2024ko martxoa www.oiartzun.eus @oiartzungo_udala @oiartzunudala OIARTZUNGO UDALA INFORMATZEN 104. ZENBAKIA
ETXEA
ONGIZATEAREN
Zein esanguratsua den kokalekua. Zenbat informazio eman diezaguken norbaiten edo zeozeren kokalekuak. Garrantzitsuak ez direnak gorde egiten ditugu, edota lotsatzen garenean ezkutatzeko joera dugu. Gizarte zerbitzuak halaxe zeuden, ezkutuan, ilun, lotsati… baina aldi berean herritar askoren sostengu.
Esan bezala, zenbat esaten digun kokalekuak. Udalatik apustu polita eta beharrezkoa egin dugu. Itzalpean eta gordeta zegoena jada argiratu dugu, ikusarazi dugu, erdigunera ekarri dugu. Fermiñene etxean kokatu dugu Ongizate saila. Plaza erdian. Garbi geneukan saila balioan jarri eta estigmak apurtzen hasi behar genuela, eta orain bai duela beharrezko kokalekua eta, ondorioz, merezi duen garrantzia. Orain argitsua da herritarrak argitzeko, denontzat irekia eta agerikoa, guztiok behar izango ditugulako agian noizbait.
Alor honen garrantziaz jabetuta lan egin dugu Udaletik eta kokaleku aldaketa hau da egin den lan guztia islatzeko beste pausu garrantzitsu bat. Udal honetan ongizatearen alde lan egiten dugula erakusten digu udal langilez osatutako etxez etxeko zerbitzuak edota langile eta zerbitzu berrien beharrak eta sorkuntzak.
Denok dugu zer egina herritarron ongizatea bermatzeko, herriak berak zaintzen baititu herritarrak egunerokoan. Manten ditzagun ohitura onak eta begira gaitezen elkar, agurtu gaitezen elkar, luza gaitezen eskua elkar eta eska diezaiogun laguntza elkarri. Bakoitzak bere lekutik asko baitu herri honi, Oiartzungo herritarrei, eskaintzeko. Josi ditzagun sareak elkar zaindu eta inor albo batean ez geratzeko.
Olaia Lasa Olaziregi, Ongizate zinegotzia
Zatoz, nahi duzunean
Parez pare zabalik ditu ateak Fermiñenek, herriko ongizatearen etxeak.
Babesaren eta konfiantzaren teilatupe izango da Fermiñene aurrerantzean. Gizarte zerbitzuak bertara lekualdatzeko lanak bukatu ditu Udalak, eta hasi dira herritarrak bertan artatzen. Plazara ekarri nahi izan du Udalak ongizatea. Herrigintzaren funtsezko zutabetariko bat delako. Itzaletik argira, plaza erdira, denontzat bizigarri eta bizi-emaile izan dadin.
Zerbitzu hobea eskaintzeko toki gehiago eta egokiagoa eskainiko du Fermiñene etxeak, orain eta etorkizunean sor daitezkeen beharrei erantzuteko. Gainera, ongizate saila plazan bertan dagoen eraikin oso batean kokatuta, ikusgarritasuna, zentralitatea eta protagonismoa emango zaizkio.
Martxoaren 1ean egin zuten ongizatearen etxearen ate irekiera ekitaldia. Kontzejupean elkartu ziren dozenaka oiartzuar, herriko artista ezberdinak, eragileetako kideak eta udaleko langile eta hautetsiak. Ongi izatea eta ongi egotea ardatz hartuta, elkarlanaz, zerbitzuez, hauskortasunaz, konfiantzaz, kohesioaz, arrakalez eta sareez aritu ziren.
_Ongizatea, itzaletik argira
Orain arte itzalean geratu diren beharrak eta zerbitzuak erdigunean jarri nahi izan ditu Udalak. Udaletxeetako tokirik ezkutuenetan egon ohi da ongizate saila, leku txiki eta desegokietan. Ongi izatea eta sareak josteko zailtzen duten espazioetan. Ikusarazten ez denak garrantzirik ez duela dirudi eta horregatik aldaketa hau ezinbestekoa da Udalarentzat, herri duina eta berdinzalea eraikitzen jarraitzeko estrategikoa. Itzalpetik argitasunera pasa du herriko ongizate zerbitzua, herritarren ongizatea komunitate kohesionatu baten funtsa baita. Guztion bizi kalitaterako euskarria, bizitzako une ezberdinetan eta gora-beheretan eusten gaituen sarea.
Sare hori josten eta indartzen jarraitzea nabarmen erraztuko du Fermiñenek, zerbitzuaren kokaleku berriak.
_Ongizatea, eskuz esku eraikiz
Zaintzen den eta zaintzen duen herria izateko ezinbestekoa da herritarren, eragileen eta Udalaren arteko elkarlana. Herria saretu eta herri bizigarri bat eraikitzeko bide luzea egina du Oiartzunek, urtez urte altxatutako zubiekin eta jositako sareekin joan baikara gure ongizatea sortzen.
Ongizatea ez baita bakarrik gizarte zerbitzuen saila. Ongizatea da lagun batekin Landetxera antzezlan bat ikustera joatea. Ongizatea da mendi bueltaxka egitea. Ongizatea da okinaren zai gauden bitartean bizilagunarekin eguraldiaz hitz egitea, edo etxe ondoko merkatariarekin kontutan aritzea. Ongizatea da etxebizitza izatea, osasuntsu egotea, hilabeteko fakturak ordaindu ahal izatea. Ongizatea da joste tailerrean izaten ditugun elkarrizketak, edo gitarrako klaseko musika. Gure pozak eta negar malkoak norbaitekin partekatzea.
3 OIARTZUNGO UDALA INFORMATZEN www.oiartzun.eus 2 AGURRA UDAL ALBISTEAK
Martxoak 1eko irekiera.
Puedes pedir la revista en castellano Aunque la revista Udala Informatzen se reparte en euskera, también existe la versión en castellano. Puedes pedir que te la enviemos en el ayuntamiento, llamando al 943 49 01 42 o mandando un email a komunikazio@oiartzun.eus.
Bakarrik ez egotea. Bakarrik ez sentitzea. Herritar eta eragile denek osatzen dugu herriko ongizatea, eta horien guztien aterpe izan nahi du Fermiñenek.
