HEZKUNTZA PROIEKTUA
SAN MARTIN AGIRRE HERRI ESKOLA
ďƒž
Aipamen historikoa
Hirurogeita hamargarren hamarkadaren hasieran nesken eta mutilen ikastetxetan banatuta zegoen oraindik Bergarako Eskola Publikoa eta bere egoera orokorra oso kaskarra zen; gelak hirigunean eta auzoetan sakabanatuta izateaz gain, errekurtso didaktikoen eskasiari eta gelen masifikazioari aurre egin behar zieten ikasle nahiz irakasleek egoera tamalgarrian zeuden instalazioetan. 1973/74ko ikasturte hasieran nesken eta mutilen ikastetxeak bateratuko zituen OHOko eraikin berria Martinez de Iralan martxan jarri arren, eskaintza honek ez zituen behar guztiak asetzen, alde batetik mutilak eta neskak solairuka bereizita kokatzen zirelako eta, beste aldetik, ikasleak herriko lokaletan banatuta jarraitzen zutelako, mutilen maila guztiak ez baitzituen eraikin berriak bere instalazioetan hartzen. Lauzpabost urte pasatu behar izan ziren garai hartako sare publikoko ikasleria nahiz irakasleria osoa bilduko zuen San Martin Agirre eraikuntza ireki arte, gaur egun Bergarako Eskola Publikoak duen eraikuntza nagusia, hain zuzen. Une hartan, nahiz eta altua izan euskaraz mintzatzen ez ziren ikasle eta irakasleen kopurua, Eskola Publikoak heldu egin zion 1976ko Apirilean kaleratutako Hezkuntza Elebidunerako Herri Planari eta 1977/78 ikasturtean irakaskuntza elebiduna jarri zuen martxan, Haur Hezkuntzan lehenengo eta, ondoren, maila guztietara hedatuz, astean euskara ikasteko ordu batzuk izatetik, 2003/04 ikasturtean dena euskaraz eskainiko hezkuntzara pasa arte, guztia irakasleriaren ekimenez eta Guraso Elkartearen babesarekin. LOGSE legea indarrean sartzearen ondorioz, 6-14 urte tarteko hezkuntza eskolatan garatzeko diseinatuta zegoen OHOko etapa desagertu eta 1996/1997 ikasturtetik aurrera, Derrigorrezko Irakaskuntza bi urte gehiago luzatu zen, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako etapak berezituz. Horrela, San Martin Agirre Eskolak Haur eta Lehen Hezkuntza etapetako ikasleriaren arduraz jarraitzen zuen bitartean, Sare Publikoko Ipintza institutuak hartu zuen bere gain 12 urtetik gorako ikasleak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketak eskainiz. Azken urte hauetan, ikasleen matrikula gehitzea dela eta, behin eta berriz azaldu izan du Eskola Publikoak bere espazio beharra gero eta nabarmenagoa dela, familia eta ikasleei kalitatezko hezkuntza eskaini ahal izateko toki arazoak sortzen dituen eragozpenak aipatuz. 2007-08 ikasturtean taldeen kopurua ikasgela kopurua baino handiagoa suertatu zenez eskolako egoera erabat larritu zen eta bi talde ikasgela barik gelditu ziren. Borroka asko egin ondoren 2007ko Irailean Lakuan egindako bileran erabaki zen azken
urteetan Aranzadi Ikastolak maileguz erabili izan duen Martinez Iralako administrazio eraikina Hezkuntza Publikoko beharrak asetzeko egokitzea. 2007/08 ikasturte bukaeratik administrazio eraikina erabiltzen du San Martin Agirre ikastetxeak, bertan hiru ikasgela, tutoretza, laguntza gela eta bi komun dituelarik. 2010eko Martxoaren 3an Donostiako egoitzan egindako bileran Hezkuntza Lurralde Saileko Delegatuak jakinarazi zien modu ofizialean San Martin Agirre eskolaren ordezkatze bertaratutakoei (Zuzendaritzaz, Eskola Kontseiluko bi gurasoz eta Baikarako koordinatzaileaz osatutako batzordea) Martinez de Iralako eraikuntzaren inguruan Hezkuntza Sailak hartutako behin betiko erabakiaren arabera, eraikuntza birgaitu ondoren osoa geldituko dela Hezkuntza Publikoak izan dezakeen beharren esanetara. Gaur egun mailegutan eraikinaren zati bat erabiltzen duen itunpeko ikastetxe pribatuak, aldez aurretik hitzartutako epea betez, 2011 urte bukaerako eraikina hustu bezain laster hasiko liratekeela birgaitzeko obrak zehaztuz.
