2014ko azaroaren 6ko hitzaldia Sestaon (Testu hau Mahai-inguruan eginiko ahozko hitzaldiaren berrikusketa da) 1: Memoria, aldaketa eta demokrazia Memoria historikoa berreskuratzeko lan egiten duen elkarte batek antolaturiko eztabaida bat, estatu-ereduei, subiranotasunari eta erabakitzeko eskubideari buruz, aukera interesgarria da politika, ekonomia eta jendartearen demokratizazio-aukeraren inguruan egituratu nahi nituzkeen zenbait ideia azaltzeko. Memoria oso garrantzitsua da kontzientziarentzat, orientazioarentzat, erabakiak hartzeko gaitasunarentzat. Ondotxo dakigu, gure eguneroko bizimoduan egiaztatzen dugu, besteak beste, Alzheimerraren moduan hainbeste hedatu diren eta gure artean dauden memoriaren gaixotasunen irismena dela-eta. Giza kolektiboen kasuan ere, memoria galtzeak orientatzeko eta aukeratzeko gaitasunei eragiten die. Horregatik, memoria kolektiboaren lana garrantzizkoa da subjektibazio sozialerako, berau beren burua kokatzeko eta erabakiak hartzeko gai diren subjektuen eraketatzat jota. Horregatik iruditzen zait oso positiboa Gogoan Sestaoren moduko elkarteek, jarduketa-esparru memoria dutenek, eztabaidarako mahai-inguru honen gisako jarduerak antolatzea. Horrela erakusten diegu iraganaren gaineko gehiegizko begirada kritikatzen duteneimugiarazten gaituen kezka nagusia (neu barne, izan ere, nire bizitzako hainbat urte eman baititut ikerketa eta azterketa historiko kritikoan, zehazki Nafarroaren gainean) orainaldiarekin lotuta dagoela, eta, batik bat, guretzat antolatu duten etorkizuna ez bestelakoa eraikitzeko aukerekin. Gogoratzen dugu eta gogoratu nahi dugu ezkutatu digutena berreskuratzeko, egungo arazoen jatorriak ezagutzeko eta, era berean, beste borroka- eta erresistentzia-esperientzia batzuen berri izateko, haietatik ikasi ahal eta nahi dugun heinean; ez haiek mekanikoki errepikatzeko, ezta fetitxe bihurtzeko ere, baizik eta birziklatu, birsortu eta birformulatzeko. Izan ere, finean, aldaketa politiko eta sozialaz mintzatzen ari gara, demokraziaz eta subiranotasunaz, testuinguru zehatz batean, ezin daitekeena ulertu beraren aurrekariei erreparatu gabe, batez ere horren traumatikoak izan direnean eta, horrez gain, estaltzeoperazio basati baten xede. Azalpen gisara, esanda utzi nahi nuke ezaugarri hauetako eztabaida batek zenbait muga jartzen dizkiola hausnartzeko ahaleginari. Egia da -zorionez- ez dela espero norbera Mahai-inguruan esan zuenaren transkripzio hutsera mugatzea (benetan zaila izango zen, nire hitzaldia ez baitzegoen aldez aurretik idatzita), baina denborazko mugek ez didate utzi gai konplexu hauek premiazkoak dituzten sakontasunarekin eta hedapenarekin garatzen. Beraz,
