SAHARAKO IPUIN TRADIZIONAL HAUTATUAK Xabier Susperregi
SAHARAKO IPUIN TRADIZIONALAK
ELEFANTEA ETA ARDIA Esaten dutenez, elefantea eta ardia ezkondu egin ziren. Jaima batean bizi ziren, hegoaldera lursail bat zutela, eta are hegoalderago landaretza oparoa. Ardiak etxeko lanak egiten zituen bitartean, elefanteak bazkatzen ematen zuen egun osoa. Egun batean, elefantea belar goxoa jaten ari zela, txakal bat hurbildu zitzaion, eta hauxe esan zion: —Ene lagun! Ez nuke zure lekuan egon nahi. Gaixoa zu! Arantzak eta belar mingotsak jan behar, haragi goxoa eskura izanda! —Zein haragi? —Zein izango da ba! Jaima zaintzen gelditu dena! Haren haragia nola jaten den ez badakizu, neuk irakatsiko dizut. —Ona al da ardiaren haragia? —Ezin hobea! Zuk esan noiz jan nahi duzun, eta hementxe izango naiz ordurako. —Ongi da. Etorri bihar eguerdian. Iritsi zen, bada, biharamuneko eguerdia. Txakala ardia jateko irrikaz zegoenez, ordua baino lehen iritsi zen topalekura. Elefantea iritsi zenean, elkarrekin jaimarantz abiatu ziren. Ardiak senarra hurbiltzen entzun zuenean, atera hurbildu zen. Hasieran, elefantea soilik ikusten zuen, oso handia zelako, baina, gero, ondoan txakala zuela konturatu zen. Orduan, hauxe pentsatu zuen: —Nik uste dut bi horiek nire bila datozela. Orduan, ziztu bizian, ihes egin zuen, iparralderantz. Ez zekien oso ondo nora joan, baina elefantearen eta txakalaren asmoak ezagutzen zituen, eta ez zituen batere atsegin. Inguru hartan akazia ugari zeudela ikusi zuen. Enbor batera gerturatu, azalari tira egin, eta puska bat hartu zuen. Erlauntza batera hurbildu zen gero, eta azala eztitan busti zuen. Gero, jaimara itzuli zen. Hantxe zeuden elefantea eta txakala. Senarra haserre bizian zegoen ardiarekin: —Non izan zara?
—Lasai, ez kezkatu! Honen bila joan naiz. —Zer da hori? —Dasta ezazu. Elefanteak, orduan, bere mihi luzeaz miazkatu zuen, eta asko gustatu zitzaion. Ardiari galdetu zion: —Non aurkitu duzu hau? Gozo-gozoa da. —Txakala estutzean ateratzen da. Estutu eta estutu, eta begira ze pila ateratzen den. Hori entzundakoan, elefantea txakalarengana zuzendu zen, eskuen artean estutzeko prest. Baina, txakalak, handik ihes egitearren, hauxe esan zion: —Jainkoari eskerrak! Atzo bertan estutu ninduten! Baina elefanteak ez zion kasurik egin, eta estutu egin zuen. Nolanahi ere, txakalari ateratzen zitzaiona ez zen eztia, ezta eztia bezain gozoa ere. Orduan, askatu, eta beste txakal baten bila atera zen elefantea. Ardiak, une horretan, ihes egin zuen, eta inguruan zebiltzan ahuntz batzuen artean gorde zen.
TRIKUA ETA ANTXETA Behin batean, triku batek eta antxeta batek oihanean lasterketa bat egitea erabaki zuten. Irabazleak atsedena eta bazkari berezi bat lortuko zituen sari modura. Ba al dakizue trikuak zer egin zuen? Gau osoa lagun zituen trikuak elkartzen igaro zuen. Bakoitzari ibilbidearen leku zehatz batean egoteko eskatu zion. Hurrengo egunean, lasterketari hasiera eman ziotenean, antxetak, atseden hartzeko gelditzen zen bakoitzean, trikuari deitzen zion: —Triku! Triku! Non zaude? Orduan, trikuaren lagunetako bat irteten zen bidera, leku guztietan baitzeuden ezkutatuta, antxetak deitu orduko ateratzeko prest. Azkenerako, antxetak amore eman zuen. Eta ba al dakizue lasterketa nork irabazi zuen? Saharako triku iruzurtiak!
TRIKUA ETA LEHOIA Behin batean, trikuak eta lehoiak bietatik agintari onena zein zen jakin nahi zuten. Epaile batengana joan ziren, hark erabaki zezan. Otoitz egiten aurrena amaitzen zuena izango zela erabaki zuten. Hurrengo egunean, goizean goiz, lehoia otoitzean jarri zen esnatu orduko: —Allahu akbar (otoitzaren hasiera da). Ba al dakizue trikuak zer egin zuen? Hauxe esan zuen: —Asalamhaleikum (otoitzaren amaiera da). Epaileak trikua izendatu zuen agintari.
XARTAT ETA GAMELUA Xartat etxe batean zegoen. Etxe hartan, gamelu bat zeukaten. Gose zen, eta hauxe galdetu zuen: —Zertarako nahi duzue gamelu hau? —Gure bagajea eramateko —erantzun zioten. Eta Xartatek esan zien: —Jan dezagun gamelua. —Eta zer egingo dugu bagajearekin? —Nik eramango dut —erantzun zuen Xartatek. Bagajean gauza ugari zeuden: mantak, ura... Gamelua jan ondoren, Xartati esan zioten: —Tira, Xartat, hartu bagajea. Gauza guztiak jartzen hasi ziren. Baina, bukaeran, manta bat jarri gabe geratu zela konturatu ziren: —Xartat, zer egingo dugu manta honekin? Eta Xartatek erantzun zien: —Jar ezazue nire gainean. Baina ni ez naiz altxatuko!
JOHA ALBAITARIA Bazen behin abeltzain bat, emaztearekin eta seme-alabekin mendian bizi zena. Behi bat zeukaten, esne ugari ematen zuena, baina berezitasun bat zeukana: belar berdea besterik ez zuen jaten. Behin, halako batean, lehorte izugarria etorri zen, eta inguruetako belar guztia ihartu egin zen. Belar berderik ez zegoenez, behia argaltzen eta ahultzen hasi zen, eta jabea kezkatzen. Konponbide bat behar zuen, eta jendeari galdezka hasi zen. Handik ez oso urrun, Joha izeneko albaitari on bat zegoela esan zioten. Harengana joan zen abeltzaina, eta gertatutakoa kontatu zion. Joha albaitariak konponbide ezin errazagoa eta ezin merkeagoa eman zion abeltzainari: betaurreko orlegi batzuk eman zizkion, behiari jartzeko. Betaurreko haiei esker behiak belar guztia berdea ikusten zuenez, jateari eman zion, eta indarberritu egin zen. Esne ugari ematen hasi zen berriz ere, eta zoriontsu izan ziren guztiak.
