Jokin de
JOANA
Joana Jokin de Pedro
Joana
Jokin de Pedro A FORTIORI EDITORIAL
A Fortioriren katalogoa
Lehen argitalpena, 2019ko abendua.
Testuaren arduraduna: Jokin de Pedro Azalaren irudia eta diseinua: Luis Olaso Eskariak: eskariak@globalkultura.net ISBN-13: 978-84-96755-54-3 Lege-gordailua: BI-2545-2019 Lan honek kultura librearen asmoak betetzen ditu. Liburu honen testuak mugarik gabe erabil daitezke ondoko baldintzen arabera: 1. Egilearen aitortza egin behar da. 2. Lan hau, ezta bere eratorriko lanak, ezin da erabili xede komertzialetarako. 3. Lan hau eraldatzen edo transformatzen bada, lorturiko obra banatzerakoan baimen hauxe berau erabili beharra dago. Baimen honek ez ditu inolaz ere baliogabetzen egilearen eskubide moralak. Lan hau egoki aipatzeko honela egin: ÂŤJoanaÂť, Jokin de Pedro egilearena. A Fortiori Editoriala, 2019.
Baina zergatik? Ez nintzen ni ederki bizi Bilboko hirian, gaztelaniaz, hispanidadean? Baina ez. Nire leinuaren ezaugarria da. Ur lasterraren kontra igeri egiten dugu.
(Aresti, Harri eta Herri, 1964)
—Ezin dut gehiago, Alex, ezin. Nik ez dut holan bizi gura. Atzo gurean izan zen istilua azkena izatea gura nuke. Ez dit merezi holan bizitzen jarraitzeak... —Et-et-et, neska. Batak bestea daukagu: hori ez da ezer? —Batak bestea eduki? Bai, astean behin edo birritan, erlojuari begira ibiliz beti, eta sarri euripean edo ezkutuan. Eta hori... orain; Irlandara joaten naizenean, zer? Hile bi elkar ikusi barik? Eta zuk ez dakizu azkena! Joan den barikuan ez zuten, ba, esan igual urte osorako bidaliko nindutela Irlandara batxilerra ikastera? Hil egingo naiz! Hobeto esanda, hil egin nahi dut. —Joana, hori ez da sekula esan behar. Batak bestea daukagula esan dizut, zera, elkarrekin gaudela eta elkarri laguntzeko. Nik ez dizut huts egingo. —Baina zelan lagunduko didazu? Alex, gorputza parkeko jarlekuaren bizkarrean bermatuta, zerura begira jarri da. —Utzidazu denbora pixka bat, egun batzuk baino ez, Joana, eta gauzak aldatu egingo dira. Aldatu egingo ditugu. Hara, nik egia esango dizut: uste dut eutsi egin beharko zeniokeela pixka batean, batxilerra amaitu eta adinez nagusia izan arte eta hori dena, baina ezin baduzu... 7
—Ezin dut, ezin dut, benetan, ez daukat holan bizitzerik, zoratu egingo naiz! —Utzi kontu hori, mesedez! Zer nahi duzu, ni hondatzea? Nik ere behar-behar zaitut. Une batez ere ezin duzu hori pentsatu, ni kontuan hartu? Nik zoriontsu eta... osorik behar zaitut, eta nire ondoan beti, beti... —Eta zer egingo dugu? Berriz ere zerura begira jarrita, arnasaldi sakon bat egin du mutilak, gero hitz bat itzurtzen uzteko: —Ihes. —Ihes? Ihesi joan? Nora baina? Ez dut esan nahi prest ez nagoenik, baina... ondo pentsatu duzu?
