Prosa eta Poesia 2018

Page 1

Oiartzungo XXXI.

LEHIAKETA 2018



Oiartzungo XXXI. Prosa eta Poesia lehiaketa 2018



Sarrera Itsasoan urak handi dire, murgildu nahi dutenentzat eta gure herriko lanak ere handi dire, izan ere aurten hogeita hamaikagarrenez poesia eta kontakizun ederrak idatzi dizkigute gure herriko haur eta gazteek. Literatura noten soinu desberdinez osatutako partitura eder bat da. Hitz leun eta gogorrei konpasa jarri eta mila xehetasun, mila doinu eta Ăąabarduraz aberastua. Gure herriko konposatzaileek euren irudimena martxan jarri eta euskaraz jostatuz lan umoretsu, triste, abenturazale etabarrak egin dizkigute. Aipatu gabe ezin utzi aurtengo prosa eta poesia ekitaldian eta Hitzen Lihoa ekimenaren baitan presente izan dugula Xabier Lete. Argi dugu, omentzeko modurik onena euskal kulturari ekarpena egiten jarraitzea dela. Izotz-ondoko eguzki, neguaren farre: hemen ditugun olerkariak Xabier, hiri goratzarre.

Ioritz Aizpuru Lopez Euskara Zinegotzia

3


Š Oiartzungo Udala Lege gordailua: SS-390-2019 Fotokonposaketa eta inprimaketa: Antza komunikazio grafikoa


Oiartzungo Prosa eta Poesia Lehiaketaren 2018ko saridunak

2018ko epaimahaikideak:

Pello AĂąorga Lopez, Ipuin kontalaria

Goiatz Labandibar Arbelaitz, Kazetaria eta idazlea

Marijo Telletxea Tolosa, Irakaslea

Aingeru Palomo Zabala, Irakaslea

Izar Azpiroz Iragorri, Matematikaria eta irakaslea

Sohalge Arbelaitz Kortabarria, Irakaslea

Imanol Irigoien Aranberri, Poeta eta margolaria

Intxixu AEK euskaltegia

Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilgunea

Lehendakaria: Ioritz Aizpuru Lopez (Euskara Zinegotzia) Idazkaria: Aitziber Arnaiz Garmendia (Euskara Teknikaria) Zuzenketak: Arkaitz Goikoetxea Arriola Ilustrazioak: Jokin Mitxelena Erizek sari banaketa ekitaldian zuzenean marraztutako irudiak. 5


2018ko saridunak Saila

Maila

1. saila

LH 3

Prosa

Poesia

aiara inciarte cintero Ate misteriotsua

MIREIA SAGARRA MARTIN Basoko sekretua

2. saila

LH 4

june escano urdanpilleta Pegaso baten istorioa

maddi mitxelena iriondo Sahara ez zait gustatzen

3. saila

4. saila

5. saila

6. saila

LH 5-6

DBH 1-2

DBH 3-4

16-18 urte

aritz aparicio pagadizabal

araitz irastorza urruzola

Txori galdua

Nor naiz?

lorea kortajarena mugika

lua gonzalez capelo

Espazioko zulo koloretsua

Hizkiak

ekhi astibia getaria

lur lopez fraile

Izarrei begira

Itzala

Lur lopez fraile

ane garmendia irastorza

Amesgaiztoko bidaia

Iraganeko argazkia

udane ibarguen karrera

maren elizetxea castiĂąeyra

Itsas arima

Hots agintaria

Eider ormaetxea romero

amaiur aranburu gorrotxategi

Sahira

Ezindua

JOSU IBARGUREN ELOSEGI

Leire ugartemendia arruabarrena

Itsaso hari begira

Paris

LUR GAZTELUMENDI BERISTAIN

malen elizasu manterola

Bular bat, mesedez

Bakarra

6


Aurkibidea Prosa Ate misteriotsua

10

Basoko sekretua

12

Pegaso baten istorioa

14

Sahara ez zait gustatzen

16

Txori galdua

18

Espazioko zulo koloretsua

20

Izarrei begira

22

Amesgaiztoko bidaia

25

Itsas arima

30

Sahira 33 Itsaso hari begira

36

Bular bat, mesedez

40

Poesia Nor Naiz?

46

Hizkiak 48 Itzala 50 Iraganeko argazkia

52

Hots agintaria

54

Ezindua 56 Paris 58 Bakarra 60

7



Prosa Oiartzungo XXXI. Prosa eta Poesia lehiaketa 2018


Aiara Inciarte Cintero 1. saila Prosa

ATE MISTERIOTSUA 2017ko uztailaren 20a, ostirala. Londresen gertatu zen. Behin batean, Maider eta Sena izeneko lagun batzuk Londreseko ikastolan zeuden. Maiderrek 7 urte zituen eta Senak 8 urte. Maiderri abestea eta dantzatzea gustatzen zitzaion. Senari eskulanak egitea gustatzen zitzaion. Ikastolatik atera eta gero, parkera joan ziren jolastera. Ondoren, etxera joan ziren. Sena bere lorategira atera zen eta gauza distiratsu bat ikusi zuen hostoz beteta. Orduan amari esan zion ea Maider ahalko zen jolastera etorri. Amak baietz esan zion. Maider Senaren etxera joan zen. Senak Maiderri erakutsi zion hostoen lekua. Bien artean hostoak kendu zituzten eta‌ ATE MISTERIOTSU BAT ZEN!!! Maider eta Sena barrura sartu ziren. Barrura sartu zirenean, atea hautsi egin zen. Maider eta Sena barruan geratu ziren. Barruan MAGIAZKO GAUZAK ZEUDEN!!! Maitagarriak, ipotxak, sirenak‌ Maiderrek eta Senak aurrera jarraitu zuten. Txakur txiki bat ikusi zuten. Ondoren, etxe bat ikusi zuten. Atea jo zuten eta ipotx bat atera zen. Maiderrek eta Senak galdetu zuten ea berea zen eta ipotxak baietz esan zuen. Senak eta Maiderrek aurrera jarraitu zuten. Gero, beste ipotx bat ikusi zuten. Ipotxak Maider eta Senari galdetu zien ea nahi zuten bere lagunak izan. Maiderrek eta Senak baietz esan zuten. Senak ipotxari galdetu zion nola izena zuen eta ipotxak esan zuen Ane zuela izena. 10


Azkenean, gaua iritsi zen eta Sena eta Maider Aneren etxera joan ziren lo egitera. Hurrengo egunean gosaldu eta gero atea konpontzen saiatu ziren. Azkenean, atea konpondu zuten eta denek poz-pozik atea ireki zuten, ea atea Senaren lorategian ateratzen zen, eta bai! Orduan agur esan zioten Aneri, Senak eta Maiderrek ez zioten inori ezer esan ATE MISTERIOTSUAREN INGURUAN. Baina beraiek bazekiten han lorategiaren azpian lagun bat zutela betiko.

Lurdes

11


Mireia Sagarra Martin 1. saila Prosa

BASOKO SEKRETUA Bazen behin duela urte asko neskatxa bat. Milan izena zuen eta indar asko zuen. Milan bere amarekin bizi zen. Behin basora joatea erabaki zuen. Hurrengo egunean, goiz prestatu eta amak ikusi gabe han abiatu zen. Basoan zegoela, otso bat hurbildu zitzaion baina otso hura ez zen besteak bezalakoa, desberdina zen. Harrituta zegoen, Milanek begietara begiratu zion otsoari. Milan pixka bat izututa zegoen, eta munduko une hartan, minutu hartan, segundo hartan konturatu zen otsoa ez zela gaiztoa. Lagunak egin ziren. Baina, behin, otsoak bere taldea ikusi zuen; otsoak gauza bat bakarrik esan nahi zien taldekideei:

12


– Kaixo, lagun berri bat egin dut, Milan!!! Buelta eman eta Milanengana joan zen. Milanek hainbeste indar zuen, otsoa bizkar gainean eraman zuen maldan gora. Milanek otsoa etxera eraman zuen. Milanen amak utzi zion Milaneri otso etxean sartzen. Azkenean, festa bat antolatu zuten eta ondo-ondo bizi izan ziren HIRURAK !!!! Katu-katu, ipuina bukatu.