GIZONA ETA PATUA Garai batean, jende guztiak otoitz egiten zuen, Jainkoaren beldur zen-eta. Denek kontu handiz betetzen zituzten Koran sakratuan jasotako irakaskuntzak. Hala ere, Saharako frig edo kanpadenda batean, denaren beldur zen gizon bat bizi zen. Denak ikara ematen zion: ez zen eguzkitan jartzen, erretzeko eta sukarra izateko beldur zelako; ez zen gauez irteten, hienen beldur zelako; ez zen egur bila joaten, eskorpioien eta sugeen beldur zelako, eta abar. Behin batean, Mekarako bidean erromes zihoan gizon santu elizkoi bat igaro zen ikaratiaren frigaren ondotik, eta, iluntzen hasia zegoenez, bertan gelditu zen afaltzen eta lo egiten. Gau hartan, gizon beldurtiak antxume bat sakrifikatu zuen bisitariaren ohorez, eta emakumeek kuskusa, esnea eta datilak eskaini zizkioten afaltzeko. Gero, tea hartu zuten, eta berriketan aritu ziren, giro atseginean. Orduan, frigeko buruzagiak zera galdetu zion santuari: —Ezagutzen al duzu gizon ikaratiak hainbesteko beldurra izateari uzteko erremediorik? —Ezagutzen dut, bai —erantzun zion santuak—. Ekar ezazue gizon beldurti hori niregana, eta utz gaitzazue biak bakarrik. Gizon ikaratia harengana eraman zutenean, eta biak bakarrik gelditu zirenean, elkarrekin otoitz egiten hasi ziren. Gero, santuak galdera egin zion: —Zergatik zara hain ikaratia? Zure bizitzaren amaiera jaio zinenetik dago idatzita, beste guztiona bezala. —Nire heriotza noiz eta nola gertatuko den jakingo banu, ez nintzateke beldur izango, aurrea hartu ahal izango niokeelako — erantzun zion ikaratiak. —Oker zaude. Idatzita dagoena ezin da aldatu. Ezin dugu ezer egin. Alak askatasuna eman digu, baina, trukean, berak erabakitzen du noiz etorriko garen mundura eta noiz aterako garen bertatik. Eta hori ezin da aldatu. —Bai, alda daiteke! Heriotzaren ordua zein den jakingo banu, aurrea hartuko nioke, aldez aurretik prestatuta egonez!
Gizon santuak, orduan, otoitz egun zuen, eta Alari laguntza eskatu zion, ikaratiari nola edo hala beldurra kentzeko. Ordurako oso berandu zenez, lotara joan ziren denak. Hurrengo egunean, otoitz egin ondoren, gosaldu egin zuten, eta gizon santuak Mekarako bidean aurrera jarraitu zuen. Baina, joan baino lehen, beldurtiari deitu, eta hauxe esan zion: —Bart gauean, lo nintzela, aingeru bat mintzatu zait, ametsetan. Eta zu nola hilko zaren esan dit. —Benetan? Esadazu, bada! Horrela, ez naiz ezeren beldur izango! —Aingeruak esan dit suge batek kosk eginda hilko zarela. Gizon beldurtiak asko eskertu zion santuari nola hilko zen argitu izana. Orduan, gamelutik inoiz ez jaistea erabaki zuen, suge batek ere ez zekion kosk egin. Bi urte eman zituen horrela, gamelutik jaitsi gabe. Gameluaren gainean jaten zuen, gameluaren gainean egiten zuen lo. Ez zen ezertarako jaisten. Denek zekiten heriotzaren beldur zela, eta, horregatik, sugeak ekiditen saiatzen zela. Behin batean, bide luzea egin behar izan zuten, ur bila joateko. Eta, bidean, herrikide batzuek beldurtiari ziria sartzea erabaki zuten: —Begira, suge bat dago zure gameluaren eskuinaldean! Gizona, beldurtuta, ezkerretara baztertzen zen. Besteek, bitartean, barre egiten zuten. Bi egun eta gero, oasi eder batera iritsi ziren, eta, han, atseden hartu zuten, bai gameluek, bai gizakiek. Gero, kanpadendak prestatzen hasi ziren, gaua bertan igarotzeko. Baina, denak lanean ari ziren bitartean, beldurtia ezer egin gabe zegoen, gameluaren gainean. Beraz, adarra jotzearren, gizon bat gameluarengana hurbildu zen; isil-isilik, gerriko beltz bat jarri zion gainean, eta oihuka hasi zen: —Kontuz! Suge bat dago gameluaren gainean! Beldurtiak, gerriko beltza ikustean, benetako suge bat zela pentsatu zuen, eta, azkar-azkar, lurrera salto egin zuen. Baina, zoritxarrez, lurrean suge pozoitsu bat zegoen, eta oharkabean zapaldu egin zuen. Sugeak kosk egin zion hanka batean, eta gizon
beldurtia hil egin zen. Orduan, santuak esandako hitzez gogoratu ziren denak...
(Ipuinaren narratzaileak ondorengo lerro hauek erantsi zizkion kontakizunari, bere aitak hauxe esaten baitzion bukaeran:) ÂŤIkusten duzunez, ipuin batzuk ez dira ondo bukatzen. Baina orain, behintzat, badakizu ez zarela heriotzaren beldur izan behar, zeren eta, ekiditen saiatu arren, haren orduan iritsiko da, eta inork ezin izango du ezer egin. Beraz, saia zaitez egunero zintzoa izaten, heriotza iristen zaizunean ez zaitezen ezeren damu izanÂť.
XARTAT ETA LEHOI ERREGEA Behinola, festa bat antolatu zuten animalien erresuman, lehoi erregearen semea adin nagusikoa bihurtu zela ospatzeko. Sabanako animalia guztiak gonbidatu zituzten: handiak, txikiak, beldurgarriak, lasaiak‌ Denak oso pozik ibili ziren festa hartan. Panterak dantzan ibili ondoren, gaueko ikuskizunik ederrenetakoa hasi zen: dlim edo ostrukaren dantza. Ostrukak ondo baino hobeto prestatu zuen bere dantzaldia, lehoia aho zabalik uzteko. Animalia guztiek txalo eta txalo egiten zuten ostrukak pauso bat eman eta lumak astintzen zituen bakoitzean. Xartat jan eta jan zebilen, bien bitartean, ohi bezala goseak baitzegoen. Eta, bat-batean, ostrukak bertaratutakoen artean zenbateko arrakasta zuen ikusita, hauxe oihukatu zuen: —Hara! Hori nire iloba da! Lehoi erregea zertxobait harrituta gelditu zen bi animalien arteko ahaidetzarekin, baina asko eskertzen zuenez ostrukaren ahalegina, ohorezko oholtzan esertzera gonbidatu zuen Xartat. Xartat ezin alaiago zegoen; inoiz ez zen hain gustura egon. Baina, bat-batean, ostrukaren lumetako bat askatu egin zen, eta lehoi txikiaren begi bat jo zuen, bete-betean. Kumea negarrez hasi zen, eta aita laguntzera hurbildu zitzaion. Bitartean, ostrukak, isil-isilik, hanka egin zuen. Eta lehoiari ostrukak ihes egin zuela adierazi ziotenean, honela erantzun zien: —Ez zaitezte kezkatu, osaba hementxe daukat-eta...
