Txano eta Oscar 10 - Kristalezko kaiola

Page 1


Copyright © 2022 Julio Santos García & Patricia Pérez Redondo © Testua: Julio Santos García, 2022 © Ilustrazioak: Patricia Pérez Redondo, 2022 Itzulpena: Antton Olano Testu-zuzenketa: Miel A. Elustondo Maketazioa eta diseinua: Julio Santos & Patricia Pérez Obra hau SafeCreative plataforman erregistratuta dago. Eskubide guztiak gordeta dauzka. Debekatuta dago argitalpen hau erreproduzitzea, zabaltzea, publikoki komunikatzea eta eraldatzea, edozein eratan, jabetza intelektualaren titularrek aldez aurretik baimenik eman ez badute. Aipatu eskubideak urratzea jabetza intelektualaren aurkako delitutzat har daiteke. Bilduma: Txano eta Oscar anaien abenturak Izenburua: Kristalezko kaiola Zenbakia: 10 Lehen argitalpena: 2022eko maiatza Xarpa Books ISBN: 978-84-123829-8-3 Lege gordailua: LG D 00435-2022 julioypatri@txanoyoscar.com www.txanoyoscar.com


Kristalezko kaiola Ilustrazioak Testua Patricia Pérez Julio Santos


Oscar Txano Kaixo! Txano dut izena, eta ondoan daukadan hau Oscar da, nire anaia bikia. Gure lehenengo abenturan, meteorito berde bitxi batek telepata bihurtu gintuen.

Raul

Sonia

Esmeralda

Hauek Raul, Sonia eta Esmeralda dira, Oscar eta bion gure super-lagunak. Bostok oso gustukoak ditugu gertakari misteriotsuekin zerikusia duten gauza guztiak, eta kuartel nagusi bat daukagu etxeko lorategian, zuhaitz baten adaburuan egindako etxola batean, hain zuzen.


Familiako gazteena gure arreba Sara-Li da. Berak aurkitu zuen Maxi, kalean, kartoizko kutxa batean, eta berak konbentzitu zuen ama, kostata, txakurtxoa etxera eramateko. Gure beste lagun txiki honek Flash du izena, eta oso katagorri berezia da.

Sara-Li

Flash

Maxi Bixardun kaskagorri hori gure aita da. Alejandro du izena, baina mundu guztiak Alex deitzen dio. Antigoaleko gauzen denda bat dauka hirian.

Barbara

Alex

Gure amak Barbara du izena, eta itzultzailea da. Emakume lasaia da, baina haserretzen denean, kontuz berarekin!


Eguna argitzen hasi berria zen, eta gizon talde bat portuan zegoen jada, itsasontzia atontzen, nabigatzera ateratzeko prestatzen. Egun zoragarria zen eta lehorreko haizeak kizkurtutako uhin txiki batzuk baino ez ziren ageri itsasoan. Eguzkia lasai-lasai altxatzen ari zen zerumugaren gainetik, eta haren argiak uretan egiten zuen islak erakusten zuen gizon haiek jarraitu behar zuten bidea. Bitartean, handik milia askotara, izurde talde bat lasai ari zen igerian eta jolasean, gizon batzuk atzetik zebilzkiola imajinatu ere egin gabe.


Laster, gizonek, izurdeekin topo eginda, haietako bat harrapatu eta familiatik bereiziko zuten. Nortzuek uste duzu askatuko dutela azkenean izurde koitadua?



Burutazio zoro bat

Udaberriko larunbat bat zen. Borroka latza izan zen eta baja asko izan genituen harainoko bidean. Oscarrek eta biok Sonia, Raul, Esmeralda eta Sara-Li gure aurrean nola erortzen ziren ikusi behar izan genuen, haiei laguntzeko ezer egiterik izan gabe. Inguraturik geunden, lur etsaian. Helburura iristeko gure aukerak oso txikiak ziren, baina une batez ere ez zitzaigun burutik pasatu amore ematea. Misio bat genuen eta dena emango genuen hura betetzearren. Baina, nola arraio iritsi ote ginen egoera horretara? Ea asmatzen duzun… Bai, hori da: Oscar. Tira. Kasu honetan, aitortu behar dut ez zela guztia Oscarren errua izan. Denok lagundu genuen pixka bat horretan. Frankiek batez ere.

