2 minute read
Liturgia
Mezako Irakurgaiak bizkaieraz
Abenduak 3, Euskeraren Eguna
Eskuragai daukaguz “Mezako Irakurgaiak” liburu barriak, bizkaieraz. Liturgia Urte osorako liburuak dira, urte guztirako irakurgai danak dagozalako eurotan. Bost liburu sendo mardulek eta Aste Santurako lagungarri dan liburu txikiagoak osotzen dabe bilduma ederra. Hiru mila orrialde baino gehiago euskeratu behar izan dabez lantaldea osotzen daben sei lagunek batuerara. Bizkaierazko bertsinoa, Lontzo Zugazaga, Euskera Zerbitzuko zuzendaria eta Ohorezko Euskaltzaina danak eta Durangoko abadea dan Juan Gallastegiren artean gertatu dabe. Zugazagak lanaren barri emon eban Bizkaia Irratian.
Nortzuk izan zarie itzultzaileak, euskeratzaileak?
Sei lagunek osotu dogu Itzultzaile Taldea, Liturgi Testuen eleizbarruti arteko euskeratzaile taldean kide garanok. Eustasio Etxezarreta, testu liturgikoen itzulpenetarako eleizbarruti arteko Koordinatzailea, Ramon Irizar, frantziskotarra, Biblian aditua (+ 2011), Dionisio Amundarain, beneditarra, Eleizen arteko Bibliaren itzulpenean Koordinatzaile izana, Jesus Mari Arrieta, Tolosako parrokoa, Jose Mari Rementeria, Ondarroako parrokoa eta ni neu.
Urteak beharko zenduezan holako lan zabala eta delikadua burutzeko
Bai, hamaika urte behar izan doguz “Mezako Irakurgaiak” liburuok eta “Meza Liburua” (beste mila eta hirurehundik gora orrialde) arduraz eta zekatz euskeratzeko. Zenbat itzulpen, zuzenketa, bidaia eta ahalegin…!
Irakurgaien testu barri hori ulergarria izango al da gure eleiztarrentzat?
Bai, ahalegin guztiak egin doguz Jainkoaren Berbea begirunez entzun gura dauanarentzat ulergarria eta ulerterreza izan daiten.
Hiru leialtasun jagon behar izan doguz hori lortzeko: 1,. Jatorrizko testuagazko leialtasuna. 2.- Itzuli dogun hizkuntzagazko (euskera) leialtasuna. 3.- Jasotzaileagazko leialtasuna.
Holantxe bakarrik lortu leikelako eleiz ospakizunetan dagozanen partaidetza oso-osokoa, kontzientea eta aktiboa, Vatikano II.a Kontzilioak eskatzen dauanez (S.C. 14).
Orain bizkaieraz argitaratu dozuezala dinozu. Euskara batuan be argitaratu al dozuez?
Bai, goian aitatu dodazan seirok “Euskara Batura” itzuli genduzan lehenengo, eta bada urte bete euskara batuan argitaratu genduzala. Orain argitaratu barri doguna “bizkaierazko bertsinoa” da, Bizkaiko eleiztarrek argi eta garbi ulertu dagien. Eta bizkaierazko bertsino hau Juan Gallastegi durangar abadeak eta biok egin dogu osorik.
Aurreko urtean argitaratu genduan “Meza Liburua” be bion artean osotu genduan bizkaieraz.
Beste esatekorik ba al dozu, Lontzo?
Bakar-bakarrik neure guraria agertzea: urteetan zehar ahalik eta zehatzen burutu dogun euskeratze-lan luze eta zabala, gure eleizbarrutiaren zerbitzurako izan dakigula eta eleiztarren onerako erabili daigula, fededun guztiek liturgi ospakizunetan oso-osoan, konturatuta eta era aktiboan parte hartu dagien.
Eta eleiztarrok Jainkoaren Berbea entzun eta irakurri, onartu eta ahogozatu, ospatu, geuregan hazurmamindu, bete eta zabaldu daigula, bera dalako Jainkoaren nahiaren agerpen, gure pausuentzat argi eta gure salbamen pozgarri •
En la portada del Misal, se han colocado las imágenes del Pantocrátor y Tetramorfos del templo de San Miguel Arcángel tomados desde el tímpano de la entrada. Y en la contraportada, el Cordero Pascual, “el Señor, “ofrenda y victoria, clave para interpretar las Santas Escrituras”. Los libros están a la venta en la librería Jakinbide.