udal aldizkaria
2020ko MARTXOA • 236. ZENBAKIA
Jexux Leonet, alkatea: "Herritarrek barneratu dute norberaren jarrera zein garrantzitsua den"
Ergoiengo Bosbidetan bertako haritzak aldatu dira
COVID-19arengatik salbuespenezko larrialdi egoeran, alkatearekin hitz egin dugu
Zuhaitz Eguna bertan behera utzi behar izan du Udalak
Nolakoa da Oiartzungo egoera? Oiartzun ez dago isolatua. Oraingoz, Covid-19aren kasu gutxi daude kontatuta eta egoera nahiko kontrolatua dago. Kezka badago aurrera begira nola eragingo duen, bai gaixotasunak berak, bai herritarrengan pertsonalki eta baita orokorrean ere. Oiartzungo Udalak lehenengo momentutik hartu zituen erabakiak. Zeintzuk dira hartutako neurriak? Konfinamenduko aginduaren aurretik prebentzio plana jarri genuen martxan. Gomendioak zabaldu genizkien herritarrei, elkarteei eta, herriko tabernari eta jatetxeei. Neurri garrantzitsuena zen jende pilaketak ekiditea eta antolatuta zeuden ekitaldiak bertan behera uztea. Udaleko hainbat zerbitzu -Manuel Lekuona biblioteka, Elorsoro kiroldegia‌- ere itxi ziren. Ardura pertsonal eta kolektiboarekin hartutako neurriak betetzen ari al dira herritarrak? Esango nuke oso jarrera arduratsua dagoela, salbuespenak salbuespen. Egoera hau denentzako ezezaguna da eta egiten ari garen bidea ere berria da. Konfiantza osoa daukat herritarrengan. Uste dut jabetu garela egoera zein den eta zer egin dezakegun bakoitzak egoera hau ahalik eta hobekien eramateko. Herritarrek barneratu dute norberaren jarrera zein garrantzitsua den besteekiko. Adineko jendearekin kontaktua mantentzeko gomendioa ere azpimarratu zenuten. Estatistiken arabera, 3. adineko pertsonengan gehiago eragiten du. Egoera honen aurretik ere beti kezkatu gaitu gure aiton-amonen zaintzak. Eta eszenatoki honetan, horrek berebiziko garrantzia du. Udaletik adierazi nahi dugu kolektibo horrek arreta eta zainketa ziurtatua dauzkala. 70 urtetik
gorako herritarrei deika ari gara beraien egoeraren berri izateko. Beharrak detektatu nahi ditugu, laguntza eskaintzeko. Bestalde, harremanetan gaude Oiartzunaurrea bolondres sarearekin eta behar batzuk hortik bideratzen hasiak gara. Egin ditugun deien ondoren, baieztatu dezakegu gure aiton-amonen jarrera eredugarria izaten ari dela. Etxez etxeko zerbitzuak jarraitzen al du? Bai. Egokitu egin dugu behar-beharrezkoak diren herritarrengana, senideak ez dituztenengana edo zerbitzu berezia daukatenengana. Pertsonen arteko kontaktua murriztu nahi izan dugu. Etxez etxeko langileentzako hartu behar diren segurtasun neurriak hartzen ari gara, bai langileak babesteko, eta horren bidez, herritarrak. Kale eta auzoetako garbiketa zerbitzuak lanean jarraitzen al du? Zerbitzu hori indartu al duzue? Zerbitzuak jarraitzen du. Kalean jendea ez dabilenez, zikinkeria gutxiago dago. Lan hori murriztu bada ere, garbiketa sakonagoak egiten ari gara. EUDELek hainbat aholku eman ditu zergen kobraketa atzeratzeko. Zein dira Udalaren asmoak? Egoera berezi honetan ezinbestekoa izango da epeak malgutzea. Etxe batzuetan egoera larriak biziko dira eta egoera horiek arintzea ezinbestekoa izango da. Osasunaren aldetik pertsona zaurgarriak aipatzen dira, baina gainontzeko eremuetan ere herritar zaurgarriak daude, ekonomikoki zailtasunak dituztelako, edota etxean oso egoera zailak bizitzen ari direlako (indarkeria matxista kasuak, adibidez). Guztiengan pentsatu behar dugu. Neurri ekonomiko bereziak hartu al ditu Udalak? Lehenik prebentzioaren eta segurtasunaren inguruko erabakiak hartu ditugu. Momentu honetan aurrera begira egon daitezkeen ondorioak aurreikusten eta aztertzen ari gara. Azterketaren ondorioa izango dira neurri zehatzak. Ondorioak arlo guztietan edukiko ditu, beraz, azterketa sakona eta zuzena egin beharko dugu, prozedurak zehaztuz eta ahalik eta errazena izateko. Besterik esan nahi al zenieke oiartzuarrei? Oiartzuar guztiak eskertu nahi ditut, momentu batetik bestera gure bizitzako ohiturak aldatu behar izan eta horiek errespetatzen ari direlako. Bestalde, #oiartzunaurrea-ko bolondresen eta proposamenak egiten ari direnen jarrera aipatu nahiko nuke. Bukatzeko, gure osasuna zaintzeko lanean ari diren langileei eskerrak eman nahi dizkiet.