ďƒž
Ikastetxearen deskribapen fisikoa
San Martin Agirre Bergarako Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoa da. Eraikuntza nagusia Boni Laskurainen kokatuta dago eta hiru eraikuntza ditugu auzo ezberdinetan: Osintxu, Martokua eta Zabalotegi. Hiru auzo hauetako eskoletatik 2009/10 ikasturtean martxan dagoen bakarra Osintxu da, bertan Haur Hezkuntza eskaintzen delarik. Martokua 2004-05 ikasturtean itxi zen momentu hartan ikasle kopuru txikia zelako, baina berriz ere zabaltzeko konpromisoarekin ikasle kopurua igo ezkero. Zabalotegi berriz, 2007-08 ikasturtean itxi zen baldintza berdintsuetan. 2009/10 ikasturtean Martoko eta Zabalotegiko eraikuntzak Helduen Hezkuntza Iraunkorra – EPAri eta Jardun Elkarteari utzi zaizkie urte beteko maileguan. Zerbitzu gehienak Boni Laskurainen zentralizatuta egoteak askotan gurasoen joera baldintzatzen duela euren seme-alabak eraikuntza nagusira bideratze aldera egiaztatu arren, ikasle kopurua igo ezkero Martokua nahiz Zabalotegiko eraikuntzak zabaltzeko konpromisoak indarrean jarraitzen du. Eraikuntza nagusitik 400 metrora dagoen Martinez de Irala eraikuntzan kokatuta daude gure jangela, gimnasioa (arratsaldeetan bakarrik erabili ahal duguna) eta
Haurreskola publikoa. Aldamenean, administrazio etxetxoa izan zen eraikin egokituan, Lehen Hezkuntzako hiru ikasgela, tutoretza, laguntza gela eta bi komun. Boni Laskuraineko eraikuntza nagusian horrela dago banatuta espazioa: * Kanpoan ditugu Aterpe txiki bat, kirol gunea eta berde gunea. * Beheko solairuan daude Haur Hezkuntzako bi urteko gelak, Zuzendaritza, Bilera gela, Material biltegia eta fotokopiagailua, Atezainaren bulegoa, Areto nagusia, Nesken eta mutilen komunak, Irakasleen bi komun, Nesken eta mutilen dutxak eta aldagelak. Atezainaren etxea izandakoa Harrera Zerbitzurako eta beste hainbat betebehar asetzeko erabiltzen da: Zaintza, fisioterapeuta, biltegia eta abar. * Lehenengo solairuan kokatzen dira Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako gelak, Liburutegia, Ikasleen komun bi, Komun egokitu bat, Irakasleen komun bat, Bi tutoretza txiki laguntza taldekoak erabiltzen dituztenak (Entzumena eta Mintzaira eta PT), Gela bat bi zatitan banatuta: aholkulariaren gela eta erabilera anitzeko gela txikia (erlijio, etorkin, laguntzak, bilerak...) eta Gela bat hiru zatitan banatuta: Sarrera (fotokopiagailua), Lehen Hezkuntzako irakasle gela eta Haur Hezkuntzako irakasle gela. * Bigarren solairuan Lehen Hezkuntzako gelak, Informatika, Tailerra (laguntzak, tailerrak, eskulanak, musika eta abar), Bi Tutoretza txiki (batean Irratia eta bestean Serbidorea ditugularik), Ikasleen bi komun eta Irakasleen beste bi.