_Baliabide gehiago
Apustu sendoa egiten du Udalak ongizatearen alde. Urteko aurrekontuaren %11 pasatxo bideratzen du ongizate sailera. Eta udal aurrekontu osoaren erdia baino gehiago, 10.800.000 €, herritarren ongizatearekin eta bizi-kalitatearekin lotutako sail eta proiektuentzat izaten da.
Udalarentzat ezinbestekoa da gizarte saila eta oiartzuarren ongizatea. Diru honen atzean hainbat eta hainbat proiektu daude, baita herriko eragileekin elkarlana sustatzeko diru ekarpenak ere. Eta noski, dirulaguntzak. Egoera ekonomia zailean dauden Oiartzungo norbanako eta familiak laguntzeko 175.000 € bideratuko ditu aurten. Babesgabetasun arrisku egoeran dauden adingabekoak eta haien familientzako beste 30.000 € gorde ditu. Zuzeneko dirulaguntzez gain, udal tasa ezberdinetan hobariak ere aplikatzen zaizkie egoera ekonomiko zaurgarrian dauden oiartzuarrentzat.
Oiartzuar denak ongi bizitzeko proiektuetara bideratzen duen aurrekontua urtez urte handitzeaz gain, ongizate saila sendotu du Udalak eta jende berria gehitzen joan da taldera. 29 lagunek osatzen dute gaur egun saila: 22 etxez etxeko langilek, 2 administrarik eta 5 gizarte langilek.
Azpiegiturak indartu ditu orain, egitasmo guztiak aurrera eramateko eta herritarrekin eta eragileekin elkartzeko eta sareak ehuntzen jarraitzeko leku aproposa izateko.
_Sei solairuko eraikina
Koordinazioa handitzeko eta elkarlanerako aukera gehiago eskainiko ditu etxe berriak. Sei solairu ditu. Ongizate sailera bideratutako espazioa hirukoiztu du Udalak lekualdaketa honekin. 115 m2 zituen aurreko kokalekuak. 313 metro koadroko espazioa du Fermiñenek, gaur egun ematen diren zerbitzuei eta etorkizunean egon daitezkeen behar berriei erantzuna emateko.
Oiartzuarrek behar duten arreta pertsonalizatua, konfidentziala, gertukoa eta humanoa eskaintzeko bulego irisgarriak, argitsuak eta erosoak egin dituzte. Gainera, elkarlanerako aukera emango duten hainbat espazio ere sortu dituzte.
Ongizatearen etxea, solairuz solairu:
2. Gizarte langileen bulegoak
1. Zaintzadi eta Familia Eskuhartze zerbitzukoetako bulegoak eta bilera gela
0+. Etxez etxeko zerbitzua
0. Harrera
-1. Egongela eta terraza
-2. Komunak
Herriko ongizatearen bideoa grabatu dute etxe berriari ongietorria egin eta tokia ezagutzera emateko. Ikusi hemen.
4 5 UDAL ALBISTEAK OIARTZUNGO UDALA INFORMATZEN www.oiartzun.eus
Ikusi bideoa
Emakumeak*
ahaldundu eta babesteko
aholkularitza juridikoa
Gai zabalak lantzeko aukera emango du zerbitzuak, erabakiak modu kontzientean hartzeko.
Emakumeentzako aholkularitza juridiko zerbitzua jarri du martxan Oiartzungo Udalak, izan ditzaketen gatazka egoerak prebenitu, ahaldundu, babestu eta orientabidea eskaintzeko. Emakumeek dituzten eskubideak ezagutu eta bete daitezen eskura dituzten tresnen inguruko informazioa aurrez aurre, zuzenean, modu pertsonalizatu eta seguruan jasotzeko zerbitzua da.
Oiartzungo edozein emakumek eska dezake txanda (telefonoz deitu behar da horretarako). Martxoan hasi dira doako hitzorduekin, Altzibarko eskola zaharretan.
_Arazoei aurre hartu
Gai zabalak lantzeko aukera emango du zerbitzuak, horrela erabakiak “modu kontzientean” hartzeko. Nora
Velez del Burgo Feminismo zinegotziak azaldu duenez, “askotan legeak ez ditugu ezagutzen, baina bizitzan hartzen ditugun ohiko erabakietan eragiten digute. Erabaki horiek arazo iturri izan daitezke gerora eta horregatik garrantzitsua da aurrez informatzea, gatazka egoerak prebenitzeko”. Horretarako jarri du martxan Udalak emakumeentzako doako aholkularitza juridikoa, “erabakiak hartzerakoan dituzten aukera guztiak ezagutzeko eta orientabidea eta babesa emateko”.
Familia eta bikote harremanak, banaketa eta dibortzioak, mantenu pentsioarekin arazoak, lan-kontratuarekin edo baldintzekin zalantzak, kaleratzeak, alargun-pentsioaren inguruko kezkak, indarkeria matxista, zaintzaileen kontratazio betebehar edo eskubideak, alokairu kontratuaren inguruko dudak, banketxearekin izandako aferak, atzerritartasuna… Askotariko gaien inguruko informazioa eta laguntza emango zaie emakumeei, babesgabetasun, diskriminazio edo indarkeria egoerei aurre hartu edo erantzuteko berme juridikoa izan dezaten. Arlo hauetan eskarmentua duten eta ikuspegi feminista duten abokatuek eskainiko dute aholkularitza.
_Aukera ezberdinak ezagutzeko orientabidea
Emakumeak bizi duen egoeraren fase ezberdinetan jaso ahal izango du laguntza: prozesu judizialaren aurretik, eskubide edo estrategia posibleak ezagutzeko, edo martxan dauden prozesu judizialetan zehar, ondorioak eta eraginak jakiteko.
Kasu zehatza aztertu eta orientazioa eskainiko dute, nondik abiatu edo nora jo aholkatzeko, prozesu judizialen zuzendaritza teknikoarekin jarraitu gabe. Hau da, ez du norberaren abokatu pertsonalaren lana egingo, baina lege gaiak edo prozedura judizialak ulertzeko informazioa
eta laguntza emango dute, baita salaketa edo beste pausoren bat eman aurretik zer egin behar duten azaldu ere. Askotan zer egin erabaki aurretik egoera eta aukerak aztertzeko bide emanez. Aholkularitza juridikoaren bidez emakumeen autonomia eta ahalduntzea sustatzea da helburua, erabakiak hartu eta irtenbideak bilatzeko prozesuan parte-hartze aktiboa izan dezaten.