9


Baina hobe izango dugu egun batzuk atzera egin eta gertatuari hasieratik heldu. Ikasturtea aurrera zihoan. Sara-Li Avalongo Ordenako magoekin ikasten hasia zen, eta, etxean ikusten bagenuen ere, ez genuen lehen adina denbora pasatzen berarekin. Noizean behin, eskolako jolas-orduan elkartzen zen gurekin, baina denbora gehiena gelako lagunekin ematen zuen. Esmeralda oso ondo egokitu zen eskolara, eta, ordurako, kuadrillako beste bat gehiago zen, bizitza osoa gurekin eman balu bezala. Hura egunero ikusten ohituta nengoen, eta gurekin etortzerik ez zuenean, gaixorik zegoelako edo beste edozergatik, zerbait falta zitzaidala sentitzen nuen. Badakizu bera berezia dela niretzat. Tira, horrek guztiak ez du zerikusi handirik gure egungo egoerarekin, etsaiz inguraturik gauden honetan, baina baliagarria izan dakizuke gure orduko bizitza nolakotsua zen irudikatzeko. Istorio hau hasten den egunean, elkarrekin geunden denok, Sara-Li ere bai, eskolako patioan, kontu kontari. Oscar aurreko gauean ikusten egon ginen telesailaren atal bat kontatzen hasi zitzaigun. —Itzela atzokoa, bai horixe! Unibertsitate osoa erotu izan balitz bezala izan zen. Ikasleak, taldetan

10


banatuta, campusean zehar ezkutatu ziren. Talde bakoitzak zati bat kontrolatzen zuen, eta bere eremura hurbiltzen zen edonori erasotzen zion. —Armak bai itzelak! —sartu nintzen ni—. Errepikapen-fusilak, pistolatzar handi batzuk, metrailadoreak… Dena benetako bataila batean bezala, baina, munizio gisa, pinturaz beteriko bolatxoak.

11


—Eta bakoitzak bere babesak eta ezkutuak prestatzen zituen, hura apokalipsi zonbia izango balitz bezala —argitu zuen Oscarrek. —Bada, borroka pixka baten ondoren campusa ez zen oso txukun egongo, ezta? —esan zuen Soniak—. Imajinatzen duzue hemen horrelako zerbait antolatzea? Loliri bihotzekoak emango lioke. —Eta gero dena garbitzera behartuko gintuzke, noski —azpimarratu zuen Sara-Lik. Gure Megalodon honetako zuzendaria da Loli, eta mania handi bat dauka: txukuntasuna. Ez dakitenentzat oharra: gure ikastetxeak Mercedes Garrido Lodones izena du, baina Megalodon deitzen diogu, labur beharrez. —Eskolan paintball bataila bat antolatzen utziko baligute, niri ez litzaidake inportako gero dena garbitu behar izatea —esan zuen Oscarrek, ziurtasunez—. Mundiala izango litzateke! Imajinatzen? —Bai, hori orain esaten duzu, baina ikusi nahi zintuzket gero, lanbasa eskuan, hogei gela garbitzen. Agian orduan ez zenuke gauza bera esango —esan zuen Sara-Lik, ikastetxe osoa seinalatuz. —Baina ez pentsa dena jostailuzkoa denik —ohartarazi zuen Raulek—. Nire anaia Javik paintball bataila batean parte hartu zuen iazko udan, eta