Zazpi hilabete lehenago
—Zorionak, Joana. —Eskerrik asko, aita —erantzun zuen ahots isilarekin alaba hamasei urte egin berriak. —Zorionak, laztana, eta urte askotarako. —Eskerrik asko, amatxo. —Atsegin izan duzu bazkaria? —Oso, ama, goxo-goxoa izan da dena... eta oparia ere oso polita —erantsi zuen Joanak, horma kontra zeuden ekitaziorako bota-kapelei begiratu azkar bat eginez. Bazkalondoan ohi zuen bezala, aitak telebista-aparailu berria piztu zuen, albistegia entzuteko asmoz. 8
Minutugarrenean, zuri-beltzezko irudiak lau alboetatetik biribildutako pantaila karratuan agertzen hasi ziren. Carta de ajuste-aren irudi geometrikoek bide eman zioten Espainiako himnoari; hura bukatuta, Telediarioa-ren hasiera iragartzen zuen sintoniaren ostean, trajea eta gorbata jantzitako esatari biboteduna mintzatzen hasi zen:
<<Arratsalde on, Espainiako Telebistako ikusentzule oro. 1970eko udazkeneko egun honetan gure Nazioaren gaurko albiste nagusia, zalantzarik gabe, hauxe dugu: AEBetako estatuburu Richard Nixonen egonaldia Madrilen. Bestalde, Real Madrid football talde espainolaren azken garaipeneko golak ere eskainiko dizkizuegu. Gentoren gol bikaina...>>
Joanak albora begiratu zuen, higuin-keinu bat eginez. Aitak, berriz, arnasa sakon hartu eta atseginezko bafadatxo bat egin zuen, belarridun besaulki apatzean ipurdia alboetara mugituz.
<<...Espainiako Telebista honen irudietan laster ikusiko duzuen bezala, Francisco Franco Generalisimoak harrera abegikorra egin dio buruzagi amerikarrari El Prado jauregian. Bi estatuburuak giro adeitsuan mintzatu dira elkarrekin...>> â&#x20AC;&#x201D;Bazen garaia amerikanoek Espainian dugun ongizatea bertatik bertara ezagutzera etortzeko â&#x20AC;&#x201D;komentatu zuen aitak, begirada bai pantailarantz eta bai, albotik, alabagana zuzenduta. <<...Moncloa jauregia izango da Nixon presidentearen egoitza ofiziala Espainian dagoen bitartean.>> 9
Diktadorearen irudi txaparroak, dominaz jositako uniforme militarra soinean, berehalako eragina izan zuen Joanaren aldartean. Zuri-beltzezko irudietan, Nixon, Franco eta beronen ilobak elkarrekin azaltzen ziren kamerari begira, telebistarako barik argazki makinarako zirudien pose estatikoarekin. —Noiz arte jasan beharko dugu agure hori? Eta amerikanoen presidenteak zergatik etorri behar du diktadore baten etxera? —Ixo, Joana, utzi komentario horiek, pakea izan dezagun. Aita... —eten zion amak ahopean. Baina aita ere ez zen isildu: —Zergatik etorri den Nixon? Ba, hain zuzen ere, Francoren bide zuzena eta jokaera egokia berrestera, aintzat hartzera, alegia. —Aita, Franco diktadore bat da! Hori ondo dagoela sinistarazi nahi... ? —Franco irabazle bat da, eta Espainia osoa ere irabazten irten da hari esker. Komunismoaren, anarkismoaren eta separatismoaren kaosetik libratu gintuen Francok. Eta hori Espainiaren progresoa eta hazkunde ikaragarria aipatu gabe: miraria izan da Espainiarena, Alemaniaren pareko goraldia, errautsetatik irten eta jaso... —Errautsak ere Francok sortu zituen, Gernika bonbardatuz. —Zer Gernika eta zer Gernika-ondo? Nork sartu dizu hori buruan? Kolegioko neskato nazionalista horrek ostera? Hasteko, Gernika ez zuen Francok bonbardatu. Eta, hala izan balitz ere, zer da ehunka batzuk nekazariren heriotza —tamalgarria, hori bai— halako gerra handi batean? Gernika erre izanari esker lehenago bukatu zen gerra, horrela milaka bizi salbatuz. —Oraindik eskertu egin beharko zaio hainbeste gizagaixo bizirik erre izana! 10
hobeto zegoela. Euskara ikasbidearen liburuxka ikastetxeko karteratik aterata, aditz zerrenda batzuk berrikusten jardun zuen; izan ere, animatzeagatik egiten zuen, zeren liburu hartatik jadanik ezer gutxi ikas baitzezakeen: buruz zekien ia. Arratsaldean izekogana joango zela pentsatu zuen ea besteren bat uzten zion, prest baitzegoen euskararen ikaskuntzan ordu gehiago sartzeko.