_Doako zerbitzua
Hilean behin emango da zerbitzua, ostegun arratsaldez (16:00etatik 19:00etara), Altzibarko eskola zaharretako beheko solairuan (Agerrealde 7). Ordu beteko txandak izango dira eta Irule abokatu taldeari esleitu zaio zerbitzua. Arreta konfidentziala eta profesionala eskainiko dute. Dohainik izango da, Udalak beregain hartuko baitu kostua.
Edozein zalantza juridiko argitzeko erabili daiteke hitzordua. Noiznahi hartu daiteke txanda, telefonoz Udalaren Gizarte Zerbitzuetako zenbakira deituta (943 49 05 52). Hitzordua eskatzerakoan, nahi izanez gero, kontsulta zein gairen inguruan izango den labur azaldu daiteke, abokatuak lana aurreratzeko (baina ez da beharrezkoa).
_Udal langileak ere formatzeko Herriko emakumeentzat emango duten aholkularitza juridikoaz gain, zenbait kasu artatzerakoan udal langileek izan ditzaketen zalantzak argitzeko orientabide juridikoa ere eskainiko du Irule abokatu taldeak. Bereziki gizarte langileentzat izango da baliagarria, generoindarkeriarekin, diskriminazioarekin eta beste gai sentikor batzuekin lotutako egoera konplexuei aurre egiteko baliabide espezializatua izateko. Premia handiena dutenei arreta integralagoa eta eraginkorragoa eman nahi die horrela Udalak.
6 7
OIARTZUNGO UDALA INFORMATZEN www.oiartzun.eus
UDAL ALBISTEAK
Otsailean aurkeztu zuten zerbitzu berria.
Nora Velez del Burgo feminismo zinegotzia. Altzibarko eskola zaharra, behea Agerrealde, 7
GU GA!
Oiartzuarrok nortasun indartsua duen komunitatea osatzen dugu. Aniztasunean bateratuta bizi den herria, elkartua, elkar lotua.
Maite ditugu gure auzoak, gure kaleak, gure plazak, gure jendea, gure ingurua. Zaintzen dugu gure herria, gure etxea.
Bizi proiektu partekatua da Oiartzun. Gutako bakoitzaren bizitzan eragiten du herriak, eta aldi berean gutako bakoitzak egiten dugu herria. Belaunaldiz belaunaldi sortuz, landuz, eraikiz, sendotuz joan gara gure herria, gure identitatea. Guztiok gara herri. Guztiok batera nor garen oso garbi dugu. Gu Ga Oiartzun.
9 OIARTZUNGO UDALA INFORMATZEN www.oiartzun.eus 8 UDAL ALBISTEAK
Arragua biziberritzera goaz.
Zatoz gurekin.
Auzotarren neurrira sortutako espazioak lantzeko parte-hartze prozesua egingo du Udalak.
Oiartzuarrok gure burua aurkeztean, izenarekin batera esaten dugu zein auzotakoak garen. Oiartzuarrak gara, bai, eta aldi berean gure auzoa zein den argi uztea gustatzen zaigu. Auzo bakoitzak du bere nortasuna, bere izaera propioa. Berezia, bakarra. Harrotasunez erabiltzen dugu gure auzoko kolorea. Kolektibo baten parte sentiarazten gaitu gure koloreak, gure auzoak.
Arraguak ere badu bere nortasuna. Eta orain, Altzibarren egin zen bezala, Arragua biziberritzeko unea da. Arragua bizia, erosoa, irisgarria, koloretsua, herriari lotua, auzotarren beharretara egina. Azpiegitura berriekin, elkarbizitza eta zaintza erraztuko dituen kalitatezko espazio publikoekin. Etxe gehiago eta aisialdirako gune eta plaza berriak gehituko zaizkio oraingo auzoari, beti izan duen izaera eta nortasuna indartzeko.
Gaur egun Arraguan bizi diren auzotarren eta bizitzera bertara etorriko diren oiartzuar gazteen eta familien bizikalitatea jarri du Udalak erdigunean:
• Auzoko kale-bizitza sendotu eta zerbitzu berriak ekarriko dituen hazkundea.
• Oiartzuar gazteen etxebizitza beharrei egokitutako etxebizitza babestua sustatuz. Etxebizitzen erdia baino gehiago izango da babestua.
• Auzoa konektatuz: oinez, bizikletaz, autobusez eta trenez.
• Eremu natural anitzak sortuaz, haurren gozamenerako eta helduen mugimendurako.
_390 etxebizitza inguru, erdiak baino gehiago babestuak
2006 urtean, etxebizitza-merkatuaren beroaldi betean Arraguarako zehaztutako hazkundea gehiegizkoa izan zela iritzita, hainbat urrats eman ditu Udalak urte hauetan guztietan garapen berria auzoaren neurrira eta
Saioak Arraguan bertan (frontoi ondoko lokalean) eta Elizalden (udaletxeko pleno aretoan) egingo dira.
• Apirilaren 17an (Arraguan) eta 18an (Elizalden), 2006ko proiektu hartatik abiatuta gaur egungo proiektua aurkeztu eta etorkizuna irudikatzen hasteko.
• Apirilaren 24ean (Arraguan) eta 25ean (Elizalden), espazio berde eta plazen nolakotasuna, eta auzoak behar dituen zerbitzuak lantzeko. beharretara egokitzeko. 600 etxebizitzatik gora aurreikusi ziren. Urte hauetan guztietan egin den lanketari esker, %43 murriztu da eraikigarritasuna.
390 etxebizitza inguru egingo dira. Erdia baino gehiago babestuak izango dira, lehentasunez oiartzuarrentzat. Hiru logelakoak, bikoak eta bakarrekoak izango dira, herritarren behar ezberdinak asetzeko.
Gaur egun etxebizitza erosteko herritarrek finantzazio mugekin egiten dute topo eta, ondorioz, ezinbestean bada ere, alokairua da emantzipaziorako eta bizitza proiektuak garatzeko aukera erreala. Horiek horrela, babes ofizialeko etxebizitza gehienak babestutako alokairura bideratutako dira.
