1
Copyright © 2021 Julio Santos García & Patricia Pérez Redondo © Testua: Julio Santos García, 2021 © Ilustrazioak: Patricia Pérez Redondo, 2021 Itzulpena: Antton Olano Testu-zuzenketa: Miel A. Elustondo Maketazioa eta diseinua: Julio Santos & Patricia Pérez Obra hau SafeCreative plataforman erregistratuta dago. Eskubide guztiak gordeta dauzka. Debekatuta dago argitalpen hau erreproduzitzea, zabaltzea, publikoki komunikatzea eta eraldatzea, edozein eratan, jabetza intelektualaren titularrek aldez aurretik baimenik eman ez badute. Aipatu eskubideak urratzea jabetza intelektualaren aurkako delitutzat har daiteke. Bilduma: Txano eta Oscar anaien abenturak Izenburua: Aurora misioa Zenbakia: 9 Lehen argitalpena: 2021eko urria Xarpa Books ISBN: 978-84-123829-3-8 Lege gordailua: LG D 01271-2021 julioypatri@txanoyoscar.com www.txanoyoscar.com
Aurora misioa Ilustrazioak Testua Patricia Pérez Julio Santos
Oscar Txano Kaixo! Txano dut izena, eta ondoan daukadan hau Oscar da, nire anaia bikia. Gure lehenengo abenturan, meteorito berde bitxi batek telepata bihurtu gintuen.
Sonia Raul Hauek Raul eta Sonia dira, gure super lagun paregabeak. Berekin bizi izan ditugu gure abentura ia guztiak. Izan ere, laurok batera edozertarako gauza gara!
Familiako gazteena gure arreba Sara-Li da. Berak aurkitu zuen Maxi, kalean, kartoizko kutxa batean, eta berak konbentzitu zuen ama, kostata, txakurtxoa etxera eramateko. Gure beste lagun txiki honek Flash du izena, eta oso katagorri berezia da.
Sara-Li
Flash
Maxi Bixardun kaskagorri hori gure aita da. Alejandro du izena, baina mundu guztiak Alex deitzen dio. Antigoaleko gauzen denda bat dauka hirian.
Barbara
Alex
Gure amak Barbara du izena, eta itzultzailea da. Emakume lasaia da, baina haserretzen denean, kontuz berarekin!
Gizon bat eta emakume bat, aurrez aurre eserita, xakean ari dira denbora-pasa, alaba albotik begira dutela. Xake-taulak oso diseinu fina du, eta piezak, harrian eginak, Erdi Aroko artisau-lan bikainak dira, antzinako eskulangileek maisuki moldatuak. Bi jokalariak, partidan buru-belarri sartuta, nor baino nor ari dira. Azkenean, borroka gogor eta luze baten ondoren, gizonak amore eman behar izan du emakumearen nagusitasunaren aurrean. Xake-mate. Partida zoragarri joan da, eta hirurek asko gozatu dute jokoarekin, patu gaiztoak laster bananduko dituela susmatu ere egin gabe. Hala ere, Twin Cityko haur batzuek berriz elkartzen lagunduko diete. Ezetz asmatu haur horiek nor diren!
Opari berezi bat
Emozioz beteriko uda izan genuen. Inoiz baino abentura gehiago bizi izan genituen. Baina oporrak bukatzen ari ziren, eta, horretan ez pentsatzen saiatzen baginen ere, hura dena amaitzear zegoelako sentimendua gailendu zitzaigun aitona-amonen herritik itzuli ginenetik. Bi egun besterik ez ziren falta eskola hasteko. Goiz jaiki, klaseak, azterketak… Eskerrak azken kartutxoa erretzeko geneukan oraindik: Esmeraldak urtebetetzea ospatzen zuen hurrengo egunean, eta festara gonbidatuta geunden denok. Arazo bat genuen, ordea: ez genekien zer oparitu. Erregalu posible bat bururatzen zitzaigun bakoitzean, hura ere izango zuela ondorioztatzen genuen berehala. Izan ere, Esmeraldak denetarik zeukan. Beraz, gaiari (eta buruari) buelta asko eman ondoren, gure aitaren antigoaleko gauzen dendara
9
joatea erabaki genuen, han zerbait originala aurkitzeko esperantzan. Badakit zaharkin denda bat ez dela neska gazte batentzako opari egoki bat aurkitzeko tokirik onena, baina hara joaten ginen bakoitzean beti aurkitzen genuen bitxikeriaren bat, eta aitak, gainera, dendaren txoko batean uzten zituen, aparte, gure interesekoak izan zitezkeela iruditzen zitzaizkion gauzak. Baina ez pentsa aitak Maria Antonietaren ispilu bat edo XVII. mendeko jarlekuak eta antzekoak gordetzen zizkigunik. Gure aitona-amonen garaiko edo bera txikia zeneko jostailuak izaten ziren gehienetan. Zaharragoak ere bai batzuetan. Edo jostailuak izan gabe ere gure gustukoak izan zitezkeela iruditzen zitzaizkion gauza bitxiak. Sarri bisitatzen zituen azoka horietan aurkitutako trasteak, askotan. Ezagunak egiten zaizkizu Cine Exin, Autocross edo Geyper jolasak? Aitak erakutsi zizkigunean, zer ziren ere ez genekien guk, baina zure gurasoek edo aitona-amonek ziur gogoratuko dituztela. Haiei galdetu besterik ez duzu. Dendara iritsi ginenean, aita bezero batekin ari zen hizketan. Beraz, kaixo esan, eta dendaostera pasatu ginen zuzenean. Bagenekien non uzten zituen guretzat gordetako gauzak, eta zuzen jo genuen hara, gela-hondoan zegoen mahai batera.