XARTAT ETA ESNE PITXERRAK Zorigaitz guztiak Xartati leporatzen zizkioten. Istorio honetan, zekenkeria, umorea eta malezia nahasten dira. Beduinoek pitxer biribil handitan jartzen zuten esnea. Xartat bi emakumerekin zegoen, eta hiru pitxer zeuden, gamelu-esne gozoz beteta. Emakumeek esnea banatzeko eskatu zioten Xartati. Xartatek, orduan, pitxer bat hartu, eta hango esnea emakumeen artean banatu zuen, eta beste bi pitxerretako esnea beretzat hartu zuen. Emakumeak, orduan, kexatu egin ziren, hori bidegabea zela esanez. Xartatek zera esan zien: —Zuek biok, pitxer batekin, hiru zarete, eta bi pitxerrak eta ni hiru gara. Beraz, alde bakoitzean hiru gaude.
LEHOIA ETA GIZONA Bazen behin gizon-talde bat, basamortuan aurkitzen zituen herrixka guztiei eraso egiten ziena eta ganadu guztia lapurtzen zuena. Baina, gau batean, lehoi zauritu bat topatu zuten bidean, eta, beldurtuta, gelditu egin ziren. Gizonetako bat lehoiarengana hurbildu zen, eta gaizki zegoela konturatu zen. Lagunei deitu zien, lehoia sendatzen laguntzeko, baina inor ez zen hurbiltzen ausartu. Gizonak, orduan, bere kabuz sendatu zuen lehoia. Jaten eta edaten eman zion. Eta, gero, taldearekin batera, bidean aurrera jarraitu zuen. Hainbat ordu igaro ondoren, gizonetako bat konturatu zen lehoia atzetik segika zutela, baina buruzagiak esan zien beldurrik ez izateko, lehoiari kasurik ez egiteko, eta bidean aurrera jarraitzeko. Tribu batengana iritsi zirenean, eraso egiten zioten. Lehoia ere haiekin borrokan ari zela ikusi zuten. Amaitutakoan, abere guztiak hartu, eta banatzen hasi ziren. Lehoiari gamelu bat besterik ez zioten eman; beste guztientzat, askoz ere abere gehiago hartu zituzten. Orduan, lehoia haserretzen hasi zen, eta gizonak beldurtzen. Buruzagiak esan zuen lehoiak ere borroka egin zuela, eta besteek adina merezi zuela banaketan. Beraz, berriro banatu zituzten abereak, eta bakoitzari berea eman zioten. Lehoiak sendatu zuen gizonari eman zion bere zatia, eta, poz-pozik, betiko joan zen, taldea utzita.
XARTAT ETA GARAGAR IRINA Behinola, Xartat jaima batera hurbildu zen, eta inguruminguruan ibili zen, abere bat harrapatzeko asmoz. Ahuntzak une horretan bertan askatu zituzten, baina ahuntz bakoitza bi gizasemek zaintzen zutenez, ezin izan zuen bat bera ere lapurtu. Orduan, amaginarrebaren jaimara joatea erabaki zuen, han garagar-irina egongo zela jakinik. Beraz, amaginarrebaren jaiman sartu, eta garagar-irina bilatzen hasi zen. Eta aurkitu egin zuen. Gero, gurina bilatzen hasi zen, eta, aurkitutakoan, puska bat hartu zuen. Ondoren, adhan edo gurin urtu berria topatu zuen, hozten ari zena, eta hori ere hartu zuen, bai eta gurina jasotzeko acca edo zahagi txikia ere. Azkenik, gadha edo katilu handi bat hartu zuen, eta, bertan garagar-irina, gurina eta gurin urtu berria bota zituen. Guztia nahasi, eta ur bero pixka bat bota zuen, eta irabiatzen jarraitu zuen, zamit izeneko ore lehor bat egin arte, eta jan egin zuen. Baina, une horretantxe, amaginarreba sartu zen jaiman; Xartaten seme-alaben amona, alegia. Eta amaginarrebaren aurrean modu egokian jokatu behar zuenez, atzera eraman zituen eskuak, bizkarraldean gordetzeko. Amaginarreba Xartaten atzealdetik pasatzera zihoan, aurretik pasatzea ez litzatekeelako egokia izango, baina Xartatek zera esan zion: —Ez, ez! Pasa zaitez nire aurretik, eserita dagoen baten aurretik pasatzeak ez baitu ezer txarrik! —Ezta pentsatu ere! Ez naiz zure aurretik pasatuko, atzetik baizik! Emakumeak iritzia aldatuko ez zuela ikustean, Xartatek aurrera ekarri zituen eskuak, eta zamit orez beteta zeudela ikusi zuen amaginarrebak. Xartatek, orduan, zera esan zuen: —Arranopola! Nor aritu ote da nire eskuekin zamit egiten?
JOHA, HASI ASTOAK ZENBATZEN! Denboraldi batean, Joha merkatari-lanetan ibili zen, eta diru asko irabazi zuen. Familiari hamar asto oparitzea erabaki zuen. Etxerako bidean, astoak zenbatzen hasi zen. Asto baten gainera igotakoan, bederatzi zenbatu zituen, eta lurrera jaistean, hamar. Behin eta berriro aritu zen astoak zenbatzen, bide osoan zehar. Gizon bat topatu zuenean, honela galdetu zion: —Lagunduko al didazu astoak zenbatzen? Erotzen hasia naiz! Batzuetan, bederatzi zenbatzen ditut, eta, besteetan, hamar. Eta gizonak: —Asto baten gainera igotzen zarenean, asto hori zenbatzen ez duzulako zenbatzen dituzu bederatzi.
XARTATEN AMETSA Behinola, Xartat, bidaiatzen ari zela, galdu egin zen. Nekearen nekez, eta goseak eta egarriak akituta, lurrera ziplo erori zen. Halako batean, ahuntz bat gerturatu zitzaion, eta honela esan zion: —Salam Alekom! Xartatek, ametsetan ari zelakoan, ez zion erantzun. Baina burua altxatu eta ametsa ez zela konturatu zenean, zera esan zuen: —Alekom bi salam! Ahuntza joana zen ordurako. Eta Xartatek esan zuen: —Honaino etorri da. Zergatik ez ote nuen jango!