Geltokira helduak ziren. Autobusetik jaitsi zenean, beste ikasle batekin estropezu eginda, izekoren liburuxka eskuetatik lurrera jausi zitzaion, metro batzuk bilin-bolaka eginda. Jasotzeko makurtzen hasita zegoenean, larruzko mahuka batetik irteten zen esku batek aurrea hartu zion eta liburua jaso, baina ez zion berehalakoan eman. Orduan mutil gazte baten aurpegia ikusi zuen, liburuxkari arretazko eta jakinminezko begiratua eginez. Laster, baina, eskura eman zion adeitasunez, hitz batzuk esanda: —Tori. Zurea da? —Bai —esan zuen Joanak, eta etxera bidea hartu. Handik pixka batera atzera begiratu zuen, baina ez zuen jada mutilik ikusi. Orduan bururatu zitzaion lehen aldia zela arrotz batek euskaraz egiten ziona, eta mutilak esandako hitzak behin eta berriz gogoan errepikatuz egin zuen etxerainoko bidea: “Tori. Zurea da?”, “Tori. Zurea da?”, “Tori. Zurea da?” Gerora begitandu zitzaion zakar samar jokatu zuela mutilarekin, ez baitzion ezta eskerrik eman ere, harriduraren ondorioz segurutik. “Zergaitik?”, galdetu zion bere buruari, “mutila dalako? Zein laburra nazen mutilekin, eta zelan ez, ba, 21
ikastetxean neskak eta neskak besterik ez dogu ikusten. Zelan jakingo dogu mutilekin natural berba egiten? Ze txarto lotu nazen, mamala hau! Zer pentsauko eban hark, pija bat nazela eta nire esklabutzat dodala, lurrera jausten jatan guztia niri eskuartean ipinteko?”
Etxerako lanak ahalbait lasterren burutu zituen eta seiak aldean izekorenera jo zuen. Hark hartu zuen poza Joanak bere ikaskuntzarako beste libururen bat nahi zuela esan zionean! —Hauxe itxiko deutsut, baina jagon ondo, maite-maite doteta nik berau —larruz enkoadernaturiko ale txiki samar bat jarri zion eskuetan—. Apur bat gatxa da zuretzat, edo beharbada oso gatxa, ez dakit; edozelan be, orain ikusiko dogu zerenbesteko kemena dozun. Joanak mailegua esku artean hartu, itzuli pare bat eman izenbururik agertzen ote zen-edo, liburuaren bizkarrean begiratu eta bertan urre kolorez grabaturiko letretan izen bat irakurri zuen. —Kresala? —Bai, Kresala: itsasoko urari, ur gaziari deritzo kresala, eta haren usain sarkorragaz batean hamaikatxu irudi, amets eta ibilera azaltzen dira, batzuk zorionekoak, beste batzuk parte txarrekoak. —Irakurriko dot, izeko, ziur egon; ganera hiztegia daukat, zeuk emonekoa —hori esanda, liburua erdiz erdi zabaldu eta sudurrondora ekarri zuen; ez zion itsasoko usainik antzeman, ezpada paper xaharraren lurrin sarkor amets-iradokigarria. —Oi, hiztegi hori txikerregia da —ihardetsi zuen andre zaharrak, irribarrez—. Liburu honen berbak topetako hiztegi 22
handiagoa, hobea beharko dozu. Neuk itxiko deutsut, laztana, baia gaur ez, beste egun baten. Gaur irakurri egizu lehenengo atala oso-osorik, nahi ta bidean hitz asko ez ulertu. Gero, itxi begiak eta hausnartu, pentsau, ahalegin egizu hor kontetan dana zeure buruan irudiz horniduten eta gero irakurri egizu ostera be. Berbak-eta geroko itxi. Adituko doguz horreek be. —Ze ondo! Baia apur bat larri nago... ea zenbat ulertzen dodan. Igual piperrik be ez! —Ez zera! Asko ulertuko dozuz eta, ganerakoetan, pazientzia, seina. Garrantzitsuena ekitea da, ahalbait arinen hasi eta gero ekin eta ekin, etsi barik: “Hasiak egina dirudi, eginak urregorri”. —Hori esaera polita! Egon, izeko, koadernoan apuntau behar dot. —Zu bai ikasle arduratsua! Zeinek esango niri halako euskaltzaletasuna erakutsiko zenduala eta nork eta nik irakatsi behar neutsula euskerea. Joanak ez zuen besterik esan. Ahoan irribarretxo bat marraztu zitzaion, koadernoan idazten zuen bitartean; gero, begiak izekorengana jasota, esan zion: —Izeko, zer da tori? —Tori? Eutsi, koiu, hartu... zer edo zer emoten danean esaten dabe batzuek. Zer ba? —Ez, ez da ezergaitik. Burura etorri jat.
