Antxon Narbaiza, 2016-04-05
SINOPSIA 293 orrialdetan barrena eta 61 kapitulutan banandurik, egileak 1980ko Euskal Herrira bidaiatzea proposatzen digu non Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean ezinbestez bizi behar duen familia baten gorabeherak kontatzen diren. Horretarako, mutiko batek Xabik, bere mundu ikuskera, bere errelato berezia eskainiko digu ikusten eta sentitzen duenaz.
Ideiak ez du egia ezkutatzen Aita Donibane Lohizunera ihesi joana da, eta, zertzelada hori, nobelan barrena agertuko da behin eta berriro; Ugarte familiaren patua baldintzatuko duen egoera izango baita. Aita, Jose MÂŞ, Oreretatik Hendaiara, Iparraldean, eta ama, MÂŞ Carmen eta hiru seme-alabak: Gotzon, Nagore eta Xabi, hurrenez hurren, Oreretan, Hegoaldean bizi diren bitartean. Hasieran Joxe Mari bakarrik iritsia da Hendaiara poliziarengandik ihesi. Gero lotuko zaio familia: emaztea, eta hiru seme-alabak. Horra, historiarekin lotura zuzena duen egoera; XX. mendeko 80ko hamarkada hartan borroka armatua dela eta, Iparraldera, pasatzen diren Hegoaldeko euskaldunen kopurua ez da txikia. Eurak han eta, familiak, hemen, gehienetan, dinamika gogor eta zail honen harian kokatzen da eleberria. Horraino narrazioaren alderdi historikoa. Orain, oinarrizko erronka dator: literaturtasuna, hain zuzen hura bilatzea falta zaigu. Betekizun hori betetzera datorkigu Xabi izena duen arestian aipaturiko familiako haur gazteena. Haren bidez jarraituko dugu gorabehera askoko familiaren bizitza. Narratzaileak, hain zuzen, mutikoaren begietatik erakutsiko digu gatazka haren hainbat aurpegi.
Gerra txikia? Gerra 1980ko hamarkadan, seguruenik, ETAk bere berunezko legea inposatu nahi zuen. Haren ekintza armatuari, aurre egiteko, Estatuko segurtasun indarrek seguruenik, GAL izeneko erakunde armatua sortu zuten. Gerra guztietan bezala, hemen ere, esan daiteke arrazoi geografikoak medio, bazegoen fronte nagusi bat: Estatu arteko mugak. Bertatik izan ohi zituzten nagusiki, horrelakorik esaten zen behintzat, ETAko kideek sartu-irtenak. Eta, batez ere, haien familiartekoek. Baina Bida-
2
soaz bestalde, batez ere, gerra batek sorrarazten dituen zeharkako kalteak –edo daños colaterales gaztelaniaz–, nabarituko dira Iparraldean. Gerra hartan errefuxiatuek galtzaile izateko aukera handiak zituzten. GALaren eragina ez zenean, estatuen presioa zegoen. Tentsioa are handiagoa bihurtzeko, Xabiren aitari datorkion debekua etorriko da Frantziar agintarien aldetik: ezin izango du Hendaian bizi. Espainiaratua, Jose Mª kartzelan sartuko dute Madril aldean. Eta gerra haren kalteen artean, orduan “zerga iraultzaile” deitu izan zen haren lekukoa ere barneratzen digu egileak, gerra txiki hura ez zela horren txikia izan ikustarazteko. Aita Jose Mariren anaiaren bisita dugu. Aitzakia, Tourra ikustera datorrela; baina arrazoia askoz larriagoa da: Xabiren osabak anaiari erregutzera dator, alegia, zerbait egin dezala bera “zerga”tik libra dadin. Dialogo gordina anaia bion artean, bakoitzak bere arrazoiak plazaratuz. Beraien berbaldiak ez du askotarako balio izango bakoitzaren mundua oso urruti baitago bestearenetik. Anaia urrunduak ez du bestea babestu nahi izango. Baina