idazki hau oso hurbilketa mugatutzat jo dadin eskatzen dut. 2: Demokratizazioa da, ez “nazionalisten kontua” Demokratizazio-eskarien testuinguruan1, hau da, demokraziaren hedapen, sakontze eta erradikalizatze alderanzko prozesuarenean kokatu behar dugu, nire iritziz, erabakitzeko eskubidearen eta subiranotasunaren gaineko hausnarketa. Eta, horretarako, lehenik eta behin, gai hauek nazionalisten gauzak bezala aurkezteko estrategia desegin behar dugu; hala esaten diete beren burua “ez-nazionalista” gisa aurkezten dutenek. Tranpa horretan erortzea ekiditeko kapaz bagara eta kontzeptuetara beste ikuspuntu batzuetatik gerturatzen bagara, eztabaida oso modu desberdinean planteatu ahal izango dugu. Gogoeta oro, azterketa eta proposamen oro, leku zehatz batean egiten da, garai zehatz batean, enuntziatzeko leku eta unearekin. Roberto Follari argentinarrak dioen bezala, “jardun bat bera ere ezin da egin, pentsatu, gogoratu edo proiektatu espazio- eta denbora-dimentsioetara jo gabe 2”, eta, haren hausnarketarekin jarraituta, “denbora ez da bakarrik alderdi kronologikoa, ezta espazioa aurkitzen garen leku fisikoa bakarrik ere”. Hala, “kultur eraikuntzen” aurrean gaude, “barrutik zein kanpotik bizitako subjektuen esperientzietan” adierazten direnak. Nik XXI. mendeko Euskal Herria dut gogoan, Euskal Herri horretaz mintzo naiz, horretaz ari naiz “nire herrialdea” edo “gure garaian” diodanean. Azkenaldian ziklo-aldaketa aipatzen badut, gure historia igaro berrienaren interpretazio jakin batez ari naiz. Beste pertsona batzuek, herrialdeaz ari garela, beste lurraldeespazio bat izaten dute gogoan, beste identitate-erreferentzia bat, beste ikuspegi bat, eta beraien denboraren gaineko aldizkakotasun, kontzeptualizazio edo ulermena izango dira edo, behinik behin, izan ahalko dira desberdinak. Baina ezin gara erori nazio- edo nazionalismo-ideia oroz harago daudela sinetsarazi nahi digutenen tranpan, nolabait espaziotik eta denboratik at kokatu ahal izango balira bezala. Ez dago neutraltasunik, naturaltasunik edo inpartzialtasunik eremu geografiko zehatz baten aukeraketan, are gutxiago gatazka bat dagoenean, subiranotasunari eta herritartasunari dagokienez, espazioen eta bertako adierazpen politikoen mugaren gainean. Era berean, Lechnerrek “denboraren erabilera politikoa3” deritzona esanguratsua da dagoenaren eta beharrezkoaren arteko nahita eragindako nahastea desegiteko. Ez da gauza bera historiaren amaieraren esparruan edo ustezko garai postnazional baten kokatzea eta mugimendu independentisten sorkuntza- eta hedapen-aldi batez hitz egitea.
1Tilly, Charles; Democracia, Akal, Madril, 2010. 2 3
Follari, Roberto: La alteración posmoderna de la temporalidad, en nancy Díaz Larrañaga (editora), Temporalidades, La Platako Unibertsitate Nazionaleko Argitaletxea, Buenos Aires, 2006. Lechner, Norbert; Las sombras del mañana, La dimensión subjetiva de la política. Ediciones LOM, Santiago (Txile), 2002.