ďƒž
Ikastetxearen antolaketa orokorra
Azken urtetako joera mantenduz, 2009/10 ikasturtean 500 ikasletik gora hartzen ditu San Martin Agirre Eskolak. Neska-mutil hauen ikaskuntza-irakaskuntza prozesuaren ardurari erantzun ahal izateko berrogei irakasle baino gehiago dira klaustroa osatzen dutenak, tartean Musika, Hizkuntza Errefortzua, Gorputz Hezkuntza, Ingelesa, Heziketa Berezia (Aholkularia, P. T., ALE), eta Erlijioko gaituak daudelarik. Arestian deskribatu den bezala, San Martin Agirreko ikasleria hiru eraikuntzetan dago banatuta: Osintxun gela bat dugu eta bertan biltzen dira auzoko haur hezkuntzako ikasleak; Martinez de Iralan Lehen Hezkuntzako hiru ikasgela; eta gainontzeko ikasle guztiek (Haur Hezkuntzako 2, 3, 4 eta 5 urtekoek eta Lehen Hezkuntzako beste bost mailakoek) Boni Laskurainen dituzte gelak. Ikastetxeko Organo Gorena hamabost gurasok, hamar irakaslek, udaleko ordezkariak, langile ez irakasle batek, zuzendariak, idazkariak eta ikasketa buruak osatzen duten Eskola Kontseilua da. Ikastetxeko idazkaria Organo Goreneko idazkari gisa aritzen da, hizpidearekin baina boto-eskubiderik gabe. Eskolako zuzendariari
dagokio Organo Goreneko lehendakaritza. Azpi Batzorde Ekonomikoa eta Batzorde Iraunkorra gurasoen lau ordezkarik, irakasleen bi ordezkarik, Udaleko ordezkariak, idazkariak eta zuzendariak osatzen dute: Ekonomikoa gutxienez bi aldiz elkartzen da ikasturtean zehar eta Iraunkorra maiztasun zehatzik gabe, behar den guztietan. Eskolan lan egiten duten irakasle guztiek osatzen dute Irakasleen Klaustroa, ikastetxearen zuzendaria dela buru. Bere funtzio nagusiena Hezkuntza Proiektuan azaltzen diren norabideetan oinarrituz Eskola Kontseiluak onetsitako Urteko Plangintza garatzea da, ikastetxearen curriculum proiektua eta irakaskuntza jardueren programa jorratzea. 2009/2010 ikasturteko Ikastetxeko Plangintzan azaltzen den bezala, eskolan sortzen diren behar anitzei irtenbideak bilatzeko eta erabakitzen dena aurrera eramateko zuzendaritza taldearekin elkarlan estuan aritzen da Batzorde Pedagogikoa, bertan Lehen eta Haur Hezkuntzako ziklo guztietako koordinatzaileek eta ikastetxeko aholkulariak hartzen dutela parte. Aipatutako Eskola Kontseilua, Zuzendaritza Taldea, Batzorde Pedagogikoa, Koordinazio Taldea eta Haur eta Lehen Hezkuntzako irakasleen Klaustroaz gain, hauek dira ikasturtean zehar eskolako eguneroko jardunean lanean aritzen diren beste taldeak: Guraso Elkartea, Laguntza Taldea, Euskara Batzordea, Hizkuntza Taldea, Agenda 21, Liburutegia, Irratia eta Ikus-entzunezkoak. Lan talde bezala eratuta egon ez arren, badaude baita ere arduradunen jarraipen zehatza eskatzen dituzten beste betebehar batzuk, nola Premia, Web orria, Eskola Kirola, Mendizaletasuna, Lan Arriskuak edo Megafonia, besteak beste.