Ez zitzaion erraz egin Joanari Kresala-ko euskara ulertzea; hala ere, izekoren argibideei jarraituta, eten barik irakurri zuen lehen atal osoa, eta izugarri atsegin izan zuen. Hango 23
deskribapen girotuek, geroxeago orri-pasan han-hor-hemen irakurri zituen elkarrizketa biziek, den-denek barrena astindu eta halako zirrara bat sortzen zioten. Hala ere, makina bat hitz gelditzen zitzaizkion ulertu gabe: itsas munduko toleta, triketa, eskota, tosta, baga, tretza...; autu bizietako popaundi, eskailu, txatxala, saskil, zorritsu...; denen artean berba berrien zaparrada atergabea osatzen zuten. Izekok utzi beharko zion, alajaina, aipatua zion beste hiztegi hura, zabalagoa zena, hitzen erdiak gutxienez ulertuko bazituen. Biharamunean, izekok berarekin berrirakurtzen jardun zuen testua, tarteka azalpenen bat ematen ziola: zein zen olatua-ren eta baga-ren arteko desberdintasuna, txalopak, potinak, batelak eta traineruak zelangoak ziren, mazia egitea zer zen, indianoak nortzuk ziren, eta beste hainbat kontu eta argipen. Atala irakurritakoan, liburua itxita, deskribapenak berregiten lagundu zion, berbaz. Ondoren, herri arrantzale bateko bizimodua eta bertakoen lanbideak era errazean azaldu zizkion adi-adi, ahoa bete hortz zeukan ilobari. Ondorengo hiru egunetan, ikastetxeko etxerako lanek uzten zioten neurrian, Kresala lantzen jarraitu zuen eten gabe, zailtasunak gorabehera.
Laugarren eguneko arratsaldean, autobusetik irten eta etxerako bidean urrats batzuk eginda zituenean, ahots ezagun bat entzun zuen albotik, “Kaixo” esanez. Hasieran ez zen gelditu, berarekin ari ez zirelakoan; gerora, senak edo ereflexuren batek hartaraturik, burua jiratu eta hiru egun lehenago liburua jaso zion mutila ikusi zuen aurrez aurre. —Kaixo —errepikatu zuen mutil gazteak, Joana harengana itzuli denean—. Astelehenean egon ginen, hemen. Liburua lurretik jaso nizun, gogoratzen? 24
—Bai, bai... kaixo. Parkatu, ez neutsun eskerrik be emon. —Beharrik ere ez. Gainera, orain esan didazu. —Esan zer? —Eskerrak. “Eskerrak” esan duzu. —A, bai, ba, eskerrik asko. —Ez dago zergatik. Batek daki zein nahikundek bultzaturik, elkarrizketari nolabait amaia eman behar zitzaiola irudituta, esaldi hura jaulki zitzaion neskatilari: —Bueno, nik etxera joan behar dot. Agur. —Itxaron. Ni... Alex naiz —eskua luzatu zion. —Joana da nire izena. Banoa. —Joana... —Zer? —Lagundu ahal dizut pixka batean etxera bidean? —Bai, gura badozu. Ibilian hasi ziren, urrats laburrez, biak isilik. Joana bere burua madarikatzen zegoen ostera ere: “Zergaitik moztuten deutsat holan? Mutil jatorra eta dana emoten dau, ba!” Mutilaren beste galdera batek atera zuen gogoetatik: —Galdera bat egin ahal dizut? —Bota. —Nola ikasi duzu euskaraz? Liburuxka horrekin? —Bai eta ez. Etxetik banekian apurtxu bat, txikitan amari ikasita, baina harrezkero ia-ia ez da euskeraz berba egin etxean, 25
eta izeko batek lagundu deust azkenaldian. Berak emon eustan ha liburua, opari. Orain... beste bategaz nabil. —Beste liburu batekin? —Bai, tira, hau ez da bestearen modukoa. Nobela bat da. —Ikus dezaket? Ez badizu ardura... —Zelan? —Ea ikusi ahal dudan... —Ez daukat hemen. —Nola du izena? —Zeinek? —Liburuak, zabiltzanak.
