udal aldizkaria
Kirol Astearen bigarren edizioko ekimenetan ia 400 herritarrek parte hartu dute
2016ko MARTXOA • 141. ZENBAKIA
ABARAXKA
Oiartzungo lehenengo Kirol Saria Girizia kirol eta kultur elkarteak jaso du 393 lagun hurbildu dira Kirol Astean antolatutako ekitaldietara: mahai-inguruak, sari banaketak, saio teknikoak eta aurkezpenak. Girizia kirol eta kultur elkarteak jaso du lehenengo Kirol Saria. Mendi Taldeko kide den Itziar Iñarrak jaso zuen oroigarria Jexux Leonet alkatearen eskutik, Imanol Barrentxea Torres, Xabier Albisu, Iñigo San Jose eta Martxel Toledoren arrimuan. Gai ezberdinen inguruko lau mahai-inguru (joko olinpikoak; emakumea eta kirola; triatloia eta herrian azken urtean destakatuako disziplinak), aurkezpen bat (Alberto Iñurrategiren Porrotaren alde) eta mendi lasterketako saio tekniko bat (Oihana Kortazarrekin) izan dira egitarauaren enborra. Honez gain, lehenengo aldiz herriko ikastetxeetan kirolari buruzko galdera-erantzunen jolas ludiko eta hezitzailea egin da. Parte hartu duten ikasleen artean 24 sari zozkatu ziren.
HAZIAK ETA ABARAXKA LUDOTEKA Oiartzungo herrian Haziak egitasmoa jarri da martxan, oraingoz Haurtzaro Ikastolan, LH 2. eta LH 5. eta 6. mailako ikaskideen artean. Haziak egitasmoak argi du botere harremanak ez direla soilik eskoletan ematen, gizarteko arazoa dela, horregatik proiektuan heziketa formala eta ez formalaren arteko zubia egingo da. Haziak egitasmoak botere harremanak iraultzea eta norbanakoak ahalduntzea du helburua. Horretarako materiala sortu da: Igel Marroitxo ipuina, BarruKLIk komikia, norbanakoek barrura begiratzeko audioak eta bideoak… Egitasmoa Oiartzunen kokatzen da. Bere sorreran oiartzuar askok hartu dugu parte: irudigile, idazle, diseinatzailea, koordinatzaile… Proiektu honekin lotuta, pasa den otsailaren 27an Abaraxka ludotekan enpatia jolasak antolatu genituen. Bertan haurrek ispilu jolasa, garbiketa jolasa, mugimenduaren trena jolasa, txotxongilo jolasa eta beste hainbat jolas eginez gozatu zuten, bestearen lekuan jartzen ikasiz. Adin ezberdinetako neska-mutilek hartu zuten parte. Hezitzaileen gidaritzapean eta jolasaren bitartez bata bestearen lekuan jartzen saiatu ziren, bata besteari entzuten, besteen hutsunea betetzen, bestea ikusten, ukitzen, sentitzen… Haurrei eta jolasei esker partaideok adina erreakzio, egoera eta une bizitzeko aukera izan genuen. Haundi eta txiki, neska eta mutil, gurasoren bat tarteko heziketa ez formalean ere haziak ereiten.
Euskal Jaian parte hartzeko gonbita
Fortaleza eta meategien arteko hesiak berritzen
Margoketak egin dira herriko zenbait gunetan
Herriko dantzari talde baten ekimenez eta talde askoren laguntzarekin, Euskal Jaia antolatu du lehenengoz biharko (hilak 19). Josune Cousillas Kultura zinegotziak, Araitz Iparragirre eta Garazi Aramendi antolatzaileekin batera, herritarrak festan parte hartzera gonbidatu ditu. Udalak publikoki eskerrak eman nahi dizkie antolatzaileei eta jaian parte hartuko duten herriko eragile guztiei, euskal kulturaren identitatea mantentzeko lan hau egin dutelako. Festa 11:00etan hasiko da.
Ergoienen, Fortaleza eta Arditurriko meategien arteko gune arriskutsuetako hesiak berritzen ari da Udala. Aurreikuspenen arabera, hilabete bat iraungo dute lanek eta denbora tarte horretan, itxita egon litezke bidegorriko zenbait zati lanengatik. Konponketak egiten hasi diren lehenengo zatia Aiako Harria etxetik Olaizola parera doan bidegorri puska da. Momentu honetan lanek erabiltzaileei sor dakizkioketen eragozpenengatik barkamena eskatzen du Udalak, baina aurrera begira guztien segurtasuna hobetuko da.
Herriko zenbait gunetan margoketak egin ditu Udalak, pintura beharrean zeudelako zenbait hiri altzari. Margoketak egin diren guneak izan dira Madalensoroko aparkalekua; Ugaldetxoko futbol zelaiko barandak; Landetxeko aparkalekuko irteerarako eskilaren gunea; Arraguako lau autobus geltokiak -Larzabal etxadi pareko biak, biribilgune ondokoa eta Mendingoa- eta Donibane kaleko komun publikoak, besteak beste. Eskaera hauetako gehienak iazko auzo batzarretan herritarrek egindakoak dira.