Juan San Martin Liburutegia “Idazlearekin harixa emoten”
NEGUKO ARGIAK Irati Elorrieta, Pamiela, 2018
Iruzkina: Antxon Narbaiza, 2019-04-02
Wikipedian https://eu.wikipedia.org/wiki/Irati_Elorrieta Literaturaren zubitegian https://zubitegia.armiarma.eus/?i=777
Neguko argiak Nobelaren luze-laburrak Irati Elorrietaren eleberri hau 44 ataletan osatua dator, 280 orrialdetan banatuak. Ikusten dugun bezala, idatziaren banaketa honek irakurketari bizitasuna eman liezaioke, antzezlan batean antzera, non etengabe teloia jaitsi eta gaiz aldatzen baita ikuskizuna. Hemen ere, jauzika doaz kontakizunak osotasun baten bila, argumentu eta hizketa gai ugariak.
Ehuna Añes eta Marta, Marta eta Añes, Berlinen bizi diren neska euskaldun bi dira. Lagun minak dira. Aldizkako lanak bizi irauteko adina ematen diete, erosotasunik ez. Izpirituz, orain aldia bizi dute baina iragan baten presentzia etengabea dabil beraien bizitzan, batez ere Añesengan. Iragana ez da soil-soilik urruti min edo nostalgia batez bizi, esango genuke ñabardura horrek zamarik txikiena duela nobelan, azpimarragarria pertsonaien egunerokotasuna zelanbait oztopatzen duelako.
Nobelako gaiak Berlinen bizi diren neska bion inguruan, gazte jende kultura anitzez osaturiko gizartea dago, zeinetan prekarietatea nagusi den. Izan ere, Berlin hartan gure protagonista nagusien ingurua, alegia, etorkinek osatzen dute, hots, lan eskasa duten gazteek. Halere, eta agian horregatik, beraien arteko solidaritatea, auzo-lana, elkarri laguntzeko adorea, alegia, handiak dira eta oso ondo daude islatuta nobelan.
(Maite) harremanen hauskortasuna eta koldarkeria Kontakizuna ezusteko batekin hasten da. Une batez, Martak Añesi etxea prestatzen lagunduko dio Berlinen. Eta txukunketa horretan ari direla, hara non hormako papera kentzean, alemanez idatziriko testuak agertuko diren: “nire neska maitea”/ “ongi erabaki duzu Polonian geratzea”/”hain bakarrik zu gabe”... Ustezko maitale batek besteari adierazitako zerbait azken finean. Baina ez dira hor amaituko ezustekoak. Neskok, biek ala biek gogoratzen dute nola Parisen bizi zirela etxean Napoleon IIIari enperadorearen karikatura hura zuten, horman hura ere: “Badinget le lâche”, esaten zuena, alegia, Badinget erkina edo kobardea, oilobustia dio nobelako narratzaileak. Errege hari XIX. mendeko lehen herenaren amaieran prusiarren kontra, gerra galdu ondoren, jarri zioten gaitzizena zen.
Gutunaren interpretazioaz bestalde, adierazten da norbaitek (neskak) norbait (mutila) utzi egin duela, ez duelarik agindutakoa bete...; beraz, gaitzuste bat, desafekzio bat gertatu da. Paralelismoa: “une batez, Añesek ere Bruno errukirik gabe utzi zuen egun batetik bestera”, irakurriko dugu eleberrian. Baditugu beraz, bi ezaugarri nobelan barrena agertzen joango direnak, alde batetik, maite-harremanen hauskortasuna eta, bestetik, emandako hitza bete ezak erakusten duen koldarkeria.
Toposa: Nobelaren kokapena(k) Berlin nagusiki, baina baita Paris eta Euskal Herria ere, Bizkaiko, zehatz esateko, ipar mendebaldeko itsas bazterra, ditugu bada, eleberriak ezagutuko dituen eszenarioetako batzuk. Ahaztu gabe pertsonaien biografiek eramaten gaituzten lekuak: Marta, Nafarroara, Iruñera, hain zuzen, familia eta, batez ere, ama frantsesaren eta abuela-ren oroitzapenak, Xuan gazte egonezinak Vietnam-era eramango gaituen legez. Baina Berlin bada ere, nobelaren lekukotasun nagusiaren zelanbaiteko ardatza, Paris eta, jakina, mundu anglo-saxoia ageri dira nabarmen kultur adierazpenaren aldetik. Baina, kultur erreferentzia nagusiak Parisetik badatoz, ostera, germanikoak gutxiago dira. Esaterako, Edith Piaf abeslariaren “Je ne regrette rien” (ez naiz ezertaz damutzen) kanta enblematikoaren hitzek paralelismoa bilatzen dute agian eleberriaren mezuren batean.