beste
liburu
horrek,
orain
irakurtzen
—Kresala. —Kresala? Hori itsasoko zerbait da, ez ba? —Bai, “itsasoko ura” esan gura ei dau, edo holako zer edo zer. Badakizu, ur gazia, itsasora begira zagozanean haizeak ekartzen deutsun usain espezial hori... —Zein polita. Orduan, liburu horretan itsasoko jendearen kontuak azaltzen dira... —Bai, arrantzaleen bizimodua. Itsas ondoko herri txiki batean jazoten da dana; bueno, orain arte behintzat, ze irakurten amaitu barik daukat —halako batean, ziplo gelditu zen, eta ezkerretara zegoen harrizko etxe dotore bati begiratu arin bat eginda, bukatu zuen—. Bueno, ni hor bizi naz. —Joana: eskerrik asko laguntzen uzteagatik. Atsegina izan da zurekin hitz egitea. 26
—Bai, ondo egon da. Nik ez dot ia inogaz euskeraz berba egiten. Apurtxu bat kostetan jat, baia atsegin dot. —Aizu, Joana: bihar, beharbada, ordu honetan hemendik pasatuko naiz, eta... pentsatzen nabil, ez bazaizu axola, nahi baduzu, ekar dezakezula liburu hori niri erakusteko. Nik ere erakutsi ahal dizut zuri beste bat, eta berriz lagunduko dizut etxeraino. —Ondo da. Ekarriko dot. —Orduan, bihar arte, Joana. —Bihar arte, agur.
“Alex: mutil jatorra dalakoan nago, naturala-edo, ez dakit. Baina zer ikusi ete dau nigan? Ze, liburuagaitik bakar-bakarrik ez eustan beste hitzordu bat eskatuko... ez dakit, baia, gaurkoari “hitzordu” deitu ahal jakon, ze azken baten autobusa ailegatean bera inguruan suertatzea baino ez da izan. Halan da be, gaurkoa ez dot uste, bai zera, kasualidadea izan danik; hori autobusari itxaroten, edo neuri itxaroten egoan... edo ez?” Halako gogoetak zebiltzan joan-etorrian Joanaren burutik, arratsalde hartan etxerako lanekin zebilela arreta eten barik desbideraten ziotenak. Biharamunean, eskola-eguna ez zen ohi baino hobea izan neskatilarentzat: errutina, asperdura, otoitzak, arauak, gai lehorrak, interesik gabeko irakaspenak, ordu luze beti batekoak... Hala eta guztiz ere, bi faktorek lagundu zioten, nolabait, eramangarriago egitera: batetik, ostirala zen, eta bi egunez ez zuen ikastetxe gogaikarri hura zapalduko, uniforme moldabako hartatik irtengo zen eta ez zen beste hamaika neskarekin lerroz lerro ibiliko ilara erridikuluak osatuz; bestetik, gogoan 27
zuen arratsaldeko “hitzordua”, zeinek aldartea pixka bat alaitu egiten zion, nahiz eta urduritasuna nabaritzen zuen larruzko txamarradun mutil hura irudikatzean. “Natural jokatu behar dot: liburu bana eroango dogu, alkarri erakutsi, barriketan ibili... ikusiko da; ez daukat ezer galtzekorik, egia esanda, ze hitzordu hori barik arratsaldea askoz be aspergarriagoa izango litzake”.