10
Mahai gainean, latorrizko bi auto zeuden, malguki mekanismoa duten horietakoak, eta haurrentzako karta sorta batzuk, oso erabiliak, haien jabeak honezkero aitona-amona zaharrak izango zirela salatzen zutenak. —Ez dakit zuek zer pentsatuko duzuen, baina nik ez dut imajinatzen Esmeralda auto hauekin jolasten —esan zuen Oscarrek, auto bati giltza ematen zion bitartean.
11
—Zaila izango da ez daukan zerbait oparitzea —esan zuen Soniak, mahaiko gauzak ahaztuta, ingurura begiratuz. —Horregatik nahi nuen hona etorri —esan nuen—. Alferrik dugu gailu teknologikoetan edo tresna modernoetan pentsatzea; seguru denetarik daukala. Zerbait originala erregalatu beharko genioke. Berak inoiz erosiko ez lukeen zerbait. Oscarrek latorrizko autoarekin jolasten jarraitzen zuen. Giltza eman, mahai gainean askatu, eta ertzera iritsi baino lehen eskuan hartzen zuen berriro. —Lehen horrelakoekin jolasten zutela pentsatzea ere! Harrigarria, ezta? Nola bizi zitezkeen Legorik gabe, elektronikarik gabe? —galdetu zuen, autoari hirugarrenez giltza emanez. —Bada, oso ondo pasatzen ari zarela ematen du —esan zion Soniak—. Okerreko garaian jaioa izango zara agian. —Tira, pixka batean ibiltzeko, ondo dago, baina aspertu naiz dagoeneko —esan zuen autoa mahai gainean utziz, bat-batean autoarekin jolasten denbora gehiegi zeramala konturatu izan balitz bezala. —Pentsatu behar duzu guri gaur oso modernoa iruditzen zaiguna gure seme-alabei zaharkin hutsa irudituko zaiela agian bihar —esan zuen Sara-Lik, kartak ikusmiratzen zituen bitartean.
12
—Gure aitak beti esaten du gure adinean kalean ematen zutela egun osoa, lagunekin. Eta orain baino askoz dibertigarriagoa zela —esan zuen Raulek, apal batean zegoen gramofono batera hurbildu eta burua turutan sartzen zuen bitartean. —Uste dut gaur egungo guraso guztien leloa dela hori —erantzun zuen Oscarrek—. Gureak horrela dabiltza behintzat, etxean pantailari begira egoteari uzteko behin eta berriro esanez. —Egun osoa etxean eta pantailari begira egoten zaretelako izango da agian —esan zuen nire aitak, zaratarik egin gabe gure atzean agertuta—. Kaixo, mutilak…, eta neskak —erantsi zuen Sara-Liri eta Soniari begira—. Zuen gustuko ezer ikusi duzue? —galdetu zuen, ingurura begira. —Ez, aita. Ez zen hau buruan geneukan ideia —erantzun nuen latorrizko autoak seinalatuz. —Eta hau? —galdetu zuen Sara-Lik traste-pila baten atzetik aterata, esku batean xake-taula bat eta bestean piezen kaxa zituela. Traban zeuden gauzak baztertu ondoren, arrebak mahai gainean utzi zuen dena. Kaxa ireki eta taularen gainean husteko keinua egin zuen. Oso taula ederra zen, bidenabar esanda, oso marrazki politak zituen izkinetan.