Adibidez, luzaroan, estatu-nazioen bukaeraren ipuina saldu zaigu. Estatuz gaindiko gizarteratze-prozesuek, Europako Batasunak, kasu, estatuen gero eta subiranotasun hustuketa handiagoa ekarriko zuten beraiekin. Badago eransten zuenik, EAJk, esaterako, testuinguru horretan aukera berriak sortuko zirela estatu gabeko herrientzat, estatu-nazioak behetik higatuz. Hala, arrazoitzen zuten, independentzia eskari zaharkitua zen, globalizazio eta interdependentziaren aroan denbora historikotik at. Aurreikuspen hura urrun dago betetzetik eta, ikusiko dugun bezala, subiranotasunaren eta estatu berrien eraikuntzaren gaiak garrantzi berria hartu du, hain zuzen gauzak ez direlako halakoak izan. Baina denboraren eta bere logikaren ikuspegi horrek espazioarekiko begirada jakin bat zekarren berarekin, eta biak elkartzen ziren begirada politiko oso konkretu batean. Espazioa eta denbora garrantzitsuak dira, eta modu interesatuan errealitate gisa aurkezten zaigunaz haragoko ikuspegi kritikotik hartu behar dira aintzat. Eta horrek berebiziko garrantzia du nazionalismoaz hitz egiteko orduan. Michael Billigek, nazionalismo hutsalaren gaineko teorizazioa gauzatzeko ahaleginean, berbara askoz ere modu irekiagoan hurbiltzeko iradokitzen digu, interpretazio interesatu horietatik aldenduta: “Nazionalismoa Estatu-nazioen munduak eragiten dituen uste ideologiko, jardunbide eta errutinen multzotzat jo beharko litzateke 4”. Denboraren eta espazioaren gainean lebitatzeko edozein tentaziotik urrun, eta gaiaren gaineko ikuspegi irekiago horri jarraiki, nola ukatu nazionalismo espainiarra egon badagoela? Eta, bestetik, nahiz eta era berean Billigi jarraiki, Sangrador Garcíak dioen moduan, alferrik da abertzaletasunaren kontzeptura jotzea, nazionalismoa izendatzeko beste era bat besterik ez delako, nazio hitzaren ordez aberri hartuta: “Nazionalitate “txiki” hauetako herritarrak identifikazio “nazional” sendoaz harro agertzen direnean, Estatu-nazio handiek “nazionalistatzat” jo ditzakete, ez baitirudi ulertzen dutenik eurak ere nazionalismoaren produktu historiko bat direnik. Hala, eta Billigek dioen moduan (1995), Estatu-nazioak bere nazionalismoa indar kohesibo eta beharrezko gisa aurkezten du, “abertzaletasun” etiketapean; bitartean, nazionalismo “arrotza”, aipatu Estatu indartsuetan azpibarneraturiko nazionalitateei aplikatuagoa, arrazoiz kanpoko indar arriskutsu eta etnozentriko gisara aurkezten da5”. 4 5
Billig, Michael; "El nacionalismo banal y la reproducción de la identidad nacional ", Revista Mexicana de Sociología aldizkarian, 1/98. zk. Sangrador García, José Luis; Identindades, actitudes y estereotipos en la España de las autonomías, Madril, Ikerketa Soziologikoen Zentroa, 1996, 28. or. Billigen liburua katalanez argitaratu da: Billig, Michael, Nacionalisme banal, Afers-Universitat de Valéncia, Catarroja-Valéncia, 2006, eta berrikiago gaztelaniaz: Nacionalismo banal, Capitán Swing, Madril, 2014.
Ondorioz, ez gaude eta ez gara inoiz egon nazionalisten eta eznazionalisten arteko antagonismoaren aurrean. Hori aldarrikapen politiko jakin batzuk gaitzesteko eta beste batzuk legitimatzeko estrategia da, hemen nazionalismo espainiarrak, estatuko nazionalismoa denak, ez dezagun ahaztu, daukan botere-egoeratik egiten eta etengabe berrelikatzen den operazioa. Nazionalismoak eta nazionalismoak daude, eta denak zaku berean sartzea politika oro gauza bera dela esatea bezala da. Badaude nazionalismo kontserbadoreak eta nazionalismo iraultzaileak. Eta badaude estatuko