Binmans

13


June Escano Urdanpilleta 2. saila Prosa

PEGASO BATEN ISTORIOA Orain dela milaka urte, pegasoen erreinuan Kora izeneko pegaso bat bizi zen. Oso ausarta zen. Kora ertaina, ilehoria, polita eta alaia zen. Kora diseinatzaileen unibertsitatean dago. Bere soineko eder eta koloretsua egiten ari zela, soinu arraro bat entzun zuen teilatuan. Bere pegaso hegal ederrekin hegan joan zen teilatura. Ez zuen ezer ikusi eta behera jaitsi zen, eta bat-batean bere soinekoa goitik behera hautsia zegoela ikusi zuen. Kora negarrez hasi zen beldurturik. Bat-batean, katu magiko bat etorri eta soinekoa konpondu zuen. Gero, azterketan bere soinekoa erakutsi eta gainditu egin zuen. “Bai!�, esan zuen oihuka. Azkenean, munduko diseinatzaile onena izan zen.

Pegasus

14


15


Maddi Mitxelena Iriondo 2. saila Prosa

Sahara ez zait gustatzen Lau urterekin joaten nintzen ur bila. Esaten dute nire lehengusuarengatik daukagula dirua. Nire lehengusuaren etxean, berak esaten duenez, sua botoi batei emanda pizten da. Hemen, berriz, kotxeko sabaian jarrita egiten da janaria. Hemen dena hondarra da; han, berriz, adreiluak daude lurrean. – Abada! –esan dit amak. Nik erantzuten diot. – Zer? – Ura falta zaigu! Ontzia hartu eta tipi-tapa, tipi-tapa ur bila noa… Nekatzen ari naiz! Nik ere Gipuzkoan bizi nahi dut! Ez da bidezkoa! Errekara joan naiz, ura hartu dut eta neka-neka eginda berriro etxera. Nire ama lehengusuak bidali digun dirua kontatzen ari da. Ni nire logelan nago eta nire gelatik “Aupa!” entzun dut. Nire ama da. Korrika noa beregana eta esan diot: – Zer?

16


– Badugu dirua Gipuzkoara joateko! Maleta egin dut: bi galtza eta hiru kamiseta. Orain aulki batean eseri naiz eta hegan hasi naiz; hegazkina esaten diote. Gipuzkoako etxera sartu naiz, botoi bati eman diot eta gela bat argitu da. Orain arropa gehiago dut. “Dutxatu egingo naiz”, esan dut. Palanka bat mugitu eta ura gainetik erori zait gero. Botoi bati eman diot eta ura erori da; hartzen saiatu naiz baina esan didate ura sobera dagoela hemen. Gaur nire urtebetetzea da. Behera jaitsi naiz. Tarta handi bat ikusi dut, “ZORIONAK, 13 urte”, esan dute! Munduko opari ederrena eduki dut, Gipuzkoara etortzea. Eta orain, nire begietatik ura erori da.

Mima 17


Aritz Aparicio Pagadizabal 3. saila Prosa

TXORI GALDUA Bazen behin txori zuri bat, Martin izenekoa. Bere begiak udaberriko belarra bezain berdeak ziren, bere mokoa eguzkia bezain horia eta bere lumak ortzadarra bezain koloretsuak. Egun batean, negua iristear zegoela, Martin eta bere taldea Afrikara abiatu ziren, goxo egoteko. Inork espero ez zuen momentu batean, arrano bat etorri zen eta taldea desegin zuen; orduan, Martin galdu egin zen. Martinek ez zekien non zegoen eta animalia guztiei galdetu zien ea bere txori taldea ikusi zuten. Baina inork ez zuen bere txori taldea ikusi. Lehenengo otso bati galdetu zion, baina hark ez zuen ikusi, gero erbi bati, gero zizare bati... baina inork ez zuen ikusi. Martin etsita zegoen eta harri baten gainean eseri zen. Bat-batean, azeri bat ikusi zuen, eta azeriari galdetu zion ea bere txori taldea ikusi zuen. Azeriak esan zion txori talde bat ikusi zuela Afrikara bidean. Martinek, ordea, ez zekien Afrikara nola joaten zen, eta azeriak lagundu zion.

18


Iritsi zirenean, ez zuen txoririk ikusi eta, lur jota, lehengo lekura bueltatu zen. Berriro ere, harriaren gainean eseri zen, eta zerura begiratu zuenean, txori batzuk ikusi zituen hegan. Orduan ze txori ziren ikustera joan zen eta konturatu zen bere txori taldea zela. Ikaragarrizko poza sumatu zuen bere barruan eta, denborarik galdu gabe, haiekin bueltatu zen taldera, eta denak batera Afrikara joan ziren. Afrikan oso zoriontsu bizi izan zen betiko.

Ander

19


Lorea Kortajarena Mugika 3. saila Prosa

ESPAZIOKO ZULO KOLORETSUA Orain dela 10 urte, espazioan jolasean ibiltzen ziren planetak. Eguzkia ere bai. Ilargia, ordea, Lurraren anaia txikia zen eta denbora guztia txorakerietan egoten zen. Pluton, berriz, oso lotsatia zen. Nahiz eta saiatzen zen beraiekin jolasten, besteek ez zioten kasurik egiten. Azkenean, Plutonek erabaki zuen espazioko beste toki batera joango zela lagunak egiteko. Ikusi zituen planeta asko baina ez zuten berarekin nahi, txikiegia omen zen. Pluton gaixoak ez zuen esperantzarik, etsita zegoen. Espazioan aurrera zihoala , puntu beltz bat ikusi zuen urruti eta gerturatu egin zen. Azkenean, ohartu zen zulo beltz bat zela eta ihes egiten saiatu zen, baina haren indarragatik, barrura sartu behar izan zuen. Dena iluna eta isilik zegoen. Hor egon zen 4 egun eta desiratu zuen lagunak egin nahi zituela: – Nik, Plutonek, lagunak egitea desiratzen dut! Hurrengo egunean, izar-uso handi bat pasatu zen bere ondotik eta Plutonek heldu egin zion. Izar-usoa, ordea, ez zen gelditu eta zulo koloretsu batera eraman zuen. Pluton beldurtuta zegoen, baina sartzean ohartu zen bera bezalako planeta txikiak zeudela festa bat ospatzen, eta gainera diskotekako bola batekin; horregatik zen zulo hura koloretsua. Han denek errespetatu egiten zuten eta berarekin jolasten hasi ziren.

20


Pluton oso zoriontsu zen han eta esan zion izar-usoari: – Eskerrik asko, zuregatik nago hemen, nola eskertu nizuke? Izar-usoak erantzun zion: – Lasai, ni horretarako nago, desirak betetzeko. Izar-usoak irribarre egin zion eta han gelditu zen bizitzen. KATU-KATU IPUIN POLIT HAU BUKATU!!

Korta

21


Ekhi Astibia Getaria 4 saila Prosa

IZARREI BEGIRA Atzo izan balitz bezala gogoratzen dut. Uda bukatu ondoren, ikastolako lehen eguna zen. Ikasgelako hirugarren lerroan nintzen eserita. Eskuinean Andoni nuen, boligrafo urdin eta orri zuri batekin. Ezkerrean, berriz, Maddi nuen; hark ere boligrafo bat zuen hatzen artean. Maddik, Andonik ez bezala, orrian zerbait idatzia zuen. Nik ez nuen ezer esku artean, izan ere, irakasleak bidali zigun lana bukatua nuen. Lana hauxe zen: uda amaitu zela aprobetxatuta, egindako gauza interesgarri bat edo gehiago idaztea. Konturatu orduko, txirrinak jo zuen; bazkaltzeko ordua iritsi zela iragartzen ari zen. Aulkia mahai azpian sartu, motxila hartu eta argiaren abiaduran atera nintzen gelako atetik. Ama ikusteko gogo ikaragarria nuen. Infernu horretako atetik atera nintzen begirada galduarekin, batera eta bestera begira, ama bilatu nahirik. Segundo gutxira ikusi nuen ama; gure auto beltzetik ateratzen ari zen. Normalean baino beranduago iritsi zen, baina bazuen azalpena: urdaiazpiko goxoa ekarri zidan ogitartekoan; urdaiazpiko goxoena lortzeko gehixeago itxaron behar dela esaten du amak, horregatik iritsi zen beranduago. Autoan sartu ginen biak eta beti bezala aitonari bisita egitera joan ginen. Aitona ospitalean zegoen, ELA gaixotasunarekin. Gaixotasun hori ez da ohikoa, urtean 1-2 kasu izaten dira 10.000 biztanleko, eta horietako bat nire aitona zen. Gaixotasunak aurrera egin ahala, aitonaren giharrak gelditzen ari ziren, mugitu ezinda uzteraino. 22