gertakariak ez du jarraipenik izango; irudi luke egileak barneratu duela garai hartako nolabaiteko inbentario doilor bezala, orduko egoeraren beste lekuko bat plazaratzen duela. Xabi Gotzon, Nagore eta Xabi dira, hurrenez hurren, Ugartetarren hiru seme-alabon izenak. Gurasoen egoera bereziaren jazarle zuzenak dira. Hasteko, egokitu egin beharko dute: mugaz bestaldeko arauak, ohiturak, lagun eta eskola desberdina, jendarte aski bestelakoa, haiek guztiekin jakin beharko dute elkar bizitzen. Xabi, protagonista nagusia, bere adina zehazten ez den arren, argi ikusten da eleberriarekin batera hazten doan mutikoa dela; haren begietatik joango gara ikusten Gerra txikiko gertakariak. Haren egunez egunekoa narratzen da xehetasun osoz liburuan barrena. Gure protagonista gorputz aldetik ahul samarra da, ez da oso errimea kirolean, asma du eta, gainera, “ohea bustitzen du”. Zertzelada horrek hainbat eragozpen sorraraziko dizkio, batez ere, bizitza berriko gizartean. Xabi, mundua deskubritzen joango da, nagusiek deitzen dioten politika, ideien mundu zaila eta iluna, eta, eguneroko praxiaren artean kulunkatuz. Konturatzen da, bere aitak eta bestek darabilten gerra, gauza serioa dela. Noizbehinka gurutzatu behar duten muga hura bezalakoa. Bestalde, bere adinari dagokionez, erritu iniziatikoa, hastapenezko esperientziak, egunez egun sentitzen ari da. Maitasuna, 3
sexua, lagun arteko harremanak, euren ezkutukeriak eta guzti (adibidez, zigarroak erretzea, nahiz eta jakin kalte egiten diela bere birikiei), horrelako gauzak bihurtuko dira haren aurkikuntza. Mutikoaren hauskortasuna nabari agertzen da harat-honateko bizitza hartan; esaterako, gurasoen premia handia sentitzen duen gorputz ahul hartan ederki islatua dator eleberrian. Baina eurak errefuxiatuak dira –behin baino sarriago entzun beharko du hitz hori– beraz, goitizen honekin bizi beharko dute han dauden bitartean. Eta datorkiena jasan... Bi mundu nahiz eta oso hurbil kokatu Deserrotze bide izan litekeen hartan, Hendaian, bere sorterriko ErrenteriaOreretatik ia-ia bertan egon arren, zeinen desberdinak diren gauzak ohartuko da mutikoa: kaleen bakardadea, jende adinekoa, hizkuntza arrotza, ohitura arrotzak, izen arrotzak (han, hemen ez bezala, “granadina, orangina” edaten dute). Gehi diezaiogun honi gure errefuxiatuen senitarteko gehienen bizitzaren behinbehinekotasuna: gaur hemen, bihar han, bizilekua etengabe ari dira aldatzen, eta, hala ere, polizia etxera etorri eta, beraiekin bizi den morroia, eraman egingo dute. Gero, aitaren aldian aldiko absentzia, agertu-desagertu baitabil, azkenekoz atxilotu eta Espainiara bidaltzen dutela; horrek guzti horrek areagotu egingo du gure gaztetxoen, batez ere Xabiren egonezina. Xabik aitari, baita amari ere, baina azken hau ia egunero ikusten du, xera berezia dio eta, beti dago desiratzen hura etxean ikusteko. Bere inguruko mundua ezagutzen Xabik, bere neba-arrebek bezala, batzuetan arian-arian, besteak nahiko traumatikoki, inguratzen duen errealitatea deskubritzen dihardu. Ikusten dutena, jasaten dutena, sentitzen dutena, hots, bizi dutena, hori dute irakaslerik, onena ez bada, bai azkarrena. Etxetik –edo etxeetatik –bat baino