![](https://static.isu.pub/fe/default-story-images/news.jpg?width=720&quality=85%2C50)
2 minute read
Kultura eta errealitate eraldatua.Fernando Pérez. Azkuna
Azken urte eta erdi honetan gizarteak azken hamarkadetan izan duen krisirik garrantzitsuenetako bat izan dugu aurrean. Inflexio-puntua izan da gure ideiak birformulatzeko -baita kultura eta sorkuntza garaikidean oinarrituta ere-, bizi garen munduari buruz eta gizakien artean eta naturarekin dugun harremanari buruz. Inflexiopuntua hausnartzeko gure errealitatea zein den eta zein normaltasunera itzuli nahi dugun. Duela aste batzuk ikusi genuen Prototipoak, Forma Artistiko Berrien Nazioarteko Bienalean. Programa horretako proiektuek sorkuntza garaikideko gai eta diziplina ugari irudikatzen dituzte. Proposamen guztiak geruzez osatuta daude, hainbat norabide zeharkatzen eta hainbat alderdi jorratzen dituzten geruzez. Bidegurutze artistiko desberdinak, errealitate eraldatua itzultzen digutenak. Hori guztia esperimentazio-esparru komun eta kolektibo batetik, "egote" horretan, "egite" horretan, "pentsatze" horretan gure esperientzia eta hura pentsatzeko moduak aldatzea lortzen duen esparrutik. Hilabete hauetako kultura-programazioak proposamen horietako batzuk biltzen ditu, garatzen, hazten eta beste estatus baterantz aurrera egiten jarraitzen duten proposamenak. Kasu batzuetan, terraza lorategi bihurtzen dute, José Ramón Ais artistaren arboretoarekin. Beste batzuetan, Lantegiko leihoak argazki-instalazio bihurtzen dira Elssie Ansareo sortzailearen eskutik. Edo eraikina bera, bilakaeran dagoen perfomance ekologikorako eremu ezin hobe bezala, Diego Sologuren eta Sébastien Tripod arkitektoen biotopoarekin. Erakusketa-aretoan, Ana Laura Aláezek itxuraren mundura eramaten gaitu geure biografien bidez. Haren erakusketak bizitzatik arterako eta artetik bizitzarako urratsa marrazten du, sigi-saga hunkigarri eta konplexu bat eginez, non beti urratu behar baitugun gainazala. Mediateka Galerian, Miriam Isasik paisaiaren nortasunaz hausnartzera bultzatzen gaitu. Lantegian, Irati Inorizak akuositate-forma zaharrak eta berriak esploratzen ditu, eta "errealaren" interpretazio jariakorrak sustatzen ditu, aldi berean, ulertzeko eta eraikitzeko ahalmen berriak aurkituz. Bestalde, Maider Aldasorok egunerokotasuna eraldatzeko gonbita egiten digu, mugimenduak eta jokabideak aldatzen dituzten jantzi-artefaktuen bidez. Mediateka BBKn, Borja Crespok eta Raquel Meyersek gure normaltasuna berrasmatzea proposatzen digute, iragana, oraina eta etorkizuna birmoldatzeko gonbidapen gisa. Artearen eta teknologia berrien artean sortutako hibridazioak dira Iker Vázquez eta Karlos Martínezek Atarian eta Auditoriumean dituzten proiektu performatiboen oinarria. Irailean, zentroko sorkuntza-espazioen ateak irekiko ditugu berriro, non artistek eta ikertzaileek beren proiektuak pentsatu, entseatu, ezabatu eta birplanteatzen dituzten. Berriro ere, une egokia izango da prozesu horiek ezagutzeko eta publiko-komunitateekin partekatzeko. Zinemara, antzerkira, Mediatekara eta, azken batean, Jarduera Fisikoko Zentrora itzultzen ari diren publiko horiekin. Gure ohiturak itzultzearekin batera, energia ere itzultzen da, kulturaren esparru sozial eta partekatu honetan ditugun harremanak berrezartzeko. Pandemiaren ondoriozko ikaskuntzaz sortutako ohitura berriekin, bide berri batetik abiatzen gara, non kultura hori etorkizuneko gizartearen esparru berri gisa esperimentatzen den. Hor dago, beraz, gure gonbidapena Alhóndigako ateak zeharkatzeko; gaur egungo lengoaietan oinarritutako kultura-programazioa esperimentatzeko, partekatzeko eta eraikitzeko. Proiektuak esperientzia, hausnarketa eta bizitzarako espazioak eta topaketak irekitzen ditu pertsona guztientzat, dagoeneko haiek baitira AZko behin betiko protagonistak.
Fernando Pérez Azkuna Zentroa - Alhóndiga Bilbaoko Zuzendaria
Advertisement