12


esan zidan bolatxoek min ematen dutela, babestu gabeko toki batean joz gero. —Bai, zera! Ez da hainbesterako izango! Baloikada batek ere min ederra ematen du, eta zer! —esan zuen anaiak, ziurtasunez—. Mamuak komandoa izango ginateke gu! Koltxonetak hartu eta gotorleku bat muntatuko genuke gimnasioan. Azkenera arte defendatuko genuke gure posizioa! Bai horixe! Ikusten ari naiz! —Niri iruditzen zait txori asko dauzkazula zuk buruan —esan zuen Esmeraldak, artean ez baitzuen besteok bezain ondo ezagutzen nire anaia. —Asko ez, asko baino gehiago —erantsi zuen Sara-Lik—. Lolik hemen horrelakorik muntatzen utziko duzula uste baduzu, jai daukazu! Beste galaxia batetik etorri berria behar duzu izan! —Bai, hori zaila izango da —aitortu zuen anaiak—, baina paintball batera joan gaitezke, probatzera. Ziur primeran pasatuko dugula! Behingoagatik bat nentorren Oscarrekin. Baina ez gaizki ulertu: denik eta gauzarik izugarriena da gerra, eta ez litzateke inoiz existitu behar, baina hau joko bat besterik ez zen. Proba genezakeen. Baina, orduan, korroaren kanpotik zetorren ahots bat entzun genuen, eta elkarrizketara batu zitzaigun.

13


—Paintballari buruz ari zarete, ezta? —galdetu zuen ahotsak. Anselmo zen. Edo hobeto esanda, Frankie, halaxe deitzen baitzioten denek. Niri gogortxoa egiten zitzaidan izen hori, baina bera haserretu egiten zen Anselmo deitzen bazenion. Inork ez zeukan garbi nondik atera zen izena, baina uste dut Frankenstein delakotik datorrela, berak ere orbain handi bat duelako bekokian, txikitan egindako zauri baten ondorioz. Frankie gure gelan zebilen, baina ez pentsa, bere izena dela eta, bullying edo barre egiten zionik inork. Izatekotan, alderantziz. Berez ez zen jendea zirikatzen ibiltzen diren horietakoa, baina gelako altuenetako eta indartsuenetako bat zen. Raul adina ia. Eta astapotro samarra ere bai, gainera. Berarekin gurutzatzen bazinen, zartako bat jaso zenezakeen ezeren errurik gabe. —Paintball bat muntatu nahi duzuela entzun dizuet —berriro Frankiek—. Probatu al duzue inoiz? Korroa ireki eta berarengana jiratu ginen, buruarekin ezetz eginez. —Banengoen ba! Nire taldearen aurkako borroka batean, bi minutu ere zenukete iraungo zuek —esan zuen, bere buruan erabateko konfiantza duenaren doinuarekin.

14


Badakizu nolakoa den nire anaia. Sortzetiko ezintasun bat du harroputzen handikeriei entzungor egiteko, eta itsu-itsuan egiten die aurre beti, ondorioetan pentsatu gabe. —Gure komandoak neke handirik gabe birrinduko luke zure talde hori —esan zuen, bere hitzak batere neurtu gabe. Porrotaren hasiera izan zen hura.

15


—Zuen komandoak? Zer komando eta zer komando-oste? Zuek gu birrindu? —galdetu zuen, burlaizez, gu seinalatuz. —Bai, guk, zer gertatzen da? —erantzun zuen Oscarrek—. Mamuak komandoa gara, irabazteko gertu beti! Porrotak jada ez zuen atzera bueltarik. —Tira, tira! Mamuak, ez dakit, baina handiputz samarrak zaretela ezin uka. Zuek guri irabazi? Paintball batean sekula parte hartu gabeak izan, eta guri irabazi? Ez zaudete sano burutik! Eskolaurreko mantala baino kakaztuago bukatuko duzue! —Irabaziko duzuela hain ziur bazaude, jarri eguna eta ordua, eta han agertuko gara gu —esan zuen anaiak, besteok berarekin bat etorriko ginela ziurtzat emanda. Frankiek, une batez pentsatu, eta erronkari heldu zion. Porrota gauzatua zen. —Bada, larunbat honetan bertan, eguerdiko hamabietan, Mountain Paintball-en. Han ikusiko dugu elkar —esan eta alde egin zuen. Une horretan bertan, jolas-orduaren amaiera iragartzen zuen sirena-hotsa entzun zen. Oscar, ohi bezala, nahaspila batean sartu zen. Eta gu berarekin.