nazionalismoak eta estaturik gabeko herrien nazionalismoak, oso desberdinak direnak. Gertatzen da, modu esanguratsuan, estatuko nazionalismo ugariren ezaugarrietako bat nazionalismo hitzaren ukazioa dela. Espainiaren kasua nabarmenetakoa da. Gainera, dakigun bezala, ezagutzen eta pairatzen dugun nazionalismo espainiar hori ez da kanpoko etsaien aurka eraikitzen, baizik eta barrukoen aurka, beste nazionalismo batzuen aurka, hain zuzen, eta bere burua nazionalismoa gaitzetsiz legitimatzen du. Hala, “”nazionalismoaren” eta mugen aldaketarako politikaren arteko ohiko elkarketaren” logikari jarraitzen dio, logika interesatu baino interesatuagoari, alegia. Hala, aurkarien gainera bota nahi du pentsamendu nagusiak nazionalismoari loturiko zama negatibo osoa 6”. Ezin da hurbildu Espainiako estatuko gatazka politikora nazionalismo espainiarra aintzat hartu gabe. Izan ere, Espainiako estatuko identitate politiko indartsuena nazionalismo espainiarra da; bertan daude estatua, erakundeak, ia hedabide gehienak, sindikatu nagusiak eta erakunde patronalak, Eliza eta ezkerraren zati handi bat, baita bere burua hausle gisa aldarrikatzen duena ere. Nazionalismo espainiarra egon badagoela eta, gainera, hegemonikoa dela ukatuz, nekez hurbildu ahal izango gara gai honetara espiritu kritikoz. Nazionalismo espainiarrak, sarri trakestasunez aurkezten bazaigu ere, primeran bat egiten du Billigen nazionalismo hutsalaren kontzeptuarekin. “Estatu-nazioen munduan, nazionalismoa ezin da periferietan konfinatuta geratu7”, eta nazionalismo hutsalak “Mendebaldeko nazioei birsortzea ahalbidetzen dieten aztura ideologikoez” hitz egiteko balio du. Azturok, Billigen hitzetan, “ez dira ezabatu eguneroko bizimodutik”, nazionalismoa “aldizkako aldarte” barik “egoera endemiko” gisa eraikita. Onar dezagun, bada, konplexu eta trikimailurik gabe, nazionalismoen arteko borroka baten gaudela, Billigek nazionalismo kontzeptuari ematen dion zentzuan. Horrenbestez, ezin da hitz egin “nazionalisten kontuez” eragile batzuei buruz aritzeko eta beste batzuei ezikusiarena egiteko. Izan ere, subiranotasuna eta erabakitzeko esparrua eta prozedura nazionalismoarekin loturiko gaiak dira, gure agertoki politikoan jarduten duten nazionalismo guztiekin. Denek ematen 6 7
Billig, Michael; "El nacionalismo banal y la reproducción de la identidad nacional”, Revista Mexicana de Sociología aldizkarian, 1/98. zk. Billig, Michael; Nacionalismo banal, Capitán Swing, Madril, 2014.
diete erabateko garrantzia beren iruditeria eta estrategietan, nahiz eta desberdin formulatu eta planteatu jendarteari. Ez gaudenez munduko herritarren aroan, diskurtso asko eta askotan hala saldu nahi diguten arren, gobernuen mezuetan zein garagardo-iragarkietan, subiranotasunaz eta erabakitzeko eskubideaz mintzatzen ari garenean ez gaude eztabaida politikoaren erdiguneari ez dagokion zerbaitetan, baizik eta, hain zuzen ere, aro honetan gure herrialdean dagoen politikaren gai nagusietako baten aurrean. 3: Subiranotasuna, erabakitzeko eskubidea eta eguneroko bizimodua Gai horiei buruzko eztabaida lasaia eta irekia ekiditeko azerikerietako bat da subiranotasuna eta erabakitzeko eskubidea “identitatezko� obsesioak balira bezala aurkeztea, jendearen eguneroko bizimoduarekin inolako zerikusirik gabeak. Hauxe da nazionalismo espainiarraren kokapen-estrategia ohikoenetakoa: gure garaian bizitzeak eragiten dituen benetako arazoen gaineko kezkaren aurrean, nazionalismoek arazo imajinarioak asmatzen dituzte eta berauekin obsesionatzen dira. Ekonomiaren, gatazka sozialen, hezkuntzaren, langabeziaren, osasunaren eta abarren aurrean, nazionalistak gauza arraroek kezkatzen dituzte, subiranotasunak edo erabakitzeko gaitasunak, esaterako. Halere, politikan gauza gutxi dira hain garrantzitsuak zer nork, nola eta noiz erabakitzen duen argitzea bezala. Ikuspegi politiko ororen funtsezko kontzeptu-korapiloaren baitan dago. Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeak egunerokoaz urruntzea eta gai garrantzitsuenak alde batera uztea dakarrela diotenen aurrean,nabarmendu behar dugu ez dagoela gauza garrantzitsuagorik nork erabakitzen duen zehaztea baino, bestela esanda, nork agintzen duen. Beraz, subiranotasunaz eta erabakitzeko eskubideaz mintzatzen garenean, garrantzitsuenaz ari gara: erabakiak hartzeko mekanismoaren jardunaren definizioa eta zehaztapena. Subiranotasunak komunitate baten antolaketa-moduarekin zerikusia du, eta munduaren gainerakoarekin harremanak ezartzearekin. Eredu ekonomiko eta sozialari eragiten dio, egituraketari, erakundeei, legezko egiturari, berme demokratikoei, lurraldearen antolamenduari, herritarren betebehar eta eskubideen zehaztapenari, gobernatzeko moduari. Demokrazia ez da espazio huts batean aplikatzen, bizilagunik eta mugarik gabean, baizik eta komunitate bati lotuta, subjektu kolektibo bati, erakunde jakin batzuk eratu eta beretzat lurralde bat, ondasun batzuk... eskatzen dituenari. Komunitate batek bere antolaketa askatasunez aukeratu ahal izatea edo, alderantziz, hori egiteko zailtasunak topatzea gauza erabakigarria da. Erabakitzeko eskubidea eztabaida edo gatazka nazional-nazioartekoen
testuinguruan aldarrikatzeak komunitateak demokraziaren esparruan kokatzea dakar, eta demokratizazioaren norabidean doazen konponbideak proposatzea. Eta horrek, jendartearen eguneroko arazoetatik at egotetik urrun, garrantzitsuenari, botereari eta erabakiak hartzeari eragiten die. Paradoxikoki, eraso neoliberalak, politika eta nazionalaren osteko mundu globalizatuaren mezuarekin, nolabaiteko subiranotasun osteko eta estatuak gainditzeko aldarrikapenarekin, subiranotasunaren, demokraziaren eta estatuaren gaineko kezka berritua eragin du. Historiaren amaieraren behelainoak deseginda, estatuak atzean utziko lituzkeen Europaren aukera deseginda, botere demokratiko ororen kontrako eta zerbitzu sozial oro merkataritzako gai bihurtzeko kapitalaren eta merkatuen eraso erraldoiaren erdian, ikuspegi berri bat sortu da estatuaren bideragarritasunaren, beharraren eta aukera historikoaren gainean. Eta hori gertatu da, hain zuzen, Eskozia eta Kataluniako adibideek beste etorkizun eta denborazkotasun batzuk jar ditzaketenean mahai gainean. Demokratizazio- eta desdemokratizazio-dinamiken arteko talkaren aroan gaude, inboluzio bikoitzarekin, nazioartean eta Espainiako estatuaren esparruan. Testuinguru horretan, subiranotasun-eskaerak eta erabakitzeko eskubidearen aldarrikapenak ikuspegi berritua bereganatu dute. Are gehiago, erabakitzeko eskubidearen berrikuntza subiranotasunaren esparruaren gaiaz askoz harago doa. Ahantz dezagun ez-lurraldetasunaren mito postmodernoa: ez ditzagun sinetsi lurralde gainean lebitatzen nahi gaituen globalizazioari buruzko ipuinak, politikarako, ekonomiarako, jendearentzat dena altxatu balitz bezala lur gainean, dena hegan balego bezala. Zorionez, egun badago balizko aukeren gaineko beste pertzepzio bat. Batetik, promesturiko aukerak ez direlako gauzatu. Europako paradisuaren promesa desegin egin da eta, orain, gero eta jende