ONGI ETORRI, JOHA! Joha eta bere familia hiri handi batera iritsi ziren. Hiri hartan, bizilagunek elkar gonbidatzeko ohitura zeukaten, bazkaltzera edo afaltzera. Joharekin eta bere familiarekin ere gauza bera egin zuten. Baina Joha oso behartsua zen, eta ez zeukan bizilagunak jatera gonbidatzeko dirurik. Honela esan zion emazteari: —Egunero, norbaiten etxean afaltzera gonbitatzen gaituzte, eta guk ez dugu inoiz inor gonbidatzen. Hori ez dago ondo. Gonbidatu egin beharko genituzke. Baina nola? Joha pentsatzen eta pentsatzen aritu zen luzaroan. Eta, egun batean, hauxe esan zion emazteari: —Ideia bat bururatu zait. Bizilagunak afaltzera gonbidatuko ditugu. Emazteak zehazki zer egin nahi zuen galdetu zionean, Johak zera esan zion: —Egon lasai, ez kezkatu. Bizilagun guztiak gonbidatu zituen, eta denak joan ziren haien etxera. (Saharan, etxe batean sartzean, oinetakoak kanpoan uzten dituzte beti.) Gonbidatuek, etxera iristean, kanpoan utzi zituzten oinetakoak. Johak, orduan, oinetako guztiak hartu, eta merkatura eraman zituen. Eta, han, saldu egin zituen. Lortutako diruarekin, denetarik erosi zuen: okela, barazkiak, frutak... Eta festa zoragarri bat antolatu zuen. Baten bat altxatzen zen bakoitzean, Johak hauxe esaten zion: —Eseri eta jan, zurea da-eta. Abiatzeko ordua iritsi zenean, ordea, ez zituzten haien oinetakoak aurkitzen. —Joha, non daude gure oinetakoak? —galdetu zioten.
Eta Johak erantzun: —Ez al dizuet jateko esan, zuena zela-eta?
HADARA Behinola, frig bateko herritarrek beste kanpaleku batera lekualdatzea erabaki zuten. Bidean, hitz eta pitz joan ziren, gameluen ondoan. Azken-azkena, emakume bat zihoan, bizkarrean seme txikia zeramala. Bat-batean, koskor bitxi bat ikusi zuen, eta gerturatu egin zen. Ostruka-arrautzak zirela ikusi zuenean, frigeko kideei deika hasi zen, aurkitutakoa ikustera hurbil zitezen. Baina ordurako urruti zeuden, eta ez zituzten oihuak entzuten. Orduan, semea arrautzen ondoan utzi zuen, eta frigeko kideen bila joan zen, aurkikuntzaren berri emateko asmoz. Baina semearen eta arrautzen bila itzuli zirenerako, siroko haizea harrotu zen, eta, hondar-zurrunbilo hartan, deus ere ez zuten ikusten. Ez zekiten norantz jo. Bila eta bila aritu arren, ez zituzten aurkitu ez haurra, ez ostruka-arrautzak... Haizea baretu zenean, bila jarraitu zuten, baina alferrik. Handik egun batzuetara, kanpaleku berrirako bidean aurrera jarraitzea erabaki zuten, umetxoa non edo non bizirik eta ondo egongo zen itxaropenarekin. Bien bitartean, ostruka arrautzengana itzuli zen, janari bila ibili ostean. Arrautzen artean, umetxoa aurkitu zuen, eta berea balitz bezala zaindu zuen. Egunez, janaria ematen zion; gauez, bere lumekin estaltzen zuen, arrautzen tartean goxo-goxo egon zedin. Egun gutxira, ostruka-kumeak jaio ziren. Elkarrekin jolasean ematen zuten egun osoa, eta ostrukek haiek bezain azkar ibiltzen erakutsi zioten umeari. Mutikoa ostruken modura bizi zen: haien janari bera jaten zuen, oihu egiten zuen hitz egin beharrean, korrika ibiltzen zen‌ Osasuntsua zen, eta zoriontsua. Handik urte batzuetara, gameluzain bat hurbildu zen inguru hartara, galdutako gameluen bila, eta ostrukak ikusi zituen. Bat harrapatzeko asmoz, gerturatu egin zen, eta, orduan, haiekin batera gizaseme bat zegoela ikusi zuen: ile luze-luzea zeukan, eta ostrukek
bezalako oihuak botatzen zituen. Eguerdian, atseden hartzeko, talja baten gerizpean jartzen zirela ere ikusi zuen. Herrixkara itzuli zenean, ikusitakoaren berri eman zien herritarrei. Ikusten zuen jende guztiari kontatzen zion gertatutakoa, zinez harrigarria iruditzen zitzaiolako. Eta, egun batean, hainbat urte lehenago semea ostruken arrautzen artean galduta utzi zuen familiarekin egin zuen topo. Emakumeak ostrukak zeuden lekura joan nahi izan zuen, semea berreskuratzera. Baina gaztea oso azkar ibiltzen zen korrika, eta zegoen harrapatzerik. Orduan, ideia bat bururatu zitzaion: taljaren adarretako batean ezkutatu, eta semea atseden hartzen ari zen bitartean soka batekin lotzea. Eta harrapatu zuen, bai. Beste batzuen laguntzarekin, frigera eraman zuen, haiekin batera bizitzera. Baina ostrukek ez zuten laguna utzi nahi, eta egunero-egunero frigera joaten ziren, gizasemeari ikustaldia egitera. Familiakoak semea zaintzen hasi ziren: ilea moztu zioten, garbitu egin zuten, haiekin batera jaten erakutsi zioten, eta hitz egiten ere irakatsi zioten. Baina gizasemeak ez zuen ikasten. Egun batean, honela esan zien gizon jakintsu batek: ÂŤEraman ezazue putzu batera, eta sar ezazue bertan buruz behera, baina ez dezala ura ukitu, ito egingo baita bestela. Horrela, askatu egingo zaio eztarrian duen korapiloa, eta hitz egiteko gauza izango daÂť. Egin zuten, bada, jakintsuak esandakoa, eta mutikoa hitz egiten hasi zen. Gizon normala bihurtu zen, eta ezkondu egin zen. Hadara du izena. Ipuin honetako kontatutakoa benetan gertatu zen.