Zuhaitz Eguna urtero ospatzen du Oiartzungo Udalak, herriko ikastetxeen eta familien laguntzarekin. Aurtengoan, Ergoiengo Bosbideta eremuan bertako haritzak aldatzea zen Zuhaitz Egunaren helburua. COVID-19 gaixotasunak eragindako aldaketengatik, eta jende pilaketak saihesteko helburu nagusiarekin, bertan behera utzi behar izan zuen Udalak martxoaren 15ean ospatzekoa zen Zuhaitz Eguna, baina haritzak aldatzeko garaia orain denez, Udaleko Ingurumen sailak berak egin zituen landaketa lanak joan den hilaren 13an.
Biblioteka, #galtzerdietanIrakurtzen
Manuel Lekuona bibliotekak etxean egotera derrigortuak gauden garai hauetan oiartzuarrak zer ari diren irakurtzen jaso eta partekatu nahi du. Horretarako, Twitter bidez partekatu daiteke argazkia #GaltzerdietanIrakurtzen traola erabilita edo @ BibOiartzun aipatuta. Bestela, argazkia bibliotekara bidali daiteke: biblioteka@oiartzun.eus
Xorrola eta taxibus zerbitzuetan, moldaketak
Indarkeria matxistaren aurkako telefonoa martxan
Udaleku irekietan izena eman daiteke
Oarsoaldeak diru-laguntzak bideratzen lagunduko du
Hondakinen bilketa berezia COVID-19ko kutsatuentzat
Xorrola herri barruko autobus zerbitzua moldatu egin behar izan du Udalak COVID-16ak eragin duen larrialdi egoerara. Honela, herri barruko autobus zerbitzua erdira murriztu da: orduro egiten du ibilbidea. Astelehenetik ostiralera, 07:10ean abiatuko da lehenengo autobusa Arraguatik, eta 22:10ak arte, orduro emango du zerbitzua. Larunbatetan ere goizeko zerbitzua izango da. Taxibus zerbitzuan ere izan dira aldaketak. Bertan behera geratu da zerbitzua, baina beharra dagoenean telefonoz deituta (943 49 14 74) zerbitzua eskainiko da.
Indarkeria matxista sufritzen duten emakumeentzako larrialdi telefonoa martxan dagoela gogorarazi nahi du Udalak, salbuespenezko egoera honetan are gordinagoa baita indarkeria matxista sufritzen duten emakumeen egoera. Eusko Jaurlaritzaren 900 840 111 telefonoa doakoa da, 24 orduz funtzionatzen du urteko 365 egunetan eta ez du arrastorik uzten telefono fakturan. 51 hizkuntzatan artatzen du eta, mintzamen eta entzumen arazoak dituzten emakumeentzako ere prestatua dago. Udalak zerbitzua erabiltzeko deia egiten du.
Udaleku irekietan izena emateko epea irekita dago apirilaren 3a arte. Aurtengoan, larrialdi egoerarengatik, aurrez aurreko izen-ematerik ez da egingo. Izen-emateak on-line (http://www.gazteoiartzun.net/event/udalekutako-izenematea) edo e-mailez (udalekuak. oiartzun@gmail.com) egingo dira. Udaleku irekiak uztailaren 1etik 30era izango dira eta hilabete osorako edo hamabostaldirako eman ahal izango da izena. Datu gehiago jasotzeko eta zalantzak argitzeko, e-mailez edo telefonoz egin daitezke kontsultak (645 005 496).
Oarsoaldea Garapen Agentziak COVID-19ak sortu(ko) duen krisi ekonomikoaren diru-laguntzak bideratzen lagunduko die norbanakoei, enpresei eta ekintzaileei. Egoera berezi honetan ekonomikoki laguntzeko dauden diru-laguntzen berri informatuko du Oarsoaldeak, orientazioa eskaini eta eskaerak egiten lagundu. Horretarako, leihatila bakarra sortu du Oarsoaldea Garapen Agentziak: covid19laguntzak@oarsoaldea.eus helbide elektronikora idatzi beharko dute oiartzuarrek ere laguntza eta orientazioa jasotzeko.
COVID-19arekin kutsatuta edo berrogeialdian dauden herritarren hondakinak biltzeko zerbitzu berezia jarri du martxan Udalak. Kutsatuta edo bakartatuta dauden herritarrek beren egoeraren berri emateko Udaltzaingora deitu behar dute (943 49 33 11). Ondoren, udaletxetik deituko zaie hondakinen bilketa noiz egingo den zehazteko eta modua azaltzeko. Gainerako herritarrek ohiko moduan sailkatu eta atera beharko dituzte hondakinak. Altzairuen bilketa, Talaiako garbigunea eta garbigune ibiltarien zerbitzua etenda daude.