_Ekipamendu eta auzo-bizitza gehiago
Etxeetako atariak (3.000 m2) mota guztietako lokaletarako erreserbatuko dira: denda, taberna, udal zerbitzuak, auzo lokala… Auzoan oinezkoen mugimenduak sortu, bizia eman eta segurtasun sentsazioa areagotzeko.
Kanpo espazio berriak, berriz, elkartzeko plaza eta aisialdirako berdegune zabalez josiko dira. Ekipamenduetarako beste 8.200 m2 ere aurreikusi dira.
Eremu horien guztien erabilera auzotarrekin eta gainontzeko oiartzuarrekin zehaztu nahi du Udalak, auzo bizigarria eta erakargarria egiteko, guztion neurri eta beharretara egokitua.
_Ezagutu eta parte hartu
Ze zerbitzu behar ditu Arraguak? Nolako berdeguneak, plazak, jolas-eremuak, zelaiak eta basoak nahi ditugu? Nola sustatuko dugu auzo bizitza? Orain arteko prozesuaren berri eman eta ekipamenduetarako eta aisialdirako gorde diren espazio publikoak herritarrekin lantzeko parte-hartze prozesua prestatu du Udalak.
Arraguan eta Elizalden egingo diren ariketak berdinak izango dira. Udalak herritar guztiei eman nahi die auzoa biziberritzeko proposamenak egiteko aukera. Saio guztiak 18:30ean izango dira eta zuzeneko itzulpen zerbitzua egongo da.
BOE (Babes Ofizialekoak)
ET (Etxebizitza Tasatuak)
EL (Etxebizitza Libreak)
10 UDAL ALBISTEAK OIARTZUNGO UDALA INFORMATZEN www.oiartzun.eus
11
Ahaztu ez ditzagun
Arkaleko barrakoiaren erreplika egin dute, trabajadoreen memoria aitortzako.
Trabajadoreen barrakoiaren erreplika eraiki dute Kattin Txiki elkarteak eta Udalak elkarlanean, bertan esklabu lanetan gatibu eduki zituzten presoak omendu eta gizon haien bihotzen taupadei leku egiteko.
Altxamendu frankistaren ondoren, Errepublikaren alde aritu ziren milaka preso espainiar Estatutik Oarsoaldera ekarri zituzten lan behartuak egitera. 1939tik 1942ra 12.500 trabajadore inguru aritu ziren esklabu lanetan eskualdean (ia 3.000 Oiartzunen), bertako bide eta azpiegitura ezberdinak egiten. Bizitu eta sufritutakoa ahaztu ez dadin berreraiki dute bertan egon zen barrakoiaren erreplika. Otsailean ireki zuten oroimenerako txoko berria.
_Fusilatuak oroitzeko eskultura
Lur Gaztelumendi Kattin Txikiko kideak azaldu zuenez, Oiartzunen trabajadore batailoiak hiru kanpamendutan bereizi zituzten: Gurutzeko Babilonia eta Arkalen, eta Ergoiengo Aritxulegin. “Errepide taktiko gisa egiten aritu ziren Gurutzetik Lanbarrenerako bidea, Sistiagatik Aiako Harrian barrena Erlaitzera doana eta Ergoiengo auzotik Lesakarako bide eta tunelak”. Haien bizi-baldintza gogorrak ekarri zituen gogora: “Indar lana itzela zen, elikadura eskasa eta diziplina gogorra. Ogi gutxi eta makilakada asko. Legarren ezarri zuten ospitaletik langile asko pasa ziren, eta askok heriotza zigorra ere izan zuten”. Aipamen berezia egin nahi izan zien kide baten ihesaldiaren ondorioz fusilatu zituzten 8 trabajadoreei: Manuel Baucells Sola, Felipe Ledesma Cano, Antonio Lopez de Dios, Mariano Calvo Herrador, Francisco Murillo Davila, Jose Sanchez Molero, Jose Sirena Inza eta Antonio Lopez Fernandez. Bakoitzaren izena daraman pikotx bana jarri zuten barrakoiaren ondoan, omenaldi moduan.
Kattin Txikiko Joxe Kruz Ezeiza ‘Kaxka’-k eman zituen barrakoia berreraikitzeko proiektuaren azalpenak. “Gaur hemen ezagutzen dugun gune hau zabalagoa zen orduan. Barrakoiek orain egin dugunaren zabalera bikoitza zuten eta askoz luzeagoak ziren, 35 metro ingurukoak”. Zati bat berreskuratu dute, zein egoera latzetan egon ziren irudikatu eta haien lana errekonozitzeko.
_Hitzez adierazteko zaila dena arakatzeko gunea
Bertan egondako milaka lagunak zein baldintzatan egon ziren irudikatzea “zaila” dela aitortu zuen Joana Mendiburu alkateak. “Erreplikak ikusi arren, zaila da imajinatzea ze burutapen izango ote zituzten gizon horiek. Autoritatearen oihuek, goseak, gaixotasunak eta nekeak itota esklabo lanetan”. Horregatik, sarraskia gogoratzeko horrelako espazioak sortzeak duen garrantzia azpimarratu zuen. “Zaila da hurrengo belaunaldiei gerrari buruzko bizipenak transmititzea, zer gertatu zen jende horrekin guztiarekin, zergatik. Ezin hitzak aurkitu. Horregatik da ezinbestekoa horrelako guneak sortzea, hitzez adierazteko zaila den hori arakatzeko hari muturrak eskaintzea hurrengo belaunaldiei”.
Trabajadoreena ere “aski ikertu gabe ahaztera utzi nahi izan den” kasu bat dela esan zuen. “Ez dakit inoiz lortuko ote dugun justiziazko haize bat orokorra, egia guztiak azaleratzeko eta egindako sarraski guztiak aitortzeko, baina argi dagoena da gauza bat: hemen 12.500 pertsona esklabu eduki zituztela. Faxistek agian pentsatuko zuten esklabotza izaera betierekotuko zutela gugan, euskaldunongan, baina ez, beste haize bat da gugan dantzan dabilena: duintasunarena eta etorkizun aske batena”.
