Oinezbusa

Page 1

“San Martin Agirre/oinezbusa” SARRERA 16.000 biztanle inguruko herria da Bergara. Antzinako Ariznoa ibai ondoan sortu zuten, mendi magalen oinetan. Mendi horiek Bergara inguratzen dute egun, eraztun baten gisa, baita bere izaera definitu ere, herri aldapatsua bihurtuz. Ezaugarri horrek zein gure ikastetxearen kokapenak garraioa erabiltzeko beharra sortu du ikasleengan. 2015–2016 ikasturtean 514 (Haur Hezkuntzan 185 eta Lehen Hezkuntzan 329) ikasle eta359 familia inguru izango ditugu San Martin Agirre Herri eskolan. Ikasle kopuru handi bat garraio desberdinetan hurbiltzen da eskolara. Garraio hori kudeatzeak antolamendua eskatzen du, baita zenbait arazo sortu ere: kotxeak aparkatzeko tokirik eza, kotxeek sortzen duten kutsadura jasan beharra, eguerdiko autobusen kostu handia, etab. Arazo horiek konpondu nahi izatea da gure proiektua aurkezteko lehen arrazoia. Baina, horrez gain, ziur gaude horrelako antolaketa batek izugarrizko onurak ekarriko lituzkeela esparru guztietara: ikasle, familia zein eskolara bertara ere.  Ikasleen bizimodu aktiboago izango litzateke eta, ondorioz, osasungarriagoa  Ikasleei kalea ezagutzeko parada emango die. Era berean, kalean seguruago sentitzen diren heinean, beraien autonomia garatuko dute.  Mugikortasun jasangarrirako ereduak eskuratuko dituzte  Heldu-erreferentzia gehiago izango dituzte eta gizarte-sarea indartuko dute

Bestalde, haurren ongizatea helburu duen antolakuntzaren aldeko apustua egitearekin bat, familiek gizarte-sare baten partaide direla sentituko dute; konfiantza- eta segurtasun-sentipena izango dute, lana eta familia bateratzeko aukera garatuz. Ikastetxeetan, berriz, Toki-administrazioarekin komunikazio-loturak indartuko dira. EskolaCurriculumaren barruan egiten diren diziplinarteko proiektuen bitartez osasunari, mugikortasunari eta jasangarritasunari buruzko edukiak eta jarrerak bideratuko dira.


GARAPENA Proiektu kolektibo gisa ulertzen dugu Oinezbusa eta hari ekiteko eragile desberdinen parte-hartzea sustatzea ezinbestekotzat jotzen dugu. Herriko agenteekin aliantzak ezartzea eta elkarlanean jarduten ikastea izango ditugu helburu. Proiektu honetako protagonista nagusiak haurrak direla oso argi badaukagu ere, guraso, irakasle eta tokiko administrazioaren esku hartzea ere oso garrantzitsua iruditzen zaigu. Era berean, gizarte-ingurunearen babes eta parte-hartzeak, elkarte eta erakundeetan egituratua, proiektuari ekar diezaiokeen aberastasunaren jakitun gara, herri-proiektu bat denaren ideia indartzea ahalbidetuko du eta. Esan bezala, ikasleak izango dira ekimen honetako protagonistak. Hala, garrantzitsua izango da proiektuaren partaide aktibo direla sentitzea eta hura bere egitea. Horrez gain, ikasgeletan mugikortasun jasangarriaren inguruko hausnarketa sustatzea da gure asmoa, gogoeta horiek ekintza jakin batekin lotuz (eguneroko eskolara joan-etorriak). Eguneroko ohituren hobekuntzaren eta ingurumenaren kontserbazioaren arteko lotura zuzena egitea ahalbidetzen digu Oinezbus proiektuak; ikasleen onurarako izatearekin bat, ingurunearentzat mesedegarria ere bada. Ezinbestekotzat jotzen dugu mugikortasun eta haurren autonomia oinarri dituen proiektu honek gurasoen ezagutza, ulermena eta babesa jasotzea. Eguneroko mugikortasun jarraibidean aldaketak sustatzeaz eta adinez txikikoak direnek autonomia irabazteaz hitz egiten dugu proiektu honetan, eta gurasoak dira ikasleei horretarako baimena eman eta ikasleak bertan parte hartzera anima ditzaketenak. Horrez gain, garrantzitsua iruditzen zaigu guk erdietsi nahi ditugun helburuekin bat datozen eragile sozialak aurkitu eta elkarlanari ekitea. Aipatu eragileak askotarikoak izan daitezke: auzo-elkarteak, oinezko-elkarteak, txirrindulari-elkarteak, minusbaliotasunen bat duten pertsonen elkarteak, nagusien elkarteak, merkatari elkarteak, etab.