gehiago ezagutuko baitu Hendaia aldean–, pasatuko diren pertsonek ere, bere eragintxoa izango dute mutilaren izaera moldatzen. Heriotza ere ezagun egingo zaie Xabiri eta bere anaiaarrebei: Beltza eta Txomin, batez ere azken honen kontrako atentatuak, zirrara berezia sorraraziko du gaztetxoengan. Eleberriak daraman Gerra Txikia izenburuak handi izateko itxura hartzen du une gogor haietan. Poliziak, gendarmeak, etxean agertuko zaizkie, gertakari horrek sor lezakeen traumarekin. Azken finean, beste errealitateak, egunerokotasunak dakarren errealitatea prosaikoegia, estali egiten du maiz egoera politiko zorrotzak. 4
Antzeratzea edo imitatzea Gaztetxoek helduak miresten dituzte zenbaitetan. Ez zen salbuespen Xabiren mundua. Aitaren bizitza: iheslari, errefuxiatu...miretsi edo egingo du. Eta inoiz irudikatu. Behin arreba Nagorerekin batera, euren indar armatua sortzea iruditu zitzaien: Pailazo Hiltzaileak izena duen taldea –PHK akronimoz– sortuko zuten eta, agian, Xabi inoiz, bera ere, aita bezala errefuxiatua izango zen. Dena den, narratzaileak ez dio bide luzerik ematen eleberrian Xabiren eta bere arrebaren asmakizunari. Xabi gizarteratzen Esana dugu Xabi gaztetxoaren baitan erritu iniziatikoak edo hastapen errituak etengabeak direla. Batzuetan bakarrik, bestetan bere laguntxoekin, Xabik gizarteratze prozesu azkarra bizi du. Batzuetan batekin, bestetan beste batekin, bere ardurarik handiena aldamenean dituenak ez bustitzea izango da. Batez ere, ezezagunen aurrean, Enekorekin gertatu zitzaion legez. Anaia gazteena izaki, nagusiak dioena buru-belarri sinetsiko du. Gotzon anaia, hain zuzen, eredu da beretzat. Bekaitz ere bada pixka bat anaiagatik: nota onak ateratzen ditu frantsesean, berak ez bezala eta, neskak erakartzeko gaitasuna ere badu. Maitasuna Poliki-poliki, sexua deskubritzen joango da, aurrean jartzen zaizkion neskak edo emakumeak ederretsiz, baina maitasuna ere ez du urruti izango. Hasteko, frantziar kulturako emazte haiek, Arantza, Sylvie...emakume helduak dira. Xabiri, bere anai-arrebei bezala, politesse, edukazioa irakatsiko diete, gero, agian, bestelako amets onirikoren bat piztuko. Oihana du izena bere ninfak, bere maitasun ezkutuak. Etengabeko tema darama hura ikusteko, harekin egoteko gogoa ez da itzaltzen, zenbaitetan, obsesio bihurtzeraino. Maitasun ezinezkoa iruditzen zaio, baina, arrazoi zehatzak ematen ez zaizkigun arren. Neska “iheskorra” egiten zaio, orduan konturatzen da maitasunak ere problemak sor litzakeela. EUSKARA Egilearen prosa ulertzea ez zaigu nekeza gertatuko. Hiztegi mailan egon litezkeen zailtasunak landa, hitz ustez ulergaitz zenbait barneratu ditugu ohi bezala, goazen orain bestelako ñabardura batzuk azaltzera. 5
