1 minute read
«Beti egin nahi izan dut horrelako horma-irudi bat»
Agurtzane Núñez Yarza
Hogei urtetik gora badaramatza ere margotzen, tamaina handian egin duen lehen horma-irudia da Berrobikoa Arkaitz Urangarentzat, eta oso gustura dago lortutako emaitzarekin. Herriko kale nagusian, Elduainerako norabidean, ikusi daiteke euskara irudikatzen duen murala.
Advertisement
«Euskara taldeak euskararen gaia proposatu zidanean ‘ea zer egiten dudan nik orain’ pentsatu nuen. Baina aukeratu zuten pareta ikusitakoan esan nuen ‘hemen zerbait ona egin behar dut’, oso pareta ona da», aitortzen du. Hasieratik argi zuen naturak toki nabarmena eduki behar zuela, «euskara naturarekin harremanetan jartzen zaituen hizkuntza iruditzen zait», azaltzen du.
Urangaren muraletan ohikoak dira tranpantojoak edo amarruak, eta Berrobin ere hori dago oinarrian. Aralarko mendilerroa ageri da paisaia guztia markoztatzen duen harrizko begiraleku batetik. Hogeita bost egun behar izan zituen hormairudia margotzeko, eta eguraldia gora-behera, emaitzarekin pozik dago.
«Olioa erabili dut margotzeko, eta kanpoko ‘harearri’ itxura olioarekin eta akrilikoarekin egin dut. Kolore guztiak nik sortu ditut, nik nahastutakoak dira eta, Aralarren zatian adibidez, hiru aldiz margotu behar izan nuen, ingurua egiterakoan konturatu nintzelako apalegia geratzen zela».
Izan ere, horrelako horma handiak margotzearen zailtasunetako bat da altueratik jaitsi eta nola geratzen ari den ikusteko urrundu behar izatea. Lurrean jarritako marka batetik begiratuta, gainera, mendiek etxearen atzetik jarraipena dutela dirudi.
Sinbolismoz betea
Mendiak, basoak eta natura, orokorrean, margotzera ohituta dago
Arkaitz Uranga, baina oraingoan sinbolismoz betetako irudia sortu du.
«Zortea eduki nuen in- formazioa bilatzen nengoenean euskal kultura sakonean aztertu duen pertsona bat topatzeko, ia bizitza guztia darama horretan, eta berari esker jarri ditut ikur guztiak», dio.
Izan ere, ‘harrizko’ begiralekuko paretan euskal mitologiaren inguruko hainbat ikur ageri dira. Besteak beste, «sinboloek
Mari eta Sugaarren arteko erlazioa kontatzen dute.
Goian, erdialdean dagoen borobila Mariren ikurra da, eta alde banatan ateratzen diren sugeak, Sugaarrenak. Mari azken finean da Amalurrra, lurrazaletik behera dagoena, eta Sugaar lurrazaletik gora dagoena, eta elkartu ziren egunean sortu zen gaur egun ezagutzen dugun bizitza», laburbiltzen du.
Azpian, «ikurrinaren itxura duena anplifikadore bat da, antzina panderoen atzealdean hariz egiten zen, eta gazten egurrezko moldeetan ere. Ezkerrean Mariren beste sinbolo bat dauka eta eskuineko bola Sugaarren ikurra da. Oraindik Nafarroako herri txikietako eliza batzuetan aurkitzen dira ikur horiek aldarean. Dirudienez, duela mende erdira arte edo, hain sinesmen handia zeukaten horretan, ez zirela ezkontzen Mari eta Sugaar ez bazeuden aldarean». Beheko aldean, eskuinean indarraren ikurra dago, «Sugaarren beste alderdi bat da; eta ezkerreko loretxoa Mariren beste ikur bat da», azaltzen du.
Paisaiaren barruan ere badira ikurrak. Besteak beste, arranoa, «neretzat askatasunaren sinboloa da», e hizkia, «euskararena baina baita eki, eguzkia», eta harea-erlojua, «denbora irudikatzen du, bakoitzak bere on- dorioak atera ditzan utzi dut, denbora gelditzen ez den zerbait delako». Aralar, berriz, Mariren bizilekua da eta neskatoa «gu denok irudikatzen gaitu, gehienbat gure atzetik datozen haurrena, istorio guzti honen transmisioaren erabakia beraiena delako. Eskua altxata dauka esanez ‘ni euskaraz hitzeginez erlazionatzen naiz zurekin’, ama lurrarekin, Marirekin».