Atzerrian. Nerea Balda San Juan

Page 1

Juan San Martin Liburutegia “Idazlearekin harixa emoten”

ATZERRIAN Nerea Balda San Juan, Pamiela, 2019

Iruzkina: Antxon Narbaiza, 2019-11-05


Wikipedian https://eu.wikipedia.org/wiki/Nerea_Balda Literaturaren zubitegian https://zubitegia.armiarma.eus/?i=1007


Atzerrian Nerea Baldak idatzi duen nobela labur hau 114 orrialdetan banatua dago. Nobela saritua dugu, hain zuzen, Getxoko udalak antolatzen duen I. eleberri laburren lehiaketan. 16 atal ditu, izenburuak euskaraz eta ingelesez datozelarik. Argumentua atzerria du, atzerrian itzultzaile-interprete lanetan trebatzen ari den protagonista, zeinen izena, oker ez bagaude, ez den eleberrian barrena ezagutarazten. Londongo atzerrian, protagonista eta bera inguratzen duten pertsona batzuk, gutxi batzuk, ari dira egunerokotasun gordinenean bizitzen.

Egitura Nobela honetara hurbiltzen den irakurleak ikusiko du narrazioak ez daramala ipar orratz jakin bat, alegia, ez duela ibilbide lineal eta jarraikorrik; aitzitik, kritikari batek dioen bezala: “mosaiko itxurako kontakizuna erabili du� besteen ordez.1 Arrazoi horregatik agian, kosta egiten da gidatuko gaituen hari narratibo bati jarraitzea, hain zuzen, ez delako inondik ere ageri.

Kontatzaileak nobelan: ama Nobelaren narratzaile nagusia izenik gabeko protagonista bada ere, badira narrazioan barrena, beste ahots batzuk. Beroietako bat da protagonistaren ama. Amak, susma litekeen bezala, protagonismo handia du nobelan, era pasiboan (protagonistak bere gaixotasunaren bilakaera aipatzen duenean) edota aktiboan, ekintzaile legez, bere senarraren eta etxeko alabaren patuaz ari denean (90-91).

Pertsonaiak Pertsonaien aldetik, ikusten dugu beren ekintzetan difuminaturik bezala ageri direla, nortasun zehatz eta identifikagarriak urriago direlarik.

Protagonista nagusiaren soslaia Protagonistak barne bizitza handia du. Hobeto adierazteko, esango genuke bere pentsamenduen mundua ari dela beti gertaera bereziak irudikatzen. Oro har, ez da batere ere ausarta. Nahi luke baina ezin du: bere izaerak, hezkuntzak‌zerbaitek esaten dio ezin duela muga bat zeharkatu. Hots, treneko adibidean bezala, non berak nahiko lukeen ezezagun harekin joan baina‌ Pentsamendu beti biraka ari duen protagonistak sentimendu trajikoa ere erabiltzen du: esaterako, Moritz lagunaren hegaldi batek Concorde hegazkinaren istripua eta 1

Barne-gatazka, Javier Rojo in DV, 2019-06-15). Iritzi berekoa da Irati Majuelo Berrian Lur hartzen deritzon artikuluan (2019-X-27).


sarraskia gogorarazten dionean legez. Zer egin zezakeen berak holako eta bestelako egoeran, nola egoera oker bat zuzendu. Hitzen mundua ez du hark arrotz, interprete lanetan ari baita.

Nobelaren erritmoa Nerea Baldaren eleberriak ñabarduraz ñabardura egiten du aurrera, ez da gertakari nagusirik antz ematen; izan, izango dira, baina ia irakurlea ohartu gabe pasatuko dira. Narratzaileak ez du presarik pertsonaiak aztertzeko izaeraz edo jarreraz. Nahiago du beraien arteko harremanaz hitz egin. Nahiago du, oro har, norbanakoaren nortasunaren baitan sakontzea. Bestalde, kontrajarpenak garbia ematen du: harremanak anekdota dira maiz: xumeak, arinak. Ostera, bizitzaren nolakotasunaz hausnartzen hartuko du denbora.

Distantzia eta bakardadea Bi aldagai hauek hartuko dute izugarrizko garrantzia kontakizunaren gorputzean. Distantziak zeinak hauskor eta mesfidati bihurtzen baitu gure izaera. Bakardadeak zeinak aipaturiko hauskortasuna areagotu egiten duen. Bakardadearen kontrako antidotoa, bakardade ez desiratuaz ari gara, noski, erronka, alegia, bizitzaren zentzua aurkitzea da. Eta behin hura aurkiturik, hura aberasten joatea.

Atzerria aitzaki Irudi luke Nerea Baldaren eleberrian atzerria aitzakia dela protagonistak bere barne bidaiaz jarduteko. Eta atzerri horren barruan, bakardadeak eta distantziak eraginik, oroitzapenak daude. Protagonista jakitun da oroitzapenek dakarten katea: “oroitzapenak bizitzaren kontrako norabidea daramate, oroitzea atzeraka bizitzea bezalakoa da” (48).

Distantzia=familia Atzerriak, urrutimina sorrarazten du, nostalgia, alegia. Atzerria, ez da, ez dirudi bizilekurik egokiena, onena denik. “Ezleku” bat ematen du. Behin-behinekotasunaren sinonimoa. Egia da, protagonista saiatzen da bizitza, lan bizitza interesgarriena eramaten, baina pentsamenduak beste norabait darama, bere barne bizitzara, egoera sentimentalera, harreman asegarrien esparrura, eta, beti, atzerri hartatik ihes eginez, besteak beste, urrutian duen familiarengana bere pentsamenduak eramaten. Alde horretatik bitasun hori nabarmen geratzen da agerian.