SORGIN ZAHARRA Bazen behin deabruari ziria sartu zion atso bat. Egun batean, oinez zihoala, deabrua topatu zuen, hiriaren kanpoaldean, harri baten gainean eserita. —Zertan ari zara hemen, hain pentsakor? —galdetu zion. —Haserre nago. Hiri horretan, gizon jakintsu bat bizi da. Ezin hobeto ezagutzen du Korana, eta ozen irakurtzen duenean ezin dut hirian sartu —erantzun zion. —Ondo ordaintzen badidazu, neronek hilko dut. —Ados. —Zer emango didazu trukean? —Urrezko babutxa bat. Joan zen, bada, atsoa hirira, eta, hara iritsitakoan, jakintsuaren emaztearengana jo zuen: —Zure senarrak utzi egin nahi zaitu. Saia zaitez hori ekiditen. —Eta zer egin dezaket nik horretarako? —galdetu zion emazteak, kezkatuta. —Oso erraza da. Haren bizarreko ile batzuk moztu, eta ekarri niri. Ile horiekin, amuleto bat egingo dizut, babes zaitzan. Horrela, ez zaitu sekula utziko. Jakintsuaren emaztea lasaitu egin zen, eta atsoa jakintsuaren bila joan zen. Aurkitu zuenean, hauxe esan zion: —Kontuz ibili. Arrisku larrian zaude. Zure emazteak hil egin nahi zaitu. —Zer diozu? Ez etorri niri halako txorakeriekin! –esan zuen gizonak, haserre. —Ez naiz gezurretan ari. Gaur gauean hil nahi zaitu. Lo zauden itxurak egin, baina adi ibili. Ikusiko duzu nola saiatuko den zu hiltzen —esan zion atsoak. Gaua iristean, gizona oheratu egin zen, ohi bezala. Turbantea begietan jarri zuen, eta esna egon zen. Handik gutxira, emaztea isilka-misilka gerturatzen ari zela ikusi zuen, eskuan aizto bat zuela.
Ondo-ondora iritsi zenean, gizonak ezkutatuta zeukan sastakai bat atera, eta hil egin zuen emaztea. Oihuka hasi zen. Bizilagunak esnatu egin ziren garrasiak entzutean, eta korrika hurbildu ziren, gertatutakoa ikustera. Bitartean, atsoa emaztearen anaiengana joan zen, eta honela esan zien: —Ez al dakizue zer gertatu den? Zuen arreba senarrak erail du; Korana irakurtzen duen jakintsuak. Anaiak arrebaren etxera abiatu ziren, korrika. Hilda aurkitu zuten, sastakaia soinean sartuta zuela. Sastakaia gorputik atera, eta harekin hil zuten senarra. Orduan, deabruarengana joan zen atsoa, hirian sartzeko eragozpenik ez zuela esateko, eta urrezko babutxa jasotzeko. —Tori, hona zure saria —esan zion deabruak—. Baina jakin ezazu deabrua bera ere ez litzatekeela ausartuko zuk egin duzuna egiten. Harritik altxatu, eta bidean aurrera jo zuen. Ez zuen hirian sartu nahi izan.
GAZTE AUSARTA Bazen behin gazte ausart bat, frig edo bizilekua utzi, eta karabana batekin denbora luzerako atzerrira joan zena. Gaztearen frig hartan, abere asko zeuden: zaldiak, gameluak, ahuntzak… Belardietan bazkatzen ematen zuten eguna, eta ilunabarrean sriba edo ukuilura eramaten zituzten. Egun haietako batean, lehoi handi bat azaldu zen inguru haietan. Gaua iritsitakoan, eraso egin zien abereei, eta jan egin zuen haietako bat. Gauero, gauza bera egiten hasi zen: batean zaldi bat, bestean ahuntz bat… Animalia guztiak akabatu zituen ia. Handik gutxira, gazte ausarta etxera itzuli zen, bidaian erositako fusil eta guzti. Herrikideei armak zertarako balio zuen azaldu zienean, abere guztiak hiltzen zituen lehoiaren berri eman zioten. —Horrenbeste gizon-emakume izanda, ez al zarete abereak jaten dizkizuen animalia hori hiltzeko gauza izan? Esadazue non bizi den! —esan zien gazteak. Biharamunean, eguna argitu orduko, lehoiaren bila joatea erabaki zuten. Esan eta egin. Apur bat ibili eta gero, muino baten gainetik, baso handi bat ikusi zuten. Eta, basoaren erdian, zuhaitz luze bat. —Ikusten al duzu zuhaitz luze hori? —galdetu zioten—. Inguru haietan ibiliko da lehoia. —Harengana hurbildu nahi baduzu, basabideetan barna joan beharko duzu —esan zioten. Beraz, basoan barneratu zen gaztea, eta aipatutako zuhaitzerako bidea hartu zuen. Hara iritsitakoan, adar batera igo zen, lehoia ikustearren, eta ikusi zuen, bai; handik ez oso urrun, gainera. Baina, bat-batean, ikara gorri batek hartu zuen gaztea, eta handik lehenbailehen hanka egitea erabaki zuen.
Zuhaitzetik jaistean, ordea, fusilaren uhala adarrean trabatuta gelditu zitzaion, baina gaztea hain zegoen ikaratuta, non fusila berreskuratzen saiatu ere ez baitzen egin. Ziztu bizian, frigera joan zen. Herritar guztiak zain zituen, gertatutakoa jakiteko irrikaz: —Aurkitu al duzu lehoia? —Bai —esan zien. —Eta? Hil egin al duzu? —Ez. Ustekabean, salto egin du nire gainera, eta fusila kendu dit. —Hau zoritxarra! —oihukatu zuten, nahigabetuta—. Fusilik gabe hainbesteko kaltea egin badigu, zer ez ote digu orain egingo, armatuta dagoela?
TRIKUA, AZERIA ETA HIENA Behin batean, azeria, trikua eta hiena elkarrekin paseatzera abiatu ziren. Azeria zihoan hiruretan lehena. Halako batean, zepo bat ikusi zuen, lurrean erdi ezkutatuta. Orduan, hienari begira jarri, eta honela esan zion: —Nolatan ez didazu muturreko bat eman? Zuk izan beharko zenuke gure buruzagia, bikainetan bikainena zara-eta! Ez nuke nik aurrenekoa joan behar! Hiena, azeriaren hitzak entzunda ezin alaiago, hiruretan buru jarri zen, eta, pauso bat eman orduko, zepoan erori zen. —Hau amorrua! —oihukatu zuen. —Zepoaren jabeak iristen direnean, orduan bai sentituko duzula amorrua! —esan zion trikuak.
AGTXA, INORK MAITE EZ ZUEN AZERIA Bazen behin Agtxa izeneko azeri harroputz bat, azerien buruzagia zena. Behin batean, honela esan zion bere amari: —Zoaz erbi-txakurrengana, eta esaiezu haien alabarekin ezkondu nahi dudala, azeri-eme bat ere ez baitut gustuko. Joan zen, bada, azeri-ama erbi-txakurrengana, semeak agindutakoa esatera, baina erbi-txakurrak zaunka egiten hasi ziren azeri-ama hurbiltzen ikusi orduko, eta, beldurtuta, ihesari eman zion. Sasi batzuen atzean ezkutatu, eta ilundu arte egon zen han, gordeta. Gero, etxerako bidea hartu zuen, eta, iritsitakoan, honela esan zion semeari: —Poz handia hartu dute zure nahia entzutean. Baina, aurrena, ikusi egin nahi zaituztela esan didate. Agtxa azeria, orduan, apain-apain jarri zen, aita-amaginarrebak izango zituenak ezagutzera joateko. Baina erbi-txakurren alabak, urrutitik gerturatzen ikusi zuenean, korrika joan eta hil egin zuen azeria.