Ekitaldian izan ziren fusilatu zuten trabajadoreetako baten senitartekoak, Manuel Baucells Solaren bilobak. Alkatearekin batera inauguratu zituzten gertatutakoa kontatzeko tokian bertan jarri dituzten informazioa eta argazki panelak. Hunkituta eman zituen eskerrak Beatriu Baucellsek. “Urte asko daramat aitonaren bila. Gizon gaztea zen, alarguna. Ausaz fusilatu zuten, horrela agindu zutelako. Injustizia hori barru-barruan daramagu, egia jakitea nahi dugulako, isiltasun eta iluntasunarekin amaitu eta pasatakoa argitara ateratzea”. Horregatik eskerrak eman zizkien Kattin Txikiri eta Udalari egindako lanagatik, “egiten duzuenarekin gertatutakoa ezagutarazi eta iluntasuna zegoen lekuan argi emateagatik. Bihotzean eramango zaituztegu beti”.
12 13
ALBISTEAK OIARTZUNGO UDALA INFORMATZEN www.oiartzun.eus
UDAL
inaugurazio ekitaldiko laburpen bideoa
Ikusi
PLENOAK 2023/12/20
Euskararen ezagutza eta erabilera indartzeko tresna
Hiru ildo nagusi izango ditu
Oiartzungo Euskararen Plan
Estrategikoak datozen 5 urteetan.
2024-2029 aldirako Euskararen Plan Estrategikoa osatu du Udalak. Hurrengo bost urteetan Oiartzunen euskara sustatzeko estrategiak jasotzen ditu dokumentuak. Laugarren plan estrategikoa da.
10 hilabetetan zehar martxan izan duten Urtabe prozesuaren emaitza da euskararen ezagutza eta erabilera indartzea helburu izango duen tresna berria. Herritarrak izan ditu prozesu guztian zehar erdigunean, haiek eztabaidara eta hausnarketara bultzatuz, hemendik aurrera lantzeko ildo nagusiak zein behar luketen azaleratzeko asmoz. Bidea gidatzen, talde eragile bat izan dute eta bertan parte hartu dute Oiartzungo Udaleko hizkuntza normalizazioko teknikariak, euskara zinegotziak, UEMAko ordezkariak, Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneko ordezkariak, Oarsoaldeko euskara teknikariak eta AhizeAEK aholkularitza zerbitzuko teknikariek.
_Diagnostikotik planaren diseinura, partehartzea oinarri
Azken hamar hilabeteetan Udalak Oiartzungo hainbat eragile eta herritarrekin burututako hausnarketa prozesuaren emaitza da plana. Prozesuaren lehen lana Oiartzungo euskararen egungo diagnostikoa osatzea izan zen. Hainbat iturri erabili zituzten horretarako: datu soziolinguistikoak, galdetegiak eta herritarrekin izandako elkarrizketak, besteak beste. Sektorez sektore lan mahaiak ere egin dituzte, hausnarketak partekatzeko. Bost arlotan banatuta egin dute; euskalgintza eta hedabideak; aisia, kultura eta kirola; hezkuntza eta familia; arlo sozioekonomikoa eta gazteak.
Hamarnaka herritar eta eragilek hartu dute parte saioetan. Entzuketa lanetik ateratako ideia, iritzi eta ondorioekin osatu zuten herriko egoeraren diagnosia, eta horren baitan diseinatu dute 2024-2029ko Plan Estrategikoa. Lehentasunak eta ekintza proposamenak
ere elkarlanean zehaztu ziren, urriaren 28an, larunbat goiz osoa hartuta, egin zen mintegian.
_Euskara eta euskal komunitatea indartzea helburu
Euskararen ezagutza eta erabilera indartzeko herritarrek eta Udalak izango duen lanerako tresna izango da Plan Estrategikoa, euskal hiztunak sortu eta ahalduntzeko zein euskararen komunitatea sendotzeko. Oiartzunen euskara sustatzeko estrategiak jasotzen ditu.
Hiru helburu nagusi zehaztu dituzte:
• Oiartzungo udalerrian euskararen aldeko kontzientzian eta transmisioan eragin.
• Euskarara hurbildu ez diren edo gerturatzen ez diren herritarrak hizkuntzara hurbildu.
• Euskararen aldeko politika ausartak hartzeko bidea egin.
_Bidea ere elkarlanean
Zehaztu dituzte datozen bost urteetan herrian euskara sustatzeko lehentasunak eta estrategiak. Aurrerantzean ere planaren garapena elkarlanean egingo dute oiartzuarrek, eragileek eta Udalak, euskalgintzako lanketetan ohitura izan den moduan. Komunitate osoaren indarra ezinbestekoa izango baita euskaraz bizi den herria lortzeko.
Ikusi prozesuaren emaitza nagusiak
Elkarlanean osatutako 2024rako aurrekontua
EH Bilduren aldeko botoekin aurrera.
2024ko aurrekontuak onartu zituzten abenduko ohiko
udalbatzarrean. 21.267.244 euro izango ditu Udalak
2024an kalitatezko zerbitzuak eskaini eta herritarren bizi kalitatea hobetzeko proiektu eta egitasmoetarako. EH Bilduko zinegotzien aldeko botoekin atera ziren aurrera.
Oihana Irastorza Ogasun zinegotziak Oiartzungo erronka estrategikoei erantzuteko aurrekontu “orekatua eta gardena” osatu dutela adierazi zuen. Bereziki nabarmendu zuen aurrekontuan osatzeko ekainetik egindako prozesu parte-hartzailea. Herri berdinzalea, bizia, jasangarria eta euskalduna lortzea izango dute helburu.
Herriko garapena bultzatzeko egiten duen lanagatik Labore
Oarso Kontsumo Elkartea tokiko onura publikoko entitate izendatu zuten, hau ere EH Bilduko zinegotzien botoekin. Kontsumo kultura berria sortzeko lanean dabil elkartea 2016an sortu zenetik. Ibon Mitxelena Ekonomia sozialerako zinegotziak gobernu taldearen aldeko botoaren zergatia azaldu zuen. Gogorarazi zuenez, 1.000 bazkidetik gora ditu irabazi asmorik gabeko elkarteak. “Bertako ekoizleak laguntzeko ezinbestekoa da Labore. Arraztalo, Elika eta herriko beste 25 nekazari txikik bertan sartzen dituzte beraien produktuak. Herriko ekoizleei 330.000 € erosi dizkiete azken bost urteetan. Herriko ikastetxeetako jangelak eraldatzeko proiektua martxan dute, herri burujabea izateko lan egiten dute… Behar-beharrezkoa iruditzen zaigu Labore bezalako proiektu bat herrian eta zorionekoak ginateke Labore gehiago baleude”. Abstenitu egin ziren zinegotzi jeltzaleak.