Berlingo argitasuna Narratzaileak gaztigatu digu eleberriaren izenburuan: neguko argiak. Eta kezka handia agertzen du horretaz. Narratzailea naturaren gorabeherei adi (haizea, zuhaiztiak, hiriko arnas guneak, oro har) badabilkie ere, argiaren intentsitatea, kolorea, maiz dator aipatua, noizbait oparoa izango denaren esperantzan. Luzea izaten baita negua Europa erdialdean. Gure pertsonaiak bezala, muga-mugan bizi direnentzat, batez ere. Hots, espekulazio errukigabearen eta naturaren arteko mugan bizi diren gure pertsonaientzat: baratzak hasten diren lekuan bertan bizi baitira, halako leku banaketa adierazgarria eginez etxe bizitzetatik. Baina ilunak ez du gupidarik eta, horregatik, pozarren hartuko dute udaberriaren etorrera azken kapituluan (44. atala). Protagonistek urtxintxak, kirikiñoak ikusten dituzte: bizitzaren zikloak ez dira sikiera agortu.
Prekarietateak hauskortasuna ote dakar?
Prekarietateak, ezegonkortasunak, hauskortasuna ote dakar giza-harremanetan? Paradoxa badirudi ere, ez dirudi horrelakorik gertatzen denik nobelan. Beraietako batzuek Claire, Xuan, batez ere, kontrako adibide dira: urritasun materialak ez die burua nahasten ez eta hurbilenekoei buruzko zintzotasuna ere oztopatzen. Bestalde, interes berdintsuak dituzten jende talde haiengan, ez da faltako solidaritatea. Solidaritatea bada, gizon-emakume haien artean dabilen bertutea izango da. Elkar laguntzen dute, arazo domestiko “materialetan”: matxurak, jan kontuetan, aldairak, eta ez materialetan, adibidez, prest daude Martak izan duen haurraren – Rosaren– ardura hartzeko. Aitaren funtzioak betetzeko!
Amodioa, desamodioa, maitasun galdua Prekarietatea bada lan munduan, arestian adierazi dugun bezala, irudi luke maitasunean ere eragina daukala egoera hark. Izan ere, oso zaila baitago etorkinek osatzen duten mundu ttiki hartan egonkortasunik aurkitzea. Marta eta Añes adibide. Martak arazoak ditu elkar bizitza on bat izateko Martinekin. Halako batean, ama izango da baina egoera berriak ez dio asko lagunduko bere harremanean. Añesek ere aspaldi apurtu du Brunorekin. Bere aitorpena harreman hartaz Marta lagunari ez da bat ere ona: “gaizki tratatzen ninduen” (261). Baina Añesek berarekin darama Estebanen itzala, bere betiko eta gazte-gaztetako maitasuna zeinak ez zuen garai hartan aurrera egin. Itzal hark hitz egiten du berarekin, bere obsesioa da. Bizi-bizirik darama. Euskal Herrira, izpirituz behintzat, eramango duten oroitzapen etengabeak ditu, orainaren tristurarekin konparatuz, askoz ere trinkoagoak. Eleberriaren izenburuak dioen bezala, hura neguko argi –gutxiz– zipriztindutako Berlin ilun eta hotzean garatzen da. Udaberria, azken ataltxoaren izenburuak dioskun legez, animaliak ari dira ugaltzen parkeetan, zuhaitzetako adarrak piztu egiten dira eta egun argitsuagoak badatoz, sintoma txikiak dira baina agian, zelanbait garai hobeak iragartzen dizkigute.
