HEZIBERRIREN INGURUKO IRAKURKETA ETA PROPOSAMENA
Betiko leloa, badirudi gure herria aldaketa garaian bizi dela eta horrekin batera gutariko bakoitza, ezin uka. Aldaketa sakonak, errokoak, bestelako eredu batera garamatzatenak, baina zein eredu? Horratx erantzun beharreko galdera. LABek argi du gure bidea egin behar dugula, euskal bidea, indarrak bilduz eta argi izanik premiazkoa dela lehen bait lehen euskal estatuaren oinarriak adosten eta egituratzen hastea. Horrela egin ezean irteera gabeko laberinto batean geundekeelako, eta bi estatuen aldetik ez baitugu ezer onik espero.Hezkuntzaren eremuan ere, aldaketa garaian bizi gara: LOMCE dela, Falloux dela, Heziberri, ; Alta, azken hau, EAEko hezkuntza administrazioko proiektua, ez dator bakarrik, azken aste eta hilabeteotan, Eusko Jaurlaritzak zerbitzu publikoen eremuan aurrera atera nahi dituen beste bost egitasmoekin batera dator: Euskal Enplegu Publikoaren Legea, Udal Legea, Heziberriren eskutik Hezkuntza Lege berria, eredu sozio-sanitarioaren Dekretua eta hirugarren sektorea izendaturikoa egitasmoa (zerbitzu sozialei dagokiona). Egitasmo hauek, sektore publikoaren zutabe nagusiak bermoldatuko dituzten Legeak edota Dekretuak dira. Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzak sektore publiko osoaren berdefinizio eta berrantolaketa bati heldu nahi diola agerian gelditzen da eredu neoliberalean sakonduz.Gogoratu nahi dugu sektore publikoak, berak eskaintzen dituen zerbitzu publikoen bitartez, herritar guztioi dagozkigun eskubide sozialen bermatzaile nagusia izan behar duela.Oso abiapuntu ezberdineko egitasmoak izanik, guztietan EAJ-PNVk zuzentzen dituen Sailek negoziazio eta parte hartzerako erakutsi duten jarrera eskaxa salatu nahi dugu.
201 3ko udazkenean iragarri zuen Hezkuntza Sailak HEZIBERRI deituriko egitasmoa, zeina hiru atalez osatua dagoen: Marko Pedagogikoa deritzona (jada onartua dagoena), Curriculum Dekretuak (prozesuan) eta Hezkuntza Lege berria (ez dugu honen berririk nahiz eta dekretuen osaketaren ondotik abiatzekoa dela adierazi duten).Egitasmoa abiatu zenean, LOMCEri aurre egiteko baliatu nahi bazuten ere, segituan helburu hori alboratu eta bide paraleloa egitea erabaki zuten; beti ere, legea beteaz. Era berean, denon artean adostu beharrekoa zena, besteak beste langileen eta ikasleen ordezkarien, parte hartzea efektiboki bermatu gabe osatu zuten lehenbiziko proiektua. Horrela ikusle rolera mugatu gintuzten hainbat eragile.Bigarren proiektuari dagokionez, Curriculumen Dekretuak, postaz bidali (dekretu guztiak gazteleraz) eta ekarpenak egiteko epea ireki zen. Honela bada, aldebikoen bidez eragile bakoitzak bere irakurketa eta ekarpenak plazaratzeko aukera izan dugu. LABen ALTERNATIBA LABek bere ekarpena egin du baina ez dekretuen parrafo edota idazkerari dagokionez, guk ekarpen osoa egin nahi izan diogu, ekarpena baino proposamen berri bat xede argi batekin: Hezkuntza Sistema Propioaren bidean urrats eraginkorrak ematea ,beti ere, gure Hezkuntza Politikaren oinarrien baitan.LABentzat dekretuek oinarrizko bost puntu hauek barnebildu beharko lituzke: a) Euskal Curriculuma, biharko Euskal Herria eraikitzeko tresna da. Heziberri proposamenean irizpide interesgarriak badaude ere, Euskal Curriculumaren zentzua eta helburua behar bezala argitu eta zehaztea faltan somatzen dugu. Askotan maila abstraktu eta zehaztugabean aritzen da, itxura eta asmo oneko formulazio teorikoetan, baina Euskal Herriaren beharrak aztertu, aipatu eta jorratu gabe. Euskal Curriculumaren helburua XXI. Mende hasierako Euskal Herrian kokatu behar da. Finean, Euskal Curriculuma biharko Euskal Herria eraikitzeko tresna gisa kokatu behar da. b) Hezkuntzaren gaineko ikuspegi askatzailea. Aurreko elementuari loturik, hezkuntzaren balore askatzaile eta eraldatzailea azpimarratu eta landu behar delakoan gaude. Hezkuntzak errealitatea kontzienteki ulertu eta eraldatzeko baliabideak eman behar dizkie ikasleei, ikasleek errealitate berriak asma ditzaten. c) Ikasle euskaldun eleanitzak. Agortuak dauden hizkuntza ereduak gainditu eta euskaldun eleanitzak sortzeko benetako eredua garatu behar luke curriculumak eta hori ez da inondik inora islatzen. Izan ere, egun dauden ereduekin jarraitzeko akordioa egin baitu Hezkuntza Sailak, hezkuntza ministroarekin. Euskal Curriculuma hizkuntza, ikuspegi eta pentsamendu propioan oinarritu beharko litzateke eta hizkuntza, ikuspegi eta pentsamendu propioa garatzeko tresna izan beharko luke. Proposamena gazteleraz sortua izateak ere, biziki kezkatzen gaituen gaia da. Izan ere, jakina den bezala, hizkuntzak ikusmolde jakin bat gordetzen du bere baitan eta ondorioz, testu bat gazteleraz edo euskaraz sortzea ez da afera tekniko hutsa. Gainera, Euskal Herrian horrelako lanak euskaraz egiteko nahikoa jende badagoela uste dugu.
d) Hezkidetzaren garrantzia. Hezkidetza, gizon eta emakumeen arteko parekidetasuna lortzen laguntzeko planteamendu hezitzailea da. Munduan eta Euskal Herrian kapital pedagogiko handia dago ikusmolde honi dagokionean, baina HEZIBERRI dekretuetan ez da kapital hori inondik inora islatzen. e) Aukera berdintasuna eta aniztasunaren trataera. Ikaskuntza-irakaskuntza prozesuan ikasle bakoitzaren ahalmenei dagokien trataera, aniztasunaren bideratzea, ez da modu integral eta eraikitzailean kontenplatzen. Curriculumak aukera berdintasuna (ikasle bakoitzari behar dituen baliabideak) bermatu eta aniztasunaren trataera bideratzeko neurri zehatzak eskaini beharko lituzke. Eta ardatz hauen arabera esan dezakegu HEZIBERRIren dekretuek ez dutela urrats eraginkorrik ematen. Gure ustez, bost irizpide hauek goitik behera busti behar dute Curriculuma.Bide horretan, langileok eraldaketarako subjektuak garela aldarrikatzen dugu eta hezkuntzan ere gure parte hartzea aldarrikatu nahi dugu. Ez hori bakarrik guretzako curriculumak duen garrantzia zein den ikusita hezkuntza eragileetaz haratago herri eragileak, herritarren parte hartzea ezinbestekoa dela adierazi nahi dugu. LABekin bat, Herri gisa pentsatu eta ekin nahi eta behar dugun Hezkuntza Sistema Propioaren bidean!
*Irudiak: FRATO