ďƒž
Ildo pedagogikoa: proiektu globala
San Martin Agirre Eskola Komunitateak ikaslea du abiapuntu, pertsona bere osotasunean: bakoitza bere iaiotasun eta ahuleziaz, bere buruaz arduratzeko eta bere proiektu propioa burutzeko duen trebeziaz, eskakizun konplexuei erantzuteko izan dezakeen adoreaz eta askotariko lanak behar bezala egiteko bakoitzak duen ahalmenaz. Aldi berean aintzat hartzen du oinarrizko gaitasun guztiak elkarrekin lotuta daudela eta arlo batean funtsezkoak diren alderdiak beste gaitasun baten lagungarri izan daitezkeenez, jadanik ezinezkoa bihurtu dela kontzeptuzko, prozedurazko eta jarrerazko edukien inguruan erabilitako ikuspegi zatitzaileaz jarraitzea. 2007ko Azaroaren 13an argitaratutako dekretuaren gehigarriak oinarrizko gaitasuntzat jotzen ditu “jakintzen, trebetasunen, jarreren eta balioen elkarrekintza bateratua eta testuinguru bakoitzari egokitua, Oinarrizko Hezkuntzak ikasle guztiek
xedetzat izan eta lortu beharrezkotzat dituztenak, pertsonaren errealizazioa eta garapena lantzeko eta herritartasun aktiboa eta gizarte-integrazioa lortzeko� balio dutenak. Beraz, gaitasunen inguruan Curriculumak nabaritzen duena gurea egiten dugu, benetako jakintza egoera eta testuinguru zehatzetan dakiguna erabiltzen jakitea dela barneratuz, bizitza errealean eta bizitzako arazoak konpontzeko aplika daitekeena, ez jakite hutsa. Bizi ditugun aldaketa azkarren ondorioz, giza irudimenak etorkizuneko gizartea sortu behar du eta, inoiz ez bezala, ze gizarte motan murgilduko diren gure ikasleak jakin gabe lagundu behar diegu eskolatik pertsonak gizaki moduan hazteko eta etorkizunean topa dezaketen desafioei modu aproposean erantzun ahal izateko beharrezkoak diren alderdiak garatzen. Horregatik San Martin Agirre eskolak gure haurrek XXI. mende honetako gizarte konplexuan bizi ahal izateko izan dezaketen gaitasunak eta trebetasunak garatzea du helburu eta gaurko eta etorkizuneko erronkei aurre egin ahal izateko, beharrei egokitutako prestakuntza sakona jaso eta kalitatezko zerbitzua eskaini nahi duen eskola publikoa da San Martin Agirre ikastetxea. Egungo errealitateak dakarren kulturartekotasunaren aurrean jarrera aktiboa erakustearekin batera, euskaldunak izanik, euskaraz bizi nahi du San Martin Agirre eskolak, eta ikaskuntza-irakaskuntza prozesuaren nahiz egunerokotasunarekin lotutako adierazpenen tresna nagusia euskara izanik, ikastetxearekin zerikusia duten jarduera guztietan euskararen erabilera bizkortu, gizarte harremanetan euskararen erabilpena bultzatu eta, aldi berean, ikasle eleanitza sustatzen ahalegindu nahi du. Pertsona bakoitzaren iaiotasun eta ahulezi propioak, bere buruaz arduratzeko eta bere proiektu propioa burutzeko berezko trebeziak eta baita ere eskakizun konplexuei erantzuteko bakoitzak duen ahalmenak osatzen dutela eskola honen abiapuntu pedagogikoa esaterakoan, pertsona guztien aniztasuna dimentsio zabalean harturik (bakoitzaren gaitasun fisiko-psikiko-emozionala, hizkuntza, generoa, egoera sozioekonomikoa, kultura, etnia, bizipen interesa, sinesmena, eta abar) berariazko baliobalore bezala jasotzen duela eskolak esan nahi dugu. Eta, eskola bezala, aniztasunean murgilduta, ikasle guztien aukera berdintasuna bermatu nahi duela San Martin Agirre ikastetxeak, hezkuntza kalitatea doitasunean, zentzu zabalean ulertutako jasangarritasunean, ekitatean eta norberak bere burua ezagutuz bere ahalmenak trebatzean oinarrituz. San Martin Agirre eskolako ardatz pedagogikoa ikasleak XXI. mendeko inguru anitza, aldatzaile eta konplexuan bizitzeko eta elkarbizitza sustatzeko prestatzean oinarritu nahi dugun horretan ikastetxe barruko egunerokotasunean sortzen diren dinamika gehienen erantzule nagusienak irakasleak direnez, eguneroko zereginetara hurreratzeko dauden ohiturak birplanteatzeko beharra agertzen da, informazio igortzaile izatetik bitartekari edota haurren ikasketen eragile, bultzatzaile, laguntzaile izatera iristeko egin beharreko bidea jorratuz.