Ospitaleko atetik sartu eta pare-parean genuen igogailu grisean sartu ginen. Laugarren solairura gindoazen, konkretuki laugarren solairuko 175. gelara. Aitonari ikastolan egindako guztia kontatu nahi nion. Amonari, berriz, arratsaldean egingo nuena. Hainbeste pentsamenduren artean igogailuko atea ireki zen. Behera begira ari nintzen amari eskutik helduta, denbora-pasa bezala, lurreko baldosa zurak kontatzen. Aitonaren gelako atea ireki eta, espero nuen bezala, amonaren ahotik “Mikel� goxo bat atera zen. Amonari besarkada bat eman eta aitonaren ohe zuriaren ondoko aulkian eseri nintzen. Pentsatua nuen bezala, aitonari ikastolan egindako guztia kontatu nion. Amonari azkenean ez nion kontatu arratsaldean zer egingo nuen, izan ere, ahaztu egin zitzaidan. Hamabost minutu iraun zuen aitonaren bisitak. Poz-pozik aitona bisitatu ondoren, etxera joan ginen. Ez nekien aitona ikusiko nuen azken eguna izango zela. 23


Hurrengo egunean energiarekin esnatu nintzen, baina etxe guztia isilik zegoen. Ez nuen hotsik entzuten, amaren kafe-makinaren soinua ere ez nuen entzuten. Ohetik poliki altxatu eta etxeko pasilloetatik barrena hasi nintzen ibiltzen ama aurkitu nuen arte. Sukaldeko egurrezko aulkian zegoen eserita, euria ari zuen bere begietatik. Argi zegoen zerbait gertatu zela, baina zer? Amak bere ondoan zegoen aulkian esertzeko eskatu zidan. Besarkada goxo batekin esan zidan gaixotasunak aitona eraman zuela. Disimulatzeko ahaleginak egin nituen, baina niri ere malkoren bat edo beste erori zitzaidan. Eguna besteetan baino ilunagoa izan zen. Ez nuen inorekin hitz egin nahi, ez nuen inorekin egon nahi. Ikastolara joan nintzen eta ikasgelako azkeneko lerroan eseri nintzen bakar-bakarrik. Ezin nuen arreta mantendu, aitonarekin bizi izandako momentuetan nuen jarrita pentsamendua. Osaba Andoni etorri zen nire bila, ama amonarekin baitzen. Biek arratsaldea etxeko telebistaren aurrean pasa genuen afaltzeko ordua iritsi zen arte. Ilunabarra iritsi zen eta ama ez zegoen etxean. Espero nuen baino dezente beranduago etorriko zen ama. Ez nuen logalerik eta gelako leihotik izarrei begira geratu nintzen. Denak distiratsu-distiratsu zeuden, baina bazegoen bat besteak baino distiratsuagoa zena. Berehala norbaiten itxura hartu nion, baina norena? Noren itxura zuen izar hark? Bost minutu igaro ondoren ohartu nintzen: nire aitona kuttunaren irribarrearen tankera zuen. Harrezkero, gaur egun arte, izarrei begira gelditzen naiz gauetan, izar distiratu hori begiztatzeko eta aitonaren irribarrea irudikatzeko. Izan ere, izar horri esker, berriro bere goxotasuna sentitzen dut eta, batez ere, nire ondoan dudala sentitzen dut.

Astiif

24


Lur Lopez Fraile 4. saila Prosa

AMESGAIZTOKO BIDAIA 2015eko ekaina. Urduri nago, urduri gaude ia denak: aita, ama eta nire bi anaiak. Anaia gazteena da urduri ez dagoen bakarra, oso txikia da eta amarekin etxean geratuko da. Ezin du gurekin bidaia luzea egitera etorri, aitak esaten du bidean geldituko litzatekeela, baina gu indartsuagoak gara eta datorrenari aurre egiteko prest gaude. Hemen ezin dugu gehiago, ez daukagu ia janaririk eta sabela puztuta daukat. Ama edozein txokotan negarrez ikusten dut eta esan dit, mesedez, txintxo portatzeko, aitari kasu egiteko, eta eskolan irakurtzen ikasi dudanez, koaderno gorrian hitzak idazteko.

2015-06- 25

– Mugitu, Akanni. – Bai, banoa, ama -esan diot amari. Gauzak hartu eta etxetik atera gara, nire aita eta bi anaia zaharragoekin. Saharako desertua zeharkatu beharko dugu. Ez da egun bateko ibilaldia. Pena ematen dit etxetik joateak, baina hori izango da ideiarik onena, gerraren ondorioz oso gogorra baita hemen irautea; gose handia pasatzen dugu, eta, gainera, esklaboak bezala tratatzen gaituzte. Europara iristeko gogoa dut. Esaten dute etxe luze-luzeak daudela, fabrika asko dagoela eta pertsonak ez dituztela hemen bezain gaizki tratatzen.

25


Orduak dira abiatu garela eta oraindik begi malkoak dauzkat sudur inguruan. Dena oso berde dago, izan ere, Afrika Erdiko Errepublikan gaude oraindik, nire herrian. Beste lagun batzuk topatu ditugu eta beraiekin joateko asmoa dugu. 2015-07-11

Egunak pixkanaka aurrera doaz, dagoeneko pasa da aste pare bat nire herritik atera ginela. Nire ama eta anaia txikiarekin oso kezkatua nago, ez dakit nola dauden. Aitak esaten du laster Txadera iritsiko garela. Oraindik dena oso berde dago, baina oso nekatua nago, ez dut pentsatu nahi nola egongo naizen basamortura iristean. 2015-08- 09

Dagoeneko hilabete eta erdi da etxetik abiatu ginela. Hanka azpiak urratuak dauzkat, eta nire anaia zaharrenak min hartu du hankan harri batekin estropezu eginda. Laster iritsiko gara desertura. Gezurra dirudi oraindik okerrena ez dugula pasatu, Nigeria eta Txaden arteko mugan gaude. 2015-08- 29

Bi hilabete pasatu ondoren, azkenean iritsi gara basamortuaren atarira. Beroari aurre egiteko, kantinplorak Lac Tchad laku erraldoian bete ditugu. Zorionez, nire anaiak hanka hobeto dauka eta denok prest gaude amesgaiztoari aurre egiteko. 2015-09- 25

Hiru hilabete dira nire ama eta anaia ez ditudala ikusten eta hutsune handia sumatzen dut nire bihotzean. Niger herrialdean gaude eta bero handia egiten du. Gurekin etorri den mutiko bat atzean ari da geratzen, ez dakit bizirik irautea lortuko duen, oraindik asko falta baita. Hemen infernuan baino bero handiagoa egiten du, eta, gainera, oso neketsua da, ibilbidea hondarrez eginda baitago. 2015-12-09

Niger erdialdean gaude dagoeneko. Azkenean gurekin etorri den mutikoa bidean geratu da eta ezin izan dugu ezer egin, izan ere, gu ere nahiko lanekin gabiltza. Beldurra ematen dit hurrengoa ni izango naizela pentsatzeak. Nire anaia ere larri ikusten dut, hanka azpiko zauria gaiztotuta baitauka. Espero dut berari ezer ez pasatzea. 26


2016-04-23

Aljerian sartzear gaude eta nire anaiak ezin du gehiago, dagoeneko zutik egoteari utzi dio. Uste dut bereak dagoeneko egin duela. Nire negarra malkorik gabekoa da, kantinplora hutsik baitaukagu eta sekulako egarria daukat. Gezurra dirudi oraindik basamortuaren erdialdean gaudela. Gutxienez, orain ez dago bero ikaragarririk, udaberria baita. 2016-04-25

Ezin dut sinetsi nire anaia basamortuak irentsi duela, zergatik jaio naiz hemen eta ez Europan? Zergatik daukat horren bizitza gogorra? Zergatik daukat horren zorte txarra? Ezin dut neure buruarekin, etsita nago, dena bukatzeko gogoa daukat. Baina aurre egin behar diot nire bizitzako egoera zail honi, nahiz eta mingaina basamortu madarikatu hau baino lehorragoa eduki. 2016-05-22