gehiagorentzat, Europa ustelkeria, teknokrazia, legez kanpoko botere urrunduen baliokide da, eta, batik bat, pobretzearen eta dezepzioaren sinonimo. Bestetik, Espainiako burbuilaren leherketak ere zapaldu egin gaituelako. Burbuila ekonomiko eta politiko-instituzionalarenak. Ez mirari espainiarrik, ezta trantsizio eredugarririk ere. Oso xarma urria dago XXI. mendeko Espainian, eta nazionalismo espainiarrak badaki, horregatik egiten dio uko formalismo legalisten gainetik argumentatzeko edota ilusioak eragiteko gaitasuna nagusituko zaien agertoki demokratikoak onartzeari. Nazionalismo espainiarraren ahuleziak azaltzen du eskari katalan edo euskaldun oro arazo bihurtzeko tematuta egotea, gatazka erabaki demokratiko gisa bideratzeko ahalmena ekiditeko. Horregatik deitzen dio El PaĂs hedabide esanguratsuak erabakitzeko eskubidearen defentsari independentisten “trikimailuâ€?. Ez dago azpijokorik,
independentismoak bere proiektu eta estrategia publikoki eta gardentasunez eratu baititu, baina adierazgarria da El PaĂsek kolpea nabaritzea: auziaren enuntziatu hori deseroso baino deserosoagoa da nazionalismo espainiarrarentzat. Gaia erabakitzeko eskubideari dagokionez formulatzen bada, kontuan hartu beharko genuke independentismo katalan eta euskaldunaren eta beren etorkizuna bozkatzeko ahalmena eskatzen duten guztien jarrerak demokratizazio-prozesu baterantz egiten duela, intrantsigentzia espainolistaren aurrean, desdemokratizazio-forma ere hartzen duena. Jarrera hori hartuta, nazionalismo espainiarra demokraziaren aurkako eragile gisara agertzen da, argumentu-mota orori gogor heltzen diona demokrazia mugatu eta bozka dadin eragozteko. Horrek ahalbidetzen du independentismoak aliantza demokratizatzaileak egituratu ahal izatea estatuko bloke inboluzionista eta nazionalismo espainiar setatsuenari aurre egiteko. 4: Aro berria baita Euskal Herrian ere Gure kasuan, pozik dakusagu Euskal Herrian luzaroan defendaturiko ideia ugari hedatzen eta partekatzen ari direla; bereziki ezker abertzaletik ia bakarrik babestu izan ditugunak, horregatik gaitzetsiak eta kriminalizatuak izanda. Ulergarria den bezala, ospatu egiten dugu, baina ez da gure asmoa, inondik inora, ideia horiek geure egitea, ezta geure lorpen gisa aldarrikatzea, nahiz eta bidezkoa eta komenigarria izan hori ez ahaztea. Iragana dugu, eta kritikoki begiratu behar diogu: lehen ia oihartzunik gabe erregimen deitzen genuena eta orain modu berean izendatzen jarraitzen duguna sekula baino eragile gehiagok salatzen dute, eta hori berri ona da. Trantsizioaren eta bere ondorioen kritika erradikala onartzen da, salatu egiten dira botere ekonomiko eta politikoen arteko konplizitateak eztabaidatik funtsezko gaiak ateratzeko: iraganaren gaineko beste begirada bat dago, eta egungo errealitateari eta etorkizuneko agertokiei aurre egiteko beste era bat. Horrek, era berean, aukera berriak ireki ditu Euskal Herrian gure iragan igaro berrian ezezagunak ziren egituraketa sozial eta politikoetarako. Garai berri honetan, aukera berria daukagu, sorturiko itxaropenak tradizionalki eremu abertzaletzat jotzen zenaz askoz harago doazelako. Sektore sozial garrantzitsuak beren aukerak birpentsatzen ari dira, beste denborazkotasun batzuetara hurbiltzen. Bere burua abertzaletzat ez duen jendea, ez dituena hainbat imajinario partekatzen, hainbat nortasun-sentimendu, baina hasi dena beste era baten begiratzen euskal estatu bat sortzeko aukerari edo, edonola ere, euskal jendarteak erabakitzeko ahalmena izango duen agertoki bati, hau da, erabakitzeko eskubideari. Gure burua gure kabuz hobeto gobernatuko genukeela uste duen jendea. Demokrazia hobea eraikitzeko gai izango ginatekeelakoan dagoen jendea. Gure aniztasuna hobeto kudeatuko