Joskerari dagokionez, nobelan ez da prosa oso zaindua ageri, seguruenik Garrok beste eleberrigile askok legez, ez diolako aparteko garrantzirik eskaintzen. Esaterako, perpausaren osagaien ordena ez dirudi oso kanonikoa. Aditza perpaus hasieran: “Irten ziren gurasoak” (21). “Ez ezik ...ere” emendiozko juntagailuen bidez osaturiko perpausetan, bigarren osagaiaren falta nabari ageri da, hain zuzen, ohitura hori egungo idazle gazte askoren erabileran egiaztatu ohi da. Larriagoa da gure uste apalean –hemen badirudi ahozko errejistroa idatzia kutsatu duela–, gipuzkera mintzagai dutenek egiten duten akatsa dugu, alegia, baina juntagailua, baino konparatiboarekin nahastea. Esaterako: “Geroz eta garbiago zeukan, azaletik ikusten zena baina serioagoa zela maitasuna” (148). Beste inoiz, aditz errejimenaren urratzea ematen da: “ateari jo dio” (24). “Jotzen zieten”, hurrengo baten (178, bi aldiz, jarraian). Edota “inori jo gabe” (199). Kasu honetan, aurrekoetan ez bezala, ez da adierazpiderik galtzen “inor jo gabe” idatzita. Bestalde, partitiboa ezartzea ahantzi bide zaio egileari ondoko esaldian: “Begi tristeak zituen eta ez zuen inoiz bisita jasotzen” (262) Nahaste harrigarriren bat ere nabarmendu dugu. Jeneroa markatzerakoan, adibidez: “Sylvie, Stephane, Corinne...horrelako izenak zeuzkaten etorkinen seme pobreek” (123). Garbi dago aipatu diren izenok, emakume izenak direla, beraz, nekez izango dira semeak. Iratxoren bat sartu da hurrengo esaldian, berau ez ulertzeraino: “Baina larritasun antzuak diren” (?) (154).
Azken hitza Lander Garrok 1980ko hamarkadako euskal gizartearen argazki bat egin nahi izan du. Gizarte-ohiturak, langileria, maite-gorrotozko bizitzak...nobelatu zitzakeen. Berak, baina borroka armatuaren eragina euskal gizartean islatu nahi izan du. “Euskal gatazka” deitu izan den horren eragina familia baten baitan, zehatz adierazteko. Garroren irakurketa gatazkaren barruan harrapaturik geratu den Ugarte familian kokatzen da. Eta, zehatzago esateko, Xabi gaztetxoaren baitan. Ez da berritasun mundu literaturan, era bestera edo bestera, haur bat lekuko hartuz, ehuntzen den istorioa. Gure honetan Xabier Ugartek bere haurtzaroa ku6
tsaturik ikusiko du bere familiaren, bere etxearen inguruan jazotzen diren gertakariak bere begiz ikusten eta sentitzen dituela. Eleberrian batzuetan ederki islaturik geratzen da mutikoaren ikuspuntutik errealitatea, bestetan, berriz, gurutzatu egingo dira haurraren eta narratzaile objektiboaren hitzak ez dugularik jakingo noiz ari den bata eta noiz bestea. Lander Garroren ahalegina eskertu beharra dago. Hor geratuko da bere lekukotasuna gure historiaren aro zail, istilutsu baten gainean. Beldur gara ez ote zaion lekuko historikoa alderdi literarioari nagusituko. Gaitz erdi.
HIZTEGIA Beilegi (205): hori, errubio. Berina (14): beira Betierekoa (257): betirakoa Burusiak (33): mantak Dirdaitu (14): dirdira egin Egiantza (263): (gazt: verosimilitud). Firrinda (253): (gazt: zumbido, silbido). Gaztigatu (193): jakinarazi Karraskila: zuhaixka bat (gazt: aladierno). Kirrinka (34): gauza batek egiten duen hotsa, zarata Kuxina (14): almohada Loria (196): gloria Malguki (56): (gazt. muelle). Matalazak (191): lastairak: koltxoiak Ospela (24): Itzala (hemen) Soraio (205): geldi Txanbil (37): suila: edarra Txardango (262): (gazt: horquilla, palo corto). 7
Ubera: itsasontziek eta, uretan doazela, atzean uzten duten arrastoa. Zabu (34): (eib.: zibili-zรกbulua), kolunpixuak
8
Lander Garro: Literaturaren zubitegian http://zubitegia.armiarma.eus/?i=670
Wikipedian https://eu.wikipedia.org/wiki/ Lander_Garro
Hitzen Uberan http://uberan.eus/?gatzetan-gordeak/
9
10