13
—Egon! —geldiarazi zuen gure aitak—. Marmol eta onizezko piezak dira, oso hauskorrak. Ez nintzen xake-joko honetaz gogoratzen. Duela aste batzuk eskuratu nuen azokan, eta ahaztuta neukan. Hasieran, oso erosketa ona egin nuela pentsatu nuen, baina ez nintzen konturatu bi pieza dituela faltan. Hor utzi nuen gordeta; horrela ezingo dut saldu. Hartu zuentzat, nahi baduzue. —Ez da ideia txarra —esan nuen nik, piezak kaxatik kontu handiz ateratzen nituen bitartean. Aitaren laguntzarekin piezak zein bere lekuan jarri, eta bi falta zirela ikusi genuen: errege beltza eta zaldi zuri bat. —Emek (horrela deitzen genion lagunek Esmeraldari) behin esan zigun eskolako xake-taldean jokatzen zuela. Beraz, honekin ondo asmatuko dugula uste dut. Nekez aurkituko dugu hau baino xake-joko politagorik inon —esan zuen Soniak. —Aita, piezak zerezkoak direla esan duzu? —galdetu nuen. —Zuriak marmolezkoak dira, eta beltzak onizezkoak —azaldu zuen aitak, alde batekoak eta gero bestekoak seinalatuz—. Harriak, berez, ez dira oso baliotsuak, baina taillaketa bai, bikaina da. Begira, Erdi Aroko irudiak dira, artisau maisuek xeheki landuak.
14
—Tira, nik xake-piezen itxurako harritzar batzuk baino ez ditut ikusten hor, eta, gainera, batzuk falta dira —esan zuen Oscarrek, zaldi bat taula gainean saltaraziz—. Nori bururatzen zaio piezak falta dituen xake-joko bat oparitarako erabiltzea? Bai jende zekena! —Ez zaitez astakirtena izan! Ez diogu orain dagoen bezala emango. Falta diren piezak guk geuk egin ditzakegu modelatzeko oreaz eta pintura pixka
15
batekin. Gainera, horrela, opariak gure ukitu pertsonala izango du —proposatu nuen nik. Hizketan ari ginela, Sara-Li piezekin jolasten hasi zen. Irudizko aurkari baten kontra jokatzen ariko balitz bezala mugitzen zituen. Bat-batean, piezetako bat hartzean, jauzi bat egin eta kolpetik aldendu zen mahaitik. Begiak itxi, eta, libre zuen eskuaz, Nüwaren zintzilikarioari heldu zion. Geldi-geldi geratu zen segundo batez, pieza eskuan zuela oraindik. Begiak ireki orduko, mahaira hurbildu, eta taula gainera bota zuen pieza. Erregina zuria zen. Sara-Lik burua jaso eta begirada aldendu zuen hartatik. Une horretan, denok ohartu ginen zerbait gertatu zela.
16
Emeren urtebetetzea
Aita ere konturatu zen Sara-Liren portaera bitxiaz, baina zorionez bezero bat sartu zen une hartan, eta hari kasu egitera joan behar izan zuen. Guk, azkar-azkar, piezak jaso eta poltsa batean gorde genituen, beren kaxan sartuta, taularekin batera. Gero, arrapaladan atera ginen dendatik, aita bezeroarekin hizketan utzita. Bidean isilik joan ginen. Inor ez zen ausartu Sara-Liri ezer galdetzera. Hitz egin nahi ez bazuen, ez zuen hitz egingo. Hori garbi geneukan. Tira, «inor ez» horren barruan ez zen Oscar sartzen. Guk bezain ondo ezagutzen zuen Sara-Li, baina berdin zitzaion. —Zer gertatu da hor barruan? Zintzilikarioari heldu diozula ikusi dugu. Aitak ere ikusi duela uste dut.
