenaren sinboloa, berau gainditu eta Euskal Herria berpizkundearen bidean kokatzen duena.

Euskal Herriak bere gaur eguneko egoera eta iragan hurbila aztertzeko, Gernikako bonbardaketa gertakari ardatza da. Zera adierazten du: egun indarrean den Estatu espainiar honen ekintza fundazionala izan zela gernikako bonbardaketa, ez nazien okurrentzia isolatua (estatu espainolak oraindik dioen eran). Gernika Batzordeak 1975 urtetik gaur arte garatu duen lan ildoetatik garrantzitsuenetakoa ikerketa historikoa eta memoria kolektiboaren berreskuratzea izan da, eta horretan bertoko zein nazioarteko historialari eta ikertzaile adituekin elkarlanean aritu da. Gernikara etorri eta ikerketa horien berri eman dute, besteak beste, historialari hauek: Herbert R. Southworth, Pierre Vilar, Manuel Tuñon de Lara, Angel Viñas, Fernando Garcia de Cortazar, Luis Ruiz de Agirre, Josu Txueka, Jokin Apalategi eta beste hainbatek, urterik urte. Literalki, hona hemen historialari hauek Gernikan eskeini zuten hainbat ondorio:

• Fernando Garcia de Cortazar: “Gernikako bonbardaketa ez da garrantzitsua ekintza militar bezala, baizik eta haren pisu sinboliko eta erabilera propagandistikoagaitik. Gernikaren suntsiketak sinbolismo unibertsala du” • Herbert R. Southworth: ”Propaganda frankistaren gai nagusietarikoa da Gernikako bonbardaketa. Franco-k propaganda kontsideratu zuen gerra-estrategiaren funtsa, baita Estatu berria finkatzeko oinarria” • Manuel Tuñon de Lara: ”Bonbardaketaren eskandalua munduan ezagutu zenean, nazioarteko batzorde ikertzailea eratzeko proposamena zabaldu zen, eta orduan Sperrle mariscal naziak Francori galdetu zion ea ze jarrera hartu behar zuen Alemaniak proposamen honen aurrean. Franco-k berehala erantzun zion: gorriek erre dute Gernika, gorri espainiarrak eta euskaldunak, Errusia Sobietarraren eta komunismoa frantziarraren aginduetara daudenak; inola ere ez da erraztu behar ikerketa batzorderik gernikaren kasuan, gaiak ez du inolako garrantzirik. Telegramaren testua “Francisco Franco” sinaduraz agertzen da. Franco-k izan zuen Gernikako bonbardaketaren ardura”. “Gernikako bonbardaketa ez zen kasualitatea izan. Gernikak Euskal Herriaren eta Euskal Nazioaren nortasuna ordezkatzen zuen” • Pierre Vilar: “Gernikako bondardaketaren inguruko ikerketa garrantsitzuenak Frantziar Estatuan isilarazi egin zituzten, sakoneko euskal arazoaren berri ematen delako, eta euskal arazoa denik ere ukatu egin nahi du estatu frantziarrak”


