![](https://assets.isu.pub/document-structure/230706090602-49862a136ad74ccbb64ec8c4d49f5320/v1/2fb2a0632640e88706722aec788bd630.jpeg?width=720&quality=85%2C50)
1 minute read
IRAKASGUNEKO NORMALIZAZIO PROZESUAN AZKEN
Hiruhilekoan Egindakoaz Laburpentxo Bat
Ikasturtearen bigarren zatian hainbat ekintza burutu ditugu euskararen erabilera -bereziki ez-formalasustatzeko eta euskal kultura zabaltzeko. Ikastetxeko Kultur Astean berebiziko garrantzia eman genion euskal kultura eta ondarea ezagutzeari. Beste askoren artean, talo-tailer bat egin genuen DBHko ikasleekin, plaza-dantzan aritu ginen ikastetxeko patioan eta herri-kirolak ezagutu eta praktikatzeko aukera ere izan genuen. Patioko girotze hizkuntzan ere arreta berezia eskaini genion euskararen erabilerari.
Bestalde, lau euskal idazleren bisita izan dugu hirugarren ebaluazioa hastearekin batera. DBHko ikasleek irakurritako liburuen inguruan solastatzeko eta ikasleen jakin-mina asetzeko saioak egin genituen ikasgeletan.
Batxilergoan, bestalde, kultur astean ikasleen ekimen bat abiarazi genuen: ikasleen arteko mintzodromoa. Ikasleak gidari, gazteen intereseko diren zenbait gairi buruz jardun ziren areto nagusian. Euskal zineetan estreinatu berri diren bi film ikusteko aukera ere izan dugu: Irati eta 20.000 erle espezie. Biak jatorrizko bertsioan proiektatu ziren, eta Udaleko Euskara Zerbitzuarekin bat eginez, aurrera eraman ahal izan genuen ekimen hau.
Euskara ez-formala bultzatzeko asmoz beste ekimen bat ere jarri dugu abian azken egunotan: BERBAKAFEA. Tutoretzan landu beharreko gai batez solasean aritu ginen eskolako sukalde-tailerrean gosaltzen genuen bitartean. Oso modu atseginean jorratu ahal izan genituen gazteen kezka diren bi gai. Horrez gain, Batxilergoko 1.mailako ikasle batzuek Muskizen antolaturiko mintzodromo batean parte hartu dute ikasturtearen amaierako egunetan. Oso esperientzia interesgarria izan da herriko euskaltegietan euskara ikasten ari diren gazte zein helduekin euskaraz komunikatzea.
Ez da dudarik hauetxek ez direla izan egindako jarduera bakarrak, ez horixe! Egunean-egunean beste ekimen eta jarduera asko egin izan dira euskara gure egunerokora ekartzeko, eta horretan denon inplikazioa ezinbestekoa izan da. Datorren ikasturtean bide beretik jarraitzeko prest gaude. Praktika onak sendotu behar dira, eta beste berri batzuk abiarazi. Ez da erronka makala, baina ilusioak bultzatuko gaitu irailetik aurrera.
Uda ona izan!