HELBURUAK Oinezbusa proiektuak garraio-bide iraunkorrak sustatu nahi ditu Lehen Hezkuntzako ikasleen artean; ikasleek etxetik eskolara egiten dituzten joan-etorriak modu autonomoan eta ibilbide seguru batetik egin ditzaten. Proiektu honen azkeneko helburua da ibilgailu ez motordunetan eskolara egiten diren bidaiak areagotzea, edota, gauza bera dena, ibilgailu motordunetan egindako bidaiak murriztea. Horrenbestez, garraiatzeko ibilgailu ez motordunetarako aldaketa bultzatuz, pertsonen eguneroko mugikortasunean energia-kontsumoa arrazionalizatzea erdietsi nahi du. Izan ere, oinez joateak eragin dezakeen aldaketan sinesten dugu: kutsadura atmosferikoa murriztea, akustika eta negutegi-efektuko gasen igorpena murriztea, haur zein nagusiak eguneroko mugikortasunaren praktika onen gainean kontzientziaraztea, segurtasunari eta joan-etorri iraunkorrei lehentasuna ematea, etab. Eskolara egiten diren joan-etorriak modu iraunkor, autonomo eta seguru baten egitea bultzatzen duen prozesu parte-hartzaile izan behar da Oinezbusa, motordun ibilgailuak murriztuz eta oinezkoentzako espazioak bermatzen dituen udalerri bat eraikiz. Apustu horrek eragile guztien konpromisoa eskatzen du: Udala, elkarte eta erakundeak, eta bereziki, guraso, ikasle eta ikastetxeak (irakasle eta gainontzekoak).


PROIEKTUAREN FASEAK Hainbat fasek osatuko dute metodologia orokorra. Denboran zehar mantendu daitekeen feedback-a egon daiteke fase desberdinen artean; izan ere, ikerkuntza-akzioan oinarrituko litzateke prozesu guztia. Prozesuan parte-hartuko duten eragile guztiei eskainiko zaien prestakuntzak ahalbidetuko du proiektuan ager daitezkeen arazoak hautematea, irtenbideak proposatzea eta lan egiteko modu berriak definitzea. Ondorengoak izango dira aipatu ditugun faseak: 1. Motibazioa eta komunikazioa 2. Parte-hartze egituren eraketa 3. Diagnostikoa 4. Akzio plana 5. Ebaluazioa eta jarraipena

1. MOTIBAZIOA ETA KOMUNIKAZIOA  Proiektua hezkuntza komunitate osoari aurkeztu  Klaustro eta eskola-kontseiluetan aurkezpenak, eta bilerak familia eta ikasleekin  Ikasle eta talde teknikoaren eskutik, proiektua hedatzeko liburuxka eta ikus-entzunezko elementuen sorrera

2. PARTE-HARTZE EGITUREN SORRERA Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ateratako Proiektuak guraso elkarteei eskaintzen dion aukera aprobetxatuz San Martin Agirre eskolako Guraso Elkarteak (AGORROSIN ELKARTEA) hartuko luke ardura, gure artean proiektuari jarraipena egingo dion batzordea sortuz. Eskolarekin dugun harremana estua dela kontuan izanik, (hilean behin zuzendaritzarekin eta koordinatzaile batekin biltzen gara) gurasoen, eskolaren eta udalaren ordezkarien presentzia ziurtatuko genuke aipatu batzordean. Herriko elkarte desberdinei ere bertan parte-hartzeko gonbidapena luzatuko genieke. Argi dauzkagu zeintzuk diren eman beharreko lehen pausuak: helburu zehatz eta argiak ezarri, barne-antolakuntza antolatu, eta proiektuari ekin eta hura garatzeko lan-metodoa osatu. 3. DIAGNOSTIKOA Proiektua martxan jarri aurretik egoeraren diagnostikoa egitea ezinbestekoa zaigu. Horretarako, mugikortasuna eta joan-etorriak egiteko ohiturak aztertzeari eta informazioa biltzeari ekingo diogu.  Ikastetxearen ingurunea eta ibilbide nagusiak aztertuko ditugu segurtasunaren eta erosotasunaren ikuspegitik. Zeregin horretan ikasleak, familiak eta, ahal bada, auzoan interesa duten taldeak inplikatzen saiatuko gara.  Ikasleei inkestak egingo dizkiegu ikastetxera egiten dituzten joan-etorriak nolakoak diren