17
Sara-Lik ez zuen erantzun, eta aurrera jarraitu zuen, Oscarri jaramonik egin gabe. —Aizu, zurekin ari naiz —esan zuen Oscarrek, arrebaren arreta bereganatu nahiz. Denok nahi genuen jakin zer gertatu zen dendan, baina Sara-Li bere baitan gehiago ixtea baino ez zuen lortuko horrela Oscarrek. —Uztazu bakean —tartean sartu zen Sonia—. Kontatuko digu berak nahi duenean, nahi badu. Ez du erraza izan behar berak daukan zera hori…, dena delako hori edukitzeak —esan zuen. —Ez duela erraza izan behar diozu? —erantzun zuen nire anaiak, berean tinko—. Ba, ni Star Wars Legoarekin jolasten ariko banintz, eta pieza bat hartzean, bat-batean, jedi baten mezua jasoko banu, korrika aterako nintzateke zuei kontatzera, bi aldiz pentsatu gabe. —Bi aldiz? Noiz edo noiz pentsatuko bazenu sikiera! —esan zuen Soniak txantxetan—. Zu neurona bakarreko organismoa zara, eta asko pentsatuz gero blokeatu egiten zaizu sistema —erantsi zuen, hari buruan kolpe txiki batzuk emanez. Denok barre-algaraka hasi ginen. —Uf! Horrek min eman behar du —esan zuen Raulek, nire anaiari zapladatxo bat emanez.
18
Oscarrek zerbait esan nahi izan zuen, baina SaraLik ez zion denborarik eman. —Oraingo honetan, ez da sentsazio hutsa izan —esan zuen gure arrebak, bat-batean gelditu eta gure barreak isilaraziz—. Emakume bat ikusi dut. Gu ere, gelditu, eta berarengana jiratu ginen, azalpen gehigarriren baten zain.
19
—Ez dakit besterik —esan zuen, ia barkamena eskatuz—. Ez dut ondo ikusi eta berak ere ez du ezer esan. Beldurtu egin naiz eta berehala askatu dut pieza. Une hartan, benetan txikia ikusi nuen gure arreba txikia, eta berarengana hurbiltzeko beharra sentitu nuen, kontsolamendu pixka bat eskaintzeko. —Erregina zuria mugitzerakoan gertatu zaizu hori, ezta? —esan zuen Soniak. —Bai. Beste piezekin ez dut ezer sentitu. Eta badakit zer eskatuko didazuen orain, baina ez, ez dut berriro ukituko —erantzun zuen—. Ez nago gauza hauetarako prest, eta ez dut gehiago hitz egin nahi horretaz —azaldu zuen—. Tira, mugi gaitezen. Bihar Emeren urtebetetzea da eta xake-pieza batzuk moldatu behar dituzue harentzat. Ni, badaezpada ere, ez naiz kaxara hurbildu ere egingo —esan zuen, eskuan neraman poltsa seinalatuz. Sara-Lik gertatutakoaz hitz egin nahi ez bazuen ere, uste dut gauza bera pentsatu genuela denok: lehenago edo geroago berriro izango genuela emakume haren berri. Etxerako bidean, xakeak falta zituen bi piezak modelatzeko eta margotzeko behar genituen materialak erosi genituen, eta jatorrizko piezen ahalik eta antzekoenak egiten saiatzen eman genuen arratsalde osoa.
20
Harri bat ere sartu genuen pieza bakoitza modelatzeko orearen barruan, benetakoek adinako pisua izan zezaten. Pinturaz azken ukituak eman, eta kito. Emaitza? Tira, saiatu, saiatu ginen behintzat, eta hori zen garrantzitsuena. Erregea itxuroso samar gelditu zitzaigun, baina zaldia, erdipurdi baino ez. Baina aizu, xakeko zaldi bat egitea ez da batere erraza, ez pentsa!
Ez dago, egia esan, eskulan-saio on bat bezalakorik munduaz ahazteko, eta arratsalde osoan inork ez zuen berriro aipatu Sara-Liri dendan gertutakoa.
21
Hurrengo egunean, amak Golden familiaren etxera eraman gintuen, Esmeraldak urtebetetze festa egin behar zuen lekura. A zer-nolako etxea! Esmeraldaren aitak lorategiraino gidatu gintuen: gure laguna ohe elastiko handi batean saltoka ari zen. Lagun gehiago ere egongo zirela uste genuen, baina ez, gu bakarrik geunden. Mahai batean utzi genuen gure oparia, beste pakete batzuen ondoan, eta korrika joan ginen, oinetakoak kenduta, Esmeraldarekin batera salto egitera. Itzulipurdiak, jauziak, jolasak…
22
Ufa! Primeran ibili ginen, zoro moduan dibertitu, leher egin arte. Esmeraldaren gurasoek merienda ekarri zutenean, lehoi gosetuen antzera irentsi genuen. Eta opariak irekitzeko unea iritsi zen. Etxetik atera aurretik zalantza-une bat izan genuen, Esmeraldak jasoko zituen opari bikain guztien artean gurea eskas samarra geratuko ote zen beldurrez. Baina une hartan beldur handiagoa ematen zidan pentsatzeak ideia ona izan ote zen xake hura oparitzea, atzean hain historia arraroa zuela kontuan izanda.