Hilabete da nire anaia galdu nuela eta oraindik bere falta handia sumatzen dut. Ezin dut beste ezertan pentsatu, ezin dut onartu anaiari gertatutakoa. Ez 27


dakit nire ama nola jarriko den berria jakiten duenean. Aljeriaren herena igaro dugu dagoeneko. Horrela aise esaten da, baina egun bakoitza, minutu bakoitza, segundo bakoitza amesgaiztoa iruditzen zait. Egarriz hiltzen ari gara eta denak benetan larri gaude. Honetatik pasatzeko jaio al naiz? 2016-07-15

Beste bi hilabete joan dira eta Aljeriaren erdia pasatu dugu. Gurekin etorri den adineko batek ezin du gehiago. Hasieran zortzi ginen eta bi joan zaizkigu, horien artean nire anaia kuttuna. Hirugarrena ere, ematen duenez, bidean doa, eta momentu honetan ez dugu indarrik hori saihesteko. Ur tanta bat edukiko banu sikiera. Tragoxka bat, ez dut besterik eskatzen. Urte bat bada etxetik atera ginela, eta ez daukat nire ama eta anaiaren berririk. Ezta haiek gurerik ere. 2016-08-12

Aljeriaren bi herenak egin ditugu, putzu batetik pasatu gara eta bete ditugu kantinplorak. Baina, hala ere, bero handia daukat. Dunak gora, dunak behera, horrelaxe pasatzen dugu egun osoa. Lehen larri zegoen adineko gizona atzean geratu da. Basamortu hau infernua bezalakoa da, ez dago ezer txarragorik hau oinez zeharkatzea baino. 2016-11-22

Beste hiru hilabete pasatu dira eta hankan min handia sumatzen dut. Eskerrak Marokora iristen ari garen eta ez duen bero handirik egiten. Aitak esaten du gogorrena dagoeneko egin dugula. Hori espero dut, gorriak eta bi ikusi baititut. Eta oraindik hau ez da bukatu. Oraindik Maroko oinez zeharkatu behar dugu eta hori ez da egiteko makala. Baina basamortu madarikatu hau ia gurutzatu dugu eta horrek konfiantza ematen du. 2017-03-07

Maroko erdia pasatu dugu eta dagoeneko zuhaitz batzuk ikusten ditugu. Hanka oso larri daukat, baina oso gutxi falta da kostara iristeko. Ura orain nahikoa dugu eta hori eskertzen dut. Gose handia daukat eta oraindik iruditzen zait nire anaia bizirik dagoela eta etxeko goxotasunera bueltatuko dela. Espero dut nire ama eta anaia txikia ondo egotea eta berriz elkar ikustea.

28


2017-05-14

Marokoko kostara iritsi gara. Hau poza! Elkarri besarkadak eman dizkiogu. Zailena egin dugu. Orain aitak esan du egun batzuk geratuko garela deskantsatzen eta gero azken erronkari aurre egingo diogula. 2017-05-21

Aste bat pasatu dugu eta ezkutuan txalupak hartu ditugu. Itsasoratu gara eta dena ondo zihoanean, txalupak buelta eman du. Inork ez genekien igeri egiten eta denak egur zati bati helduta moldatu gara. Denak nire aita izan ezik. Alde guztietara begiratu dugu, baina ezer ez, orduan ur azpian hondoratzen ikusi dut aita. Nire azpian zegoen, uste nuen amesgaizto bat zela, baina ez, egia zen. Hura tristura, izugarrizko samina sentitu dut nire barruan. Aquarius ontzia etorri da guregana eta erreskatatu egin gaituzte. Gero konortea galdu dut. 2017-05-22

Egun bat pasatu da nire aita itsasoan galdu zenetik. Ezin dut sinetsi, egun osoa negarrez eman dut. Nire bizitzak aita gabe ez dauka zentzurik. Honaino iritsi naiz, eta orain zer? Erraz esaten da Saharako desertua zeharkatu dugula. Ia bi urte pasatu ditugu eta gurekin etorri diren erdiak ez daude gure ondoan. Europarrek gu bezalakoak ikusten dituztenean, zera esaten dute: “ Ai, gizarajoak!� eta gero denetik erostera joaten dira, nahiz eta hormigoizko etxeetan denetarik eduki. Eta gu, berriz, gosez akabatzen edota bala batek ez hiltzeko basamortua zeharkatu beharrean, gure inguruko erdiak bidean utziz. Denak ez al gara gizakiak, ala?

Aldura

29


Udane Ibarguen Karrera 5 saila Prosa

ITSAS ARIMA Oraindik ez da bukatu, jasanezina egiten zait guztia. Eta galdetuko diozu zeure buruari: baina zertaz ari da? Zer demontre pasatzen zaio? Bada, egia esan, ez dakit nola hasi, ezta nola bukatu ere, ez baita gai erraza kontatzeko, baina ahalik eta hobekiena egiten saiatuko naiz. Ni Alex naiz, 16 urteko mutil gazte bat. Ez dut bizitza erraza izan, eta are gutxiago zoriontsua. Zorte handia duzu, irakurle, maitatzen eta laguntzen zaituen familia eta lagunak izango baitituzu segur aski, eta ez bada hala, zorte on, lagun. Kontua da, ikastolan hasi nintzenetik, ikaskideek bizitza ezinezkoa egin didatela. Eta badakizu, hasieran umeen kontu zoroak direnak, denborarekin, kontrolatu ezin diren mehatxu eta jipoiak dira, bata bestearen atzetik. Uste dut kokatzen ari zarela, baina guztia ongi ulertzeko, hasieratik hasiko naiz, hau da, nire jaiotzatik: 2002ko maiatzaren 26an haur berri bat iritsi zen mundura. Garai hartan arrunt polita nintzela esaten didate, ez orain bezala, eta umore bitxia nuela. Ez dakit zer esan nahiko ote duten bitxia izatearekin, baina alderdi positiboa dela pentsatu nahi dut. Gurasoak galdu nituen urte bat nuelarik, eta izeba-osabekin bizitzera behartuta aurkitu nintzen. Ez naiz haietaz oroitzen, haien muxu eta laztanez, edo zerbait hausteagatik jasotako errietez. Asko sumatzen dut haien hutsunea. Izan ere, Nerea eta Oscarrentzat, gaur egungo nire legezko tutoreak direnentzat, pisu bat gehiago naizela iruditzen zait, haientzat ni zaintzea zigor bat izango balitz bezala. Horregatik, ez 30


didate inoiz behar besteko maitasunik eman, eta bakarrik sentitu naiz urte hauetan, haien inongo babesik jaso gabe. Hala ere, lehen esan bezala, ez dira haiek izan nire bizitzara gaitzak ekarri dituztenak, horren errudun Ikastola izan baita. Hiru urterekin ikastolako ibilbidea hasi nuen, beste edozein haurrek bezala. Hasiera batean ongi pasatzen nuen, eta denekin moldatzen nintzen. Baina, tamalez, urte bat igaro ondoren arazoak iritsi ziren. Egunero berdina gertatzen zitzaidan. Goizean goiz, ikastolan hanka sartzen nuenetik arratsaldera arte, banku berean egoten nintzen eserita. Han ez nuen ezer egiten, panpina bat hartzen nuen esku artean eta nire munduan murgiltzen nintzen. Inor ez zen nitaz arduratzen, existituko ez banintz bezala jokatzen zuten denek. Eta egia da txikia nintzela eta esperientzia eta ezagutza falta nituela, eta, horregatik, gaizki pasatzen nuen eta, zati handi batean, bakardade hori izan da gaur egungo egoeraren errudun. Handik aurrera ez zen ezer aldatu, guztiak berdin jarraitu zuen. Denak batera ibiltzen ziren eta ni, beti bezala, izkina batean egoten nintzen, bakarrik egotea gustuko izango 31