ezagutze aldera  Bergara Proiektua lantzen ari diren 3. mailako ikasleei bide ohikoenen mapa egitea eskatuko diegu. Mapak egiteaz gain bide egokienak proposatzea eskatuko diegu, bide bakoitzak dituen abantailak azalduz eta joan-etorri aktiboetan izan daitezkeen arazoak identifikatuz. Hori guztia bideratzeko irakasleen partaidetza ezinbestekoa izango da. 4. NOLA ANTOLATU IBILBIDEA Aurrera eraman nahi dugun proiektua, hasieran behintzat, oinezkoentzat soilik planteatzen dugu; hain zuzen ere, gehienez 2 kmra bizi diren Lehen Hezkuntzako lehenengo mailetako ikasleei, hots, 6,7 urteko neska-mutikoei. Ondorengo jarraibideak hartuko ditugu kontuan ibilbideak antolatzerako orduan:  Ibilbide bakoitzaren baitan geraleku batzuk ezarriko dira, kokalekua zein den eta bertatik eskolarantz zein ordutan abiatuko diren zehaztuz  Geraleku bakoitzean, bertatik abiatuko diren haurrak zein nagusiak zeintzuk izango diren izendatuko dugu. Azken horiek, "heldu-markesina" edo "heldu-gidari" funtzioa bete dezakete.  "Markesina" izatea egokitzen zaion nagusiaren betebeharrak hauek izango dira: dagokion geralekuan egon beharko da, apuntatuta dauden ikasle guztiak bertaratzen direla bermatu beharko du eta atzean gelditzen direnak itxaron beharko ditu.  "Gidaria" ikasleekin batera joango da ibilbidean zehar. Geldiune bakoitzean dagokien haurrak batuko ditu eta eskolako ateraino lagunduko ditu. Nahiz eta guraso zin elkarteak proiektuan inplikatzea garrantzitsua ikusten dugun, lan hau ondo garatze aldera, begilare/ak bat kontratatu beharko dugula/ditugula aurreikusten dugu (beti ere proiektuan parte hartuko duten ikasle kopuruaren arabera).  Sarbide gunean dendarien edota beste kolaboratzaile batzuen babesa ere jaso daiteke. Ikasleen "zainkea lauso" deritzoguna gauzatuko lukete, ibilbidean zehar haurrek beharrezkoa duten laguntza eskainiz. Identifikazio sistema bat osatuko genuke, non proiektuan parte hartuko luketen helduek pegatina, marka edo sinbolo jakin bat edukiko luketen. Arazoren bat egonez gero, ikasleek nora jo dezaketen jakitea izango litzateke helburua. Mota askotarikoa izan daiteke aipatu laguntza: ibilbidean zehar ikasleei baso bat ur eskaintzea, komuna erabiltzen uztea, tiritak eskaintzea, etab. 5. JARDUEREN PROPOSAMENA Proiektua martxan jartzeko jarduera desberdinak burutu beharko ditugu:  Txaleko edo besoetako islatzaileak (erreflektanteak) eskuratu beharko dira. Beharko dugun materialak ikasleek egitea proposatu daiteke.  Eskolan lantzen diren proiektuetan zeharkako edukiak eta jarrerak sartzea proposatuko da: hala nola, jokaera osasungarriak, jasangarriak eta seguruak.  Neska-mutilek eskolarako bidea oinez egin dezaten motibatuko dituzten pizgarriak sortu daitezke. Adbz: oinezkoaren agiria, Oinezbusaren informazioa hedabideetara zabaldu...


 Proiektuarekin erlazionatutako seinaleak jartzea eskatuko diogu udaletxeari  Bide-zoruan markak, kartelak, oinatzak eta abar margotuko ditugu  Udalari laguntza eskatuko diogu, besteak beste, zirkulazioa erregulatzeko, bidegurutzeen segurtasuna areagotzeko...  Ondorengo puntuak ondo lotuta utzi beharko ditugu: ibilbideak, geltokiak, geltoki bakoitzean egongo diren neska-mutilak, arazoren bat sortzen bada laguntzeko prest dauden tokiko dendak; horiek behar bezala seinaleztatzea...

JARDUEREN EGUTEGIA Proiektuaren onarpenaren baitan egongo litzateke jardueraren egutegia. Onartuak izanez gero, aurretik aipatutako urratsak jarraitu beharko genituzke: lehenik eta behin motibazioa landu beharko genuke, ondoren batzordea sortuko genuke, diagnostikoa egin eta hortik aurrera proiektua martxan jarriko genuke. Behin martxan jarri ondoren, ikasturte osoan egitea ikusten dugu egokiena, azkenik balorazioak egin ahal izateko.

JARRAIPENA ETA BALIOESPENA Balioespenak hiru eremutan egin daitezke: Emaitzak Aurrez egindako diagnostikoa eta emaitzak alderatuko dira. Prozesua Aurreikusitako jarduerak egin diren, parte hartu duten pertsonek izan duten inplikazio eta haien asebetetze-maila baloratuko dira. Eragina Ekimena abian jarrita bertan inplikatutako pertsonen ideiak, jarrerak, eta portaerak aldatu diren egiaztatuko da.


Turn static files into dynamic content formats.

Create a flipbook
Issuu converts static files into: digital portfolios, online yearbooks, online catalogs, digital photo albums and more. Sign up and create your flipbook.