—Kaixo, neska. Zer moduz? —Hainbestean, izekok esaten dauan moduan. —Hainbestean? —Bai, ondo-edo. —Hori... izeko hori da euskarazko liburuak ematen dizkizuna? —Bai, bera. —Eta... ekarri duzu? —Liburua? Bai, hemen daukat, karteran. Eta zuk zeurea? —Baita, baina... zergatik ez gara horko parketxoan esertzen, elkarri erakusteko? Horretarako astirik baduzu? —Apurtxu bat bai, gaur barikua da eta... ahal dot. Lorategi txikidun zabalgune hartan zegoen banku bakarrean jesarri ziren bata bestearen ondoan Joana eta Alex. Neskatila, jesartzeaz batean, ikastetxeko kartera handia arakatzen hasi zen. —Egon, Joana —eten zion mutilak liburuaren bilatzea—, egon pixka batean. Zerbait esan nahi dizut liburuak atera baino lehen. 28
Neskari karteratik eskua kendu eta bereen artean bilduz, begi-begietara so eginez mintzatu zitzaion: —Asko pozten naiz, badakizu, nire gonbitea onartu duzulako, hemen zaudelako nirekin jarleku honetan. Joana pixka bat aztoraturik gelditu zen mutilaren hitzak entzunda, eta aztoratuago haren eskuaren igurtzi emea sentitzean. Ostera ere moztuta gelditu zen, zer esan ez zekiela. Orduan, arrapataka, liburua ateratzeari ekin zion. —Hara hemen liburua: Kresala —erakutsi zion irribarretsu. —Aha. Ño, polito enkoadernatuta dago, gero! Arduratsua izan behar du zure izeko horrek. —Bai, ba; batez be liburuetarako. Danak daukaz txukun jarrita, ondo atonduta, bakotxa bere lekuan. Asko daukaz: kastellanozkoak, frantsesezkoak, eta euskerazkoak be bai, hainbat. —Ea, erakutsi nolakoa den —esan zion, eskuetatik hartuz. “Ekatxa” irakurri zuen, ozen, lehen atalaren hasieran—. Zer da ekatxa? —Trumoiak eta tximistak dagozanean, badakizu... —A, bai, “ekaitza”. Liburu hau Bizkaiko euskaran idatzia dago, ezta? Neu ere bizkaieraz ikasten hasi nintzen, gero gipuzkera eta batuarekin pixka bat hasi... edo nahasi, eta orain ez dakit zer egiten dudan ere. —Batua? Zer da hori? —Idazle batzuek eta Euskararen Akademiak, Euskaltzaindiak, asmatu edo, hobeto esanda, sortu duten euskara literario... unifikatu bat, gehienbat liburuetan-eta erabiltzekoa. Eta egunen batean irratian, telebisioan... 29
—Zuk berba egiten dozuna da batua? —Ez dakit, gutxi gora-behera baietz uste dut. —“dut” batua da? —Bai, hala da. Behintzat Txillardegik horrela idazten du. —Txillardegik? Alexek eskua patrikara eroan eta handik liburu bat atera zuen, Joanari eskuetan utzi ziona. —Nobela honen idazlea da Txillardegi. Hara, hauxe da nik erakutsi behar nizun liburua. —Leturiaren egunkari ezkutua: hori titulu polita! Neuk be eskribiduten... zera, idazten dot egunkari baten, izekok aginduta. Bueno, izekok aginduta eta atsegin dodalako. Eta Leturia zer da? —Zer ez, nor: mutil gazte bat da, Joseba Leturia, egunkariaren idazlea eta liburuko protagonista. Gazte pentsakor bat da, egunero Zerubide izeneko parkera joaten dena. Egun batean han Miren ezagutuko du eta seko maiteminduko da harekin. —Parke baten? —galdetu zuen, besoak zabaldu eta euren inguruari begiratuz. —Bai, bueno, hau baino handiagoa eta ederragoa den parke batean, iturri handi bat eta dena; baina, funtsean, bai, hau bezalako parke batean. —Ehem, ondo amaitzen da historia? —Ez... ez, ondo ez. Amaiera tristea da, baina ederra, hala ere. Baina ez dizut kontatu nahi, beharbada zeuk ere irakurri nahiko duzu-eta. —Gaur ez, behintzat. Berandu egin jat, Alex, eta ez deuste itxiten belu ailegetan etxera. 30
"Ramiro Pinilla" eleberri laburreko 1.saria 2019
1970 urtean gaude. Joana Jauregizar nerabezaro zaila bizitzen ari da. Lehenengo kontraesana etxean bertan du: amaren euskaltzaletasun epelaren eta aitaren jarrera frankistaren artean kokatu behar du bere burua. Giro burges horretatik kanpo bilatu beharko ditu itotzen duten galdera ugariren erantzunak, iraganeko eta oraingo gertaera ilun eta isilduakâ&#x20AC;Ś Baina ez dago bakarrik. Alex ezagutzen duenean, lehenengo amodioa indar handiz biziko du, baina ez hori bakarrik: gogaide bat ere izango du aurrerantzean, euskara berreskuratzearen ilusioa eta etorkizun politiko hobe baten itxaropena biziko dituzte elkarrekin. Baina bidea oztopoz beterik aurkituko dute.
"Ramiro Pinilla" eleberri laburreko 1.saria 2019