2022-2024 Dirulaguntzen Plan Estrategikoa aldatu eta zenbait eragilek jasotzen dituzten kopuruak ere handituko dituzte: 35.000 € jasoko ditu Kattin Txikik, egitasmo berriak jarri nahi baitituzte martxan. Lartaun Abesbatzak jasotzen duen kopurua %50 handituko dute eta 6.000€ emango dizkiote eta 2024an Oiartzunen kultur ekitaldiak diruz laguntzeko programa ere indartu dute.
Abenduko protokolo eta ordezkaritzari gastuak 164,59 € izan ziren.
2024/01/31
Urmendi haur eskolari 873.600 euroko ekarpena egingo dio 2024an Udalak.
Urtarrileko udalbatzarreko gai-zerrendan aurreikusita zeuden puntu guztiak aho batez onartu zituzten. Ugaldetxoko German Ugarte kaleko bizilagunek kalearen izena aldatzeko egindako eskaera onetsi zuten. Jatorrizko
toponimoa berreskuratu eta Mendibil kalea izango da berriz aurrerantzean.
Urmendi haur ikastola partzuergoari Udalak 2024an egingo dion ekarpena ere adostu zuten: 873.600 euro bideratuko ditu 0-3 urte bitarteko haurren heziketa doakoa izateko.
2024an Udalak martxan jartzea aurreikusi duen Kontratazio Plana ere ontzat eman zuten, gardentasun ariketa egin eta Udalaren beharrak aurretik ezagutarazteko, horrela enpresa ezberdinek eskaintzak zehaztasun handiagoz prestatzeko. 23 kontratazio prozedura gauzatuko dituztela aurreikusi dituzte, bidean behar gehiago sortu daitezkeen arren. Udalaren kontratatzailearen profilean eta Europar Batasunaren Egunkari Ofizialean argitaratuko da informazioa.
Abenduko protokolo gastuak 2.232,61 € izan ziren, lore, jardunaldi, garaikur eta luntxetan. Urtarrilekoak 159,90 € izan ziren, lore, eskela eta bidaietan.
2024/02/28
Berdinsareako kide izango da aurrerantzean Udala.
2024-2029 aldirako Euskararen Plan Estrategikoa aho batez onartu zuten otsaileko udalbatzarrean. Hurrengo bost urteetan Oiartzunen euskara sustatzeko estrategiak jasotzen ditu dokumentuak. Laugarren plan estrategikoa da.
Berdinsarea, emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako euskal udalerrien sareko kide izango da aurrerantzean Udala. Berdintasunaren alde eta emakumeenganako indarkeriaren aurka udal programak eta zerbitzuak bultzatzea, indartzea, koordinatzea eta ebaluatzea du helburu sareak, tokiko gobernuek arlo horretan erantzuteko eraginkortasuna hobetzeko.
Joana Mendiburu alkateak aurkeztu zuen bat egiteko proposamena. “Erakunde arteko koordinazioaren bidez, emakumeen aurkako indarkeriaren biktimenganako arretaren efizientzia eta eraginkortasuna hobetu nahi dugu”. Horretarako, berdintasun politikak ezartzerakoan orain arte ere une oro erakunde ezberdinekin lankidetzan aritu direla gogorarazi zuen, hala nola, Oarsoaldeako Berdintasun Mahaian kide izaterakoan, edota lehen Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdinbidean programan eta orain Gipuzkoako berdintasun teknikarien langunean duen partehartzean. Lankidetza eta koordinazio Euskal Autonomia Erkidegoko beste udaletara zabaldu nahi dute orain. Aho batez onartu zuten proposamena.
Otsaileko protokolo gastuen berri ere eman zuten. 299,88 € izan ziren, bidaia eta garaikurretan.
14 15 OIARTZUNGO UDALA INFORMATZEN www.oiartzun.eus
UDAL ALBISTEAK
Xabier Lete omendu dute bere jaiotzaren 80. urteurrenean
Dozenaka oiartzuarrek hartu zuten parte urtarrilean Xabier
Lete oroitzeko antolatutako hitzorduetan. Joxan Goikoetxeak idatzitako “Hesia urraturik” oratorio sinfoniko-koralaz gozatzeko mukuru bete zen Landetxe kultur aretoa.
Aurretik ‘Lete’ eskultura inauguratu zuten Joana Mendiburu alkateak, Iosune Cousillas kultura zinegotzi ohiak, Arantxa Lete arrebak eta
Eneko Salaberriak, obraren egileak. Bere sortetxearen ondoan kokatu dute.
Eskultura “poeta handiarekiko
herri honek duen miresmenaren adierazle” dela esan zuen alkateak. “Lete gugan iltzatuta daukagu oiartzuarrok. Edan dugu eta edango dugu oraino utzi zigun ondaretik.
Eta biziko dugu berriz gure oroitzapenetan eta bere abestietan. Eta itzularaziko dugu bere sortetxera, Oiartzungo kulturaren etxera”.
Altzibarko etxebizitza tasatuetan izena emateko epea, zabalik
Irekita dago Altzibarko etxebizitza tasatuetan izena emateko epea. Agerrealde eta Aduriz artean egingo dituzten 12 etxebizitza tasatuen zozketan sartu nahi dutenek apirilaren 15era arte izango dute eskaerak aurkezteko aukera. Udaletxean edo erregistro elektroniko bitartez egin daiteke.
Bi logelako 5 etxe (70 m2 ingurukoak), hiru gelako 6 (87 m2-koak) eta izaera iraunkorreko desgaitasuna duten pertsonentzat egokitutako bat izango dira. Garajea eta trastelekua izango dute denek.