banu bezala. Horregatik, familian laguntza eskatzea erabaki nuen, baina ez nuen halakorik jaso. Dena den, ez ninduen asko harritu, izan ere, ohituta nengoen etxe hartan ezezagun bat izango banintz bezala egoten. Hori dela eta, hilabete batzuk igaro ondoren, beste erabaki bat hartu nuen, eta erabaki hori ikastolan laguntza eskatzea izan zen. Banekien ez zela aukerarik onena izango, ez bainuen inoiz haien babesik jaso, baina egoera jasanezina zen, eta bizitzeko behar nuen indarra kentzen zidanez, niretzat ona izan zitekeen guztia egin nuen. Gaur egun, 16 urte ditut, baina ez pentsa egoera aldatu denik, lehen bezala jarraitzen dut, edo are okerrago. Oraindik ez dut ikastolaren eta familiaren babesik jasotzen, eta beti bezala, bakardadean bizi den mutil ezezagun hura naiz. Gauzak nola doazen ikusita, etxetik alde egitea pentsatu dut; nora joango naiz? Inork ez nau maite. Hala ere, iruditzen zait etxean baino hobe egongo naizela kalean, eta, beraz, herritik minutu batzuetara dagoen hondartzara joatea erabaki dut. Ez dakit zergatik, baina betidanik maitatu izan dut itsasoa. Baliteke dakarren usain freskoagatik izatea, edo urduritasun eta min guztiak sendatzen dituen soinu horrengatik, ez dakit, baina badakit zerbaitek erakartzen nauela. Momentu batez guztia ahaztu dudala iruditu zait, eta neure buruarekin lasai eta eroso sentitu naiz, baina gutxi iraun du. Oinetakoak jantzi ditut eta inguru hartako arroka batera igo naiz ilunabarra ikusteko. Azken batean, beti pentsatu izan dut norberak leku magiko bat duela non seguruago sentitzen den. Nire kasuan, babesa eskaintzen didana itsasoa da. Han nagoenean, gaitzak joan egiten dira, eta hainbestetan amestu dudan mundu perfektu hori imajinatzeko gai naiz. Inoiz ez naiz izan asko eskatu duen pertsona bat, egoeragatik izan daiteke, baina argi daukat behar dudan guztia aurrean dudala. Jarraian, motxila bazter batean utzi dut, eta nire gorputza itsasorantz bota dut, nire arima bertan hobeto dagoela iruditzen baitzait. Ez dakit nola eman amaiera honi, beti egiten baitzait zaila agur esatea. Gezurra badirudi ere, olatu eta arroken kolpeek inoiz sentitu ez dudan goxotasuna eman didate, eta erabat libre sentitu naiz. Orain, historia hau ahantzi eta, aukeran, itsasoaz oroitzea nahiago dut.

ITZAL

32


Eider Ormaetxea Romero 5. saila Prosa

SAHIRA Momentu hartan. Momentu hartan galdu nuen neure tolesgabetasuna, neure arimaren zuritasuna, neure esperantza, neure izaera, neu nintzena. Hamaika urte, hamaika urte soilik nituen patera hartan sartu nintzenean. Hamaika. Hamaika aldiz itsasontzian sartzen ginen pertsonen kopurua pasatuta. Hamaika egun eta hamaika gau egur puska hartan, bizitza hobe baten bila. Hamaika bizipen. Hamaika oroitzapen. Sahira, Sahira Zahir, hori zen neure izena. Gainontzeko gizaki guztiengandik bereizten omen ninduena. Mundu honetan ez al du geure izaerak inporta? Ba, ez. Jendeak zeure itxura, sexu, arraza eta diruarengatik baloratuko zaitu. Hori da zeu zarena mundu hutsal honetan. Baina, heriotzaren aurrean horrek ez du axola, emakume ala gizon, zuri ala beltz, aberats ala behartsu. Bera da mundu honetan dagoen gertaera garden bakarra. Ez diot beldurrik heriotzari, eta orain bere aurrean nagoela, neure bizitza ikusten dut. Alai sentitzen naiz, bizitza osoan benetan naizenagatik baloratuko nauen lehena izango delako. Baita azkena ere. Jaio nintzenetik izan naiz neska behartsua, neure herrixkako gainontzeko guztiak bezala. Bost urte nituela aita galdu nuen, gaitzen batek jota segur aski. Egia esan ez genuen sufritu, ez amak ez neuk. Neuk, ez nuelako ia inoiz ikusten, eta amak‌ Nahiago dut beragan ez pentsatu. Bizitza gogorra izan

33


du, hamabost urte zituela ezkondu behar izan zuen aitarekin, behartuta noski, berak hogeita hamar urte zituela. Ez zen bidaia erraza izan. Egunak behar izan nituen kostaldera iritsi arte. Neure lagun Dakarik lagundu zidan hondartzara zihoan jeep-an sartzen, bere gurasoen ezaguna baitzen gidaria. Dakari maitea, ez dut inoiz mutil hura ahaztuko. Bere izenak poza esan nahi du eta horixe sortu zuen neuregan, poza, izugarrizko poza. Pateran sartzeko behar nuen diru guztia amak eman zidan, bizitza guztian aurreztu zuena baina, hala ere, ez zen nahikoa. Horregatik egon nintzen hainbat egun herrixka hartan diru-eskean. Eta azkenean iritsi zen eguna, ditxosozko itsasontzi hartan itsasoratzekoa, horrela deitu ahal bazitzaion. Urduri sentitzen nintzen, oso urduri, inoiz baino urduriago, baita deseroso ere, denak baitziren gizonezkoak, hogei eta hogeita hamar urte bitartekoak, haurdun zeuden hiru emakume izan ezik, adin berekoak haiek ere. Amaigabeak egin zitzaizkidan han pasatu nituen orduak, bai neuri, bai ontzian zeuden gainontzeko guztiei ere. Gosea eta egarria ere ez ziren bidaia -lagun oso onak. Asko pentsatzen nuen momentu haietan, gauetan batik bat. Ilargiari begira, horixe esan nahi baitu neure izenak, ilargi. Amarengan pentsatzen nuen, geneukan diru guztia neuk etorkizun duin bat izateko eman zuen, bera bezala ezkontzera behatuta ez egoteko. Hura izan zen bidaia hartan gehien kostatu zitzaidana, ama atzean uztea. Europara iritsi eta dirua lortu bezain laster, amari bidaliko nion, zin egin nuen. Aitarengan ere pentsatzen nuen. Nolakoa izango ote zen? Ze gaixotasunek harrapatuta hil ote zen? Ama maite al zuen? Amak bera ez, hori argi dago, baina berak ama? Eta neure lagun Dakari maitea, zer izango zen bere bizitzaz handik aurrera? Herrixkan geldituko zen segur aski, nekazari, herrixkako gainontzeko gizonezkoak bezala. Gero ezkondu egingo zen bere adinaren erdia zuen neskatila batekin, ondoren umeak eduki eta‌ Beno, betiko istorioa. Eta neurea? Zer izango zen neure bizitza? Galdera hori planteatu nuenean jo zuen enbataren lehenengo olatuak patera. Bai, lehenengoak, bigarrena, hirugarrena, laugarrena, eta bosgarrena ere egon baitziren. Bakoitza, aurrekoa baino bortitzagoa eta zaratatsuagoa. Baina indartsuagoak ziren pertsonen oihuak olatuen orroak baino. Izutua nengoen, hurbiltzen nabaritzen bainuen, pausoka, presarik gabe, azken finean irabaziko zuela ziur baitzegoen. Heriotza bazetorren. 34


Eta, halako batean, uretara erori nintzen. Hotza zegoen, oso hotza. Biriketara sartzen nabaritzen nuen, tantaka-tantaka, sufrimendua areagotuz. Neure gorputza berun zati baten parekoa bihurtu zen bat-batean, oso pisutsua. Eta hondoratzen hasi nintzen, pixkana-pixkanaka. Ez nekien igeri egiten eta ez saiatzea erabaki nuen, heriotzari lana errazteko. Eta orain heriotzaren magalean nago, kulunkan, itsasoak, pertsona gosetu baten antzera, irensten nauen bitartean. Ilargia ikusten dut, gero eta lausoago, oroitzapen nagi bat bihurtzen den heinean. Sahira, Sahira, Sahira‌