16


Denok bat

Ados. Aitortzen dut. Ni ere ederki amorrarazi ninduen Franki arranditsu horrek. Baina gauza bat da harroputzak atsegin ez izatea eta beste bat, oso desberdina, haiei gu umiliatzeko aukera eskura jartzea. Eta Oscar sasiartean sartu zen. Eta hori besterik ez balitz, gaitz-erdi; baina kontua da gu denok sarrarazi gintuela. Gelara bueltan, isilik egin genuen bidea; inork ez zuen txintik esan. Oscarrek une batez begiratu zidan eta damu-zantzu bat igarri nion begietan, baina beranduegi zen jada. Hurrengo orduetan, gure hasierako harridura sumindura bilakatu zen. Eta eskolatik irtetean, pilatuz joan zitzaigun haserre hori guztia nire anaiaren aurka bideratu genuen.

17


—Burutik eginda zaude, ala? —ekin zion Soniak kalera orduko—. Ez al dakizu ezetz esaten? —Gainera, zergatik sarrarazi behar gaituzu zure saltsetan? —erantsi zuen Sara-Lik, nabarmen haserre. —Nire saltsetan? Gu guztion kontra jo du eta! Gure lepotik barre egiteaz gain, ume txikiak bezala trata gaitu gu denok! —protestatu zuen Oscarrek, gu berarekin erretxinduta egotea ulertu ezinik bezala. —Aizue, sentitzen dut, baina joan beharra daukat —eten zigun Esmeraldak, bere amaren autoa seinalatuz. Hori izaten zen eguneko unerik tristeena niretzat. Esmeralda ez zen gure auzoan bizi, eta amak eramaten zuen egunero etxetik eskolara eta eskolatik etxera. Horregatik, ezin izaten nuen berarekin egin etxerako bidea. Biharamunera arte agurtu genuen Esmeralda, baina horrek ez zuen gure arteko eztabaida baretu. —Niri ere ez zait batere gustatu nola hitz egin digun Frankie horrek, baina ezin zara horrela oldartu zirika hasten zaizun edozeinen kontra —esan nuen, giroa baretu nahian. —Begira, zubi batetik behera bota nahi baduzu zeure burua, hor konpon, baina ez gaitzazu gu ere horretara behartu —protesta egin zuen berriro Sara-Lik—. Asper-asper eginda nago zure txorakeriez. Batzuetan, ume txiki bat ematen duzu!

18


Oscarrek laguntza eske begiratu zion Rauli, ez baitzuen artean hitzik egin. —Arrazoi dute, Oscar —esan zuen, sorbaldak altxatuz, ia barkamen eske bezala—. Pasatu egin zara. Ziur nago Frankie eta haren lagunak paintball jokalari bikainak direla eta gorriak eta beltzak ikusaraziko dizkigutela: gorriak, beltzak eta diren beste kolore guztiak. —Dizkigutela diozu? —galdetu zuen Sara-Lik, baina berak jarraitu zuen hizketan, inoren erantzunaren zain geratu gabe—. Ezta pentsatu ere; nirekin behintzat ez kontatu. Zu bakarrik sartu zara sasitza horretan, eta bakarrik atera beharko duzu handik. Nik ez

19


daukat zure txorakeria horietan gehiago parte hartzeko asmorik —esan zuen, gure anaiari aurre eginez. —Zuk ere ez diozu ezetzik esan Frankieren proposamenari —esan zuen Oscarrek, bere jarrera zuritu nahian—. Neurri batean, erruduna zara zeu ere. —Zeeer? Hori besterik ez genuen behar! Hemen dagoen txoriburu bakarra zeu zara —oihu egin zuen gure arrebak, guztiz minduta. Baina inork ez zion suminaldian lagundu. Buruan bueltaka genituen oraindik Oscarren hitzak, eta erruduntasun sentsazio garratz batekin nahastu zitzaigun haserrea. Anaiak arrazoi zuen horretan. Ez ginen gu hasi kontu harekin, egia, baina ez genuen ezer egin ere hura saihesteko. Oscar urrats batzuk aurreratu eta guregana jiratu zen, adi egoteko eskatuz. —Ados. Badakit txorakeria galanta egin dudala eta batzuetan burua galtzen dudala gauza hauekin —onartu zuen, eskuak otoitzerako bezala elkartuta—. Baina zuek nire lagunak zarete eta horrelakoetan geldiarazi egin behar nauzue. Baina geldiarazi beharrean, sasitzan sartzen utzi nauzue, ezer esan gabe. Ni txoriburu bat izan naiz, ados, baina zuek koldarrek bezala jokatu duzue! Eta hau guztia zergatik eta paintball partida txatxu batengatik! Ezin nauzue bakarrik utzi orain.

