3 ser y tener (iruzkina)

Page 1

Ser y Tener "Ser y Tener" filma ikusi ondoren, puntu zehatz batzuetan sakonduz, iruzkin bat egiteari ekingo diot. Hasteko, filmean azaltzen den eskola Frantzian kokatua dago, bai irakaslea baita ikasleak ere frantsesez hitz egiten dutelako. Ikasle hauek lehen hezkuntzako adinean daude, baina ez daude adinaren arabera berezituak. Alegia, 6 urteko haurrak 7, 8, 9 eta 10 urteko haurrekin nahasturik daude gela berdinean eta irakasle berdinarekin. Bertan lantzen diren edukiak adinarekin bat datoz, hots, 6-7 urterekin idazten eta irakurtzen ikastea eta 8-9-10 urterekin batuketak, kenketak, biderketak, diktaketak… Hauek ikasteko metodologiak, ustez, ikasitakoa praktikan jartzean datza, klasea aktiboa izanez eta haurrei parte hartzen utziz. Ikasle isilagoren bat baldin badago, orduan, irakasleak zuzenean galdetu egiten dio, gaiari buruz zer pentsatzen edo ikasi duen jakiteko. Irakasleari dagokionez, nahiko irakasle osatua dela esango nuke. Beste modu batera esanda, ikasleekiko jarrera egokia du: bera irakaslea da eta haurrak ikasleak dira. Hori dela eta, autoritate bat ezartzen du eskolan, eta ikasleak beti “Señor” hitzarekin adierazi behar dira irakasleari. Gainera, goizean klasera sartzean, irakasleak agindu arte ezin dira beren aulkietan eseri. Irakaskuntzaz gain, beste hezkuntza arlo ere lantzen ditu. Adibidez, ikasleekin hitz egiten du hauek beraien artean haserretzen direnean, hots, bizikidetza lantzen du; haurrek ere arazo pertsonalak dituztenean entzule rola betetzen du eta baita pedagogoarena ere. Adibidez, komunikatzeko arazoak dituen ikasleari laguntza handia ematen dio, irakaslearen rola betetzeaz gain laguntzat ere eskaintzen delako. Ikasleei dagokienez berriz, oro har, harreman ona dute. Baina filmean hauteman daitekeenez, batzuen artean noizbehinka gora beherak sortzen dira. Hala ere, haurrak izanik, normalena dela esango nuke, batez ere, gelako giroari eraginik egiten ez dioten haserrealdiak direlako. Bestalde, aipatzekoa iruditzen zait ere, irakasleak ikasle bati zerbait galdetzen dionean eta erantzuna ez dakienean, gainontzeko ikaskideek lagundu egiten diotela. Hau da, beraien artean lagundu behar direla ere ikasten dute. Irakasleak ikasle guztien arreta eta lana ziurtatzeko, galderak egiten die: noiz bukatuko duten, zer iruditzen zaien beren ikaskidearen lana… Eta hauek motibatzeko, interesatzen zaien gaiei buruz hitz egiten dute, jolastu egiten dute… beti ere, lanarekin koordinatuz.


Filma bitartean, irakasle-guraso harreman edo kontaktu zuzena behin bakarrik ikusten dela esango nuke. Ahozko komunikazio arazoak dituen ikaslearen amarekin hain zuzen ere. Gurasoekin harremana izatea guztiz garrantzitsua dela uste dut, hezkuntza prozesua denon lana delako, eta ez irakaslearena edo gurasoena bakarrik. Gainera, familiaren kolaborazioa ikasketa prozesuan haurrei eragin handia suposatzen die, adibidez, etxean ere laguntza izango dutela ziurtatuz. Hezkuntza prozesu eta adin honetan, irakasleak ez du helburu bakar bat, asko baizik. Arlo sozialean, ikasleei portatzen, arazoen aurrean nola jokatzen, beste haurrekin bizitzen eta partekatzen, gauzak erabakitzen‌ irakasten die. Baina arlo akademikoan ere hainbat helburu ditu, ezinbestekoak direnak bizitzarako: irakurtzen, idazten, zenbakiak ezagutzen, batzen, kentzen, biderkatzen, hizkuntza erabiltzen‌ ikastea. Amaitzeko, aitortu beharra daukat, filmaren hasieran irakasle serioegia eta garaian pixka bat atzeratua zegoela iruditu zitzaidala. Batez ere, ikasleek gehiegizko autoritatetzat hartua zutelako (berak sortutako autoritatea). Baina pelikula aurrera joan heinean, irakasle oso ona dela ohartarazi nau. Ez baita ikasgaietara bakarrik mugatzen, baizik eta arlo sozialari eta horren inguruan ikasi beharrekoari ere garrantzi handia ematen diolako. Eta hori, lehen hezkuntzako adinean, ustez baino garrantzitsuagoa dela pentsatzen dut.

Mireia Etxeberria


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.