Kresala

35


Josu Ibarguren Elosegi 6. saila Poesia

ITSASO HARI BEGIRA Pertsona bakarti gehienei bezala, gaueko paseoak gustatzen zaizkit. Lur ezezagunek eta izarpeek sortzen duten isolamenduan, intsonorizatuta pentsatzen dut, nire munduan, gure munduaz. Farola batek gaua dela esan bezain laster irten naiz, baina, gaur ez dut oinez jarraitzeko indarrik eta, bakartiei banku hutsak ere gustatzen zaizkigunez, itsasoari begira dagoen banku batean eseri naiz, itsasoari begira. Gaur, hala ere, bakardadeak bakarrik utzi nau eta lagun bat ekarri dit. “Kaixo” bati “iepa” batez erantzun dion neskak «axola al zaizu» bat bota dit, agian nik burua ezezka mugitzea nahi zuelako-edo. Hizketan jarraitu du, azal ilunez inguratutako ezpain marroixkak motel mugituz. Oso motel. Jarraian, galdetzeari utzi gabe, lepotik zintzilik duen poltsa gorritik ezpainetako gorria atera eta, motel, oso motel, ezpainak lerro ia perfektuan estali ditu kartazaletako argizaria dirudienarekin. Motel galdetu dit ea nahi nuen eta nik azkar erantzun: zer? a, ez. «Agur» motel batek «itxaron» azkar bat botatzeko denbora eman dit eta hantxe aritu gara hizketan. – Han, Kolonbia pobreenean, ez nuen ezer: esnatu eta armairuan atzoko kamiseta zikina eta biharko zulatua, bazkaltzeko gosea eta afaltzeko nekazaritzak loditutako nekea. Hona etorri nintzen guztiaren faltan zerbait lortzeko asmoz. Ez kamiseta, ez diru (bidean xahutu nituen zelaian pasatutako orduak), ez geldituko ninduen gorputz zahar bat. Eta hori saldu dut geroztik, ez dudana, falta zaizkidan urteak, gaztetasuna eta inozentzia. 36


Begi-zulo apokaliptikoek behin eta berriro zioena baieztatzen dute. Bere gorputza saltzen du: ezpain gorri finak, gerria bezain finak, azala bezain leunak. Eta bere patxadan, denborak balioa galtzen duela dirudi –ordua hain gutxi kobratu izanak segundoei balioa kendu izan balie bezala erabiltzen du denbora– ; “nire orduek 3 euro balio zuten, nire gorputzak 20 balio du” esango balu bezala. Esan diot ulertzen dudala bere egoera eta sentitzen dudala, benetan; baina, erantzun dit ezetz, ez dudala ulertzen, zerua ikusi ez duenak ezin duela zerua ulertu, zeruan sinestea besterik ez duela. Horrekin eta horregatik bukatu dugu elkarrizketa: mundua den bezala gozatzen eta onartzen dugunoi buruz, baina, e! enpatizatzen dugula uste dugunoi buruz. Nik nuen arrazoia. Altxa eta joan denean, itsasoa sartu zait sudur zuloetatik eta orduan konturatu naiz banilla usaineko perfumea zeramala. Oso gustuko dut itsasoa. Itsasoa aipatu eta, famatua banintz bezala, beste bat eseri zait alboan. Eztula egitearekin batera, isiltasuna puskatu du, bakardadea estali eta perfumearen azken apurrak isildu. – Kaixo, ni Jon naiz, eta zu? -galdetu dit, eta jarraian ohartu naiz ez dakidala zein den Kolonbiako neskaren izena. – Ni ere Jon -esan diot. – Kasualitatea! Zer zenioen itsasoaz? -jakin nahi izan du, eta nik, filosofatzeko momentua zela ulertuta, filosofatzeko ahotsa jarri eta zera erantzun diot: – Gorroto dut zerua. Gorroto etxeko sabaia, nire gainetik dagoelako, baina, zerua gorrotagarriagoa zait oraindik. Bere gas, hodei eta izarrekin, gorroto dut. Gorroto dut azpian egotera behartzen nauelako. Gainera, bere antonimo paraleloa gogorarazten dit. Gorroto dut lurra, bere gainean egotera behartzen nau eta ez dut inoren gainetik egon nahi. Atmosfera eta litosfera, inposizio bera modu inbertituan. Hidrosfera, aldiz, bai, gustuko dut. Ezin duzu azpian eduki ondoratu eta bere parean geratu gabe. Ez daiteke zure gainetik egon, euri gisan jausi eta zure parean geratuko da. – Horregatik zaude hemen? Itsasoa bezain aske izateko? Itsasoa sentitzeko? Ba, itsasoa ez da askea. Nola izango da askea zulo batetik mugitzen ez 37


dena? Nola, gizakiak ere noraino irits daitekeen esaten badio, harri gogorrez eraikitako lur hauskorrekin? – Ba, ni gustura izango nintzateke itsaso. Berak aukeratzen ez badu ere, ausaz tokatu zaion bidea bideetan ederrena da. Itsaso izan zaitezke edozein badiatako edozein egunsentiren azpian. Lurrunduz gero, itsaso izan zaitezke edozein izarpe eta lurgainetan, hodeien loditasun finarekin. Behin jausita edozein kontinentetako itsaso izan zaitezke, edozein basoren errutina, edozein deserturen esperantza. Hara non, jausterakoan, ikus dezakezun Afrikako triburik lehorrena zuri deika, dantzan; ongi etorri lurrera, itsaso. Eta bi minututan zeru izatetik, sekula ikusi ez zenuen landarearen xileman barrena anatomia botanikoa ezagutzera pasatzen zara. Beti heze, beti fresko, agian, jauziz jauzi, jausiz eta jausiz, erreka izango zara, bihar berriro itsaso izateko. -Hori guztia azaldu diot, lasai, behar ez zen lekuan ere etena egiten, behar ez nituen keinuekin, jakin dezan itsasoa ezin dela ulertu, baina sentitu bai. – Bai zera! –ojalaka mintzo ziren begi batzuekin–. Hori bideetako bat da, baina ura beti bere bidean doa, norabidea aldatzeko aukerarik gabe, harik eta itsasoa berea delakoan, dikeak eraikitzeko agindu duen (zerua ere az38


pian geratuko zaio ziurrenik) agintariaren komuneko zuloan bukatu arte, zikin eta fresko, arimaraino kloratuta. – Egia –manipulazio bat izan dela aitortu eta hizketan jarraitu dut–. Baina nork hasi du hau? Nork lapurtzen dio petrolioa, nork plastikotan itzuli? Ezin dugu ekidin? Preso hartu duena, izan dike artean, izan etxeko igerilekuan, ez daiteke preso hartu? Nork egin dezake horrelakorik? -Aurrekoa konpondu nahian, euliek behiaren isatsa bezala dantzan jarri dut bere mihia. – Zuk. Polita dirudielako, ederra delakoan, zer den aspaldi ahaztu duen horrek. Zuk. Mundu idor honetan, ideia lehorreko izaki zikinak asebetetzen dituen itsaso izan nahi duzun horrek; ur zikinarekiko, erradioaktibitateak zuritzeraino erretako urarekiko, enpatiarik ez duen horrek. Zuk. Maite duzula esanda (absoluzio pertsonalen linboan) ulertzen ez duzun horrek. Eta ez esan maite duzula, zaintzen duzula, ez zarela zu, zuk zera uste zenuela... Itsasoa ez da librea, ez zu hain sakona, ez bera hain gazia. Hitz egiten utzita isildu nauen gizonak gaueko bigarren lezioa eman dit. Bost minutu isilik nahikoak izan dira agur esan gabe joateko. Kontzientzia, egun lainotuetako itzalaren antzera, ahul eta ikusezin, lurretik daramat arrastaka, eta jitoan dabil hodei gaineko aurpegi iluna (suzko pekaz apaindua) eta traizionatu nauen itsasoa elkartzen diren ortzi-mugan. Eskumuturrean ordularia daramadanetik, beti da berandu. Banoa etxera, ideiak ametsetan disolbatzera, disolbatu eta komunetik bota. Komunetik itsasora joan daitezela, ez ditut gehiago nahi. Ez dakit nahikoa ezer pentsatzeko. Nahikoa pentsatu dut zerbait jakin nahi izateko.