genukeela irizten dion jendea, benetan gure zoriaren jabe izango bagina eta berau kanpoko esku-hartzerik gabe gauzatu ahal izango bagenu. Izan ere, demokraziaren erradikalizatzea, antagonismoak kudeatzeko paradigma berria, herrialdearentzako etorkizun berri hori aukera komuna izan daiteke gure jendartearen gehiengoarentzat. Hau fenomeno berria da, neurri handi batean agertzen hasi baino ez zaiguna egin. Baina iraganeko beste une batzuetan pentsaezinak ziren konplizitate eta lotura berrietaranzko bide batez mintzatzen zaigu. Erabakitzeko eskubidearen eskariak ilusioa eragiten du, sinergia eraikitzaileak sortzeko gai da; printzipioz ez du inor baztertzen eta, ondorioz, sentsibilitate eta ideologia guztientzako arrazoizko etorkizuna bermatzeko joera dauka, haiei ezeri uko egiteko eskatu barik, indarraren bidez nagusitzeko edo jokoaren arauak manipulatzeko tentazioari salbu, jakina. Politikan, ideiak ez ezik, interesak, teoriak, egitasmoak... ere badaude. Badaude, halaber, eta oso garrantzitsuak dira, sentimenduak, pasioak, emozioak. Proiektu politiko batean arrakasta izan nahi duenak horiek kudeatzen jakin beharra dauka. Eta erabakitzeko eskubidearen kausa izan daiteke partekaturiko subjektibotasun baten ardatza, kidetasun-sentimendu batena, eraikitzailea, zerbait komuna egiteko ilusioarena, herrialde honetan herritar askeak bezala bizi nahi dugunok gauza asko batera egiteko gai izateko itxaropena eta nahia. Hortaz, ilusioa pizten duen etorkizunaren aurrean gaude, energiak eragiteko eta askatzeko kapaz, onarpena eraikitzeko eta konplizitate berriak sortzeko gai. Hainbat belaunaldi irrika beraren inguruan biltzeko gai den etorkizuna. Elkarrekin bizitzeko ilusioa. Elkarrekin hobeto bizi garelako ziurtasuna. Gure aniztasuna gure kabuz askoz hobeto kudeatuko genukeelako ziurtasuna. Hori da aldaketa sozialaren eragilea, erradikalizatze demokratikoaren eragilea. Erabakitzeko eskubidearen babes honetan, geu indartsu eta anitzagoa eraikitzen ari gara. Eta etorkizuna sortzeko gaitasunaerakutsiko dugu Espainia eta Frantziaren moduko proiektuak sedukzio-gaitasuna galtzen ari diren unean. Horretarako, geure kartografia, geure estrategia, geure bidea, euskal bidea, behar ditugu. Bai erabakitzeko eskubidearen gaineko eztabaida planteatzeko orduan, bai, batik bat, berau gauzatzerakoan. Jakina, egokia da beste esperientzia batzuetatik ikastea. Beharrezkoa eta komenigarria da. Europan, estatuen sorkuntza-olatu berri baten aurrean gaude, eta interesatzen zaigu abagune historiko hori baliatzea, estatu berri bat sortzeko
nahiaren gainean beti eskaini nahi diren isolamendu- eta anakronismo-iruditik urruntzen gaituen heinean. Pistak ematen dizkigu prozedurei buruz, jarduketaerrepertorioei buruz, aukera, bide, mezu, konplexutasun soziala kudeatzeko mekanismo, gehiengoak eraikitzeko eta zailtasunak eta trabak kudeatzeko estrategiei buruz. Baina geure estrategia behar dugu, geure erronkei, geure konplexutasunari, geure aniztasunari eta, era berean, geure eragozpen eta zauri historikoei erantzungo diena. Euskal estrategia, argia eta, aldi berean, malgua, eskari sozialei erantzuteko eta konpromisoak eta konplizitateak eragiteko gai. Eta estrategia horretan, erabakitzeko eskubidearen aldarrikapena bil gaitzakeen eskaria da. Profita dezagun aukera.