2 minute read
HEZKUNTZA
HERRIA BIZIAGO EGITEKO BIDEAN
Francesco Tonucci psikopedagogoak azaldu zuen Italiako haur batek alkateari idatzi ziola esanez jolasguneko bankuak txarto eraikita zeudela. Jolasgunera begira zeudela esan zion, eta, ondorioz, aitonak zelatatu egiten zuela, eta hori ez zuen gustuko. Gainera, aitona kuxkuxeroa izanda kanpora begiratzea gustokoago lukeela hark ere, kalea behatzeko. Nahastu egin zirela esan zion alkateari, alderantziz jarrita hobea litzakeelako bai beretzat bai aitonarentzat.
Advertisement
Aurrez finkatuta dauden eremuen arabera jokatzen dugu: eserlekuan dauden tokietan esertzen gara, eta jolas tokietan dauden lekuetan, aldiz, jokatu. Adibide txiki bat baino ez da. Baina, eta zerotik abiatuko bagina? Zeintzuk dira gaur egungo herritarren behar eta nahiak? Zertara jolastu nahi dute haurrek? Nola egituratu espazio horiek denak? Sakona da gogoeta, eta prozesuak ez du bukaerarik: Larrabetzu bera, etengabe ari baita eraldatzen, larrabetzuarrek unean unean dituzten beharren arabera eraiki eta deseraikitzen. Galderari, baina, heldu egin diote azken urteetan: eta ikusgai dira emaitzak.
Larrabetzuko Udaleko, Guraso Elkarteko eta Eskolako ordezkariak biltzen dituen Hezkidetza Batzordeak herriko espazioei buruzko gogoeta abiatu zuten 2019an, Urtxintxa Elkarteko adituen laguntzarekin. Eta, herri hezitzaileen filosofia ardatz hartuz, eskolako patioari buruzko lanketa abiatzea erabaki zuten orduan, gaiarekiko zegoen kezkari heldu nahian. Izan ere, heziketarako gune bat gehiago da eskolako patioa, eta galdera askoren erantzunak
gordetzen ditu horren antolaketak: Gaur egun dugun patioak benetan haurrak dituzten premiei erantzuten die? Zein balio gailentzen dira? Zer nolako jolasak, kirolak eta ikaskuntzak indartzen dira?
Hari horri tiraka aritu dira Hezkidetza Batzordea osatzen duten kideak azken urtean, eta gaiari buruz aritzeko formazio saioak egin zituzten eskolako irakasle, hezitzaile eta gurasoek joan den ikasturtean zehar, herritarrak ere gonbidatuz; gogoetak eta mirak komunean jartzeko. Eta, are garrantzitsuagoa dena: haurrak eta gazteak erdigunean jarri, eta beraien nahi eta beharrak entzun eta identifikatzeko lanean jardun dira. Laburrean: haur eta gazteei galdetu zaie beraientzat sortutako espazioa beraien premiak asetzen ote dituen. Hala abiatu zen Gune Biziak dinamika.
Eskolako Lehen Hezkuntzako ikasle guztiekin saioak egin zituzten iaz Urtxintxako adituek, eta eskolako mapa eskutan, espazioak egokitzeko proposamen zehatzak egin zituzten. Haur Eskolako haurrekin ere bestelako saioak antolatu zituzten. Aberatsa izan zen emaitza, eta askotarikoak izan ziren jasotako ekarpenak. “Larrabetzuko ametsetako jolasgunea” izeneko txostenean bildu zituzten denak, eta herrian ere aurkeztu zituzten, maiatzaren 28an egindako Kale Ekintzan. Diagnostikoa eginda, patioaren diseinuan aurrera urratsak zehaztuko dituzte ikasturte honetan, baina pausuak ematen ari dira jada. Adibide xume bezain handi bat: patioa “grisa” eta “iluna” zela aipatu zuten lohaur eta gazte gehienek aipatutako saioetan. Bada, horri erantzunez, espazioari kolorea emateko hainbat ekintza egin zituzten joan den ikasturtean: zuhaitzak koloretako hariz jantzi, eskuz osatutako zuhaitza margotu, lore eta landareak landatu, haurrek margotutako harriz mosaikoa egin…. abiapuntua jarri dute. Eta, emaitzan baino, egiten diren urrats txiki horiek duten eraginean egin dute indar Gune Biziak dinamikako kideak.
Iaz egindako diagnositik abiatuko dute hasi berri den ikasturtea. Patioaren diseinuan aurrera urratsak egin, eta diagnosian identifikatutako bestelako beharrei helduko diete: patioaren bizikidetza arauak aztertzea izango da horien arteko bat. Dauden eta sortuko diren espazioak nola erabili eta zaindu zehaztuko dute haur eta gazteek, eta herriari aurkeztuko diote emaitza gero.
Ez da norabide horretan egin den esku hartze bakarra: aspaldi hasi zen LUK Larrabetzuko Umeen Kontseilua lanean, eta haur eta gazteen iritziak jasota egokitu berri dute Zubibarriko jolasgunea ere.
Bukaerarik ez duen bidea abiatu dute. Hala dio dinamikaren izenak berak: Gune Biziak. Bizirik daude espazioak, eta herritarrek eta testuinguruak moldatzen dituzte. Prozesua, beraz, ez litzateke inoiz bukatuko; haur, gazte zein herritarren premia eta beharrak etengabe baitaude aldaketan.