Hainbat baldintza bete beharko dira: adinez nagusia izatea; herrian erroldatuta egotea; 15.000 € eta 50.000 € bitarteko dirusarrera ponderatuak izatea; eta etxebizitzarik ez izatea. Zenbait salbuespen ere onartu dituzte. Udalaren webguneko iragarki taulan ikus daitezke xehetasunak.
Kiroldegiko
elektrizitatea, %100 berriztagarria
Berriztagarria izango da aurrerantzean Elorsoro kiroldegian, Madalensoron eta Udako igerilekuan erabiliko den elektrizitate guztia. Instalazio hauen kontsumo elektrikoa 611.000 kWh-koa izaten da urtero.
Instalakuntza hauetako elektrizitate hornidura kontratatzeko prozesu berria egin du Udalak eta %100 iturri berriztagarrietatik sortua izateko baldintza jarri du.
Kontratazio publikoa, “herri justuagoa eta jasangarriagoa lortzeko tresna baliagarria” izan daitekeela adierazi du Ibon Mitxelena ekonomia sozialerako zinegotziak, eta “ingurumen- eta energia-politikan eragiteko” baliatu nahi izan dute. “Kontratazio publikoa balio etikoak, sozialak eta ingurumenekoak sustatzeko ere egokia da. Aldaketarako eta gizarte hobea eraikitzeko aukera eraginkorra izan daiteke, eta hori da kontratu berri honekin lortu nahi duguna”.
Martxan dira Gurutzeko hondakin-uren araztegia birmoldatzeko lanak
2010az geroztik, inguruko etxebizitzetako eta ostalaritzajardueretako hondakin-uren isurketak bildu eta tratatzen dira Gurutzeko hondakin-uren araztegian. Instalazioa txiki geratu da gaur egungo karga kutsatzailea tratatzeko eta errendimendua handitzeko proiektua abiatu dute, 447.850 €-ko aurrekontuarekin.
Jarduera nagusiak honako hauek izango dira: egungo biodisko bidezko arazketa-sistema (populazio txikientzat oso hedatua) ordeztea aireztapen luzearen bidezko erreaktore biologikoko sistema klasiko batekin, ponpaketa-putzu bat eraikitzea eta dekantagailua handitzea.
Behin obrak amaituta eta tratamendurako ekipo berriak jarrita (apirilean izango dela aurreikusi dute), instalazioak behar bezala garbituko ditu Gurutze auzotik datozen hondakin-urak.
500 oiartzuarrek doan erabili dituzte beste herrietako kirol instalazioak
Duela urte bete sartu zen Udala
KirolTxartela Mugiment proiektuan, ariketa fisikoa sustatu, kirolespazioetarako sarbidea erraztu eta kirol-eskaintza handitzeko.
Ordutik, Elorsoro kiroldegiko bazkideek beste 98 herrietako kirol instalazioak doan erabili ditzakete, tartean Oarsoaldekoak, Donostiakoak, Bilbokoak edo Gasteizkoak. Honi esker 504 oiartzuar joan dira beste herrietako kirol guneak erabiltzera, inongo kosturik gabe.
Lanagatik, ikasketengatik edo dena delakoagatik beste udalerriren batean dauden Oiartzungo bazkideek bertako kiroldegiak doan erabiltzeko aukera eskaintzen du eta nahi adina alditan erabili daiteke. Mugikorrean KirolTxartela Mugiment aplikazioa deskargatu eta erabiltzailearen datuak sartu behar dira. Beste herriko kiroldegira joatean, sarreran aplikazioko txartel birtuala eta nortasun agiria besterik ez dira erakutsi behar.
Enplegua sustatu eta
lan aukerak hobetzea helburu
Lanik gabe dauden pertsonentzat enplegu aukerak sortzeko hainbat proiektu ditu martxan Udalak Oarsoaldea Garapen Agentziarekin.
4 langabetu kontratatu ditu, sei hilabeterako: mantentze-lanetako ofizial bat eta erabilera anitzeko hiru peoi. Kontratazio Publikoko Programek 70 kontratazio inguru sortzen dituzte urtero Oarsoaldeko udaletan, eta Kontratazio Pribatuko eta Lehen Aukera Programekin 50 kontratu berri sortzen dira eskualdeko enpresetan.
Oiartzuarren lan aukerak hobetzeko hainbat baliabide eskaintzen ditu udalak Agentziaren bidez. Eskualdeko 1.700 langabe inguru artatzen dira urtero eta lana bilatzeko lan-orientazioa eta laguntza ematen zaie. Gainera, 400 enplegu-eskaintza eta 100 praktika inguru kudeatzen dira.
16 17 UDAL ALBISTEAK OIARTZUNGO UDALA INFORMATZEN www.oiartzun.eus
18 19 OIARTZUNGO UDALA INFORMATZEN www.oiartzun.eus
IRUDITAN
19
22 Literatura plazara
23 Gazte olinpiadak / 24 Zuhaitz eguna / 25 LH 3-4ko irakurle taldea / 26 HemenGuk udaberriko azoka / 27 Amalur saria Mirene Begiristainentzat / 28 Emakumeen Nazioarteko Eguna / 29 Emakumezko pilotari profesionalen partida / 30 Enpatikonomia jardunaldia, talentuaren erronkaz 1. 16. 4. 19. 7. 22. 10. 25. 13. 28. 2. 17. 5. 20. 8. 23. 11. 26. 14. 29. 3. 18. 6. 21. 9. 24. 12. 27. 15. 30.