Pertsonaiak Berlin ilun eta hotz batean Adiskidetasuna eta maitasuna Añes-Bruno (Esteban)/ Marta-Martin Nobelaren irakurketatik eztabaidagai ugari atera litezke, batez ere, giza-harremanen esparruan. Guk proposatzen dugunetako bat ondorengoa izan liteke: adiskidetasuna maitasunaren aurretik doa edota hura bezain sagaratua (sakratua) da harremanetan? Agian, enuntziatua gaizki plazaratua dago, alegia, ez da adiskidetasuna maitasuna baino gorago jartzen dela nobelan. Behar bada, esan behar genuke adiskidetasuna maitasun mota bat dela, maitasuna giza harremanen Olinpoan jartzen badugu ere. Izan ere, ez ote maitasuna harreman heterosexualei lotua egon ohi dela mendetan barrena? Egun, besterik da. Añes eta Marta gai dira bikoteak saihesteko, inoiz baztertzeko, ez, ostera, inondik ere, lagunak, lagun-minak1. Hemen krisian ageri dena, harreman heterosexuala, eta, agian, zehatz esanda, heterosexualitatea balore zentral bezala. Ostera, eleberrian lehenesten den balorea zalantzarik gabe, berdinen arteko harreman intimoa da. Intimitateak ez du zertan edozelako harreman sexualekin zerikusirik izan behar. Adibide bikaina dugu Xuan vietnamdarra. Beti lagun urkoari laguntzeko prest. Bere filantropia eta bere joera sexualak ongi bereizirik agertzen ditu.
Heterosexualitatea arazotsua da? Martak Martinekin halamoduzko harremana du, halere, haurdun gertatu da, berak horrela erabakita, dirudienez. Baina banaketa ate ostean dago. Añes Brunorekin beste horrenbeste. Brunok gainera arestian aurreratu dugun legez, gaizki tratatu izan du. Añesek iragana du orainean, Estebanen itzala alegia, gaztaroko amodioa, zeinen oroitzapena etengabea baita. Inoiz, Estebanek hitz egiten dio zer egin zuten gaizki, berba gabeko hutsuneak.... Baina ororen gainetik emakume bien arteko fideltasuna azalean geratzen da. Ez dirudi ezer dagoenik hura apurtuko duenik. Batak besteari jarraituko dio Paristik Berlinera.
Esteban Euskal Herriaz lotzen duen zilbor hestea du Añesek. Haren bidez Bizkaiko kostaldean barrena ibiliko gara, bi maiteminduen lorratzen atzetik. Añesen egiazko maitasuna da, 1
Martak, bada ezpada, adarrak jarri dizkio Martini Bruxelan, gero mutilak jarriko dizkiolakoan...Ikus, azken orrialdean Xuan eta Añesen artekoa.
baina orduan ernatu bazen ere, ez zen mantendu. Oroitzapenetan geratuko zaio Añesi istripuz hilko baita mutila euren amodio lekuetatik hurbil. Oroimenean Estebanekin izaniko sexualdi bikain hura geratzen zaio Añesi, behin betiko nonbait, jarrera pasiboa dakarkiona, gero Bruno mutil lagunaren kexa sorraraziko duena: Añesek ez omen du sexuaz gozatzen... Estebanen galderak Añesen gerorago bikote hautaketaz ere badoaz, azken finean, neskak bere harrez geroko estrategia justifikatu nahi balu bezala diharduela, pentsa liteke.
Iragana: terapia bezala? Amama Margari Narratzaileak etengabe egiten du atzera, gure protagonista nagusi bien Añes eta Martaren senideen pasadizoak kontatzeko. Paralelismoak indar handia izango du. Izan ere, amama Margariren historian ere, ordezkapen (sustituzio) bat dago. Senargaia zuen gerra aurrean, baina hark eztanda egin zuenean amamaren nobioak, Juanito Larrondo izenekoak, borrokan bizia galdu zuen. Amona gerra ostean beste gizon batekin ezkondu baina beti hila zuen egiazko amodioa gogoan jarraituko du. Añesek irudikatzen du Juanito zendua legezko senar-emaztearen erdian eta izara artean. Aise irudikatzen dugu historia honetan Añesen beraren patua, mutil bat (Esteban) maite baina harena ere heriotzak eta... maite harremana eten zutelarik, Añes beti biziko da, nahiz eta beste mutil lagun bat topatu, Estebanen irrikan, bera ahaztu ezinik, amonak egin zuen bezalaxe.
Euskara eleberrian Eleberria aise irakurtzen da. Dauzkan elkarrizketa ugari eta, oro har, perpaus laburrak asko ahalbidetzen dute irakurketa azkarra. Euskaran aldetik, txatxarkeria batzuk aipatzeko modukoak. Ederki baliatzen du euskarak bideratzen dituen zenbait aditz esanahi berriak bideratu nahian. Esaterako: biribilkatu, multzokatu, itzulikatu eta horrelako aditzak. Zenbait egiturak behartuak bezalakoak dirudite. Esaterako, aditz adberbioa gehi aditz laguntzailea: (...) jarrita du lehen oina” (jarria du, edo jarrita dauka, erosoagoa egiten zaigu entzutea). Edota. (...) indarra galduta dute” (155). (...) “bustita ditu” (171) Destinatiboa –ra, ikusten dugu beste zenbaitetan: “Añes barrara eserita dago” (180). Beste hau: (...) “eta heltzeko lasai gerrira (150). Azkenik, honako hau: “Lasse Emikoren eskuetara adi dago” (262).