20


Isilaldi astun bat nagusitu zen Oscarren desenkusatze ahaleginaren ondoren. Ezin nuen anaia bakarrik utzi kinka zail hartan. Gainera, arrazoi pixka bat ere bazuen, eta barru-barruan bazekien lehenago edo geroago berarekin bat egingo nuela. Besteek zer asmo zuten, berriz, ez neukan oso garbi. Lehen pausoa eman nuen behintzat. —Arrazoi duzu ia guztian —hasi nintzen esaten—. Egia da txoriburu hutsa zarela eta norbait zirika hasten zaizunean burua galtzen duzula, baina guk ere ez dugu planto egin, egin behar genuenean, eta orain zuri laguntzea dagokigu. Ni zurekin nago —esan nion, aldamenean jarrita. Sara-Lik berde fosforeszente bihurtu banintz bezala begiratu zidan. —Uste dut Txanok arrazoi duela —esan zuen Raulek, nirekin bat eginez—. Horretarako aukera izan dugunean moztu behar genuen hau dena. Orain, elkarrekin egotea eta denok bat egitea besterik ez zaigu geratzen —esan zuen, Oscar eta biongana inguratuta. —Baina mutil hauen burmuinak fabrikazio arazoren bat du ala zer demontre gertatzen da hemen? —galdetu zuen Sara-Lik, zeharo nahasita—. Ez zarete konturatzen bere txorakerietan laguntzen badiogu, txorakeriak egiten jarraituko duela?

21


Soniaren aurpegia ikustekoa zen: batetik, Sara-Liren arrazoibide ukaezina zegoen; bestetik, gure erabateko porrota saihesteko behar beste egin ez izanaren sentipena. —Arrazoi osoa duzu —esan zuen Soniak, gure arrebari begira—, baina orain ezin dugu bakarrik utzi Oscar. Denok egiten ditugu hanka-sartzeak noizean behin, une horietan beti behar izaten dugu norbait ondoan, laguntzeko prest. Sara-Lik zabal-zabal ireki zituen begiak, entzuten ari zena sinetsi ezinda. —Zu ere Oscarren alde? Benetan? —galdetu zuen, zur eta lur. —Bai, badakit berak besteok baino gehiagotan sartzen duela hanka —onartu zuen Soniak—, baina egia da ere arazo bat dagoenean bera izaten dela beti lehena arazoari aurpegia ematen. Eta onartu behar duzu zuk ere batzuetan, zerbaitekin itsutzen zarenean adibidez, ez duzula zuzen arrazoitzen —esatera ausartu zen, gure ondoan jartzen zen bitartean. Sara-Liren aurpegia apur bat lasaitu zen, eta haren begirada urrunean galdu zen. Soniaren hitzak hausnartzen ari zen. —Ezin dut sinetsi hau esatera noala, baina… Tira, bai, konforme —xuxurlatu zuen azkenean Sara-Lik, hasperen bat eta irribarre arin bat eginez—. Goazen,

22


bada! Bakarrik espero dut hau guztia Oscarri lezioa ikasteko balio izatea. Hori bai, ezin gara edonola joan, ondo prestatu behar ditugu geure buruak! Oscarri guregana hurbiltzeko keinua egin, eta elkar besarkatu genuen denok. Esmeralda falta zen, baina ziur geunden gurekin bat egingo zuela hark ere. Lau egun genituen aurretik bataila ondo prestatzeko.

23


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.