1 Gabon kantak kantari / 2 Olentzero eta Maridomingiren etorrera / 3 Joanes etxera lasterketa herrikoia / 4 Elkartasun bertso saioa / 5 Hesia Urraturik: Xabier in memoriam / 6 Poesia errezitaldi musikatu galiziar-euskalduna / 7 Joseba Sarrionaindiarekin hausnarrean / 8 Kontxa Murgia oroitzen / 9-10 Ihoteak /
11-18 Kuestazioa /
Inauteriak / 20 Ihes-gela 21 Girizia Mendi Taldearen irteera /
/
DATA ORDUA EKINTZA LEKUA ANTOLATZAILEA
Musika Haurrak Antzerkia Kirola Jubilatuentzat Hitzaldia Ikus-entzunezkoa Bertsoa Erakusketa Ondarea Auzoak Feminismoa Dantza Bestelakoa 02-30 15:00-17:00 Informatika ikastaroa Jubilatuen egoitzan Gazte Izanak 02 16:30 Denak (ez)berdinak gara murala Abaraxka udal ludotekan Abaraxka udal ludoteka 03-06-1013-17-2024-27 10:00 Done Eztebe elizara bisita gidatua (aurretik erreserbatu behar da: 943 494 521) Done Eztebe elizan Udala 03 16:30 Sentitu, pentsatu, ekin… denak elkarrekin Abaraxka udal ludotekan Abaraxka udal ludoteka 04 16:30 Ipuinak sortzen Abaraxka udal ludotekan Abaraxka udal ludoteka 05-12-1926 11:00 Arizmendienea bisita gidatua (aurretik erreserbatu behar da: 943 494 521) Arizmendienea etxe museoan Udala 05 17:00 Zine saioa: ‘Robot dreams’ filma Landetxe Kultur Aretoan Udala 06 eta 07 10:00 (eus), 11:00 (es) 12:00 (eus), 13:00 (es) Arizmendienea bisita gidatua (aurretik erreserbatu behar da: 943 494 521) Arizmendienea etxe museoan Udala 06 11:00 Beloaga gaztelura mendi buelta familia giroan Abaraxka udal ludotekatik Abaraxka udal ludoteka 06 21:00 Barrikotea Elorsoro kiroldegian Sare 08-11 09:00-11:00 Ikastaroa: ‘PC, teklatua eta sagua hasieratik nolaerabili ikas ezazu’ KZgunean KZgunea 11 18:30-19:30 Xanistebanak: 2. Jai batzordea Udaletxeko areto nagusian Xanistebanetako jai batzordea 11 19:30 Zine saioa: ‘Shadow Game’ dokumentala Landetxe Kultur Aretoan Udala 12-25 09:00-11:00 Ikastaroa: ‘Oinarrizko Interneta. Nabigatzen eta posta elektronikoak bidaltzen ikasi’ (gazteleraz) KZgunean KZgunea 13 Egun osoz HM Jardunaldiak: Tronpa-Muxugitarra Udaletxeko areto nagusian Soinuenea 13 09:00-13:00 Eskola Kirolako jardunaldia Kirol instalazioetan Udala 13 16:00-18:00 Eskola Pilotako jardunaldia Elizalde eta Haurtzaroko frontoietan Udala 13 16:30 Nire gorputza nirea da Abaraxka udal ludotekan Abaraxka udal ludoteka 14 19:00 Geuretik Sortuak: ‘Olagarrua’ antzezlana (Antzerki Aroak/Ttipia) Landetxe Kultur Aretoan Udala eta Udalbiltza 15-28 - Allende Arnaizen arte erakusketa Ehuntze sormen espazioan Metrokoadroka 16 16:30-20:10 Odol ematea Kiroldegiko bilera gelan Odol Emaileen Elkartea 17 18:30 ‘Arragua berria: ezagutu eta parte hartu’ 1. saioa Arraguan, frontoi ondoko lokalean Udala 18 18:30 ‘Arragua berria: ezagutu eta parte hartu’ 1. saioa Elizalden, udaletxeko areto nagusian Udala 18 19:30 Zine saioa: ‘Negu Hurbilak’ filma Landetxe Kultur Aretoan Udala 18 - Ula Iruretagoienaren hitzaldia Euskal Herriko arteaz Ehuntze sormen espazioan Metrokoadroka 20 09:00-13:00 Eskola Kirolako jardunaldia Kirol instalazioetan Udala 20 16:30 Ipuin kontaketa Abaraxka udal ludotekan Abaraxka udal ludoteka 20 - OiartzuaRock Kontzejupean Ugaldetxoko eskolak kulturgunea 20 - Gazte olinpiadak: Gau jolasak - Biyurrienea 21 12:00 HM eskolaren kalebuelta Elizalden Soinuenea 21 19:00 ‘Ez dok hiru’ antzezlana Landetxe Kultur Aretoan Oiartzungo antzerkizaleak eta Udala 22-26 - ‘Bidaia bat opari’ Ikastetxeetan Ku-Ku elkartea 22-28 - Argazki zaharren erakusketa Landetxe eraikinean Zaintzadi 23 17:00 Pello Añorgaren ipuin kontaketa 4 urtetik gorako haurrentzat Manuel Lekuona bibliotekan Udala 23 20:00-21:00 Irakurketa taldea: ‘Dendaostekoak’ (Uxue Alberdi) Manuel Lekuona bibliotekan Udala 24 - Antxoa jatea Hondarribian - Gazte Izanak 24 18:30 ‘Arragua berria: ezagutu eta parte hartu’ 2. saioa Arraguan, frontoi ondoko lokalean Udala 25 18:30 ‘Arragua berria: ezagutu eta parte hartu’ 2. saioa Elizalden, udaletxeko areto nagusian Udala 25 19:30 Zine saioa: ‘Alcarrás’ filma eta solasaldia Landetxe Kultur Aretoan Labore Oarso 26-30 09:00-11:00 Ikastaroa: ‘Genially. Eduki interaktiboa sortu’ KZgunean Kzgunea 27 09:00-13:00 Eskola Kirolako jardunaldia Kirol instalazioetan Udala 27 12:00 HM eskolaren kalebuelta Elizalden Soinuenea 27 16:30 Jolas kooperatiboak Abaraxka udal ludotekan Abaraxka udal ludoteka 27 19:00 HM udaberriko kontzertua: Besaide Landetxe Kultur Aretoan Soinuenea 27 - Serigrafia tailerra Nerea Zapirainekin Ehuntze sormen espazioan Metrokoadroka 28 12:00 Muxikoak Doneztebe plazan HELTA 29-03 - Ipuin kontaketak Ikastetxeetan Ku-Ku elkartea 30 17:00 Treba formakuntza saioa: ‘Osasun mentala eta nerabeak’ (Estibalitz Ansotegi) Pleno aretoan Udala Argitaratzailea: Oiartzungo Udala Diseinua eta maketazioa: Dixidu Diseinu Grafikoa Inprimaketa: Antza Komunikazio Grafikoa Lege Gordailua: Donostia-1216/91
Apirila 2024 OIARTZUNGO AISIALDIRAKO AGENDA