23
Gure paketea mahaira iristen azkena izan zenez, bazter batean geratua zen, irekia izateko txandaren zain. Gure opariaren aurretik, zapatila ikusgarri batzuk, eguzkitako betaurrekoak, Play joko bat, eta hiru liburu jaso zituen Esmeraldak. Noizbait ere, gurearen txanda iritsi zen. Adi-adi jarri ginen, nola erreakzionatzen zuen ikusteko. Xake-taula ikusi zuenean, harrituta geratu zen. Garbi zegoen ez zuela halakorik espero. Ez zen xake-eskolako taula arrunt horietako bat. Berezia zela bistan zegoen. —Orain, pieza guztiak zein bere tokian ipini behar dituzu —esan nuen, gure eskulanari zer iritziko ote zion jakiteko irrikaz—, baina kontuz, ez hustu kolpetik kaxa, pieza hauek oso hauskorrak dira eta. Esmeraldak kaxa ireki eta kontu handiz irauli zuen taula gainean. Orduan bai, zeharo txundituta geratu zen. Izan ere, pieza haiek, berez nahiko politak, eguzki argitan izugarri ikusgarriak bihurtu ziren, marmolaren eta onizearen dirdirek edertuta. —Gure aitaren dendan aurkitu dugu —esan nion—. Bi pieza zituen faltan, baina geuk egin ditugu, modelatzeko orearekin.
24
—Ea asmatzen duzun zein diren —esan zuen Oscarrek, jatorrizko piezak eta gureak bereiztea hain zaila balitz bezala. Pixka bat saiatu behar izan zuen, baina aurkitu zituen, eta haiek eskuan hartuta, guregana jiratu zen. —Ufa! Hau bai opari ederra! Xakean jokatzea gustatzen zaidala gogoratu zarete! Eta pertsonalizatua, gainera! Eskerrik asko! Esmeraldak besarkada bana eman zigun. Oscarrek ere, besarkadei alergia izan arren, goxo-goxo estu zezan utzi zion. Eta imajina dezakezunez, beste inork ez bezala gozatu nuen nik besarkadarekin. Ondoren, Esmeralda piezak kaxan gordetzen hasi zen, banan-banan, eta ni oso urduri egon nintzen erregina zuriaren txanda iritsi bitartean. Uste dut lasaitu handia hartu genuela denok ezer gertatu ez zela eta dama kaxa barruan zegoela ikustean. Garbi zegoen besteok ez geneukala Sara-Lik zeukan “zena zelako” hura. —Taula bera ere zoragarria da —esan zuen Esmeraldak, taula altxatu eta hari buelta emanez. Ordura arte ez ginen konturatu, baina zerbait zeukan idatzia azpiko aldean. Esaldi arraro bat: Omnia vincit amor
25
—Zer da hori? —galdetu zuen Oscarrek, burua taula gainetik agertuz. —Uste dut latinezko esapide bat dela —erantzun zuen Esmeraldak—. Itxaron, aitari galdetuko diot —esan zuen, etxe barrura zihoala. Handik minutu batera itzuli zen, irribarre bitxi bat aurpegian. —Latinezko esapide bat da, bai: “Maitasunak dena garaitzen du” esan nahi du —azaldu zigun—. Itxura denez, taularen aurreko jabea erromantiko hutsa zen —erantsi zuen, eta zin egiten dizut haren begiradak nik jasan ahal baino gehiagoko pausaldia egin zuela nire begietan—. A, gauza bat esatea ahaztu zait —jarraitu zuen Esmeraldak—: nik ere badaukat sorpresa bat zuentzat. Hori bai, bihar arte itxaron beharko duzue zer den jakiteko. Ez dakit ba: ikusita, alde batetik, Sara-Lik ez zuela dendan gertatutakoaz hitz egin nahi, eta, bestetik, Esmeraldak ez zuela guretzat zeukan sorpresaz hitz egin nahi, sekretu artean bizitzen ohitu beharko ginela zirudien. Baina, zenbat denbora uste duzu behar izan genuela sekretuok argitzeko?
26