Bestalde, zenbait joerak harrigarri samarrak dirudite. Hiztegian, adibidez, narratzaileak behin eta berriro darabilen kutxa hitzaren alor semantikoa (guk, oro har, kaxa, erabiliko genukeen zentzuan).
Iritzia Irati Elorrietak eleberri freskoa, erakargarria, eta bizi-mota baten adibide bikaintzat jo daitekeena plazaratu digu. Seguru asko atzerrian urte bat, bi edo agian gehiago pasatu duenak badaki zertaz ari garen. Lan, ohitura eta abarren zailtasunak arazo unibertsalak izan badaitezke ere, norberak guztiz menderatzen ez duen giro batean biderkatu egin daitezke. Baina ez gaitezen engaina, Iratik Berlin edo Parisen kokatu dituen giza harreman horiek hemen “gure” etxean bizi edo pairatu daitezke. Une batez Xuhan Martarekin hizketan ari dela, hark galdetzen dio: “Zure euskal uharte horretakoa al da zure laguna ere?” Martaren erantzuna adierazgarria da: “Uhartea...-Hasperena- Zer esango dizut? Bai eta ez. Euskal Herriko leku batzuetan, Euskal Herrian bizi gabe bizi daiteke”. Horregatik, gure ustez, nobelaren balio erantsietako bat, da, ez duela alderdi nostalgikoa gehiegi astintzen, ez dago herrialde idealizaturik: gizakiaren arazoak unibertsalak dira, ez dago a priori, paradisutzat jo dezakegun oasirik munduan. Baina berriro ere errepikatuko dugu, eleberrian, adiskidetasunaren garaipen garbia dago (Xuan, Lasse, Claire, Kai...), maitasun, hemen sasi-maitasuna deituko genukeenaren gainetik (Martin, Bruno...). Gainera, irakurleak jaso lezake ondoko mezua, egiazko maitasuna (Esteban, heteroa, behintzat) hain da zaila lortzekoa, ia-ia utopiako erreinuan baino ez dela bizi, beraz, hobe duzue etsi, lortu ezina izango baitzaizue...
ERANSKINA Sexualitateaz Hauskortasuna, giza harremanetan, zalantza nortasunaren definizioan, egungo gizartearen ezaugarrietako bat den neurrian, eleberri honetan ere egiazta dezakegun problematika da, besterik gabe. 142-143. orrialdeetan, bada berriketa bat Añez eta Xuanen artean guztiz argigarria. Xuan, vietnamdarra, pertsonaia egokia dirudi haren ezpainetan gogoeta edo hitz zenbait jartzeko. Marta eta Añesekin dagoela besteak zirikatu eta berea adierazi, gauza da Añesi ea Marta ona den ohean galdetzen dio. Erantzuna, Añesen aldetik, sentimenduaren eta sexuaren arteko bereizketa dator: Ia bi urtez bizi izan naiz Martarekin. Onartzen dut gogoko dudala Martin hurbil izatea. (...) Oso sexia iruditzen zait. Baina, Xuan, ez dut inoiz desio sexualik sentitu”. Elkarrizketak jarraitu egingo du, Xuan, homosexuala dugu baina hark badirudi bere sexualitatea finkatuagoa duela: “Ez nazazu gutxietsi, Agnieszka! Ez duzu pentsatuko sexualki baino ez dakidala pertsonez gozatzen. Hala balitz, ez ginateke zu eta biok hemen egongo”. Azkenik, Xuanek bere zalantzak argitu nahi ditu eta, ostera, ere, ustezko homosexualitateaz galdetzen dio zuzen-zuzen: “Eta Martin Martaren ohera sartu zenena,
lekua
kendu
zizun
zuri”.
Eta
are
zuzenagoa
izango
da:
“Marta eta zu ez al zarete heterosexualitate behartu baten biktimak izango? Añesen erantzunak azkena behar luke ondo bidean: “Nire sexualitateak baditu bere arazoak, Xuan, baina ez diezaiogun heterosexual deitu, arren. Ez nire sexualitateari, ez eta haren arazori ere”