Lauso

39


Lur Gaztelumendi Beristain 6. saila Poesia

BULAR BAT, MESEDEZ – Carcinoma ductal invasivo. – Barkatu? – Esne-hodietan hasi zitzaizun eta orain ugatz-ehunetara zabaldu zaizu. – Beraz? – Mastektomia izeneko ebakuntza egin beharko dizugu. Hau da… – Bai, entzuna dut. – Baina jakin ezazu ondoren errekonstrukzioa egiteko aukera duzula… Plastikoa, plastikozko titi bat sartu nahi didazue bularreko azalaren barrenean. Lehenik nire bularra kendu eta ondoren ordezkatuko duen ugatz huts bat jarri. Hutsik dagoen esne makina bat, plazerik jasoko ez duen titi punta faltsu bat, bularretakoa beteko duen bizilagun ezezaguna. Beldur nahiz. Nire gorputzaren maitalea naiz, baina ez aldaketen lagun, beti eman didate beldurra aldaketek, baita ebakuntzek ere. Harrigarria egiten da, egun batean, inolako abisu gabe, tontor berri bat hazi zaizula ohartzea. Ispiluaren aurrean jarriz, zure gorputz biluziari begira, bertako perfekzioak aztertuz, arrotza egiten zaizun zerbaiti so geratzen zara. Arnasa hartuz madarikatzen duzu. Arnasa botaz lasaitu. Biopsia bat egitea eta albiste onen zain egotea tokatzen da. 40


– Carcinoma ductal invasivo. – Barkatu? – Esne-hodietan hasi zitzaizun eta orain ugatz-ehunetara zabaldu zaizu. Minbizia, hona hemen hirugarren tontorraren jatorria. Arnasa hartuz barneratu ditut medikuaren hitzak, arnasa botaz ulertu. Ezkerreko bularra laztantzen duzu, ea hilzorian dagoen egiaztatu. Onik dagoela ematen du. Betidanik entzun izan duzun gaixotasuna, bat-batean, arrotz egiten zaizu eta urduritasunak ile puntatik bularretaraino jaten zaitu. Etorkizunari begira jartzen zara eta galderak sortzen zaizkizu buruan: zer kalte egin dezake gaixotasunak nire kasuan? Nolako tratamendua behar dut? Bularra galtzeko arriskua al dut? Urduritasunak bost hizki ahoskatzea mugatzen dit. – Beraz? Erantzunaren zain begira geratzen zara, ea medikuaren aurpegiak salatzen duen, bere hitzak entzun aurretik. Aurpegi serioa du, alaiago baten esperoan nintzen. – Mastektomia izeneko ebakuntza egin beharko dizugu. Hau da… – Bai, entzuna dut. Ez diozu uzten bukatzen bere esaldia. Entzuna baino gehiago dut irakurria. Batez ere artikuluak; bertan, ebakuntza egin dieten emakume batzuen testigantzak irakurri izan ohi ditut. Beraien ausardia bera edukitzea gustatuko litzaidake, nire onerako izango dela barneratu, eta, behar izanez gero, laguntza eskatu. Oso erraza da teoria, baina ondoren praktika dator eta ahul ikusten zara lehia horretan, zeure buruarekin duzun lehia horretan. Dena amets bat izatea nahiko zenuke, esnatu eta dena lehen bezala aurkitu. Berriro laztantzen duzu ezkerreko bularra, ulergaitza da ez duzula berriro berotasun bera sumatuko. Txikitan gorroto nituen nire titi txikiak. Izugarriak iruditzen zitzaizkidan eta beldurra nuen ea gehiago haziko zitzaizkidan. Gogoan dut amak lehen topa opari egin zidan eguna. Une hartan bularraldean sumatu nuen estutasuna ez dut ahantzi nire buruan, ezta ondoren egindako negarrak ere. Halako batean, goiko bikinia erabiltzeko beharra ikusi nuen, ziurgabetasunak

41


irentsita. Adin batetik aurrera, bularrak erakustea gauza ederra zela iruditu zitzaidan, eta erakusten ez banituen ere, maite nuen jertse lodien azpietan beraien presentzia zegoela ikustea. Geroago, nire itxuraren jabegoa finkatu nuenean, gorputza gehiago maitatzen ikasi nuen, eta gaztetasuneko segurtasun eza alde batera uzten. Baina berriz ere etorri zait lagun zahar hori nire burura bisitan. – Baina jakin ezazu ondoren errekonstrukzioa egiteko aukera duzula… Burua hizketan hasten zaizu plastikozko bular baten inguruan. Bihotzak ez dio entzuten, ordea, gorputzaren maitale denak gorputzarentzat onena nahi izango du beti. Zaila dela? Beti da zaila agur esatea. Are gehiago jaiotzetik bizilagun duzun horri. “Deformea geratuko naiz” dio buruak, bihotzarekin duen eztabaidan “Ederra izaten jarraituko dut” erantzuten du bigarrenak. Ispiluak testigu mutu bat islatzen du, begiek egiten dute hortik aurrerakoa: ikusitakoaren informazioa burura pasatu. Buruak egiten du ondorengo guztia, bihotza-

42


ri ahoan estalki bat jarriz. Perfekzioa edozeren gainetik dagoen gizarte kutsatu honetan, zaila da guztiz sendatzea eta burua engainu horretatik ateratzea. Besteen onarpena behar den bizimodu bat daramagu, non estereotipoek agintzen duten erreinu batean gauden giltzapeturik. Bularraren falta izateak desberdin egingo al nau? Agian, baina ez dut arduratu behar, zuk ere ez duzu arduratu behar. Beraz, bular bat izatearen edo ez izatearen beharra nire barneko kezketatik dator, ala buruan sartu didaten beste gaixotasun mota batetik? Dakidan bakarra zera da: minbiziari aurre egingo diola nire gorputzak, eta aurre egin ahal izateko atal baten sakrifizioa behar bada, prest nago buruko estereotipoen sakrifizioa nik neuk egiteko. Beraz ez; ez dut nahi beste bularrik oraingoz. Gorputza bular bat gabe ikusi nahi dut. Ispiluaren isla ikusterakoan ez dut nahi gorpu huts bat ikusi, betea nagoela ziurtatu nahi dut. Minbiziaren aurkako guda irabazi dudala oihukatu nahi dut harrotasunez, eta nire gorputza inoiz baino beteagoa eta ederragoa dagoela baieztatu nahi dut. Neure buruari lezio bat eman nahi diot, eta esan gauza onei ez zaiela begirada txarrik bota behar. Beraz, ez, mila esker, behar badut etorriko naiz beste bular baten bila beranduago, buruak bere lezioa jaso eta beste pauso bat emateko prest nagoenean, eta kafetegi batean kafea eskatuko nukeen goxotasun berarekin eskatuko dut.

Ernegu

43



Poesia Oiartzungo XXXI. Prosa eta Poesia lehiaketa 2018


Araitz Irastorza Urruzola 3. saila Poesia

NOR NAIZ? Mendian jaio, itsasoan hil, indar asko daukat nik. Mendian jaio, itsasoan hil, ez daukat ez begirik ez belarririk. Mendian jaio, itsasoan hil, ahoa bai, badaukat. Gauza asko daramat nik. Mendian jaio, itsasoan hil, kontuz!, asko aldatzen bainaiz ni. Jende asko nire barrura erori ondoren, kaltetuta geratu da... Mendian jaio, itsasoan hil, bizidun askoren bizigai ni. Nahiz eta, maiz, gaizki tratatzen nauten ni.

46


Mendian jaio, itsasoan hil, gaixotzen ari naiz ni botak, plastikoak... dauzkadalako. Mendian jaio, itsasoan hil, zakarrontzia ez naiz ni. Mendian jaio, itsasoan hil, lagundu mesedez ni zaintzen, egin zerbait mesedez niri.

Mendian jaio, itsasoan hil, zer naiz, bizigai edo zakarrontzi? Mendian jaio, itsasoan hil, ezetz asmatu nor naizen ni?

Natura 47


Lua Gonzalez Capelo 3. saila Poesia

HIZKIAK Hizkiak dira gure mundua! Hizkiak elkartuta hitzak, izenak, esaldiak osatzen ditugu. Hizkiak elkartuta nahi dugun pertsonari nahi ditugun sentimenduak oparitzen dizkiogu. Komunikatzeko sortu ditugun hizki horiek hitz bihurtzen ditugu baina, hala ere, gure munduan elkar ulertzeko modu ezberdinak daude. Orain dela bost mila urte hizki guztiak derrepente furgoneta batean ziren sartu, gerrikoak estu lotu, eta mundu osora ziren abiatu. Bertan ez ziren lokartu kantuz, irriz eta algaraz bidea zuten alaitu.