Gernikaz gain, hainbat herri, auzo eta baserri txikitu zituzten. Gernikak hartu zuen, ordea, munduaren aurrean indarra, suntsiketaren gainean gezur erraldoia fabrikatu eta hedatu zutelako frankistek munduan. Bonbardaketaren egia historikoa argitzea oraindik burutu gabe dugu, eta Francoren gobernuaren ardura zuzena argitu behar da, gero frankismotik aurpegi aldaketaz baina egitura beraz gaur arte luzatu den Estatua salatzeko. Eta herria suntsitzeaz gain, nazioaren bihotza den euskararen zapalkuntza eta ordezkatzeak aspalditik izan du Gernikan oihartzuna: erdi aroan Gernikako batzarretan badira lekukotza historikoak euskararen aurkako zigorren gainean, eta ezaguna da, behin bonbardaketa burutu eta frankistak Gernikan sartu ondoren, nola ekin zioten euskara heriotzera eramateko ahaleginari. Ezaguna da estatu espainolak Bakearen irakurketa makurra inposatu duela azken urteotan. Izan ere, Bakearen Hiria bataiatu zuten Gernika, honen sinbologia beraien interesen aldera makurtuz. Orain, aldiz, bakearen esanahia bere onera ekartzeko aukera dugu: Estatuak suntsitu nahi izan duen guztia indarrean jarri eta, bonbardaketaren eta ondoren errepresio eta ukazio guztia irauliz, askatasunean, konponbidean eta herritarron erabaki libre eta demokratikoan oinarritzen den bakea lortu Euskal Herrian. Eta Herri zahar honi etorkizun oparoa jorratzeko bidean, urteurren honetan baita, eta Euskal Herriko Foro Sozialarekin elkarlanean, bizikidetza eta memoriaren alorretan sakontzeko ariketa egingo dugu. Biktima guztien sofrikarioak aitortzen ez diren gaizki itxitako gatazka politiko baten maltzurkeria bizi izan dugu eta bizitzen ari gara. Gernikan gertatutakoak, gatazka bat gainditzeko, kasuko 1936ko faxisten altxamendua eta honek eragindako ondorio lazgarriak, gatazka horren baitan suertaturiko sofrikario eta biktima guztien aitortza ezinbestekoa dela erakutsi digu. Honen aurrean gatazka politikoaren erabateko konponbidearen ildoari eusteko konpromisoari eusten diogu: Egia eta Memoria, etorkizuneko bizikidetzarako oinarri izanik. Gernika gerraren biktima izan zen. Egun, badira ezker eskuin munduan zehar hamarnaka herrialde egoera berean, badira interes politiko eta ekonomiko maltzurrek heriotzera kondenatutako mila ta milaka pertsona. Orduko Gernikak errefuxiatuak eragin zituen, gaurko Gernikak ateak eta bihotzak irekitzen dizkie egungo errefuxiatuei. Gernikako Txoriak bere hegalak zabaltzen ditu guzti hoiek babestu nahiean. 80 urte igaro direnean, suntsitu nahi zuen herri hau zutik dirau eta bertako herritarren borondatea, hitza eta erabakia muga bakarra izanik, guk geuk inolako kanpoko eskuhartzerik gabe, geure etorkizuna marrazteari eta geure nazioa antolatzeari ekingo diogu. Dagoeneko hainbat herritan erabaki dugu eta erabakiko dugu, azkenean denok erabaki ahal izateko.

80. urteurrenaren harira, Gernika Batzordeak honako aldarriak, gaurkotu eta berrindartzen ditu: 1. Ikerketa historikoa garatzea, horretarako artxibo zibil eta militar espainiarrak ikerkuntzarako irekiz 2. Egungo gobernu espainiarrak zuzentzea bere garaian gobernu espainiar batek zabaldu zuen agiri larria, euskal gudariek eta errepublikaren aldeko soldaduek Gernika erre zutela esanez. 3. �Guernica� koadroa Gernikara ekartzea 4. Bonbardaketa haren ardurak eta erantzunkizunak behingoz argitu, justizia eta erreparazioa ekartzea 5. Gernika Euskal Herriko Kulturaren, Bakearen eta Askatasunaren Hiri bihurtu, eta artea, sormena euskal hizkuntza, elkarbizitza, berdintasuna eta zuzenbidea bermatuko dituen Herria eraikitzea.

Gernikako Txoriak deialdi zabala egiten die Euskal Herri osoko herritarrei bonbardaketaren 80. urteurrenaren harira antolatutako ekimenetan parte har dezaten eta bereziki, apirilaren 16an ospatuko den Aberri Egunera eta apirilaren 26an bonbardaketaren urteurrenaren egunean Gernikara hurbildu daitezen. Gernikan, 2017ko Otsailean


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.