LEHOIA, HIENA ETA AZERIA Behin batean, lehoia, hiena eta azeria ehizatzera joan ziren, eta hiru pieza eder harrapatu zituzten: gazela bat, erbi bat eta basahuntz bat. Banaketa egiteko orduan, lehoiak zera galdetu zuen: —Nork egingo du banaketa? —Nik, maiestate! —esan zuen hienak—. Basahuntza maiestatearentzat, gazela niretzat, eta erbia azeriarentzat. Hori entzutean, lehoiak salto egin zuen hienaren gainera, eta, atzaparrekin, hil egin zuen. Gero, zutik jarri, eta honela esan zion azeriari: —Egin zuk banaketa. Dardarka, azeriak esan zuen: —Maiestate, basahuntza zure bazkaria izango da, gazela zure afaria, eta erbia biharko gosaria. Lehoiak, pozik oso, hauxe galdetu zion azeriari: —Nork irakatsi dizu hain ondo banatzen? —Hienaren aurpegian irakurri dut —erantzun zion azeriak.
XARTAT ETA LEHOIA Behinola, Xartatek, paseatzen ari zela, lo zegoen lehoi bat topatu zuen. Isil-isilik harengana hurbildu, eta xehetasunez aztertzen ibili zen, bera baino handiagoa zen jakin nahian. Egun osoa eman zuen lehoiari begira, eta loti hura baino handiagoa eta indartsuagoa zela ondorioztatu zuen Xartatek. Orduan, zera pentsatu zuen: —Zeren beldur naiz ni? Lehoia baino handiagoa eta indartsuagoa naiz-eta! Beraz, lehoia esnatzea erabaki zuen. —Esna zaitez behingoz! Ez didazu beldurrik ematen! Zu baino handiagoa naiz! Egin dezagun borroka! Lehoia aharrausika esnatu zen, alde batera eta bestera begira. —Zer gertatzen da hemen? —galdetu zion Xartati. —Borroka gaitezen, bion artean indartsuena nor den ikusteko! —Nahi duzun bezala —esan zuen, poliki-poliki altxatuz—. Jarri zuk baldintzak. —Bakoitzak hamabi kolpe emango dizkio besteari. Ea nork irabazten duen! —Ados. Nor hasiko da? —Ni neu! —esan zuen azkar Xartatek. —Aurrera! —esan zion lehoiak, bularraldea harrotuz. Xartat, orduan, kolpeka hasi zen: danba-danba! Bat, bi hiru... Hamabi kolpe. Leher eginda bukatu zuen. Lehoia, bitartean, lasai asko zegoen, mugitu ere egin gabe. —Nire txanda —esan zuen lehoiak. Lehoia aurreneko kolpea ematera zihoanean, Xartatek, erabat kikilduta, honela esan zuen, ia ahoskatu ere ezinik: —Hamabi...
GALDUTAKO GAMELUA Bazen behin basamortuan bakarrik zihoan derbitxe bat. Halako batean, mi merkatari topatu zituen. —Gameluren bat galdu al zaizue? —galdetu zien derbitxeak. —Bai —erantzun zioten. —Itsua al zen eskuineko begitik, eta herrena ezkerreko hankatik? —galdetu zien. —Hala da, bai. —Hortz bat falta al zitzaion? —Bai. —Eztia eta artoa al zeramatzan gainean? —Bai, bai —erantzun zioten merkatariek—. Non dago? —Ez dakit —esan zien derbitxeak, lasai-lasai. —Nola ez dakizula? Ez al duzu ikusi? —Ez, ez dut gamelu hori sekula ikusi. Merkatariek harrituta begiratu zioten elkarri. Derbitxea gezurretan ari zela uste zuten, eta gamelua hark lapurtu zuela. Harengana hurbildu, eta, besotik helduta, hauxe esan zioten: —Esaguzu gamelua non dagoen eta ezkutatuta zeramatzan bitxiekin zer egin duzun! —Nik ez dut gamelua ikusi, eta bitxiak ezta ere —esan zien derbitxeak. Orduan, epailearengana eraman zuten, zigorra ezar zekion. Baina epaileari ez zitzaion iruditu derbitxea gezurretan zebilenik, ez eta lapurra zenik ere. —Sorgina da! —oihukatu zuten merkatariek. Derbitxea honela mintzatu zitzaien: —Harrituta zaudete, eta gezurretan ari naizela uste duzue. Beharbada, nahasi egin zaituztet. Azalpen batzuk emango dizkizuet, gertatutakoa uler dezazuen. Gizon urtetsua naiz ni, eta, denborarekin, begiekin ondo ikusten, belarriekin ondo entzuten, eta buruarekin ondo
pentsatzen ikasi dut. Gaur goizean, gamelu baten aztarnak ikusi ditut. Galduta zebilela pentsatu dut, ondoan ez zegoelako giza oinatzik. Eskuineko begitik itsua zela ondorioztatu dut, alde horretako belarra jan gabe zegoelako, eta ezkerraldekoa, berriz, janda. Herrena zela pentsatu dut, hanketako batek ez zuelako lurrean ia markarik uzten. Hortz bat falta zitzaiola ere ondorioztatu dut, kosk egiten zuen lekuetan zulotxo bat gelditzen zelako beti. Lurrean, gameluaren aztarnen ondoan, inurri batzuk ikusi ditut, artoa zeramatela, eta euli ugari ikusi ditut ezti-tanta batzuen inguruan. Horregatik, gameluak artoa eta eztia zeramatzala pentsatu dut.