Atzerria deserria? Gure protagonistak ez du lehen aldia atzerrira jotzen duena. Izana da, gazteagoa zela au-pair bezala. Orain ostera, bere lanean aritzen da. Lana gogokoa du, itzulpenak, interpretaritzak bete egiten dutela ikusten da. Aberasgarri gertatzen zaio. Haren aniztasuna, batez ere.

Pertsonaiak nobelaren harian Bestalde, Sarah Bloom idazlearen figurak protagonistaren ideala suposatzen duela dirudi. “The falling moon”, haren poemak, protagonistaren miresmena sortu du. Ildo honi jarraiki badira lerro polit batzuk isuri narrazioan. Ilargia eroria metaforak, bizitzaren dekadentzia adierazten du, nobelan protagonistaren aitaren patua ikusi arazteko, hain zuzen. Nobelan barrena bere buruaren introspekzio lanetan dabil protagonista: bere zalantzak, bere beldurrak, bere nahi eta ezin ugarien zenbatekoa ez da txikia; badu lekurik jakina, bere harremanen zehaztasuna ezagutarazteko. Bi pertsonaia gurutzatzen dira nagusiki protagonistaren bizitza hartan atzerrian. Bata Suzanne, Suzzi da, protagonistaren pisukidea eta Moritz, interpretatzailea eta idazlea, besteak beste. Suzz, izan liteke ia-ia protagonistaren ispilu, hainbatetan: zalantzatia agertzen da eta ez du bizitza sentimentalean arrakasta handirik izan. Baina, elkar bizitzarako ez dirudi pertsonarik egokiena, protagonistaren iritziz behintzat: (…) “neska honek sentimendu baino txarrak piztu dizkit ezagutzen dudan bi aste urrietan. Berea egiteko erraztasun handia dauka, ordea” (25). Moritz, berriz, miretsi egiten du protagonistak. Arrakasta lortu du nolabait bere lanbidean. Halaber, idazle lanetan ez dabil herren. Gainera, euskaltzale agertzen da, Europako hizkuntza gutxituen patua defendatzen du. Adierazi bezala, protagonistak ez du

hitzen

mundua

arrotz,

interprete

lanetan

ari

baita,

horregatik

bere

Moritzerenganako miresmena, lortu duen mailagatik. Bera ere –protagonista, alegia–, hiztegi bat egiten ari da, hitz bat nola esaten den pertsona bakoitzari bere jatorrizko hizkuntzan itaunduz.

Distantziari buruzko gogoeta Garbi dago eleberriaren harian gerta litezkeen gorabeherak, pasadizoak, nolabaiteko geruza

direla

protagonistaren

gogoetei

zelanbaiteko

atsedenaldia

emateko.

Atzerria>distantzia>bakardadadea>urruti mina (nostalgia) kontzeptuak dira nagusi


egileak nolabait eraiki nahi duen gorputz afektibo horretan. Halere, kontzeptuok birpentsatzerakoan baikorki, edo ez horrenbeste, eragin desberdina izan dezakete gizabanakoarengan. Distantziak, esaterako, halako balio morala eman diezaioke protagonistari bere ahizpa Idoiari laguntzeko bere bikote bizitza aurrera atera dezan. Idoiak bere senarrarekin bakeak edo egingo ditu. Baina dena ez da “terapeutikoa”. Ilargi eroriaren irudia erabiliko du amak berak aitaren maldan beheraz alabarekin jarduteko. Distantziak, kasu honetan, dio amak “guztia areagotzen du, mina minago bilaka daitekeelarik” (52).

Bizitza sentimentala nobelan Kontakizunaren ikuspegi orokorretik begiratuz, ez dago zalantzarik, eleberriari halako etsikortasun kutsua ikusten zaiola. Hasteko, protagonistak bere ordura arteko maite bizitza apur bat erakusten digu, non dirudienez, ez zen deus onik atera. Aukera izango du behin trenean doala halako afera bat izateko baina ez da ausartuko. Susma daiteke bestalde, aipatu dugu, protagonistaren Moritzerenganako xera, baina beronek beste joera sexual batekoa dirudi Ray irakaslearekin erromantzea bizi izan baitu. Kasu biotan ikusten dugu ausardia falta ageri dela harremanak sakontzeko garaian. Adierazgarriak, protagonistak Moritzen ahoan jartzen dituen hitzak: (…) “Askotan errepikatu behar izan zion (Moritzek) bere buruari fikzioa zera bat dela, beste zerbait dela bizitza” (62) Azkenik, Suzanne eta Marcel-en arteko harreman trumoitsua dugu, agian garapen biribilago bat izan zezakeen kontaera. Izan ere, kontaera “harrapataka” legez barneratua dagoela baitirudi. Amaiera malapartatuak hemen ere protagonistak harreman “serioei” dien beldurra erakusten digu. Badirudi protagonista bera, “maitasun kontuetan abentura gutxi”, iradokitzen ari zaigula.

Iritzia Iruditzen zaigu egileak pintzelkada batzuk eskaintzen dizkigula hats handiagoko nobela baten zelanbaiteko aurrekaria izan litezkeenak. Atzerria eta Sorterria, hangoa eta hemengoa, sustraien garrantzia, maitasunaren unibertsaltasuna, edozenbat kontzeptu dira egunerokotasun gordinarekin talka egiten dutenak: beraiek uztartzea beti izan ohi da literatura aldetik emankor.



Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.