udal aldizkaria
2020ko APIRILA • 237. ZENBAKIA
Jon del Olmo, Ogasun zinegotzia: "Krisi honi aurre egiteko egoera onean gaude, baina eragingo du"
Galtzaraberriko presa eraisteko baimena eman du Udalak
Larrialdi egoerak eragin zuzena izango du Udalaren ekonomian
Europako FEDER planaren laguntza du proiektuak
Zer eragin izango du osasun larrialdi honek Oiartzungo ekonomian? Eragina izango duela ziur gaude. Zaila da eragina kuantifikatzea, astetik astera egoera eta neurriak aldatzen direlako. Gure herrian gehiengoa industria eta zerbitzuak dira. Erakunde batzuk hasi dira laguntza neurriak onartzen eta Udalak bere lekua topatu beharko du, neurri osagarriak hartzeko eta gure herriko egoerara egokitzeko. Oraingoz, zuhurtziaz jokatu, eragileekin hitz egin eta diagnostikoa egiten goaz. Tasa eta zergen ordainketan epea luzatu edo atzeratu da, ezta? Zein zerga kobratu behar ditugun eta nola Aldundiak ezartzen du. Udalok erabakitzen dugu egutegia. Epe batzuk irekita zeuden, eta helbideratuta dutenei berdin kobratu zaizkie, ezin dugulako agindua atzera bota. Helbideratu gabe daudenak ordaintzeko epeak luzatu ditugu. Uda bukatu arte martxan jartzeko epeak ere atzeratu ditugu. Beste hobari edo moldaketak egiteko, Aldundiaren erabakiaren zain geratu beharko dugu. Hondakinen tasa erabiltzen denaren arabera kobratuko da enpresa, komertzio eta ostalarien egoera ekonomikoa arintzeko. Etxebizitza arruntetan zerbitzua berdin jasotzen ari dira, baina ixtera behartuta dauden enpresa txiki, komertzio eta ostalaritza enpresetan zerbitzu gehigarriak ez dituzte erabiliko. Ondorioz, kobratu beharreko kopuruak egokituko ditugu. 2020ko aurrekontuan eragina izango du egoerak? Bai. 2019 bukaeran, diru sarrera jakin batzuekin urteko plangintza egin genuen. COVID-19aren ondorioz, foru ekarpenean %20-%25eko jaitsiera aurreikusten du Aldundiak. Geldialdiaren ondorioei ere aurre egin beharko diegu. Kontratuetan kalte-ordainak egon daitezke, adibidez. Aurrekontua birmoldatzeko lanetan ari gara. Diru sarreretan eragina aurten nabarituko da, baina baita hurrengo urtean ere, 2020ko aktibitatearen zerga batzuk 2021ean biltzen direlako. Udalak azpikontratatutako zerbitzu batzuetan aldaketak eragin ditu egoera honek. Zerbitzu batzuk moldatu egin dira eta martxan jarraitzen dute. Moldatu ezin direnek aktibitatea geratu behar izan dute: Elorsoro kiroldegia, Abaraxka ludoteka edo Mendiburu 14ko lanak, adibidez. Bakoitzaren azterketa egin behar dugu, baina zaila
da ez dakigulako egoerak zenbat iraungo duen. Irizpide orokorra argi dugu: langileek soldataren %100 jasotzeko formula bilatzen saiatu eta kuotak egokitu beharko dira. Zer pasatuko da proiektu, inbertsio eta egitasmoekin? Martxan dauden proiektu eta inbertsioak bere horretan mantenduko ditugu. Kasu askotan esleipenek eta hitzarmenek indarrean jarraitzen dute. Hasi gabe daudenak ez ditugu martxan jarriko uda pasa arte, gutxienez. Ziurgabetasun egoeran gaude eta COVID-19aren ondorioak kudeatzeko plana dugu martxan. Baliteke 2021 edo 2022ra atzeratu behar izatea egitasmo ugari. Beti jokatu izan dugu zuhur, eta momentu honetan gehiago oraindik. Oiartzungo Udala krisi honi aurre egiteko moduan al dago? Aurreko legegintzaldia herria egituratzeko eta oinarrizko beharrak asetzeko erabili genuen. Horri esker, krisi honi aurre egiteko egoera onean gaude. Baina horrek ez du esan nahi eraginik izango ez duenik eta alarma egoera bukatuta lehengora bueltatuko garenik. Mendiburu 14 dugu martxan, estrategikoa dena. Honi eustea beharrezkoa dela jakinda, beste guztia egokitu beharko dugu. Aurrera begira aurreikuspenak egiten ari zarete? Epe motzera lehenengo aurreikuspenak ditugu eta aktibitatea berreskuratzen den heinean datu zehatzagoak edukiko ditugu. Udal zergen ikuspuntutik ez dugu aldaketa handirik espero, baina beste erakundeek diru bilketan jaitsierak aurreikuten dituztenez, kontuan hartu behar ditugu. Urteko plangintza berrantolatu behar dugu, ez alarma egoerak irauten duen bitartean bakarrik, baita 2021ari begira ere.