GAMELUEN BILATZAILEA ETA ZOPA EGITEN ZUEN HARRIA Bazen behin gameluen zaintzaile bat, ekaitza zegoen batean gamelu guztiak galdu zituena, eta basamortuan zehar bila eta bila ibili arren, aurkitu ez zituena. Bilatzen igaro zituen egunetan, jatekorik eta edatekorik gabe gelditu zen. Bidea luzea zen, eta gosetuta zegoen. Haizeak gameluen aztarna guztiak ezabatu zituen. Halako batean, kanpamentu batera iritsi zen. Bertan ikusi zuen aurreneko jaimara hurbildu, eta jateko zerbait eskatu zuen. Baina hauxe erantzun zioten: —Ezin dizugu ezer eman. Ez daukagu ezertxo ere. Ezta guretzat ere. Gameluen bilatzaileak, orduan, bidean aurrera jarraitu zuen. Bigarren jaimara gerturatu, eta ogi puska bat eskatu zuen, baina han ere ez zeukaten ezer: —Ez daukagu ezertxo ere; ez guretzat, ez gure haurrentzat… —Lapiko handiren bat ba al daukazue? —galdetu zuen gameluen bilatzaileak. —Bai, hori bai —erantzun zion gizonetako batek. —Eta urik ba al duzue, lapikoa urez betetzeko? —galdetu zuen orduan gameluen bilatzaileak. —Bai, ura ere badaukagu. —Orduan, bete ezazue lapikoa urez, eta jar ezazue sutan. Zopa egiten duen harri bat ekarri dut. —Zopa egiten duen harri bat? —esan zuen harrituta gizonak—. Nola liteke? Familia guztia gameluen bilatzailearen inguruan jarri zen, harriaren dohain berezi hori gertutik ikusteko. Amak, lapiko handi bat hartu, urez bete, eta sutan jarri zuen. Gameluen bilatzaileak, orduan, harria kontuz-kontuz hartu, eta barrura jaurti zuen. Harria, itxuraz, ezin arruntagoa zen; edozein bide-bazterretan topa zitekeenaren berdin-berdina. —Orain —esan zuen gameluen bilatzaileak—, itxaron dezagun urak irakin arte.
Eta denak urari begira jarri ziren, suaren inguruan, noiz irakingo zain. Handik gutxira, zera galdetu zuen gameluen bilatzaileak: —Gatzik ba al daukazue, zopari pixka bat botatzeko? —Bai, badaukagu —esan zuen amak, eta gatzontzia eman zion. Eskukada bat gatz hartu, eta lapikora bota zuen gameluen bilatzaileak. —Azenario batzuek zapore hobea emango liokete zopari —esan zuen gero. —Gutxi batzuk badauzkagu! Azenarioak lapikora bota ondoren, abentura batzuk kontatzen hasi zen gameluen bilatzailea. Handik apur batera, zera esan zuen: —Ez al zaizue iruditzen patata batzuk erantsiz gero zopa trinkoagoa izango litzatekeela? —Oraintxe noa pataten bila! —esan zuen alaba zaharrenak—. Berehala ekarriko ditut! Patatak lapikoan sartu eta pixka batera, ura irakiten hasi zen berriz ere. —Berehala egongo da prest —esan zuen gameluen bilatzaileak. —Minutu gutxi batzuk besterik ez dira falta! —esan zuen amak zurezko koilara handi batekin zopa nahasten zuen bitartean. Orduantxe, seme zaharrena iritsi zen. Bi erbi eder zekartzan ehizatik. —Horra hor zopari azken ukitua emateko behar genuena! —esan zuen gameluen bilatzaileak. Beraz, erbiak garbitu, txikitu, eta lapikoan sartu zituzten. —Usain aparta du zopa horrek! —esan zuen seme zaharrenak. —Bisitariak zopa egiten duen harri bat ekarri du, eta afaria prestatzen ari zaigu —esan zion aitak.
Azkenean, prest egon zen zopa. Ezin hobea zegoen, eta denentzako adina, gainera: gameluen bilatzailearentzat, familia osoarentzat eta bizilagunentzat. —Harri hori zoragarria da! —esan zuen aitak. —Harri hori miragarria da! —esan zuen emazteak. Eta honela esan zien gameluen bilatzaileak: —Egia da, bai. Zopa goxo-goxoa egiten du beti. Badakizue nola; ikusi duzue. Agurtzeko ordua iritsi zenean, gameluen bilatzaileak emakumeari eman zion harria, jaso zuen arreta bikaina eskertzeko. Emakumeak ez zuen halako oparia hartu nahi, baina gameluen bilatzaileak lasai hartzeko esan zion: —Har ezazu, mesedez. Zuek eman didazuena hori baino gehiago da. Emakumeak, orduan, onartu egin zuen harria, eta gameluen bilatzaileak bidean aurrera jo zuen, zoriontsu. Hurrengo herrixkara iritsi baino lehen, beste harri bat topatu zuen bidean…
XARTAT ETA BERE AMA Behinola, Xartat basamortuan zebilen, bere amarekin, ibilaldi luze bat oinez egiten. Egunak eta egunak igaro zituzten inor ikusi gabe. Paisaia gero eta idorragoa zen, eta janari gutxi gelditzen zitzaien. Xartat alde batera eta bestera begira zihoan, animaliaren bat ikusteko eta harrapatzeko irrikaz, zeharo gosetuta baitzegoen. Baina han ez zen ezertxo ere agertzen. Orduan, amari begira jarri zen Xartat, bere gosea arintzeko jaki goxoa izan zitekeela pentsatuz, eta honela esan zion: —Aizu, ama, zure begiak ardien begiak bezalakoxeak dira! Baina ama ez zen batere tuntuna, eta berehala konturatu semearen asmo maltzurraz. Orduan, honela esan zion Xartati: —Entzun ondo, seme: ni jateko asmotan bazabiltza, jan nazazu lehenbailehen. Baina jakin ezazu nire begiek ez daukatela ardien begien inolako antzik. —Hara! Orain beeka hasi ez zaigu ba! —esan zuen Xartatek.
YOHA EPAILEA Bazen behin harakin bat, haragia saltzen lortutako diru guztiak kutxa batean sartzen zuena. Baina kutxa hori irekita izaten zuen beti. Harakinaren laguntzaileak marka bat jartzen zien txanponei, harakinak kutxan sartu baino lehen. Behin batean, haragi guztia saldu zutenean, laguntzaileak zera esan zion harakinari: —Emadazu kutxako dirua, nirea da-eta. —Baina, zer diozu? Diru hori nirea da! —esan zion harakinak. —Ezta pentsatu ere! Neronek irabazi dut, nire lanari esker! — esan zuen laguntzaileak, haserre. —Goazen epaile batengana; ea zer esaten duen. Orduan, Yoha epailearengana joan ziren. Harakinak, haserre bizian, gertatutakoa kontatu zion. —Nondik atera duzu diru hori? —galdetu zion Yoha epaileak harakinari. —Haragia saltzen lortu dut. —Eta zuk, nola lortu duzu dirua? —galdetu zion laguntzaileari. —Bildu dudan egurra saltzen —erantzun zuen. —Erraz jakingo dugu bietako nor dabilen gezurretan —esan zuen epaileak. Urez betetako lapiko bat ekar zezatela agindu zien bere zerbitzariei. Gero, lapikoa sutan jarri, eta txanponak barrura bota zituen. Ura berotzen zihoan heinean, koipezko geruza gero eta lodiago bat agertzen hasi zen uraren gainazalean. Orduan, epaileak honela esan zion harakinari: —Txanponak zureak dira, egurrak ez baitu koiperik botatzen.