48


Errusiara ziren ailegatu, bertakoek zituzten hizki batzuk hartu. Hurrengoa Peru, bertakoen etxeetara hizki batzuk sartu. Gurera ziren heldu eta alaitasun pixka baten truke, hizki batzuk lortu. Eta horrela munduko herri guztiek hizkuntza bana sortu. HIZKIEK HERRIAK ERATU ETA HERRIEK MUNDUA LOTU.

Lulu

49


Lur Lopez Fraile 4. saila Poesia

ITZALA Nire atzetik ibiltzera kondenatuta zaude. Beti ilun, sentimendurik gabe. Ez duzu hankarik, ez duzu eskurik, ez duzu begirik, baina, hala ere, nire atzetik etortzen zara arnasestuka ibili gabe. Gaua iristean, ezkutatu egiten zara iluntasun beltzean. Baina badakit hor zaudela nire ondoan, nahiz eta ez sentitu. Itzala alargun gelditu den emaztearentzat senarraren oroitzapena da. Itzala preso batentzat giltzapean egotea da. Itzala Afrikako etorkin batentzat

50


Saharako basamortua gurutzatzea da. Itzala aitona zahar batentzat heriotza ate joka izatea da. Zuk, ordea, ez duzu senar baten beharrik, ez duzu alanbrezko itxiturak hautsi eta aske izateko beharrik, Saharako basamortuan hondarrak ez du zure kolorerik, ez duzu inoiz heriotzaren beldurrik ere. Eta, hala ere, zergatik aukeratzen zaitut jolaserako? Aldura 51


Ane Garmendia Irastorza 4. saila Poesia

IRAGANEKO ARGAZKIA Soineko zuria, irribarre argia, lore sorta eskuan, bihotza tximeleten munduan. Emozio ugari eta denak oso urduri: gurasoak, lehengusuak izeba-osabak, lagunak, ezagutzen ez ditugunak... Egun oso berezia, baina ez dago nire presentzia. Urteak pasatzen dira eta eztabaidak handitzen, batak eta besteak ez du lehengoa sentitzen; baina azkenean bai, jaio nintzen. Hartu zuten poza! Urte bat, bi urte, hiru urte, alaitasuna puntu bat arte. Eta nire ahizpa dator mundura! Familian behar genuen batura. Gauzak okerrera, ipuinaren bukaera. Gurasoak separatzera. Alaitasunak tristura bihurtuz, egunero negarrari helduz. 52


Soineko zuria, irribarre argia, lore sorta eskuan, bihotza tximeleten munduan. Emozio ugari eta denak oso urduri: gurasoak, lehengusuak izeba-osabak, lagunak, ezagutzen ez ditugunak... Eta orain, 8 urte geroago, hemen gaude, eta pozten naiz. Argazki hau eskuetan, berriz ere, ezkontzako eguna, zuen buruetatik kendu duzuena. Iraganera joan nahi nuke, eta egun hura bizitu, goizetik gauera arte. Zuek biak batera ikusteko, irribarretsu, koloretsu, tximeleten munduan. Ez naiz izan argia eta ez dizuet esan egia, baina noiznahi eskura dut, momentu txarrak alaitzen dizkidan argazkia. Eguzkilore 53


Maren Elizetxea GastiĂąeyra 5. saila Poesia

HOTS AGINTARIA Pertsona orok du hots lagun bat barnean, hots atsegin, pozgarri, babesle bat. Baina nire hotsa bestelakoa da, nire pertsona munstro gaizkile bilakatzen duen etsaia da. Nire adimenean preso nago, gogoeta ilunen zeldan. Burdina herdoilduen barrak estutuz doaz, bihotz sendo baten uzkurduren antzera. Iluntasuna nabaria da oinaze amaigabe honetan, askatasunaren eta opresioaren arteko lerroa gardentzen den gunean. Gizarte gupidagabe honen ukapenak nire arima mardula zeharkatu eta usteltzen du. Nire egoera ikusezina da gehienentzat. Gaixotasun sendaezin etengabekoa. Ulertezina berekoientzat eta koldar izatera bultzatzen nautenentzat.

54


Urriaren hamarrean* hots horri aurre egingo diogu. Nire barneko okupa botako dugu. Nire adimeneko zeldako barroteak zabalduko ditugu argiari leku eginez. Pertsona orok du hots lagun bat barnean, hots atsegin, pozgarri, babesle bat. Nire hotsa bestelakoa zen.

*Urriaren 10a, gaixotasun mentalen nazioarteko eguna. Eli 55


Amaiur Aranburu Gorrotxategi 5. saila Poesia

EZINDUA Nire bizitza gogorra da, entzun behar dudana gogorra, ikusi behar dudana gogorra, eta, batez ere, erantzun behar dudana gogorra, dena da gogorra. Beraien irriak nire kezkak beraien alaitasuna nire tristura beraien ausardia nire ahultasuna beraiek edozertako aukera nik berriz‌ Nire bizitza zaila da, entzun behar dudana zaila, ikusi behar dudana zaila, eta, batez ere, erantzun behar dudana zaila, dena da zaila.

56


Beraien irainak nigan, beraien hitzak nigan, beraien jokaera nigan, beraien erantzunak nigan, eta edozer nigan‌. Baina, hala ere, ezindua izanik, ausarta naiz, indartsua naiz, zoriontsua naiz, nahiz eta itxuraz besteek bezalakoa ez izan.

Harro nago, neure buruarengan sinesten dudalako, niri bost axola besteek nitaz zer pentsatzen duten, neure burua maite dut gustuko dudalako. HORRELAKOA NAIZ ETA KITO!

Eguzki

57


Leire Ugartemendia Arruabarrena 6. saila Poesia

PARIS Parisen, non mon amour eta je t’aime bakoitzak maite zaitut guztien balioa handitzen duten. Parisen, non Eiffel dorretik eguzkia ortzimugaren ertzean dagoen. Parisen, non garaipen-arkua igarota besarkada guztiak musu bilakatzen diren. Pauso isilez leihora gerturatu, eta kale beltza hartu dut begitan. Gaua da. Farola gutxi batzuek argitzen dute iluna. Kalean ez dago inor, urtean zehar beheko bankuan lo egin duen eskalea ere ez. Ilargia ezkutatu da, eta erromantizismo kutsatua agertu, izarren zirrarak taupadak areagotzen dituen bitartean. Agerian daramatza sorbaldak, kamiseta estuak nabarmentzen du bere emetasuna, bere bularrak, bere gerria...

58


Airera bidalitako musuak taupadak areagotu dizkio, eta arnasa lapurtu. Elkar besarkatzen dute, elkarbanatu, sentitu, gozatu eta gozarazi. Baina ez da lizun-etxeko emagaldu bat baino, etxe horretako nagusi jaunak bortxaz nerabezaroa ostu diona, hiri beltzeko kale beltzetan bizitzaren norabidean galduta dabilena, objektu huts sentitzen dena; maitatzeko gai ez den emakumea. Haize

59


Malen Elizasu Manterola 6. saila Poesia

BAKARRA Ezagutu dut, tximeleta izan nahi ez duen arra, urteetan txokoan jo gabe egon den gitarra, bigarren postuan egon nahi ez duen zilarra, basamortuan hutsal sentitzen den hondarra, minik eman nahi ez duen kazkabarra, kubiko izan nahi duen sagarra, nazioagatik borrokatu nahi ez duen militarra, zeroa barnean duen hamarra, malkorik ez duen negarra, gaztea zen zaharra, esnerik ez duen bularra, hirian bizi den herritarra, kolorerik maite ez duen ortzadarra, noranzkoa 180ยบ aldatu nahi duen iparra, ilerik ez duen bizarra, beti platerean gelditzen den ilarra, 60


hasiera eta bukaerarik nahi ez duen marra, orain bi egun itzali zen izarra, Txano-gorritxok amonari eman ez zion otarra, beso gihartsuan erakusten ez den indarra, aterperik gabeko lautadan bizi den saguzarra, andre izan nahi duen senarra. Ezagutu zaitut. TXOKUA

61


Antolatzailea:

Euskara Batzordea


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.