Karrika errekako habitat naturala berreskuratu eta arrainen migraziorako oztopoak kentzeko, Galtzaraberriko presa eraisteko bigarren fasearen baimenak eman ditu Udalak aurten. Gipuzkoako Foru Aldundiko Obra Hidraulikoen zuzendaritza izango da lanak egingo dituena, lehen fasea bezala. Kasu honetan, proiektuak Europako FEDER planaren laguntza ekonomikoa izango du. Guztira, 171.189,29 â‚Źko aurrekontua dute lanek. Bizi dugun egoerarengatik, ezin da jakin noiz hasiko diren bigarren faseko lanak.
Udal ibilgailuen desinfekzioa
Udaltzaingoaren eta udaletxeko brigadaren ibilgailuak egunero garbitzen dituzte udaltzainek, COVID-19ak eragindako larrialdi egoera dela eta. Ozono makinarekin egiten da garbiketa hau, desinfektatzeko sortuta dauden makina berezi batzuekin.
Udalarekin harreman elektronikoa
Indarkeria matxistaren kontrako bizilagunak
Maskarak banatu ditu Udalak garraio publikoan
Gizarte-Ongizate sailetik, elkar zaintzeko deia
Museoek eskaintza birtuala egingo dute
Udala fisikoki itxita dago COVID19ak eragindako larrialdi egoerarengatik. Horrek ez du esan nahi herritarren eta Udalaren arteko harremana etenda dagoenik. www. oiartzun.eus webgunearen bidez, eskaera orokorrak bideratu daitezke. Matxuren berri emateko eta iradokizunak egiteko aukera ere ematen du webguneak, elektronikoki. Erabiltzeko, erabiltzaile digitala behar da eta eskuratzeko aukera ere badago. Udalaren webguneak ere informazioa etengabe eguneratzen du eta twitter bidez ere bai (@oiartzunudala).
Indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakumeak lagundu eta babesteko asmoz, bizilagunen artean elkartasun sarea aktibatu nahi du Udaleko Feminismo sailak. Horretarako, komertzioetan eta etxeatarietan jartzeko kartelak banatu ditu herrian zehar. Herritarrei laguntza eskatu die Udalak, beren etxe-atarietan kartelak zabaltzeko: komertzioetan eskuratu daitezke kartelal edo etxean inprimatzea litzateke beste aukera. Horretarako, feminismoa@oiartzun.eus-era idatzita eskatu dezakete herritarrek kartela.
Udalak, udaltzaingoaren bidez, maskarak banatu ditu herriko garraio publikoan: Xorrola herri barruko autobusean, Ekialdebuseko lineatan eta EuskoTrenen geltokian. Espainiako estatuak apirilaren 14tik aurrera garraio publikoan maskarak banatzeko agindua eman zuen, baina berak zehaztu zuen non eta nork egin behar zuen banaketa: Oiartzun ez zegoen banaketa egingo zen herrien artean. Hori dela eta, Oiartzungo Udalak bere baliabideekin garraio publikoko erabiltzaileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko ahalegina egin du.
Komunitatearen harremanak beti dira garrantzitsuagoak, baina COVID-19ak eragin duen larrialdi egoera honek herritar guztiok egin gaitu zaurgarriago. Hori dela eta, Gizarte-Ongizate sailak bideo bat zabaldu du sare sozialen bidez, bizilagunen arteko harremana eta elkarren zaintzaren aldeko mezua zabaltzeko intentzioarekin. Bide batez, bideoak Udaleko GizarteOngizate sailarekin harremanetan jartzeko bideak ere azaltzen ditu. Oiartzungo Feministen Asanbladak eta OiartzunAurreak ere bat egin dute ekimenarekin.
Luberri Ikasgune Geologikoak eta Soinuenea-Herri Musikaren Txokoa museoak eskaintza birtuala egiten hasi dira: bisitak egiteko eta ekintzak proposatzeko baliatuko dituzte bide digitalak. Luberrik (www.luberri.eus) oraingoz ariketak proposatu ditu, baita Aiako Harria-Bianditz eremuaren inguruko azalpena ere bisitarien esku jarri. Herri Musikaren Txokoak, bere aldetik, soinutresnen bilduma bisitatzeko aukera eskainiko du (www.soinuenea.eus). Herriko museoek Udalaren Kultura sailarekin elkarlanean jarri dute martxan eskaintza hau.