GANFUDEN ZORRA Ganfud trikua Omar jaunaren dendara joaten zen erosketak egitera, baina ordaindu gabe joaten zen beti, eta, azkenerako, sekulako zorra egin zuen. Barazkiak, haragia eta azukrea erosten zituen bakoitzean, honela esaten zion dendariari: —Bihar ordainduko dizut zor dizudana. Eguna joan eta eguna etorri, zorra gero eta handiagoa zen. Ganfudek ez zekien zor hura kitatzeko zer egin. Baina, halako batean, ideia bat bururatu zitzaion. Saharan, ohituraren arabera, norbait hiltzen denean, inolako zorrik badu, hartzekodunak barkatu egin behar dizkio, eta behin betiko kitatzen dira. Beraz, triku bizkorrak bere «ehorzketa» antolatu zuen. Lagunekin hitz egin, eta prest utzi zuen dena. Hala, animalia guztien artean, hilda egotearen itxurak egiten ari zen trikua eraman zuten sorbalden gainean, negar-zotinka, zoritxarrez bat-batean hil egin zela oihukatuz. Omarren dendaren ondotik igarotzean, are ozenago egin zuten negar. Dendariak, trikua hilda ikustean, honela esan zuen: —Ganfud gaixoa. Alak gorde zaitzala. Nirekiko zeneuzkan zor guztiak barkatzen dizkizut. Berehala, Ganfud zutitu egin zen, eta honela esan zien bertako guztiei: —Entzun al duzue? Dendariak zor guztiak barkatu dizkit!
ZEINEN HANDIA DEN ALA! GORETS DEZAGUN ALA! Behin batean, duela urte asko, gaztea nintzenean, nire oinek nekatu gabe ibiltzeko indarra zutenean, nire anaia gazteena gaixotu egin zen. Nire kanpadendatik bere jaimara joateko hiru egun behar nituen arren, anaia asko maite nuenez, harengana joateko bidean abiatu nintzen. Gaztea nintzen, sasoi onekoa, eta ez nintzen ezeren beldur. Bigarren eguneko ilunabarra heldu zenean, Omar Ibrahim santuaren hilobitik gertu nenbilela, duna handi batera igo nintzen, etxe edo kanpadenda bat ikusi eta gaua bertan igarotzeko, baina ez nuen bat ere ikusi. Beraz, basamortuko hondarraren gainean etzan nintzen, lo egiteko. Baina, halako batean, gauerdian, garrasi ikaragarri bat entzun nuen, eta uzkurtu egin nintzen. Handik gutxira, beste oihu bat entzun nuen, beldurgarria hori ere. Eta gero beste bat, eta horrela etengabe. Arimaren bat infernuan kiskaltzen ari zela pentsatu nuen. Baina, bat-batean, norbait hondarrean zulo bat egiten ari zela entzun nuen; gero, isildu egin zen, eta beste leku batean hasi zen zuloa egiten. Eta, horrela, bospasei lekutan. Bien bitartean, garrasi eta oihuak entzuten jarraitzen nuen. Beldurrak jota nengoen. Handik gutxira, norbait arnasestuka entzun nuen, eta baten batek hondarra bota zidan aurpegira. Orduan, beldurra hezurretaraino sartuta neukala, ziztu bizian atera nintzen handik, korrika, deabrua bera segika banu bezala, eta ez nintzen gelditu eguzkia atera zen arte, eta dunak atzean utzi nituela egiaztatu nuen arte. Horrela, anaiaren etxera iritsi nintzen. Jainkoari esker, askoz hobeto zegoen; beraz, bezperan gertatutakoa kontatu nion, eta bizilagun zahar batek azalpenak eman zizkidan, berari bere aitak kontatu zizkionak: ÂŤZeinen handia den Ala! Gorets dezagun Ala!
Duela urte asko eta asko, baziren bi familia, zayedtarrak eta atmandarrak, elkarri ikaragarrizko gorrotoa ziotenak. Haserre eta borrokan ibiltzen ziren beti, eta odol asko isuri zuten urteak joan eta urteak etorri. Atman familiako gazte bat izan zenez azken hildakoa, atmandarrak mendeku hartzeko irrikaz zebiltzan. Zu lotan zinen dunen inguruan, Omar Ibrahim santuaren hilobitik ez oso urrun, Zayed familiaren jaima bat zegoen, baina gizaseme guztiak hil egin zituzten, eta ama-semeak baino ez ziren gelditzen han. Gorrotoak gorroto, ez zieten emakumeei eta umeei eraso egiten. Baina, gau batean, etsaiak azaldu ziren. Soka batekin, emakumeari eskuak lotu zizkioten, eta semea eraman egin zuten, duna batean bizirik ehorzteko asmoz. Horregatik, negar-zotinka zegoen umearen ama. Emakumeari eskuak sokaz estu-estu lotu zizkioten arren, gauza jakina da ez dagoela ama baten maitasuna bezalakorik; horregatik, askatzea lortu zuen emakumeak, eta semearen bila abiatu zen. Etsaiak joanak ziren ordurako, eta ez zekien semea zehazki non ehortzi zuten. Orduan, dunaz duna, hondarrean zuloak egiten hasi zen, negar eta negar, semeari deika, mutikoa itotzen egongo zela jakinik. Gau osoa eman zuen ama horrek semearen bila. Azkenerako, Ala jainkoak zoro bihurtu zuen emakumea, hainbeste sufritu ez zezan eta gizakien ankerkeriaz kontura ez zedin. Ez zuten emakume hura gehiago ikusi. Baina, esaten dutenaren arabera, haren espiritua Omar Ibrahim santuaren hilobiaren inguruetan ibiltzen da gaua iristean, eta oraindik ere semearen bila jarraitzen omen du, oihuka eta aieneka. Beraz, lotan zinen bitartean, espiritu huraxe izan duzu inguruan. Gorets dezagun Ala, onik atera zinelako eta honaino ondo iritsi zinelako, gurekin elkartzekoÂť.
Kontakizuna amaitutakoan, gizon zaharra gazteei begira jarri zen, eta istorio hura aurrenekoz entzun zutenei, honela esan zien:
—Ikusten duzuenez, familien arteko liskarrek ez dute gauza onik ekartzen; beldurra, gorrotoa, eromena eta heriotza, besterik ez. Egia da gaztetan urte asko eman nituela IbnAziz etsaien kontra borrokan, baina ez nuen inoiz elkarren aurka horrela ibiltzeko arrazoirik aurkitu. Batek kalteren bat eginez gero, ondoren hark jasoko zuen kaltea. Gainera, heriotzak ez dauka sendabiderik, baina itzal luzea bai, ordea: jaimak eskulan gazterik gabe gelditzen dira, eta umeak aitaren umezurtz. Minutu batzuetan, isiltasuna egin zen nagusi, Suilem zaharrak esandakoaren gainean gogoeta egiten ari baikinen denok. Ez ziren berehala ahazteko moduko hitzak, zahar jakintsu harenak.